Pizkundea[1] edo Errenazimentua[1] —zenbaitetan Berpizkundea[2] edo Errenaisantza[3] ere deitua— XV. eta XVI. mendeetako kultura mugimendua izan zen, Behe Erdi Aroan Florentzian hasi[4] eta geroago Europan zehar hedatuz joan zena. Hitza orduko garai historikoa izendatzeko ere erabiltzen den arren, kontuan hartu behar da Pizkundeko aldaketak ez zirela Europa osoan batera gertatu. Pentsamendu humanistari oso loturik dagoen mugimendu kultural horren oinarria Antzinate klasikoaren iturrietara itzultzea izan zen.

Michelangeloren Dabid eskultura (Florentziako Arte Eder Akademia), Goi Pizkundeko artearen adibidea.

Erdi Aroaren eta Aro Modernoaren arteko zubia izan zen. Izan ere, Erdi Aroaren amaiera eta Pizkundearen hasierako urteetan, oso denbora laburrean, Mendebaldeko gizartea oinarri-oinarritik inarrosi zuten aurkikuntzak eta asmakuntzak egin ziren, Europan eta inguruko herrietan ere. Jakintza klasikoa berpizteaz gainera, Errenazimentuan kontinente berriak aurkitu eta esploratu ziren, Kopernikoren astronomia sistemak hartu zuen Ptolomeorenaren lekua, estatu nazioak eratu ziren, sistema feudalak gainbehera egin zuen eta komertzioa asko hedatu zen, eta garrantzi handiko berrikuntzak aplikatu edo asmatu ziren (papera, inprimatzeko makina, itsasorratza, bolbora...).

Nolanahi ere, garai hartako pentsalarientzat ikasketa eta jakintza klasikoen eraberritze garaia zen hura batez ere, kultura pobretu zen urte luzeen ondoren heldua. Horretan erabakiorrak izan ziren Bizantziotik, otomandarrengandik ihesi, iritsi ziren jakintsuak eta testuak, horien bidez ezagutu ahal izan baitziren klasikoak.

Historiografia

aldatu

Giorgio Vasari idazle eta artista italiarrak, 1570ean argitaratutako Margolari, eskultore eta arkitekto famatuen bizitzak lanean, erabili zuen lehenbizikoz Errenazimentu (rinascita) hitza[4], baina XIX. mendera arte ez zitzaion hitz honi interpretazio historiko-artistiko zabala eman.

Vasarik ideia erabakigarri bat plazaratu zuen: antzinako artearen birjaiotzea. Honek artistaren jokabide espiritualean erabat berri zen fenomeno bat zekarren: kontzientzia historiko indibidual nabaria izatea.

Joxe Azurmendik jaso duenez Pizkundea, Erdi Arotzat erdeinatua, ahazturik egon zen Burckhardt historialari suitzarrak dagokion garrantzia eman zion arte XIX. mendearen azken aldera (Die Kultur der Renaissance in Italien, 1860). Burckhardt ezkero Pizkundea indibidualitatearen aurkikuntzaren aldia bezala ezagutzen da.[5]

Pizkundeak Erdi Aroko artearekin lotura guztiak moztu zituen berariaz, mespretxuz barbaro eta godoen estilotzat hartzen baitzuen. Era berean, Iparraldeko Europako arte garaikidearen aurka zegoen. Europako eboluzio artistikoaren ikuspuntutik, Pizkundeak ordura arte nagusi izan zen batasun estilistikoaren apurtzea ekarri zuen.

Ezaugarriak

aldatu

Gizakia

aldatu
 
Vitruvioren gizona, Leonardo da Vinciren marrazkia, arte eta zientziaren arteko konbinaketaren adibidea.

Errenazimentuaren espiritua, azken aldian, hainbat eratan gorpuztu bazen ere, hasieran pentsaera mugimendu batek gauzatu zuen, humanismo deritzanak hain zuzen ere. Humanismoak hainbat ezaugarri ditu:

  • Lehenbizi, gizakia bera, ikuspegi guztietatik, eta bere lorpen guztiekin, hartzen du gaitzat.
  • Bigarren, filosofia eta teologia eskola guztien bateragarritasuna azpimarratzen du humanismoak, hau da, jakintzaren sinkretismoa. Sinkretismo horren ondorio da artearen eta artistaren unibertsaltasuna, eta horretxen eredu Pizkundeko gizon handienetako bat, Leonardo da Vinci.
  • Hirugarren, gizakiaren duintasuna aldarrikatzen du. Erdi Aroko bizitza idealak bestelako bati egiten dio leku. Penitzentzia zen Erdi Aroan giza jardueraren modu gailen eta nobleena. Humanismoak, berriz, gauzak sortzeko borrokatzea eta izadia menderatzea du helburu.
  • Azkenik, galdutako giza izpiritua eta jakintza berritzen saiatzen da humanismoa. Hura berreskuratzeko eginahaletan, ikuspuntu espiritual eta intelektual berri bat errotzen lagundu zuen, jakintza mota berri bat garatzen. Hala, humanismoaren eraginez erlijio ortodoxiak ezarritako pentsamenduzko mugak hautsi egin ziren. Galdera eta kritika librea ekarri zuen, eta gizonaren pentsakeran eta sorkuntzetan fedea sortu.

Antzinate Klasikorako itzulera

aldatu
 
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Aristoteles ulertzeko gakoak.

Humanismoak greziar eta erromatar antzinaterako itzulera eragin zuen. Garai haietako kulturaren funtsa berreskuratzen saiatu zen, eta ez bakarrik literaturan, baita artean (arkitektura, eskultura) eta filosofian ere. Eta ildo horretan, berebiziko garrantzia izan zuen Platonen obraren aurkikuntzak. Erdi Aroan Aristotelesen pentsamoldea besterik ez zen izan, eta Humanismoak Platon berreskuratu zuen. Humanista ikertzaile bihurtu zen, iturrien ikerketa kritikoa egin zuen, eta zientzialariena bezalako pentsamoldeak gidaturik jardun zuen. Humanista izan zen lehenengo historialari modernoa.

Artean Antzinate Klasikoko forma arkitektonikoak, zutabe ordena klasikoak, historia eta mitologiako gaiak eta antzinako sinboloak berpiztu ziren. Honekin ez zen kopia soil bat egin nahi, baizik eta, Arte Klasikoaren legeen ezagupenean barneratu nahi zen. Antzinateko formak arkitektura zein arte proiektuetan era onuragarrian erabili ziren. Hala ere, ez ziren honetara mugatu, eta arkitekto handiek ordena horiek gainditu zituzten, haien ekarpen berriak eginez. Esaterako, Albertik Santa Maria Novella basilikako fatxadan gehitutako kiribildurak edota Donato Bramantek San Pietro in Montorion integratutako perspektiba jokoen subjektibotasuna.

Inprimategien protagonismoa

aldatu

Ideia berrien hedatzean funtsezkoa izan zen inprimatzeko makina asmatzea eta zabaltzea. Johann Gutenberg, alemaniar inprimatzaileak asmatu zuen, eta 1455. urte aldera zabaldu zen Rhin inguruko hirietara (Maguntzia eta Estrasburgo). Handik berehala zabaldu zen Alemaniako erdialde eta hegoaldeko eta Italiako erdialde eta iparraldeko hirietara. Venezia, Paris, Lyon, Erroma eta Napoli, aurrenetakoak izan ziren.

Inprimategiari esker, asko zabaldu ziren Antzinate Klasikoko obrak, baita geroko erlijio lanak ere. Inprimategia ezinbesteko laguntza izan zen Erasmoren eta Luteroren lanak hedatzeko, adibidez, eta baita zientziak, fauna eta flora, eta artea zabaltzeko ere, marrazki eta planoen bidez. Kartografia lanak, halaber, asko aurreratu ziren harrezkero.

Estatu eta eliz agintariak, baina, asko larritu ziren halako propaganda hedabide baliotsu baten aurrean, eta hura kontrolatzeko neurriak –zentsura– hartzen hasi ziren.

Europako internazionalismoa: komunikazioa eta harremanak informazio hedabide gisa

aldatu

Giza harremanei eta ideologia trukeei esker asko zabaldu ziren ideiak. Humanisten gutun bidezko harremanak eta maizko bidaiak oso bide egokia izan ziren ideiak trukatzeko. Erasmo Rotterdamgoa, adibidez, Paris, Ingalaterra eta Italian zehar ibili zen.

 
Chenonceau jauregia, Frantzia.

Unibertsitateen artean ere harreman handia zegoen. Irakasle ospetsuenak beste unibertsitateetara joaten ziren eskolak ematera. Hizkuntza arazorik ez zegoen, hizkuntza bera erabiltzen baitzen denetan, latina. Lluis Vives espainiarrak, adibidez, Oxforden eta Lovainan eman zituen eskolak. Eta arrazoi beragatik, ikasle dirudunak ere Europako unibertsitate ospetsuenetara joaten hasi ziren ikastera.

Artean ere, mezenasei esker, hartu-eman ugari izan zen Europako artisten artean. Erregeek, printzeek, jaunek, beren gortera edo jauregietara deitzen zituzten atzerriko artista ospetsuenak. Frantzisko I.a Frantziakoak, adibidez, pintore italiarrak –Leonardo da Vinci, besteak beste– deitu zituen. Karlos V.ak, berriz, Tiziano deitu zuen. Italia eta Flandriako artistak izan ziren, batez ere, bai teknika, bai estilo aldetik aurreratuagoak zeudela aprobetxatuz, beste herrialde batzuetara mugitu zirenak. Baina beste artista batzuek ikasteagatik eta beren artea hobetzeagatik bidaiatu zuten, Italiara gehienbat. Albrecht Dürer, Alemaniakoa bera, Italiara joan zen, Pedro Berruguete –eta Gaztelako beste artista asko– bezalaxe. Harreman horiek zirela eta, berehala beretu ziren Italiako arte ereduak Europako gainerako eskualdeetan.

Italiako Pizkundea

aldatu

Italian, Pizkundearen aurretik, proto-pizkunde bat izan zen XIII. mendearen bukaeran eta XIV.aren hasieran, Frantzisko Asiskoaren irakatsiek inspiratua. Frantziskok ukatu egiten zuen kristau teologiaren eskolastika formala, eta pobreengana jo zuen izadiaren edertasuna eta balio izpiritualak predikatzera. Eredu horretxek bultzatu zituen italiar artista eta poetak inguruko munduaz gozatzera.

Aldi honetako artista famatuenaren lana, Giottorena (1337an hila), margolaritza estilo berri baten arabera egina da: egitura soila da eta azterketa psikologikoa, aldiz, zorrotza, bere aurreko edota garai bereko florentziar Cimabue, eta Sienako Duccio eta Simone Martini margolarien egitura hierarkikoko lan lauetakoa ez bezalakoa. Dante poeta handia Giottoren garai beretsuan bizi izan zen:, eta honen pinturetako ardura bera ageri da haren poesian, alegia, barne bizikizun eta giza nolakotasunaren aldaketa eta gorabehera txikienei buruzko ardura. Haren Jainkotiar komedia, egitasmoan eta ideietan Erdi Arokoa bada ere, izpiritu subjektiboa eta adierazkortasuna Pizkundekoak ditu. Petrarca eta Boccaccio ere garai berekoak dira, Pizkundearen aitzindari alegia, biak ere latin literaturari buruzko azterketei esker eta beren ama hizkuntzan, ez latinez, idatzi zutelako. Zoritxarrez, 1348ko Izurri Beltzak eta haren ondorengo gerra zibilak atzerarazi zituzten, bai ikasketa humanistikoen pizkundea, bai Giottoren eta Danteren lanetan ageri zen indibidualismoaren eta naturalismoaren zabaltzea. Hala, eten bat izan zen, eta XV. mendera arte ez zen berriz azaleratu Pizkundearen izpiritua.

Lehen Pizkundea

aldatu
 
Florentziako Santa Maria del Fiore katedralaren kupula, Brunelleschiren maisulana

1401ean lehiaketa bat egin zen Florentzian, San Giovanniko bataiategiko brontzezko ateak nork egin erabakitzeko. Besteren artean, Brunelleschi, Donatello eta Ghiberti aurkeztu ziren lehiaketa hartara. Ghiberti urregile eta margolariak eskuratu zuen lana. Brunelleschi eta Donatellok Erromara alde egin zuten, eta han Antzinateko arkitektura eta eskulturaren azterketan murgildu ziren. Florentziara itzuli eta Erroman ikasiak gauzatzen hasi zirenean, bigarrenez jaio zen antzinako munduko arte errazionala.

Pizkundeko margolaritzaren sortzailea Masaccio (1404-1428) izan zen. Bere ideien izaera intelektualak, konposizioen handitasunak eta naturaltasun harrigarriak Pizkundeko margolaritzaren giltzarri bihurtu zuten. Hurrengo belaunaldiko artistek –Piero della Francesca, Pollaiolo eta Verrochiok– aurrera egin zuten perspektibaren eta anatomiaren azterketan, eta naturalismo zientifikoan oinarrituriko estilo bat sortu zuten.

Florentziako hiriaren egoera guztiz egokia zen urte haietan arteen loratze honentzat. Santu zaindarien estatuak eskatu zizkieten hiritarrek Ghiberti eta Donatellori, eta Antzin Arotik inoiz egin zen kupula handiena eraikiarazi zioten Bruneleschiri Florentziako katedralaren gainean ezartzeko. Jauregi, eliza eta monasterioak eraikitzearen eta margotzearen kostua merkatari familia aberatsek hartu zuten beren gain.

Artisten babesle nagusia Medici familia izan zen. Medicitarrek Europako hiri gehienetan zituzten negozioak, eta Ipar Europako Pizkundeko arte lan garrantzitsuenetako bat, Hugo van der Goes flandriarraren Trittico Portinari, haien ajenteak, Tomasso Portinarik, eskatu zuen. Garai hartan ohi zen bezala tenperaz margotua izan beharrean, olio gardenez dago estalia, gainaldeak diamantearen antzeko distira eta ukitu leuna hartzen duela era horretan. Nolanahi ere, Lehen Pizkundeko iparraldeko margolariak gehiago arduratzen ziren objektuen adierazpen xeheaz eta haien esanahi sinbolikoaz, perspektiba eta anatomia zientifikoaz baino, baita haiek oso zabalduak zirenean ere. Baina, Italiako erdialdeko margolariak olioa erabiltzen hasi ziren, 1476an Trittico Portinari lana Florentziara eraman zutenean.

Goi Pizkundea

aldatu
 
Michelangeloren Adamen kreazioa, Kapera Sixtinoko freskoa.

Goi Pizkundearen garaiko arteak 35 bat urte zuen, 1490 ingurutik 1527 arte, Karlos V.aren osteek Erroma arpilatu zuten arte alegia, eta hiru artista handiren inguruan loratu zen: Leonardo da Vinci (1452-1519), Michelangelo (1475-1564) eta Rafael (1483-1520). Leonardo izan zen Errenazimentuko gizon handiena, jeinu bakartia, jakintzaren adar bat bera ere baztertu ez zuena; Michelangelok ahalmen sortzaile izugarria zuen, proiektu handiak egin zituen, beti ere giza gorputza hartuz emozioen adierazpide nagusitzat; Rafaelek izpiritu klasikoa bete-betean agertzen duten obrak sortu zituen, armonia, baretasun, edertasunez beteak.

Leonardo bere garaian bertan artista handitzat hartu bazuten ere, margotzeko ez zioten denbora askorik utzi anatomiari, hegan egiteari, eta landare eta animalien bizitzari buruz egin zituen azterketa luzeek. Margolan gutxi bukatu zituen, ospe handia eman ziotenak halere. Horietakoak dira Mona Lisa (1503-1505), Arroketako Ama Birjina (1458 ingurukoa), eta Azken Afaria freskoa (1495-1498), gaur egun hondaturik dagoena.

 
La fornarina (Antzinako Artearen Galeria Nazionala, Erroma), Rafaelen margolana.

Michelangeloren aurreneko eskultura lanei, hala nola Pietà (1499), eta David (1501-1504) obrei, trebetasun tekniko izugarriaz gainera, anatomia eta proportzioaren legeak muturreraino eramateko joera nabari zaie. Bere burua, batez ere, eskultoretzat zeukan arren, Michelangeloren lan ezagunena Vatikanoko Kapera Sixtinoko sabaiko fresko erraldoia da. Lau urtetan egin zuen, 1508tik 1512ra, eta konposizio guztiz konplexua du, baina, aldi berean, kristau teologia tradizionala eta pentsamolde platonikoa elkartzen baititu, bateratzailea da filosofian.

Rafaelek ere, Vatikanon margotu zuen bere lanik handiena, Atenasko eskola (1508-1511), Michelangelo Kapera Sixtinoa margotzen ari zen garai berean. Fresko handi bat da, Aristotelesen eta Platonen pentsamendu eskolak elkartzen dituena. Michelangeloren lan nagusiko zailtasun eta trinkotasunaren ordez, Rafaelek lasai-lasai hizketan jarri zituen filosofo eta artistak, areto zabal batean, gangak atzeraka egiten duela distantzian. Hasieran Leonardoren eraginpean jardun zuen, eta Arroketako Andre Mariaren piramide egitura eta aurpegi modelatu ederrak erabili zituen bere Andre Mariaren margolanetan. Gauza askotan, ordea, izan zen desberdina: produkzio ikaragarri zabalean, izaera lasaian, armonia klasikoaren eta argitasunaren nagusitasunean.

Goi Pizkundeko arkitekturaren sortzailea Donato Bramante (1444-1514) izan zen, Erromara 1499an joan zena, 55 urte zituela. Han egin zuen lehen maisu lana, San Pietro in Montorioko Tenplutxoa. Egitura biribilekoa da, eta tenpluen arkitektura klasikoa gogorarazten du. 1503-1513 urteetan agintea izan zuen Julio II.a aita santuak Bramante hautatu zuen aita santutzaren arkitekto, eta biek elkarrekin erabaki zuten IV. mendeko San Pedro Zaharraren ordez beste eliza bat, izugarri handia, egitea. Proiektua, ordea, ez zen burutu Bramante bizi zela, hura hil eta askoz geroago baizik.

Ikasketa humanistikoek aurrera egin zuten Goi Pizkundeko bi aita santu ahaltsuenen babespean, Julio II.a eta Leon X.arekin, eta gauza bera gertatu zen musika polifonikoarekin. Koru Sixtinoak, aita santuak meza ematean jarduten zuenak, Italia osoko eta Europako iparraldeko musikariak eta abeslariak bildu zituen. Musikagile haietan famatuenak Josquin des Prez (1445-1521) eta Palestrina (1525-1584) izan ziren.

Pizkundea eta humanismoa Europan

aldatu

Pizkundearen bigarren gune nagusia, Borgoinako dukeen babespean sortua, Herbehereak izan ziren, Italiaren ondoren Europan zegoen beste lurralde aberatsena. Han, XV. mendearen lehenengo erdian, Jan van Eyckek olio pintura asmatu zuen, eta Flandriar eskola inauguratu zuen. Italiar eraginekin batera, tradizio nazionala nagusitu zen, Pieter Bruegel Zaharra (1525-1569) buru zela.

Frantzia izan zen, ziur asko, italiar Pizkundearen jarraitzaile fidelena, ezaugarri berezi batzuk izan zituen arren. Frantzisko I.a erregeak Frantzia aldera hedatu nahi izan zuen Italiako Errenazimentua, eta pintore italiarren eskola bat zabaldu zen Fontainebleaun (Fontainebleauko eskola). XVI. mendearen erdialdean, ordea, frantziar estilo klasiko bat sortu zen, tradizio nazionalen, italiar eraginaren eta Antzinateko obren inspirazioaren sintesi gisa.

 
Thomas Moreren erretratua, 1527.

Ingalaterran, berriz, Pizkundeko arteak ez zuen arrakastarik izan, arkitekturan ez behintzat, gotiko estiloari leial jarraitu baitzuten XVI. mendearen zati luze batean. Humanismoa, berriz, oso ondo sartu zen, Oxforden, Thomas Moreri esker.

Alemanian Albrecht Dürer izan zen Errenazimentuko artista nagusia. Egonaldi luzeak egin zituen Italian eta Herbehereetan, eta grabatzaile, marrazkilari eta margolari bikaina izan zen, polifazetikoa, Pizkundeko gizonaren eredu. Neoplatonismoa ezagutu eta matematika landu zuen.

Polonian harrera ona egin zitzaien Pizkundeko berrikuntzei, batez ere Krakovian. Guztien gainetik Nikolas Koperniko nabarmendu zen. Haren ekarri nagusia heliozentrismoaren teoria izan zen, hau da, planetek eguzkiaren inguruan biratzen dutela eta, beraz, eguzkia unibertsoaren zentroa dela dioena. Lehenago, esan den bezala, Errusiara ere heldu zen Pizkundearen eragina. Italiar artistek bukatu zuten Kremlina, veneziar estiloaren eraginpean zenbait ataletan.

Humanista gisa, berriz, Luis Vives eta Elio Antonio de Nebrija nabarmendu ziren Espainian, Erasmo eta Mororen laguna, bata, eta gazteleraren lehenengo gramatikaren egilea, bestea. Arkitekturan, Isabeldar estiloa –gotiko, Pizkundetar eta mudejar estiloen eraginpeko tradizio nazional baten nahastura– nagusitu zen. Platereskoa, berriz, dekorazio estilo berezi gisa hedatu zen. Espainiara artista asko iritsi ziren Italia, Flandria, Frantzia eta Alemaniatik, aristokraziaren babespean eta elizaren eta koroaren laguntzarekin, beti ere.

Pizkundeak artisten lanaren ezagutza ekarri zuen, eta artista bera ere inor ez izatetik norbait izatera iritsi zen. Izan ere, ordura arte, artistaren lana ez zen aintzat hartua, arte mekanikoa, eskuz egina alegia, zelako. Arte mekaniko prestutasun gabekoei kontrajarriz, arte liberalak zeuden, intelektualen arteak, alegia. 1500. urteetik aurrera, baina, humanistek pintura eta eskultura arte liberalen artean onartu zituzten. Handik hara, erabat aldatu zen artistaren egoera sozioekonomikoa, eta ospetsu eta aberats izan zitekeen. Orduan igaro zen eskulangile izatetik artista izatera, plebeio izatetik noble izatera.

Pizkundea Euskal Herrian

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Pizkundea Euskal Herrian»

Pizkundea, Euskal Herrian, aurreko arte-estiloak bezala, berandu sartu zen. Izan ere, XVI. mendearen hasieran, oraindik estilo gotikoaren ezaugarriek irauten zuten. Karlos V.aren erregealdian, eragin artistikoak sartu ziren Italiatik, Flandestik (Euskal Herriko portuetako merkataritza-jarduerei esker) eta Gaztelako gortea zegoen gune nagusietatik (Burgos eta Valladolid)

Euskal Herriko egoera ekonomikoa XVI. mendean ona zenez, pizkundea leku guztietara zabaldu zen. Garai horretan, elizak eta jauregiak eraikitzeko gogo bizia piztu zen. Garai horretan, elizak eta jauregiak eraikitzeko gogo bizia piztu zen. Gainera, lantegiek garrantzia hartu zuten eta asko hedatu ziren, eta izen handiko hargin asko azaldu ziren. Hargin horiek penintsula osoan egin zuten lan; esate baterako, Pedro Lizarazu eta Juan Ganta bizkaitarrek, eta Pedro Etxaburu gipuzkoarrak.

Zientzia: ikerketak eta aurkikuntzak

aldatu

Errenazimentu garaian garrantzi handia izan zuten zientzia aurkikuntzek. Honen oinarrian zientziari buruzko ideien eraberritzea zegoen. Izadiari garrantzi handia eman zitzaion eta zientzialariek ikuspuntu berri batetik aztertu zituzten klasikoak, nahiz eta haiek esandako guztia onartu ez. Klasikoek emandako teorien eta haiek egindako saioen azterketa horietatik sortu ziren astronomia modernoa, matematika, anatomia eta mekanika. Saioetan oinarrituriko metodoak eta metodo deduktiboak erabiltzen hasi ziren (Kopernikoren teoriari esker batez ere), aljebra berriaren oinarriak finkatu ziren (Italian batez ere), inprimatzeko makina asmatu zen, dinamikari buruzko saioak egin ziren (Giambattista Benedetti)… Anatomiak eragin handia izan zuen artearen hainbat alorretan, eskulturan eta pinturan, batez ere. Ekialdeko asmakizunak ere zabaldu eta hobetu egin ziren, hala nola bolbora, estrategia militarra errotik aldatu zuena, eta ipar orratza, geografia aurkikuntza handiak ahalbidetu zituena.

Gai berriak lantzen hasi baziren ere (mitologia, erretratua, ikuspegiak…), Erdi Arokoak bezala Kristautasunari buruzkoak dira Errenazimentu garaiko arte lan geheintsuenak. Irudiak askoz ere naturalagoak dira, ordea, eta ez dira hain zurrun eta geldiak, edertasuna eta bizitzearen poza adierazten baitute. Bizitzaren beste zenbait alor bezala, artea ere paganizatu egin zen nolabait. Erroma eta Greziako klasikoen lanak hartu zituzten oinarri Errenazimentuko artistek, eta espazioa eta adierazkortasun indarra izan ziren haien ardura nagusiak.

Arkitektura

aldatu
 
Bramanteren San Pietro in Montorioko Tenplutxoa, Erroma.
Artikulu nagusia: «Pizkundetar arkitektura»

Errenazimentuko arkitektura profanoa izan zen hasieratik, eta gotikoak ia indarrik ez zuen hiri batean sortu zen: Florentzian. Proportzio neurtuak erabiltzea, ordenak bata bestearen gainean jartzea, kupulak erabiltzea eta tamaina erraldoiak sartzea izan ziren Errenazimentuko arkitekturaren ezaugarriak. Quattrocento delakoan (XIV. mendeko Italiako Errenazimentuan) sarritan erabili ziren atxikituriko zutabeak eta pilastrak, kapitel klasikoak, fuste lauak, erdi puntuko arkuak eta zirkulu erdiko gangak.

Quattrocentoa eta Cinquecentoa (XV. mendeko Errenazimentua) bereizten dituzten ezaugarriak osagai txikiez eginiko apaingarriak, kupularen luzapena eta harri zakar edo harlanduekin eginiko fatxadak dira. Erroma izan zen Cinquecentoko arkitekturaren gune nagusia. Cinquecentoko arkitekturaren beherakada hasi zenean azaldu ziren barrokoaren lehen adibideak Erroman.

Literatura

aldatu
Artikulu nagusia: «Errenazimentuko literatura»

Erdi Aroko literaturan nagusi ziren oinarri moralizatzaileen eta estetikoen aurrean, edertasunaren aurkikuntza da Errenazimentuko idazlearen helburu nagusia. Hala, bigarren mailan geratzen dira aurreko garaietako helburu moralizatzaileak. Idazleak, gainera, bere autonomia aldarrikatzen zuen, tradizioaren, dotrinaren eta arauen gainetik. XIV. mendean bultzada handia izan zuen Italian, Dante, Boccaccioren eta Petrarkaren lanei esker. Petrarka da, bereziki, Errenazimentuko idazle guztiek jarraitu zuten eredua.

Eskultura

aldatu
 
Ghiberti, Florentziako bataiotegiko iparraldeko atean.

Pizkundeko eskultura Antzinateko tradizioan oinarritu zen, hura berriztatu bazuen ere. Gizakia goraipatzen zen, gizakiaren gorputzaren edertasuna, anatomiaren ezagutzari esker. Arkitektura bezala, Florentzian sortu zen Errenazimentuko eskultura, eta profanoa izan zen hasieratik. Adierazkortasuna eta formaren perfekzioa lortzea zuen helburu. Genero horretako lanik aipagarriena Florentziako bataiotegiko ateetako behe-erliebeak dira. Ordura bitartean inoiz lortu gabeko sakontasun sentsazioa lortu zuen Ghibertik lan horretan. Michelangeloren biluziaren teknika bikaina izan zen Cinquecentoaren ardatza.

Pintura

aldatu

Pinturak gorakada handia izan zuen garai horretan, ez Italian bakarrik, baita Flandesen eta Alemanian ere. Italian, Quattrocentoko pinturaren ezaugarriak marrazkiaren zehaztasuna, sfumatoa, dotorezia eta konposizioaren oreka izan ziren. Cinquecentoan Erroma eta Venezia bihurtu ziren pinturaren gune nagusi. Lehenengo hiriko pinturaren ezaugarria handitasuna izan zen (Rafael), eta bigarrenekoarena, berriz, kolorearen eta argiaren erabilera trebea (Tiziano, Tintoretto).

Musika

aldatu

Italiako iparraldean sortu zen Errenazimentuko musika, Ars nova izenarekin, eta Errenazimentuko idazle handienen letrak erabili zituen. Musika berriaren lehenengo formak frottola, ballata eta caccia izenekoak izan ziren. Handik gutxira, Frantziara hedatu zen mugimendua, eta Bartzelonako kondeen gortea Errenazimentuko musikak izan zuen gune aipagarrienetakoa bilakatu zen. XVI. mendean etorri zen Errenazimentuaren amaiera, hiru polifonista handiokin: Orlando di Lasso, Palestrina eta Tomás Luis de Victoria.

Erreferentziak

aldatu
  1. a b Euskalterm terminologia-bankuan Pizkunde eta Errenazimentu izenak proposatzen dira, ordena horretan; eta bi horiek daude onartuta, inolako oharrik gabe, euskara batuko hitzak arautzen dituen Hiztegi Batuan. Elhuyar gaztelania-euskara hiztegiak Errenazimentu izena dakar.
  2. Ibon Sarasolaren Zehazki hiztegian hala ageri da, baina Hiztegi Batuak pizkunde hobesten du «berpizkunde» sarreran.
  3. EHUren Arte Ederrak tituluaren ikasgaietan forma hau erabiltzen da, baina Hiztegi Batuan ez da ageri, ez eta hemen aipatu diren gainerako hiztegietan ere.
  4. a b Ignacio Zendoia Etxaniz. (2004). (pdf) Errenazimendua Europan. Bilbo: UEU ISBN 8484380521..
  5. Azurmendi, J. 2020: Pentsamenduaren historia Euskal Herrian, Andoain, Jakin. 66. or.

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu