Norvegia (bokmål norvegieraz: Norge; nynorsk norvegieraz: Noreg), ofizialki Norvegiako Erresuma (bokmål norvegieraz: Kongeriket Norge; nynorsk norvegieraz: Kongeriket Noreg) Europako iparraldeko estatu bat da. Bere lurralde ditu Eskandinaviar penintsulako mendebaldea, Jan Mayen uhartea, Svalbard uhartedia eta (Ozeano Australean) Bouvet uhartea. Mugakide ditu Suedia, Finlandia eta Errusia. Eskandinaviar herrialdea da, historiaz eta kulturaz.

Norvegiako Erresuma
Kongeriket Norge / Kongeriket Noreg
Ereserkia: Ja, vi elsker dette landet
Goiburua: Alt for Norge
("Dena Norvegiaren alde")

Norvegiako bandera

Norvegiako armarria
Geografia
HiriburuaOslo
59°54′48″N 10°44′20″E
Azalera385.2072
Punturik altuenaGaldhøpiggen
Punturik sakonenaNorvegiako itsasoa (0 m)
KontinenteaEuropa eta Antartika
MugakideakSuedia, Finlandia, Errusia eta Europar Batasuna
Administrazioa
Gobernu-sistemamonarkia konstituzional eta demokrazia ordezkatzaile
Norvegiako monarkaHarald V.a Norvegiakoa
LegebiltzarraStorting
Epai autoritateaNorvegiako Auzitegi Gorena
Harreman diplomatikoak Ikusi mapa Wikidatan
Zeren kide
Demografia
Biztanleria5.550.203
DentsitateaAdierazpen errorea: Ustekabeko < eragilea bizt/km²
Hizkuntza ofizialak
Erabilitako hizkuntzak
Ezkontzeko adinagenero guztiak: 18
Emankortasun-tasa1,78 (2014)
Eskolaratu gabeko umeak18.627 (2015)
Alfabetizazioa% 100 (2018)
Derrigorrezko eskolaratzea6-15
Bizi-itxaropena82,50976 (2017)
Giniren koefizientea27,7 (2019)
Giza garapen indizea0,966 (2022)
Ekonomia
BPG nominala398.831.956.477,94 $ (2017)
BPG per capita75.704 $ (2017)
BPG erosketa botere paritarioa328.136.868.121 nazioarteko dolar (2017)
BPG per capita EAPn62.182,842 nazioarteko dolar (2017)
BPGaren hazkuntza erreala1 % (2016)
Erreserbak65.923.863.904 $ (2017)
Inflazioa3,5 % (2016)
Historia
Sorrera data: 1905eko urriaren 26a, 1814ko maiatzaren 17a, IX. mendea eta 1905eko ekainaren 7a
Bestelako informazioa
Aurrezenbakia+47
ISO 3166-1 alpha-2NO
ISO 3166-1 alpha-3NOR
Ordu eremua
Elektrizitatea230 V. 50 Hz.europar loki eta Schuko
Internet domeinua.no
norway.no

Geografia

aldatu
 
Geiranger fiordoa

Norvegia Eskandinaviaren mendebaldeko estatu luzea da (1.752 km ipar-hego, 430 km zabalekin alderatuta). Ondoko hauekin egiten du muga: Ipar Itsasoa hego mendebaldean, Skagerrak itsasartea hegoaldean, Suedia, Finlandia eta Errusia ekialdean eta Barents itsasoa iparraldean. Iparralderago dagoen Svalbard uhartedia ere Norvegiarena da.

Ozeanoaren ertzean eta Golkoko korrontetik hurbil dagoenez, bertako klima latitude bereko beste estatuetakoa baino epelagoa da.

Norvegia herrialde malkartsu eta menditsua da, batez ere granito gotorrezkoa. Izozguneek orografia berezia eratu dute. Ikusgarriena fiordoak dira, lurrean ebakitako arroilak, denboraren poderioz urez bete direnak. Handiena Sognefjorden da. Izozgune, uharte eta ur-jauzi ugari ere badaude.

Historia

aldatu
 
Bikingoen ontziak

Norvegiako lehen biztanleak K. a. 11000-10000 urte inguruan iritsi ziren, Alemaniako iparraldetik (Ahrensburg). Azken glaziazioaren ondoren, kostaldeko izotzak urtu ahala, biztanle egonkorrak ezarri ziren K. a. 8000 baino lehen.

3000 eta 2500 urte bitartean, indoeuropar jatorriko zibilizazioak iritsi ziren Norvegiako ekialdera, eta nekazaritza eta abeltzaintza sartu zituzten. Hori zela eta, ordu arte bizi izandako ehiztari biltzaileak desagertzen hasi ziren. Erromatar Inperioaren menpe egon ez zen arren, bertako indusketek norvegiarren eta Europa hegoaldeko herritarren artean harremanak zeudela erakusten dute.

Bikingoen zibilizazioaren hasierari buruzko informaziorik ez dago ia. Datu gehienak ahoz aho gordetako Sagen bidez iritsi dira gaur arte. Argi dago IX. menderako erresuma independentea osatu zutela. Ohiko ikuspegiaren aurrean, bikingoek sarritan bakezko harremanak ezartzen zituzten beste herriekin, merkataritza helburuekin. Besteak beste, Orkney, Shetlandak, Hebridak, Man, etab. kontrolatu zituzten, baita Eskozia eta Irlandako hainbat lurralde ere. Irlandan 1171 arte iraun zuten, eta Dublin sortu zuten. Horiez gain, Islandian ere ezarri ziren (ordu arte ez zen gizakirik bizi bertan).

1387an, errege dinastia desagertu ondoren, Danimarka eta Suediarekin elkartu eta Kalmarko Batasuna eratu zen. Batasun horrek 1523 arte iraun zuen, Suediak batasuna hautsi zuen arte. Norvegiak, baina, Danimarkarekin bat eginda jarraitu zuen. XVI. mendetik aurrera, eta, luteranismoaren eraginez, Norvegiak botere politiko gehiago galdu zuen, Danimarkaren mesedetan.

Gatazkek XVIII. mende arte iraun zuten. Horiek amaituta, pixkanaka aurrerapen ekonomiko nabarmenak izan zituen. Horrekin batera, mugimendu nazionalistak ere geroz eta garrantzitsuago bihurtu ziren.

1814an Napoleon Bonapartek Danimarka-Norvegia erresuma garaitu eta Norvegia Suediako erresuman sarrarazi zuen (Islandia, Groenlandia eta Faroe Uharteak izan ezik, Danimarkaren esku segitu baitzuten). Norvegia eta Suediak koroa bera izan zuten (Suediako erregearen menpe izan ziren), baina lotura malgua zeukaten. Horrela, Norvegiako estatu buru zereginak erregeorde batek betetzen zituen.

1905ean Suediak Norvegiaren independentzia onartu zuen. Stortinget edo Parlamentuak Norvegiako koroa eskaini zion Danimarkako Karl printzeari. Horrek onartu zuen, beti ere erreferendum bidez berretsiz gero. Herritarren % 79k monarkia berrezartzea onartu zuenez, Karl printzea errege bihurtu zen, Haakon VII.a izenarekin.

Lehen Mundu Gerran estatu neutrala izan zen, nahiz eta britainiarrekin alemaniarrekin baino harreman estuagoa izan. Gerra ondoren, gobernu moderatuak izan ziren, baina blokeoa jasaten zuten eskuin muturrekoen zein komunisten presioaren eraginez. Gauza bera egiten saiatu zen Bigarren Mundu Gerran, baina 1940ko apirilaren 9an Alemaniak inbaditu eta konkistatu zuen. Konkista hori ez zen erraza izan; izan ere, Norvegiako Armadak, Britainia Handiko, Frantziako eta Poloniako armaden laguntzaz, alemaniarren erasoari aurre egin zion bi hilez (Alemaniak herrialde bat konkistatzeko behar izan zuen eperik luzeena, Sobietar Batasuna kenduta). Erresistentzia horrek errege familiari eta gobernuari garaiz erbesteratzeko beta eman zien.

Egoera horretan, Vidkun Quisling ultraeskuindarrak boterea eskuratzea nahi izan zuen baina, hasieran, alemanek gobernu burokratiko bat jarri zuten, Quislingen aurkako herritarren jarrera zela eta. 1942an eskuratu zuen gobernua Quislingek, eta horrek barne erresistentzia indartzea ekarri zuen. Erbesteko gobernuak babestu zuen erresistentzia hori, eta gerra aurrera joan ahala ia erabatekoa izatera iritsi zen. Norvegiar armadak (erbestekoak) Britainia Handikoarekin batera borroka egin zuen Alemaniaren aurka. Dena den, ezin da ahaztu biztanleriaren % 2 inguru Quislingek zuzendutako alderdi nazional-sozialistako kide izan zirela.

Gerra amaituta, erret familia eta erbesteko gobernua Oslora itzuli ziren. Quislingen erregimeneko goi karguak (Quisling bera barne) heriotza zigorrera kondenatu zituzten. Alemaniar soldaduek emakume norvegiarrekin izandako seme-alabek diskriminazio gogorra jasan zuten urte luzez, eraso fisiko eta sexualak barne.

Norvegia NBEko kide sortzaileetakoa izan zen; egin-eginean ere, NBEko lehen idazkari nagusia Trigve Lie norvegiarra izan zen. 1949an NATOko kide bihurtu zen. Erakunde horren baitan, Afganistaneko (2001) eta Libiako (2011) gerretan parte hartu zuen.

1960ko hamarkadaren amaieran, petrolioa eta gasa aurkitu zituzten Ipar Itsasoan. Horrek ekonomia maila izugarri igoarazi zuen. Norvegia nazioarteko erreferente bihurtu zen Ongizate-estatuaren antolaketari dagokionean. Nazio Batuen arabera, munduan bizi kalitate altuena duten herrialdeetako bat da eta, Munduko Ekonomia Foroaren arabera, emakume eta gizonen artean desberdintasun gutxien duten herrialdeetako bat.

Norvegiako herritarrek bi aldiz uko egin diote Europar Batasunean sartzeari, 1972 eta 1994an egindako erreferendum banatan. Edozein modutan ere, EFTAko kide denez, harreman ekonomiko estuak ditu Batasuneko herrialdeekin.

2011ko uztailaren 22an izandako atentatuetan 77 lagun hil ziren, Oslo erdigunean jarritako bonba-auto baten eta Alderdi Laboristako gazteen kongresuan izandako tiroketetan. Ekintzon erantzukizuna Anders Behring Breivik izeneko norvegiar ultraeskuindar batek hartu zuen bere gain.

Demografia

aldatu

Norvegiak 5,5 milioi biztanle ditu,[1] (2024) gehienak germaniar jatorrikoak. Horrez gain, samiak ere badaude, baita eskandinaviar ijitoak, juduak eta finlandiar jatorrikoak ere. Horiek guztiek gutxiengo nazionalen aitortza dute Norvegian.

Azken hamarkadetan, Norvegiak biztanle berri ugari jaso izan ditu, bai inguruko herrialdeetatik (Polonia, Suedia, Danimarka, Lituania...) lanera etorrita, baita gatazka, gerra eta errepresioari ihes eginda iritsitako asko ere (Irak, Somalia, Iran, Palestina, Yugoslavia ohia, Latinoamerika...). Europatik kanpoko etorkin gehienak pakistandarrak dira. Dena den etorkin kopuru handiak ezin izan du biztanleriaren zahartzea saihestu.

10 biztanletatik 8 hiriguneetan bizi dira. Hiri garrantzitsuenak Oslo (876.000 biztanle, hiriburua), Bergen (258.000), Stavanger (190.000), Trondheim (160.000) eta Fredrikstad (102.000) dira.

Ekonomia

aldatu

Per capita Barne Produktu Gordinari dagokionez, Norvegia munduko herrialderik aberatsenetan bigarrena da, Luxenburgoren atzetik. 2009 eta 2010 urteetan, mundu mailako Giza Garapen Indizeko zerrendan lehen postuan egon izan da. Bizitzaren kostuari dagokionez ere, munduko herrialderik garestienetakoa da; bizitza arrunta AEBetan baino % 90 eta Erresuma Batuan baino % 50 garestiagoa da. Petrolio eta gas natural esportazioei esker, urte askotan munduko herrialde aberatsena izaten jarraitzeko beste diru eskuratu du.

Norvegia munduko Ongizate-estatu garatuenetakoen artean dago. Konkurrentzia askeko merkatua izan arren, sektore ekonomiko garrantzitsu asko estatuaren menpe daude, besteak beste, petrolio enpresak, energia ekoizpena, altzairua, telekomunikazioak eta bankurik handiena (DNB ASA). Horrez gain, munduko arrantza ontzi gehien dituen 6. estatua da. Langabezia tasa oso txikia da Europako beste herrialdeekin alderatuta (% 4 inguru), eta langileen % 30ek gobernuarentzat lan egiten dute (Kooperazio eta Hazkunde Ekonomikorako Erakundeko estatuen artean tasarik altuena). Ekonomia osasuntsu horri esker, doako osasun sistema unibertsala da, eta aita/amatasun baimenak 46 astera artekoak izan daitezke. Bidenabar, soldata altuenen eta baxuenen arteko aldea ere bere mailako beste herrialde askotan baino txikiagoa da, eta lan ordu bakoitzetik sortutako produktibitatea eta dagokion soldata munduko altuenetakoak dira.

1972an eta 1994an egindako erreferendumetan, herritarrek uko egin zioten Europar Batasunean sartzeari. Dena den, Islandia eta Liechtensteinekin batera, parte hartzen du Europako Merkataritza Askearen Elkartean eta Schengeneko Hitzarmenean.

Hizkuntza ofizialak

aldatu

Herritarren % 95ek norvegiera darabil eguneroko bizitzan. Germaniar hizkuntza horrek bi dialekto ditu, Bokmål (alde handiz, erabiliena) eta Nynorsk. Herrialdearen iparraldean bizi diren samiarrek beraien hizkuntzan bizi eta ikasteko eskubidea dute, baita administrazioarekin hizkuntza horretan komunikatzekoa ere.

Norvegierazko hiztunek ez dute arazorik izaten daniera edo suediera ulertzeko eta, horregatik, ohikoa da hizkuntza horietako hiztunek elkarren arteko harremanak bakoitzak bere hizkuntzaz egitea. Ikastetxeetan, norvegiera eta samieraz gain (sami jatorrikoentzat), ingelesa ezinbesteko ikasgaia da. Herritar gehienek (bereziki II. Mundu Gerraren ostean jaiotakoek) ez dute arazorik izaten ingelesez moldatzeko. Bestalde, frantsesa, alemana eta gaztelania ere irakasten dira ikastetxe gehienetan, baina nagusiki hautazko ikasgai gisa.

Erlijioa

aldatu

Norvegiar gehienak, jaiotzean, Norvegiako Elizan sartzen dira bataioaren bidez. Kidetza hori, nagusiki, erritu sozialetara (bataioak, sendotzak, ezkontzak, hiletak...) mugatzen da. Hala, biztanleen % 20k baino ez dio garrantzirik ematen erlijioari, eta % 2k baino ez du parte hartzen asteroko elizkizunetan. Dena den, % 79 inguruk Elizako kide izaten segitzen du (2010eko datuen arabera).

Biztanleen % 10 ez da inongo erlijio talderen kide, eta % 4,9 Norvegiako Eliza ez beste kristau talderen bateko kide da (gehienbat katolikoak eta mendekostearrak). Kristau taldeetatik kanpo, Islama da, gehienbat etorkin pakistandar, albaniar, somaliar, turkiar eta arabiarren artean.

Politika eta administrazioa

aldatu

1814ko maiatzaren 16an onartutako konstituzioaren arabera, Norvegia monarkia konstituzionala da, sistema parlamentarioan oinarritua. Harald V.a da egungo errege eta estatuburua, eta lehen ministroa (gaur egun, Jens Stoltenberg) gobernuburua. Sistema parlamentario gehienetan bezala, botere legegilea, betearazlea eta judiziala bereizita daude

Botere legegilea Norvegiako parlamentuak (Stortinget izeneko ganberak) dauka. Lau urterik behin aukeratzen da hauteskundeen bidez, eta bi eratako parlamentarioak ditu: hauteskunde barruti probintzialetan aukeratutakoak eta Norvegia osoko hauteskunde barruti bateratuan aukeratutakoak. Guztira 169 diputatu dira. 2009ko hauteskundeak Norvegiako Alderdi Laboristak irabazi zituen, eta koalizio gobernua osatu zuen ezkerreko eta zentroko alderdiekin, Jens Stoltenberg lehen ministroa buru.

2009ko Norvegiako parlamenturako hauteskundeak

Alderdia Botoak % Eserlekuak +/-
Alderdi Laborista 949.049 35,40 64 3
Alderdi Progresista 614.717 22,90 41 3
Alderdi Kontserbadorea 462.458 17,20 30 7
Ezkerreko Alderdi Sozialista 166.361 6,20 11 4
Zentroko Alderdia 165.006 6,20 11  
Alderdi Kristau Demokrata 148.748 5,50 10 1
Alderdi Liberala 104.144 3,90 2 8
Besteak 72.420 2,70 0  

Botere exekutiboa, ofizialki, Erregearen esku dago. Dena den, sistema demokratikoa garatzen joan ahala, boterea gobernuaren eskuetara pasa da. Horrela, Erregeak nagusiki funtzio protokolarioak eta ordezkaritzakoak betetzen ditu, hala nola, gobernuburua izendatzea, Ejerzitoaren goi komandantea izatea, Norvegiako Elizaren buru izatea eta nazioaren batasuna irudikatu eta atzerrian ordezkatzea.

Banaketa administratiboa

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Norvegiaren banaketa administratiboa»

Norvegia 15 konderritan banatuta dago (norvegieraz Fylke, pluralean Fylker), eta 357 udalerritan.[2]

 
Konderritan(fylke) 2024[2]
# Konderritan 2024 Administrative center
3   Oslo Oslo
11   Rogaland Stavanger
15   Møre og Romsdal Molde
18   Nordland Bodø
31   Østfold Sarpsborg
32   Akershus Oslo
33   Buskerud Drammen
34   Innlandet Hamar
39   Vestfold Tønsberg
40   Telemark Skien
42   Agder Kristiansand
46   Vestland Bergen
50   Trøndelag Steinkjer
55   Troms Tromsø
56   Finnmark Vadsø


Azpiegiturak

aldatu

Aireportuak

aldatu
Grafiko hau ezin da une honetan ikusi, software arazo bat dela eta. Lanean ari gara ahalik eta lasterren grafikoak berriro erakutsi ahal izateko.

Ikus jatorrizko Wikidatako eskaera eta iturriak.

Kultura

aldatu

Literatura

aldatu

Artikulu nagusia: Norvegierazko literatura

Musika

aldatu

Zientzia

aldatu

Kirolak

aldatu

Herrialdea Neguko Olinpiadetan domina gehien lortu duena izan da 8 aldiz historia osoan zehar, lehenengo bi edizioetan eta azkenekoan: 1924an, 1928an, 1936an, 1948an (Suediarekin batera), 1952an, 1968an 2002an eta 2018an. 1994an antolatzaileak izan ziren, eta bigarren geratu zen dominei dagokienez.

Txirrindularitza profesionala, 1983an hasi zen, Norbegiako Tourrarekin[3] (Kalas Cup). Thor Hushovd txirrindulari ezagunena da, Tourreko etapak eta maillot berdea ere irabazi zituenlako. Herrialdean, eta 2013tik, Arctic Race of Norway (Artikoko Norbegiako lasterketa) lasterketa egiten da, iparraldean. Lehen ekitaldia Thor Hushovdek irabazi zuen. Orain dela urte gutxi, munduko txapelketa bertan egin zen.

Europako Eskubaloi Txapelketan, gizonezkoen Norvegiako selekzioa laugarren postuan geratu zen 2016an. Munduko Txapelketan txapeldunordeak izan ziren 2017an.

Emakumezkoen selezkioak Europako txapelketan ibilbide guztiz arrakastatsua izan du, zazpi aldiz txapeldun eta historiako talderik onena izanda: 1998an, 2004an, 2006an, 2008an, 2010ean, 2014an eta 2016an. Munduko txapeldunak izan dira 1999an, 2011n eta 2015ean, eta txapeldunordeak, 4 aldiz.

Futbolean, azkenik, gizonezkoen talderik indartsuena Rosenborg BK da.

Iruditegia

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. Population, january 01 2024, Statistics Norway Accessdate=2024-02-27
  2. a b Konderritan(fylke) 2024 Accessdate=2024-02-29|language=no
  3. «CQ Ranking» cqranking.com (Noiz kontsultatua: 2022-03-13).

Kanpo estekak

aldatu