Euskalzale
Euskalzale XIX. mendearen bukaeran egindako euskarazko astekari baten izena da, Bilboko Jardines kalean argitaratutakoa 1897ko urtarriletik 1899ko abendua arte. Osoki euskaraz idatzitako lehen aldizkaria izan zen.
Euskalzale | |
---|---|
Mota | Astekaria |
Fitxa teknikoa | |
Hizkuntza | Euskara |
Argitaratze lekua | Bilbo |
Historia | |
Zuzendaria | Resurreccion Maria Azkue |
Erredaktoreak | Evaristo Bustintza "Kirikiño", Txomin Agirre, Felipe Arrese, Pedro Ignazio Barrutia, Biktoriano Iraola |
Bizkaiera idatziaren lekuko ona da, bai eta orduko euskara garbiarena ere, lehenengo alearen azalean ederto azaldu zutenez: "Onetarako alik garbien da errazen agertuko dira euskerazko berbaak. 'Bentanea, sillea, pareta, confesinoia, primerako billetea, ferrocarrileko estazinoia, habitazinoiak, fondak , jardinak' eta euron antzeko berba guztiak oraindisek pilotuten asiko gara; ta iru urte barru, lenago ezpada, euron ordezko berba garbi ederrak zabaldu daizanean, su emongo iako erderada-pilo horreri".
Argitalpenaren zuzendaria Resurreccion Maria Azkue izan zen, eta bertan idatzi zutenen artean, besteak beste, Evaristo Bustintza "Kirikiño", Txomin Agirre, Felipe Arrese Beitia, Pedro Ignazio Barrutia eta Biktoriano Iraola ditugu.