Eusebio Maria Azkue

euskal idazlea

Eusebio Maria de los Dolores Azkue Barrundia (Lekeitio, Bizkaia, 1813ko apirilaren 13aib., 1873ko azaroaren 11) euskal idazlea izan zen. Resurreccion Maria Azkue hizkuntzalariaren aita. Matematikazale, nautika irakasle eta olerkaria zen, «poeta aratza, herrikoia izateari utzi gabe».[1]

Eusebio Maria Azkue

Bizitza
JaiotzaLekeitio1813ko apirilaren 13a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaLekeitio1873ko azaroaren 11 (60 urte)
Familia
Seme-alabak
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakpoeta eta idazlea
Zerbitzu militarra
Parte hartutako gatazkakLehen Karlistaldia

Literaturaren Zubitegia: 314

Biografia

aldatu

Aita, Juan Jose Azkue Zalbidegoitia, Zamudion jaioa zen 1785ean; haren familia Arrigorriagakoa zen. Ogibidez medikua, Lekeition lan egin zuen eta bertan ezkondu zen 1810ean, Maria Ignacia Barrundia Atxabal lekeitiarrarekin.[2] Hain zuzen ere Eusebio Lekeition jaio zen, baina aitaren lana zela eta hainbat herritan bizi izan zen familia: 1818an, Bakion zeuden, eta 1825ean Zamudion.[3]

Eusebiok bigarren ikasketak Bilboko frantziskotarretan egin zituen; han formakuntza klasikoa jaso zuen: latina, filosofia, erretorika, bere idazlanen iturri izango ziren erdal idazle klasikoei buruzko jakinduria sakonduz.[4] Hemen ikaskide izan zuen Jose Antonio Uriarte arrigorriagarra, handik urte askotara bere olerkien biltzaile izango zena.[5]

Lehen Karlistaldian Carlos Maria Isidro pretendientearen alde borrokatu zen isabeltarren aurka. Gerra amaituta, Azkuek ez zuen Marotoren hitzarmena ontzat hartu.[6]

1842an, Bermeoko udal Nautika Eskolan kurrikuluma aurkeztu zuen. Alkatea Juan Angel Iradi konstituzionala zen eta Azkue, berriz, karlista ezaguna; baina halere postua lortu zuen. Badirudi artean ez zuela irakasle titulurik, hori lortzeko 1843ko ekainean Ferrolera apropos joan baitzen, sobresaliente kalifikazioa lortuz.[3]

1843an Laureana Ozerinekin ezkondu zen, Zamudion.[7] Laureana Txorierrikoa zen, gozogile baten alaba.[6]Zazpi Kaleetan jaioa zen, ama ezkongabearengandik; eta artean ohikoa zenez, aita ezezaguna zuenez Bilbao abizenarekin bataiatu zuen, 1820ko uztailaren 5ean (Ozerin amaren abizena zuen, eta bata zein bestea erabili izan zituen bere bizitzan).[3] Eta bost seme-alaba izango zituzten: Sofia (Bermeo 1843), Alfonso Maria (Bermeo 1845), Carolina (1849), Conrado (1853) eta Sol (1855).[3]

Errege Agindu batek eskolak emateko moduak aldatu zituen, eta Eusebio Azkuek ez zituen betetzen arau berriak. Horretara, 1848an lanpostua utzi egin behar izan zuen, eta halaxe heldu zen Mundakako Nautika Eskolara.[3]

Mundakan ez zen gustura ibili: lan baldintzak prekarioak ziren eta bertako bi maisuek (Manuel Sagredo eta Azkue bera) Udalarekin arazo ugari izan zituzten, 1854an dimisioa emateraino. Garai zailak izan ziren Azkuetarrentzat: Laureana emaztea 1856an hil zen,[3] eta Eusebiok zorrak pilatu zituen. 1857ean oraindik nautika klaseak ematen zituen Mundakan. Urte berean, Foru Aldundiari gutuna idatzi zion, Mundakako udal hauteskundeetan eginiko ustelkeria kasu bat salatuz.[3]

 
Lekeitioko Nautika Eskola (gaurko Resurreccion Maria Azkue kalea, 4)

1857ko ekainaren 3an, Mundakan, Maria Carmen Aberasturigaz ezkondu zen; hura ere alarguna, eta 22 urte gazteagoa. Lehen alaba 1857ko urriaren 21ean izan zuten; beraz Aberasturi haurdun ezkondu zen. Elkarrekin zortzi seme-alaba izan zituzten: Julia (1857), Aurora Maria de los Dolores (1860) eta Jesus Maria del Carmen (1862) Mundakan jaioak; eta Lekeition, Resurreccion de Jesus Maria de las Nieves (1864), Maria Luz (1867), Diana Maria de la Paz (1868), Heliodoro Maria Antonio Pedro Pascual (1870) eta Julia (1873, gazterik hiliko 1857ko ahizparen izen berekoa, eta aitaren heriotzaren urte berean jaioa).[3]

1861ean, Lekeitioko Nautika Eskola berria eraiki zenean,[8] Azkuek kurrikuluma aurkeztu zuen. Eskola hau Uribarren eta Abaroa herriko aberatsek bultzatutakoa zen, baliabide gehiagorekin, eta soldata Mundakan baino 4 aldiz handiagoa zen. Pilotu izateko Eskola Ofiziala izendatu zuten, eta Bilboko Institutuko Zuzendaria zen azterketa buru. Berarekin batera, eskolako irakasle bi batzen ziren eta II. Gerrate Karlista piztu arte, Eusebio Azkue izan zen lan hau betetzen zuenetako bat;[3] ordurako haren seme zaharrena, Alfontso Maria, irakasle zen eskolan. 1872an, osasunez kaskartuta, Eusebiok semearekin banatu zituen irakasle-lanak; eta aita hil ostean, Alfontso Mariak ordezkatuko zuen lanpostuan.[5]

Eusebio Maria Azkuek 11 urte eman zituen Lekeition lanean, 1873an iktusak jota hil zen arte.[6] Azkuek guztira izan zituen 13 seme-alabetatik lau gazterik hil ziren, eta besteek ez zuten ondorengorik izan.[6] Resurreccionen ibilbidea oso ezaguna da, Alfontso Mariarena aipatu dugu, eta "doña Sol" haur hezkuntzako irakaslea izan zen Lekeition.[9]

Literatura

aldatu

Eusebio Azkuek mota guztietako olerkiak idatzi zituen: onerazpenekoak (deboziozkoak), ipuinak, jolasgarriak, kondairazkoak, irrigarriak, ziri-bertsoak (epigramak), pozgarriak eta benetakoak. Bertatik ezagutzen zuen euskaldunen bizitzaren alderdiak deskribatu zituen modu koloretsuz, epigrametan eta satiretan halako malezia kutsu bat erakusten duelarik. Estiloari dagokionez, XVIII. mendeko neoklasizismoan oinarritzen da, baina XIX. mendeko erromantizismoaren eragina ere nabarmena da.[10]

Idazle berantiarra izan zen: 1850 inguruan hasi zen,[3] 37 bat urterekin; eta aldikada labur batean bakarrik jardun zuen zeregin horretan, 1864 ingurura arte. Poesia gehienak Mundakako aldian idatzi zituen, seguraski Jose Antonio Uriarte lagunaren eraginez -Nautika Eskolako klaseak Bermeoko frantziskotarren komentuan ematen ziren, eta bertako fraidea zen Uriarte-.[3] Hain zuzen ere, Uriartek eginiko "Poesia Bascongada" bizkaierazko poesia-bilduman E. Azkueren olerkiak zati handi bat hartzen dute.

Egunkariren batera bidalitako olerki bat edo beste kenduta, Eusebio Azkuek ez zuen ezer argitaratu bere bizitzan.[6] Uriarteren bilduma ere ez: eskuizkribua Arantzazuko santutegian artxibatuta gelditu zen.[10] Eusebio Azkuek zuzenketa asko egiten zizkien bere idazlanei, eta haren eskuz kopiatutako hainbat material banatu zuen bere lagun euskaltzaleen artean. Horretara, bere idazlanak sakabanatuak egon dira urte askotan. Nahiz eta bilduma batzuk mardulagoak izan besteak baino (haien artean "Euskarazko versoak neurri ascotan apaindubak. Imini dituzana da Eusebio M. Dolores Azcuecoa, 1861garren urtian" izenekoa), batek ere ez zituen bere bertso guztiak bildu.[6]

Izan ere, Eusebioren poesien lehenengo argitaraldia Resurreccion Maria Azkuek egin zuen, Parnasorako bidea izenburuarekin (1896); baina hemen ere semeak ez zuen lortu aitaren bertso guztiak biltzea ("Euzkadia" falta da, adibidez). Gainera, kontuan hartu behar da bilduma honetan "Don Resu"k aldaketa asko egin zituela (ortografia, lexikoa, izenburuak, olerkien ordena...); horregatik, edizio hau ez da egokiena Eusebio Azkueren testu orijinala aztertzeko. Oraindik orain, Eusebio Azkueren bertsoen argitalpen kanonikoa 1990koa da, Andoni Astigarragak eta K. J. Bijuescak egina, Euskerazko versoac izenaz eta jatorrizko grafiaz: bertan ezagutzen diren bertso guztiak bilduta daude, Eusebioren jatorrizko idazkeratik hurbileneko bertsioetan. [6]

"Euzkadia"

aldatu

Eusebio Maria Azkueren lanaren motibazio nagusietako bat euskara edozer adierazteko baliabide zela erakustea izan zen. Antzinako erregimenean literaturaren eta artearen alorra alegorikoki irudikatzeko Parnaso mendia aipatzea ohikoa zen bezala, Azkuek estatuaren diskurtsoari eta nazio identitateari erantzun nahi izan zion mitologia klasikoaren ideiak hartuz, Parnaso mendiarekin lotutako istorioak eratuz eta bertako musen artean (Zeus eta Mnemosyneren alabak) "Euzka" izeneko beste musa bat asmatuz. Hari eskeinitako poema epiko bat ere sortzen hasi zen, amaitu gabe utzi zuena, lehen kantuko ia mila bertso lerroak idatzi ondoren. "Euzkadia" da musa euskaldunari buruz idatzitako bertso sail honen izenburua, Iliada, Eneida eta halakoekin analogiaz, baina artikulua itsatsita (Euzkada + a > Euzkadia bihurtuz, mendebaldeko euskalkiaren deklinatzeko eran). Aditu batzuen arabera, Azkueren olerki hau Sabino Aranak asmatutako "Euzkadi" terminoaren oinarrian egon daiteke.[11]

"Euzkadia" poema epikoan, gainera, ikus daiteke Azkuek aintzat hartzen zuela Bizkaitik kanpo ere poeta euskaldunez osaturiko alor literarioa ba zela, eta bere burua horien artean txertatzen zuela. Bertso honetan ikus daiteke hori:

¡Erato Musa ederra!

arren betatuizuz

neure vertso bigunak

gracijhâz eta suz;

irakurri deijhezan

Poeta euskaldunak

Frances, Napar, ta Guipuz,

ta neure lagunak.

K. J. Bijuescaren iritziz, ahapaldi horretan esandakoak aldarrikapentzat har daiteke, Antzinako erregimeneko alor literario espainiarrean errotuta eta hedatuta baitzegoen Euskal Herria poetarik gabeko lurraldea izatearen ustea.[11]

"Euzkadia" poema Zarauzko frantziskotarren komentuan gordetzen den eskuizkribuan aurkitzen da. Uriarteren "Poesia Bascongada" eskuizkribuan agertzen den bertsioa (hainbat zuzenketarekin, "Euscaradija" izenburutik hasita) honen kopia izan daiteke. E. M. Azkueren beste bildumetan ez da agertzen poema hau, eta R. M. Azkuek ere ez omen zuen hasieran ezagutzen, "Parnasorako Bidea" bilduman ez baitzuen sartu (gerora ezagutu zuen).[11]

Izaera

aldatu
 
Azkuetarrak Lekeition izan zuten bizilekua (Apalloa kalea, 20).

Eusebio Erkiagaren esanetan, Azkue "Gizon eder ta sendoa zan, barru zabal eta gibelean arririk bakoa, jator eta atsegiña. Zalduna zirudian. Antón Truebaren esanez be, ba dakigu begikoa, argia ta itxurakeri bakoa zána. Eta labur esan, umore aundiko gizona (...) Bizimodu onaren zalea zan eta alaia, kontu-kontaria. Zozo eder bat eukan kaiolan Mundakan, eta zozo orreri, euskal berbak be irakatsi eutsazan. An ezezik, emen bere, (Lekeition) izan eban nunbait zozo eder ori, emengo esaeran sarri entzuna dogunak dirausku-ta: “Azkueneko atetan zozoa dabil kantetan...” Zozo orrek zer ete ziñoan? Auxe: “Azkueren zozoa naz ni. Uuuuurra pepito”.[9]

Bestalde, Azkuetarrak oso musikazaleak izan ziren. Eusebio Mariak flauta jotzen zuen eta trebeki abesten, Alfontso Mariak ahots ederra zuen, neba-arreba nagusiek Juan Maria Blas Altuna durangarrarekin solfeo eta piano ikasketak egin zituzten, eta Resurrección Mariak, nagusitan, aitaren zenbait olerkiri musika jarri izan zizkion.[5]

Hil aurreko urtean bere ondasunen inbentarioa egin zuen, bi ezkontzetako seme-alabek ondasunen haien berri izateko eta liskarrik ez sortzeko helburuz egina. Dokumentu horretan E.M. Azkuek adierazten du ez zuela ondasunik irabazi lehen ezkontzan (1843-1856), bai zorrak egin (etxearen mailegua, jateko eta janzteko gastuak, Alfontsoren piano ikasketak Mungian eta Conrado eta Solen inudea), eta zorrok bigarrenez ezkondu ondoren (1857) kitatu zituela. E. M. Azkueren borondatea zen, bera bere emaztea baino lehen hiltzekotan, seme-alaba guztiek eskubide berdinak izatea ezkontza batekoak balira bezala, eta bere alarguna (M. Karmen Aberasturi) amatzat hartzea, eta honek ondasunak erabiltzeko ahalmena izatea.[5]

Azkueren balio kulturala eta literarioa handiak izanik ere, bere zenbait ezaugarri ezin dira gaur eguneko ikuspegitik ikusi bere garaiko ideologia kontuan hartu barik. Esate baterako:

  • Naziotasunari dagokionez, kontuan hartu behar da XIX. mendeko Hego Euskal Herrian, euskal identitatearen ohiko osagaiak ondorengoak zirela: foruak, fede katolikoa, euskara eta abertzaletasun bikoitza (euskalduna eta espainola). Gaur egungo begiradatik deigarria gerta badaiteke ere, garai horretan euskal abertzaleek errege espainiarrari leialtasuna zioten, foruen babesle eta berme zen neurrian; hori aldatu egingo zen hurrengo urteetan, baina bere olerkietan irakur dezakegunez, Azkuek ikuspegi hori zuen oraindik.[11]
  • Emakumeekiko erakusten duen jarrera ere, orduko kultura patriarkalaren isla da: emakumeak diskurtsoaren objektu besterik ez dira Azkueren poesiagintzan, noiz objektu desiragarri, eta sarritan objektu arbuiagarri, baina beti objektu. Azkuek ez ditu sekula emakumeak irudikatzen diskurtso poetiko-literarioaren subjektu posizioan, emakume horiek beraren pentsaera ildo bertsukoak izanik ere.[5]
  • Ildo beretik, bere idazkietan jarrera antimoderno edo mundu zaharraren baloreen eta ohituren aldekoa agertzen du, kritika moral zorrotza eginez, eta Argien Garaiko idea berrien aurka, atzerriko indar inperialista ez espainolen eragin kaltegarria seinalatuz, eta euskaldunei haiek onartzeagatik kargu hartuz. Karlista batengandik espero daitekeen jarrera da hori, eta adituen arabera, honen adierazgarririk onena "¡Anchiñarik ona!" izeneko bertso sorta izan daiteke.[11]

Ahanzturatik berpizkundera

aldatu
 
1936an ezarritako plaka, E.M. Azkueren jaiotetxean (Dendari kalea, 16).

Eusebio Maria Azkueren bizitzan, lagun eta senideek baino ez zuten izan bere alde literarioaren berri. Artean euskaraz idaztea bitxikeria hutsa zen, eta horrenbestez eremu pribatura mugatu zen. Azkuek eskuz idatzi zituen bere lanak, eta haien kopia batzuk banatu zituen, eskuz ere bai. Eskuizkribu horiek izan ziren bere lagun Uriartek eta seme Resurreccion Mariak beraien bildumetan baliatu zituztenak, baita Jose Manterolak ere "Cancionero Vasco" lanean Azkueren bertsoak sartzeko. Gerora, semeak hartutako ospe handiarekin, aitaren irudia itzalpean geratu zen. Adituen arabera, urte askoan, Eusebio Mariari aitortu izan zaion meritu bakarra Resurreccion Mariaren aita izatea da.

Hau Euskal Pizkundearen aroan aldatzen hasi zen. Urte horietan, euskarak irabazitako prestigioaren eta bere testuak ezagutzen zituzten euskaltzaleen eraginez, Eusebio Maria Azkueren lanaren aitortza eta balioespena etorri zen. Honetan R. M. Azkuek berak izan zuen eraginik, bistan denez; baina beste pertsona bat ere nabarmenduko zen E. M. Azkueren lanaren dibulgazioan: Eusebio Erkiaga kazetari lekeitiarra. 1936 urtean omenaldi entzutetsua egin zen Lekeition, Azkue aita-semeen gorazarrean. Bagilaren 27 eta 28an, VII. Euzko Olerti Egunarekin batera Euskaltzaleak kultura erakundeak eratu zuen, Bizkaiko gobernadorearen baimen eta Lekeitioko Udalaren babesaz. Azkuetarren Omenaldi egunerako propaganda orriak atera zituzten, «euzko gogoaren taupadak, euzko izatearen ezaugarri bizien eta agirienak» eta holako adierazmoldez beteak. Alkateari gutunak egin zizkioten Jose Ariztimuño "Aitzol"ek, Eusebio Erkiagak (Batzordearen izenean), Xanti Meabek etab. Jai Batzordeak, gonbidapenak egin zizkien Zita enperatrizari, ezker eta eskuineko politikari, ahaldun eta pertsona ospetsuei, batez ere kulturako jendeari, baita prentsari. Gorazarrerako diru-laguntza eman zuten pertsona eta erakunde batzuek: Austriako Familia Imperialak 100 pezeta, Espainiako Akademiak 100, Iruñeko apezpiku Olaetxeak 50, Sotak 50, Fermin Irigaraik 25, Altubek 25, F. Belaustegigoitiak 25, Santanderko apezpikuak 25, Erramun Ertze abade lekeitiarrak 15, J. Larreak 10, gainerakoek gutxiago. Omenaldi honetan, besteak beste, Eusebio Maria Azkueren olerkigintzari buruzko hitzaldia izan zen, Estepan Urkiaga "Lauaxeta"k emana; E. M. Azkue jaio zen etxe-aurrean gomutarria agerrarazi zuten, Telesforo Monzonen hitzaldiarekin; eta Carlos Solano pintoreak Eusebio Mariaren erretratu bat egin zuen, udaletxean jarri zena.[5]

1960ean, Eusebio Erkiagak Zornotzako Larrean egin zen Olerki-egunean hitzaldia eman zuen, "Bizkaiko olerkari bat. Eusebio Mª Dolores Azkue Barrundia", gero “Olerti” aldizkarian argitaratu zena (“Olerti”, 1-1961, 67/69 orr.).[9]

 
Dendari kalea, 16

1973an, frankismoa azkenetan zela, haren heriotzaren 100. urteurrena bete zen, eta beste omenaldi bat egin zitzaion Lekeition: azaroaren 11an Euskaltzaindiak bertan egin zuen batzarra, Antonio Moral alkate[12][13] eta Luis Villasante euskaltzainburu zirela. Eusebio Erkiagak hitzaldia eskaini zion Eusebio Azkueri, aurreko omenaldia gogoratuz:[9] “Goiko kaleko 16 ganean, dogu Eusebio Mariren jaiotetxea, ta antxe, ormeari deutsala dago gomutarria, 1936 gn. urteko San Pedro bezperan, gerratea baiño ogei egun lehenago ezarri genduan arlandua. Arri orrek orduan, euskaraz zituan berbak; orain gitxiago ditu, ta eurek gaztelaniaz. Egun aretan kalean bertan berba egitea gertau jatan, eta orain, 37 urte geroago bere, barriro dagokit Azkuetarrak goratutea.”[14]

2013an, bere jaiotzatik 200 urte bete zirenean, Euskaltzaindiak eta Lekeitioko Udalak jardunaldi bat antolatu zuten. Bertan, Azkueren lanaren zenbait ikerlarik hitzaldiak eman zituzten: Jon Kortazar, Josu Bijuesca eta Xabier Altzibar.[14]


Bibliografia

aldatu
  • Azkue, Eusebio M. Parnasorako bidea (1979, Hordago)
  • Azkue, Eusebio M. Euskarazko vertsoak (1991, Labayru)

Erreferentziak

aldatu
  1. Villasante 1979, 272. or.
  2. Odriozola, Iñaki. (lunes, 21 de noviembre de 2016). «El Alma de la Genealogía: Azkue» El Alma de la Genealogía (Noiz kontsultatua: 2024-07-22).
  3. a b c d e f g h i j k Kortazar, Jon. (2013). «Eusebio Maria Azcueren bizitzari buruzko zertzelada berriak (Eusebio Maria Azcueren jaiotzaren II. mendeurren-jardunaldia» Euskera ikerketa aldizkaria: 377–393.  doi:10.59866/eia.v58i2.151. ISSN 2792-2278. (Noiz kontsultatua: 2024-07-19).
  4. «Azkue, Eusebio Maria (1813-1873) - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2024-07-15).
  5. a b c d e f Altzibar, Xabier. (2013). «Eusebio Maria Azkueren nortasunaz eta harreraz argitasun batzuk:harenak ote dira "Carlistenac" bertsoak? (Eusebio Maria Azkueren bigarren mendeurren-jardunaldia)» Euskera ikerketa aldizkaria: 433–483.  doi:10.59866/eia.v58i2.153. ISSN 2792-2278. (Noiz kontsultatua: 2024-07-20).
  6. a b c d e f g Azkue, Eusebio María Dolores. (1990). Euskarazko vertsoak / Eusebio Maria Azcue-koa ; bilketa eta edizioa, Asier Astigarraga, eta K. Josu Bijuesca. Labayru Ikastegia Bilbao Bizkaia Kutxa, ISBN 978-84-86833-31-2. (Noiz kontsultatua: 2024-07-15).
  7. «Bilbaopedia - Eusebio María de los Dolores Azcue» www.bilbaopedia.info (Noiz kontsultatua: 2024-07-19).
  8. «7.1.8.- Nabigazioa: nautika ikasketak | Lekeitioko kultur eta natur ondareak» www.lekeitiondare.eus (Noiz kontsultatua: 2024-07-18).
  9. a b c d Euskaltzaindia. «https://www.euskaltzaindia.eus/index.php?option=com_argitalpenak&task=euskeraLiburukia&Itemid=1860&lang=eu&argitalpena_id=655» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2024-07-23).
  10. a b Uriarte, José Antonio de (O F. M. ). (L.G. 1987). Poesía bascongada : dialecto vizcaíno / José Antonio Uriarte ; Jon Kortazar, Miren Billelabeitiak prestatutako edizioa ; testuaren begiralea Joseba A. Lakarra. Bizkaiko Foru Aldundia = Diputación Foral de Bizkaia, ISBN 978-84-7752-000-9. (Noiz kontsultatua: 2024-06-09).
  11. a b c d e Bijueska, Koldo Josu. (2013). «Parnasotik "Euzkadia"-ra: Eusebio M. Azkueren poesiagintza eta nazio identitatea (Eusebio Maria Azueren bigarren mendeurren-jardunaldia)» Euskera ikerketa aldizkaria: 395–432.  doi:10.59866/eia.v58i2.152. ISSN 2792-2278. (Noiz kontsultatua: 2024-07-19).
  12. (Frantsesez) «Lekeitio - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2024-07-23).
  13. «BOE-A-1973-1271 Decreto 2144/1973, de 14 de septiembre, por el que se convocan elecciones municipales con excepción del Municipio de Barcelona.» www.boe.es (Noiz kontsultatua: 2024-07-23).
  14. a b (Gaztelaniaz) Gartzia, Pruden. «Euskaltzaindia Lekeition, Eusebio Maria Azkueren jaiotzaren bigarren mendeurrenean» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2024-07-22).

Kanpo loturak

aldatu