Jose Manuel Etxeita

euskal idazlea

Jose Manuel Etxeita Luzarraga (Mundaka, Bizkaia, 1842ko abenduaren 13a[1]1915eko martxoaren 1a[2]) euskal idazlea izan zen.

Jose Manuel Etxeita

Bizitza
JaiotzaMundaka1841eko abenduaren 13a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaMundaka1915eko martxoaren 1a (73 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakidazlea

Literaturaren Zubitegia: 265

Bizitza aldatu

Jose Manuel Etxeita eta Luzarraga 1842an jaio zen Bizkaiko kostako Mundakako herrian. Gaztetatik ibili zen itsasoan txo legez, gerora Bilbon nautika ikasteko; ikasle ona izan zen. Pilotu-titulua eskuratuta, mundu zabaleko itsasoetan ibili zen hainbat urtez. 1867ko azaroaren 25ean ezkondu zen Mundakako alaba Juana Abaroa Axuriagoxeaskoarekin. Seme bakarra izan zuten, izenez Salbador.

Etxeitari buruz, horrela diosku Eusebio Erkiaga lekeitiar idazleak: «Gizon bardingoa zan luze-laburrean. Azalez, baltzerana. Begiak, urdiñak zituan, zear luzanga urratuak. Bekoki zabala, ezpan lodiak, ao egokia, bizar estua. Izakeraz, atsegiña ta mazala ei zan. Artu-emonetan, apal eta maitakorra. Bai goikoentzat, bai beekoentzat, guztientzat bardin antzekoa, gizon oso ta bakarra, azpillik bagea. Buruz argia, zanez azkarra, ariurriz langillea».[3]

Itsasoko lanak alde batera laga barik ere, lehorrean geratzea erabaki zuen Manilan: Larrinaga y Compañía enpresakoekin jardun zuen lanean urte mordo batean; garai honetan Jose Manuel Etxeitak ardura eta kargu asko eta desberdinak izan zituen. Manilan hamasei urte eman zituen lehen aipatu itsas etxearen kargu. Besteak beste Kaia Batzordeko partaide izan zen; Filipinetako Administraritza eta Tabako Elkarteko aholkulari; Itsas Bazkuneko zuzendari eta Merkataritza Ganbarako lehendakari. Han, ikus daitekeenez, erantzukizun handiak izan zituen, baina beharbada aipagarriena Manilako bertako alkate izana izan daiteke. Bere lanak zirela kausa, Woyler eta Polavieja jeneralekin harremanak izan zituen. Haatik, gaztetasunak dituen adore eta kemena ahuldu ahala, bere jaioterrira, Mundakara, itzultzea erabaki zuen, oraingo honetan betiko.

Itsas astronomiaz jardungo du; musikari ekingo dio, eta marinel zaharrak —hainbeste urte atzerrian iragan eta gero— erabat ahaztu ez zuen euskarari arreta eta lana gogo beroz eta atseginez eskainiko dizkio. Mundakan azken urteetarako eraikiarazi zuen etxean emango zituen ezagutzera, euskarari dagokionean bederen, euskal munduari oparitu zizkion lanik baliotsuenak.


Lanak aldatu

Euskal eleberria ibilbidearen hastapenetan zegoen garai horretan. Jose Manuel Etxeitak badaki euskal letren munduan idazle taldetxoa lanean dabilela —Mogel, Jean Barbier, Joan Batista Azkonagerre, Elizanburu, Domingo Agirre— beste nazioetako idazleek urte batzuk lehenago egiten saiatu ziren gauza berbera egiten: eleberria. Euskal idazle horien lanak, batzuenak gutxienez, ezagutzen zituela dirudi, eta berak ere esku hartu nahi izan zuen hain gogoko zuen euskal literaturaren zabalkundean. Beraz, euskal eleberria sortzeko lehen urratsetan buru-belarri sartuta ibili zen, batik bat, itsasoko zereginak utzi eta Mundakako etxera bildu zenetik. Jose Manuel Etxeita idazle oparoa da: kazetari, ipuingile, itzulpengile, olerkari, eleberrigile..., nahiz eta ezagunagoa den eleberrigintzan utzi zituen Josetxo eta Jaioterri Maitia nobelengatik.

Garai hartako idazleek bezala, Etxeitak lur ongarritua aurkitzen du idatzitako lanak argitaratzeko. Izan ere, RIEV (1907), Euskal-Esnalea (1908), Euskalerriaren Alde (1911), Jaungoiko-Zale (1912)… aldizkarietan eta baita zenbait egunkaritan ere, emango ditu argitara genero laburrak, konplikazio gabeko narrazioak, fikziozko edota benetako elkarrizketak eta abar. Ipuinei dagokienez, mundakarrak aldizkarietan ematen ditu ezagutzera, batik bat, Euskal Esnalea aldizkarian. Oso ezaguna da Etxeitaren ipuinen artean 1910. urtean Eskuegundiya izeneko argitalpenean argitaratu zuen "Mari Jesus eta iru artzaiak" izenekoa.

Aipatu argitalpen horretan beste idazle ezagun askoren lanak agertzen ziren, hala nola A. Campionenak, J. de Urquijorenak, T. Aranzadirenak… Bestalde, Jose Manuel Etxeita da Trueba ipuinlari ospetsuaren lanak euskarara itzultzen saiatu zenetako bat. Hala, bada, Truebaren Creo en Dios, El Expósito, Juan Palomo, Etxeitak Ziñistuten dot Jaungoikoa´gan, Urikoa, Jon- Uso titulupean itzuli zituen. Horiek ez dira itzuli zituen ipuin bakarrak. Badu beste bat Zorijona izenpean –hau ere Truebarena– itzulitakoa. Etxeitak olerkiak eta bertsoak egiteko dohain berezia zuen. Nobeletan bertan zenbait pasadizotan erabiltzen ditu. Koplak, bertsoak eta olerkiak mundakarraren literatura-mundua osatzen duten elementu osagarriak ez ezik garrantzizkoak ere badira; berak duen nortasunaren isla direla esan daiteke. Etxeitak 52 olerkiz osatutako liburuxka eman zuen argira Au, Ori ta Bestia izenarekin. Olerkiotan itsasoa, euskara eta bizitzako gorabeherak ukitzen ditu batik bat. Samurtasuna eta minberatasuna adierazten duten olerkien ondoan, zirikatzeko eta alaitasuna adierazteko direnak ere badira; inoiz edo behin, elkarrizketa gisa emanak ere badaude. Eusebio Erkiagak dio Etxeitaren zenbait bertso eta olerki kantatzeko direla eta kantatuak ere izaten direla oraindik. Horren adibidea da Manilan zegoela Mundakako Santa Katalinaren ermita erori zenerako paratu zituenak.

Badirudi, halako joerarekin orduko gizartean zegoen giroarekin bat egin nahi izan zuela. Euskalerriaren Aldek Zarauzko Euskal Jaietan eratu zuen olerki-sariketan esku hartu zuen, eta baita saria lortu ere Itsasoan izeneko olerki-sortarekin. Eleberriei buruz, Jose Manuel Etxeitak euskal literaturan jaso duen ospea eta izena, idatzi zituen bi nobelei zor die. Horretan bat datoz kritikariak. Bera berehala ohartu zen euskal literaturaren sorkuntzak erritmo geldoegia zeramala, eta bere burua gaitasun urrikoa ikusten bazuen ere («Utsune asko topako dozuz, irakurlea, irakurgai honetan» dio Josetxoren hitzaurrean, eta «Olako irakurgaiak nik baiño milla bider obeto egingo leukezan euskaldunak dagoz» berresten du Jaioterri Maitiaren berbaurrean), hala ere, edota beharbada horregatixe, lanari ekin zion. Baina Etxeitak, eleberria edo irakurgaia egiten hasten denean, ia ez du erreferentziarik: sei-zazpi eleberri baino ez zeuden kalean, eta, egia esan, sei-zazpi eleberri horietatik bik edo hiruk baino ez zituzten betetzen orduan eleberri batek horixe izateko –kritikarien iritziz– eduki behar zituen baldintzak: luzera, originaltasuna eta eleberritasuna, nolabait esateko, eta horiek Auñamendiko Lorea eta Kresala ziren, Domingo Agirrerenak. Josetxo Durangon argitaratu zen 1909. urtean. Josetxo izeneko umezurtzaren bizitza kontatzen du.

Liburu mardula da, 368 orrikoa. Ohitura eta abenturazko eleberrien sailean sar daiteke. Batzuen ustez, eleberri horrek kutsu biografikoa ere badu. Lan horretan, Añibarroren bidetik jotzen duela dirudi.

Mataza oso lineala du. Familia euskaldun batek ijito batzuei erositako umezurtz usteko baten istorioa da. Erosten dutenetik mutilak hogeita hamar urte bete arte, hainbat gorabehera, atzerrialdi, bidaia eta jazoera gozo eta garratz jasaten ditu. Jaioterrira itzultzean, bere benetako gurasoak aurkitu eta ezagutuko ditu. Jaioterri Maitia du bigarren eleberria. Hura ere Durangon argitaratu zen 1910. urtean. 255 orrikoa da. Protagonistak Ardibaso izeneko Arkadia antzeko batean kokatzen ditu Etxeitak. Ekintzak Mexiko eta Euskal Herriaren artean kokaturik daude. Artzain-giroko eleberria da. Bigarren lan horretan Mogelek eraiki zuen ildoan ageri da mundakarra. Oroitzapenak lana du hirugarrena, baina argitaratu gabe dago. Eskuizkribua da. Hartan Etxeitaren pasadizo, gertaera eta bizitzako gorabeherak batzen direla esan daiteke: itsasoari eta atzerriari dagozkionak, etxekoen harremanei dagozkienak ahaztu gabe.

Ezaugarriei dagokienez aldatu

E. Erkiagak, Etxeitaren poesiari buruz, honako hau esaten du: «Musika-zale zanez, neurriz artez eginak dira, izkera errezean... itzak moztu ta itsusitu gabe, euskera osasuntsuan. Samurtasuna ugari dabil izneurtu askotan,an hor hemen sentimentu bikain ta gardena erakutsiaz. Minberatsuen ondoan, ba ditu bertsu zirikatzaileak bere, alaikorrak...» (Olerti, 1962, 115. or.).

M. Zaratek, Josetxo eleberriaz diharduenean, honela dio: «Erromantiku usaiña dario, baiña erreza eta polita da». Etxeitaren kezkarik handienetakoa hizkerarena da eta honetan badu antza bere garaiko euskal idazle gehienekin.

Mundakarrak gogoan ditu Kanpion, Azkue, Arana Goiri eta Domingo Agirre, idatzi behar duenean; baina, adibidez, hizkuntzari dagokionez Agirrerekin erkatuz gero, esan behar da ez duela ondarrutarraren maila erdiesten: Etxeitaren euskarak ez du Agirreren euskarak duen aberastasuna, jatortasuna eta jariotasuna. Agirreren pertsonaiak, bestalde, mugigaitzak dira; Etxeitarenak, aldiz, bidaiariak; mundakarraren pertsonaiek, batzuetan, Pío Barojarenak gogorarazten dituzte. Oro har esan daiteke Jose Manuelek bai gaia, bai gaia garatzeko tresna, hurrenez hurren, herri xumea gogoan izanik erabiltzen dituela. Urte asko kanpoan eman zituelako edo lehen aipatu zenbait idazleren eragina zela medio, garbikeria-usaina –ez asko– hartzen zaie idatzi zituen lan batzuei. Idazkerari dagokionez, herriari oso ulerterraza egiten zaion bizkaiera darabil. Hala ere, apur bat mugatua dago esakune, lokuzio, hiztegi eta adierazkortasunaren aldetik. Zerbait leporatu beharko balitzaio joskeraren erabilera ahula izango litzateke.

Hizkuntzaren batasunik eza zela eta, batzuetan, Añibarroren bideari ekingo dio; beste batzuetan, Mogelen bidetik abiatuko da; eta izen bereziei dagokienez, Sabino Arana hartuko du maisutzat. Garai hartako idazleek egin zuten bezala, Etxeitak ere pertsonaia idealizatuegiak sortzen ditu, eguneroko errealitatetik nahikoa urrunduak.

Umorea da Etxeitaren idazlanetan ikus daitekeen beste ezaugarri bat. Berea da honako pentsamendu hau: «Jarraitu beti aurrera, esan oi dan lez, esanaz: lenengoan parkatu, urrengoan urkatu». Bestalde, idazlanetan umorea nabari zaion bezala, antzematen zaio abertzaletasuna. Bere garaiko semea da. Foruak galdu aurreko gizartea du gogoan Etxeitak; ikuskera horretan aberri-mina eta iragan-mina uztartzen saiatuko da. «Euskaldun-fededun» lema gogoan duela idazten du, sarritan moralkeria eta didaktismoa erakutsi nahi dituela.

Jaioterri Maitia eleberriaren paragrafo batean honela dio: «Zenbait bider gogoratu ete jaken Jaungoikuak zeatu ebala bere gizabide okerragaitik...».

Koldo Mitxelenak honela idazti zuen Etxeitari buruz: «Ia ahazturik dagoen aitzindari bat, ahaztuegi beharbada, Jose Manuel Etxeita bizkaitarra dugu».

Erreferentziak aldatu

  1. Euskaltzaindiak eta Mundakako Udalak Jose Manuel Etxeita omenduko dute
  2. «Recordatorio» Euskal-Esnalea 1915-03-30 (Noiz kontsultatua: 2018-11-27).
  3. Eusebio Erkiaga. (1962) Olerti, 108. orr.

Kanpo estekak aldatu