Serbia,[1] izen ofiziala Serbiako Errepublika (serbieraz: Република Србија), Europako estatu itsasgabe bat da, Balkanetako penintsulakoa. Hiriburu eta hiri nagusia Belgrad da. Jugoslavia zena desegitetik sortu diren sei estatuetatik bat da. Hiru lurraldek osatzen zuten Serbia: Kosovoko probintzia, Voivodinako probintziak eta Erdialdeko Serbiak. 2008ko otsailaren 17an Kosovoko Parlamentuak Serbiarekiko independentzia aldarrikatu zuen alde bakarretik eta ordutik herrialde independentea den arren, Serbiako gobernuak ez du estatu berria onartu.

Serbiako Errepublika
Република Србија
Republika Srbija
Ereserkia: Bože Pravde

Serbiako bandera

Serbiako armarria
Geografia
HiriburuaBelgrad
44°49′4″N 20°27′25″E
Azalera88.499 km² eta 88.361 km²
Punturik altuenaBig Rudoka (en) Itzuli (2.660 m)
Punturik sakonenaTimok (28 m)
KontinenteaEuropa
MugakideakHungaria, Errumania, Bulgaria, Ipar Mazedonia, Montenegro, Bosnia-Herzegovina, Kroazia, Albania, Kosovo eta Europar Batasuna
Administrazioa
Serbiako presidenteaAleksandar Vučić
Serbiako Lehen MinistroaAna Brnabić
LegebiltzarraSerbiako Biltzar Nazionala
Harreman diplomatikoak Ikusi mapa Wikidatan
Zeren kide
Demografia
Biztanleria7.022.268 (2017)
0 (2017)
Dentsitatea79,35 bizt/km²
Hizkuntza ofizialak
Erabilitako hizkuntzak
Ezkontzeko adinagenero guztiak: 18
Emankortasun-tasa1,43 (2014)
Eskolaratu gabeko umeak33.041 (2015)
Bizi-itxaropena75,23902 (2016)
Giniren koefizientea34,5 (2019)
Giza garapen indizea0,802 (2021)
Ekonomia
MonetaSerbiar dinar (din)
BPG nominala41.431.648.801,166 $ (2017)
3.131.794.113,0386 (2016)
BPG per capita5.901 $ (2017)
475 (2016)
BPG erosketa botere paritarioa108.345.202.996 nazioarteko dolar (2017)
4.449.557.571 (2016)
BPG per capita EAPn15.431,903 nazioarteko dolar (2017)
712,307 (2016)
BPGaren hazkuntza erreala2,8 % (2016)
Erreserbak11.906.315.333 $ (2017)
1.157.397.022 (2016)
Inflazioa1,5 % (2016)
−0,1 (2015)
Historia
780Principality of Serbia (en) Itzuli
1459Serbiako Despotatua
1817Serbiako printzerria
1918Jugoslaviako Erresuma
2006
Bestelako informazioa
Aurrezenbakia+381
ISO 3166-1 alpha-2RS
ISO 3166-1 alpha-3SRB
Ordu eremua
Elektrizitatea230 V. 50 Hz.Europlug (en) Itzuli eta Schuko (en) Itzuli
Internet domeinua.rs eta .срб (en) Itzuli
srbija.gov.rs

Bere mugak hauek dira: ipar-ekialdean, Bulgaria eta Errumania; hegoaldean, Ipar Mazedonia eta Albania; mendebalean, Montenegro, Bosnia-Herzegovina eta Kroazia, eta iparraldean, Hungaria.

Geografia aldatu

Orografiaren aldetik bi eskualdetan bereizten da Serbia: hegoaldea menditsua da: Dinariar Alpeak mendebalean, Šar mendiak hego-mendebalean eta Balkan mendiak ekialdean. Iparraldea, berriz, Belgrad inguruko eskualdea, eta Voivodina osoa ordokiak dira.

Danubio ibaia eta horren adarrak (Tisa eta Morava Handia) igarotzen dira Serbiatik.

Klima kontinentala da, neguan oso hotza goialdeetan (-38 °C egin dezake), eta udan nahiko beroa, 38 °C gehienera. Euri asko egiten du urte osoan.

Banaketa administratiboa aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Serbiaren banaketa administratiboa»

Serbiaren banaketa administratiboa 24 barrutitan eta Belgradoko Hirian egiten da. Barrutiak eta Belgradeko hiria, gainera, udalerritan banatzen dira. Serbiak 2 probintzia autonomo ditu: Voivodina, 7 probintzia eta 46 udalerritan, eta Kosovo eta Metohia. Kosovok independentzia aldarrikatu du baina oraindik orain ordezkatuta dago Nazio Batuen kudeaketarekin.

Kosovo eta Voivodina ez den beste guztiari Erdialdeko Serbia deitzen zaio, baina ez da benetako banaketa administratibo bat, beste bi probintziak bezala.

Historia aldatu

Bi aldi nagusitan bereiz daiteke Serbiako historia: Erdi Aroa eta otomandarren mende eman zuen garaia, eta burujabetasuna lortu ondorengoa.

Sorrera eta Erdi Aroa aldatu

Gaurko Serbiako eskualdea osatzen duten lurraldeetan iliriarrak, traziarrak eta zeltak bizi ziren erromatarrak sartu zirenean (K.a. II. mendean). VI. mendean herri eslaviarrak hasi ziren sartzen eta bertan bizilekua hartzen. Haien mende jarri nahi ez zutenak mendietara edo eslaviarren eskua iristen ez zen haranetara jo zuten, eta lurraldeka jupa izeneko egituretan antolatu ziren, leinu-elkarteetan alegia. Elkarte zabalagoetan, rasca izenekoetan, bateratzen ziren. Tarteka jupan izeneko itzal handiko buruzagiren bat, Vlastimir (850), Ceslav printzea (930-960) edo Voïslav printzea esaterako, agertu zen eta estatu moduko batzuk antolatu ziren, baina betiere aldian aldiko auzoko inperioen mende egon behar izan zuten, bulgariarraren mende (893-927), mazedoniar-bulgariarren mende (XI. mendearen hasieran) edo bizantziarren mende.

 
Eztebe Uroš IV.a Dušan erregea.

IX. mendean sartu ziren eslaviar liturgia eta alfabeto zirilikoa. 1159an, Eztebe Nemanja jupan handiak bizantziarren agindupetik atera zuen Serbia, baina Erdi Aroko goren aldia 1331-1355 bitartean iritsi zuen Eztebe Uroš IV.a Dušan erregearekin. 1346an Pec hirikoko (Hungaria) artzapezpikuak serbiarren eta greziarren enperadore izendatu zuen Skopjen (Mazedonia). 1389an, Kosovoko gudua galdu ondoren, turkiarren mende geratu zen Serbia osoa, printzerri bat izan ezik, eta lau mendez erabat otomandarren mende egon zen, XVII. mendeaz gero haïduk legez kanpora jartzen zirenen hainbat matxinada izan zen arren.

Burujabetasuna aldatu

Burujabetasunaren aldeko matxinadak 1804an hasi ziren. XVIII. mende bukaerako Otomandar Inperioaren gogorkeriarekin ernegaturik, haren beheraldiaz, eta Errusia ortodoxoen alde jarri zela baliatuz, hasi zen matxinada, Karađorđe edo Jorge Beltza, zerri-tratuan aberastutako nekazaria buru izan zuela. Belgrad eta Smederevo hartu ere egin zituzten matxinatuek, baina 1812an, Napoleonen aurkako gerrarekin, Errusiaren laguntza galdu zutenean matxinadak ere porrot egin zuen.

1815ean berriz ekin zioten matxinadari eta 1817an turkiarrek Morava ibaiaren behealdeko ibarrean printzerri autonomoa onartu zuten, zergak pagatzearen eta turkiar gudaroste batzuk han geratzearen truke; matxinada horien buruzagi izan zen Miloš Obrenović printze hautatu zuten batzar batean. Serbiako mugei eta printzearen oinordekotza eskubideari buruz hainbat tirabira izan ondoren, eta zenbait matxinadari esker, Serbia autonomoaren mugak hedatuz joan ziren, eta azkenik, 1876an, gerra deklaratu zion Turkiari. Errusiak hartan eskaini zion laguntzari esker, Serbia estatu burujabe gisa ezagutu behar izan zuen Turkiak, Berlingo batzarrean (1878).

XX. mendea aldatu

1918an serbiarrak, kroaziarrak eta esloveniarrak erresuma batean elkartu ziren, Jugoslaviako Erresuman. Bigarren Mundu Gerran alemaniarrak Serbia okupatu zuten, eta Kroazia erresuma burujabe bihurtu. Gerraren bukaeran, herri fronteak, sobietar gudarostearen laguntzarekin, Belgrad hartu zuenean, orduan errege zegoen Petri II.ak erbestera joan behar izan zuen eta gobernu berri bat osatu zen Jugoslavian, Tito buru zuena.

1945ean, ezkerreko herri fronteak irabazi zituen hauteskundeak eta Jugoslavia errepublika deklaratu zuten. 1989an, Slobodan Milošević izendatu zuten lehendakari. Haren agintaldian, izugarri areagotu zen serbiar nazionalismoa eta gutxiengoen eskubideen kaltetan; Kosovori autonomia ahalmen guztia kendu zion; bestalde, konstituzioa aldatu zuen lehendakariak aginte handiagoa izan zen. 1991n Eslovenia, Kroazia, Mazedonia eta Bosnia-Herzegovina Jugoslaviatik bereizi eta burujabe bihurtu ziren. Bosnia-Herzegovinako serbiarrek, ordea, ez zuten lurralde hori burujabe bihurtzerik onartu, eta gobernuaren aurka gerran hasi ziren.

1992an, Eslovenia, Kroazia, Bosnia-Herzegovina eta Mazedonia bereizi ondoren, Jugoslaviako Errepublika Federala eratu zen, Serbiak eta Montenegrok osatua. 1992ko hauteskundeetan, Milosevic aukeratu zuten berriz ere lehendakari. Milosevicen agintaldia gero eta autoritarioagoa bihurtu zen eta bere agindupean Serbiak izan zituen hiru gerretan Milosevicen aginduz egindako sarraskiek, hilketek eta giza eskubideen aurkako urraketek gaitzespen handia ekarri zioten nazioartean. Gerrako urte horietan blokeoa ezarri zitzaion Serbiari, eta Daytoneko bake hitzarmena sinatu ondoren eta, bereziki, 1995eko abenduan, Estatu Batuek indarrik gabe utzi zituztenean Jugoslaviari ezarritako zigorrak, Milosevicek arrakasta handia izan zuen bere herritarren artean, blokeoak iraun artean milioi eta erditik gora serbiarrek lana galdu baitzuten.

 
Jugoslaviaren izan zenaren ondoren sortutako herrialdek, 2008an.

1997an, okerragotu egin ziren armada federalaren eta Kosovoko albaniarren arteko liskarrak. Milosevicek erreferendum bat antolatu zuen Serbia osoan, atzerritarren bitartekaritza beharrezkoa ote zen jakiteko; boto emaileen % 75ek bitartekaritza ukatu zuen, eta Kosovoko albaniarrek galdeketa boikotatu zuten. 1999an, NATOko indarrek airez bonbardatu zituzten Serbia, Montenegro eta Kosovo, ehunka hildako eraginez. Mendekuz, serbiar indarrek kosovarrei eraso zieten eta haietako askok inguruko herrialdeetara ihes egin behar izan zuten. 1999ko ekainean, NBEn indar militar bat hedatu zen Kosovon, jugoslaviar indarrek hala onartuta; teorian, Jugoslaviari aitortzen zitzaion Kosovoren gaineko burujabetza, baina, praktikan, NATOren eta NBEen agindupeko protektoratu bat zen hura. 2000ko hauteskundeak Vojislav Kostunikak irabazi zituen lehenengo itzulian gehiengo absolutuz, baina Milosevicen jarraitzaileek erabaki hori onartu ez eta bigarren itzulia egin nahi izan zuten. Estatu Batuetako eta Europako Batasunak iruzurra salatu eta galdu zuela onar zezala eskatu zioten Milosevici. Oposizioak herri matxinada bat antolatu zuen, poliziako eta armadako sektore batzuekin batera, eta Milosevicek ihes egin behar izan zuen eta Kostunika aukeratu zuten lehendakari. 2001ean, Milosevic atxilotu zuten. Estatu Batuetako lehendakariak esan zuen Jugoslaviak ez zuela laguntza ekonomikorik jasoko Milosevic Hagako Nazioarteko Zigor Auzitegiak epaituko ez zuen arte, eta, hala, Milosevic Hagara estraditatu zuten. 2006an hil zen Milosevic, Hagako espetxean, bera epaitzen ari ziren bitartean.

2002an, Montenegrok eta Serbiak hitzarmen bat sinatu zuten Jugoslavia izena kentzeko eta Serbia eta Montenegro zeritzan estatu berri bat sortzeko. 2004an Boris Tadic hautatu zuten Serbiako lehendakari.

2006. urtean, Montenegron egindako erreferendum batean, botoen %55a, errepublika hau Serbiarekiko independizatzeko aldekoak izan ziren. 2008an, Kosovoko probintziako legebiltzarrak independentzia deklaratu zuen, baina serbiar agintariek ez zuten independentzia hori onartu. Estatu Batuek eta beste herrialde boteretsu batzuek Kosovoren independentzia aintzat hartzeak manifestazio eta istilu gogorrak eragin zituen Serbian.

2014ko urriaren 14an, 2016ko Europako Futbol Txapelketarako sailkatze partidak jokatu ziren, tartean Serbia-Albania partida, baina, bertan behera utzi behar izan zuen Martin Atkinson epaile britainiarrak lehen zatiko 41. minutuan. Izan ere, partida jokoan zela, futbol-zelaian drone batetik eskegita agertu zen Albania Handiko bandera batek sutan jarri zituen 25.000 ikusle serbiarrak, eta liskarrak eragin zituen. Antzina Serbiako probintzia izan zen Kosovok (gehiengo albaniarra du) independentzia aldarrikatu zuen 2008an, baina Serbiak ez zuen horren independentzia onartzen[2].

Azaroaren 7an, Jugoslavia ohirako Nazioarteko Auzitegiak Vojislav Seselj Serbiako alderdi erradikaleko buru ohia aske uzteko agindu zuen, osasun arazoengatik[3].

Azaroaren 10ean, Edi Rama Albaniako lehen ministroa Belgradera joatean, Kosovoko auziarengatik, prentsaurreko bateratuan haserretu egin zen Aleksandar Vucic Serbiako lehen ministroa, Ramak Kosovoren independentzia onartzeko eskatu baitzion[4].

Ekonomia aldatu

Voivodina eta Erdialdeko Serbia eskualdeek nahiko ekonomia aurreratua dute, nahiz Jugoslaviako gerraz geroztik, NBEen blokeoaren ondorioz, enpresen % 10 baino ari ez zen normaltasunez lanean, eta langileen erdia lanik gabe zegoen.

Kosovo eskualdeak, berriz, ekonomia atzeratu samarra du; ikatz-meategiak dira aberatsak.

Voivodinako zelaiak nekazaritzako oso egokiak eta emankorrak dira; artoa lantzen da batez ere. Hala ere, Serbiako ekonomian garrantzi handiena meatzaritzak (lignitoa, kobrea, antimonioa) eta eskulanek dute. Industrian makineria, nekazaritzako tresneria, papera, kristala, ehunak eta kimika gaiak lantzen dira. Urezko energia iturriak laguntza handia eskaini dio Morava eta Danubio ibaien haranetako industriari. Burdinbide nagusiak Belgrad Niš eta Vranje hiriekin (hegoaldea) lotzen duena, Belgrad Subotica hiriarekin lotzen duena eta Belgradetik Montenegrora doana dira.

Biztanleak aldatu

Errepublikako talde etnikoak honako hauek dira:

Hizkuntzak nagusiak serbokroaziera (serbiera da hizkuntza ofiziala), albaniera, hungariera eta erromaniera dira. Erlijioei dagokienez, kristau ortodoxoa da nagusi, nahiz eta hainbat gutxiengo ere badiren: musulmanak, katolikoak, protestanteak eta juduak.

Serbiar ospetsuak aldatu

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu