Nafar-lapurtera edo nafar-lapurtar euskara Euskal Herriko ipar-ekialdeko euskalki bat da, Lapurdin, Nafarroa Beherean, Nafarroa Garaiko Luzaide ibarrean eta Zuberoako ipar-mendebaleko zenbait udalerritan (Domintxaine-Berroeta, Etxarri, Arüe-Ithorrotze-Olhaibi, Lohitzüne-Oihergi eta Pagola) hitz egiten dena. Baztanaldeko eta Aezkoako ibarretan (Nafarroa Garaia) tarteko hizkerak mintzatzen dira, nafarreraren eta nafar-lapurteraren artekoak.[1]

██ Nafar-lapurtera

Azpieuskalkien sailkapena aldatu

 
Nafar-lapurtar euskararen gaur egungo mapa (Koldo Zuazo, 2015)
 
Euskalkien mapa, sailkapen zaharrean.
     Lapurtera      Behe nafarrera

XX. mendean, lapurtera eta behenafarrera bereizirik sailkatu ziren; hala ere, Koldo Zuazoren arabera, egun euskalki bakar bat osatzen dute (nafar-lapurtera), bi azpieuskalki nagusi dituena:[1]

  1. Sartaldekoa: Lapurdiko mendebalean egiten da.
  2. Sortaldekoa: Lapurdiko ekialdean, Nafarroa Beherean, Nafarroa Garaiko Luzaiden eta Zuberoako ipar-mendebaldean egiten da.

Tarteko eremu bat dago bien artean: Lapurdiko erdigunekoa. Uztaritze aldeko hizkerak multzo horretan sartuta daude.

Gainera, hizkera berezi bi ere badira:

Tarteko hizkerak aldatu

Zuazoren arabera, tarteko hizkerak mendebaldean Lapurdiko kostaldean Hendaiatik Bidarteraino dira; barnealdean, Azkaine, Arbona, Basusarri eta Arrangoitzen; ekialdean Amikuze (Nafarroa Beherea) eskualdea eta Pettarrako (Zuberoa) mendebaldea.

Neurri txikian (eta gero eta txikiagoan) bada ere, Oiartzualdeko eta Bidaso Behereko hizkerek badute lapurteraren ezaugarririk, XVI. mende arte lapurterak izan baitzuen eraginik handiena Gipuzkoako ipar-ekialdeko eremu horretan.[2]

Lehenagoko aldaerak aldatu

Lapurtera klasikoa: XVII. mendean Materrak, Joanes Etxeberri Ziburukoak eta Pedro Axularrek, beste askoren artean, erabili zuten euskara, Donibane eta Sara herrietako euskaran oinarritua, Joanes Leizarragak aurreko mendean erabili zuenetik arras ezberdina; euskara batuaren aitzindari eta oinarrietako bat da.

Ezaugarriak aldatu

Miren Aire urepeldar laborari eta abeslaria, Koldo Zuazorekin hizketan, Urepelen egiten den nafar-lapurtar euskararen erakusgarri.

Nafar-lapurtar euskarak ezaugarri nagusi hauek ditu:[1]

  1. Euskalkiaren eremu gehienean arrotza da i bokalak eragindako bustidura; il, in eta it bere horretan esaten dira gehienetan, busti gabe: edozoini 'edozeini', gainetik, etxezaina, etxeraino... Gainera, erdaratik hartutako maileguetan ere palatalizazioa saihesteko joera egon da: bainu, botoila 'botila'. Dena dela, azken bilakaera hori ez da gaur egun emankorra.
    Bazter bietako hizkerek hausten dute euskalkiaren batasuna: Zuberoatik gertuko hizkeretan bada bustidurarako joera ahul bat eta Lapurdiko itsasbazterrean askoz indartsuagoa da.
  2. tx- hasieran duten hitzetan, horren ordez x- esaten da: ximino, xingarra 'urdaiazpikoa', xirula, xoko, xori... Salbuespenen bat gorabehera (txar), hitzen hasierako tx- arrotza da.
  3. nehor 'inor' egiturako izenordainak erabiltzen dira: nehork 'inork', nehori 'inori', nehun 'inon', nehundik 'inondik', nehorat 'inora'... Antzina, horrelakoak Nafarroako alderdi batzuetan ere bazeuden, baina jatorriz Ipar Euskal Herrikoak direla ematen du, ziurrenera, Lapurdin sortuak.
  4. Eremu gehienean erabiltzen den atzizki txikigarri ohikoena -ño da: amaño 'inude', baño 'bakarra', haurño 'haurtxo', poxiño 'apurtxo'…
  5. Euskalkiaren eremu gehienean erdarako -on amaiera -oin egiteko joera egon da: arrazoina 'arrazoia', botoina 'botoia', kantoina 'kantoia', sasoina 'sasoia'... baina egun, frantsesetik sartzen ari diren mailegu berrietan, -ona egiteko joera dago: balona, marrona...
  6. Mailegu zaharretan -aia amaiera ageri da: bisaia 'aurpegia', lengoaia 'hizkuntza', kuraia 'kemena', salbaia 'basatia', usaia 'ohitura'... Arau hori ez da gaur emankorra, mailegu berrietan -adxa egiten baita: depanadxa 'konponketa' (< dépanage), rezikladxa 'birziklatzea' (< recyclage)…

Erreferentziak aldatu

  1. a b c Koldo Zuazo: «Ezagarriak», Euskalkiak.eus.
  2. Koldo Zuazo (1997): «Oiartzungo hizkeraren kokagunea», in Fontes linguae vasconum: Studia et documenta, 76. zenbakia, 397-426. orrialdeak.

Kanpo estekak aldatu