Grezia[1] (grezieraz: Ελλάδα, eˈlaða ahoskatua), izen ofiziala Heleniar Errepublika[1] (Ελληνική Δημοκρατία eliniˈci ðimokraˈti.a ahoskatua), hego-ekialdeko Europako estatu burujabea da, Europar Batasuneko kidea, Balkanetako penintsularen hegoaldeko muturrean dagoena. Iparraldean, Albania, Ipar Mazedonia eta Bulgaria ditu; ekialdean, Turkia eta Egeo itsasoa; hegoaldean, Mediterraneo itsasoa; mendebaldean, Itsaso Jonikoa. Hainbat uharte ditu herrialdeak, Kreta guztien artean handiena. 131.957 kilometro koadroko eremua hartzen du, eta 10,7 milioi biztanle zituen 2020an. Atenas da hiriburua.

Heleniar Errepublika
Ελληνική Δημοκρατία
Ereserkia: Imnos is tin Eleftherian
Goiburua: Ελευθερία ή Θάνατος
("Askatasuna ala Hil")
Flag of Greece.svg
Greziako bandera
Coat of arms of Greece.svg
Greziako armarria
EU-Greece.svg
Gr-map-EU.png
Geografia
HiriburuaAtenas
37°59′3″N 23°43′41″E
Azalera131.957 km² (97.)
Punturik altuenaOlinpo (2.919 m)
Punturik sakonenaCalypso Deep (en) Itzuli (−5.269 m)
KontinenteaEuropa
MugakideakAlbania, Bulgaria, Ipar Mazedonia eta Turkia
Administrazioa
Greziako presidenteaKaterina Sakellaropoulou
Greziako lehen ministroaKyriakos Mitsotakis
LegebiltzarraGreziako Legebiltzarra
Harreman diplomatikoakWikidata logo.svg Ikusi mapa Wikidatan
Zeren kide
Demografia
Biztanleria10.760.421 (2017) (85.)
Red Arrow Down.svg−15.136 (2014)
Dentsitatea81,54 bizt/km² (98.)
Talde etnikoak
Hizkuntza ofizialak
Erabilitako hizkuntzak
Ezkontzeko adinagenero guztiak: 18
Emankortasun-tasa1,3 (2014)
Eskolaratu gabeko umeak45.430 (2014)
Derrigorrezko eskolaratzea5-16
Bizi-itxaropena81,1 (2015)
Giza garapen indizea0,865 (2014)
Ekonomia
BPG nominala200.288.277.129,04 US$ (2017)
Green Arrow Up.svg7.597.464.002,178 (2016)
BPG per capita18.885 US$ (2017)
Green Arrow Up.svg769 (2016)
BPG erosketa botere paritarioa307.366.516.011 nazioarteko dolar (2017)
Green Arrow Up.svg13.463.387.936 (2016)
BPG per capita EAPn28.582,846 nazioarteko dolar (2017)
Green Arrow Up.svg1.308,911 (2016)
BPGaren hazkuntza erreala0 % (2016)
Erreserbak7.803.722.132 US$ (2017)
Green Arrow Up.svg952.475.437 (2016)
Inflazioa0,3 % (2016)
Red Arrow Down.svg−0,1 (2015)
Historia
Sorrera data: 1821eko martxoaren 25a (juliotar egutegia)
Bestelako informazioa
Aurrezenbakia+30
ISO 3166-1 alpha-2GR
ISO 3166-1 alpha-3GRC
Ordu eremua
Elektrizitatea230 V. 50 Hz.Europlug (en) Itzuli eta Schuko (en) Itzuli
Internet domeinua.gr
government.gov.gr

GeografiaAldatu

MugakAldatu

Greziak Egeo itsasoaren eta Itsaso Jonikoaren artean dagoen penintsula hartzen du, eta baita bi itsaso horietako uharte asko ere. Herrialdea ipar latitudeko 34° eta 42° artean, eta ekialdeko longitudeko 19° eta 30° artean hedaturik dago. Albaniarekin, Ipar Mazedoniako Errepublikarekin eta Bulgariarekin du muga iparraldean, Turkiarekin eta Egeo itsasoarekin ekialdean, Mediterraneoarekin hegoaldean, eta Itsaso Jonikoarekin mendebaldean.

UharteakAldatu

Greziako herrialdeak uharte asko hartzen ditu, 1.200 eta 6.000 artean, eta horietako 227tan bizi da jendea.[2] Kreta, Eubea, Lesbos eta Rodas dira handienak.

Greziako uharte nagusiak
Izena Eskualdea Eremua
(km²)
Biztanleak
(2011)[3]
1 Kreta Kreta 8.336 623.065
2 Eubea Egeo 3.684 191.206
3 Lesbos Egeo 1.633 86.436
4 Rodas Dodekaneso 1.401 115.490
5 Kios Ipar Egeo 842 51.930
6 Zefalonia Joniako Uharteak 781 35.801
7 Korfu Joniako Uharteak 593 102.071
8 Lemnos Ipar Egeo 478 16.992
9 Samos Ipar Egeo 478 32.977
10 Naxos Zikladeak 430 18.904
11 Zante Joniako Uharteak 405 40.759
12 Tasos Ipar Egeo 380 13.770
13 Andros Zikladeak 380 9.221
14 Leukada Joniako Uharteak 303 22.652

ErliebeaAldatu

 
Olinpo, 2.918 metro

Lur menditsuak eta itsasoa dira Greziako ezaugarri nagusiak. Lurraldearen hiru laurdenak mendiak dira, eta 80 kilometroko tartea dago, gehienez, lurraldeko puntu bat eta itsasoa bitartean. Pindo mendilerroa, Balkanetako mendikatearen segida, herrialdeko mendigune nagusia da. Pindo mendietatik adar hauek ateratzen dira:

  • Aeta mendiak, Parnaso, Kizeron eta Helikon mendiekin hego-ekialderantz luzatzen direnak;
  • Tesalia arroa eratzen duten bi mendilerro ekialdean;
  • Olinpo (2.918 metro), Greziako mendirik garaiena, hegoaldean.

Taigeto (2.404 metro) eta Zilene (2.374 metro) dira Peloponesoko penintsulako gailurrik gorenak.

Greziako eskualde naturalak honako hauek dira: Mazedonia eta Trazia iparraldean, Tesalia eta Atika haran emankorrak erdialdean, Peloponeso hegoaldean, eta Kreta, herrialdeko uharte nagusia.

HidrografiaAldatu

Ibai askorik ez dago, lurra karekizkoa baita eta ura lurpean biltzen baita; ibaiak laburrak dira: Vardar, Struma eta Nestos dira nagusiak.

KlimaAldatu

 
Tesaliako ikuspegia.

Klima mediterraneokoa da: negu leun eta euritsuak dira, uda epel eta lehor samarrak eta, oro har, eguzki ordu asko daude urte osoan. Hala ere, ezberdintasunak daude eskualde batetik bestera. Horren arrazoia da topografiak (erdialdeko mendilerro handiek eta beste mendi batzuek) eragina duela Mediterranetik datorren aire hezean.[4] Beraz, Pindo mendikatetik ekialdera klima beroa eta hezea da, eta Pindotik mendebaldera lehorra, eta hotz-bero arteko aldea nabarmenagoa duena.

Landaredia eta faunaAldatu

Greziako iparraldeko landareak Europako erdialdekoak dira: hosto erorkorreko eta iraunkorreko basoak; gainerako tokietan Mediterraneoko landareak dira nagusi: pinuak, olibondoak, zuhaixkak eta sasiak. Ugaztunen artean aipatzekoak dira ipar-katamotza, hartz arrea, txakala, otsoa, basurdea eta orein arrunta eta untxia.

HistoriaAldatu

Sakontzeko, irakurri: «Greziako historia»

Antzinako GreziaAldatu

Sakontzeko, irakurri: «Antzinako Grezia»

Antzinako Grezia Mendebaldeko zibilizazioaren oinarritzat hartzen da.[5] Greziar kulturak Erromatar Inperioan itzelezko eragina izan zuen, baita Pizkundean eta ondorengo aroetan ere. Eragin hau hizkuntzan, politikan, hezkuntzan, filosofian, zientzian eta arteetan izan zen. Antzinako Grezia Iberiar penintsulatik Itsaso Beltzeraino grezieraz berba egiten zuten lurraldeez osaturik zegoen.

Brontze Aroan, K. a. 3000n agertu zen Kreta uhartean Zibilizazio minoikoa. Merkataritza harremanak zabaldu zituen Mediterraneoaren ekialdean, eta luxu handiko hiriak sortu zituen, eta haiek egundoko eragina izan zuten kontinentean. K. a. 1200 aldean desagertu zen kultura hura, mizenastar zibilizazioak bereganaturik.

Mizenastar zibilizazioa kontinentean garatu zen, K. a. 1600-1200 bitartean, eta Mizenas izan zen hiri nagusia. Gizarte guduzalea bide zen hura, eguneroko bizitza harresi garaiez babestutako hiri inguruan egiten zen. Abere hazkuntza eta nekazaritzaz gainera, merkataritza, eta baita itsaslapurreta ere, ziren haien ekonomiaren oinarriak. Burdin Aroaren hasieran desagertu zen zibilizazio hura itsasaldeko herrien erasoek eraitsita.

Kultura horien gainbeheraren ondoren, K. a. 800eko hamarkadatik aurrera, greziar hiri-estatuak hedatu ziren Egeoren inguruan, Italiako hegoaldean, eta baita Mediterraneoaren iparraldean eta Itsaso Beltzaren kostaldean ere. Mediar Gerretan (K. a. 499-449) eutsi zieten persiarren inbasioei eta, oparotasun ekonomikoarekin batera, aurrekaririk ez zeukaten arkitektura, literatura, zientzia eta filosofia mailetara iritsi ziren. Atenasen eta Espartaren arteko etsaitasunak Peloponesoko Gerra (K. a. 431-404) eragin zuen, Greziako polisen krisialdia ekarri zuena.

Garai helenistikoa eta erromatarraAldatu

Sakontzeko, irakurri: «Garai helenistikoa»

Mazedonian, iparraldeko erresuman, jatorri askotako biztanleak bizi baziren ere, greziar kulturan oinarriturik zegoen klase nagusia. K. a. 356an, Filipo II.ak hartu zuen erresuma horretako tronua. Errege horrek garrantzi handiko berrikuntzak egin zituen Mazedoniako gudarostearen egituran eta, polisen ahuldadeaz baliaturik, penintsula osoaz jabetu zen. K. a. 338ko Keroneako guduan atenastarrak garaitu ondoren, Filipok greziar estatuen ordezkaritza antolatzeko adinako aginpidea lortu zuen. Persiaren aurka jotzea zen haren helburu nagusia, baina K. a. 336an hil egin zuten.

Alexandro semea izan zen Filiporen ondorengoa. Hamabi urte eskasetan, errege gazteak, bere konkistekin, Antzinateko inperio handienetako bat eratu zen, Ekialdea eta Mendebaldea bateratzen zituena, Danubiotik hasi eta Induseraino. Alexandro Handia, ordea, oso gazte hil zen, K. a. 323an, eta erresuma desberdinetan zatikatu zuten inperioa haren jeneralek. Horrela hasi zen garai helenistikoa, kultura grekoa Mediterraneo ekialdean zabaldu zuena, Siria eta Egiptoraino. K. a. 146an, erromatarren garaipen militarrak garai horren amaiera ekarri zuen.

K. a. 27an, Zesar Augustok Erromatar Inperioko Akaia probintzia bilakatu zuen Grezia. Baina, militarki gailendu arren, erromatarrek zinez miretsi zuten heleniar artea, eta greziar sorkuntzak eta pentsamenduak erabat baldintzatu zuten hurrengo mendeetako italikoen kultura. Horaziok idatzi zuen bezala, "Greziak harrapatu zuen bere konkistatzaile basatia".[6] II. eta III. mendeetan, Ekialdeko komunitate helenikoak funtsezkoak izan ziren kristautasunaren hedapenean. Greziar penintsulako biztanleek, ordea, denbora luzean eutsi zioten paganismoari, eta Peloponesoko hego-ekialdea ez zen X. mendera arte kristautu.[7]

Erdi AroaAldatu

 
Tesalonikako Santa Sofia, VIII. mendea.

IV. mendearen amaieran Erromatar Inperioa bitan banandu zenetik, ekialdekoa (Konstantinopla hiriburua) Greziako ohiturak, hizkuntza eta kultura gorde zituen barruti independentea izan zen. Bizantziar Inperioak probintzia asko zituen, ez oso zabalak, diozesitan bilduak, gobernadore bat zutela buru. 527an Justinianok hartu zuen aginpidea, eta harekin erdietsi zuen Bizantziok goraldia, Balkanetan, Ekialdean eta Mediterraneoan zehar hedatu baitzen. Baina barne arazoak ere izan ziren; V. eta VI. mendeetan hiriek antolamendu eta aurrerapen maila handia iritsi zuten, baina politika eta gizarte liskar handiak ere izan zituzten; bestalde, enperadoreek ez zuten behin betiko konpontzea lortu erlijio dogmak monofisiten eta ortodoxia ofizialaren artean sortua zuen arazoa.

VII. mendearen hasieran, eslaviarrek Balkanetako penintsula inbaditu zuten. Horren ondoren, uharteak eta kostaldeko zati batzuk (Atenas, Korinto, Tesalonika) besterik ez ziren geratu Konstantinoplaren agindupean. VIII. mendetik aurrera, galdutako lurraldeak berreskuratzen hasi zen Bizantziar Inperioa, eta IX. mendearen hasierarako egungo Greziaren gehiena Bizantzioren esku zegoen. Garai hartatik aitzina, greziar kultura ondarea Errusiara eta eslaviar herrietara hedatu zen. XI. mendearen bigarren erdian turkiarrak Anatoliaz jabetu zirenetik, Balkanetako penintsula izan zen inperioko gune nagusi eta eraginkorrena.

 
Rodasko Maistru Handiaren jauregia, Ospitaleko Zaldunen egoitza gurutzadetan.

1204an jo zuen ondoa Bizantziok, gurutzatuek Konstantinopla eraso eta hartu zutelarik; latindarren esku gelditu zen inperioaren parte handiena, Grezia barne, eta Veneziak uharte batzuk beretu zituen. Harrezkero, Nizean babesturik zeuden bizantziar enperadoreek inperioa eta hiriburua berreskuratzeko ahaleginetan jardun zuten; 1261ean lortu zuten Konstantinopla hartzea Migel VIII.a Paleologoa enperadoreak. Hala ere, Peloponeson kokakutako Akaiako printzerri latindarrak XIV. mendera arte iraun zuen, eta uhartedi batzuek Genova eta Veneziaren mende jarraitu zuten.[8]

Otomandar garaia eta independentzia gerraAldatu

1453. urtean Otomandar Inperioak mendean hartu zuen Konstantinopla, eta Italiara ihesean joan ziren Bizantzioko jakitunek Grezia klasikoaren pentsamoldea eta Erromako zuzenbidea eraman zuten berekin mendebaldean loratzen ari zen Pizkundearen aberasgarri. Otomandarrek Konstantinopla hartu zuteneko unea Greziako politika burujabetasunaren amaieratzat har daiteke.

Inbasioaren ondorioak latzak izan baziren ere, Greziako nazio nortasunaren bizi iraupenerako funtsezkoak izan ziren oinarrizko hiru eskubide eman zizkieten turkiarrek greziarrei: begiramen osoa Greziako Eliza Ortodoxoarekiko, gerokoan Greziako nazionalismoaren ordezkari eta aitzindari nagusi izan zena, heziketa grekoz egin ahal izatea eta salerosketarako askatasuna. Ondoren, ordea, otomandar administrazioaren ganora ezak eta haurrak sultanaren guardia pertsonala (jenizaroak) osatzera joan beharrak herriaren haserrea eragin zuten.

 
1827ko Navarinoko guduak Greziaren independentzia bermatu zuen.

1770. urtean Peloponeson, Errusiako Katalina Handiak bultzatuta, altxatu ziren lehendabiziko aldiz greziarrak menderatzaileen aurka; bai iraultza hark eta baita 1786. urtean Epiron piztu zenak ere huts egin zuten. 1821eko martxoaren 25ean, Germanos gotzainak independentziaren aldeko higikundea antolatu zuen Peloponeson. 1822an, Epidauroko Batzar Nazionalak Grezia independentearen konstituzioa idatzi zuen. Urte hartan bertan, Greziako abertzaleen alde borrokatzeko gertu zeuden europarrak Genevan bildu ziren, Lord Byron idazlea tartean; izan ere, independentzia lortzeko, greziarren borroka ez ezik, Erresuma Batuak, Frantziak eta Errusiak emandako laguntza ere oso kontuan hartzekoa izan zen. 1828an, Errusiaren eta Turkiaren arteko gerra piztu zen, eta 1829ko irailaren 14an Turkiak Greziaren independentzia onartu behar izan zuen Hadrianopolisko Itunean.

Grezia independenteaAldatu

Hasieran, Grezia independentea Frantziako Iraultzaren hastapenetan eta urteetan bizirik iraun zuten herriaren ohitura demokratikoetan oinarritutako errepublika zen. 1827ko apirilean bildu zen hirugarren Nazio Biltzarrak Ioannis Kapodistrias hautatu zuen behin-behineko estatuburu. Independentzia iritsi zen garaian Greziako lurraldeak 50.000 kilometro koadroko lurraldea eta milioi bat biztanle zituen, Greziako erdialdearen zati bat (Atika barne), Peloponeso, Eubea eta Zikladeak hartzen zituen.

 
Greziako Erresumaren lurralde hedapena 1832-1947 bitartean.

1831ko urrian Kapodistrias hil zuten eta Oto Bavariakoa ezarri zuten aginpidean. Otoren absolutismoaren kontrako higikundeak iraultza ernarazi zuen eta, horren ondorioz, hogei urte iraun zuen konstituzioa onartu zen 1844an. 1863an, Jurgi Danimarkako printzeak hartu zuen errege kargua. Jurgi I.aren eta haren ondorengoen agintaldietan, Greziak bere mendeko lurraldea eta populazioa areagotu zituen: Joniako Uharteak jaso zituen 1863an, Britainia Handiaren opari, Tesalia 1881ean, eta Epiro, Mazedonia, Kreta eta Egeoko zenbait uharte 1913an, Balkanetako Gerren ondorioz.

Balkanetako Gerren ondoren, Konstantino I.a Greziakoa erregearen eta Eleuterios Venizelos lehen ministroaren arteko tirabirek bi alderditan banandu zuten herrialdea. Horren ondorioz, Lehen Mundu Gerraren hasieran bi gobernu izan zituen herrialdeak, Alemaniaren aldekoa bata, eta Britania Handiaren aldekoa bestea; bi gobernuak 1917an batu ziren. Gerra amaitutakoan, Grezia Turkiaren aurka borrokatu zen Anatolia eskuratzeko, baina saioak huts egin zuen. 1923ko Lausanako Hitzarmenak bi erresumen arteko populazio mugimendu handiak eragin zituen, eta Greziak Anatolian bizi ziren 1.5 milioi greziar hartu zituen.

Greziako gobernua kolokan egon zen behin baino gehiagotan XX. mendean zehar. 1924an errepublika ezarri zen. eta 1935ean monarkiak eskuratu zuen berriro aginpidea. Hurreango urtean, Ioannis Metaxasek estatu kolpea jo zuen, eta erregimen autoritarioa ezarri. Italia faxistak amore emateko eskatu zion Greziari 1940ko urriaren 28an, baina Metaxas diktadoreak "oxi" (ez) erantzun zion ultimatumari, eta Italiak eraso zuen. Italiako armada Albanian geldiaraztea lortu zuten arren, alemaniar indarren aurrean erori zen Grezia. Nolanahi ere, greziar erresistentziak arazo franko eman zizkien okupatzaileei.

Alemaniar okupatzaileak 1944ko urrian irten ziren herrialdetik. Ondoren, erregezaleen eta komunisten arteko gerra zibila piztu zen; gerrak 1949 arte iraun zuen, harik eta britainiar armadaren laguntzaz, komunistak garaitu zituzten arte. 1967an estatu kolpea jo zuten militarrek alderdi ezkertiarrek hauteskundeetan garaile atera ez zitezen, eta diktadura ezarri. 1973an, militarrek monarkia deuseztatu zuten eta errepublika ezarri. 1973ko azaroaren 25ean, beste kolpe militar batek Georgios Papadopulos aginpidetik kendu zuen. Betri ere, Dimitrios Ioannidis diktadore berriak gutxi iraun zuen agintean, 1974ko uztailean erregimena erori baitzen, Turkiak Zipre inbaditu eta gero.

Horren ostean, Konstantinos Karamanlisek gobernu zibila eratu, eta 1952ko konstituzioa indarrean jarri zuen berriro. 1975ean konstituzio berri bat jarri zen indarrean. Harrezkero hauteskunde demokratikoen bidez antolatu ziren gobernuak, eta Karamanlisen Demokrazia Berria eta Andreas Papandreuren PASOK aldizkatu ziren agintean. 1981eko urtarrilaren 1ean, Europar Batasunean sartu zen, eta 2001ean euro dirua hartu zuen. 2004an, Atenasek Udako Olinpiar Jokoak antolatu zituen.

Azken urteakAldatu

2008tik aurrera, Atzeraldi Handiaren ondorioek gogor astindu zuten herrialdea. Zor publikoaren krisia zela eta, erreskatea eskatu behar izan zuen, baina ezarritako austeritate-politikek protestak eta gizarte-gatazkak eragin zituzten.[9] Syriza alderdiko Alexis Tsiprasek gobernatu zuen Grezia 2015etik 2019ra. 2019ko uztaileko hauteskundeetan, berriz, Kyriakos Mitsotakis Demokrazia Berria alderdi kontserbadoreko hautagaia nagusitu zen.[10]

Gobernua eta administrazioaAldatu

PolitikaAldatu

 
Greziako Parlamentuaren eraikina, Atenas.

1975. urteko konstituzioak, ordura arteko politika aldaketekin amaitu nahian, errepublika parlamentarioa ezarri zuen, eta aginpide beterazlea presidentearen eta lehen ministroaren artean banatu zen: presidentea estatuburu eta armadaburua da, eta lehen ministroa gobernuburua. Legegintzako boterea lehendakariaren eta lau urtez behin hauteskundeen bidez aukeratzen den Parlamentuaren (grezieraz: Ελληνικό ΚοινοβούλιοElliniko Kinovoulio) esku dago. Auzitegi Gorena, Estatu Kontseilua eta Estatuko Kontuen Auzitegia dira sistema judizialaren goi auzitegiak. Soldadutza derrigorrezkoa da 19 urtetik gorako gizonezkoentzat eta urte bat irauten du; emakumeentzat borondatezkoa da.[11]

Banaketa administratiboaAldatu

Sakontzeko, irakurri: «Greziaren banaketa administratiboa»

2011ko urtarrilaren 1etik, herrialdea 13 periferiatan (grezieraz: περιφέρεια) banaturik dago; lurralde autonomo bat ere dago, Atos Mendia (grezieraz: Ἅγιον ὌροςAgio Oros, "Mendi Santua"), Erdialdeko Mazedonia periferiaren mugen barnean. Periferia horiek 74 unitate periferikotan azpibanaturik daude.

Mapa Periferia Hiriburua Eremua (km2)[12] Biztanleria (2011)[12]
1 Atika Atenas 3.808 3.828.434
2 Erdialdeko Grezia Lamia 15.549 547.390
3 Erdialdeko Mazedonia Tesalonika 18.810 1.880.297
4 Kreta Heraklion 8.336 623.065
5 Ekialdeko Mazedonia eta Trazia Komotini 14.158 608.182
6 Epiro Ioanina 9.203 336.856
7 Joniako Uharteak Korfu 2.307 207.855
8 Ipar Egeo Mitilene 3.836 199.231
9 Peloponeso Tripoli 15.490 577.903
10 Hego Egeo Ermoupoli 5.286 309.015
11 Tesalia Larisa 14.037 732.762
12 Mendebaldeko Grezia Patras 11.350 679.796
13 Mendebaldeko Mazedonia Kozani 9.451 283.689
Lurralde autonomoa Hiriburua Eremua (km2) Biztanleria
(14) Athos Mendia Karyes 336 1.811

DemografiaAldatu

BiztanleriaAldatu

 
Greziar diasporaren mapa.

Greziak 10,8 milioi biztanle zituen 2011.[12] Adinari dagokionez, biztanleria honela dago banaturik: 0-14 urte bitartekoak, % 14,5; 15-24 urte bitartekoak, % 10,3; 25-54 urte bitartekoak, % 39,6; 55-64 urte bitartekoak, % 13,1; eta 65 urtetik gorakoak, % 22,4.[11] Bizi itxaropena 81,3 urtekoa da: 78,7 urtekoa gizonezkoena eta 84 urtekoa emakumezkoena (2021eko zenbatespenak).[11] XX. mendean greziar ugari joan zen atzerrira, Ameriketako Estatu Batuetara, Kanadara, Australiara, Alemaniara eta Belgikara batez ere. 1973ko krisi ekonomikoak moteldu egin zuen emigrazioa.

Bigarren Mundu Gerraren ondoren gobernuak neurri bereziak hartu zituen endemikoak ziren eritasun batzuk desagerrarazteko: paludismoa, tuberkulosia, disenteria eta tifusa. Gaur egun, heriotza eragile nagusiak herri aurreratuenetakoak berak dira: minbizia, bihotzeko gaitzak, etab. Haur jaioberrien heriotza tasa milako 3,6koa da.[11]

Hezkuntza publikoa dohain eta nahitaezkoa da 6-15 urte bitarteko haurrentzat, eta biztanleriaren % 97,9 alfabetaturik dago.[11] Bigarren mailako ikasketetako eskola pribatu ugari dago; unibertsitate pribaturik, ordea, ez, konstituzioak debekatzen baitu. Unibertsitate ofizial nagusiak Atenas, Tesalonika, Patras eta Kretan daude.

Banaketa etnikoaAldatu

Biztanleen % 91,6 greziarrak dira eta % 4,4 albaniarrak.[11]

HizkuntzakAldatu

Greziera da hizkuntza ofiziala eta jende gehienak erabiltzen duena.

ErlijioaAldatu

Biztanle gehienak, % 90 inguru,[13] kristau ortodoxoak dira erlijioz; musulman talde txikiak daude mendebaldeko Trazian eta Dodekaneso uharteetan.

Hiri nagusiakAldatu

EkonomiaAldatu

Greziako ekonomiak aurrera egin zuen nabarmen Bigarren Mundu Gerraren ondoan, eta 1950etik 1973ra Barne produktu gordina urtean batez beste % 7,7 hazi zen,[15] bertako baliabide naturalen urritasunak eta burokratizazio gehiegizkoak aurrerabidearen oztopo izan ziren arren. 1981ean Europako Ekonomia Erkidegoan sartu zen, eta urte horretan bertan Mugimendu Sozialista Panheleniarrak (PASOK) aginpidea iritsi zuen; harrezkero, estatuaren mende geratu ziren ekonomia jarduera gehienak: energia ekoizpena, ontziolak, garraiobideak, aseguruak eta banketxeak.

 
Austeritate neurrien aurkako protesta jendetsua Greziako parlamentuaren aitzinean, 2011ko maiatzak 29.

2002an euroan sartzeko baldintza makroekonomikoak betetzea lortu zuen. Horri esker iritsi ziren interes tasa txikiko maileguak, estatuarentzat eta herritarrentzat, eta 2000ko hamarkadan Eurogunean gehien hazi zen herrialdea izan zen, Irlandarekin eta Espainiarekin batera.[16] 2009an, ordea, Europa osoa Atzeraldi Handian murgildurik zegoelarik, herrialdearen kontu publikoak aspalditik apaindurik zeudela jakinarazi behar izan zuen Georgios Papandreu lehen ministroak. Zor handia finantzatzeko arazoak izaten hasi zen, eta ekonomiak behea jo zuen. Azkenik, 2010eko apirilean erreskatea galdegin zuen ofizialki Papandreuk eta, finantzaketaren truke, troikak eskatutako austeritate neurri gogorrak ezarri behar izan zituen.[17] Ondorengo urteetan hiru erreskate programa kateatu zituen herrialdeak, azkena 2018an amaitu zen arte.[18]

Greziako ekonomia lehen sektorean oinarritu da betidanik. Azkeneko urteotan, baina, industriak eta zerbitzuek gero eta garrantzi handiagoa hartu dute. Industria ahula du eta energia baliabide urri. Bestalde, turista asko joaten da bertara, antzinako Greziako aztarnak eta uharteen edertasunak erakarrita edota eguzkiaren bila, eta, beraz, ekonomia baliabide indartsuenetakoa da turismoa.

Lehen sektoreaAldatu

 
Mahastia Santorinin.

Biztanle aktiboen % 12,6k lehen sektorean egiten zuen lan 2015ean.[11] Lurrik emankorrenak Tesalian daude: batez ere artoa, garia eta arroza lantzen da han, eremu ureztatuetan. Nazioaren ekonomiarentzat garrantzi handikoak dira, baita ere, beste gai hauek: tabakoa (Trazia eta Mazedonian), kotoia (erdialdean), mahastiak eta olibondoak (Peloponeson eta uharteetan), zitrikoak (Kretan), pikuak (Peloponeso hegoaldean). Greziatik kanpo oso aintzat hartuak dira Korintoko mahaspasak, herrialdearen diru iturri nagusietako bat. Ahuntz eta ardi hazkuntzak garrantzi handia izan du betidanik, eta badu oraindik ere, baina sektorea modernizatu eta mekanizatu ahala, behi eta zerri hazkuntza gero eta gehiago ari da zabaltzen.

Betidanik izan da Grezia herri arrantzalea, eta arrantza azpiegitura modernoa du, baina Mediterraneoa kutsatzen ari denez, arrantza urritu da eta kanpotik ekarri beharra dute arraina.

Bigarren sektoreaAldatu

Mea baliabideak ez dira oso aberatsak, Europako bauxita ekoizle handienetakoa bada ere; horrez gainera, aipatzekoak dira lignitoa, energia elektrikoa sortzeko erabiltzen dena, eta neurri apalago batean manganesoa, burdina, zinka, beruna, urrea eta diamanteak. 1981. urtetik aurrera petrolioa eta gas naturala ustiatzen hasi ziren Egeo itsasoan.

Industriak aurrerabide handia egin du azkeneko urteotan baina, hala ere, urruti dago Europar Batasuneko gainerako herrialdeetatik. 2015ean sektore horrek biztanle aktiboen % 15 hartzen zuen.[11] Janari industria eta ehungintza dira inportanteenak.

AzpiegiturakAldatu

AireportuakAldatu

Ikus jatorrizko Wikidata eskaera.

KulturaAldatu

Sakontzeko, irakurri: «Grezierazko literatura» eta «Antzinako Greziako arkitektura»

Grezia klasikoaren kulturako aztarna ugarik iraun du gaur egun arte (Atenas, Delfos, Epidauro, Mizenas, Argos, etab.); aztarna horiek eta Greziako museoetan (Museo nazionala, Herakliongo Museoa, Akropolia, etab.) eta atzerriko hiri nagusietan gorde diren eskultura eta gauzakiak Antzinako Greziako kultura ondare iraunkorraren eta aberatsaren erakusgarri dira.

 
Chryssaren Mott Street (1983), Evangelismos geltokia, Atenasko metroa.

Grezia modernoaren kulturan aipatzekoak dira zenbait poeta: Konstantino Kavafis, Giorgos Seferis (Nobel saria, 1963), Angelos Sikelianos, Odysseus Elytis (Nobel saria, 1979), Yannis Ritsos eta Kretako Nikos Kazantzakis. Musikarien artean gailendu dira, beste askoren artean, Manos Hatzidakis eta Mikis Theodorakis. Greziako herri musika oinarri duten eta nazioarteko polifonia lehiaketetan parte hartzen duten abesbatza ugari sortu dira.

Herrialdeak independentzia lortu zuenetik, bertako arteak Europako mendebaldeko ereduak izan ditu oinarri. Pintore figuratiboetan ospe handikoak dira Iannis Moralis eta Nikos Engonopulos; margolaritza abstraktua landu dutenen artean Theodoros Stamos eta Iannis Spyropulos. Eskultoreetan, berriz, aipatzekoak dira Vassilakis Takis eta Chryssa.

KirolaAldatu

Jatorrian, Olinpiar Jokoen bidez garatu zen Greziako kirola, K.a. 776. urtean lehenengo aldiz erregistraturik. Olinpiar Joko modernoak, bi aldiz antolatu dituzte: 1896an eta 2004an.

Bestalde, Greziako futbol selekzio nazionalak 2004ko Europako Futbol Txapelketa irabazi zuen. EuroBasketen, halaber, birritan izan da txapelduna greziako saskibaloi selekzioa. Gainera Euroleaguen greziar taldeak arrakastatsuenak izan dira 1988tik, 9 aldiz irabazita 31 urtez (Panathinaikos BC eta Olympiacos BC). Waterpoloa eta boleibola dira beste bi kirol nagusiak herrialdean.

ErreferentziakAldatu

  1. a b Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. .
  2. How many Greek islands are there. sailingheaven.com (Noiz kontsultatua: 2021-6-20).
  3. Απογραφή Πληθυσμού - Κατοικιών 2011. ΜΟΝΙΜΟΣ Πληθυσμός. Hellenic Statistical Authority, statistics.gr (Noiz kontsultatua: 2021-6-20).
  4. The Climate of Greece. emy.gr (Noiz kontsultatua: 2021-12-16).
  5. Grezia Klasikoa. hiru.eus (Noiz kontsultatua: 2021-6-22).
  6. Barcenilla, Haizea. Granada. Berria, 2019ko maiatzak 28, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2021-06-26).
  7. Makrides, Nikolaos. Hellenic Temples and Christian Churches: A Concise History of the Religious Cultures of Greece from Antiquity to the Present. NYU Press. p. 206. ISBN 978-0-8147-9568-2, books.google.es (Noiz kontsultatua: 2021-06-27).
  8. Greece: Results of the Fourth Crusade. Encyclopaedia Britannica, britannica.com (Noiz kontsultatua: 2021-7-6).
  9. Zubiria Kamino, Pello. Azkenean Grexit, herrialdea eraitsi eta greziarrak zukututa gero. Argia, 2017ko otsailak 19, argia.eus (Noiz kontsultatua: 2021-12-14).
  10. Mitsotakis kontserbadoreak irabazi ditu hauteskundeak Grezian. Berria, 2019ko uztailak 8, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2021-12-14).
  11. a b c d e f g h Greece. The World Factbook (Noiz kontsultatua: 2021-11-19).
  12. a b c Greece: Regions and Agglomerations. citypopulation.de (Noiz kontsultatua: 2021-11-19).
  13. Religious Belief and National Belonging in Central and Eastern Europe. pewforum.org (Noiz kontsultatua: 2021-11-21).
  14. Greziako Autoritate Estatistikoa. Announcement on the Publication of Revised 2011 Census Tables. .
  15. Henshaw, Russell. Austerity and Solidarity – Volunteering as Double Movement in Greece. kpia.re.kr (Noiz kontsultatua: 2021-11-25).
  16. Etxenike, Juan. Alemania 1930 ala Argentina 2000?. Berria, 2012ko otsailak 21, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2021-11-25).
  17. Lasa, Irune. Mundua astindu zuen krisiaren kronologia. Berria, 2018ko irailak 16, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2021-11-25).
  18. Santamaria, Ivan. Ospakizun giro handirik gabe utzi du Greziak erreskateen aroa. Berria, 2018ko abuztuak 21, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2021-12-2).

Kanpo estekakAldatu