Bosnia-Herzegovina,[2] izen ofiziala Bosnia eta Herzegovina[2] (bosnieraz eta kroazieraz: Bosna i Hercegovina; serbieraz: Босна и Херцеговина), hegoaldeko Europako estatu burujabea da, Balkanetan kokatua, Itsaso Adriatikoaren ertzean. Hala ere, ia estatu itsasgabea da, 20 kilometroko kosta zerrenda besterik ez baitu, Neum hiriaren inguruan. Iparralde, hegoalde eta mendebaldean Kroazia du, ekialdean Serbia, eta hegoaldean Montenegro. 51.201 kilometro koadroko eremua hartzen du,[1] eta 2018an 3,4 milioi biztanle zituen.[1] Hiriburua Sarajevo da.

Bosnia eta Herzegovina
Bosna i Hercegovina
Босна и Херцеговин
Bandera Armarria
Ereserkia: Državna himna Bosne i Hercegovine
Државна химна Босне и Херцеговине
Hiriburua
eta hiri handiena
Sarajevo
Hizkuntza ofiziala(k) bosniera / kroaziera / serbiera
Herritarra bosniar
Gobernua Errepublika federal parlamentarioa
Independentzia
 -  Jugoslaviatik 1992ko apirilak 5 
Azalera
 -  Guztira 51,201[1] km2 (125.)
 -  Ura (%) 1,4
Biztanleria
 -  Zenbatespena  (2018[1]) 3.427.365
 -  Dentsitatea 66,9 bizt./km2
Dirua Marko bihurgarri (BAM)
Ordu-eremua CET (UTC+1)
 -  Udan (DST)  (UTC+2)
Aurrezenbakia 387
Internet domeinua ba
1 Presidentziaren burua; kroaziarra.
2 kide bosniakoa .
3 kide serbiarra.

Bosnia-Herzegovina bi entitatetan dago banatua: Bosnia-Herzegovinako Federazioa, kroaziarren eta bosniakoen lurraldeak hartzen dituena, eta Bosniako Serbiar Errepublika. Ipar-ekialdeko Brčkoko Barrutia bien artean administraturik dago. 1992ko udaberrian independentzia aldarrikatu zen arte, Bosnia eta Herzegovina Jugoslaviako errepublikak ziren. 1992-1995 urteetan gerra zibila zabaldu zelarik, Bosnia banatua gelditu zen, eta elkarren kontrako taldeek gobernatua. Egungo gobernu egiturak Daytongo Akordioaren bidez sortu ziren 1995ean.

GeografiaAldatu

Bosnia-Herzegovina Europako hego-ekialdean dago, Balkanen mendebaldean, ipar latitudeko 42°- 46° artean eta ekialdeko longitudeko 15°- 20° artean. Iparraldean eta mendebaldean 932 kmko muga du Kroaziarekin, ekialdean 302 kmko muga Serbiarekin eta hego-ekialdean 225 kmko muga Montenegrorekin. Hegoaldean 20 kmko itsasertza du Adriatikoan, Neum udalerrian. Oso herrialde menditsua da, Dinariar Alpeen magalean baitago. Tontorrik altuena Maglić (2.386 m) da.

HistoriaAldatu

Sakontzeko, irakurri: «Bosnia-Herzegovinako historia»

Eslaviarren aurreko garaiaAldatu

Bosnia-Herzegovinako Paleolitoan Badanj leizeko (Stolac, Herzegovina) grabatuak nabarmentzen dira, Europako hego-ekialdeko zaharrenak baitira. Geziz erasotutako zaldia K.a. 14-12000 urtekoa da. Neolitoan iliriarrak bizi izan ziren. Proto-indoeuropar herri hau aski ezezaguna bada ere, garrantzi handikoa izan zen Erdialdeko Europan. K.a. IV. mendean zeltak iritsi ziren. K.a. 229an iliriarren eta Antzinako Erromaren arteko gerrak hasi ziren. Gure aroko 9. artera arte ez zuen Erromak eskualde osoa bereganatu.

Suetonio historialariaren arabera, Bosnia-Herzegovinan izan zuen Erromak Gerra Punikoen osteko gudu zailenetako bat, iliriarren matxinadaren (Panoniako matxinada eta Batonianum Bellum ere deitua) aurkako kanpaina, hain zuzen ere. Erromatar Inperioa zatitu zelarik (337-395) Iliria, Dalmazia eta Panonia Mendebaldeko Erromatar Inperioaren barnean gelditu ziren. 455ean, ostrogodoek inbaditu zuten eskualdea eta, geroago, alano eta hunoen eskuetan ibili zen. VI. mendean, Justiniano I.a enperadoreak Bizantziar Inperioarentzat konkistatu zituen lurralde haiek. Ondoren, abaroen inbasioa gertatu zen.

Erdi Aroko BosniaAldatu

Goi Erdi Aroan mendebaldeko Balkanetan zegoen egoera politikoa ez dago erabat argitua. VI. mendetik aurrera, gaur egungo Poloniako hegoaldetik eta Txekiar Errepublikatik, talde eslaboak iritsi eta kokatu ziren. IX. mendean Frankoen inbasioarekin feudalismoa finkatu zen. Garai hartan, Dalmaziako itsasaldetik hasita, kristautu ziren bosniarrak. IX. mendean bi erresuma jaio ziren inguru hartan, Serbia (Bosniako hego-ekialdean) eta Kroazia (Bosniako mendebaldean). XI. eta XII. mendeetan, bertako nobleek agindu zuten Bosnian, Hungariako monarken agintepean. Hungaria zen eskualdeko erresuma nagusia, Kroazia ere mende zuena.[3]

1200 aldean, Bosniako Banatoak autonomia zabala lortu zuen. Horretarako hungariarren eta serbiarren aurka borrokatu behar izan zuen. Biztanleria kristaua zen, baina hiru elizatan zegoen banatua; gehienak katoliko erromatarrak baziren ere, ortodoxoak eta bogomiloak ere zeuden. Hiru elizak antolakuntzaren aldetik ahulak ziren, kleroa, hein handi batean, hezigabea, eta bakar batek ere ezin zuen izan estatuaren babes iraunkor eta esklusiboa.[3]

1376an, Tvrtkok, Bosniako ban-ak, errege izendatu zuen bere burua. Horrela sortu zen Bosniako Erresuma. Ordurako, ordea, turkiar otomanoak hasiak ziren Balkanak konkistatzen. 1389an, serbiarrak azpiratuak izan ziren Kosovoko guduan, eta otomandarren basailu bilakatu ziren. Bosniak 1463 arte eutsi zion bere independentziari.[3]

Otomandar eta Austrohungariar garaiakAldatu

Bosnia-Herzegovinako biztanleriaren gehiengoa musulmana izatearen arrazoia (ondoko herrialdeetan ez bezala) 1463ko otomandar konkistan dago. Urte hartan Mehmet II.ak lurraldea Otomandar Inperioarentzat irabazi zuen. Lau mende geroago, Berlingo kongresuan (1878), Austria-Hungariako Inperioaren eskuetara pasatu zen eta Bosnia-Herzegovinako nazionalismoak (serbiarra batez ere) indartuz joan ziren. Haserre nazionalista honen testuinguruan, 1914an serbiar abertzale batek Austriako Franz Ferdinand artxidukea hil zuen, Lehenengo Mundu Gerrari hasiera emanez. Guda amaituta (1918) herrialdea Serbiarren, Kroaziarren eta Esloveniarren Erresuman (1929tik aurrera Jugoslaviako Erresuma deitua) integratu zuten.

Bigarren Mundu Gerratik aurreraAldatu

1941eko apirilean Hitlerrek Jugoslavia inbaditu zuen. Bosnia nazien mendeko Kroaziako Estatu Independentearen barnean gelditu zen. Bosnia gudu zelai bilakatu zen: okupazio indarrek (Alemania eta Italia), kroaziar ustaxak, serbiar txetnikek, herri miliziek eta partisanoek, elkarren aurka borrokatzeaz gain, zibilen artean izua zabaldu zuten[3]

Partisanoek lagundutako Aliatuen garaipenaren ondoren, Bosnia-Herzegovina, Kroazia, Mazedonia, Montenegro, Serbia eta Esloveniak Jugoslaviako Errepublika Federal Popularra eratu zuten. 35 urtez alderdi bakarreko diktadura izan zen, Josip Broz Titok hil arte (1980) gobernatu zuena.

1980ko hamarkadan, komunismoa desegin ahala, nazionalismoa indartuz joan zen. Jugoslaviako errepublika bakoitza bere bidea egiten saiatu zen. Sobietarrek Ekialdeko Europan zeukaten nagusitasuna kolapsatu zenean, Jugoslaviako Errepublika Federal Sozialistaren amaiera etorri zen. 1990ean lehenbiziko alderdi anitzeko hauteskundeak egin ziren. Serbia eta Montenegron alderdi komunista nagusitu zen baino gainerako errepubliketan abertzaleak garaile atera ziren. Jugoslavia desegiten hasi zen eta 1991an Esloveniak eta Kroaziak independentzia aldarrikatu zuten.

Bosniako gerraAldatu

Sakontzeko, irakurri: «Bosniako gerra»
 
Parlamentuaren eraikina sutan, Sarajevoko 1992ko setioan.

Testuinguru honetan, 1991ko urrian Bosnia-Herzegovinak bere subiranotasunaren adierazpena egin zuen eta 1992ko martxoaren 3an parlamentuak independentzia aldarrikatu zuen.

Bosnia-Herzegovinako gutxiengo serbiarrak erresistentzia erakutsi zuen independentziaren aurrean eta Jugoslaviako armadaren laguntza jaso zuen. Gerra zibila 1992ko apirilaren 1ean piztu zen. Jugoslaviako (hots, Serbiako) armadaz gain, Kroaziakoak ere esku hartu zuen. Gerrak 100.000 hildako inguru[4] eta 2.5 milioi erbesteratu eragin zituen. Gerrako krimen ugari egin ziren (garbiketa etnikoak, bortxaketa masiboak eta genozidioa). 1995eko abenduaren 14an, Daytongo akordioarekin, amaiera eman zitzaion.

Gobernua eta administrazioaAldatu

PolitikaAldatu

Herrialdeko presidentzia hiru kidek osatzen dute, bosniako batek, kroaziar batek eta serbiar batek, eta zortzi hilabetean behin txandakatzen dute presidente kargua.[5] Gerra amaitu zenetik, talde etnikoen arteko gatazka bortitzak saihesteko, interposizio indarrak daude Bosnia-Herzegovinan. 2004 arte NATOkoak egon ziren eta, ondotik, Europako Batasuneko armadetakoek dihardute lan horretan.

Banaketa administratiboaAldatu

1995eko Daytongo Akordioari jarraituz, bi entitate konfederatutan banaturik dago estatua: Bosnia-Herzegovinako Federazioa, Federazio Kroaziar-Musulmana ere deitua, lurraldearen % 51 inguru hartzen duena, eta Bosniako Serbiar Errepublika, lurraldearen % 49 inguru hartzen duena. 2000. urtean, Brčkoko Barrutia entitatea gehitu zen, bi entitateen artean administratzen dena.[5]

DemografiaAldatu

BiztanleriaAldatu

Banaketa etnikoaAldatu

HizkuntzakAldatu

Bosniera, serbiera eta kroaziera dira mintzaira ofizialak. Hirurak eslaviar hizkuntza den serbokroazieraren aldaerak dira eta oso desberdintasun txikiak dituzte. Hala ere, azken urteetan bakoitzak bere estandarra garatu du.

ErlijioaAldatu

Hiri nagusiakAldatu

AzpiegiturakAldatu

GarraioaAldatu

AireportuakAldatu

 

See source Wikidata query..

ErreferentziakAldatu

  1. a b c d Bosnia and Herzegovina - City Population citypopulation.de . Noiz kontsultatua: 2020-1-25.
  2. a b 38. araua: Munduko estatuen izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak Euskaltzaindia, euskaltzaindia.eus . Noiz kontsultatua: 2011-03-30.
  3. a b c d Riedlmayer, Andras A brief history of bosnia-herzegovina Harvard University, USA, 1993, bosnjaci.net . Noiz kontsultatua: 2020-1-25.
  4. america.gov: Review of European Security Issues
  5. a b Fernandez, Jon Zauriek zatitutako herria Berria egunkaria, 2012ko apirilak 6, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2020-1-25.

Kanpo estekakAldatu