Zipre[1][2] (grezieraz, Κύπρος, Kypros; turkieraz, Kıbrıs) Mediterraneoko uhartea da, Turkiatik 113 km-ra kokatua hegoaldean. Bertan dago Zipreko Errepublika, nazioartean onartua den estatu bat baina uhartearen hegoaldeko bi herenak besterik kontrolatzen dituena. Europar Batasuneko estatua da. Iparraldeko herena Turkiak okupatua izan zen 1974. urtean, Ipar Zipreko Turkiar Errepublika ezarriz. Azken lurralde hau Turkiak besterik ez du onartu. Uhartean, Akrotiri eta Dhekeliako Erresuma Batuaren barrutiak ere aurki daitezke.

Zipreko Errepublika
Κυπριακή Δημοκρατία
Kıbrıs Cumhuriyeti
Bandera Armarria
Ereserkia: Imnos is tin Eleftherian5
Hiriburua
eta hiri handiena
Nikosia
Hizkuntza ofiziala(k) Greziera, turkiera
Herritarra zipretar
Gobernua Errepublika
 -  Presidentea Nicos Anastasiades
Independentzia
Azalera
 -  Guztira 9,250 2 km2 (161.)
 -  Ura (%) arbuiagarria
Biztanleria
 -  Zenbatespena  (2003) 818.200 3 (155.)
 -  Dentsitatea 84 bizt./km2 (111.)
Dirua Euroa (€) (CYP)
Ordu-eremua UTC (UTC+2)
 -  Udan (DST)  (UTC+3)
Aurrezenbakia 3576
Internet domeinua cy
1 Iparraldeak beste presidente bat du: Ipar Zipreko Turkiar Errepublika (IZTE)
2horietatik 5.895 km² hegoaldean eta 3.355 km² iparraldean
3IZTEko 230.000 biztanleak ez daude barne
4Turkiak ez onartua, IZTE onartzen baitu. Nazioartean IZTE Turkiak bakarrik onartzen du
5Greziako ereserkia ere bada.
6IZTEn +90-392 (Turkiako sarrera zenbaki bat) erabiltzen da.

Zipre Mediterraneo itsasoko hirugarren uharterik handiena da, Siriaren mendebaldean eta Turkiaren hegoaldean. Hiriburua Nikosia da. Nikosia iparraldeko eta hegoaldeko zatien arteko mugak erdibitua dago. Iparraldeko zatiko hiri nagusiak Kirenia eta Famagusta (portua) dira, eta hegoaldeko zatikoak, berriz, Limasol (portua), Larnaka eta Pafos.

Zipre 1960. urtean sartu zen Nazio Batuen taldean, 1961. urtean Commonwealth-eko kide bihurtu zen eta 2004an Europar Batasunean sartu zen.

EtimologiaAldatu

Zipreren aurreneko aipamena mizenarrek egin zuten K.a. XV. mendean eta kupirijo (zipretar) aipatzen da. Greziera klasikoan Κύπρος (Kýpros) esaten zaio uharteari. Etimologia aztertzeko orduan hiru hipotesi nagusitzen dira:

  • Altzifre zuhaitzaren izena: grezieraz κυπάρισσος (kypárissos) da.
  • Henna zuhaitzaren izena: grezieraz κύπρος (kýpros) da.
  • Kobrearen eteozipretar izena, sumeriar jatorrian zubar esaten dena, izan ere kobre metaketa handiak baitaude uhartean. Latinez kobrea izendatzeko aes Cyprium erabili izan zen, "zipreko metala", gerora Cuprum hitzera laburtu zena. Beraz badirudi uharteak eman ziola izena metalari eta ez alderantziz[3].

Geografia eta klimaAldatu

GeografiaAldatu

Zipre Mediterraneo itsasoan dagoen hirugarren uharte handiena da, Sizilia eta Sardiniaren ondoren, azalerari eta populazioari dagokionez[4]. Mundu mailan 80.a da azaleraren arabera eta 51.a populazioaren arabera. 240 kilometroko luzera eta 100 kilometro neurtzen ditu punturik zabalenean. 34º eta 36º artean iparraldean eta 32º eta 35º artean ekialdean.

 
Zipre uhartearen satelite ikuspegia.

Turkia 75 kilometroko distantziara du, Siria eta Libano 105 eta 108 kilometrotara hurrenez hurren, Israel 200 kilometrotara, Egipto 380 kilometrotara. eta Greziako uharte gertukoena 280 kilometrotara[5].

Bi mendilerrok zeharkatzen dute uhartea. Iparraldean Kirenia mendikatea dago, kostaldeari paralelo jarraitzen diona eta hegoaldean uhartearen azaleraren erdia hartuz Troodos mendikatea dago. Mendikate bien artean Mesaoria goi-ordokia dago eta Pedieos ibaiak zeharkatzen du. Zipreko punturik garaiena Olinpo mendia da (1.952m) eta Troodos mendikatean dago.

Limasolgo eta Larnakako aintzira gaziak hegaztientzako pausaleku garrantzitsuak dira[6]. Aintzira hauek populatzen dituen hegazti aipagarriena flamenkoa da[7].

KlimaAldatu

Ziprek klima azpitropikala du, mediterranearra eta erdi-lehorra, Köppen sailkapenaren arabera Csa eta BSh. Negu epelak ditu eta uda beroak. Euria negu partean baino ez du egiten eta Troodos mendikatearen tontorretan elurra agertzea posible da.

Ur baliabideakAldatu

Ur gabezia kezka iturri historikoa izan da zipretarrentzat. Azken 30 urtetan prezipitazioak asko jaitsi dira gainera[8]. Azken urteetan urtegi ugari eraiki dira populazioen gorakadari eta nekazaritza beharrei aurre egiteko. 107 urtegi daude gaur egun eta 330 milioi m3 ur biltzen dute denen artean.

HistoriaAldatu

AntzinaroaAldatu

 
Salamina antzinako hiri garrantzitsuena izan zen.

Uhartearen hegoalderen dagoen muturrean Aetokremnos dago, K.a. 8.200 urtean ehiztari-biltzaile kolonia baten aztarnak aurkitu dira bertan[9]. Aurreneko gizakien etorrerak hipopotamo nanoen eta elefante nanoen iraungipena ekarri zuen. Duela 10.500 eta 9.000 urteko ur putzuak ere aurkitu dira[10]. K.a. 7500 urteko hilobi batean katuaren hondarrak daude, gizakiaren eta felidoen arteko harremanaren aurreneko aztarnak dira[11]. Neolito garaiko Khirokitia herrixka (K.a. 6800) UNESCOk Gizateriaren ondare izendatu zuen hain ongi mantetzen delako[12].

Brontze Aroan bi aldiz iritsi ziren greziarrak. K.a. 1400 urtean mizenastarrak izan ziren aurrenekoak eta hauen inperioa K.a. 1100-1050 artean erori zenean akaziarrak etorri ziren. Ezagutzen den errege zipretar zaharrena Kushmeshusha da, K.a. XIII. mendekoa. Ugaritera bidalitako eskutitzetan agertzen da haren izena[13]. Ziprek greziarrentzat izan zuen garrantziaren lekuko greziar mitologiako Afrodita eta Adonis jainkoen sorlekua izatea da. Zipre uhartea hamabi hiri-estatutan banatu zen, mendebaldetik ekialdera: Marion, Pafos, Soloi, Kourion, Lapetos, Tamasos, Amathus, Ledra, Idalion, Kitroi, Kition eta Salamina.

 
Zipreko antzinako hamabi hiri-estatuak.

K.a. X. mendean Kition hirian merkatari feniziarrak zeuden, Tirotik etorritakoak, eta hiriaren garrantzia politikoa nabarmen handitu zen[14]. Ziprek kokapen estrategikoa zuen Ekialde Hurbilean eta kjobre metagiak ere handiak ziren. Horregatik inperio handiek inbaditu egin zuten. Asiriarrek gobernatu zuten K.a. 708 artean, ondoren egipziarrek eta K.a. 545etik aurrera pertsiarrek. Salaminako errege zen Onesilus pertsiarren aurka matxinatu zen K.a. 499an baina ez zuen arrakastarik izan. K.a. 333 urtean Alexandro Handiak konkistatu zuen eta honen heriotzaren ondoren Ptolomeotar Erresuma egipziarraren barnean gelditu zen. Hurrengo mendeetan zipretarrak asko helenizatu ziren. K.a. 58. urtean Erromatar Inperioak konkistatu zuen[15].

Erdi AroaAldatu

Erromatar Inperioa 395. urtean bitan banatu zenean ekialdeko Bizantziar Inperioan kokaturik gelditu zen. Orduan finkatu zen oraindik ere badirauen greziar-kristau ideologia zipretarrengan. 649. urtean hasi eta hiru mendetan zehar eraso ugari etorri ziren Sortaldetik. Piraten erasoak izan ziren nagusiki baina tamaina handiko hainbat eraso ere izan zituen eta kalte handiak jasan zituen. Hiri handiak suntsitu ziren (Salamina esate baterako) eta milaka zipretar hil ziren. Ez da garai hartako eliza bizantziar bakar bat ere mantendu. 965ean Nizeforo II.a Fokas errege bizantziarrak garaipen esanguratsuak lortu zituenean berrezarri zen bizantziarren agintea.

 
Nikosiako harresi veneziarrak.

1191. urtean Rikardo I.a Ingalaterrakoak helburu izan gabe konkistatu zuen Zipre. Lur Santutik itzultzen ari zela ingelesen flotak ekaitz ugari izan zituen eta Kreta eta Rodas uharteetan geldialdiak egin zituen. Bere ezkongaia zen Berengela Nafarroakoa eta Joana Ingalaterrakoa eta Siziliako erregina zeramatzan ontzia Ziprera iritsi zen eta Limasol parean bota zuen aingura. Isaac Komnenos Zipreko erregeak itsasontzia eta emakume biak bahitu zituen. Errege ingelesak Sizilian zuen armadari dei egin eta Zipre inbaditu zuen. Rikardo eta Berengaria Limasolen ezkondu ziren. Rikardo I.ak uhartearekiko interes berezirik ez zuen azaldu eta Tenpluko Ordenari saldu zion. Hauek Guy de Lusignan zaldun frantsesari saldu zioten eta 1192an Zipreko Erresuma sortu zen. Hurrengo mendeetan Lusignan Etxeak agindu zuen Zipren. Nikosia hiriburuko Santa Sofia katedralean koroatzen ziren Zipreko errege[16] eta Famagustako San Nikolas katedralean Jerusalemgo errege erbestean koroatzen ziren[17]. Garai hartako bi hiri handienak hauek ziren. 1473. urtean Jakue II.a Ziprekoa, azken Lusignan erregea, hil egin zen eta venziarrek hartu zuten uhartearen agintea erregearen alarguna veneziarra baitzen, Katalina Cornaro. Katalinak 1489an abdikatu eta formalki Veneziak Zipre anexionatu zuen urte hartan[15]. Veneziarrek Zipreko hiri nagusiak gotortzeari ekin zioten otomandarren beldur eta Nikosiako harresiak eta hiri nagusietako harresi eta gazteluak eraberritu zituzten[18].

Otomandarren aroaAldatu

 
Veneziarren eta otomandarren arteko borroka (Tintoretto, XVI. mendea)

1539tik aurrera otomandarren erasoak ugariak izan ziren baina 1570. urtean izan zen benetako erasoa. 60.000 soldadu hartuta Zipreko hiri nagusiak setiatu zitutzen eta uhartea konkistatu zuten. Nikosiak eta Famagustak erresistentzia handia egin zutenez konkistaren ondoren bertako biztanle greziar eta armeniar kristauen aurka oldartu ziren eta erail egin zituzten[19]. Konkistatzaileak bertan ezarri ziren eta Anatoliatik nekazari eta artisau ugari ekarri zituzten komunitate musulman handiak sortzeko[20]. Egitura feudalaren ordez millet sistema ezarri zuten eta agintari erlijiosoak ezarri ziren komunitateen buru. Zipreko elizaren buruak greziar zipretar eta otomandar agintarien arteko bitartekaritza lanak egin zituen eta Erromako elizarekin istilu handiak izan zituen.

Hiri bat konkistatzen zuten bakoitzean eraikin erlijioso kristauak musulman bihurtzen zituzten. Horrela Nikosiako Santa Sofia katedrala eta Famagustako San Nikolas katedralari iruditeria kristaua kendu, minaretea, mihraba eta minarrak gehitu eta meskita bihurtu zitutzen. Otomandarrek ez zuten interes handirik erakutsi Ziprerengan ordea eta hurrengo 250 urteetan gainbehera ekonomikoa jasan zuen[21].

Grezia ere otomandarren menpe zegoen eta 1821. urtean Independentzia Gerra abiatu zenean greziar-zipretar ugari Greziako armadan sartu zen. Honen ondorioz otomandar agintariek 486 agintari greziar-zipretar atxilotu eta exekutatu egin zituzten, tartean Kyprianos Zipreko artzapezpikua eta lau apezpiku. 1828an Grezia independenteko Ioannis Kapodistrias presidenteak Grezia eta Zipreren batasuna aldarrikatu zuen, Enosis deitzen zutena, eta matxinada berriak izan ziren Zipren baina ez zuten arrakastarik izan[22].

Britainiar aroaAldatu

 
Britainiar bandera Nikosian.

Errusia-Turkia Gerra (1877–1878) izan ondoren Berlingo Biltzarrak Britainiar Inperioaren esku utzi zuen Zipre. Berez 1914 artean otomandarra izaten jarraitzen zuen eta britainiarren funtzioa Zipre errusiarren inbasiotik babestea zen, baina britainiarrak ziren de facto Zipre gobernatzen zutenak[15]. Britainiarrentzako toki estrategikoa zen beren ibilbide kolonialak kontrolatzeko eta uhartea modernizatu egin zuten. 1906an Famagustako itsas-portu garrantzitsua eraiki zuten, Indiarako bidean Suezko kanala gainbegiratzeko portu estrategiko bihurtu baitzuten. 1914an Lehen Mundu Gerra abiatu zen eta britainiarrek formalki Zipre anexionatu zuten. 1915ean Zipre uhartea Greziari eskeini zioten gerran beraien alde sartzearen truke baina greziarrek uko egin zioten eskaintzari. 1923an Lausanako Hitzarmenean sortu berria zen Turkiako Errepublikak Zipre eskatu zuen baina britainiarek koroaren kolonia izendatu zuten[15].

Greziar-zipretarrek esperantza bazuten britainiarrek Greziarekin batuko zituztena eta hori bultzatzeko erakundea sortu zuten, Zipreko Borrokalarien Erakunde Nazionala, Ethniki Organosis Kyprion Agoniston (EOKA). 1950tik aurrera greziarren politika arazoetan ere ohiko gaia bihurtu zen. Turkiar jatorriko zipretarrek britainiarren agintearen alde egin zuten baina Kretak Greziarekin bat egin zuela ikusi zutenean Zipre barnean autodeterminazio eskubidea aldarrikatzen hasi ziren, uhartea bitan banatzeko[23]. Helburu hori sustatzeko erakunde propioa sortu zuten Turkiarren Erresistentzia Erakundea, Türk Mukavemet Teşkilatı (TMT).

Independentzia eta banaketaAldatu

1960ko abuztuaren 16an Ziprek independentzia eskuratu zuen. Une horretan 573.566 biztanle zituen, %77'1 greziar jatorrikoak, %18'2 turkiar jatorrikoak. eta %4'7 bestelako jatorria zutenak. Erresuma Batuak bi eremu mantendu zituen bere eskutan, Akrotiri eta Dhekelia eremu militarrak. Osatu zen konstituzioak ez zituen bi komunitateak ase eta 1963ko abenduaren 21ean eztanda egin zuen egoerak, greziar poliziak bi trukiar hil zituenean. Ekintza honen ondorengo istiluetan 364 turkiar eta 174 greziar hil ziren, 109 herrixka turkiar suntsitu eta 25.000-30.000 turkiarrek ihes egin behar izan zuten. 1964an Turkiak Zipre inbaditzeko mehatxua egin zuen baina Lyndon B. Johnson presidente estatubatuarrak eragotzi egin zuen Sobietar Batasunak Turkia inbaditzen bazuen babesik ez ziola emango esanez[24]. Hori gertatzen zen bitartean greziarrengan Enosis batasun kontzeptua pilpilean zegoen eta Greziak 10.000 soldadu bidali zituen Turkiaren balizko inbasioari aurre egiteko.

1974ko uztailaren 15ean Dimitrios Ioannides greziar-zipretarrak estatu kolpea eman zuen Zipre eta Grezia batzeko[25]. Bost egun beranduago Turkiar armadak uhartea inbaditu zuen eta Kirenia eta Nikosia arteko greziar puntu estrategikoak bonbakatu zituen. Hasieran 6.000 soldadu lehorreratu baziren ere hiru egunen buruan su-etena adostu zenerako 30.000 soldadu turkiar baziren Zipren. Kirenia eskuratzeaz gain Nikosiaraino iritsi ziren[26]. Famagusta ere eskuratu zuten.

 
Marra berdeko buffer eremua adierazten duen kartela.

Nazio Batuen Erakundeak herrialdea bitan banatzen zuen Marra Berdea ezarri zuen[27]. Horrela deitu zitzaion aurkezturiko mapan boligrafo berdez marraztu zelako lerroa[28]. Nikosia hiriburua ere bitan banatuta gelditu zen. Hurrengo urteetan barne migrazio mugimenduak izan ziren, hegoaldean gelditu ziren turkiarrak iparraldera eta iparraldean gelditu ziren greziarrak hegoaldera. Famagusta hiria turkiarren esku gelditu zenez Larnaka hiri estrategikoa bihurtu zen eta asko hazi zen. Larnakako nazioarteko aireportua Zipreko garrantzitsuena da adibidez[29].

1983. urtean Ipar Zipreko Turkiar Errepublika osatu zen bertan, oraindik nazioarteko ezagutza jaso ez duena. 1983an Spyros Kyprianou berretsi zuten Zipreko lehendakari karguan (1977an hartu zuen aginpidea), eta Rauf Denktashek, berriz, Zipre Iparraldeko Turkiar Errepublika aldarrikatu zuen. Harrez geroko Zipreko bizitza banaketa horrek markatua izan da, alor guztietan, esan den bezala. Hurrengo urteetan, bi alderdien arteko elkarrizketak bultzatu ziren, eta Nazio Batuek bi komunitateen arteko berdintasun politikoan oinarrituriko estatu federala osatzeko proposamena onartu zuen.

Azken urteakAldatu

1988ko Zipreko lehendakaritzako hauteskundeak Vassiliouk irabazi zituen, eta 1993koak, berriz, Clerise, Bilkura Demokratikoaren Alderdiko eskuin adarreko hautagaiak. 1992an Nazio Batuek bi komunitatez eta bi eskualdez osaturiko herrialde izendatu zuten uhartea, eta bi komunitateen arteko eskubide berdintasuna onartu zuen. 1995ean Zipre Europar Batasunean sartuz herrialdearen zatiketa gaindituko zelako iritzia zabaldu zen, eta helburu horri begira 1997an Cleridesen eta Denktashen arteko elkarrizketak egin ziren, Nazio Batuen gidaritzapean. Elkarrizketa haien helburua zen uhartea Europar Batasunean sartu aurretik bi zatien bateratzea nola bideratu erabakitzea. Baina Europar Batasunak Zipreko greziar alderdiko agintariekin elkarrizketak izan zituen, eta horrek Zipre barruko elkarrizketak etenarazi zituen. Azkenik, 1998an Zipreko greziar alderdia Batasunean sartzeko urratsak egiten hastea erabaki zen, turkiar aldea kanpoan utzita.

2003ko hauteskundeetan, Tassos Papadopulos aukeratu zuten lehendakari. 2004an, Zipre Europako Batasunean sartu zen. Urte horretan bertan, NBEk erreferendum batera deitu zituen Zipreko bi komunitateak herrialdea bateratu ala ez erabakitzeko. Papadopulos lehendakariak ezezko botoa eskatu zuen, eta Zipreko hiru greziarretik bik ezetz esan zioten proposamenari; eta, nahiz turkiarren artean baietzak irabazi, proposamena ez zen onartu, NBEk bi komunitateen baietza eskatua zuelako.

2008ko hauteskundeetan, Dimitris Christofias aukeratu zuten lehendakari, Zipreko Alderdi Komunistako idazkari nagusia. 2008ko irailean, Zipreko buruzagi greziarrak eta turkiarrak negoziazioetan hasi ziren 1974. urteaz geroztik uhartea bitan banatua daukan zatiketari amaiera emateko.

2014ko urriaren 7an zabaldu zenez, urriaren 9an uhartearen bateratzeari buruz hitz egiteko bilera bat zeukaten Nikos Anastasiadis Zipreko presidenteak eta Dervis Eroglu buruzagi turko-zipretarrak. Baina Anastasiadisek bertan behera utzi zuen bilera, Turkiako Gobernuak urriaren 20tik aurrera Zipreko uretan zegoen Salbuespen Ekonomikoko Eremura azterketa sismikoak egiteko ontzi bat bidaliko zuela adierazi ondoren[30].

Gobernua eta administrazioaAldatu

 
Presidentearen jauregia, Nikosian.

Zipreko etnien banaketa politikan ere nabarmentzen da, komunitate bakoitzak bere erakundeak eta gudarostea baititu. Zipreko Errepublikan, nazioartean ezagutzen den errepublikan, sistema presidentzialista dute. Lehendakaria da estatuburua eta berak du aginpide betearazlearen ardura. Legegintzaren ardura ordezkarien ganberaren esku dago.

1960ko konstituzioaren arabera (1985ean berridatzi zen) greziarren eta turkiarren artean banatu behar ziren gobernu erakundeak eta legebiltzarreko eserlekuak (% 70 greziarrentzat, % 30 turkiarrentzat), baina 1974. urtean Turkiako gudarosteak uhartearen iparraldea hartu ondoren turkiarrek beren konstituzioa osatu zuten 1975ean, eta turkiarrek Zipreko Errepublikako erakundeetan parte hartzeari utzi zioten; nazioartean estatu burujabe gisa onartua ez den arren, beren lehendakaria, legebiltzarra eta epaitegiak antolatu zituzten.

Banaketa administratiboaAldatu

Sakontzeko, irakurri: «Zipreren banaketa administratiboa»

Zipreko Errepublika 6 barrutitan banatzen da. Barruti hauek udalerritan banatzen dira.

Zipreko mapa BarrutiakAzalera (km2)[31]Populazioa (2011)[32]Hiriburua
NikosiaLarnakaLimassolPafosAkrotiriKyreniaFamagustaDhekelia 
Irudi honen inguruan
Famagusta1.98547.338Famagusta
Kirenia64462.158Kirenia
Larnaka1.120145.365Larnaka
Limasol1.393239.842Limasol
Nikosia2.710334.120Nikosia
Pafos1.39090.295Pafos

DemografiaAldatu

BiztanleriaAldatu

Zipretarrak bi etnia nagusitan daude banatuak, greziarrak eta turkiarrak. Gainerakoak armeniarrak dira gehienak. Bi gizatalde nagusi horietatik, greziarrak erlijioz kristau ortodoxoak dira, oro har, eta turkiarrak musulman sunniak.

1974. urtean Turkiako gudarosteak Zipreko iparraldea hartu zuelarik, barne emigrazio handiak izan dira Zipreko uhartean, eta horrela, gaur egun, uharteko greziar jatorriko zipretarrak hegoaldean bizi dira (Zipreko Errepublika) eta turkiar jatorrikoak, berriz, iparraldean (Ipar Zipreko Turkiar Errepublika); kanporako joera ere oso handia izan da, eta kanpoan Zipren bertan adina zipretar dago. Zipreko uhartean bizi diren greziarren eta turkiarren artean desberdintasun nabarmenak antzematen dira, bizimoduan, ohituretan eta baita hezkuntzan ere (hezkuntza sistema bereziak dituzte grezieraren eta turkieraren erabiltzaileentzat, greziarrena estatuaren eskumenekoa, eta turkiarrena Ipar Zipreko Turkiar Errepublikaren eskumenekoa). Bai komunitate batean eta bai bestean oso apala da alfabetatu gabeko herritarren tasa. Uharteko baliabide ekonomiko urriak direla-eta, zipretar asko beste herrialde batzuetara joan da lan egitera, batez ere, Ziprek burujabetasuna lortu zuen ondorengo urteetan, Britainia Handira gehienbat.

Zipreko hiru etnia nagusiez gain honako atzerritar talde hauek aurkitzen dira herrialdean:

Atzerritarren talde handienak
Jatorrizko

herrialdea

Populazioa

(2011)

  Grezia 29.321
  Erresuma Batua 24.046
  Errumania 23.706
  Bulgaria 18.536
  Filipinak 9.413
  Errusia 8.164

HiriakAldatu

Zipreko metropoli eremu handienak Nikosia (330.000 biztanle) eta Limasol (237.000) dira. 2011ko erroldaren arabera honako hauek dira Zipreko hamar hiri handienak[33]:

Zipreko hiri handienak
# Hiria Barrutia Populazioa
1 Nikosia (ipar+hego) Nikosia 200.452
2 Limasol Limasol 154.000
3 Strovolos Nikosia 67.904
4 Larnaka Larnaka 51.468
5 Famagusta Famagusta 42.526
6 Lakatamia Nikosia 38.435
7 Kirenia Kirenia 33.207
8 Pafos Pafos 32.892
9 Kato Polemidia Limasol 22.369
10 Aglandjia Nikosia 20.783

ErlijioaAldatu

 
Nikosiako Selimiye meskita 1571 arte Santa Sofia katedrala izan zen.

Greziar-zipretarrak Zipreko eliza ortodoxoaren jarraitzaileak dira eta Zipreko biztanleriaren %78a osatzen dute. Turkiarrak aldiz islamdarrak dira eta populazio osoaren %20a osatzen dute. %1ak ateoa dela esaten du[34]. Erlijioak eragindako banaketa honek talde bakoitzaren izaera bermatzen du eta 2005ean Europako bigarren estatu erlijiosoena zen Zipre, Maltaren ondoren. Orduan oraindik Errumania Europar Batasunean sartu gabe zegoen.

Larnakan dagoen Hala Sultan Tekke meskita munduko lau garrantzitsuenetako bat da[35].

HizkuntzakAldatu

Ziprek bi hizkuntza ofizial ditu, greziera eta turkiera. Hizkuntza gutxitu bi ere onartzen ditu, armeniera eta zipretar arabiera[36]. Izaera ofizilik ez badu ere ingelesa oso zabalduta dago herrialdean, izan ere Britainiar garaian hizkuntza ofizial bakarra izan baitzen. Gaur egun zipretarren %80'4ak ongi hitzegiten du ingelesez[37]. XIX. mendeko errusiar-turkiar gerretatik ihesi Pontoko greziar ugari joan zen Ziprera eta hauek errusieraz hitzegiten dute, bai eta Ziprera datozen turista errusiarrek ere. Pafos eta Limasolgo eremu turistikoetan ingelesa eta grezieraren ondoren errusiera da hirugarren hizkuntza gaur egun[38].

EkonomiaAldatu

Uhartearen banaketaren ondorioaAldatu

Zipreko ekonomiaren nondik norakoa aztertzerakoan oso kontuan hartu beharra dago, gainerako gaietan bezala, iparraldearen eta hegoaldearen arteko zatiketa.

Zipreko gobernuaren eskumeneko partean, hau da, parte greziarran, ekonomia nahiko aurreratua da, baina kanpoko eraginen mendekotasuna oso handia da. 1990eko hamarraldian ekonomiaren hazkundean ikusten denez, gorabehera nabarmenak izan dira azken urteetan batetik egoera politiko nahasiaren eraginez eta Mendebaldeko Europako ekonomiaren egoeraren gorabeheren eraginez, bestetik. Turismoa indar handia hartzen ari da, eta bertako zerga abantailez baliatzen diren atzerriko enpresek ere laguntza handia eman diote bertako ekonomiari. Azken urteetan gas naturala aurkitu da kopuru handitan Limasoldik 175 km hegoaldera[39].

Turkiar aldea, berriz, lurralde azpigaratua da ekonomiari dagokionez, eta Turkiak bakarrik ezagutzen duenez errepublika hori estatu burujabe gisa, zailtasun handiak dituzte atzerriko inbertsioak erakartzeko; nazioarteko enbargopean dago[40]. Bertako ekonomia nekazaritzan oinarritua da, baina Turkiaren laguntzaren mende dago. Turkiak laguntzak ematen ditu turismorako, heziketarako eta industriarako, besteak beste, bertako ekonomiaren ahultasuna dela-eta.

GarraioaAldatu

 
Limasolgo itsas-portua Zipren jarduera handiena duena da.

10.663 kilometro errepide daude Zipren, hauetatik bi herenak pabimentaturik zeuden 1998an. Iprraldean egoera okerragoan daude. Autopistak daude uhartearen hegoaldean eta Limasol eta Larnakatik Nikosia hiriburura. Zipren ezkerraldetik gidatzen da, Erresuma Batuan, Irlandan eta Maltan bezala.

Ziprek nazioarteko bi aireportu ditu, Larnakakoa (garrantzitsuena)[41] eta Pafoskoa. Nikosiakoa 1974an itxi zen. Iparraldean Ercan aireportua dago, Turkiarekin lotzen duena.

Zipreko itsasportu nagusiak Limasolgoa[42] eta Larnakakoa[43] dira.

KulturaAldatu

Greziar jatorriko zipretarrak eta turkiar jatorrikoek erlijio desberdintasun nabarmenak badituzte ere kultura komun bat konpartitzen dute, ohitura, janzkera, dantza, tradizio eta gastronomiari dagokionez.

ArteaAldatu

Uharteak izan duen historia aberatsari esker K.a. 10.000 urtetik hona bertan izan diren zibilizazio guztiek adierazpen artistiko ugari utzi dituzte. Antzinako hirien hondarrak daude (Amathus, Kition, Salamina...), Erdi Aroan Lusignan erregeek Frantziako gotikoa ekarri zuten eta veneziarrek pizkundea.

Zipreko arte modernoaren erakusle handienak Vassilis Vryonides (1883–1958)[44], Adamantios Diamantis (1900–1994) eta Christopheros Savva (1924–1968) dira[45].

MusikaAldatu

 
Eleni Foureirak bigarren postua lortu zuen 2018ko Eurovision lehiaketan[46].

Zipreko folk musika tradizionalak greziar, turkiar eta arabiar musika batzen ditu bere baitan. Sousta, syrtos, zeibekikos, tatsia eta karsilamas dantza tradizionalak daude, bai eta Ekialde Hurbilean jatorria duten tsifteteli eta arapies ere. Erabiltzen diren musika tresnak biolina, lautea, akordeoia, txirula, ouda, kanonakia eta perkusioak dira.

Gaur egungo musikari famatuenak Cyprien Katsaris pianojolea, Andreas G. Orphanides konpositorea eta Marios Joannou Elia zuzendari artistikoa dira.

Zipreko pop musikak Greziako Laïko muskaren eragin handia du. Anna Vissi[47], Evridiki eta Sarbel dira artista ezagunenak. Eurovision Abesti Lehiaketak jarraipen handia du Zipren eta 2018an lortu zuen emaitzarik onena, bigarrena hain zuen ere. Eleni Foureira abeslari albaniarrak Zipreren izenean kantatu zuen Fuego abestia[46].

LiteraturaAldatu

Europako poesia lan zaharrenetakoak Zipren egin ziren. Stasinus-ek K.a. VII. mendean Cypria poesia epikoa idatzi zuen[48]. Zenon Zitiokoak Filosofia estoikoaren eskola sortu zuen Atenasen. Erdi Arokoak dira Leontios Machairasen eta Georgios Boustroniosen kronikak. XVIII.mendean Hasan Hilmi Efendi poeta turkiar-zipretarra "poesiaren sultana" izendatu zuen Mahmud II.a Otomandar enperadoreak[49].

ZinemaAldatu

Michael Cacoyannis da Zipreko zinema zuzendari ezagunena. Aktore ezagunenak Paul Stassino, Hal Ozsan, Daphne Alexander eta Rolandos Liatsos dira.

GastronomiaAldatu

Erdi Aroan Lusignan erregeek frantziar, bizantziar eta Ekialde Hurbileko gastronomia batu zitutzen. Sukaldari siriarrak ekartzeagatik egin ziren ezagun eta zipren sorturiko errezetak Europan zehar barreiatu ziren Vyands de Chypre (Zipreko jakiak) izenarekin[50]. Hainbat jaki ezagun egin ziren Europan, malmonia (oilaskoz edo arrainez egindako platera), halloumi gazta eta azalorea[51].

Ambelopoulia (txorien arrautza ozpineztatuak) kopuru handitan esportatu zen Lusignan eta veneziar garaian, baina gaur egun debekaturik dago.

KirolakAldatu

 
Nikosiako GPS Stadiuma.

Zipreko kirol nagusia futbola da. Zipreko futbol ligako talde nagusiak Nikosiako APOEL eta Omonia, Famagustako Anorthosis (gaur egun Larnakan egoitza duena) eta Limasolgo AEL eta Apollon dira.

Marcos Baghdatis tenislaria munduko hamar onenen artean dago ATP sailkapenean.

2012ko Olinpiar Jokoetan Pavlos Kontides marinelak Ziprerentzako aurreneko domina lortu zuen, zilarrezko domina gizonezkoen Laser belaontzien estropadan[52].

HezkuntzaAldatu

Hezkuntza sistema oso garatua du Ziprek. Barne Produktu Gordinaren %7a erabiltzen du Hezkuntzan, Danimarkaren eta Suediaren ondoren Europar Batasunean diru gehien gastatzen duen herrialdea da[53]. Ikastetxe publikoek eta pribatuek kalitate bera dute eta lortutako kalifikazioek ez dute baliorik izaten Unibertsitatera sartzeko. Zipretar ikasleen %78'7ak Greziako, Erresuma Batuko, Turkiako edo Estatu Batuetako unibertsitateetan ikasten dute.

Lan egiteko adinean dauden zipretarren %30ak unibertsitate mailako ikasketak ditu eta 25-34 adin tartean %47ra igotzen da, Europar Batasuneko portzentairik altuena da.

Ondasun nabarmenakAldatu

Hiru eremu izendatu ditu UNESCO erakundeak Gizateriaren ondare:

Bi Ramsar eremu daude Zipren:

Zipretar ezagunakAldatu

ErreferentziakAldatu

  1. Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. .
  2. Euskaltzaindia. Europako toponimia fisikoa. .
  3. R. S. P. Beekes. (2009). Etymological Dictionary of Greek. Brill, 805 or..
  4. «Europe :: Cyprus — The World Factbook - Central Intelligence Agency» www.cia.gov . Noiz kontsultatua: 2020-10-11.
  5. (Ingelesez) «Europe Map / Map of Europe - Facts, Geography, History of Europe - Worldatlas.com» WorldAtlas . Noiz kontsultatua: 2020-10-11.
  6. (Ingelesez) «Limassol Salt Lake» Cyprus Island 2017-03-15 . Noiz kontsultatua: 2020-10-11.
  7. (Ingelesez) «Akrotiri Salt Lake - 2020 All You Need to Know BEFORE You Go (with Photos)» Tripadvisor . Noiz kontsultatua: 2020-10-11.
  8. «Department of Meteorology - Climate of Cyprus» web.archive.org 2015-06-14 . Noiz kontsultatua: 2020-10-11.
  9. «After the Ice: A Global Human History, 20,000-5000 BC - Steven Mithen - Google Books» web.archive.org 2015-09-10 . Noiz kontsultatua: 2020-10-11.
  10. (Ingelesez) Stone Age wells found in Cyprus. 2009-06-25 . Noiz kontsultatua: 2020-10-11.
  11. (Ingelesez) Wade, Nicholas. (2007-06-29). «Study traces cat's ancestry to Middle East (Published 2007)» The New York Times ISSN 0362-4331 . Noiz kontsultatua: 2020-10-11.
  12. (Ingelesez) Centre, UNESCO World Heritage. «Choirokoitia» UNESCO World Heritage Centre . Noiz kontsultatua: 2020-10-11.
  13. (Ingelesez) Cline, Eric H.. (2015-09-22). 1177 B.C.: The Year Civilization Collapsed. Princeton University Press ISBN 978-1-4008-7449-1 . Noiz kontsultatua: 2020-10-11.
  14. «The Shelby White & Leon Levy Program: Hadjisavvas» web.archive.org 2016-03-04 . Noiz kontsultatua: 2020-10-11.
  15. a b c d web.archive.org . Noiz kontsultatua: 2020-10-11.
  16. Schabel, Chris. (2012). Frankish & Venetian Nicosia 1191-1570: Ecclesiastical Monuments and Topography. In Michaelides, Demetrios (ed.). Historic Nicosia. Nicosia: Rimal Publications. ISBN 9789963610440.
  17. «Lala Mustafa Pasha Mosque (St Nicholas Cathedral) - Famagusta, Cyprus - cypnet.co.uk» www.cypnet.co.uk . Noiz kontsultatua: 2020-10-11.
  18. «Fortified Places > Fortresses > Nicosia» web.archive.org 2015-07-12 . Noiz kontsultatua: 2020-10-11.
  19. «Cyprus - OTTOMAN RULE» countrystudies.us . Noiz kontsultatua: 2020-10-11.
  20. Orhonlu, Cengiz. (2010). The Ottoman Turks Settle in Cyprus. Inalcık, Halil (ed.), The First International Congress of Cypriot Studies: Presentations of the Turkish Delegation, Institute for the Study of Turkish Culture, 99 or..
  21. «Cyprus - OTTOMAN RULE» web.archive.org 2013-01-17 . Noiz kontsultatua: 2020-10-11.
  22. Mallinson, Bill. (2005). Cyprus : a modern history. London ; New York : I.B. Tauris ISBN 978-1-85043-580-8 . Noiz kontsultatua: 2020-10-11.
  23. (Ingelesez) Diez, Thomas. (2002). The European Union and the Cyprus Conflict: Modern Conflict, Postmodern Union. Manchester University Press ISBN 978-0-7190-6079-3 . Noiz kontsultatua: 2020-10-11.
  24. Jacob M. Landau. (1979). Johnson's 1964 letter to Inonu and Greek lobbying of the White House. Hebrew University of Jerusalem, Leonard Davis Institute for International Relations..
  25. Papadakis, Yiannis. (2003-09-01). «Nation, narrative and commemoration: political ritual in divided Cyprus» History and Anthropology (3): 253–270 doi:10.1080/0275720032000136642 ISSN 0275-7206 . Noiz kontsultatua: 2020-10-11.
  26. (Ingelesez) O'Malley, Brendan; Craig, Ian. (2001-06-25). The Cyprus Conspiracy: America, Espionage and the Turkish Invasion. I.B.Tauris ISBN 978-0-85773-016-9 . Noiz kontsultatua: 2020-10-11.
  27. (Ingelesez) «Green Line - Nicosia» Cyprus Island 2018-11-28 . Noiz kontsultatua: 2020-09-13.
  28. «Nicosia Municipality» web.archive.org 2012-03-07 . Noiz kontsultatua: 2020-09-13.
  29. «EUROCONTROL - The European Organisation for the Safety of Air Navigation | EAD Basic» www.ead.eurocontrol.int . Noiz kontsultatua: 2020-10-11.
  30. «Ziprek bertan behera utzi du bateratze bilera, Turkiak ontzi bat bidaliko duelako», Berria, 2014-10-08
  31. «Statistical Service - Classifications» www.cystat.gov.cy . Noiz kontsultatua: 2020-10-11.
  32. «Statistical Service - Population and Social Conditions - Population - Key Figures» www.cystat.gov.cy . Noiz kontsultatua: 2020-10-11.
  33. «Statistical Service - Population and Social Conditions - Population Census - Key Figures» www.cystat.gov.cy . Noiz kontsultatua: 2020-10-11.
  34. «Religions in Cyprus | PEW-GRF» www.globalreligiousfutures.org . Noiz kontsultatua: 2020-10-11.
  35. «Hala Sultan Tekke Mosque - Larnaka Tourism Board (Official Site)» larnakaregion.com . Noiz kontsultatua: 2020-09-26.
  36. «Database for the European Charter for Regional or Minority Languages» web.archive.org 2014-02-07 . Noiz kontsultatua: 2020-10-11.
  37. «Wayback Machine» web.archive.org 2016-02-17 . Noiz kontsultatua: 2020-10-11.
  38. «Wayback Machine» web.archive.org 2016-04-14 . Noiz kontsultatua: 2020-10-11.
  39. «Something sizzling in Cyprus: gas shakes regional chessboard | Athens News» web.archive.org 2012-01-28 . Noiz kontsultatua: 2020-10-11.
  40. Feridun, Mete; Sawhney, Bansi; Shahbaz, Muhammad. (2011-10-01). «The Impact of Military Spending on Economic Growth: The Case of North Cyprus» Defence and Peace Economics (5): 555–562 doi:10.1080/10242694.2011.562370 ISSN 1024-2694 . Noiz kontsultatua: 2020-10-12.
  41. «Larnaca Airport, Cyprus (LCA) - Guide & Flights» www.europe-airports.com . Noiz kontsultatua: 2020-10-11.
  42. (Ingelesez) «Port of LIMASSOL (CY LMS) details - Departures, Expected Arrivals and Port Calls | AIS Marine Traffic» MarineTraffic.com . Noiz kontsultatua: 2020-10-11.
  43. (Ingelesez) «Port of LARNACA (CY LCA) details - Departures, Expected Arrivals and Port Calls | AIS Marine Traffic» MarineTraffic.com . Noiz kontsultatua: 2020-10-12.
  44. Chrysanthos Christou. (1983). A short History of Modern and Contemporary Cypriot Art. Nicosia.
  45. State Gallery of Contemporary Cypriot Art. (1998). Nicosia: MOEC. .
  46. a b (Ingelesez) Reporter, Staff. «Foureira takes Cyprus to second place in Eurovision, loses to Israel (Updated) | Cyprus Mail» https://cyprus-mail.com/ . Noiz kontsultatua: 2020-10-11.
  47. «Billboard - Google Books» web.archive.org 2015-09-11 . Noiz kontsultatua: 2020-10-11.
  48. «EPIC CYCLE FRAGMENTS - Theoi Classical Texts Library» www.theoi.com . Noiz kontsultatua: 2020-10-12.
  49. Gazioğlu, Ahmet C.. (1990). The Turks in Cyprus: a province of the Ottoman Empire (1571–1878). K. Rüstem, 293–295 or..
  50. «Recipe for chypre» obeyafu.changeip.com . Noiz kontsultatua: 2020-10-12.
  51. (Ingelesez) «Kounoupidi me Patates Kapamas (Stewed Cauliflower with Potatoes)» Kopiaste..to Greek Hospitality 2014-05-05 . Noiz kontsultatua: 2020-10-12.
  52. (Ingelesez) «Pavlos KONTIDES - Olympic Sailing | Cyprus» International Olympic Committee 2016-11-20 . Noiz kontsultatua: 2020-10-12.
  53. «Wayback Machine» web.archive.org 2011-05-10 . Noiz kontsultatua: 2020-10-12.

Kanpo estekakAldatu

Wikiztegian orri bat dago honi buruz: zipre .