Morfologia (hizkuntzalaritza)

hitzen barruko osaketa eta egitura aztertzen dituen hizkuntzalaritzako adarra

Hizkuntzalaritzan, morfologia (grezierazko μορφ- morph, «forma», eta λογία logia, «tratatua, zientzia» osagaiekin eratuta) gramatikaren zati bat da, hitzak ikuspuntu formaletik aztertzen dituena. Hitzen gramatika da, beraz, hitzek perpausetan hartzen duten forma aztertzen baitu morfologiak. Perpausen gramatika, berriz, sintaxiak aztertzen du.

Historia

aldatu

Morfologiaren lehen aztertzaile Antzinako Indian (K.a. VI-IV. mendean) bizi izandako Pāṇini hizkuntzalaria izan zen, sanskritoaren lau mila inguru arau formal deskribatu baitzituen Ashtadhyayi izeneko sutra estiloko tratatuan. Antzinako Grezia eta Erromaren garaietan, azterketa morfologiak asko garatu ziren.[1] Arabieraren morfologiaren aitzindari Aḥmad B. ‘Alī B. Mas'ūd izan zen, Marāḥ Al-Arwāḥ obrarekin, XIII. mendearen amaieran.[2]

Morfologia terminoa August Schleicherrek sartu zuen hizkuntzalaritzan, 1859an.[3]

Aro garaikidean, morfologia azterketa sistematikoen aitzindaria Jan Baudouin de Courtnay (1845-1929) poloniar hizkuntzalaria izan zen.Orobat, berak definitu zituen hitzen osagai nagusiak ―hala nola, erroa, aurrizkiak, atzizkiak eta abar―, azalpen zehatz bat emanik Ferdinand de Saussureren (1857-1913) iritziz hitzak zeukan funtzioari.[4]

Leonard Bloomfield (1887-1949) hizkuntzalariak garrantzi kapitala eman zion morfologiari, hizkuntza baten gramatika edo barne egitura ulertu ahal izateko.[5]

Geroago, Noam Chomskyk bere Syntactic Structures (1957) liburuaren bitartez hasitako gramatika sortzaileak ez zion garrantzirik eman hitzen morfologiari, maiz fonologiaren adartzat aurkeztu izan baitzuen.[6]

Euskaren morfologiari dagokionez, ez da harritzekoa gramatika ikerketak morfologiatik abiatzea, hizkuntza eranskaria baita, izen sintagmari dagokionez, eta aditza bera osagai morfologiko anitzengatik ezaugarritzen baita.[7]

Kontzeptu nagusiak

aldatu

Morfema

aldatu

Esanahia duen unitate gramatikal txikiena.da morfema, ezin baitaiteke unitate txikiagotan banatu, esanahia galdu gabe; adibidez, sagar.

Hitzak morfemez osatuak dauden heinean, hiru hitz mota bereiz daiteke:

  • Morfema kopuruari dagokionez: morfema bakarrekoak (sagar) edo morfema anitzekoak (daukat).
  • Flexionatzeko aukerari dagokionez: aldagarriak (daukat, daukan/n, daukagu...) eta aldagaitzak (gaur, ongi).
  • Konplexutasunari dagokionez, hitz bakunak (bide, gorri) edo konplexuak (unetxo, garbigarri, zuri-gorri).

Sailkapen honen arabera, bistan denez, morfema bakarreko hitzak bakunak eta flexiogabeak dira beti; soilik morfema anitzekoak izan daitezke flexiodunak zein flexiogabeak bakunak zein konplexuak.

Morfemen sailkapena

aldatu

Esan daiteke hizkuntzalaritzan adostasun zabal bat dagoela morfemak era honetan sailkatzeko:[8]

  • Ikuspegi sintaktikoaren arabera, beregaina / lotua. Morfema beregain bat da hitza, osorik, morfema bat denean, hau da, hitza eta morfema bat etortzen direnean. Halakoak dira hitz ugari, adibidez, hiztegietako hainbat eta hainbat sarrera: bide, asto, jan, leun. Aldiz, morfema lotuak beste morfema batekin erabili behar dira beti eta hurrenkera finko batean; adibidez, egingarriko hitzaren morfema guztian lotuak dira, hurrenkera horretan agertu behar baitira (ezinezko dira *garrieginko, *kogarriegin eta abar).
  • Ikuspegi semantikoaren arabera, morfema lexikala (lexema) / gramatikala. Morfema lexikoak (hizkuntzalari batzuek lexema esaten diote) hizkuntzaz kanpoko errealitatea adierazten du; adibidez, sagar, garbi, egin. Morfema gramatikalak esanahi lexikoa egituratu edo mugatzen du; adibidez, -txo, -garri, -kizun. Beraz, morfema lexikoak adierazten du hitz batek zer esan nahi duen, eta morfema gramatikalak, berriz, nola adierazten duen esanahi hori.
  • Ikuspegi distributiboaren arabera, aurrizkiak (DESberdin, EZgauza, AURREkontu), artizkiak (eRAgin, eRAkarri) eta atzizkiak (eguzkiZALE, askaTASUN, eginKIZUN). Flexio hizkiak nahiz eratorpen hizkiak erroari nola edo non eransten zaizkion kontuan hartuta bereizten dira aurrizkiak (aurretik eransten dira), artizkiak (tartean) eta atzizkiak (atzean).

Morfologiak hitzaren barne egitura aztertu nahi badu, morfemari buruz esandakoaz gain, hitzaren egitura era egokian deskribatu ahal izateko beste kontzeptu batzuk ere beharrezkoak dira; horietako bat da erroa: hitz batetik, flexio eta eratorpen hizkiak erauzi ostean gelditzen den forma zatiezina da erroa, hitzaren esanahi semantikoa daraman zatia, alegia. Esate baterako, urdintzen, urdinkara, urdinaren, urdindu, urdintasun, urdintzen, gibelurdin hitzetan, urdin da erroa, berez hitza ere badena.

Morfemen sailkapenean, flexionatzeko aukera denean, «hitz» beraren aldaerak sor daitezke: nator, hator, dator... Izatez, tema kontzeptu abstraktu bat da, aurreko adibideetan -tor tema bakarraren aldaerak baitira guztiak; eta berdin datorke, etorriko dira edo etortzen gara.

Erator hizkiak eta flexio hizkiak

aldatu

Morfemen sailkapena ikuspegi semantikoaren arabera egiten denean bezala, erator hizkiak dira esanahi bat duten hizkiak (morfema lexikalak diren bezala, -tasun erator hizkiak beste esanahi bat eransten du, ezintasun); aldiz, flexio hizkiak dira informazio gramatikal hutsa ematen dutenak (morfema gramatikalak diren bezala, -ek hizkiak ergatibo pluralaren informazio gramatikala eransten du, etxeek). Pluralizazioaren nozioan, esate baterako, bereiz daitezke bi hizki motak: izenak pluralizatu daitezkeen bezala, aditzen prozesuak ere pluralizatu daiteke; hizki mota desberdinez egiten da, kasu bakoitzean: izenetan, flexio hizkien bitartez, bide > bide-AK, aditzetan, erator hizkien bitartez, egin > BER-egin.

Morfologia lexikoa

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Eratorpena eta hitz-elkarketa»

Morfologia lexikoak aztertzen ditu zein arau dauden, hizkuntza jakin batean, kategoria lexiko bati hizkiak gehituta beste kategoria lexikoko hitza sortzeko (adibidez, eder adjektiboari -tasun hizkia gehituta, edertasun izena sortzen da); edo bi kategoria lexiko elkartuta beste kategoria lexikoko hitza sortzeko (adibidez, itxura izena eta aldatu aditza elkartuta, itxuraldatu aditza sortzen da).

Morfologia lexikoa bi ataletan banatzen da, beraz:

  • Eratorpena.
  • Hitz elkarketa.

Hitz eratorriak

aldatu

Morfemen sailkapena ikuspegi semantikoaren arabera egiten denean azaldu den bezala, hitz eratorriak sortzen dira hitz baten oinarri edo erroari hizkiak gehituta, posizioaren arabera:

  • aurrizkiak: oinarriaren aurretik ipini behar dira, adibidez EZgaitu, DESlotu, BERregin, BIRziklatu, ANTIfaxismo.
  • artizkiak: infijoak dira, hau da, oinarriaren tartean ipini behar dira, hala nola, -ra- aditz arazle zaharretan ikusten dena: eRAman, iRAkatsi, eRAkutsi, eRAgin, eRoan.
  • atzizkiak: oinarriaren eskuinean joan behar dira beti. Hitz eratorrietan atzizki bidez dira, luzaz, ugarienak; itsusiKERIA, onGILE, zulaGAILU, ulerKUNTZA, argiTSU, igarKIZUN, biKOITZ...

Hitz elkartuak

aldatu

Hitz elkartu bat da bi osagai beregain ―hau da, bere buruz eta beste ezeren laguntzarik gabe hitz kontsideratu daitekeena― batu eta beste hitz beregain bat sortzen duena.[9] Beste era batera esanda, kategoria lexiko bateko osagaiak edo morfemak elkartuz, beste osagai edo morfema bat, hura ere kategoria lexiko jakin bat izango duena, sortzea da hitz elkarketa.

Gogoan izan behar da hitz elkartuek esanahi generikoa dutela, ez daukatela erreferentzia zehatzik: kale garbitzaile elkarketak lanbide bat adierazten du, ez langile jakin bat, nahiz kaleak garbitzen dituena izan langile hori. Beste horrenbeste gertatzen da beste izen, izenondo, aditz edo adberbio elkartuekin ere.

Burua eta modifikatzailea

aldatu

Hitz elkartuetan bi osagaietako bat buru izaten da, hau da, bi osagaietako batek erabakitzen du hitz elkartuaren kategoria, bigarrenak hain zuzen:

  • orri (izen bizigabea) + zulagailu (izen biziduna) > orri zulagailu (izen biziduna)
  • indar (izena) + berritu (aditza) > indarberritu (aditza)
  • kasko (izena) + gorri (izenondoa) > kaskagorri (izenondoa)

Hitz elkarte endozentriko eta exozentrikoak

aldatu

Hitz elkartuaren osagaien konbinazioaren emaitzak zer esanahi hartzen duen begiratuta, bi atal nagusitan banatzen dira hitz elkartuak:

  • Endozentrikoak: edo bi osagaiak maila berean daudelako (adibidez mendez mende, esanak esan, banaka-banaka, lasai-lasai, soil-soilik, zuri-urdin, seme-alaba, sartu-irten, salerosketa, makina-erreminta), edo bigarren osagaia nagusitzen delako (adibidez, gaizkile, su itzalgailu, diruzaintza, sari banaketa, ardozale, salneurri, ikaskide, aza hosto, lege gordailu, mahaiburu, elkarrizketa). Hitz elkartuaren burua elkarketaren barruan dago, horregatik esaten zaie endozentriko.
  • Exozentrikoak: hitz elkartuaren ezaugarri gramatikal eta semantikoak ez dira, soil-soilik, osagaien batura bat. Hau da, hitz elkartuaren burua, esanahiari dagokionez, kanpoan dago, horregatik esaten zaie exozentriko.[10] Interpretazio metaforiko bat duten hitz elkartuetan, bereziki izenondo direnetan, ikusten da argi elkartearen esanahi burua kanpoan dagoela; txapelgorri (karlista), txapeloker (guardia zibila), txoriburu artaburu, astaputz, babalore.

Mugakizuna eta mugatzailea

aldatu

Kategoria gramatikala erabakitzen duen gisan, hitz elkartu askotan ―baina ez beti― bigarren osagaiak erabakitzen du, baita ere, hitz elkartuen esanahia: paper fabrika esaten denean, lantegi bati buruz ari gara, papera egiten duena. Mugakizuna da buru egiten duen fabrika hori; ezkerreko osagaia mugatzaile da, buruaren esanahia mugatzen baitu: fabrika bat, baina ez edozein baizik papera egiten duena.

Bibliografia

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. Beard, Robert. (1995). Lexeme-morpheme base morphology : a general theory of inflection and word formation. Albany : State University of New York ISBN 978-0-7914-2471-1. (Noiz kontsultatua: 2023-07-13).
  2. (Ingelesez) Abu-Haidar, Farida. (1992-11). «Aḥmad B. ‘Alī B. Mas'ūd on Arabic Morphology: Marāḥ al-arwāḥ. Part one. The strong verb aṫ-ṫaḥīḥ. Edited with translation, commentary and introduction by Joyce Åkesson. (Studia Orientalia Lundensia. Vol. 4.) pp. xxx, 100+27 pp. Arabic. Leiden etc., E. J. Brill, 1990. Dfl. 75, US $38.46.» Journal of the Royal Asiatic Society 2 (3): 441–442.  doi:10.1017/S135618630000314X. ISSN 1474-0591. (Noiz kontsultatua: 2023-07-13).
  3. (Alemanez) Schleicher, August. (1859). Zur Morphologie der Sprache. Eggers (Noiz kontsultatua: 2023-07-13).
  4. (Frantsesez) Adamski, Dariusz. (1990). «Baudouin de Courtenay et la linguistique générale» Linx (web.archive.org): 67-80. ISSN 2118-9692. (Noiz kontsultatua: 2023-07-13).
  5. (Ingelesez) Bloomfield, Leonard. (1994). Language. Motilal Banarsidass Publ. ISBN 978-81-208-1196-6. (Noiz kontsultatua: 2023-07-13).
  6. Marantz, Alec. (1992). «Review of Morphology: Word Structure in Generative Grammar» Language 68 (2): 413–416.  doi:10.2307/416954. ISSN 0097-8507. (Noiz kontsultatua: 2023-07-13).
  7. Manterola Agirre, Julen. (2015-06-19). Euskararen morfologia historikorako: artikuluak eta erakusleak. (Noiz kontsultatua: 2023-07-13).
  8. (Ingelesez) Linguistics Stack Exchange. (2023-06-05). «The classification of morphemes» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-07-13).
  9. Mikel Zalbide. (1992). Hitz elkartuen osaera eta idazkera. Euskaltzaindia - LEF batzordea.
  10. Euskaltzaindiaren sailkapenean, sanskritotik hartutako bahuvrihi terminoaz izendatzen dira elkarketa exozentrikoak. Ikus Mikel Zalbide (1992). Hitz elkartuen osaera eta idazkera. Euskaltzaindia - LEF batzordea.

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu