Bereterretxen khantoria

Bereterretxen khantoria[1] zubererazko balada da, Zuberoako herriak belaunaldiz belaunaldi egun arte kantatu duena. Jean Jaurgain ozaztarrak Quelques légendes poétiques du pays de Soule liburuan argitaratu zuen lehenengo aldiz.

Salaberrik Chants populaires du Pays Basque lanean dioenez, Beretxerretxe Iruriko kondearen aginduz hil zuten. Beretxerretxeren amak Marisanz de Bustanobi omen zuen izena, XV. mendeko Zuberoan oso izen arrunta; datu hori argudiotzat erabiliz, Jaurgainen arabera kantak XV. mendekoa izan behar du. Henri Gavelen iritziz, kantorearen doinua kantu gregorianoaren estilokoa denez, Berreterretxe ezin izan zuen Iruriko kondeak erail, hau 1634an bizi izan baitzen Mauleko gazteluan. Hori, egia esan, oso argudio eskasa da, garai jakin batean jasotako kantuaren melodiak ez baitu balio gertakizuna denboran kokatzeko.

1964. urtean Mikel Laboak Bereterretxen khantoriaren bertsio bat moldatu zuen. 1990an, berriz, Iñaki Mendiguren idazleak Haltzak ez du bihotzik baladaren lehen hitzak moldatu zituen Haltzak badu bihotzik bere lehen eleberriari izena emateko.

KantoreaAldatu

Baladak heriotza bortitz eta tragiko baten berri ematen du: beaumondarren leinuko buruzagi eta Leringo konde zen Luis Beaumontekoaren aginduz, Bereterretxe zaldun agaramontarra hil zutenekoa. Kontakizuna, beraz, ahaide nagusien arteko borroken garai odoltsuan kokatuta dago. Jaurgaineren iritzira, kanta 1434 eta 1449 artean egin zen, Leringo kondea garai hartan izan baitzen Mauleko gazteluaren menpe.

Jatorrizko Letra Euskara Batuan

Haltzak ez dü bihotzik,

Ez gaztanberak hezürrik.

Ez nian uste erraiten ziela aitunen semek gezurrik.


Andozeko ibarra,

Ala zer ibar lüzia!

Hiruretan ebaki zaitan armarik gabe bihotza.


Bereterretxek oheti

Neskatuari eztiki:

«Abil, eta so egin ezan gizonik denez ageri».


Neskatuak ber'hala,

Ikusi zian bezala

Hiru dozena bazabiltzala borta batetik bestila.


Bereterretxek leihoti

Jaun Kuntiari goraintzi:

Ehun behi bazereitzola, beren zezena ondoti.


Jaun Kuntiak ber'hala,

Traidore batek bezala:

«Bereterrex, haigü bortala: ützüliren hiz berhala».


«Ama, indazüt atorra

Mentüraz sekulakoa!

Bizi denak oroit ükenen dü Bazko gai-erdi ondua!


Heltü nintzan Ligira,

Buneta erori lürrera,

Buneta erori lürrera eta eskurik ezin behera.


Heltü nintzan Ezpeldoira,

Han haritx bati esteki,

Han haritx bati esteki eta bizia zeitan idoki.


Marisantzen lasterra

Bost mendietan behera!

Bi belainez herrestan sartü da Lakarri-Büstanobila.


«Büstanobi gaztia,

Ene anaie maitia,

Hitzaz onik ez balinbada, ene semea joan da».


«Arreba, hago ixilik!

Ez otoi egin nigarrik

Hire semea bizi bada, Mauliala dün joanik.


Marisantzen lasterra

Jaun Kuntiaren bortala!

«Ai, ei, eta, jauna, nun düzie ene seme galanta?»


Hik bahiena semerik

Bereterretxez besterik?

Ezpeldoi altian dün hilik; habil, eraikan bizirik...»


Ezpeldoiko jenteak,

Ala sendimentü gabeak!

Hila hain hüllan üken-eta deüsere ez zakienak!


Ezpeldoiko alaba

Margarita deitzen da:

Bereterretxen odoletik ahürka biltzen ari da.


Ezpeldoiko bukata,

Ala bukata ederra!

Bereterretxen atorretarik hirur dozena ümen da.



Haltzak ez du bihotzik,

Ez gaztanberak hezurrik.

Ez nuen uste esaten zutela aitoneen semeek gezurrik.


Adozeko ibarra

Hara ze ibar luzea!

Hirutan ebaki zidan armarik gabe bihotza


Bereterretxek ohetik

Neskameari eztiki:

- Zoaz, eta ikusi ea gizonik den ageri


Neskameak berehala,

Ikusi zuen bezala

Hiru dozena bazebiltzala ate batetik bestera


Bereterretxek leihotik

Jaun Kondeari goraintzi:

Ehun behi bidaliko zizkiola, bere zezena ondotik.


Jaun Kondeak berehala.

Traidore batek bezala:

Bereterretx, etorri atera: berehala itzuliko zara.


Ama, ekar iezadazu alkandora

Beharbada sekulakoa!

Bizi denak oroituko du Pazko gauerdi ondokoa.


Heldu nintzen Ligira,

Txapela erori lurrera,

Txapela erori lurrera eta eskua ezin behera luzatu


Heldu nintzen Ezpeldoira,

Han haritz bati eseki,

Han haritz bati eseki eta bizi kendu zidaten


Mari Santzen lasterra

Bost mendietan behera!

bi belaunez arrastaka sartu da Lakarri-Büstanobira


Büztanobi gaztea,

ene anaia maitea,

Zurekin ondo ez baldin badago, nire semea joan da.


Arreba, egon zaitez isilik

Ez mesedez egin negarrik

Zure semea bizi bada, Maulera da joana


Mari Santzen lasterraldian

Jaun Kondearen atera!

Ai, ei, eta, Jauna non daukazue nire seme galanta?


Zuk ba al bezenuen semerik

Bereterretxez besterik?

Ezpeldoi aldean dago hilik, jaso ezazu bizirik.


Ezpeldoiko jendeak,

Hara, sentimendu gabeak!

Hila hain hurbil izan eta, deus ere ez zekitenak!


Ezpeldoiko alaba

Margarita deitzen da:

Bereterretxen odoletik esku bete biltzen ari da.


Ezpeldoiko bokata/lixiba,

Hara bokata/lixiba ederra!

Bereterretxeren alkandoretatik hiru dozena omen dira.



ErreferentziakAldatu

Ikus, gaineraAldatu

Wikitekan badira testuak, gai hau dutenak:
Bereterretxen khantoria

Kanpo estekakAldatu