Joan Tartas
Joan Tartas[1] (gaztelaniaz: Juan Tartas; frantsesez: Jean de Tartas), hutsegite bategatik Ivan izenarekin ere ezaguna, (1610 inguru - ?), euskal idazlea izan zen, Ontsa hiltzeko bidia (1666) eta Arima penitentaren occupatione devotaq (1672) aszetika liburuen egilea.
Joan Tartas | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Sohüta, 1610 |
Herrialdea | Zuberoa, Euskal Herria |
Heriotza | ezezaguna (413/414 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea eta apaiz katolikoa |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | Erromatar Eliza Katolikoa |
Bizitza
aldatuHaren bizitzari buruz ezer gutxi dakigu. 1610-1612. urteen bitartean jaio zela uste da. Aurkitu diren informazio iturri urrietan data ugari ageri dira, denak 1610eko hamarkadaren ingurukoak. Aita Sohütako nekazari dirudun bat omen zuen, eta lehen ikasketak Leskarreko (Bearno) Barnabitasen egin zituen 1624n. Sanz de Tartas, Joannes Leizarragaren Bibliaren (1565) zuzentzaileetako bat, beharbada Joanen osaba zaharra izan zela uste da.[2]
Oloroeko Donamaria katedraleko kalonje zela, Arüeko erretore izendatu zuten, eta titulu horrekin izenpetu zituen bere bi obrak. 1662 aldean Mitikile eta Ospitalepeako parrokiak dituela dakigu. Arüen zelarik, bere obra garrantzitsuena eta zabalduena argitaratu zuen: Ontsa hiltzeko bidia, heriotza ona izateko pausoak eta prestakuntzak argitzen dituena. 1673an Arüeko eta Atharratzeko erretoretzat sinatu zuen Oloroeko gotzainari zuzenduriko diskurtsoa. Handik aurrera ez dugu haren bizitzari buruzko beste informaziorik.
Ontsa hiltzeko bidia, 1666an argitaratuta, Joan Tartasen lehen liburua izan zen, eta baita ezagunena ere.
Aszetika liburua da. Bertan ondo hil nahi duenak ondo bizitzen ikasi behar duela azaltzen du, eta ondo bizitzeak noizbait hilko garela oroitzea eskatzen du. Badu ere eranskin txiki bat, euskaraz hainbat otoitz, Jainkoaren eta Elizaren mandatuak, Ama Birjinaren hainbat letania eta irakurleei idatzitako zenbait bertso agertzen dituena.
Bere tesiaren frogagarri gisa, filosofo klasikoen aipuak, Bibliatik jasoak eta kristau-idazleenak tartekatzen ditu: San Agustin, Aristoteles eta Seneka, besteak beste. Erregeen bizitzaren inguruko gertakariak ere kontatzen ditu, maila jasoaz. Beste hainbat etsenplu ere erabiltzen ditu, irakurleari atsegina izateko asmoz. Axularren kutsua ere sumatzen omen zaio. Hala ere, Tartasen prosa Axularrena baina trauskiloagoa eta estilo, edergarri eta baliabideetan txiroagoa da.
Liburuak Europan zehar aurreko mendean zabaldutako salbazio-plangintza indibidualizatzaileari jarraitzen dio.
Badirudi liburuak argitaratzeko arazoak izan zituela, bertan agertzen den lehen aprobazio delakotik azkenera zortzi urteko aldea baitago. Autore paganoen aipuak begirune handiegiz hartu zituen eta etsenplu gordinegiak zerabiltzan, dirudienez. Tartasek Eliza-ohiturak honelakoetan gomendatzen zuen ondozkatzeari muzin eginez, liburuaren lau kapituluak honela antolatu zituen bere hitzetan: "lehenian… paganoen erranaz, bigarrenian lege zaharreko eskritura saindiaz. Hirugarrenean lege berriaz eta elizako doktor saindiaz. Laugarrenian arrazoin diferentez frogatzea: ontsa hiltzeko bidia dela herioaz eta hilziaz orhitzia".
Zati bat
aldatu« | Bekhatoria: considera eçaçu othoy cer erranen den çutaz eta nitaz guré ondoan. Guré ondocoec erranen duté non sorthu guiren, guré bician dituçu guré iugiac edo çeruan edo iffernuan errecompensu edo punitione emaiteco, edo batera edo bertcera condemnateco. Orthoit çaite munduco onetaric estugula deus eré gurequila eramanen guré obrac bayci, onac edo gaixtoac; khana bat edo bigua lur, athorra bat eta mihisse bat, hurs bat edo biga içanen direla guré azquen onac, gure possessioneac eta guré thresonac; handik harat guré gorputça ioanen dela chicharien tripara eta lurthuco eta herrausteko dela eta guré arimaren osatatu çerua edo iffernua içanen dela eta haren lagunac edo demonioac edo aingueruac içanen direla; gratian parti badabi, lencoa segur; bekhatian badoa, deabrua harençat infailliblé. | » |
Arima penitentaren occupatione devotaq (1672)
aldatuOrthezen (Bearno) agertu zen eta bere izenburuak dioen bezalaxe, kristauen gogoeta aszetikoak ditu gai nagusitzat, otoitzaz, barauaz eta amoinaz atal bana duelarik. Orthezen argitaratu zuten, eta seguru asko bertako erret editorearen ezjakintasunaren erruz huts egite ortografiko ugari daude.
Axularren eragina nabari da: adibide, errefrau eta santu ugarik esandakoa aurki dezakegu. Hauxe da obraren banaketa:
- Sarrera: Frantsesez idatzia erregeari; Iruria aipatzen du bertan.
- 1. kapitulua: Otoitzari buruzkoa; horren garrantzia eta non eta nola egin behar den azaltzen du.
- 2. kapitulua: Barauaz dihardu. Frantziako errege baten adibidea jarri ondoren, baraua zer den definitzen du, hausteko lau arrazoi ematen ditu, sei adibide ageri dira eta gorputza zigortzeko beharra adierazten du.
- 3. kapitulua: Amoina definitu, justifikatu, hiru exenplu jarri, bi gertakari azaldu eta beste hiru istorio azaltzen ditu.
Zati bat
aldatu« | Neure adeskidia, igaren urthian egin dut eta ezarri argira libruto bat euskaraz, zoiñen izena baita Ontsa hiltzeko bidia eta konprenitzen baititu ontsa hiltzeko moienak, han ageri den bezala. Geroz aurthen Iinkoaren aiutu saindiarekila batian egin dut eta nahi kanporat idoki bertze piezato bat, zoiñen handitarzuna oro zerraturik baitago esku bat paperen boluman. Han ikusiko duzu hirur prinzesa ederrik, zoin baitira orationia, barura eta amoina; halaber goix-arratzez egin behar duzun konzenziaren examena eta Andere honaren lethariñak. Haien irakurtzian egiten baduzu zure arimaren profitia eta Iinkoari othoi egiten obra honen Autoragatik, ukhenen drauzut mila obligatione eta Iinkoak emanen drauzu zelian zure penaren rekonpensia. | » |
Kritika
aldatuTartasek euskara bere artzain lanerako lanabestzat erabiltzen zuen, Elizaren doktrina zabaltzeko bide gisa. Hala ere, baldintzapen horrek alde aurrez jartzen dituen mugetatik haratago, Tartas, Axular eta beste asko bezala, mamiaz gainera formaz ere kezkatu zen, nola edo hala, eta horrek haren obra gaur ere estimagarri bihurtzen du.
Kritikarien iritziz, haren libururik onena lehenbizikoa da.
Mitxelenak hasieran Tartas zubereraz idatzi zuen lehen idazletzat hartu zuen, ustez eta Arnaud Oihenart mauletarrak behenafarreraz idatzi zuela. Aurrerago, ordea, Tartasen hizkera Amikuzeko euskara dela ondorioztatu zuen, erran nahi baita, zubereraren eta behenafarraren arteko zubi-hizkera. Liburuetako euskararen oinarrian egilearen sorterriko euskalkia bide dago, beraz, baina euskara zabalagoa bilatzen du, berak aitortu bezala Ontsa hiltzeko bidiaren "Irakurtzailiari" atarikoan:
« | Ene euskara eta lengajia eztakit aprobatia izanen denez, bai ala ez. Badu orotarik zerbait: Zuberoak, Basanabarrek, eta Lapurdik emandrauko zerbait, baina ez oro. Aruen egindut neure pieza pobria, hanko lengajia ezpada aski eder, hanko euskarak du ogena, eta ez euskaldunak. | » |
Deigarria da, Axularrek Geron defendatzen duenaren justu kontrakoa dioela Tartasek.
« | Baldin egin baliz euskaraz hanbat liburu, nola egin baita latinez, franzeses, edo bertze erdaraz eta hitzkuntzaz, hek bezain aberats eta konplitu izanen zen euskara ere, eta baldin hala ezpada, euskaldunek berèk dute falta eta ez euskarak | » |
.
Haren euskara ez da beste batzuena bezain landua, baina bada berezkoa eta solas zalea. Tartasen originaltasuna bere obren itxura berezia eta bere nahasketan dagoke: alde batetik serio, jakintsu eta kulturazale ageri da; bestetik arrunt, zakar eta barregarri. Luis Villasantek eta Koldo Mitxelenak, nork bere obran, datu hori nabarmentzen dute.
Itzultzaile trebea zen Tartas gaztelania, frantses eta latinezko pasarteak bihurtzen zituenean. Mitxelenaren arabera, Axularrekin konparatuta Tartasen erudizioa bitxikeriaz betea da.
Tartasek, eskolagabeen antzera, puntu, koma eta geldiuneak ahaztu egiten ditu, eta hori ez zen posible izanen estilo berezi baten bila joan balitz. Hortaz, egungo begiez ikusita, espontaneismo modernoaren bidea hartu zuen, nahiz eta egiten zuenaz ongi ez konturatu. Ezaugarri hori oso balio gaurkoa daukagu. Puntuak jarri beharrean komak erabilita, testuari lastertasuna ematen zaio.
Adituen esanetan, Tartasek azalpen-hitzen eta super-hitzen arteko joko neurtua erabiltzen zuen bere prosan eta erretorikan.
- Azalpen-hitzetan, istorioak, adibideak nahiz gogoetak biltzen dira: aipu-funtzioa nagusi da. Hirugarren pertsona darabil, gehienbat, pasarte horietan.
- Super-hitzetan, aholkuak, deiak edo gomendioak egiten ditu, askotan era estu eta larrian, hartzailea esnatzeko, zirikatzeko, mugiarazteko: funtzio eragileak hartzen du indarra. Bigarren pertsona darabil sarrien horietan.
Axularren antzera, ahozko tradiziotik eta sermoigintzatik asko aldendu gabeko prosa da berea, baina ez Sarako erretorearena bezain landu eta neurtua, ezpada anarkikoxeagoa eta estilo-baliabideetan eskasagoa. Haren prosaren erritmo bereziak, ordea, merituak ere baditu, ekintzari dagokion bizitasuna ematea lortu baitzuen, bere garaiko idazleek ez bezala.
Erreferentziak
aldatu- ↑ EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak.
- ↑ «Sanz de Tartas», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
Kanpo estekak
aldatu- «Joan Tartas», Literaturaren Zubitegia.
- armiarma.eus Egile klasikoen gordailua.
- EHU. Klasikoen gordailua