Johann Sebastian Bach
- Artikulu hau musikagileari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Bach (argipena)».
Johann Sebastian Bach[1] (Eisenach, 1685eko martxoaren 31greg./martxoaren 21ajul. - Leipzig, 1750eko uztailaren 28a) Barroko garaiko alemaniar konpositore, musikari, orkestra-zuzendari,kapera-maisu, abeslari, irakasle eta organo-jotzailea izan zen, historiako musikari familia onenetako baten kidea. Inoiz izan den konpositore handienetakotzat hartzen da askotan, bere lanen edertasunagatik ez ezik kopuruagatik ere bai. Hortaz, inspirazio iturri izan zen hainbat musikarirentzat, hala nola Mozart, Mendelssohn, Schumann, Liszt, Brahms, Mahler edota Schönberg.
Historiako musikari familia garrantzitsu bateko kide garrantzitsuena izan zen, 35 konpositore ospetsu baino gehiagorekin: Bach familia. Europa osoan, organo-jotzaile eta klabezin-jotzaile gisa ospe handia izan zuen bere teknika handiagatik eta, teklatuan, musika inprobisatzeko zuen gaitasunagatik. Organo eta klabezinaz gain, biolina eta ganba-biola jotzen zituen.
Bachen konposizioek (hala sakratu nola sekularrek, abesbatza, orkestra eta instrumentu bakarlarientzakoek) Barrokoaren sorkuntza-ildo ugari bildu zituzten, eta, aro hori, bere heldutasunera eraman. Forma berririk sortu ez bazuen ere, alemaniar estiloa aberastu zuen kontrapuntuaren teknikaz, harmoniaren eta motiboen antolamenduaren gainean zeukan kontrol paregabeaz eta atzerriko (batez ere, Frantzia eta Italiako) erritmo eta formen egokitzapenaz.
Bere lan emankorra musika barrokoaren gailurtzat hartzen da; bere sakontasun intelektuala, perfekzio teknikoa eta edertasun artistikoa nabarmentzen da, baita bere garaiko eta iraganeko nazio-estiloen sintesia ere. Bach kontrapuntuaren artearen azken maisu handitzat jotzen da, eta inspirazio eta eragin iturri ondorengo konpositore eta musikarientzat, hala nola Joseph Haydn, Wolfgang Amadeus Mozart, Ludwig van Beethoven, Felix Mendelssohn, Robert Schumann eta Frédéric Chopin, beste askoren artean.
Bere lan ezagunenen artean daude: Brandeburgoko kontzertuak, BWV 1046-1051; Das wohltemperierte Klavier; Meza si minorrean, BWV 1046-1051; Fuga txikia sol minorrean, BWV 578; Matthäus-Passion (Pasioa San Mateoren arabera), BWV 244; Fugaren artea, BWV 1080; Musikalisches Opfer (Musika eskaintza), BWV 1079; Goldberg bariazioak, BWV 988; Tocata eta fuga re minorrean, BWV 565; zenbait kantata-ziklo (besteak beste, Wachet auf, ruft uns die Stimme, BWV 140, eta Herz und Mund und Tat und Leben (Bihotza, eta ahoa, eta ekintza eta bizitza) BWV 147 ospetsuak), Concerto nach Italienischem Gusto (Kontzertu italiarra), BWV 971; Ouvertüre nach Französischer Art (Obertura estilo frantsesean), BWV 831; Seis Suites a Violoncello Solo senza Basso (Biolontxelo solorako suitak), BWV 1007-1012; Sei Solo - a violino senza basso accompagnato (Biolontxelo solorako suitak), BWV 1001-1006; Klabezin kontzertuak, BWV 1052-1065, eta Orkestrarako suiteak, BWV 1066-1069.
Bizitza
aldatuFamilia
aldatuJohann Sebastian Bach garai guztietako musika familia nabarienetako bateko kide izan zen. Berrehun urte baino gehiagoz, bachtarren familiak interprete eta konpositore onak sortu zituen. Garai hartan, Eliza luteranoak, tokiko gobernuek eta aristokraziak ekarpen nabaria egiten zuten musikari profesionalen prestakuntzarako, bereziki Turingia eta Saxoniako ekialdeko printze hautesleen aldetik. Bere aita, Johann Ambrosius Bach, biolinista eta tronpetista talentuduna zen Eisenachen, Turingian, 6.000 biztanle inguru zituen hirian. Postu horretan, musika profanoaren antolaketa eta elizako musikan parte hartzea sartzen zen. Johann Sebastianen osaba-izebak musikari profesionalak ziren denak, gorteko organista eta ganbera-musikarietatik hasi eta konpositoreetaraino. Bach bere familiaren lorpen musikalen jakitun zen, eta, 1735 inguruan, genealogia bat zirriborratu zuen, Ursprung der musikalisch-Bachischen Familie (Bach familia musikalaren jatorria), bere familiako musikari arrakastatsuen belaunaldien historia bilatuz[2].
Lehen urteak (1685-1703)
aldatuJohann Sebastian Bach Eisenachen jaio zen 1685eko martxoaren 21ean[oh 1], Scarlatti eta Händel sortu ziren urte berean; zazpi belaunalditan, 52 musikari garrantzitsu eman zituen Bach familiak. Maria Elisabetha Lämmerhirt eta Johann Ambrosius Bachen arteko ezkontzako zortzigarren semea izan zen (seme zaharrenak 14 urte zituen Johann Sebastian jaio zenean)[3][4], ziur aski biolina eta musikaren teoriaren oinarriak jotzen irakatsi ziona[5]. Osabak, Johann Christoph Bachek, organoaren praktikan sartu zuen.
Ama 1694an hil zen, Johann Sebastianek bederatzi urte zituela, eta aita, zortzi hilabete geroago[6]. Hamar urteko umezurtza zela, Ohrdrufeko San Migel elizako (Michaeliskirche) organo-jotzaile zen Johann Christoph anaia zaharrenarekin bizitzera eta ikastera joan zen[7]. Bertan, musika kopiatu, ikasi eta interpretatzen zuen, anaiarena barne, nahiz eta hori egitea debekatuta egon partiturak oso baliotsuak eta pribatuak zirelako eta mota horretako papera garestia zelako[8][9]. Musika teoria eta konposizioa ikasi zituen organoa jotzeaz gain, eta anaiaren lezioak jaso zituen, eta klabikordioaren interpretazioan trebatu zen. Johann Christophek garaiko Alemania hegoaldeko konpositore handien lanak ezagutarazi zizkion, hala nola Johann Pachelbel (Johann Christophen maisu izan zena)[10] eta Johann Jakob Froberger; Alemania iparraldeko konpositoreen lanak[11], baita Jean-Baptiste Lully, Louis Marchand eta Marin Marais frantziarrenak ere. Halaber, garai horretan, teologia, latina, greziera, frantsesa eta italiera ikasi zituen herriko gimnasioan (irakaskuntza ertaineko institutuan)[12].
Hamalau urterekin, Johann Sebastian Lüneburgeko San Migel Eskola ospetsuan saritu zuten koru ikasketak egiteko matrikula batekin eta, bera baino zaharragoa zen Erdmannekin, ikastetxeko bere lagunarekin, batera, Hanburgoko (Erromatar Inperio Santuko hiririk handienetako bat)[13] itsas portutik ez oso urrun. Horrek bidaia luze bat eskatzen zuen, neurri batean oinez eta beste zati batean karrozan egin zuena bere lagunarekin, ziurtasunez ezagutzen ez den arren. Ez dago haren bizitzako garai horretako erreferentzia idatzirik, baina badirudi eskolan eman zituen bi urteak erabakigarriak izan zirela, Turingian bizi izandako aldia baino, Europako kulturaren paleta zabalago baten eraginpean egon zelako. Koruan, a capella abesteaz gain, litekeena da organoa hiru teklatu eta bere klabizenbaloekin jotzea. Beharbada, Alemania iparraldeko nobleen semeekin jarri zen harremanetan, eskola selektibo horretara bidaltzen baitzituzten euren karrera diplomatiko, gobernuko edota militarretan prestatzeko[12].
Horren froga historiko gutxi dauden arren, ia ziurra da Lüneburgen egindako egonaldian Bach gazteak San Juan eliza (Johanniskirche) bisitatu zuela eta elizako organo ospetsua entzun zuela (eta, beharbada, baita jo ere). Organo hori, 1549an Jasper Johannsenek eraikia zen, eta «Böhmen organoa» izenaz ezagutzen zen, haren interpretatzaile nabarienaren ohorez. Tresna horren soinu-prestazio indartsuak inspira zezakeen haren Tocata eta fuga re minorren, BWV 565 obra indartsua. Haren berezko talentu musikala zela eta, litekeena da Lüneburgen garaiko organista nabarmenekin kontaktu esanguratsua izatea, bereziki Georg Böhmekin (Johanniskircheko organista), baita gertuko Hanburgoko organo-jotzaileekin ere, Johann Adam Reincken eta Nicolaus Bruhns kasu[14]. Musikari horiekin izandako harremanari esker, Johann Sebastianek ordu arte jo zituen instrumenturik handienetara eta zehatzenetara iristeko aukera izan zuen. Garai horretan, Alemania iparraldeko organo tradizio akademiko musikarekin ohitu zen, bereziki Dietrich Buxtehude organistaren lanarekin, Lübeckeko Santa Maria elizan eta musikari horien esku zeuden eskuizkribu musikalekin eta teoria musikaleko tratatuekin[15].
Mullhausen (1703-1708)
aldatu1703an, hemezortzi urterekin, Johannek Ernst Weimarko printzearen ganbera-orkestrako biolin-jotzaile aritzea lortu zuen, eta, hilabete batzuk geroago, Arnstadtko San Bonifazioko organo-jotzaile izendatu zuten. Bertan ondu zuen bere lehen kantata, 1704an, eta berehala hartu zuen organo-jotzaile onaren ospea. 1705eko urrian, Dieterich Buxtehude daniar organo-jotzaile handia entzuteko Lübeckera joanda, kargua galdu zuen, bidaia baimenik gabe egiteagatik. 1707an, Mühlhausenden organo-jotzaile zelarik, kantata gehiago idatzi zituen (Actus tragicus eta Gott ist mein König, besteak beste). Maria Barbara (1684-1720) lehengusinarekin ezkondu zen urte berean, eta zazpi seme-alaba izan zituzten[4].
Weimar (1708-1717)
aldatu1708an, Wilhelm Ernst printzeak deiturik, Weimarrera aldatu zen, eta, han, organo eta biolin-jotzaile aritu zen bederatzi urtez, 1717 arte. Bachi zoriona ekarri zion garai hartakoak dira organorako idatzi zituen lan ugari, kantatak eta klaberako piezak eta kontzertuak, hileta-elizkizuneko Gottes Zeit ist die allerbeste Zeit kantata ezaguna barne. Weimarren, Italiako musika ezagutu zuen: Tomaso Albinoni, Giovanni Legrenzi, Arcangelo Corelli, Francesco Antonio Bonporti, Antonio Vivaldi, Girolamo Frescobaldi[4].
Köthen (1717-1723)
aldatu1717an, Leopoldo Anhalt printzeak deiturik, Köthena aldatu zen. Printze kalbinista eta musikari fin horren gortean iritsi zen heldutasunera Bachen lana. Garai hartakoak dira: Klaberako fantasia kromatikoa eta fuga; Suite ingelesak, Suite frantsesak; Clavierübung lan didaktikoa; bi biolin kontzertu (la minor eta mi maiorrean); bi biolinetarako kontzertua (re minorrean); Brandeburgoko sei kontzertuak (1721), Brandeburgoko Christian Ludwig printzeari eskainiak. 1720an, emaztea hil zitzaion, eta, handik hilabete batzuetara, Anna Magdalena Wülken (1701-1760) sopranoarekin ezkondu zen, eta hamahiru seme-alaba izan zituzten[4].
Leipzig (1723-1750)
aldatu1723an, Leipzig hiriko Tomasschule eskolako kantore izendatu zuten; musika irakasteaz gainera, lau elizetan astero interpretatzen zen musika sortu behar izan zuen bost urtean zehar, aldi berean kantu ikasle bihurriz osaturiko korua eta orkestra txiki bat zuzentzen zituelarik[4]. Halaber, lanpostuak latina irakastera behartzen zuen, baina, azken eginkizun horretan, ordezkari bat aritzea baimendu zioten. Prestigio handiko kargua zen, eta, Arnstadt eta Mühlhausenen eman zituen bolada laburrez aparte, horixe izan zuen lehenbiziko lanpostu publikoa, ordu arte gehienbat aristokraziarentzat jardun baitzuen.
27 urtez eutsi zion lanpostu horri, hots, hil arte. Urte horietan, bere nagusia zen Leipzigeko Kontseiluaren ika-mika politikoak bizitzea suertatu zitzaion. Izan ere, kontseilua bi taldek osatzen zuten: batetik, absolutistak, Augusto II.a Dresdengo errege saxoiaren leial zirenak eta, bestetik, Leipzigeko merkatari, gremio eta aristokrata xeheren interesak ordezkatzen zituen taldeak. Bach erregezaleek izendatutakoa zen, bereziki, garai hartan alkate zenak. Bach izendatzearekin ados egotearen truke, hiriko interesak ordezkatzen zituen alderdiari eskolaren gaineko kontrola eman zitzaion, eta Bach behartuta aurkitu zen bere lan baldintzei zegozkien nondik norako batzuetan amore ematera. Nahiz eta badirudien kontseilukideetako inork ez zuela zalantzan jartzen Bachen gaitasun musikala, tirabira etengabeak izan ziren kantorearen (hiriko eliza, musika kontuetan, buruzagitzat jotzen baitzuen bere burua) eta hiriko ordezkarien fakzioaren artean (eskola-zuzendari soiltzat jotzen baitzuen Bach, eta bai eskolan, bai elizetan oso musika landua egiteari garrantzia kendu nahi baitzion).
Hirurehun kantata inguru ondu zituen urte haietan; horietatik 200 bat iritsi dira gaur egunera arte. Urte luteranoko igande eta jaiegun bakoitzeko Itun Berriko irakurgaiek osatzen dute kantata gehienetako gaia. Horietako batzuk konposatzeko, eliza-kantu tradizionalak erabili zituen inspirazio-iturri gisa, hala nola Wachet auf, ruft uns die Stimme, Nun komm, der Heiden Heiland eta Wie schön leuchtet der Morgenstern. Lan horien proba-saioak eta emanaldiak Santo Tomas elizan egiteko, Kontseiluak zortzi instrumentista iraunkor besterik ez zizkion jarri eskura; beraz, konposizio lan ertain eta handietarako beharrezkoak ziren hogei instrumentistak unibertsitatetik, Thomasschuletik edo jendartetik lortu behar izaten zituen Bachek.
1729tik 1740ra bitartean, Georg Philipp Telemannek 1704an sorturiko Collegium Musicum zuzendu zuen astero kontzertu bat emanez. 1728ra arte Köthen Etxeari lotua, 1723-1736 urte bitartean Weissenfels Etxeko kapera-maisu izan zen. Carl Philipp Emanuel semearen eskariz, Frederiko II.a Handia, Potsdamen, bisitatzera abiatu zen 1747an, eta, harrezkero, bere Musika eskaintza errege hari eskaini zion. Lanarekiko mendekotasuna, familiako nahigabe larriak eta egin zituen bidaiak gorabehera, garai hartan idatzi zituen bere lanik bikainenetako zenbait: Magnificat (1723); Nekaldia San Joanen arabera (1723); Nekaldia San Mateoren arabera (1729); Nekaldia San Markoren arabera (1731); Meza si minorren (1732-1737); Eguberriko Oratorioa (1734); 21 koral (1739); Clavierübung, lau liburu (1726-1742). Fugaren artea (1749) lantzen ari zela osasun gainbehera larria jasan zuen, eta ikusmena galdu zuen. 1750eko uztailaren 28an hil zen[4].
Heriotza (1750)
aldatu1749ko urtarrilean, konpositorearen alaba, Elisabeth Juliane Friederica, Johann Christoph Altnickol beraren ikaslearekin ezkondu zen. Bachen osasunak okerrera egin zuen. Ekainaren 2an, Heinrich von Brühl-ek Leipzigeko burgomaisuetako bati idatzi zion esanez: «Bach jaunaren [...] balizko heriotzaren aurrean», beraren musika zuzendariak, Gottimo Harrer-ek, thomaskantor eta musika zuzendariaren karguak har zitzala. Pixkanaka, gero eta itsuago geratzen ari zen; beraz, John Taylor zirujau britainiarrak ebakuntza egin zion Leipzigera martxoan egindako bisita batean, eta berriro ere 1750eko apirilean[16].
Bachen azken lana, Vor deinen Thron tret ich hiermit, BWV 668, izenburu zuen organorako preludio koral bat izan zen, beraren suhia zen Johann Christoph Altnickoli eskainia hil ohetik. Amaierako kadentziaren hiru pentagramen oharretan, germaniar izendapenaren arabera irakurrita, «JSB» inizialak daude[17].
Johann Sebastian Bach 1750eko uztailaren 28an hil zen, 65 urte zituela[18]. Garaiko egunkari batek jakinarazi zuenez, «operazio ez oso arrakastatsuaren zorigaiztoko ondorioak» izan ziren haren heriotzaren arrazoia. Historialari modernoek diotenez, berriz, apoplexia batek eragin omen zion heriotza, pneumonia batek konplikatuta[19][20][21]. Gaur egun, uste da tratatu gabeko diabetesak eragin ziola itsutasuna[22]. Mediku batzuen arabera, blefaritisa zuen, haren azken urteetako erretratuetan antzeman daitekeen begietako gaixotasuna.
1751n, Carl Philipp Emanuel, konpositorearen semea, arduratu zen Fugaren artea, BWV 1080, oraindik amaitu gabe zegoena, argitaratzeaz[23]. Johann Friedrich Agricola konpositorearen ikasle ohietako batekin batera, heriotza-oharra ere (Nekrolog) semeak idatzi zuen, 1754an Mizlerren Musikalische Bibliothek-en argitaratu zena[24].
Bach hil eta hilabete batzuetara egindako inbentario batek erakusten duenez, bere ondarean zeuden: bost Klabizenbalo, bi giltza-laute, hiru biolin, hiru biola, bi biolontxelo, viola da gamba bat, laute bat, espineta bat eta berrogeita hamabi «liburu sakratu», tartean Martin Lutero eta Flavio Joseforen lanak[25]. Leipzigeko San Juan hilerri zaharrean lurperatu zuten. Haren hilobia ia ehun eta berrogeita hamar urtez egon zen identifikatu gabe, harik eta, 1894an, hilkutxa aurkitu eta San Juan elizako kripta batera eraman zuten arte. Eraikin hori Bigarren Mundu Gerran aliatuek egindako bonbardaketa batean suntsitu zen; horregatik, 1950etik, Johann Sebastian Bachen gorpuzkiak Leipzigeko Santo Tomas elizako hilobi batean daude[18].
Obra
aldatuEstiloa
aldatu
|
|
Arazoak fitxategi hauek entzuteko? Ikus multimedia laguntza. |
Bachen lana ondo bereizitako hiru aldi handitan bana daiteke, bere garaiko estiloen eraginek eta asimilazioak, bere estilo pertsonalaren garapena, bilaketa eta bilakaera, eta bete zituen lanpostu profesionalak markatuak[26].
Lehen aldia, ikaste-aldia, 1700etik 1713ra bitartekoa da, Weimar-en zegoelarik; hartan, teklaturako musika eta eliz kantatak idatzi zituen, eta bere estiloa osatu zuen, aurreko Europako musika klasikoaren tradizio osoa laburbiltzen zuena: Giovanni Pierluigi da Palestrinaren garaian finkatutako polifonia klasikoa; Girolamo Frescobaldiren lehen barrokoa; XVII. mendeko musika frantsesa eta haren garaiko autore alemaniar eta italiarren musika; horietako batzuk dira Dietrich Buxtehude, Johann Pachelbel eta Antonio Vivaldi[26]. Azken horrengandik, obrak kopiatu eta egokitu zituen gaztetatik: hala egin zuen Weimarren, non, dukeari esker, haren lan batzuk, BWV 592-597 eta BWV 972-987 kontzertuak, moldatu ahal izan zituen[27]. Bachek bazuen konpositore garaikideengan interesa ere, haiek ikasten baitzituen eta haietako askorekin harreman pertsonal zuzena izan baitzuen. Horien artean daude Jan Dismas Zelenka, Johann Mattheson, Georg Philipp Telemann, Reinhard Keiser eta , besteak beste[28].
Bigarren aldia, dagoeneko erabat heldua, 1713an hasi zen Weimarren, eta 1740an amaitu, jada Leipzigen kokatua. Bachek bere garaiko bi estilo nagusiak menperatzen zituen: frantsesa eta italiarra (progresio harmonikoak) jada erabat tonalak, argitasun melodikoa eta dinamismo erritmikoa, eta, izatez, italiar kontzertuak eta suite frantsesak eragin handia izan zuten haren ekoizpenean[28]. Bere lanetan, bien elementu horiek sintetizatu zituen alemaniar ezaugarri autoktonoekin batera, hala nola kontrapuntu eta barne-testura konplexua eta korala, bere erlijio-lanetan asko erabiltzen duena. Horretatik guztiagatik, erraz ezagutzeko moduko estiloa da, modernoa, baina iraganean sustrai garbiak dituena[27]. Leipzigen eta Köthen-en bere estilo pertsonala landu ondoren, nagusitasun tekniko sakona lortu zuen[26]. Horrela erabili zituen organoaren alemaniar teknika eta formak (tokatak, preludioak, fugak, koralak), klabearen frantsesak (suiteak, oberturak) eta biolinaren italiarrak (kontzertuak, sonatak, sinfoniak)[27].
Bere musikaren azken aldia Clavier Übung III.a argitaratu zuenetik (1739), 1750ean hil zen arte doa. Etapa horretan Das wohltemperierte Klavier (Fugaren artea) konposatu zuen. Bere bizitzako azken urteetan —Alemanian, dagoeneko, Ilustrazioaren estetikak menderatuta—, bere obra zaharkitua, idorra, zaila eta apaingarriz betea kontsideratzen zen. Garai hartan, instrumentu-lan bereziki trinkoak idatzi zituen, Beethovenek aurrerago egingo zuen moduan, eta bere estilo pertsonala kontrapuntistikoagoa bihurtu zen, galant musika berriaren edo garai hartan sortzen ari zen estilo aurre-klasikoaren eragin txiki batekin baino ez, zeina izaera homofonikoez bereizten baitzen, eta Bachek erabiltzen zuen kontrapuntu kargatua ez zuen ia erabiltzen[26]. Horrela, 1737ko maiatzaren 14an, Johann Adolph Scheibek, pentsaera ilustratu berriaren musika kritikariak, gogor kritikatu zuen Bachen musika Der Critischer Musikusen: «bere piezak oso zailak dira jotzeko, bada, klabezinean jo dezakeena eskatzen baitiete abeslari eta instrumentistei eztarri eta instrumentuekin egitea»[29].
Bere garaiko ia genero eta forma guztietan idatzi zuen, instrumentu- eta ahots-konbinazio askotan. Guztietan lan aipagarriak burutu, eta egin zituen, eta genero berriak ere sortu zituen, esaterako, teklaturako eta instrumentu baterako sonata[27]. Salbuespen bakarra opera izan zuen[26], genero horrentzat ez baitzuen ezer konposatu, nahiz eta XVIII. mendeko opera serioaren hizkuntza eta eragina presente dauden bere ahots-ekoizpen osoan[27]. Operaren eragina, hala ere, batez ere kantatetan, pasioetan eta oratorioetan islatzen da. Schweigt stille, plaudert nicht, BWV 211 (Kafe-kantata izenez ezagutzen dena), 1735ekoa, ia opera txiki bat da, eszenan antzezten ez dena, eta bere Pasioak (hala nola San Mateoren Pasioa, BWV 244, 1727koa) osagai operistiko asko dauzkate.
Bachen ondoren, musika-forma batzuk, hala nola pasioak, kantata sakroak, tokatak eta fugak, gero eta gutxiago erabiltzen zituzten konpositore handiek[30]. Hil ondoren, musikak bere obrari lekurik uzten ez zion norabidea hartu zuen; Erdi Arotik zetorren musika ulertzeko modu bati buruzko azken puntua da, zeinean polifoniak harmonia edo tinbrea baino garrantzitsuagoa zen. Baina berritzaile ere izan zen, eta etorkizuneko musikarako bideak ireki zituen: adibidez, teklaturako kontzertuaren lehen maisu handia izan zen. Izan ere, Brandeburgoko 5. Kontzertua, BWV 1050 (1719), non teklatuak ordura arte sekula izan ez zuen bakarlari-papera hartzen duen, teklaturako idatzitako lehen kontzertua dela esan daiteke, zeinaren jarraipenak BWV 1052-1065 (1735) kontzertu sortan izan baitzuen[31][32]. Ildo horretan, Bachek rol nabarmena izan zuen genero horren garapenean[33].
Eragina
aldatuJohann Sebastian Bachek bere denboran musika-jotzaile handia zelako ospea bildu bazuen ere, musikagile gisa eztabaidatua izan zen. Hil ondoren, haren lana ahazturik gelditu zen, harik eta XIX. mendean, Mendelssohn, Hegel eta Schumann-ek berriro haren musika entzun eta argitara eman zuten arte. Tradizioarekiko leiala izanik ere, haren lanak etorkizuneko musika hizkuntzaren lehen elementuak asmatu zituen. Kontrapuntuaren eta harmoniaren maisu izan zen; irudimen melodiko emankorraren jabe, eta, askotan, maisu aleman, frantses eta italiarren lanen gainetik; beraren musika Iparraldearen eta Hegoaldearen sintesia da. Luterotar fededun horren musikak, denbora iragan ahala, adierazpen molde aratz eta abstraktuagoetara jo zuen. Bachekin, musika tonalaren adierazpen ahalmenak goia jo zuen, eta Mendebaleko musikaren garapenerako abiapuntua den aldaketa prestatu zen. Polifonia eta monodia aldizkatuz edo biak aldi berean erabiliz, zorroztasun biluziena eta dotoretasunez beteriko asmamena dira Bachen artearen ezaugarriak[4].
Oharrak
aldatu- ↑ Jaiotza data egutegi juliarrean ematen da hemen. Alemanian oraindik ez zen egutegi gregoriotarra onartu. Gaur egungo egutegiaren arabera, martxoaren 31n jaio zen.
Erreferentziak
aldatu- ↑ Euskaltzaindia. (PDF) 185. arauaː Errenazimentuko pertsona-izenak. .
- ↑ David, Hans T. (Hans Theodore), 1902-1967,. (1966). The Bach reader : a life of Johann Sebastian Bach in letters and documents. (Rev., with a supplement. argitaraldia) W.W. Norton ISBN 0393002594. PMC 600067. (kontsulta data: 2019-10-05).
- ↑ «The Bach Choir of Bethlehem» web.archive.org 2013-01-16 (kontsulta data: 2019-10-05).
- ↑ a b c d e f g Bach, Johann Sebastian. Lur hiztegi entziklopedika, CC-BY 3.0 lizentzia, euskara.euskadi.eus (kontsulta data: 2018-3-7).
- ↑ Boyd 2000, 6 orr. .
- ↑ Miles 1962, 86-87 orr. .
- ↑ Boyd 2000, 7-8 orr. .
- ↑ Mendel, David & Wolff 1998, 299 orr. .
- ↑ Wollf 2000, 45 orr. .
- ↑ Wollf 2000, 19 orr. .
- ↑ Wollf 2000, 46 orr. .
- ↑ a b www.baroquemusic.org (kontsulta data: 2019-10-05).
- ↑ Wollf 2000, 41-43 orr. .
- ↑ Geiringer 1966, 13 orr. .
- ↑ (Gaztelaniaz) País, Ediciones El. (2000-04-02). «Tribuna | ¡Cómo brilla el lucero del alba!» El País ISSN 1134-6582. (kontsulta data: 2019-10-05).
- ↑ (Ingelesez) Hanford, Jan. J.S. Bach: Timeline of His Life. jsbach.org (kontsulta data: 2012-03-08).
- ↑ Geiringer 1966, 256 orr. .
- ↑ a b «Johann Sebastian Bach: a detailed informative biography» (en inglés). baroquemusic.org. Consultado el 19 de febrero de 2012.
- ↑ (Ingelesez) Breitenfeld, Tomislav; Solter, Vesna Vargek; Breitenfeld, Darko; Zavoreo, Iris; Demarin, Vida. (2006-01-03). «Johann Sebastian Bach's Strokes» Acta Clinica Croatica (Sisters of Charity Hospital) 45 (1) (kontsulta data: 2008-05-20).
- ↑ (Ingelesez) Baer, Ka.. (1956). «Johann Sebastian Bach (1685-1750) in medical history» Bulletin of the Medical Library Association (Medical Library Association) 39 (206).
- ↑ (Ingelesez) Breitenfeld, D.. (2000). «The pathography of Bach's family» Alcoholism 36.
- ↑ (Ingelesez) Did Bach die of diabetes?. (kontsulta data: 2020-05-01).
- ↑ (Ingelesez) «Did Bach really leave Art of Fugue unfinished?» The Art of Fugue (American Public Media) (kontsulta data: 2014-03-28).
- ↑ (Alemanez) Bach, Carl Philipp Emanuel; Agricola, Johann Friedrich. (1754). «Nekrolog» Musikalische Bibliothek (Leipzig: Mizlerischer Bücherverlag) IV.1: 158-173.. Ingeleserako itzulpena inprimatuta: Mendel, David eta Wolff, 1998, or. 299
- ↑ Mendel, David & Wolff 1998, 191-197 orr. .
- ↑ a b c d e Boyd & Andrés 2001, 181-183 orr. .
- ↑ a b c d e Llinas, Julian. (1982). La música a través de la historia. Enciclopedia Salvat, 27 or. ISBN 84-345-7998-7..
- ↑ a b Martínez Miura 1998, 20-22 orr. .
- ↑ (Alemanez) Scheibe, Johann Adolph. (1738). Der Critischer Musikus. I, 46 or.
Aipua: «So sind seine Stücke überaus schwer zu spielen; denn er verlangt, die Sänger und Instrumentalisten sollen durch ihre Kehle und Instrumente eben das machen, was er auf dem Claviere spielen kann.». - ↑ Beltrando-Patier y otros, Marie-Claire. (1996). Historia de la música. Espasa Calpe, 443 or. ISBN 84-269-9610-7..
- ↑ (Ingelesez) Steinberg, Michael. (1998). The Concerto: A Listener's Guide. Oxford, 14 or. ISBN 0-19-513931-3..
- ↑ Hutchings, Arthur. (1997). A Companion to Mozart's Piano Concertos. Oxford University Press, 26 or. ISBN 0-19-816708-3..
- ↑ Schulenberg 2006, 1-2 orr. .
Bibliografia
aldatu- Andrés, Ramón. (2004). Johann Sebastian Bach: Los días, las ideas y los libros. El Acantilado.
- Boyd, Malcolm. (2000). Bach. (3. ed.. argitaraldia) Oxford University Press ISBN 0195142225. PMC 44045654..
- Boyd, Malcolm; Andrés, Ramón. (2001). J.S. Bach edición 250 aniversario. RBA ISBN 84-473-1713-7..
- Butt, John, ed. Vida de Bach. Madrid: Cambridge University Press ISBN 84-8323-121-2..
- Mendel, Arthur; David, Hans T; Wolff, Christoph. (1998). The new Bach reader: a life of Johann Sebastian Bach in letters and documents. (Revised and enlarged. argitaraldia) W.W. Norton & Company ISBN 0393045587. PMC 37801400. (kontsulta data: 2019-10-05).
- Eidam, Klaus. (1999). La verdadera vida de Johann Sebastian Bach. Siglo XXI.
- Geiringer, Karl. (1966). Johann Sebastian Bach : the culmination of an era. ISBN 9780195005547. PMC 1175628. (kontsulta data: 2019-10-05).
- Martínez Miura, Enrique. (1998). Bach Obra Completa Comentada. Peninsular Publishing Company ISBN 8483070340..
- Miles, Russell H.. (1962). Johann Sebastian Bach: An Introduction to His Life and Works. Prentice.
- Vega Cernuda, Daniel S.. (2004). Bach: repertorio completo de la música vocal. Ediciones Catedra S.A. ISBN 8437621887..
- Wolff, Christoph. (2002). Johann Sebastian Bach: El músico sabio. Barcelona: Ma Non Troppo ISBN 84-95601-81-8. (kontsulta data: 2020-08-11).
- Wolff, Christoph. (2000). Johann Sebastian Bach : the learned musician. Oxford University ISBN 019816534X. PMC 46945288. (kontsulta data: 2019-10-05).*
- Wolff, Christoph. (2003). Johann Sebastian Bach: El músico sabio. Tomo II: la Madurez del genio. Barcelona: Ma Non Troppo ISBN 84-95601-85-0. (kontsulta data: 2020-08-11).
- Boyd, Malcolm. (2001). Bach (Master Musicians Series). Oxford University Press, USA ISBN 0195142225..
- Butt, ed. The Cambridge Companion to Bach. Cambridge: Cambridge University Press ISBN 0-521-45350-X..
- Chiapusso, Jan. (1968). Bach's World. Scarborough, Ontario: Indiana University Press ISBN 025310520X..
- Eidam, Klaus. (2001). The True Life of Johann Sebastian Bach. Nueva York: Basic Books ISBN 0-465-01861-0..
- Dürr, Alfred. (2006). The Cantatas of J. S. Bach: With Their Librettos in German-English Parallel Text. Oxford University Press ISBN 978-0-19-929776-4..
- Forkel, Johann Nikolaus. (1920). Johann Sebastian Bach: His Life, Art, and Work. Nueva York: Harcourt, Brace and Howe.
- Geiringer, Karl. (1966). Johann Sebastian Bach: The Culmination of an Era. Nueva York: Oxford University Press ISBN 0195005546..
- Jones, Richard. (2007). The Creative Development of Johann Sebastian Bach: Music to Delight the Spirit Volume 1. Oxford University Press, USA ISBN 0198164408..
- Kupferberg, Herbert. (1985). Basically Bach: A 300th Birthday Celebration. Nueva York: McGraw-Hill Book Company ISBN 0070356467..
- Mendel, Arthur, ed. The New Bach Reader. W. W. Norton & Company ISBN 0393319563..
- Miles, Russell H.. (1962). Johann Sebastian Bach: An Introduction to His Life and Works. Englewood Cliffs (Nueva Jersey): Prentice-Hall, Inc..
- Rich, Alan. (1995). Johann Sebastian Bach: Play by Play. Harper Collins ISBN 0062635476..
- (Ingelesez) Sadie, Julie Anne, ed. Companion to Baroque Music. , 205 or. ISBN 9780520214149. (kontsulta data: 2020-05-01).
- (Ingelesez) Schulenberg, David. (2006). The Keyboard Music of J.S. Bach. Nueva York: Routledge ISBN 0-415-97400-3..
- Schweitzer, Albert. (1935). J. S. Bach. 1 y 2 Nueva York: Macmillan Publishers.
- Spaeth, Sigmund. (1937). Stories Behind the World's Great Music. Kessinger Publishing ISBN 1419113313..
- Spaeth, Sigmund. (1937). Stories Behind the World's Great Music. Nueva York: Whittlesey House.
- Spitta, Philipp. (1899). Johann Sebastian Bach: His Work and Influence on the Music of Germany, 1685-1750 (1. liburukia). Londres: Novello & Co.
- Spitta, Philipp. (1899a). Johann Sebastian Bach: His Work and Influence on the Music of Germany, 1685-1750 (2. liburukia). Londres: Novello & Co.
- Spitta, Philipp. (1899b). Johann Sebastian Bach: His Work and Influence on the Music of Germany, 1685-1750 (3. liburukia). Londres: Novello & Co.
- Van Til, Marian. (2007). George Frideric Handel: A Music Lover's Guide. Nueva York: WordPower Publishing ISBN 0979478502..
- Wolff, Christoph. (1983). The New Grove: Bach Family. Macmillan Publishers ISBN 0333343506..
- Wolff, Christoph. (1991). Bach: Essays on his Life and Music. Cambridge, Massachusetts: Harvard University Press ISBN 0-674-05926-3..
- (Ingelesez) Wolff, Christoph. (2000). Johann Sebastian Bach: The Learned Musician. Oxford University Press ISBN 0-393-04825-X. (kontsulta data: 2020-04-28).
- (Ingelesez) Williams, Peter. (2003). The Life of Bach. Cambridge University Press ISBN 0 521 82636 5. (kontsulta data: 2020-04-28).