Eskualduna (aldizkaria)
- Beste esanahi batzuen berri izateko, ikus: «Euskalduna (argipena)»
Eskualduna Baionako aldizkari elebiduna izan zen, euskaraz eta frantsesez argitaratzen zena. 1887an sortu zen, hautagai "xuri" (eskuindar) baten alde egiteko eta Le Réveil Basque egunkari errepublikar elebidunari irakurleak kentzeko xedearekin. Louis Etxeberri, 1901 arte Eskualdunako zuzendari eta 1903 arte jabea, halaber diputatu xuria zen. Le Réveil Basqueko burua, berriz, Berdoly izeneko diputatu gorria zen.

Urte hartako martxoaren 15ean kaleratu zen lehen zenbakia: orduz geroztik, erlijio katolikoa, familia eta laborantza izan zituen oinarri ideologikoak, eta arrakasta handia izan zuen Ipar Euskal Herrian. Frantziako eredu errepublikar eta laikoaren aurka kokatzen zen eta euskara, fedea eta erregionalismoaren alde. Aldizkari abertzalea zen; ez, ordea, eusko abertzalea, osoki frantses abertzalea baizik, bere aldaera tradiziozale eta konfesionalean. Louis Etxeberri eta Jean Hiriart-Urruti izan ziren Eskualduna-ko zuzendari nagusiak, hainbat urtetan.
Eskualdunan ikasi zuten idazten Iparraldeko garai hartako idazle gehienek, eta beren artikuluekin euskal kazetaritzaren lehen oinarriak paratu zituzten, ordu arte euskaraz inoiz ukitu gabeko hainbat gai jorratuz. Jean Etxepare Bidegorri medikuaren kronikak eta kontakizunak euskal literatura modernoaren lehen hastapenak izan ziren, estilo eta gai aldetik. Gerra Handian (1914-1918), aldizkariak bat egin zuen Action Française alderdiaren posiziorekin. Urte horietan, Etxepare medikuaren, Jean Elizalde Zerbitzari-ren eta Jean Saint-Pierreren artikuluak argitaratu ziren Lehen Mundu Gerraz, batzuetan frontetik bertatik idatziak.
1936-1939 bitartean, Hego Euskal Herria nozitzen ari zen gerraren aurrean, frankisten alde aritu zen buru-belarri, Ipar Euskal Herriko hautetsi eta hedabide gehienak bezalaxe.[1] 1941az geroztik, Vichyko gobernuaren alde egin zuen agerkariak, eta epe horretan nazismoaren aldeko idazkiak argitaratu zituen. 1944an aliatuek alemaniarrak garaitu ostean, frantziar agintari berriek Eskualduna itxi zuten, kolaborazionista izateagatik. Piarres Lafittek zuzenduriko Herria aldizkariak hartu zion lekukoa Ipar Euskal Herriko euskal kazetaritzan; gaur egun ere, Baionan argitaratzen da.
ErreferentziakAldatu
- ↑ Josu CHUECA INTXUSTA: «Jean Ybarnegaray: Euskaldunen aterpea suntsitu zuen faxista», Argia, 2183. zenbakia, 2009-05-10.