Euskaldunak (Orixeren poesia)
Euskaldunak Orixek idatzitako poema da.
Euskaldunak | |
---|---|
Liburuko azala | |
Datuak | |
Idazlea | Nikolas Ormaetxea (1950) |
Argitaratze-data | 1950 |
Generoa | Poesia |
Jatorrizko izenburua | Euskaldunak |
Hizkuntza | Euskara |
Herrialdea | Euskal Herria |
Orixeren Euskaldunak bete-betean erantzuten dio poema nazionala ontzeko asmoari. Aitzol jakinaren gainean zegoen literaturak Europako zenbait herritan —Finlandian eta Proventzan, adibidez— izan zuen berebiziko garrantziaz. Literatura tresna garrantzitsua zen delako herri edo nazioaren kontzientzia nazionala, linguistikoa eta kulturala pizteko. Poema nazionala lanabes ezinbestekotzat jotzen zuten herri minoritarioek aurrera egiteko eta haien kultura suspertzeko eta plazaratzeko. Horrela, kultura minorizatu ugari murgildu ziren munduaren aurrean nazio gisa aurkeztuko lituzkeen poema nazionalaren zereginean.
Arestian aipatu legez, Finlandia eta Proventza dira kasurik paradigmatikoenak. Finlandian, Kalevala da poema nazionalaren erakusgarri. Lan hori herri-epopeia bat da, E. Lönnrot-ek ahozko tradizio finlandiarrean oinarrituta atondutakoa. Proventzan, Frantziako mugen barnean —Okzitanian— kokatutako eskualdean, Frédéric Mistral aipatu beharra dago. Poeta proventzarraren Mireio olerkiak eman zion hasiera Proventzako kultur berpizkundeari.
Herri horietan poema nazionalak kontzientzia nazional eta kulturalaren bultzagarri izan zirenez, Euskal Herriak ere bere poema nazionala behar zuela iritzi zion Aitzolek. Iñaki Aldekoak argi eta garbi zehazten ditu bere Euskal Literaturaren historian poema nazionalaren nondik norakoak:
Poema honek euskaldunen gogo benetakoa eta bizia irudikatu behar zuen, elezaharrez, tradizioz eta folklorez ehundua eta Euskal Herriaren sentimendurik sakonenez blai.[1]
Azken batez, gorpuztuz joan zen euskalduntasunaren arima jaso eta jendea sentimendu abertzalearen inguruan bilduko zuen olerkiaren beharra. Testuinguru horretan jazo zen Aitzol eta Orixeren arteko eztabaida edo ika-mika. Euskal poema nazionalak hartu beharko zuen estiloa edo norabidea izan zen eztabaida-iturria. Hala ere, oinarrizko adostasun bat lortu zuten, behinik behin, generoari buruz. Poesia izango zen.
Orixek Euskaltzaleak elkartearen enkarguari baiezkoa eman zion[2] eta, horren ondorioz, 1931. urtean Bilbo utzi eta Orexara erretiratu zen, Euskaldunak poema nazionalaren idazketan buru-belarri murgiltzera. Esan beharra dago Lizardik eta Lauaxetak zeregin horri uko egin ziotela.
Enkarguarena zehaztu beharra dago, bi hipotesi [3] baitaude gaiaren inguruan. Haietako baten arabera, Euskaltzaleakek beren-beregi agindu zion Orixeri Euskaldunak poemaren zeregina eta, horregatik, ordainsaria jaso zuen. Beste hipotesia Orixek Lizardiri idatzitako gutun batean oinarritzen da. Bertan, Orixek poema nazionala idaztearen aldeko jarrera agertu zuen. Hori dela eta, Lizardik Aitzolengana jo zuen onespen bila. Beraz, horregatik esaten da ez zela zentzu hertsian enkarguz egindako lana, Euskaltzaleak elkartearen babesean burututakoa baizik.
Euskaldunak
Euskaldunak baserri giroko Euskal Herri tradizionalaren goresmenezko poema da. Ur Apalategiren hitzetan, euskal mundu erruralaren deskribapen etnografikoa [4].
Hamabost atalez osotutako obra luzea eta zabala da. Garazi Iriarte "Gerrieder" eta Mikel Igarategi "Eleder"en arteko maitasun istorioa kontatzen du. Harreman hori aitzakia edo atze-oihal gisa erabiltzen du Orixek tradizioak, ohiturak, herri-kantak eta euskal folklorea tartekatzeko. Hots, Orixe bi neska-mutilen arteko harremanaz baliatzen da helburu askoz ere zabalago baterako. Maitasun harreman hori darabil herriaren erakusgarri diren lanen, ohituren, jaien, ospakizunen, jokoen et abarren irudikapena egiteko: pilota-partidak, hileta-elizkizunak, inauteriak, apustuak edo nekazaritza-lanak —artazuriketa edo artajorra, adibidez—. Azken bateean, herria da poemako protagonista, herri menditar eta nekazari baten egunerokoa aletzen baitu denboraren kontzepzio linealean.
1935. urtean amaituta egonagatik, Euskaldunak ez zuten 1950. urtera arte argitara eman, Espainiako Gerra Zibilak errotik eten baitzuen Euskal Herriko kultur loraldia. Gertaera latz eta traumatiko horrek berebiziko eragina izan zuen obran. Euskaldunak ez zuen harrera berorik izan, ez baitzien garai berriko eskaerei erantzun. 1950. urterako erabat gaindituta zegoen Orixeren eredu zaharkitu, landatar eta tradizionala. Belaunaldi berrientzat guztiz agortua eta anakronikoa zen Orixeren ikuspegia. Ikuskera hark bat egin zezakeen 1930. hamarkadako beharrizanekin, baina inondik inora ere ez garai berriak asetzeko premiekin.
Erreferentziak
aldatu- ↑ ALDEKOA, I. (2008): Euskal literaturaren historia, Donostia, Erein, 190.orr
- ↑ Kortazar, Jon. (2008). Leonardo Romero Tobar ed. La literatura vasca y la creación de la nación. Las ideas de José Aristimuño, Aitzol (1896-1936). in: Literatura y nación: la emergencia de las literaturas nacionales. Zaragoza: Prensas Universitarias de Zaragoza, 216-218 or. ISBN 9788492521142..
- ↑ IZTUETA, P. (1991): Orixe eta bere garaia, Vitoria-Gasteiz, Etor
- ↑ APALATEGI, U.: “Euskal Literaturaren Hiztegia – Idazlanak. Euskaldunak (1934) Nikolas Ormaetxea Orixe”, EHUko Euskal Literaturaren Hiztegian, 2015ko ekainaren 3an jasoa http://www.ehu.es/ehg/literatura/?p=375
Bibliografia
aldatu- Aldekoa, Iñaki. (2008): Euskal literaturaren historia, Donostia, Erein.
- Apalategi, Ur: “Euskal Literaturaren Hiztegia – Idazlanak. Euskaldunak (1934) Nikolas Ormaetxea Orixe”, EHUko Euskal Literaturaren Hiztegian, 2015eko ekainaren 3an jasoa http://www.ehu.es/ehg/literatura/?p=375
- Iztueta, Paulo. (1991): Orixe eta bere garaia, Vitoria-Gasteiz, Etor.
- Urdangarin, Elixabet: Orixeren Euskaldunak poemaren metrika-azterketa. - Egan, 1998-1/2, 59-82.