Portugesa[1][2][3][4] edo portugalera[1][5] (português edo língua portuguesa) hizkuntza erromantzea da, latinetik eta, zehazkiago, galaikoportuges erromantzetik eratorria. Erdi Aroan galizieratik bereizia, Portugalgo Erresumako hizkuntza bihurtua eta Errenazimendu garaian estandarizatua, munduko hainbat lurraldetara zabaldu zuen Portugalgo inperioaren jarduerak. Hori dela-eta, egun 260.000.000 hiztunek baino gehiagok darabilte; bigarrena da, latinetiko hizkuntzen artean, hiztun kopuruari dagokionez, gaztelaniaren ondoren eta frantsesaren aurretik[6].

Portuges
português — português
Datu orokorrak
Hiztunakama-hizkuntza: 221.000.000 (2019)
ama-hizkuntza: 254.300.000 (2019)
ama-hizkuntza: 202.225.450 (2012)
bigarren hizkuntza: 6.300.000 (2012)
AraugileaInternational Portuguese Language Institute (en) Itzuli, Portugesezko Herrialdeen Komunitatea, Brasilgo Letren Akademia eta Lisboako Zientzien Akademia
Hizkuntza sailkapena
giza hizkuntza
indoeuropar hizkuntzak
hizkuntza italikoak
hizkuntza erromantzeak
mendebaldeko hizkuntza erromantzeak
hizkuntza galo-iberiarrak
hizkuntza ibero-erromantzeak
Iberia Mendebaldeko hizkuntzak
hizkuntza galiziar-portugesak
Informazio filologikoa
Hizkuntza-tipologiasubjektu aditza objektua, hizkuntza fusionatzailea, noun-adjective (en) Itzuli, silabadun hizkuntza, hizkuntza sintetikoa eta pro-drop language (en) Itzuli
Denbora gramatikalakorainaldia, geroaldia, lehenaldia, preterite (en) Itzuli, past imperfect (en) Itzuli eta pluperfect (en) Itzuli
Genero gramatikalakgenero maskulinoa eta genero femeninoa
AlfabetoaPortuguese alphabet (en) Itzuli eta latindar alfabetoa
Hizkuntza kodeak
ISO 639-1pt
ISO 639-2por
ISO 639-3por
Ethnologuepor
Glottologport1283
Wikipediapt
Linguasphere51-AAA-a
ASCL2302
IETFpt

Portugalen ez ezik, munduko beste hainbat herrialdetan ere hitz egiten da; esaterako, Brasilen, Angolan, Mozambiken, Cabo Verden, Sao Tome eta Principen, Indian eta Ginea Bissaun.

Historia

aldatu

Portugesa hizkuntza erromantzea denez, sustrai historikoak latinean ditu. Horrek antzinako erromatarrak Iberiar Penintsulara eta egungo Portugaleko lurraldera iritsi zireneko garaira garamatza. Hori K.a. 218. urtean gertatu zen eta, mende batzuk geroago, erromatarrek penintsula hiru probintzia handitan banatu zutenean, egungo Portugalgo lurralde gehiena Lusitania izendatu zuten. Geroxeago, Diokleziano enperadoreak Gallaecia gisa izendatu zituen geratzen zen Portugaleko lurralde zatia eta gaurko Galizia. Garai horretan, portuges zaharra edo galaikoportugesa zen lurralde hartan garatu zen erromantzea, portuges modernoaren oinarria dena[7].

Portugesak ez du, ordea, latinaren eragina soilik. Hortik aurrera, herri barbaroak eta mairuak Kristo ondorengo aurreneko mendeetan bertaratu izanak ere eragina izan zuten galaikoportuges erromantzean. Zehazki, eragin lexiko nabaria izan zuten hizkuntza germaniarrek eta arabieraren ondorio diren hainbat hitz eta leku-izen ere topa ditzakegu egungo portugesean.

Portuges zaharra edo galaikoportugesa Galiziako Erresumako hizkuntza zen. Kristo ondorengo aurreneko mendeetan, ordea, Iberiar Penintsulako beste lurralde batzuetan ere erabili izan zen, batez ere jarduera lirikorako. Aro horrexetakoak dira, esaterako, Cantigas de Santa Maria kantak, ustez Gaztelako Alfontso X.a erregeak idatziak. Aldiz, portuges zaharra dokumentu ofizialetan topatzeko, XII. eta XIV. mendeak arte itxaron behar da. Garaitsu horretan, gainera, Portugalgo Konderria Galiziatik bereizi zen eta horrek galaikoportugesaren batasuna pixkanaka hautsarazi zuen. Oinarri bera izanagatik, urteen joan-etorrian bi hizkuntza bilakatu ziren: galiziera —gaztelaniaren gero eta eragin handiagoa izan zuena— eta portuges modernoa, Portugalgo Erresumaren eta haren inperioaren hizkuntza bilakatu zena.

Portugesa munduko hainbat bazterretara eraman zuen Portugalgo Erresumaren jarduera inperialistak, XVI. mendera bitarte. Horien artean daude Asiako, Amerikako eta Afrikako hainbat lurralde, Erresumaren jarduera ekonomiko kolonialistak eta misio katolikoak zirela-eta portugesa berenganatzera behartuak izan zirenak. Herrialde horien artean daude, esaterako, Brasil, Angola, Mozambike, Sao Tome eta Principe, Sri Lanka eta India[6]. Horietako batzuetan, oraindik badaude portugesa erabiltzen duten hiztun-komunitateak eta beste batzuetan, aldiz, oraindik hizkuntza ofiziala izaten da.

Portugesaren estandarizazioa eta aldaera modernoaren garapena Errenazimenduan hasi zen. Garai hartan hasi ziren akademikoak eta idazleak portugesaren lexikoari ekarpenak egiten, latin klasikotik eta antzinako grezieratik hartutako maileguekin.

Hizkuntzaren sailkapena

aldatu

Portuges modernoa galaikoportuges hizkuntzatik eratorria da. Lehen gramatika portugesa (Grammatica de Lingoagem portuguesa[8]), Fernando Olivera presbitero dominikar eta erretorikako irakaslearena, Lisboan argitaratu zen 1536an. Lan horrek eta beste batzuek, eta oro har inprentaren garapenak, ahalbidetu zuten portugesaren bateratze-prozesua.

Erdi Aroko portugesak berebiziko garrantzia izan zuen penintsulan, XII. mendearen amaieratik XIV. mendearen erdialdera arte. Autore batzuen esanetan, 1400ean galaikoportugesak batasuna galdu zuen, lurraldea bi estatutan banatzearen ondorioz: Portugaleko erreinua eta Corona Leonesako alde galegoa.

Galizian, gaztelania izanik hizkuntza ofiziala, bigarren mailako hizkuntza zen portugesa, beraz, hizkuntzaren bertsio galegoak gaztelaniaren eragina jasan zuen. Hartara, autore batzuek hizkuntzaren bi bertsio banatu zirela defendatzen dute: galegoa eta portugesa.  Beraz, eztabaida dago galiziera eta portugesa bi hizkuntza bereizi ote diren ala hizkuntza beraren bi aldaera. Egun, aditu gehienek galaikoportugesaren bi aldaeratzat jotzen dituzte.

Beraz, hizkuntzaren sailkapena hau da: indoeuroparra > italikoa > erromantzeen taldekoa > erromantzea > erromantze italo-mendebaldetarrak > italo-mendebaldetarra > galo-iberikoa > erromantze iberiarra > ibero-mendebaldetarra > galaikoportugesa.

Portugesaren lurralde eremua

aldatu

Portugesa Portugaleko, Brasileko, Sao Tome eta Príncipeko (% 95), Cabo Verdeko (% 95), Ginea Bissaueko (% 60) eta Angolako (% 75) biztanleen ama hizkuntza nagusia da[9]. Bestalde, Mozambikeko biztanleen erdiak hitz egiten du, Ekialdeko Timorreko herenak eta Macaoko % 20k. Beste lurralde batzuk daude, Goa, Daman eta Diu, Dadra eta Nagar Haveli bezalako Indiako portuges lurraldeak, kasu, eta bertan ere hitz egiten da, nahiz eta erabilera orokorra ez den[10]. Horiez gain, Malasiako Malaka estatuan komunitate batzuek oraindik lehen hizkuntza gisa erabiltzen dute.

Gainera, beste estatu batzuetan etorkin lusofono komunitate adierazgarriak daude: Andorran, adibidez (11.229 lagun 2012an Andorrako Estatuko Estatistika Departamentuaren arabera, Andorrako biztanleen % 10); halaber, Bermuda[11], Kanada (237.000 pertsona 2016ko erroldaren arabera[12]), Frantzian (atzerritarren % 9,1[13]), Luxemburgon (% 15)[14], Namibian (% 4-5)[15], Paraguayen (636.000 pertsona)[16], Hegoafrikan (500.000 baino pixka bat gehiago)[17], Suitzan (196.000 biztanle 2008an)[18], Venezuelan (554.000 pertsona)[19] eta Estatu Batuetan (1.687.126 lusofono edo biztanlegoaren % 0,44)[20]. Era berean, espainiarren % 5,20k ere portugesa hitz egin dezakeela adierazi du.

Hizkuntza ofizialtasuna

aldatu

Portugesa honako herrialdeetako hizkuntza ofiziala da: Angola, Brasil, Portugal, Sao Tome eta Principe, Mozambike, Cabo Verde,  Ginea Bissau eta Ekialdeko Timor. Aldi berean, hizkuntza ofizialetako bat da Ekuatore Ginean (gaztelania eta frantsesarekin batera) eta Makauen (txinerarekin batera).

Portugesa nazioarteko erakundeotan ere ofiziala da: Europar Batasunean, Estatu Iberoamerikarren Erakundean, Estatu Amerikarren Erakundean, Mercosur-en, Hegoamerikar Nazioen Batasunean. Gainera, lanerako hizkuntza eta hizkuntza ofiziala da Afrikako Batasunean. Horrez gain, Portugesezko Herrialdeen Komunitatea (Comunidade dos Países de Língua Portuguesa, CPLP) portugesa hizkuntza ofiziala duten zortzi estatu askeen arteko erakunde bat da.

Portugesa hizkuntza ofiziala duten herrialdeek berezitasun bat dute: ez daukate portugesa hizkuntza gisa duten beste inolako herrialderekin mugarik. Hori ez da herrialde anglofono, frankofono, hispanofono, arabofono edo germanofonoekin gertatzen: kolonizazioaren ondoren, Portugalen menpe egondako herrialdeak ez ziren herrialde ezberdinetan banatu, Espainiaren, Frantziaren edota ingelesen Afrikako koloniak ez bezala.

Portugesa atzerriko hizkuntza gisa munduan

aldatu

2008tik aurrera, portugesa Uruguaiko eskoletan derrigorrezko bigarren hizkuntza gisa irakasten da[21], eta Argentinan 2009tik[22][23]. Zambia, Kongo, Senegal, Namibia, Suazilandia, Boli Kosta eta Hegoafrikako eskoletako curriculumean ere azaltzen da[23]. Espainiaren kasuan, Extremadurako Juntak portugesa bigarren atzerriko hizkuntza gisa ikastea bultzatzen du, eta Andaluzian José Saramago programa jarri dute martxan, portugesa atzerriko bigarren hizkuntza gisa bigarren hezkuntzan bultzatzeko.

Instituto Camões-en datuen arabera, 160.000 pertsonak portugesa atzerriko hizkuntza gisa ikasten dute munduan[23], horietako 80.000k euren zentruetan[24]. British Council-aren ikerketa baten arabera[25], portugesa Erresuma Batuan “bizi-hizkuntza” gisa kontsideratua izan da hurrengo 20 urteetarako, eta egun interneten gehien erabiltzen diren hizkuntzen artean bosgarren postuan dago[26]. Bestalde, Txinan goi mailako 28 eskolak irakasten dute (1350 ikaslerekin), gehienak Macao portugaldar kolonia ohia (bertan, Txina eta herrialde lusofonoen arteko merkataritza harremanak sustatzeko erabiltzen da)[26]. Gauza bera gertatzen ari da Japonian, bertan 500.000 brasildar-japoniarrez osatutako komunitatea baitago.

Portugesa atzerriko hizkuntza gisa munduan
Herrialdea Biztanle

kopurua[27]

Hezkuntza sisteman

derrigorrez irakatsia

Nork hitz egiten du?
Uruguay 3.400.000 Bai Gutxiengo esanguratsu batek, ama hizkuntza gisa
Argentina 45.500.000 Bai Gutxiengo batek, bigarren hizkuntza gisa
Paraguai 7.200.000 Ez Gutxiengo esanguratsu batek, ama hizkuntza gisa
Venezuela 28.600.000 Bai Gutxiengo batek, bigarren hizkuntza gisa
Hegoafrika 56.500.000 Ez Gutxiengo txiki batek, ama hizkuntza gisa
Namibia 2.600.000 Ez Gutxiengo txiki batek, ama hizkuntza gisa
Kongo 5.300.000 Ez Gutxiengo txiki batek, bigarren hizkuntza gisa
Zambia 17.400.000 Ez Gutxiengo txiki batek, bigarren hizkuntza gisa
Senegal 15.700.000 Ez Gutxiengo txiki batek, bigarren hizkuntza gisa
Suazilandia 1.100.000 Ez Gutxiengo txiki batek, bigarren hizkuntza gisa

Dialektoak

aldatu

Portugesak bi dialekto multzo nagusi ditu: brasildarra eta europarra.

Arrazoi historikoen ondorioz, Asia eta Afrikako dialektoek lotura estuagoa dute Portugalgo dialektoekin Brasilgoekin baino. Hala ere, ahoskerari dagokionez, zenbait kasutan, portuges brasildarraren aztarnak aurki daitezke. Horrez gain, portugesak bi idazkera estandar ditu eta ahozko aldaera ugari (askotan desberdintasun fonologiko eta lexiko garrantzitsuak dituztenak).

Brasilen erabiltzen den portugesaren idatzizko forma Brasilgo Letren Akademiak arautzen du, eta batzuetan portuges brasildar deitzen da (nahiz eta terminoak nagusiki Brasilen hitz egiten diren dialekto guztiei erreferentzia egiten dien). Portugalen, Lisboako Zientzien Akademiak arautzen du hizkuntza, eta bertako dialekto nazionala portuges europarra da. Idatziz jasotzen den aldaera hori ohikoa zen Afrika eta Asiako kolonia portugaldar ohietan, Cabo Verde, Mozambike, Angola, Ekialdeko Timor, Macao eta Goa kasu.

Eztabaida dago galiziera eta portugesa bi hizkuntza bereiz ote diren ala berberaren bi aldaera. Egun, aditu gehienek galaikoportugesaren bi aldaeratzat jotzen dituzte; izan ere, Erdi Aroan hizkuntza batua izan zen, harik eta mendeak joan, mendeak etorri, bi aldaerak bereizi ziren arte.

Literatura

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Portugesezko literatura» eta «Galizierazko literatura»

Musika

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. a b Euskaltzaindia: Hiztegi Batua.
  2. «portuges» Euskaltzaindiaren Hiztegia (Noiz kontsultatua: 2021-06-30).
  3. Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. .
  4. Euskaltzaindiaren 53. araua: munduko estatuetako hizkuntza ofizialak.
  5. «portugalera» Euskaltzaindiaren Hiztegia (Noiz kontsultatua: 2021-06-30).
  6. a b editor., Dios, Ángel Marcos de,. La lengua portuguesa.. ISBN 978-84-9012-466-6. PMC 905856997. (Noiz kontsultatua: 2021-03-09).
  7. Procópio, Eliabe Dos Santos; Guevara Oliveira, Glyvory Evelyn. (2017-09-23). «CASTRO, Ivo. Historia de la Lengua Portuguesa. Traducción del portugués al español de Beatriz Peña Trujillo. Bogotá: Edición Instituto Caro y Cuervo. Imprenta Patriótica, 2013.» Entrepalavras 7 (1): 603.  doi:10.22168/2237-6321.7.7.1.603-608. ISSN 2237-6321. (Noiz kontsultatua: 2021-03-09).
  8. Duarte Bonini Mariguela, Adriana Duarte. (2007-07-07). «A grammatica da lingoagem portuguesa de Fernão de Oliveira: Marcas de linguagem nas teias da tradição e da ruptura» Revista da Anpoll 1 (23)  doi:10.18309/anp.v1i23.103. ISSN 1982-7830. (Noiz kontsultatua: 2021-03-07).
  9. (Gaztelaniaz) Idioma portugués. 2021-02-21 (Noiz kontsultatua: 2021-03-06).
  10. (Ingelesez) «Ethnologue: Languages of the World» Ethnologue (Noiz kontsultatua: 2021-03-06).
  11. «World InfoZone - Bermuda Information» www.worldinfozone.com (Noiz kontsultatua: 2021-03-06).
  12. (Ingelesez) Linguistic diversity and multilingualism in Canadian homes. Statistics Canada.
  13. (Frantsesez) Répartition des étrangers par group de nationalités. Données annueles de 2006 à 2019. Insee.
  14. (Ingelesez) Special Eurobarometer 243. European Commission, 6 or..
  15. (Ingelesez) Portuguese to be introduced at schools. The Namibian (argitaratze data: 2011ko abuztuaren 15) https://www.namibian.com.na/83964/archive-read/Portuguese-to-be-introduced-in-schools.
  16. (Ingelesez) Paraguay. Ethnologue.
  17. (Portugesez) Pina, António. (2001). Porgueses na África do Sul. Janus.
  18. (Frantsesez) Office Federal de Migrations. (2010). Les Portugais en Suisse. Diffusion des publications fédérales..
  19. (Ingelesez) Venezuela. Ethnologue.
  20. Carvalho, Ana Maria (2010). «Portuguese in the USA». En Potowski, Kim, ed. Language Diversity in the USA (en inglés). Cambridge University Press. p. 346. ISBN 978-0-521-74533-8.
  21. (Portugesez) Governo uruguaio torna obrigatório ensino do português. LUSA Agência de notícias de Portugal (argitaratze data: 2007ko azaroak 9).
  22. (Gaztelaniaz) El portugués será materia obligatoria en la secundaria. Educar.com (argitaratze data: 2009ko urtarrilak 21).
  23. a b c (Portugesez) Português, uma língua espalhada pelo mundo. Folha de Portugal (argitaratze data: 2015ko apirilak 13).
  24. (Portugesez) Instituto Cervantes de Lisboa. .
  25. (Portugesez) Português será "idioma para o futuro" no Reino Unido. JN (argitaratze data: 2013ko azaroak 21).
  26. a b (Portugesez) Língua portuguesa: contrastes e balanços. Civerdúvidas da língua portuguesa (argitaratze data: 2014ko martxoak 7).
  27. «The World Factbook - The World Factbook» www.cia.gov (Noiz kontsultatua: 2020ko datuen estimazioa).
  28. (Portugesez) Teyssier, Paul. (1994). História da língua portuguesa. (6. argitaraldia) Lisboa: Livraria Sá da Costa Editora ISBN 972-562-129-8..
  29. (Ingelesez) CIA. Brazil. in: The World Factbook..

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu
Hizkuntza honek bere Wikipedia du: Bisita ezazu.