Esloveniera

hizkuntza

Esloveniera[1] (slovenski jezik edo slovenščina) batez ere Eslovenian hitz egiten den eslaviar taldeko (indoeuropar hizkunzak) hizkuntza da (hego-mendebaldekoa hain zuzen, serbokroazierarekin senidetuta). Esloveniako hizkuntza ofiziala da; halaber, Italia (Friuli-Venezia Giulian), Austria (Karintian) eta Hungariako hainbat herri mugakidetan hitz egiten da.

Esloveniera
slovenski jezik — slovenščina
Datu orokorrak
Lurralde eremuaEslovenia, Italia, Hungaria, Kroazia eta Austria
Hiztunak2.5 milioi (2010)
OfizialtasunaEslovenia, Europar Batasuna
EskualdeaBalkanak
AraugileaZientzia eta Arteko Esloveniako Akademia
Hizkuntza sailkapena
giza hizkuntza
indoeuropar hizkuntzak
balto-eslaviar hizkuntzak
Eslaviar hizkuntzak
Hegoaldeko eslaviar hizkuntzak
Western South Slavic languages (en) Itzuli
Informazio filologikoa
Hizkuntza-tipologiasubjektu aditza objektua, hizkuntza azentuala, adjective-noun (en) Itzuli, azentua, hizkuntza fusionatzailea, hizkuntza sintetikoa, nominatibo-akusatibo hizkuntza eta pro-drop language (en) Itzuli
Denbora gramatikalakorainaldia, lehenaldia eta geroaldia
Genero gramatikalakmasculine animate (en) Itzuli, masculine inanimate (en) Itzuli, genero neutroa eta genero femeninoa
Kasu gramatikalaknominatiboa, genitiboa, datiboa, akusatiboa, lokatiboa eta instrumentala
Alfabetoalatindar alfabetoa eta alfabeto glagolitikoa
Hizkuntza kodeak
ISO 639-1sl
ISO 639-2slv
ISO 639-3slv
Ethnologueslv
Glottologslov1268
Wikipediasl
ASCL3506
IETFsl

Lehenengo mintzaira da 1,85 milioi pertsona ingururentzat, eta Europar Batasunaren 24 lan-hizkuntza ofizialen artean dago.

Erakunde araugileak

aldatu

Slovenska akademija znanosti in umetnosti (SAZU) edo Zientzia eta Arteko Esloveniako Akademia 1938an sortu zuten hiriburuan eta, beste sail batzuen artean, badaukate bat hizkuntzalaritzarekin lotutakoa (filologia eta literatura). 15 kide oso, 2 kide elkartu eta bestelako 16 kide barne hartzen dituzte.

Akademiaren barruan, Ortografia Batzordea eta Fran Ramovš Institutua arduratzen dira eredu estandarraz.

Historia

aldatu
 
Freising Eskuizkribuak.

Freising Eskuizkribuak, X. mendeko amaierako eta XI.eko hasierako erlijio arloko testuak, dokumenturik zaharrentzat hartzen dira. Erdi Aroan zehar herri xehearen etxeko mintzaira izan zen, hirietan ere hitz egiten zuten arren, alemana eta italierarekin batera. Hala ere, nobleziaren hizkuntza garai hartan batik bat alemana birhurtu zen.

Eslovenierazko lehen hitzak (stara pravda, «justizia zaharra») 1515ean agertu ziren Vienan inprimatutako poema batean. Hizkuntza estandarra XVI. mendeko bigarren erdialdean sortu zuten, hasiera hartan luterotar egile batzuen eskutik: Primož Trubar, eslovenierazko lehendabiziko liburuak idatzi zituena; Adam Bohorič, lehen gramatikaren egilea; eta Jurij Dalmatin, Biblia osoa itzuli zuena.

Eredu estandarra nagusiki Goiko Beheko karnoliar dialekto taldeetan oinarritu zuten, eta prekmurje dialektoa baztertuta geratu zen XIX. eta XX. mendeetako prozesuan. Hori dela-eta, gaur egun oraindik ere horren hiztunek eredu batua urrun sentitzen dute.

XIX. mendean, nazionalismo erromantikoaren sasoian, ilirismoa eta pan-eslaviar kultura mugimenduek hizkuntza batuari ekarri zizkioten serbokroaziera eta txekierazko hitzak, batik bat historikoki mailegatutako alemanezko hitzak ordezkatzeko. Urte haietako egile nabarmenak Fran Levstik eta Josip Jurčič izan ziren: azken horrek lehen eleberria idatzi zuen 1866an. Mendearen amaieran aurkako joera nagusitu zen, tartean Ivan Cankar egile modernista zela, hizkuntza «garbiagoa» bultzatuz eta kroazierazko mailegu gehiegizkoak saihestuz.

1920 eta 1930eko hamarkadetan, Jugoslaviako Erresumaren urteetan, kroazieratiko eragina berriro areagotu zen. Horren aurka, idazle gazteak eta intelektualak azaldu ziren, ezkertiarrak eta katolikoak. 1920 eta 1941 artean mintzaira ofiziala «serbiera-kroaziera-esloveniera» izan zen. Praktikan, esloveniera erabiltzen zuten hezkuntzan eta administrazioan, baina erakunde batzuetako mintzaira serbiera zen.

Garai hartan bertan, mendebaldeko lurraldeak Italiak bereganatuta zituen eta italiera bortizki inposatu. 1923 eta 1943 artean eslovenieraren erabilera publikoa hertsiki debekatua zen eta ekintzaileak erreprimituta zeuden. Halaber, Austriaren menpeko lurraldeetan (Hego Karintia) germanizazioaren politika gogorra zen eta 1938an Karintian esloveniera debekatu zuten, Anschlusseko urteetan. Horrek bizkortu zuen hizkuntza ordezkapena: 1910ean % 17 eslovenierazko hiztunak baziren, 1951an – soilik % 10, eta 2001ean – % 2.8 besterik ez.

Bigarren Mundu Gerran herrialdea banatu zuten Ardatzaren potentziek, Italia faxistak, Alemania naziak eta Hungariak hain zuzen. Okupatzaile horiek guztiek hiztunak jazarri zituzten modu batean edo bestean. Gerratea amaituta, Eslovenia Jugoslaviako Errepublika Sozialista Federalean sartu zen, eta esloveniera federazioaren hizkuntza ofizialetako bat bihurtu zen. Salbuespen garrantzitsu bat egon zen: jugoslaviar armada, serbokroaziera baino ez baitzen erabiltzen.

Azkenik, burujabetza nazionalak biziberritu zuen hizkuntza 1991tik eta bizitzaren arlo guztietara hedatu. 2004an Europar Batasuneko hizkuntza ofizialtzat izendatu zuten. 2010ean, Janez Dular hizkuntzalari ezagunak adierazi zuen hizkuntza, arriskuan ez dagoen arren, presentzia murrizten ari dela, zientzia eta goi hezkuntzaren alorretan bereziki.

Hizkuntzaren egitura eta izaugarriak

aldatu

Izenak

aldatu

Esloveniarazko izenek hiru genero dituzte: maskulinoa (moški), femeninoa (ženski) eta neutroa (srednji). Numero gramatikala ere hirukoitza da: singularra (ednina), plurala (množina) eta duala (dvojina). Izan ere, bi eslaviar hizkuntzak duala gordetzen dute bakarrik: eslovenierak eta sorabierak. Deklinabideak sei kasu ditu:

  1. nominatiboa (imenovalnik edo nominativ).
  2. genitiboa (rodilnik edo genitiv).
  3. datiboa (dajalnik edo dativ).
  4. akusatiboa (tožilnik edo akuzativ).
  5. lokatiboa (mestnik edo lokativ).
  6. instrumentala (orodnik edo instrumental).

Izenak horrela aldatzen dira kasuen arabera (maskulinoan):

Deklinazio gogorra Deklinazio biguna
Singularra Duala Plurala Singularra Duala Plurala
Nominatiboa korák koráka koráki stròj strôja strôji
Akusatiboa korák koráka koráke stròj strôja strôje
Genitiboa koráka korákov korákov strôja strôjev strôjev
Datiboa koráku korákoma korákom strôju strôjema strôjem
Lokatiboa koráku korákih korákih strôju strôjih strôjih
Instrumentala korákom korákoma koráki strôjem strôjema strôji

[korák «urrats»; stròj «makina»].

Hiztegi oinarrizkoa

aldatu
  • Bai: Da / Ja.
  • Ez: Ne.
  • Eskerrik asko: Hvala.
  • Mesedez: Prosim.
  • Nola?: Kako? > Oso ondo: Zelo dobro > Txarto: Slab
  • Non?: Kje? > Hemen: Tu > Han: Tam.
  • Nor?: Kdo? > Ni (naiz): Jaz (sem) > Zu (zara): Ti (si) > Bera (da): Ona (je) > Gu (gara): Mi (smo) > Eurak (dira): Oni (so)
  • Noiz?: Kdaj? > Gaur: Danes > Atzo: Včeraj > Bihar: Jutri.
  • Zergatik?: Zakaj?.
  • Gizon(ak): Človek (Moški); Emakume(ak): Ženska (Ženske).
  • Zahar: Star; Berri: Novo; Gazte: Mladi.
  • Luze: Dolga; Labur: Kratek.
  • Garai (izenondoa): Visoka; Baxu: Kratek.
  • Zuri: Bela; Beltz: Črna; Gorri: Rdeča; Urdin: Modra; Hori: Rumena; Arrosa: Roza.
  • Azkar: Hitro; Motel: Počasi.
  • Ibai: Reka; Laku: Jezeru; Mendi: Gora; Hondartza: Plaža; Itsaso: Morje.
  • Eguzki: Sónce; Euri: Dež; Elur: Sneg.

Erreferentziak

aldatu

Kanpo estekak

aldatu
Hizkuntza honek bere Wikipedia du: Bisita ezazu.