Jean Etxepare Bidegorri
Jean Etxepare Bidegorri (Mar Chiquita, Argentina, 1877ko urriaren 30 – Kanbo, Lapurdi, 1935eko urtarrilaren 9), izengoitiz Medikua deitua, euskal idazlea izan zen.
Jean Etxepare Bidegorri | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Mar Chiquita, 1877ko urriaren 30a |
Herrialdea | Euskal Herria |
Heriotza | Kanbo, 1935eko urtarrilaren 9a (57 urte) |
Hezkuntza | |
Heziketa | Bordeleko Unibertsitatea |
Hizkuntzak | euskara frantsesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | medikua eta idazlea |
Kidetza | Euskaltzaleen Biltzarra Euskaltzaindia |
Zerbitzu militarra | |
Parte hartutako gatazkak | Lehen Mundu Gerra |
Artikulugile izan zen, batez ere. Bere garaiko euskal idazleetan batere ohikoa ez zen espiritu irekia erakutsi zuen, eta horrek arazoak ekarri zizkion: Buruxkak liburuko bi artikulu (bata ezkontzaz kanpoko amodioaz eta bestea eskola laikoaz) zirela eta, argitalpena atzera bota eta bi pasarteak zentsuratu behar izan zituen. Nolanahi ere, Eskualdunen Biltzarreko buru izatera iritsi zen, eta euskara sustatzeko hainbat ekimen bultzatu zituen. Euskaltzain urgazlea ere izan zen.
Bizitza
aldatuGaztaroa
aldatuGurasoak Argentinara emigratutako baxenafarrak zituen eta Etxepare han sortu zen. Sei urte zituela itzuli zen guraso eta senideekin Euskal Herrira, eta Lekornen jarri zen bizitzen. 1889an Larresoroko apaiztegian sartu zen; han Abadia, Hiriart-Urruti eta Larralde izan zituen irakasle eta euskal gaietan maisu. Ez zuen erlijiorako joerarik erakutsi, eta 1894an Bordelen hasi zen medikuntza ikasten. Bertan autore modernoen zale egin zen, Haeckel eta Nietzscherena bereziki. 1901ean eskuratu zuen doktoretza pilotari buruzko ikerketa batekin.
Mediku eta idazle
aldatuMediku zelarik, Euskal Herrira itzuli zen. Lau urtez Lekornen egon ondoren, Alduden kokatu zen. Handik urtebetera Hiriart-Urrutyk zuzentzen zuen Eskualduna aldizkarian hasi zen artikuluak argitaratzen. Bertan trebatu zen euskal idazle gisa, orotariko gaiak landuz: medikuntza, zientzia dibulgazioa, euskalaritza, politika eta literatura. Bere kontakizunetan euskarazko narratiba moderno baten lehen zantzuak ikus daitezke. Han argitaratutako lan batzuekin liburu bat osatu zuen (1910, Buruxkak ), nahiz eta bertan agertzen zituen amodioari buruzko eta eskola laikoen gaineko iritzi aurrerakoiengatik zabalkunde murritza izan.
Lehen Mundu Gerra bitartean, eta bere anaia Pierre apaizarekin batera, Eskualdun Laborarien Almanaka argitaratu zuen, hamar urtez. Gerra lehertu zelarik, soldadu joan behar izan zuen. Gudulekutik bidalitako artikulu sorta bat argitaratu zioten Eskualduna aldizkarian. Gerra ondoren, eta Piarres Broussainek bultzatuta, Hegoaldeko zenbait jenderekin jarri zen harremanetan.
1919. urtean Euskaltzain urgazle izendatu zuten, eta urte luzez izan zen Eskualdunen Biltzarreko lehendakari. Orduan hasi zen Gure Herria aldizkarirako ere idazten. Alduden egon zen luzaro sendagile eta gero Kanbora aldatu zen. 1931n argitaratu zuen bigarren liburua, Beribilez. Bidaia liburu bat da Nafarroan eta Gipuzkoan barrena.
Idazlanak
aldatu1902an ekin zion Eskualdunan kolaboratzeari, eta hala jarraitu zuen, horrez gain urtero bere anaiarekin batera Eskualdun Laborarien Almanaka argitaratzen, Lehen Mundu Gerra piztu zen arte. Mobilizatua, Belgikako frontetik idatzitako kronikak ezagun egin zitzaizkion euskal irakurleari. 1921etik aurrera, izen bereko kultur elkarteak Baionan sortu zuen Gure Herria aldizkarian ere kolaboratu zuen.
Bai Eskualduna eta bai Gure Herria-n eman zituen zenbait lan liburu gisa atera zituen. 1910ean Buruxkak eman zuen argitara, Eskualdunan ateratako hogeita sei artikuluz osaturiko liburua. Argitalpena Etxepareren ametsa betetzera zetorren: euskara jakintza gai legez bizitzaren arlo guztietara helaraztea. Eta hala da. Oroimenetik eskuratutako estanpa zoragarriekin batera, euskal tradizioan inoiz gutxitan erabilitako gaiak ukitzen zituen Buruxkak-ek, hala nola Frantzia barneko politika, osasun-arazoak… Euskal saiakera modernoaren lehen urratsak ematera zetorren liburuak izan zuen bestelako arazorik, ordea. Bertan agertutako bi artikulu –«Nor eskola-emaile. Zer irakats» eta «Amodioa»– ez ziren ongi hartuak izan eta desagertu egin ziren Piarres Lafittek urte batzuk geroxeago prestaturiko edizioan. Arrazoia bi artikuluen edukian aurkitu behar da, eskola laikoaren eta erlijiosoaren arteko auzian lehena, maitasunari buruzko zenbait iritzitan bigarrena.
Oso bestelakoa da Beribilez (1931). Lehenagotik Gure Herria-n atalka emana, Azpeitiko Loiolaraino egindako bidaia baten berri ematen digu Etxeparek bertan. Hizkuntza literarioari dagokionez, berriz, Lafittek «navarro-laburdin littérarire» izendatu eta Iparraldeko prentsan usu erabili izan den euskara eredua da Etxepare medikuarenean aurki dezakeguna. Estilo aldetik zorrotza, hiztegi aberatsez eta sintaxi ausartez idatzi izanak kazetaritza-literaturaren esparrura hurbildu zuela esan dezakegu.
Liburuak
aldatuEtxepareri buruzko lanak
aldatu- Garcia Trujillo, Sebastian (1998): Hamaika euskal literato eta Jainkoa, UPV/EHU arg.* Kintana, Jurgi (2009): Urre urdinaren lurrina. Euskal idazle galduaren bila (1810-1940), Pamiela.
- Altonaga, Kepa: (2006) Etxepare Aldudeko medikua, Euskaltzaindia-EHU)
- Ortiz de Pinedo, Aitor, 2018, "Jean Etxepare eta Pío Baroja", Fontes Linguae Vasconum 125:85-112.
- Ortiz de Pinedo, Aitor, 2018, Jean Etxepareren Beribilez (1931): bidaia eta ideologia, EHU/Université Bordeaux-Montaigne III (kotutelan eginiko tesia)
- Ortiz de Pinedo, Aitor, 2018, "Gizartea Jean Etxepareren idazlanetan: adabakiak", EGAN 2018 3/4:123-148.
- Ortiz de Pinedo, Aitor, 2018, "Jean Etxepare Bidegorri zubigile", Euskera 63: 365-391.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatuWikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Jean Etxepare Bidegorri |
- Jean Etxepare Bidegorri literaturaren zubitegian, zubitegia.armiarma.eus