Ordizia

Gipuzkoako udalerria

Ordizia Gipuzkoako erdi-hegoaldeko udalerri bat da, Oria haranaren goialdean kokatua. Historikoki Goierri eskualdeko herri nagusia izan da zerbitzuen aldetik; gaur egun, Beasainekin batera du eskualdeko nagusitza hori. 10.641 biztanle zituen 2023 urtean.

Ordizia
 Gipuzkoa, Euskal Herria
Ordiziako ikuspegi orokorra, Usurbe mendiaren gailurretik ikusita. Atzealdean, Aralar, Txindoki mendia erdian dela.
Administrazioa
EstatuaEspainia
ErkidegoaEuskal Autonomia Erkidegoa
LurraldeaGipuzkoa
EskualdeaGoierri
Izen ofizialaOrdizia
AlkateaAdur Ezenarro Agirre
Posta kodea20240
INE kodea20076
Herritarraordiziar
Ezizenaazak
Kokapena
Koordenatuak43°03′17″N 2°10′42″W / 43.054722222222°N 2.1783333333333°W / 43.054722222222; -2.1783333333333
Map
Azalera5,65 km²
Garaiera153 m
Distantzia39 km Donostiara
Demografia
Biztanleria10.641 (2023)
217 (2022)
alt_left 5.243 (%49,3) (%48,4) 5.151 alt_right
Dentsitatea18,83 bizt/km²
Hazkundea
(2003-2013)[1]
% 8,98
Zahartze tasa[1]% 20,66
Ugalkortasun tasa[1]‰ 45,7
Ekonomia
Jarduera tasa[1]% 79,16 (2011)
Genero desoreka[1]% 8,22 (2011)
Langabezia erregistratua[1]% 10,87 (2013)
Euskara
Euskaldunak[1]% 57 (2010)
Kaleko erabilera [2]% 43.7 (2016)
Etxeko erabilera[3]% 45.39 (2016)
Datu gehigarriak
Sorrera1268
Webguneahttps://www.ordizia.eus
Hiri senidetuakAcapulco, Trujillo, Santa Amalia eta Callao

Mugakide ditu iparraldean Itsasondo eta Beasain, ekialdean Itsasondo, Arama eta Zaldibia, mendebaldean Beasain eta hegoaldean Lazkao. XX. mendean Beasainek, Lazkaok eta Ordiziak izandako hiri eta industria garapenaren ondorioz, hiru udalerri horien arteko mugak lausotu dira, hiruren erdian CAF fabrika handia jarrita. Hala, bada, hiru herriak elkarren segidan daude, bereiziko dituen eraikuntzarik gabeko etenik gabe.

Herriaren fundazioaren 750. urteurrenean, ordiziarrak ORDIZIA ataria egiten hasi ziren Wikipedian.

Ordizia izenaren etimologia zehatza zein den gaur egun arte ez da jakina. 1268an, jatorriz Ordiçia izena zuen lekuan Alfontso X.a Gaztelakoak herrigunea eraikitzeko agindu zuen. 1268an gaztelar errege berak herriari udalerri titulua eta Gasteizko foruarenak bezalako pribilegioak eman zizkion. Horrekin batera, Ordiçia izeneko lekuan Villafranca izeneko hiribildua sortu zen, ondoren eta XIX. mendera arte Villafranca de Ordicia (Ordiziako Villafranca) edota Villafranca de Guipúzcoa izenez ezagutu eta idatziko dena.

 
Villafranca izena ikusgai 2022an, 20. mende hasierako azulejuzko heri-seinalean.

Villafranca gaztelaniazko izenak zerga gabeko hiribildua esan nahi du, beraz, garrantzi handia izango du hiribilduaren sorrerak Ordiçiako lekuaren populatzean eta indartzean, Gipuzkoako gainontzeko hiribildu historikoekin batera probintziaren gobernu lanetara batuko baita. Horrexegatik, Beasain, Legorreta, Itsasondo, Zaldibia, Altzaga, Arama, Gaintza, Ataungo herrixkak eta Lazkaoko etxe batzuk Ordiziako Villafrancara batzea eskatuko dute 1399etik hasi eta 1615. urteraino, Ordiziako Villafrancako jurisdikzioa handituz.

Geroztik, zazpi mendez, bi izenak erabili dira: Villafranca ofizialki eta gaztelaniaz eta modu ez ofizialean, Ordizia (bertakoen gaur egungo herri hizkeran, Ordizi), oso zabaldua eta erabilia. 20. mendera arte, ohikoa izan da Billafranka deitzea euskaraz ere herriari, bertakoen eta ingurukoen artean.[4]

1916an udalerriak bere izen ofiziala Villafranca de Oria izendapenera aldatu zuen, garaiko espainiar legediak erresuman zeuden izen bereko udalerriak ezberdintzeko bigarren izen bat gehitzera behartzen baitzuen. Bigarren izen hori, maiz, bertako elementu geografiko batekin lotua zen; kasu honetan, Oria ibaia. Baina Villafranca de Oria izena ez zen herritarren artean gehiegi sustraitu, eta 1970ean aurreko Villafranca de Ordicia izena berreskuratu zen.

Azkenean, 1982ko urtarrilaren 4an ofizialki jatorrizko Ordizia izena berrezartzea onartu zen. Bertakoen hizkeran, Ordizi da.

Geografia

aldatu
 
Ordiziako ikuspegi orokorra, atzealdean Txindoki mendia eta Aralarko mendilerroa ikusten direla.

Gipuzkoako biztanle dentsitaterik handienetarikoa du eta Oria ibaiak zeharkatzen du. 1000 metro ere ez duten mendiz inguratua dago, Murumendi (848 m), Odeta-Goeña (784 m) eta Paola (734 m).

Herrigunea eta alde zaharra udalerriaren erdialdean daude, Oria ibaiaren ezkerraldeko lautadan, 155 metroko garaieran. Udalerria bera ere Oria ibaiaren haranean kokatuta dago, eta bere lursailak ibaiaren bi ertzetan gorantz hedatzen dira. Udalerri osoko garaiera handiena ipar-mendebaldean dagoen Odetagoena (729 m.) da, (Murumendiko mendilerroan), aldiz, udalerriko garaiera txikiena Itsasondo udalerriarekin muga egiten duen ipar-mendebadeko San Joan auzoan dago (130 m.). Bestalde, hegoaldeko Etxazpi-Putzuaran (Oiangu) 328 m garai da.

 
Ordiziako Alde Zaharraren ikuspegi orokorra Arramenditik.

Lehen aipatu bezala, Oria ibaiak udalerria hego-mendebaldetik ipar-mendebalderako norabidean zeharkatzen du. Udalerri honetan Oria ibaiarekin bat egiten duten zenbait erreka ere badaude: Mariarats mendebaldeko mugan, Beasaingo mugan) eta San Joan erreka ekialdekoan (San Joan auzoan, Itsasondoko mugan). Arama eta Lazkao udalerrietako mugetan, Amundarain ibaia eta Senpere-berri errekek ere euren urak Oria ibaian isurtzen dituzte.

Mugakideak

aldatu

Auzoak

aldatu

Herrigune nagusia alde zaharraren inguruan dago, haren itxura eliptikoa da eta Behe Erdi Aro inguruan hedatu zen. Karlistaldien ondoren, herriko harresiak eraitsi eta herria garai bateko errepide nazionalari jarraituz, alde zaharraren inguruan zabaldu zen, gaur egungo Filipinak eta Urdaneta kaleetaraino.

Udalerriaren hedatze edo zabalkunde handiena 1960 eta 1970eko hamarkadetan gauzatu zen, alegia, udalerriko ekialdean eta Oria ibaiaren eskuinaldeko ertzean Otegi Enea, Altamira eta Bustuntza auzoak sortu zirenean, Euskal Herriko industri eremuetako udalerri askotan bezala, auzo hauetan Andaluzia, Extremadura, Galizia eta Gaztela-Leondik etorritako etorkin ugari bizitzen jarri ziren.

Azken zabaltze handia, XX. mendearen amaieran eta XXI. mendearen hasieran, Sanperio eta Arramendi kaleen inguruan izan zen, eta 2010eko hamarkadan Itsasondo eta Aramarekin muga egiten duen San Joan auzoan eraikitako etxebizitza multzoekin.

Auzo nagusiak alfabetikoki honakoak dira:

Auzoak
Aita Urdaneta
 
Alde Zaharra
 
Altamira Bustuntza Eskarabilla
 
Lazkaibar
 
Malkasko
 
Mariarats
 
Oiangu
 
Otegi Enea San Bartolome
 
San Joan
 

Azpiegiturak

aldatu

Kultura

aldatu
  • Liburutegia[5]
  • Herri Antzokia[6]

Gizarte Zerbitzuak

aldatu
  • San Jose egoitza[7]

Kirola

aldatu
  • Majori kiroldegia[8]

Hezkuntza

aldatu
  • Alotza Udal Haur Eskola[9]
  • Goierri Lanbide Heziketako Ikastetxe Publikoa[10]
  • Oianguren Institutua (bigarren hezkuntza)[11]
  • Urdaneta Ikastetxea (haur eta lehen hezkuntza)[12]
  • Jakintza ikastola[13]
  • Goierri ikastetxea (bigarren hezkuntza)[14]
  • Goierri Eskola Politeknikoa[15]
  • Hizkuntza Eskola Ofiziala[16]
  • Su eskola[17]
  • Ordizia Musika Eskola[18]

Historia

aldatu
 
San Bartolome baseliza.

Alfontso X.a Gaztelakoak sortu omen zuen herria 1256an, herriak sortzeko plangintza orokor bati jarraituz; Segura eta Tolosa ere modu berean sortu ziren.

Hasiera batean, San Bartolome baselizaren ondoan kokaturik zegoen herria, eta "Ordizia" zuen izena. Aurreraxeago, aipaturiko errege horrek berak aldatu zion izena eta Villafranca ipini, Sevillan 1268ko ekainaren 30ean emandako eskubide berezi baten bitartez. Horrez gain, Gasteizek zituen abantailak eta Foruak ere eman zizkion, eta erregeari ordaindu beharreko zergak ez ordaintzeko baimena ere bai. Antso IV.a Gaztelakoa, Ausarta, izan zen Alfontsoren ondorengoa, emandako eskubide berezia berretsi eta zergak ez ordaintzeko eskubide gehiago ezarri zituena Valladoliden sinatutako beste agiri bat zela medio.

 
Ordiziako udaletxea eta Plaza nagusia, 1882-1936 artean.

Badakigu 1397an Getariako Batzarretan parte hartu zuela Ordiziak, hala baitio gorde den partaide zerrendarik zaharrenak.

1467an, beste lege berezi bat jaso zuen, Madrilen urtarrilaren 14an emandakoa; bertan, Henrike IV.a Gaztelakoak urteko bi mila marai eta bestelako zerga batzuk ordaintzetik libre utzi zuen herria, herriak erregeri ematen zizkion zerbitzuen ordainetan. Inguruko herrixkek, Altzaga, Arama, Ataun, Beasain, Gaintza, Itsasondo, Legorreta, Zaldibia, eta Lazkaoko zenbait etxek, gaizkile eta herriko jauntxoen ondorioz beren lurretan zegoen ziurtasun falta zela eta, Ordiziarekin bat egiteko eskaera egin zuten, babesa lortu eta herriak zituen abantailak eskuratzeko.

1399ko apirilaren 8an Villafrancak auzolagun moduan onartu zituen. Adiskidetasun Idatzi bat sinatu zuten guztiek, Henrike III.a Gaztelakoak Tureganon 1402ko abuztuaren 5ean, gero Errege-erregina Katolikoek Kordoban 1492ko maiatzaren 27an berretsi zutena. Inguruko herriak auzolaguntzat hartuz, Ordiziako alkateak eskumen bereziak jaso zituen, bai auzibide arlokoak, bai zibilak eta baita kriminalak ere; herri horietan lehen zeuden alkateak auzo-alkate bihurtu ziren. Hala ere, herri horiek beren udalei eta batzar irekiei eutsi zieten, beren lurraldea zedarrituta, beren mendi eta jabegoak eta beren ekonomia administrazioa gorde zuten.

Batasun horrek berrehun urte baino gehiago iraun zuen, baina batasun-behar horren arrazoiak desagertu zirenean, beren udal askatasuna lortzeko irrikan, herri-amak irainak egin zizkiola eta, banaketa eskatu zuten. Filipe III.ak eman zuen ontzat eskaera, errege kutxek dirua behar zutelako eta, herrien arteko banaketen ondorioz, zerga ederrak jasotzen zituztelako. Lazkaoko etxeek, berriz, Ordiziarekin bat eginik jarraitu zuten 1648ko otsaila arte, urte horretan izan baitzuten berriz beren udala.

Villafranca bakarrik geldituta, Probintziako Batzarretan prokuradorearen gastuak oso handiak zirela eta, Beasainekin bat egin zuen, eta Villafrancako Batasuna izena ezarri. Batasuna, 1644an sinatu zen eta 1687ko maiatzaren 4an, Arama eta Zaldibia ere batasunean sartu ziren. Arrazoiak berak izan ziren, ordezkapen gastuak beste herri batzuekin banatzea. 1710eko apirilaren 10ean Ataun ere sartu zen batasunean, baina Batzar Nagusiek ez zuten 1712 arte onartu. 1741ean tirabirak hasi ziren Zaldibiarekin, 1768an Aramarekin eta 1818an Ataun eta Beasainekin. Ordutik aurrera, Villafranca bakarrik egon zen. Ordizian 27 sukalde-zerga ordaintzen ziren; eta Probintziako Batzarretan, Korrejidore-Lehendakariaren ondoan hamabosgarren jarlekuan esertzen zen Ordiziako ordezkaria.

 
Jendea Ordiziako kalean, 1882-1936 artean.

XVIII. mendean, sute ugari izan ziren. (1738, 1751 eta 1794an), baina ez ziren garrantzi handikoak izan, horietatik batek ere ez baitzuen izan 1512ko martxoaren 18an gertatutako suteak adinako larritasuna; sute hark, erabat suntsitu zuen herria. 1859an beste sute bat izan zen eta herriaren zati bat hondatuta gelditu zen haren ondorioz.

Herria liberalen alde jarri zenez gero, Lehen Gerra Karlistan Zumalakarregik eraso egin zion, 1835ean, hain zuzen ere. Maiatzaren 25etik ekainaren 3ra arte iraun zuen erasoak, orduan eman baitzuen amore herriak, irabazteko aukera gutxi zituela konturatu zenean. On Karlos erregegaiak -Karlos VII.a izan nahi zuenak- Ordizia aukeratu zuen, zenbait urte geroago, 1875ean, euskal foruak zin egiteko.

Antzina-antzinatik herria Bozue Txiki edo Villafranca izeneko Komunitateko partaide izan zen. Komunitate hori lehenengoz 1027. urteko Nafarroako Antxo Handiaren agiri batean agertu zen. Aralar eta Enirioko mendien etekinen hogeita zortziren bat jasotzen zuen herriak, 1409an "Komenio eta Ajusteagatik" ezarritako diruaren zatia, hain zuzen ere. Komunitateak oraindik ere bizirik dirau eta Ordiziako alkatea da lehendakari.

1970eko apirilaren 17an aldatu zen izen ofiziala, "Villafranca de Oria" izatetik "Villafranca de Ordizia" izatera igaro zen. 1982ko urtarrilaren 4an behin betiko eta ofizialki izena jarri zitzaion: Ordizia.

XXI. mendearen hasieratik, Euskal Herrian orokorrean jazo den bezala, herrialde ugaritako etorkinak etorri dira, nagusiki Errumania, Hego Amerika, Afrika eta abarrekoak, horrek gaur egun Ordiziak bere historia guztiko biztanleri kopuru handiena izatea ekarri du, ordurarteko 1981eko 9.781 biztanleriaren kopuruaren errekorra gaindituz, 2018an 10.150 biztanle izatera iritsi baitzen.

Ordiziako armarria

aldatu
 
Ordiziako Armarria udaletxearen aurrealdean ikusgai.

1989ko urtarrilean erabaki zuen Ordiziako Udal Osoko Bilkurak herriko armarria zein zen zehazteko espedienteari ekitea, udalaren sinboloa behin betiko zein izango zen arautzeko.

Udalerrian hainbat armarri zeudenez, horri buruzko xehetasunak emateko eta txostena egiteko agindu zitzaion aditu bati. Hari horretatik, Borja de Aginagalde, Eusko Jaurlaritzako Agiri Ondarearen arduradunak gutun bat bidali zuen Udaletxera, eta honako hau adierazi zuen: "Lurralde osoan salbuespen osoko posizioa du Ordiziak: herriko armak datatuta ditu, 1568an hain zuzen ere, monumentu izaera duen testigantzaz, gainera, hau da, parrokiako eskulturan...". Parrokiako agiritegian dauden armarriak dira, aldaretik sakristiara sartzeko ate gainean daudenak zehazki.

Eusko Ikaskuntzak ere egin zuen txostena, eta udal armarria aldatzea onartu zen (1989ko maiatzaren 2ko Osoko Bilkuran), eta honelaxe idatzi zen armarri horren itxura:

"Hondo urdin batean urrezko almenaz apainduriko urrezko gaztelu bat, lauki urre koloredun eta beltzen gainean. Ingurua, Erdi Aroko eredu espainiarra mako erpinez amaiturik".

Ekonomia

aldatu
XX. mendearen lehen erdian Ordizian[19] zein fabrika eta lantegi zeuden kontatzen dute hainbat herritarrek. Altzari lantegiak ugariak ziren, eta orain baino fabrika gehiago zegoen. Hori bai, herritar asko Beasaingo CAF fabrikara joaten ziren lanera orduan ere. Euskal Herriko Ahotsak[20] proiekturako elkarrizketatutakoen testigantzekin egindako bideoa.

Herriko jarduera nagusiak industria eta merkataritza dira: trenbide-materialak, metalurgia, elikagai-industria, ehungintza, zurgintza, dendak, tabernak eta ostalaritza.

Dena den, XXI. mendearen lehenbiziko urtetatik hasita turismoaren sektorea ere indar hartzen hasi da, bereziki, asteazkenetako Ordiziako Azoka, irailaren hasierako Euskal jaiak, Idiazabal gazta eta udalerritik igarotzen den Euskal Herriaren barnealdeko Donejakue bidearen inguruan.

2017an honela banatzen ziren sektore ekonomikoak herrian: Lehen sektorea BEGaren %0,2. Bigarren sektorea %27,8. Hirugarren sektorea %62,8. Eta eraikuntza %9,2.[21]

Demografia

aldatu

2023an 10.641 biztanle zituen Ordiziak. 2020an zituen 10.503 biztanleetatik %19,16k 65 urte edo gehiago zituen, eta atzerrian jaiotakoak %17,43 ziren.[21]

Ordiziako biztanleria

Politika

aldatu

2011ko udal hauteskundeak

aldatu
 
Ordiziako udaletxea.

2011ko udal eta foru hauteskundeak Ordizia udalerrian Bildu koalizioak gehiengo osoz irabazi zituen, hamahiru zinegotzitik zazpi eskuratu baitzituen. Hori horrela izanik, udalean gehiengo osoa lortu zuten eta Igor Eguren alkate izendatu zuten.[22]

2015eko udal hauteskundeak

aldatu

2015eko udal hauteskundeetan, berriz, bi zinegotzi galdu zituen Euskal Herria Bilduk, eta Eusko Alderdi Jeltzalearen zinegotzi kopuru bera lortuta (bosna), azken alderdi horrek boto kopurutan irabazi zuen. Emaitza horiekin, EAJ alderdiko Jose Miguel Santamaria hautatu zuten alkate, bere alderdiaren bost botoekin eta PSE-EE alderdiaren zinegotzi bakarraren botoarekin.[23]

2019ko udal hauteskundeak

aldatu

2019ko udal hauteskundeetan Euskal Herria Bilduk irabazi eta zazpi zinegotzi lortu zituen, EAJ bigarren beste zazpi zinegotziekin, Ordizia Orainek bi zinegotzi eta PSE-EEk zinegotzi bakarra. Adur Ezenarro (EH Bildu) alkate aukeratu zuten koalizioaren 7 botoekin eta Ordizia Orainen biekin.[24][25][26]

Bestalde, 2018an udalerriak bere historian lehenbiziko aldiz 10.000 biztanleen langa igaro eta populazio hazkunde hori Udalaren zinegotzi ordezkaritzaren handiagotzean islatu zen, 2019ko hauteskundeen ondoren 13 zinegotzitik 17ra osatua egotera igaro baitzen.[27]

Udal hauteskundeen jarraipen historikoa

aldatu

Ordiziako udalbatza

Alderdia

2015

2019

Zinegotziak Boto kopurua Zinegotziak Boto kopurua
Euskal Herria Bildu (EH Bildu)
5 / 13
1.672 (% 35,89)
7 / 17
2.049 (% 40,77)
Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ)
5 / 13
1.754 (% 37,65)
7 / 17
1.903 (% 37,86)
Ordizia Orain-> Ahal Dugu
2 / 13
637 (% 13,67)
2 / 17
519 (% 10,33)
Euskadiko Alderdi Sozialista-Euskadiko Ezkerra (PSE-EE)
1 / 13
413 (% 8,86)
1 / 17
486 (% 9,67)
Datuen iturria: Hauteskundeen emaitzak euskadi.eus webgunean
Grafiko hau ezin da une honetan ikusi, software arazo bat dela eta. Lanean ari gara ahalik eta lasterren grafikoak berriro erakutsi ahal izateko.

Alkateak

aldatu

Hauek izan dira Ordiziako azken alkateak:

Alkatea Agintaldi hasiera Agintaldi amaiera Alderdia[28]
Jose Ramon Gaztañaga Arregui[28][29] 1979 1983 Euzko Alderdi Jeltzalea
Iñaki Apalategui[29] 1983 1987 Euzko Alderdi Jeltzalea
Kepa Korta[30] 1987 1991 Euskadiko Ezkerra
Juan Vicente Erauskin[29] 1991 1995 Euzko Alderdi Jeltzalea
Juan Vicente Erauskin[29] 1995 1999 Euzko Alderdi Jeltzalea
Alejandra Iturrioz 1999 2003 Euzko Alderdi Jeltzalea-Eusko Alkartasuna
Alejandra Iturrioz 2003 2007 Euzko Alderdi Jeltzalea-Eusko Alkartasuna
Jose Miguel Santamaria Eceiza[22] 2007 2011 Euzko Alderdi Jeltzalea
Igor Eguren[22][23] 2011 2015 Bildu
Jose Miguel Santamaria Eceiza[23] 2015 2019 Euzko Alderdi Jeltzalea
Adur Ezenarro Agirre[25][26][31] 2019 2023 Euskal Herria Bildu
Adur Ezenarro Agirre 2023 Jardunean Euskal Herria Bildu

Hirigintza

aldatu
Kaleak
Plazak

Alde Zaharra

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Ordiziako Alde Zaharra»
 
Jasokundeko Andre Mariaren eliza eta Muxika dorretxea.
 
Barrena parkearen ikuspegia.

Ordiziako Alde Zaharra eta bere hiri-morfologia suteen, gerren eta herriaren beraren aurrerapenaren ondorioz, eraldakuntza handia jasan du. Halere, ordea, oraindik ere Erdi Aroko tipologia gordetzen du neurri handi batean, bide-trazadurari eta lurzatiketari dagokienez.

Herriaren oinplanoa erregularra da, forma obala eta itxia du. Kale nagusiak hiru dira eta ekialdetik mendebalderako orientazioa dute. Erdikoa —Kale Nagusia— zuzena da, eta bertatik igarotzen zen Behobiako Errege-bidea. Honek, gainera, harresiaren ateetako bi lotzen zituen. Alboetako kaleek, alegia Santa Maria kaleak eta gaur egun Goenkalek eta Elkano kaleak osatzen dutenak, harresiaren trazadura eliptikoa itxuratzen zuten; eta honen hegoaldean eliza —parroki gotorlekua— zegoen kokatuta. Hirigunearen zati honetan Etxezarreta kaleak markatzen du hesiaren kanpoko lerroa. Zeharkako arteria batek —egungo Goitia kaleak eta Kale Nagusiak okupatzen dutenak— herriko beste bi ateak lotzen zituen.

Hirigunearen barruan, Kale Nagusiaren, Goenkaleren eta Elkano kalearen artean Ordiziako plaza nagusia erdiko espazio handia irekitzen da, eta honen aurrean Udaletxea dago. Beste espazio publiko aipagarri bat Barrena jauregiaren aurreko lorategiak dira, antzinako barrutiaren muturrean aurkitzen direnak. Lurzatiketak Erdi Aroko zenbait ezaugarri gordetzen ditu: esate baterako, fatxada estuko oin sakon tipikoak, herriaren barneko etxadi bikoitzak, eta herriaren muturretako etxadi bakunak.

Eraikuntzak tipologia askotarikoa du, eta XIX. eta XX. mendeetako jarduketak nagusitzen dira.

Kultura

aldatu

Euskara

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Goierriko hizkera»
Ordiziako Patxi Maizaren[32] testigantza, euskararen eta euskalkiaren egoeraren ingurukoa. Euskal Herriko Ahotsak[33][34] proiekturako egindako elkarrizketa, ahozko ondarea jaso eta zabaltzeko.

Ordiziako euskara[34] gipuzkeraren[35] barnean kokatzen da. Zehazki, sartaldeko azpieuskalkiari dagokion Goierriko hizkera[36] da bertan hitz egiten dena.

XX. mendera arte euskara Ordiziako biztanleen lehen hizkuntza izan zen. Ordiziari buruz datu zehatzik ez badugu ere, Gipuzkoako eta Ordiziako egoera soziolinguistikoak antzeko samarrak zirela emanda, esan daiteke XIX. mendearen erdialdean ordiziarren %96k euskaraz zekiela. Garai horretan oso gutxi izango ziren gaztelaniaz bakarrik zekiten ordiziarrak. Handik ehun urtera, hainbat faktoreren eraginez, Ordiziako euskaldunen portzentajea erdira etorrita zegoen.

2016an herritarren %60,75 euskalduna zen.[21]

Kirola

aldatu

Jaiak eta ospakizunak

aldatu
  • Maiatzaren 2. asteburuan Erdi Aroko azoka ospatzen da.
  • Uztailaren 24aren aurreko asteburuan umeen jaiak ospatzen dira.
  • Uztailaren 24a, herriko jai nagusiak, Santa Anaren omenez.[37]
  • Uztailaren 27a, Kuadrilla eguna, herriko kuadrillak egun osoz herrigunean parrandan ibili ohi dira. Bestalde, egun honetan ere santaneroen tradizioa nabarmentzen da, tradizio honetan ospakizun ospetsu bat egiten da, bertan azken urtean zehar ezkondu diren bikoteak (santaneroak) udaletxetik eskutik helduta (zapiz) irteten dira (emakumeek zetazko xala daramate) eta Ordiziako plaza nagusian dantza egiteen dute, ondoren herriaren kaleak zeharkatzen dituztelarik.
  • Euskal jaiak, irailaren lehenengo asteko osoko asteazkenean. Ganadu, barazki eta fruituen erakustazoka burutzeaz gain, Euskal Herria osoan ospetsua den Ordiziako Ardi Latxa Gazta Txapelketa burutu ohi da.[37]
  • Abenduan, eguberri ondorengo asteazkenean ere Azoka Berezia edo Neguko Azoka ospatu ohi da.[37]
 
Santaneroen eskudantza, emakumezkoak Manilako mantoiez jantzita.

Jai hauen artean ospe berezia du Santa Ana egunean, uztailaren 27an, egiten den Santaneroen kofradiakoen esku-dantza, 1509. urtetik ospatzen den tradizioa. Egun honetan aurreko jaitik izandako urtebetean ezkondutako bikoteak Udaletxean elkartzen dira, emakumeak Manilako Mantoia daramatelarik, eta alkatea aurrean jarrita taldea Parrokiara hurbiltzen da. Elizkizunaren ondoren, Udaletxera itzultzen dira eta hamaiketako baten hondoren akten liburu zaharrean sinatzen dute alkateak eta maiordomoak, Santaneroak du izena liburu horrek eta 1792koa da. Momentua iristen denean alkatea enparantzara jaitsi eta Santanazaleak diren senar gazteei eskua eman ostean ohiturazko Santanazaleen Aurreskuari ekiten zaio.[38]

 
Sujetoenea

Ordiziako ereserkia

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Bernardo Alberro»

Ordiziak badu bere ereserkia, gehienbat uztaileko jai nagusietan edota ordiziarrek jai egiten dutenean abestua, Bernardo Alberro musikagile eta akoodeoi-jotzaileak konposatua[39].

Ordiziarrak gera,
ordiziarrak gera gu!

Agur herriari,
agur eiten diogu,

alaitasuna guk,
ordiziarrok badegu,

okasio bat ta lan alde batera,
utzi ta festa nahi degu![40]

Abesti horretaz gain Ordiziak martxa dotorea du. Gurrutxaga maisuaren obra bikaina Gipuzkoako martxa hoberenatzat jotzen da. Obrak 6 minutu inguru irauten du eta Ordiziako Danborradaren amaiaeran jotzen da urtero. Maisulanaren benetako izena "Marcha de Villafranca" da, baina Ordiziako martxa izenez ere ezagutzen da.

 
Muxika dorretxea

Ondasun nabarmenak

aldatu
Ikus zerrenda: «Ordiziako kultura ondasunak»
 
Botika
 
Barrena jauregia

1996ko martxoaren 12an, Eusko Jaurlaritzak kultura ondasun izendatu zuen Ordiziako Alde Zaharra, monumentu-multzo sailkapenarekin.[50][51]

Bestelako eraikinak eta parkeak

aldatu

Alde zaharretik kanpo eta udalerrian zehar kokatuak dauden beste hainbat eraikin eta leku nabarmenak honako hauek dira:

 
Abaria jauregia

Monumentuak

aldatu

Ordiziar ospetsuak

aldatu
 
2007ko Santanazaleen esku-dantza, Ordiziako plaza nagusian, azokapean.
 
Joseba Rezolaren jaiotetxean ezarririk dagoen oroitarria.

Argazki galeria

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. a b c d e f g Euskal Herriari Begira. Udalbiltza.
  2. «Kaleko erabilera herrialdez herrialde» Euskararen erabilera (Wikipedia).
  3. «Etxeko erabilera» Euskararen erabilera (Wikipedia).
  4. Mendiguren Elizegi, Xabier. (1997-10-03). «Ordizia super-euskalduna» Goierritarra (122): 5. (Noiz kontsultatua: 2024-03-19).
  5. Administrator. «Liburutegia» ORDIZIAKO UDALA (Noiz kontsultatua: 2020-06-28).
  6. Administrator. «Herri Antzokia» ORDIZIAKO UDALA (Noiz kontsultatua: 2020-06-28).
  7. Administrator. «San Jose egoitza» ORDIZIAKO UDALA (Noiz kontsultatua: 2020-06-28).
  8. Administrator. «Majori Kiroldegia» ORDIZIAKO UDALA (Noiz kontsultatua: 2020-06-28).
  9. Administrator. «Alotza Udal Haur Eskola» ORDIZIAKO UDALA (Noiz kontsultatua: 2020-06-28).
  10. Administrator. «Goierri Hasierako Lanbide Prestakuntzako Ikastetxe Publikoa (HLPIP)» ORDIZIAKO UDALA (Noiz kontsultatua: 2020-06-28).
  11. Administrator. «Oianguren Bigarren Hezkuntzako Institutua (BHI)» ORDIZIAKO UDALA (Noiz kontsultatua: 2020-06-28).
  12. Administrator. «Urdaneta Haur eta Lehen Hezkuntza Ikastetxea (HLHI)» ORDIZIAKO UDALA (Noiz kontsultatua: 2020-06-28).
  13. Administrator. «Jakintza Ikastola Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntza Ikastetxe Pribatua (HLBHIP)» ORDIZIAKO UDALA (Noiz kontsultatua: 2020-06-28).
  14. Administrator. «Goierri Bigarren Hezkuntzako Ikastetxe Pribatua (BHIP)» ORDIZIAKO UDALA (Noiz kontsultatua: 2020-06-28).
  15. Administrator. «Goierri Goi Eskola Politeknikoa (Mondragon Unibertsitatea)» ORDIZIAKO UDALA (Noiz kontsultatua: 2020-06-28).
  16. Administrator. «Ordizia HEO (Hizkuntza Eskola Ofiziala)» ORDIZIAKO UDALA (Noiz kontsultatua: 2020-06-28).
  17. Administrator. «Fundación Su Eskola Gipuzkoa Fundazioa» ORDIZIAKO UDALA (Noiz kontsultatua: 2020-06-28).
  18. Administrator. «Ordizia Musika Eskola Pribatua (MEPR)» ORDIZIAKO UDALA (Noiz kontsultatua: 2020-06-28).
  19. «Ordizia - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-09-19).
  20. «Ahotsak.eus, Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea» www.ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-09-19).
  21. a b c «Web Eustat. Ordiziako datu estatistikoak» eu.eustat.eus (Noiz kontsultatua: 2020-06-28).
  22. a b c ««Ardura sentsazio hori badut, baina ez nau beldurtzen, ez nau itotzen»» Goierriko Hitza 2011-07-06 (Noiz kontsultatua: 2020-06-28).
  23. a b c «Jose Miguel Santamariak agintea hartu du Ordizian, Igor Egurenen eskutik» Goierriko Hitza 2015-06-13 (Noiz kontsultatua: 2020-06-28).
  24. Telebista, Euskal Irrati. (2019-06-15). «PSEk eta EAJk ituna bete eta Andoaingo eta Pasaiako alkatetzak eskuratu dituzte» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2020-06-28).
  25. a b «Adur Ezenarrok aginte aldaketa gauzatu du Ordiziako Udalean» Goierriko Hitza 2019-06-15 (Noiz kontsultatua: 2020-06-28).
  26. a b ««Etorkizuneko Ordizia eraikitzeko ari gara lanean»» Goierriko Hitza 2019-11-22 (Noiz kontsultatua: 2020-06-28).
  27. «Udal hauteskundeetarako Goierriri 208 zinegotzi egokitu dizkio Espainiak» Goierriko Hitza 2019-03-05 (Noiz kontsultatua: 2020-06-28).
  28. a b (Gaztelaniaz) «Base de datos de Alcaldes y Concejales:: Ministerio de Política Territorial y Función Pública ::» www.mptfp.gob.es (Noiz kontsultatua: 2021-01-10).
  29. a b c d (Gaztelaniaz) «ORDIZIA - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2021-01-20).
  30. (Gaztelaniaz) «El 'estratega' que fue alcalde de Ordizia, toca la tuba y ama el rugby» El Diario Vasco 2011-02-06 (Noiz kontsultatua: 2021-04-25).
  31. «Antolaketa politikoa» ORDIZIAKO UDALA (Noiz kontsultatua: 2021-05-11).
  32. «Goierrikoa - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-09-17).
  33. «Ahotsak.eus, Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea» www.ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-09-17).
  34. a b «Ordizia - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-09-17).
  35. «Erdialdekoa - Gipuzkera - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-09-17).
  36. .
  37. a b c Administrator. «Festak eta jaialdiak» ORDIZIAKO UDALA (Noiz kontsultatua: 2020-06-28).
  38. dantzancom. «Santaneroen esku-dantza» dantzan.eus (Noiz kontsultatua: 2024-03-16).
  39. El compositor y acordeonista Bernardo Alberro será el encargado de lanzar el txupinazo de las fiestas de Santa Ana. Ordizia.eus (Gaztelaniaz)
  40. Ordiziarrak gera gu kopia. Jakintza.net
  41. «Abaria etxea. Ondarea. Euskal Ondare Kulturalaren Informazio Sistemaren hasiera orria» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2020-06-28).
  42. «Barrena jauregia. Ondarea. Euskal Ondare Kulturalaren Informazio Sistemaren hasiera orria» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2020-06-28).
  43. «Ibarbia etxea. Ondarea. Euskal Ondare Kulturalaren Informazio Sistemaren hasiera orria» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2020-06-28).
  44. Ordiziako Udalaren webgunea
  45. «Igokundeko Ama Birjinaren eliza . Ondarea. Euskal Ondare Kulturalaren Informazio Sistemaren hasiera orria» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2020-06-28).
  46. a b c Administrator. «Zer ikusi» ORDIZIAKO UDALA (Noiz kontsultatua: 2020-06-28).
  47. «Consistorial etxea. Ondarea. Euskal Ondare Kulturalaren Informazio Sistemaren hasiera orria» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2020-06-28).
  48. «Azoka. Ondarea. Euskal Ondare Kulturalaren Informazio Sistemaren hasiera orria» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2020-06-28).
  49. «Zabala jauregia. Ondarea. Euskal Ondare Kulturalaren Informazio Sistemaren hasiera orria» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2020-06-28).
  50. Monumentu-multzo izendapena EHAAn
  51. «Ordiziako Hiri Historikoa. Ondarea. Euskal Ondare Kulturalaren Informazio Sistemaren hasiera orria» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2020-06-28).
  52. «Beti Alai frontoi-estalia. Ondarea. Euskal Ondare Kulturalaren Informazio Sistemaren hasiera orria» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2020-06-28).
  53. «San Bartolome baseliza. Ondarea. Euskal Ondare Kulturalaren Informazio Sistemaren hasiera orria» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2020-06-28).
  54. «Zabale baserria. Ondarea. Euskal Ondare Kulturalaren Informazio Sistemaren hasiera orria» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2020-06-28).

Kanpo estekak

aldatu
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Ordizia