Joana II.a Nafarroakoa
Joana II.a Nafarroakoa (Conflans, 1311ko urtarrilaren 28 — Conflans, 1349ko urriaren 6) Frantziako infanta eta Nafarroako erregina (1328 – 1349) izan zen. Luis I.a Nafarroakoa eta X.a Frantziakoaren eta Margarita Borgoinakoaren ondorengo bakarra zen.
Joana II.a Nafarroakoa | |||
---|---|---|---|
![]() | |||
1328 - 1349 ← Karlos I.a Nafarroakoa - Karlos II.a Nafarroako erregea → | |||
Bizitza | |||
Jaiotza | Conflans-Sainte-Honorine, 1311ko urtarrilaren 28a | ||
Herrialdea | ![]() ![]() | ||
Heriotza | Frantzia, 1349ko urriaren 6a (38 urte) | ||
Hobiratze lekua | Saint-Denisko basilika | ||
Heriotza modua | : izurri bubonikoa | ||
Familia | |||
Aita | Luis I.a Nafarroakoa | ||
Ama | Margarita Borgoinakoa | ||
Ezkontidea(k) | Filipe III.a Nafarroakoa (1329 (egutegi gregorianoa) - | ||
Seme-alabak | |||
Haurrideak | ikusi
| ||
Leinua | Kapetar dinastia | ||
Hezkuntza | |||
Hizkuntzak | frantsesa | ||
Jarduerak | |||
Jarduerak | politikaria | ||
![]() ![]() |
Hala ere, Joanaren aitatasuna zalantzazkoa izaten jarraitzen zuen, bere ama Nesle dorrearen aferan inplikatuta egon baitzen, baina Luis I.ak bere alaba aintzatetsi zuen hil baino lehentxeago. Frantziako baroiak, ordea, emakume bat tronura igotzearen aurka agertu ziren, eta Frantziako errege Filipe II.a/V.a hautatu zuten, Luis X.aren anaia. Nafarroako nobleek ere erregearen aldeko hautua egin zuten. Joanaren amona, Aines Borgoinakoa, eta osaba, Oton IV.a Borgoinakoa, Joanarentzat eskubidez bereak zituen Xanpaina eta Brie konderriak berreskuratzen saiatu ziren, arrakastarik gabe. Filipe II.a/V.aren alabetako batekin ezkondu eta bi konderriak dotetzat hartu ondoren, Otonek Joanaren izenean Xanpaina eta Brieri buruzko erreklamazioei uko egin zien konpentsazio baten truke 1318ko martxoan. Joana Filipe Evreuxkoa ezkondu zen, Frantziako errege familiako kidea.
Felipe II.a/V.a 1322an hil zen, eta Frantziako eta Nafarroako tronuetan bere beste anaiak, Karlos I.a/IV.ak, ordezkatu zuen. Karlos hil zenean, 1328an, nafarrek Frantziako gobernadorea kanporatu eta Joana Nafarroako erregina izendatu zuten. Frantzian, Filipe Valoiskoa errege koroatu zuten. Filipek eta Joanak akordioa lortu zuten: Joanak Xanpainari eta Brieri uko egingo zion, eta Filipek onartuko zuen Joana Nafarroako erregina moduan. Joana eta senarra elkarrekin koroatu zituzten Iruñeko katedralean 1329ko martxoaren 5ean. Errege-bikoteak lankidetza estua izan zuen bien arteko erregealdian, baina Filipe Evreuxkoa aktiboagoa izan zen. Denbora gehiena, hala ere, Frantzian eman zuten. Nafarroako lurretatik kanpo, gobernadore batek administratzen zuen erresuma.
Biografia
aldatuAitatasuna zalantzan
aldatuJoana Luis Hutin eta Margarita Borgoinakoa lehen emaztearen alaba bakarra zen. 1312ko urtarrilaren 28an jaio zen, gurasoak ezkondu eta sei urte pasata[1]. Bere aita Filipe Ederra Frantziako erregearen seme zaharrena eta oinordekoa zen[1]. 1305etik zen Nafarroako errege.
Margarita eta bere bi koinatak, Joana Borgoinakoa eta Zuria Borgoinakoa atxilotu zituzten, Filipe eta Gauterio Aunaykoa zaldunekin adulterioa leporatuta[2]. Torturatua izan ostean, hiru urtez Margarita eta Zuriaren maitaleak izan zirela aitortu zuen zaldunetako batek. d'Aunay anaiak exekutatu egin zituzten, eta Margarita eta Zuria Gaillard gazteluan espetxeratu[2]. Margarita bertan hil zen urtebete beranduago, seguruenik bere egoera txarraren ondorioz. Eskandalu horren ondorioz, Tour de Nesle bezala ezagutzen dena, Joanaren zilegitasuna zalantzan geratu zen, bere amaren harreman adulteroengatik[3]. Hala ere, ez dirudi harreman horiek hiru urte iraun ahal izan zutenik, 1311an Joana sortu zenetik 1314 arte, errege familiarena bezalako gune kontrolatu batean[4].
Margarita, Joana eta Zuria Borgoinakoaren arteko harreman adulteriogileak kondaira ugari ekarri ditu. François Villonek 1460an, Alexandre Dumasek 1832an La Tour de Nesle lanarekin, eta Maurice Druonek Rois mauditsekin, istorio erromantizatu askok osatu dute errealitate historikoa. Garai hartako artxiboek konfirmatutako gertaera bakarrak Margarita eta Zuriaren adulterioa onartua izan zela eta d'Aunay anaiak horregatik torturatuak izan zirela dira[5].
Filipe Ederra 1314ko azaroaren 29an hil egin zen eta Joanaren aitak Frantziako tronua eskuratu zuen Luis X.a izenarekin eta Nafarroakora Luis I.a izenarekin[6]. Bere erregealdia laburra izan zen, baina hil zenean, Joana bere alaba legitimotzat hartu zuen. Luisek haurdun utzi zuen bere bigarren emaztea, Klementzia Hungariakoa[1]. Frantziako baroien asanblada batean lortutako akordio baten arabera, Klementzia erreginak seme bat erditzen bazuen, hura errege izendatuko zuten, baina alaba bat bazen, Joanak eta berak Nafarroa, Xanpaina eta Brie bakarrik heredatu ahal izango zituzten, Luisek bere ama Joana I.a Nafarroakoarengandik jasotako lurrak, hain zuzen ere[7]. Era berean, bilera horretan erabaki zen Joana amaren aldeko familiara bidaliko zutela Borgonian, baina ezingo zela ezkondu errege-familiako kideen adostasunik gabe. Garrantzitsua da aipatzea bilera horretan, Filipe, Poitiersko kondea eta Luisen anaia, Frantzia eta Nafarroako erresumen erregeorde gisa aitortua izan zela, Frantzia eta Nafarroako tronuen gainontzeko erregegaien nahiak itotzeko lehen urratsa[8].
Frantziako tronutik kentzea
aldatuKlementziak seme bat izan zuen, eta errege izendatu zuten, Joanes I.a izenarekin. Haurra lau egunera hil zen[9]. Joanaren osaba amaren aldetik, Oton IV.a Borgoinakoa Parisen zegoen, eta negoziazioak hasi zituen Filipe II.a Nafarroakoarekin, Luis I.aren anaia txikia, Joanaren interesak babesteko[7]. Filipek ez zien Otonen eskaerei erantzun, eta Frantziako errege koroatu zen Reimsen. 1317ko Estatu Orokorrek, Otenek deiturik, Joanak Frantziako koroarako zituen eskubideei buruzko iritzia eman zuten[10]. Adin txikikoa eta bere kausa defendatzeko gai ez izatearen desabantailak konbinatuz, neskato izatearena eta ezkontzaren bidez Frantziako erresuma atzerriko eskuetan erorarazi ahal izatearena, eta zilegitasun zalantzagarrikoa, Juana asanbladak tronurako oinordekotzatik jaregin zuen, «maskulinitatearen printzipioan» oinarrituta. Printzipio horrek ez zuen inolako zerikusirik lege salikoarekin; izan ere, 1358an, Joanaren semearen Frantziako tronuaren eskaerak bertan behera uzteko berrasmatutako legea izan zen hura[11]. Behin errege bezala aitortuta, Filipek Xanpaina eta Brie hartu zituen, bere iloba Joanaren eskubideak urratuz. 1319ko ekainera arte, nafarrek gogoz kontra onartu zutenean prokuradoreen ordezkaritza bat bidaltzea Parisera, Filipe ez zuten Nafarroako errege gisa onartu[12].
Joanaren amaren aldeko amonak, Aines Borgoinakoak, gutunak bidali zizkien Frantziako baroi nagusiei zeinetan usurpatzailearen koroatzea legez kanpokotzat jotzen zuen, baina tronua oposizio handirik gabe mantentzen zuen. Ainesek Xanpainako jaun-andereei idatzitako gutunek Filiperi gorazarre egiteari eta Joanaren eskubideak babestea eskatzen zieten[13]. Beste gutun batean, Ainesek zioen bere ilobari herentzia kentzea "ohituraren, jainkoaren legearen, antzeko kasuetan inperioetan, erresumetan, feudoetan, baroietan, besterik dioen memoriarik ez dagoen aldi batean erabilitakoaren" aurka zihoala. Filipe V.aren etsaitasuna eten egin zen haren osaba Karlos Valoisekoak, eragin handieneko jaun feudaletako batek, adierazi zuenean ilobaren argudioak babesten zituela[9].
Filipe eta Oton akordio batera iritsi ziren 1318ko martxoaren 27an. Filipek bere alaba nagusia, Joana, ezkontzan eskaini zion Otoni, eta Borgoina eta Artois konderriak oinordetzan hartzea adostu zuen. Nafarroako Joana gaztea bere lehengusu Filipe Evreuxkoarekin ezkontzea ere proposatu zuen, ezkonsari baten truke, eta Xanpaina eta Brie oinordeko izateko eskubidea, Filipe erregea gizonen ondorengorik gabe hiltzen bazen[13]. Azkenik, 12 urte betetzen zituenean Joanak Frantziaren eta Nafarroaren gaineko eskubideei uko egitea erabaki zuen Otonek[14]. Gaur egun, ordea, ez dago frogarik ukapen hori gertatu zenik esateko[15]. Joana Nafarroakoa eta Filipe Evreuxkoa ezkondu ziren[16]. Joana, orduan, Maria Brabantekoa erreginaren zaintzapean utzi zuten, Filipe Evreuxkoaren amona, Mantesko bere dorrean erretiratuta bizi zena. Gertu bizi ziren arren, Joana eta Filipe ez ziren elkarrekin hazi adin desberdintasuna zela eta[17]. Euren ezkontza ez zen 1324ra arte burutu[18].
1322ko urtarrilean Filipe V.a eta Maria Brabantekoa hil zirela aprobetxatuz[16], Oton IV. Borgoinakoak bere iloba errege boteretik kendu zuen, bere eskubideak babesteko. Filipe V.aren heriotzak zalantzan jarri zuen 1318ko akordioa eta Juanari bere ondasunen jabetza hartzea ahalbidetu zion, artean hamabi urte bete gabe baitzituen. Hala ere, Filipe V.a bere anaia Karlos IV.ak ordezkatu zuen tronuan, eta horrek bere ilobaren izendapenari eutsi zion[16]. Nafarroari zegokion gizonezko erregearen argudio bera erabiliz, Frantzia eta Nafarroako errege koroatu zuten. 1323an, Karlosek Xanpaina itzultzeari buruzko ituna berritzea eskatu zuen, eta Joanaren konpentsazio ekonomikoa handitu zuen. Horrek Xanpainari buruzko etorkizuneko edozein aldarrikapen kentzea ekarri zuen. Hala ere, Karlos IV.a boterera iristeak ez zituen baroi nafarrak asetzen, bera izendatzeari uko egiten baitzioten. Errepresalia gisa, Karlosek uko egin zion Nafarroako Foruak berresteari.
Kapeto leinu zuzenaren desagerpena
aldatuKarlos IV.a 1328ko otsailaren 1ean hil zen, eta horrek beste oinordekotza-krisi bat eragin zuen. Erregearen alarguna, Joana Evreuxkoa, haurdun zegoen, eta erresumako pareak eta baroiak Parisera deituak izan ziren erregeorde bat aukeratzeko[19]. Baroi gehienak bat etorri ziren esatean Filipe Valoisekoa zela postu hori betetzeko aproposena, Karlos IV.aren senide maskulino hurbilena zelako[20]. Bien bitartean, Nafarroako Gorteak Garesen bildu ziren martxoaren 13an eta gobernadorea eta ofizial frantsesak aitortzeari utzi zioten[21]. Martxoan, bi erregeorde eta ofizial nafar izendatu zituzten haien ordez erresumako postu garrantzitsu guztietarako[22].
Karlosen alargunak alaba bat izan zuen, Zuria, 1328ko apirilaren 1ean. Zuriaren jaiotzak Kapetoen lerro zuzenaren amaiera berretsi zuen[16]. Joana Nafarroakoak eta bere senarrak Frantziako tronua erreklama zezaketen orain, biak Frantziako erregeengandik etorriak baitziren, baina beste bost lehiakide zeuden gutxienez, horien artean Filipe Valoisekoa erregeordea. Koroarako hautagai desberdinen ordezkariak Saint-Germain-en-Layen bildu ziren konpromiso batera iristeko[16]. Nafarroan ezin zen maskulinotasunaren printzipioa argudiatu, erresuma Joana I.a erreginaren bitartez pasatua baitzen kapetoen familiara. Filipek, bere Kontseilu Nagusiak iradokita eta Nafarroan errekonozitua izango ez zela jakinda, egun horretan bertan Joana eta Filiperi eman zizkien erresumaren gaineko eskubideak. Zuriaren jaiotzaren albistea ez da Nafarroara iritsi 1328ko apirilaren 18ra arte[23].
Filipe Valoisekoa Frantziako errege koroatu zuten Reimsen 1328ko maiatzaren 29an[24]. Azkenean, ez zuen Nafarroa, Xanpaina edo Brie izateko eskubiderik izan, ez baitzen Nafarroako Joana I.a erreginaren leinutik jaioa[25]. Frantziako tronuan finkatzeko, Filipe VI.a Valoisekoak Joanak eta bere senarrak Nafarroan errege izateko zuten eskubidea onartu zuen uztailean, feudoa «zorigaitzean erori» zela adieraziz. Hala ere, Filipek konbentzitu zituen Xanpaina eta Brieri uko egin ziezaieten Longueville, Mortain eta Angulemako konderrien truke[26], Xanpainako ferien inguruko eskualde estrategikoa kontrolatu nahi baitzuen[27]. Nafarroako erregeen gutunek konpromiso hori berresten dute 1336ko Villeneuve-lès-Avignongo Itunean. Aldarriari laguntzeko Iruñeko Bibliaren kopia bat eskatu zuela ematen du, garaiko modara moldatuta[28].
1328ko Nafarroako pogroma
aldatuKarlos I.a hil eta erregeak Parisetik etorri baino lehen, Frantzian boterea desegiten ari zen, eta juduen aurka bertan hasitako jazarpena Nafarroan hedatu zen, zenbait kontzejuk bultzatuak. Zurrumurruak handitu ahala, judutegiak eusteko prestatu ziren. Lizarra, Tutera, Iruñea eta Zangozakoek bere goarnizioa indartu zuten. Hala eta guztiz ere, ezin zuten matxinadaren hasiera oztopatu, frai Petri Oilogoiengoak suspertua.[29] 1328ko martxoaren 1etik aurrera Artaxona, Ribaforada, Buñuel eta Cortesko juduek jazarpena salatu zuten. Lizarran, Vianan, Alesbesen, Garesen, Funesen eta San Adrianen judu asko hil zituzten, beste askok Aragoiko Erresumara ihes egitera bultzatuz non Alfontso IV.aren babesa izan zuten. Gobernadoreak matxinada oztopatzea saiatu zuen eta erregeorde berak Tutera aldera joan zen bere gudagizon eta guzti bertako juduak zaintzeko.
1329ko apirilean, erregeek epaitegi berezia sortu zuten jazarpena aztertzeko. Epaitegiaren kideak Joan Ramekoa mariskala, Guiralt Doignon zalduna eta Vast kalonjea ziren. Epaitegiak sarraskiaren egileak ez zirela kanpotik etorritako pastoreloak baizik eta bertakoak egiaztatu zuen. Herri, hiri eta jendeei juduei lapurtutakoa itzultzea agindu zien. Lanbide eta klase guztietako hirurogei lagun preso hartu zituzten, nahiz eta laster askatuak izan. Frai Petri Oilogoiengoa, jazarpena suspertzeko akusatua, Lizarran atxilotu eta Iruñeko apezpikuari eman zioten, honek bere presondegian sartu zuelarik. Bizirik zirauen juduak ez ziren kalte-ordaina emanak, isunak Koroarentzat ziren eta erregina bihurtu zen oinordekorik gabe hildako juduen oinordekoa.[30][31] 1336an, Iruñeko Nafarreriako juduak judutegi harresitu batean bizitzera behartuak ziren.
Nafarroako tronura iritsiera
aldatuNafarroako Gorteak apirilaren 16an bildu ziren Garesen eta maiatzaren 1ean Iruñean. Erabaki zuten, Nafarroako tronurako erregegai guztien artean, Joana zela oinordetu behar zuena, Nafarroako Foruak eskatzen zuen bezala, Nafarroako herriaren aurrean zin egin zuen azken erregearen alaba bezala. Maiatzaren 4an, bi mezulari bidali zituzten Frantziara, Joanari eta Filiperi albistea ematera[32]. Aldi berean, Eduardo III.a Ingalaterrako erregeak Raymond Durand Guyenako seneskala bidali zuen, Nafarroan eta Frantzia hegoaldean jakinarazteko Frantziako eta Nafarroako bi erresumak erreklamatuko zituela, baina ekintza horrek ez zuen jarraipenik izan[33]. Joana eta Filiperen atxikimenduak amaiera eman zion Nafarroa eta Frantziaren arteko batasun pertsonalari, Joana I.a Nafarroakoa eta Filipe IV.a 1284an ezkondu zirenetik martxan zena[34]. Hurrengo hilabeteetan, Joanak eta bere senarrak negoziazioak egin zituzten Gorteekin, batez ere Filipe Evreuxkoak Erresumaren gobernuan izan behar zuen zereginari zegokionez[35]. Nahiz eta nafarrek Joanari erresuma oinordetzan hartzeko eskubidea aitortu besterik ez zuten egin, Felipek bere emaztearen izenean gobernatzeko eskubidea aldarrikatu eta lortu zuen[21].
Joanak eta Filipe Evreuxkoak bi jaun frantses bidali zituzten, Henrike Sullykoa eta Filipe Melungoa, negoziazioetan Nafarroan ordezka zitzaten[35]. Hasieran, nafarrak Filipe errege onartzearen aurka agertu ziren[36]. Batzar Orokorreko delegatuek hasieran adierazi zuten Filipek baimena izango zuela erresumako gobernuan parte hartzeko, 1328ko azaroan Orreagan egindako bilera batean[37]. Hala ere, koroatzearen ohiko elementuak -erregea ezkutu baten gainean altxatzea eta ikusleei limosnak banatzea barne- Joanarekin batera egingo zirela zehaztu zuten. Filipek bere emaztearen erresuman errege izateko zuen eskubidea azpimarratzeko, Henrike Sullykoak Paulo Tarsokoa aipatu zuen, zeinak «emakumearen burua gizona» zela esan baitzuen Korintoarrei egindako lehen gutunean[37]. Sullyk zioen, halaber, Joanak senarraren egoera indartzea onartu zuela.
Joana eta Filipe 1329. urtearen hasieran joan ziren Nafarroara[38]. Iruñeko katedralean koroatu zituzten martxoaren 5ean. Biak ezkutu baten gainean altxatu eta dirua bota zuten zeremonian[37]. Bikoteak koroatze-zina sinatu zuen, bere errege-prerrogatibak ezartzen zituena[37]. Joana Nafarroaren «benetako oinordeko naturala» dela azpimarratzen du gutunak, baina «Nafarroako erresuma osoak bere ezkontideari obedituko diola» ere adierazten du[39]. 1329ko maiatzaren 15ean, Filipe eta Joanak beren ondorengotza antolatu zuten Nafarroako erresuman. Nafarroako Gorteek tronua berreskuratzeko gastuak itzultzea onartu zuten (100.000 libera, gutxi gorabehera), baina Joanak eta Filipek koroari uko egin beharko zioten haren oinordekoak 21 urte betetzen zituenean. Gainera, 100.000 libera itzuli beharko lituzkete, oinordeko bakar batek ere ez bazuen onartzen Nafarroako tronuan oinordeko izatea[40].
Senarrarekin erregetza partekatua
aldatuJoana II.ak eta Nafarroako Felipe III.ak lankidetza estua izan zuten erregealdian[41]. Denbora tarte horretan gordetako 85 errege-dekretuez gain, 41 dokumentu aldarrikatu ziren haien bien izenean[42]. Hala ere, iturrien arabera, Filipe aktiboagoa izan zen gobernuko zenbait arlotan, batez ere, legegintzan. 38 dekretu sinatu zituen bakarka, emazteari aipamenik egin gabe. Soilik sei dokumentu atera ziren Joanaren izenean[43].
Koroatu ondoren, errege-bikoteak baieztatu egin zituen 1328tik erregeordeek juduen aurkako pogromoan buruzagien aurka ezarritako zigorrak, baita isunak ordaindu izana ere. 1330ean, Joanak eta Filipek Nafarroako foruak modernizatu zituzten, erregetik hasi eta nekazari soileraino aplikatzen ziren legeen bilduma idatziak. Hobekuntzek lege askori eragin zieten, bereziki ekitaldi jakin batzuetarako adin nagusitasunari, dohaintzen sistemari, lukurreriari buruzko legeei, faltsifikazioari eta baita eper-ehizaren erregulazioari ere, urtaroaren arabera. Bere erregealdian errege-gotorlekuak konpondu ziren. Tutera inguruko zelai idorretako irrigazio sistema bikotearen laguntza finantzarioarekin eraiki zen. Bere koroatzeak kostatu zituen 100.000 liberak biltzeko asmoz, Joanak eta Filipek ere Nafarroako biztanleriaren errolda zehatz bat enkargatu zuten 1330ean. Joanak eta Filipek ere harreman baketsuak izan nahi zituzten ondoko estatuekin. 1330eko martxoaren 15ean Salamancan Gaztelarekin bake ituna sinatu zuten. Euren alaba nagusia zen Joanaren eta Aragoiko tronuaren oinordekoa zen Petriren arteko ezkon-hitzetarako negoziazioak ere hasi zituzten 1329an. Petri IV.a azkenean Mariarekin ezkondu zen, Joanaren ahizpa gazteena, nahiago zuena. Ezkontza hori errazteko, Joana Longchampeko abadetxean moja sartu zen 1337an, hamaika urte zituela, eta hurrengo urtean Nafarroako erresumaren gaineko eskubideei uko egin zien bere arrebaren alde. Konpentsazio gisa, 1.000 liberako bizi-errenta jaso zuen, Manteseko jaurerrian oinarrituta.
Joanak eta Filipek 1331ko irailean utzi zuten Nafarroa. Elena Woodacre historialariak dio «errege bikoteak bere lurralde frantsesen beharrak eta Nafarroako gobernua uztartu behar izan» zituela, eta horrek beren jaurerri ezberdinen arteko egonaldiak tartekatzera eraman zituela. Jose Maria Lacarra historialariaren arabera, Joana eta Filipe nekez ohitu zitezkeen «nafarren gustu eta ohituretara, eta haien hizkuntzatik kanpokoak ziren», eta horrek azaltzen ditu haien absentzia erregularrak ere. Frantziako egonaldietan, Frantziako gobernadoreek administratu zuten Nafarroa: Henrike Sullykoak hartu zuen kargu hori, 1336an hil zen arte, Saladino Anglurekoak ordezkatu aurretik.
1334an Gaztelarekin mugako gatazka piztu zen, Alfontso XI.a Gaztelakoa errege zela. Gatazkaren arrazoia ez dago argi, baina maiz aipatu da Fiteroko monasterioaren eta Tudejen gazteluaren jabetza zela eta piztu zela. Henrike Sullykoak 1335ean bi eemu horiek hornitu zituen, gatazkarako prest. Lacarraren arabera, gerra piztu zen, baina Gaztela, Nafarroa eta Aragoiko monarkek ez zuten gerrarik nahi. Alfontso XI.aren kronikaren arabera, Nafarroak "gerrara itzultzeko modu guztiak probatzen" ari zen. Adonola ere, Petri IV.a Aragoikoak nafarrak babestu zituen, ezkontza negoziazioetan baitzegoen. Azcárate Aguilar-Amaten arabera, mugako gatazkaz gain, Henrike Sullykoak Alfonso de la Cerdaren bandokoekin kontaktu etengabeak zituen. Edonola ere bake itun berri bat sinatu zen 1336ko otsailaren 28an, Vianako Santa María de Cuevas elizan. Itunaren arabera, Fitero eta Tudejen Nafarroarenak izango ziren, nahiz eta 1373 arte ez zen guztiz ebatzi gatazka. Joana eta Filipe 1336ko apirilean itzuli ziren Nafarroara. Bigarren bisita horrek 1336ko uztailera arte iraun zuen. Filipek bi aldiz bisitatu zuen gero Nafarroa, baina Joana ez zen berarekin joan.
Erregetza bakarka
aldatuSaladoko guduan Benimerineak garaitu ondoren, Filipe III.ak Granadako erregearen aurkako gerretako batean parte hartu zuen, Algeciras hartzea ekarri zuena. 1343an Jerezen hil zen, Algecirasko setioan parte hartzen ari zela. Familiak bere heriotzaren berri 1343ko irailaren 26an jaso zuen, eta urriaren 29an egin zen hileta elizkizuna Iruñeko katedralean[44].
Joanak berehala ordezkatu zuen Filipe Melungoa Gilen Brahekoarengatik Nafarroako administrazioan[45]. Berehala Brahe kargugabetu zuen eta bere ordez Joan Conflansekoa izendatu zuen. Elena Woodacreren arabera, aldaketa horiek Nafarroako administrazioaren inguruan Filiperekin desadostasunak islatzen zituzten[45]. Bruno Ramirez de Palaciosen arabera, erresumaren kontrola berreskuratzeko nahia islatzen zuten, baita ondoan zuen frantziarraren aurrean independentzia sendotzeko nahia ere. 1344an, nafar-aragoierazko Nafarroako Foruen kopia bat egin zen erreginarentzat, eta langue d'oïlera itzultzeko zutabe huts bat erantsi zitzaion[46]. Horrek iradokitzen du erreginak seguruenik frantsesez hitz egiten zuela, baita Nafarroarekin lotutako kontuak zirenean ere. 1345ean, Joanak frantziskotarren komentua fundatu zuen Erriberrin[41].
Joanak Nafarroara itzultzea erabaki zuen, baina ez zuen bere nahia bete, seguruenik Ehun Urteko Gerran bere frantziar domeinuak inbadituak izateko aukerarengatik. Joanak eta bere senarrak Filipe VI.a babestu zuten Eduardo III.a Ingalaterrakoaren aurka, horrek Frantziako koroa erreklamatzen baitzuen bere ama Elisabeten izenean, hau ere Joanaren aitaren aldeko izeba[47]. 1339tik aurrera, ordea, Frantziako errege-familiarekiko loturak laxatuz joan ziren, eta euren erresuma eta independentzia indartzen saiatu ziren[48]. 1346an, ordea, Joana erabat etsita sentitu zen Filipe VI.aren porrot militarrengatik. Azaroan, ongietorri beroa egin zion Henrike Grosmontekoari, Lancasterreko kondeari, Eduardo III.aren armadaren buru, eta Angulemako konderria zeharkatzen utzi zion, bere lurren babesaren truke. Gotorleku berririk ez zuela eraikiko eta Filiperen armadari bereak erabiltzen utziko ez ziola ere agindu zuen. Filipe VI.ak, Calaiseko setioan nahastuta, ezin izan zuen Joanaren aurkako errepresalian jardun[47].
Heriotza eta legatua
aldatuJuana izurri beltzez hil zen 1349ko urriaren 6an, Charenton-le-Ponteko Conflans errege gazteluan[49]. Hil baino lau egun lehenago, 1349ko urriaren 2an, ziur aski gaixorik zegoenean, Felipe VI.a Valoiskoak Angulemako konderriari uko egiteko eskatu zion, Pontoise, Beaumont-sur-Oise eta Asnières-sur-Oise hirien truke[50][51]. Frantziako ondoz ondoko erregeek Joanaren ondasunen espoliazio ezberdinak izan ziren bere seme eta oinordeko Karlos II.ari, "Gaiztoa" bezala ezagutua, Frantziako tronuari aurka egin zioten, hainbat gatazken kausa izan zelarik eta horregatik[52], Ehun Urteko Gerraren hasieran, Frantziako erregeen aurkari nagusietako bat bihurtu zen[53].
Bere testamentuan, Joanak bere seme eta oinordeko Karlos II.a Nafarroakoari eskatu zion Erriberrin kapera baten eraikuntza finantzatzeko[41]. Saint-Deniseko basilikan lurperatu zuten baina bihotza Parisko komentu jakobinoan utzi zuten, senarraren ondoan.[54] Bere oinordekoa Karlos II.a Nafarroakoa, orduan 17 urte zituen eta adin-nagusi bihurtu zen ondorioz. Aipagarria da bere Orduen liburua, Nafarroako armarriz betetako eskuizkribu argiztatua da, eta, hainbat gorabeheraren ondoren, besteak beste Hermann Göring mariskalak lapurtu zuena, gaur egun Frantziako Liburutegi Nazioalean gordetzen da.[55]
Erreinaldiaren datu batzuk
aldatuBere gobernuak neurri hauek hartu zituen:
- Hirietako burgesiaren aldeko neurriak hartu zituen, bere ordezkariak Nafarroako Gorteetan onartuak izanik.
- Zenbait gobernu erakunde eratu zituen: Errege-Kontseilua (legegile eta epaile eginkizunak zituena), Gortea (epaitegi gorena) edo Comptos Ganbera (zergetan eta finantzatan eginkizunak zituena).
- Orduan ia jaioberria zen burgesia sendotu zuen, kontzejuak indarberritu zuena (eta baita kanpokoen aurka egiten zuena, tartean juduak, moriskoak, eta abar).
- 1339 eta 1344 artean, Orreagako Kolegiata berritu zuen. Eraikina 1219an donetsia bazen ere, Iberiar Penintsulako lehendabiziko eraikin gotiko bihurtu zen.
- Delitugintza, 1328 eta 1349 artean, Justiziak gogor zigortua zen. Hogei urteetan eta 1350ean erresumak 53.000 biztanle zituena kontuan hartuta, 1.636 delitu epaitu zituzten, horietatik ia %50a bortitzak (hilketak eta erasoak, eta lapurreta asko[56]).
- Bere erreinaldian pilotari buruzko lehendabiziko berria jaso zen: erregea "eskuz" partida ikus zezan eraiki zen taulatu bat Iruñeko domingotarren klaustroan.
Familia
aldatuEzkontza eta haurrak
aldatu1318ko martxoaren 5ean ezkondu zen Filipe III.arekin. Ezkontza Conflanseko gazteluan egin zen, Joana 6 urte eta Filipe 12 urte zituztela.
Zortzi seme-alaba izan zituzten:
- Joana (1325-1387), monja bihurtu zena.
- Maria (1330-1347), Aragoiko Piarres IV.a erregearekin ezkondua (1338).
- Karlos II.a (1332-1387), Nafarroako erregea.
- Zuria (1333-1398), Frantziako Filipe VI.a erregearekin ezkondua (1349).
- Ines (1334-1396), Foixko Gaston III.a kondearekin ezkondua (1349).
- Filipe (1336-1363), Longuevilleko kondea.
- Joana (1339-1403), Rohango Joanes I.a bizkondearekin ezkondua (1377).
- Luis (1341-1372), Beaumonteko kondea.
Genealogia
aldatuIkus, halaber
aldatuErreferentziak
aldatu- ↑ a b c Woodacre 2013, 51 orr. .
- ↑ a b Bradbury 2007, 277 orr. .
- ↑ Woodacre 2013, 52 orr. .
- ↑ Ramirez de Palacios 2022, 23 orr. .
- ↑ Ramirez de Palacios 2022, 25 orr. .
- ↑ Bradbury 2007, 276, 278 orr. .
- ↑ a b Woodacre 2013, 53 orr. .
- ↑ Ramirez de Palacios 2022, 36 orr. .
- ↑ a b Bradbury 2007, 281 orr. .
- ↑ Woodacre 2013, 54 orr. .
- ↑ Ramirez de Palacios 2022, 304 orr. .
- ↑ Ramirez de Palacios 2022, 88 orr. .
- ↑ a b Woodacre 2013, 55 orr. .
- ↑ Woodacre 2013, 55-56 orr. .
- ↑ Woodacre 2013, 56 orr. .
- ↑ a b c d e Woodacre 2013, 57 orr. .
- ↑ Woodacre 2013, 197 orr. .
- ↑ Woodacre 2013, 71 orr. .
- ↑ Knecht 2007, 1 orr. .
- ↑ Knecht 2007, 1-2 orr. .
- ↑ a b Monter 2012, 58 orr. .
- ↑ Ramirez de Palacios 2022, 92 orr. .
- ↑ Ramirez de Palacios 2022, 98 orr. .
- ↑ Knecht 2007, 2 orr. .
- ↑ Woodacre 2013, 59 orr. .
- ↑ Strayer, J. R.. (1959-10). «La Société politique et la crise de la royauté sous Philippe de Valois . Raymond Cazelles» Speculum 34 (4): 656–658. doi: . ISSN 0038-7134. (kontsulta data: 2025-05-04).
- ↑ Viard, Jules. (1934). «Philippe VI de Valois. Début du règne (février-juillet 1328)» Bibliothèque de l'École des chartes 95 (1): 259–283. doi: . (kontsulta data: 2025-05-04).
- ↑ (Ingelesez) A., Finch, Julia. (2012-01-31). «Bibles en images: Visual Narrative and Translation in New York Public Library Spencer ms. 22 and Related Manuscripts» d-scholarship.pitt.edu (kontsulta data: 2025-05-04).
- ↑ Egaña, Iñaki. (2001). Mil noticias insólitas del país de los vascos. Tafalla: Txalaparta, 43 or. ISBN 84-8136-200-X..
- ↑ Ieuskalherria.indymedia.org
- ↑ Estella-Lizarrako Udala. Historia. .
- ↑ Ramirez de Palacios 2022, 95, 101 orr. .
- ↑ Ramirez de Palacios 2022, 99 orr. .
- ↑ O'Callaghan 1975, 409 orr. .
- ↑ a b Woodacre 2013, 62 orr. .
- ↑ Woodacre 2013, 62-63 orr. .
- ↑ a b c d Woodacre 2013, 63 orr. .
- ↑ Monter 2012, 59 orr. .
- ↑ Woodacre 2013, 63-64 orr. .
- ↑ Ramirez de Palacios 2022, 122, 128, 131, 145 orr. .
- ↑ a b c Woodacre 2013, 66 orr. .
- ↑ Monter 2012, 59-60 orr. .
- ↑ Monter 2012, 60 orr. .
- ↑ Lacarra de Miguel 1973, 40-43 orr. .
- ↑ a b Woodacre 2013, 73 orr. .
- ↑ González Olle 1987, 706 orr. .
- ↑ a b Sumption 1999, 556 orr. .
- ↑ Ramirez de Palacios 2022, 205 orr. .
- ↑ Ramirez de Palacios 2022, 279 orr. .
- ↑ Ramirez de Palacios 2022, 278 orr. .
- ↑ (Ingelesez) «Mémoire sur l'union de la Champagne et de la Brie à la couronne di France | WorldCat.org» search.worldcat.org (kontsulta data: 2025-05-04).
- ↑ Ramirez de Palacios 2022, 280 orr. .
- ↑ Ramirez de Palacios 2022, 290 orr. .
- ↑ (Ingelesez) CONNOLLY, Sharon Bennett.- Heroines of the Medieval World.- Argitaletxea: Amberley Publishing, 2017. orr.320. ISBN 978-1-4456-6265-7
- ↑ (Gaztelaniaz)HAMEL, Christopher .- Grandes manuscritos medievales.- Bartzelona : Atico de libros arg., 2019. orr. 409-459. ISBN 978-84-16222-50-6
- ↑ www.unavarra.es
Bibliografia
aldatu- Bradbury. (2007). Capetians (e): The History of a Dynasty. Bloomsbury Publishing PLC ISBN 978-1-85285-528-4. (kontsulta data: 2025-05-04).
- Coville, A. Francia. La guerra dei cent'anni (fino al 1380)1999.
- Johnstone, H. Francia: gli ultimi Capetingi 1999.
- (Gaztelaniaz) Lacarra de Miguel, José María. (1973). «Historia política del reino de Navarra : desde sus orígenes hasta su incorporación a Castilla .Volumen segundo / José María Lacarra» BiNaDi - Biblioteca Navarra Digital (kontsulta data: 2025-05-04).
- Monter, E. William. (2012). The rise of female kings in Europe, 1300-1800. Yale University Press ISBN 978-0-300-17327-7. (kontsulta data: 2025-05-04).
- Knecht, R. J.. (2007). The Valois: kings of France, 1328-1589. Hambledon Continuum ISBN 978-1-85285-522-2. PMC ocm74969117. (kontsulta data: 2025-05-04).
- O'Callaghan, Joseph F.. (1975). History of Medieval Spain. Cornell University Press ISBN 978-0-8014-9264-8. (kontsulta data: 2025-05-04).
- Ramirez de Palacios, Bruno. (2014). Charles dit le Mauvais: roi de Navarre, comte d'Évreux, prétendant au trône de France. Bruno Ramirez de Palacios ISBN 978-2-9540585-2-8. (kontsulta data: 2025-05-04).
- Ramirez de Palacios, Bruno. (2022). Jeanne de France et Philippe d'Évreux: rois de Navarre à défaut d'être rois de France. Éditions la Hallebarde ISBN 978-2-9540585-6-6. (kontsulta data: 2025-05-04).
- Woodacre, Elena. (2013). The queens regnant of Navarre: succession, politics, and partnership, 1274-1512. Palgrave Macmillan ISBN 978-1-137-33914-0. (kontsulta data: 2025-05-04).