Eresi

Erdi Aroko euskal hileta-kantak ziren
Eresiak» orritik birbideratua)

Eresiak Erdi Aroko euskal hileta-kantak ziren.

Historia

aldatu

Lehendabiziko zeharkako eresien aipamenak 1452ko Bizkaiko Foru Zaharrean agertu ziren. Honek emakumeei libelo sutsu moduko koplak abestea debekatu zien. Nahiz eta kalitate onekoak eta ohitura zaharrekoak izan, Elizari edo botere publikoei kritika zorrotzak eta salaketak egiten zizkietelako gutxi mantendu dira. Kritikez gain, beraien kezkei buruz ere kantatzen zuten. Abeslariak beti emakumeak ziren, hileta-elizkizunetan eta gaubeilan jendearen aurrean bertsoak moldatzen zituztenak.[1] Horiek, Lekuona edo Koldo Mitxelenaren aburuz, bertsolari mutuak ziren[2]

Orduko kronistek mota honetako zenbait kopla bildu zituzten, batzuek herri tradizioan luzaroan zirauten eta beste asko transkribatuak ziren. Esteban Garibai, Lope Martinez de Isasti, Bertrand Zalgize, Arnaud Oihenart eta abarrek eresiak transkribatu zituzten. Esteban Garibaik XV. mendea aipatzen duenean "emakume inprobisatzaileen mende" gisara aipatzen du eta eresiei buruz ari denean, emakumeek beraien leinuko edo senitartekoak hiltzean, hiletetan hauen aurrean kantatzen zituzten poemei buruz ari da. Poema hauetan beraien memoria goratu edo beraiek hil ondoreneko berriak kontatzen zituzten.

Eresia ezagunenetako bat Lasturko Miliaren ahizparena da, Miliaren heriotza injustuari buruz poema hunkigarria inprobisatu zuen emakume anonimoarena.

Bertsoak kantatzen zituzten emakumeak ez ziren klase altukoak soilik, modu informalagoan izan arren, klase arruntekoek ere kantatzen zituzten, esate baterako eguneroko bizimoduko egoerei buruz bromak eginez. Emakume hauei emakume lotsagabeak (mujeres profazadas) deitzen zitzaien. Bizkaiko Foru Berrian honela dio: "lotsarik ez duten eta auzokoak nahasten dituzten emakume gisara ezagutzen direnak eta libelo eran koplak eta kantuak sortzen dituztenak" . Emakume hauek, klase altukoak ez bezala, gaizkile eta zalapartaritzat hartzen ziren. Hauen bertsorik ez zaigu iritsi baina bai kantatzea debekatu izanaren ebidentzia. Zenbait euskal ordenantzatan, bereziki bizkaikoetan, Erdi Aroaren amaiera eta Aro Modernoaren hasiera aldean ahots disidente hauek isilarazteari buruzko idatziak ageri dira.

Gernikan, adibidez, hiletetan eresiak kantatzea debekatu zen 120 marabediko isunarekin. Bilbon berriz, 1493an debekatu zen praktika hau. Nahiz eta emakumeek kantari jarraitu, 1519an Bizkaia guztian debekatuta zegoen. Dena den, emakumeak elkartzen ziren lekuetan bizirik jarraitu zuen bertsoak kantatzeko ohitura honek: harrasketan, etxe barruetan...

Zerrenda

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. Juan Maria Lekuona Ahozko literaturaren historia Euskal Herria. 1. liburukia, Donostia, Jakin.1, 1984
  2. Bertsozale Elkartea

Kanpo estekak

aldatu