Gales
Gales[1] (galesez Cymru[2]; ingelesez Wales), Erresuma Batua osatzen duten lau herrialdeetako bat da (besteak Ingalaterra, Eskozia eta Ipar Irlanda dira). Britainiar uhartearen mendebaldean dagoen penintsulan dago. Ingalaterra du mugakide ekialdean, honako konderriekin: Cheshire, Shropshire, Herefordshire eta Gloucestershire, iparralde eta mendebaldean Irlandako itsasoa (galesez Môr Iwerddon) du, ipar-ekialdean Dee ibaia (Afon Dyfrdwy), eta hegoaldean, berriz, Bristolgo kanala.
Gales | |||
---|---|---|---|
Cymru Wales | |||
Ereserkia: Hen Wlad Fy Nhadau | |||
Goiburua: "Cymru am byth" ("Gales betiko") | |||
| |||
Geografia | |||
Hiriburua | Cardiff 51°28′54″N 3°10′45″W | ||
Hiririk handiena | hiriburu | ||
Azalera | 20.779 | ||
Punturik altuena | Yr Wyddfa | ||
Kontinentea | Europa | ||
Mugakideak | Ingalaterra | ||
Administrazioa | |||
Monarka | Karlos III.a | ||
Legebiltzarra | Galesko Biltzar Nazionala | ||
Zeren kide | ikusi
| ||
Demografia | |||
Biztanleria | 3.131.640 | ||
Dentsitatea | 147,59 bizt/km² | ||
Hizkuntza ofizialak | |||
Erabilitako hizkuntzak | ikusi
| ||
Ekonomia | |||
BPG nominala | 97.760.000.000 $ (2018) | ||
BPG per capita | 29.580 $ (2020) | ||
Historia | |||
Sorrera data: V. mendea | |||
Bestelako informazioa | |||
Ordu eremua | ikusi
| ||
Internet domeinua | .wales eta .cymru |
Galesek denera 20.779 km² ditu, eta 2.903.085 biztanle (140 bizt./km², 2001). Haren hiriburua Cardiff/Caerdydd da, 317.500 biztanlekoa. Galestarren bi herenak Galesko hegoaldean bizi dira, eta ipar-Ekialdean —Ingalaterrako mugan— ere bada beste biztanle kontzentrazio bat.
Ofizialki elebiduna da: galesak eta ingelesak parekotasun estatusa dute, eta seinale elebidunak herrialde osoan zehar nonahi ageri dira. Galestar gehienak ingeles hiztun elebakarrak dira, baina azken urteotan galesaren gainbehera gelditu da, eta nolabaiteko susperraldia jazo da. Hartara, gales hiztunen kopurua biztanleria osoaren % 20 gutxi gorabehera da.[3][4] XX. mendetik aurrera, galestar nortasun nazionalaren berpizkunde bat gertatu da. Gales zelta hizkuntzen (indoeuropar hizkuntzak) kidea da eta, beraz, bretainiera eta kornubierarekin lotura estua du.
Gales, XIX. mendetik aurrera, garai hartako eskualde industrializatuenetakoa bihurtu zen. Britainiar Inperioari eta haren koloniei ikatz eta altzairu kopuru oso handiak eskaintzen zizkien. Gaur egun, zerbitzu sektorea industria sektorearen mailara heldu da. Nahiz eta Galesko Barne Produktu Gordina Britainia Handiko beste eskualdeetakoa baino apalxeagoa izan, ez da ezberdintasun handirik nabari Galesko bizi mailaren eta Britainia Handiko beste eskualdeetako bizi mailaren artean.
Izena
aldatuGales
aldatu«Gales» izena (ingelesez: Wales) Walh edo Waelisc germaniar hitzaren eratorria da. Izen hori «erromanizatuak» zeuden atzerritarrak izendatzeko erabili ohi zen. Izen hori bera ageri da Kornuallesen ingelesezko izenaren -wall atzizkian: Cornwall. Waelisc izena, eratorrita, gaur egungo ingelesezko Welsh («galestar, galestarra, galestarrak») bihurtu zen.
Cymru
aldatuGaur egungo gales hizkuntzan, galestarrek euren buruari Cymry deritze («aberkideak»), eta euren herrialdea den Galesi Cymru deitzen diote ([ˈkəmrɨ] ahoskatzen da, eta «Aberkideen Lurra» esan nahi du). Cymry izendapenaren esanahiaren jatorria britanierazko combrogi hitzean datza; horren esanahia «aberkideak» da, «herrialdeko kideak» adieran.[5]
Galestarrek euren buruari «aberkideak» eta euren herrialdeari «Aberkideen Lurra» deitu izanak adierazten du galestarrek Britainia Handiko jatorrizko biztanleak zirelako ezagupena edo ustea zutela; eta, horrela, Britainia Handia eraso eta inbaditu zuten atzerritarrengandik —anglosaxoiengandik— bereizten zutela euren etnia.
Ikur nazionalak eta ospakizunak
aldatuGalesko bandera ofiziala Cadwalader printzearen Herensuge Gorria (galesez: Y Ddraig Goch) eta Tudor dinastiaren berde eta zuria daramatzan Galesko bandera da. 1485an Henrike VII.a Ingalaterrakoak Boswortheko guduan erabili izan zuen, horren ondoren Londresko San Paulo katedralera eraman zen. Herensuge gorria Tudortarren armarrira gehitu zen, euren jatorri galestarra azpimarratzeko. 1959an ofizialki Galesko bandera nazionaltzat onartu zen, nahiz eta aurretik jada bandera nazional ez-ofiziala izan. Britainiarren Union Jack banderak Eskozia, Irlanda eta Ingalaterraren banderen gehikuntzak dauzka, baina ez du inongo galestar erreferentziarik. Teknikoki Ingalaterrako banderak ordezkatzen du, XIII. mendeko konkista ostean 1535ko Galesko Legeen arabera Ingalaterrak Gales anexionatu baitzuen. Bestalde, Galesko goiburu nazionala Cymru am byth ("Gales betiko") da.
Galesko kolore nazionala gorria da; horregatik, kirol lehiaketetan parte hartzen duten galestar selekzio guztiek gorriz jokatzen dute, adibidez, errugbi eta futbolean.
Nartziso lorea eta porrua ere Galesko ikurrak dira. Porruaren jatorria XVI. mendetik dator; aldiz, nartzisoarena XIX. mendean dago eta haren bultzatzailea David Lloyd-George izan zen. Hori hitz joko bati zor zaio, galesez porruari cenhinen deitzen baitzaio eta nartziso loreari aldiz cenhinen Dorm (euskaraz, hitzez hitz, "San Petriren porrua"). 1916ko agiri batek lehentasuna porruei eman zien, eta Britainia Handiko libra bateko txanponetan agertu izan dira.
Galesko ereserkia Hen Wlad Fy Nhadau ("Nire arbasoen lurra") da, Galesko errugbi selekzioak jokatzen duen partida orotan jo eta abesten da, baita Galesko futbol selekzio nazionalak jokatzen duenean eta ospakizun ofizialetan ere. Aipatzekoa da galestarrek betidanik abesteko izan duten joera; horren ondorioz, mundu anglosaxoi guztian zehar galestarrek abeslari trebe eta ahots oneko ospea dute. Hori dela eta, Gales Abestigintzaren Herrialdea (ingelesez: "Land of Song") izendapenaz ere ezaguna da. Galestar gizonezkoen abesbatzek sona handia lortu dute munduan zehar.
Galesko jai egun nazionala San David eguna da (Saint David ingelesez eta Dewi Sant galesez), martxoaren 1ean, hots, herrialdeko patroi zaindariaren egunean. Galestar diasporan ere ospatzen dute.
"Eisteddfod" izeneko kultura jaialdiak oso ezagunak dira: horietan, galesezko poesia eta musika uztartzen dira.
Historia
aldatuHistoriaurreko garaia
aldatuEgungo gizakiak azken 29.000 urteetan bizi dira Galesen, nahiz eta etenik gabeko bizialdia azken Izotz Arotik (K. a. 12.000 eta 10.000 bitartetik) hona dator. Izan ere, une horretan Europako ehiztari-biltzaileak Britainia Handira migratzen hasi ziren.
Izotz Aroaren ondoko garaietan, Europa eta Britainia Handia bereizita geratu ziren itsasoaren maila igo zelako (K. a. 7.000-6.000). John Daviesen esanetan, galestarren zenbait ipuin eta kondairatan (Irlanda eta Galesen arteko tartea handitzea) gertaera horren oroitzapen folklorikoa izan zitekeen[6].
Horren ondoren, itsasoa zeharkatuz ere etorri zen jendea, oraingo honetan Iberiar Penintsulatik[7] Neolitoko kolonizatzaile hauek bertakoekin nahastuta, bizimodua aldatu zuten, janariaren ekoizpenari ekin baitzioten. Basoak moztu zituzten, abereentzako larreak sortzeko eta lurra ereiteko, eta zeramika eta ehunak egiten hasi ziren. Halaber, trikuharriak, Pentre Ifan, Bryn Celli Ddu eta Parc Cwm long cairn, esaterako, eraiki zituzten. Erromatarrak iritsi orduko, galestarrak hainbat tributan zeuden bananduta: Deceangli, Ordovices, Cornovii, Demetae eta Silures.
Kolonizazioa
aldatuGalesen lehen aipu historikoa K. o. 48koa da. Tazito historialari erromatarrak adierazi zuen Britaniako probintziako buruak Galesko ipar-ekialdeko "deceangli"-ren errendizioa jaso zuela. Gotorleku erromatar andana eraiki ziren egungo Galesen hegoaldean. Britainia Handia osoan hobekien gorde den anfiteatroa dago bertan.
Erromatarrek uhartea 410ean abandonatu ondoren, behe aldeko lurrak tribu germaniarrek okupatu zituzten. Nolanahi ere, goiko aldeko lurraldeetan jatorrizko biztanleen estatu independenteak sortu ziren. Erromatar-britainiarren biziraupen temati hau mendebaldeko erresumetan egungo Galesen oinarria izan zen. Ekialdeko erresuma saxoi eta angloen kontrako borroketan ezarri zen muga: Wat's Dyke, esaterako. VIII. menderako, oro har anglo-saxoiekiko muga ezarrita zegoen.
Kornuallesen 722an eta Bretainian 865an egin zen bezala, Galeskoek bikingoekin bakea hitzartu zuten, eta anglo-saxoien aurka borroka egin zezaten laguntza eskatu zieten. Hala, 878an, galestar batuek eta Danimarkako bikingoek Mertziako anglo-saxoiak garaitu zituzten. Orobat, 1063an, Gruffydd ap Llywelyn printze galestarrak, Norvegiako bikingoekin aliatuta, Mertziakoak berriro gailendu zituen.
Erdi Aroa
aldatu800etik aurrera, Rhodri Mawr (erregetzan 844–877) printzeak Gwynedd eta Powys printzerriak bereganatu zituen zenbait ezkontza zirela medio. Haren seme-alabek hiru leinu nagusiak sortu zituzten, nor besteen aurka borrokan. Haren ondorengo batek, Gruffydd ap Llywelyn erregeak (erregetzan 1039–1063) lehengusuen lurraldeak konkistatu zituen Powys printzerritik, eta Ingalaterraino ere iritsi zen haren boterea. John Davies historialariaren hitzetan, Gruffydd "Gales lurralde osoaren gainean gobernatu zuen errege galestar bakarra izan zen... Hala, 1057tik 1063ean hil zen arte, Gales osoak haren agintea onartu zuen. [...] Buru bakarra izateko balentriak ez zuen aurrekaririk ez ondorengorik".[8] Owain Gwynedd (1100–1170) princeps Wallensium (galestarren printzea) titulua erabili zuen lehena izan zen.
Ingalaterrako erregeek titulu hori onartu zuten, baina hainbat tirabira zirela eta, tartean Galesko Llywelyn printzearen emaztea, Eleanor Monfortekoa, atxilotzea, Eduardo I.aren lehendabiziko inbasioa etorri zen. Bakea laburra izan zen eta 1282an Eduardoren behin betiko konkista iritsi zen. Llywelynen heriotzarekin, irauten zuten Galesko jaunek Ingalaterrako erregeari omenaldia egin zioten haien lurren truk. Boterea bermatu nahian, Eduardok harrizko gaztelu gotorren andana eraiki zuen, eta sinbolo ugariz jantzi zuen bere garaipena.
Madog ap Llywelynek Galesko Printze deitu zion bere buruari eta, 1294an matxinatu ondoren, Owain Glyndŵr erregearen agintaldi arte ez zen beste altxamendurik jazo. 1404an Owain Galesko Printze koroatu zuten Frantziako, Gaztelako eta Eskoziako ordezkarien aurrean. Nolanahi ere, matxinadak ez zuen arrakastarik izan, eta 1415erako amaituta zegoen. Ingalaterrarekiko batasun formala, ordea, ez zen 1536 arte iritsi. Horren ondoren, Ingalaterrako legeak guztiz ordeztu zuen Galesko legea, konkistaz geroztik artean indarrean zena.
Anexioa
aldatu1535an galestar jatorria zuen Henrike VIII.a Ingalaterrakoaren erregetzan Ingalaterrak Gales bereganatu edo anexionatu zuen. 1746ko Berwickeko Agiriak Ingalaterran betetzen ziren legeak automatikoki Galesen ere bete zitezen ezartzen du (Berwick Anglo-Eskoziar mugan kokatzen den hiri bat da), betiere legeak beste irizpide ezberdinik ez baldin badu.
XIX. mendearen hasieran Galesko zenbait eskualde industrializatu egin ziren. Iparraldeko ikazte mehatzeek eskulan ugari erakarri zuten. Metalurgia Brecon Beacons mendietatik hegoaldera dauden haranetan ezarri zen, bereziki Merthyr Tydfil hiri berriaren inguruan, aurrerago burdinaren ekoizpena Neath eta Swansea kokagunetatik mendebaldera ere eratu zen, azken hauetan ikatzaren antrazita ateratzen zelarik. 1840ko hamarkadan ikatzaren ustiaketa Aberdare eta Rhonddako haranetara eratu zen. Honek berarekin gune hauetako biztanleriaren hazkuntza ekarri zuelarik. 1801an Galesen 587.000 pertsona inguru bizi ziren; aldiz, 1901 urtea iritsi aurretik, biztanleria 2.012.000 pertsonetara igo zen. Hazkunde nabarmenenak konderri industrialenetan gertatu ziren – Denbigh, Flint, Monmouth eta Glamorgan. Mende hau nekazal giroko gizarte batetik (1800en biztanleriaren % 80 gutxi-gorabehera hirietatik kanpo zeuden guneetan bizi ziren) gizarte industrializatu baterako bilakaeraren lekuko izan zen (1911an biztanleriaren % 20a besterik ez zen bizi nekazal giroko guneetan).
Nazionalismoaren berpizkundea
aldatuXX. mendean Galesek bere herri izatearen berpizkundea bizi izan zuen. 1925ean Plaid Cymru alderdi politikoa sortu zen; haren helburu nagusiak Erresuma Batuarekiko autonomia gehiago edo independentzia ziren. 1955an ingeles legea ezarrita zeuden guneetan Ingalaterra eta Gales izendapenak parekide bilakatu ziren eta herrialdeko hiriburutzat Cardiff aldarrikatu zen. 1962an hizkuntzaren mehatxuari erantzun egokia emateko, Galestar Hizkuntzaren Elkartea (Cymdeithas yr Iaith Gymraeg) sortu zen. Galestar nazionalismoak gorantz egin zuen, bereziki 1965eko Tryweryn Haraneko uholdeen ondoren, honetan Liverpool hiria urez hornitzeko asmoz Capel Celyn herrixka erabat urperatu zutelarik (handik aurrera "Cofiwch Dryweryn", euskaraz: "Gogoratu Tryweryn" esaldia dun horma-irudiak ohikoak egin ziren). 1966ko Hauteskundeetan Plaid Cymru alderdiak Erresuma Batuko Legebiltzarrerako eserleku bat lortu zuen Carmarthen ordezkatuz, bere lehendabiziko legebiltzar eserlekua. Tryweryngo suntsiketaren ondorioz, Galesko Gudaroste Askeak eta Mudiad Amddiffyn Cymru (MAC) (euskaraz: "Galestar Defentsa Mugimendua") erakundeak ekintza bortitzak burutzeari ekin zioten. Charles Printzea Galesko Printze izendatzearekin batera lehen aipatutako bi erakunde hauek ur biltegi, ogasun bulego eta beste zenbaiten aurka eginiriko lehegailu bidezko atentatuen arduradun bilakatu ziren. 1967an Galesi zegokionez 1746ko Berwickeko Agiria behin betiko ezeztatu zen, Gales legalki zehaztu eta Ingalaterrarekin zituen muga geografikoak finkatu egin ziren.
1982an S4C telebista (Sianel Pedwar Cymru/Channel Four Wales) sortu zuten, orduz geroztik galesezko programazioa eskaintzen duena. %7 inguruko audientzia dauka gaur egun. 1988an sortu zuten Bwrdd yr Iaith Gymraeg/Welsh Language Board hizkuntza-erakundea.
1979an Galesentzako Legebiltzar bat sortzeko inguruko erreferendum edo galdeketa bat egin zen baina gehiengoak ezetza eman zion. Halere, 1997an galdeketa berri bat ospatu eta oraingoan gehiengo estu batez Legebiltzar berria sortzearen aldeko baietzat irabazi zuen. 1999an Galesko Biltzar Nazionala (Cynulliad Cenedlaethol Cymru/National Assembly for Wales) eratu zen (1998ko Galesko Gobernuaren Agiriaren" ondorioz), hau 1999ko Senedd delakoan biltzartzen delarik eta britaniar legebiltzarreko oinarrizko legedia eraldatzeko botereak dituelarik. "2006ko Galesko Gobernuaren Agiriaren" ondorioz eskumen 2007ko hauteskunde orokorren ondoren areagotu egin ziren. Galesko Biltzarretik Galestar Gobernu bat sortu zen, oinarrizko araudia sortzeko nolabaiteko ahalmen mugatu batekin (eskoziar gobernuaren antzekoa, nahiz eta ez hainen indar handia ez izan).
Geografia
aldatuSnowdon (1.085 m) da mendirik garaiena, Snowdoniako mendigunean.
Bestela, herrialdeko mendilerro nagusia Mendi Kanbrikoak dira, herrialdeko erdialdean daudenak.
Hiri nagusiak
aldatuCardiff (305.000 biztanle, 2001) da hiriburua eta hiri nagusia.
Beste hiri garrantzitsu batzuk:
- Swansea (Abertawe), 225.000 bizt.
- Newport (Casnewydd), 139.000 bizt.
- Merthyr Tydfil, 54.900 bizt.
- Barry (Y Barri), 50.661 bizt.
Politika
aldatuGales Erresuma Batuaren barruan dagoen herrialdea izanda, Elisabet II.a erregina Galesko estatuburua da eta bere oinordekoa berriz Galesko Printzearen titulua du. Errege edo Erreginak bere boterea Erresuma Batuko Legebiltzarraren eskuetan uzten du, eta azken honek 1998ko Devolution edo Itzultzearen ondorioz Galesko Legebiltzarrari eskuduntza batzuk ematen dizkio. Honela, konstituzionalki, Erresuma Batua is de jure estatu batu eta bakar bat da, bere subirotasuna Westminsterren datzalarik.
1997an Gales eta Eskozian erreferendum edo galdeketa baten bidez bi herrialde hauetan mugatutako burujabetasun bat ezartzea onartu zen. Galesen Devolution prozesua 1998ko Galesko Gobernuaren Agiriarekin hasi zen, honen bidez Galesko Biltzar Nazionala (Cynulliad Cenedlaethol Cymru) sortu zen[9]. 1999ko uztailaren 1ean Gales Hizkuntzako Estatu Idazkariaren botereak Galesko Biltzar Nagusiari eman zitzaizkion, Biltzar honek Westminsterreko Gobernuak eskuduntzak zein modutan itzuli eta kudeatu ditzazken eskatzeko ardura du[10].
Itzulerako eskuduntzen artean nekazaritza, ekonomia garapena, hezkuntza, osasun zerbitzuak, etxebidea, industria, tokian tokiko udaletxe eta agintaritzak, gizartegintza, turismoa, garraioa eta galesa daude. Legebiltzarrak ez du aginte subiranoa, ez eta lehen mailako lege boterea, baina 2006ko Galesko Gobernuaren Agiria 2007an eraginkor bilakatu ostean, Legebiltzarrak gai berezietan lehen mailako lege boterea igarotzeko boterea bereganatu du. Teorian, Erresuma Batuko Legebiltzarrak edozein unetan Galesko Legebiltzarra desegin dezake.
2020ko urtarrilean onartutako lege baten bidez, Galesko Biltzar Nazionalak legebiltzar izaera eskuratu zuen, eta urte horretako maiatzaz geroztik haren izen ofiziala "Galesko Legebiltzarra" da, galesez "Senedd Cymru" eta ingelesez "Welsh Parliament".[11] Galesko Legebiltzarra 60 biltzarkidez osatuta dago, hauek ingelesez "Members of the Senedd" (MS) eta galeseraz "Aelodau'r Senedd" (AS) gisa ezagutzen dira. Horietako berrogei MS Bozketa Sistema Pluralaren ("Plurality voting system") hautatzen dira, aldiz beste hogeiak Legeiltzarkide Gehigarrien Sistemaz ("Additional Member System") bost eskualdeetako zerrenda batzuetatik hautatzen dira. Alderdi politiko nagusienak Galesko Lehen Ministroa hautatzen du, hau gobernuaren burua izango delarik. Galesko Legebiltzarra beso exekutiboa da, eta Legebiltzar honek bere boterean zati handiena Legebiltzarraren Gobernuaren gain uzten du. Legebiltzarraren eraikin berriaren diseinua Lord Richard Rogersen lana da, 2006ko martxoaren 1ean (San David eguna) Elisabet I.a Ingalaterrakoaren eskutik inauguratu zen.
2000tik aurrera Galesko aurreneko lehen ministroa Alderdi Laboristako Alun Michael izan zen, eta Legebiltzarra sortu zenetik gobernua Alderdi Laboristaren esku egon da beti. Dena den, Laboristak koalizioen bidez gobernatu dute zenbaitetan. Galesko lehenengo koalizio gobernua 2000n osatu zen, Laboristen eta Liberal Demokraten artean. Geroago, 2007ko hauteskundeen ostean Plaid Cymru alderdi nazionalistarekin osatu zuten koalizio gobernua Laboristek, "historikoa" den One Wales ("Gales Bakarra") izenez ezagutzen den akordioari esker. Hala ere, hurrengo hauteskundeen ondoren, Laboristek gutxiengoan gobernatu zuten laugarren legealdian zehar, baina bostgarren legealdirako berriz ere koalizio gobernu bat osatu zuten Liberal Demokratekin. Carwyn Jones orduko lehen ministroak 2018an kargua utzi zuenetik, Mark Drakeford da Galesko lehen ministroa.[12]
Erresuma Batuko Komunen Ganberako 646 MP edo biltzarkidetatik 40ek Gales ordezkatzen dute. 40 eserleku horietatik 29 Galesko Alderdi Laboristak ditu, Liberal Demokratek 4, Plaid Cymruk 3 eta Kontserbadoreek 3[13]. Galese Hizkuntzako Estatu Idazkaria Erresuma Batuko gabinetean esertzen da eta Galesen inguruko gaien arduraduna da. Galesko Bulegoa delakoa Erresuma Batuko Gobernuaren departamentu edo sail bat da, hau Galesetaz arduratzen da. 2008ko urtarrilaren 24etik aurrera Galesko Estatu Idazkaria Paul Murphy da, honek aurretik postu horretan zegoen Peter Hain politikaria ordezkatu zuen, Hainek postua uztea derrigortua izan zen, ikerketa baten ostean Alderdi Laboristako buruzagitzarako kanpaina batean aitortu gabeko diru laguntzak ematea egotzi baizitzaion.
Guzti hortaz gain, Gales Erresuma Batutik banaturik dagoen Europar Batasuneko Hautes Eremua da, Europar Batasuneko Legebiltzarrean 4 diputatuk ordezkatzen dutelarik.
Banaketa administratiboa
aldatu1889 eta 1974 urteen arteko Galesko konderri historikoak hauek izan ziren: Monmouthshire (Sir Fynwy), Glamorgan (Sir Forgannwg or Morgannwg), Carmarthenshire (Sir Gaerfyrddin or Sir Gâr), Pembrokeshire (Sir Benfro), Cardiganshire (Sir Aberteifi or Ceredigion), Brecknockshire (Sir Frycheiniog), Radnorshire (Sir Faesyfed), Montgomeryshire (Sir Drefaldwyn), Denbighshire (Sir Ddinbych), Flintshire (Sir y Fflint), Merionethshire (Sir Feirionnydd / Meirionnydd), Caernarvonshire (Sir Gaernarfon) eta Anglesey (Sir Fôn).
1974an konderri hauetako batzuk elkartu eta denera zortzira murriztu ziren: Gwent, South Glamorgan (De Morgannwg), Mid Glamorgan (Morgannwg Ganol), West Glamorgan (Gorllewin Morgannwg), Dyfed, Powys, Gwynedd y Clwyd.
Azkenik 1996an herrialdea hogeitabi 22 lurralde nagusitan banatuta zen
|
Hizkuntzak
aldatu1993ko Gales Hizkuntzaren Agiriaren eta 1998ko Galesko Gobernuaren Agiriaren arabera, galesak eta ingelesak berdintasunezko tratamendua izan behar dute. Halere, Erresuma Batuan de facto ofizialtasun estatusa ingelesak bakarrik du. Lege egoera hori besteak beste Plaid Cymru alderdi politikoak zalantzan jartzen eta salatzen du[14], ez baita aski, gales hizkuntzak bizirik iraun dezan.
Hortaz, Galesen bi hizkuntza hitz egiten dira: ingelesa eta berezko hizkuntza, galesa (Cymraeg). Lehenengoa edonon nagusi da eta edonork hitz egiten du, bigarrenaren hiztunak galestarren % 21,7 inguru dira, 600.000 pertsona gutxi gorabehera. Hiztun kopuru horretan sartuta daude galesez hitz egin, irakurri eta idazteko gai direnak. Hiztun horietako gehienak Galesen ipar-mendebaldean eta mendebaldean bizi dira.
Gales hizkuntza Galesko berezko hizkuntza zelta (indoeuropiar hizkuntzak) da, kornubieraren eta bretainieraren oso antzekoa. 2004ko gales hizkuntzaren iraupenerako txostenaren arabera, biztanleriaren % 21,7ak baino gehiagok dio hizkuntza horren ezagutza duela[15]. Gaur egun benetako gales hiztun elebakar gutxi gelditzen dira, gehienak oraindik ingelesa ikasi ez duten galestar haurtxoak direlarik, halere oraindik ingelesez nekez moldatu edo oso gutxitan hitz egiten duten galestarrak ere badaude, gehienak adinekoa jendea direlarik. Orain dela gutxi, XX. mendearen erdialdera 1951. urtean 41.155 elebakar galestar ba omen zeuden[16]. Galesen errepideetako seinaleak ingelesez eta galesez idatziak egon ohi dira; bi hizkuntzetan bi aldaera ezberdinak dituzten leku izenak bi bertsioetan erabiltzen dira (adibidez, «Cardiff» eta «Caerdydd»). Seinaleetan bi bertsioetako zein lehenbizikoa ezartzea tokian-tokiko agintearen erabakia izan ohi da.
Bi hizkuntza nagusi horiez gain, XX. mendean zehar Galesen beste herrialdeetako hainbat hiztun komunitate ezarri dira, adibidez, bengalera eta kantonera hiztun talde nabarmenak daude, asiar immigrazioaren ondorioz. Fenomeno hau ez da galestar hirietan bakarrik ematen, baita era apalago batean udalerrietan ere. Italiar Gobernuak ere jatorri italiarra duten galestarrentzako italierazko ikastaroak antolatu izan ohi ditu. Beste hizkuntza horiek, ingelesak eta galesak ez bezala, ez dute ofizialtasunik, halere zerbitzu publikoek gutxiengo etnikoen hizkuntzetako hiztunentzat eta euren beharrentzat zuzendua dagoen argibidea argitaratu ohi du, gainontzeko Erresuma Batuan egin ohi den bezala.
Galesko txoko guztietan bi hizkuntzen arteko nahasketa oso ohikoa da, honen ondorioa «Wenglish» edo «Cofi» (azken hau Caernarfon inguruan) delakoa da.
Demografia
aldatu2001eko Erroldaren arabera Galesen 2.903.085 pertsona bizi ziren. Halere, 2005an 2.958.876 pertsona inguru bizi zirela kalkulatu da eta 2008an, aldiz, 3.004.600. Horrela, biztanleriari dagokionez, Gales estatu burujabea balitz, munduko estatuen artean 136. postuan egongo litzateke.
2001eko erroldaren arabera, Galesko biztanleriaren % 96 arraza zuriko britainiarrak dira, eta % 2,1 ez dira zuriak (nagusiki asiarrak dira[17]). Arraza zurikoak ez diren gehienak hegoaldeko portudun hirietan bizi dira, hots, Cardiff, Newport eta Swansea. Galestar-asiar komunitate gehienak Bigarren Mundu Gerra ostean ailegatu eta ezarri ziren. Orain dela gutxiago, Europar Batasunan herrialde gehiago sartu direnez, herrialde horietako jendea ere ezarri da, adibidez Polonia -nahiz eta Galesen bizi diren poloniar batzuk Bigarren Mundu Gerra amaitu ostean etorritakoak ere izan.
2001an Lan Egiteko Adinean zegoen jende helduaren % 71k euren burua erabat galestartzat zuen eta beste % 7k euren buruak partzialki galestartzat zituen (hauetako gehienek euren buruak galestar nahiz britainiartzat zituzten). Berriki egin den ikerketaren arabera, Galesko biztanleriaren % 35ek galestar abizenak zituzten (Ingalaterrako biztanleriaren % 5,4k eta Eskoziako % 1,6ak ere galestar abizenak dituztela aldarrikatzen dute[18]). Dena dela, orain arte "ingeles" abizentzat jo izan diren abizen asko (adibidez, "Greenaway") gaur egun galestar abizenen itzulpen okerrak ("Greenaway" = "Goronwy") direla ikusi da. Aldiz, ohituraz orain arte galestarren artean maiz topatu izan diren deitura batzuk (adibidez, "Richards"), agian Britainia Handiko beste eskualde edo herrietan ere jatorria dutela ere iradoki izan da.
2001eko galestar biztanleriaren laurden bat Galesetik kanpo jaiotakoa zen, nagusiki Ingalaterran; horietako %3a Erresuma Batutik kanpo. Galesen jaiotako biztanleri kopurua herrialdean zehar aldakorra da: ehuneko handienak Hego Galesen Haranetan daude eta txikienak, aldiz, Erdi eta Ipar-Ekialdeko Galesen. Adibidez, Blaenau Gwent eta Merthyr Tydfil udalerrietako biztanleriaren % 92 jaiotzez galestarra zen; Flintshire konderrian, ordea, % 51 eta Powys konderrian % 56 besterik ez ziren[19]. Gertakari honen arrazoi nagusietako bat jaiotzak izaterakoan ospitale egokienak mugaz harago dauden Ingalaterran daudela da. Estatu Batuarren artean 1,75 milioi lagunek galestar jatorria dutela diote[20], 2006an Kanadarren artean 467.000 pertsonek[21].
Ekonomia
aldatuHistorikoki, meatzaritzaren jarduera oso garrantzitsua eduki dute lurraldean, ikatza, burdina, kobrea, zilarra, beruna eta urrea ustiatuz nagusiki.
Osasun zerbitzua
aldatuGalesen osasun publiko zerbitzua Gales NHS (galesez: Cymru GIG; Euskadiko Osakidetza edota Nafarroako Osasunbide antzekoa) erakundeak eskeintzen du, hau jatorriz eta hasiera batean 1946an National Health Service Act agiriaren bidez sorturiko Ingalaterra eta Galesko NHS erakundeko egituraren barnean zegoen, baina 1969tik aurrera Gales NHS erakundearen ardura Galesko Estatu Idazkariak du. Era berean, XXI. mendean 1999ko Iztuleraren ondorioz Gales NHS erakundeko ardura Galesko Biltzar Nazionala eta Agintaritzari eman zitzaion, gaur egun 90.000 langile ditu, honek Galesko langile gehien dituen erakundea bilakatzen duelarik. Galesko osasun eta gizarte laguntzaren gabinete ardura duen pertsona, Galesko Biltza Nazionaleko Osasun eta Gizartegintzako Ministroa da.
Erlijioa
aldatuGalesko erlijio nagusiena Kristautasuna da, 2001eko erroldaren arabera biztanleriaren % 72ak bere burua kristautzat du. Galesko Presbiteriar Eliza da kristauen artean fededun gehienen dituen kristau erlijio, XVIII. mendean sortu zen eta 1811ean Ingalaterrako Elizatik bereizi zen. Bigarren postuan Galesko Eliza dago, hau Anglikar Komunioaren barnean dago. Garai batean Ingalaterrako Elizaren zati izana da, baina Britainiar Gobernuak legeztatutako 1914eko Galesko Elizaren Agiriaren ondorioz lekuz kanpo gelditu zen (1922 arte agiriak ez zuen eraginik izan). Hirugarren postuan Eliza Katoliko Erromatarra dago, biztanleriaren % 3arekin. Galesen kristauak ez diren erlijioak gutxiengo bat dira, biztanleriaren % 1,5a edo. Aldiz, biztanleriaren %18ak erlijioei dagokionez ez erlijioso edo fedegabea aldarrikatzen da. Eliza Apostolikoak bere urteroko biltzarrak Swansean burutzen ditu, usadioz abuztu aldera.
Galesko santu zaindaria San David da (ingelesez Saint David, galesez Dewi Sant), bere jai eguna San David Eguna delarik (ingelesez Saint David's Day, galesez Dydd Gŵyl Dewi Sant), urtero martxoaren 1ean ospatzen da.
1904an erlijio berpizkundea jazo zen (1904-1905 Galestar Berpizkundeak edo soilik 1904ko Berpizkundea bezala ezaguna), mugimendu honen bultzatzailea Evan Roberts predikatzailea izan zen eta Galesko eskualde ugari bereganatu zituen, jende asko bere buruz Ezkonformista eta Anglikar Kristautasunera bihurtu zelarik, batzuetan herri osoak ere. Gaur egungo Galesko Pentecostal eliza ugarik berpizkunde honetatik sortu zirela aldarrikatzen dute.
Galesko erlijio ez-kristau handiena Islama da, 2001eko erroldaren arabera Gales osoan 30.000 musulman zeuden. Hauetaz gain Hindu eta Sikh taldeak ere badaude, nagusiki Hego Galeseko hirietan: Newport, Cardiff eta Swansea, bitxikeri gisa aipatzekoa da Budista kontzentrazio handiena mendebaldeko baserri giroko Ceredigion konderrian dagoela. Judaismoa Galesen ezarri zen lehenbiziko erlijio ez-kristaua izan zen (Erromatarren aurretik zegoen animismoaren salbuespenarekin, noski), dena dela 2001eko datuen arabera juduek gainbehera jasan duten eta gaur egun 2.000 inguru izango dira[22].
Paganismoa eta Wicca erlijioak Galesen gorantz doaz. 2001ean Ingalaterra eta Galesen 7.000 Wicca fededun zeuden, baita 31.000 pagano edo jentil ere[23].
Kultura
aldatuGales beti bere berezko kultura izateagatik nabarmendu izan den herrialdea da, berezko kultura horren barnean hizkuntza, ohiturak, jai egun bereziak eta musika daudelarik.
Musika
aldatuGalesko musika eta olerkien jaialdi garrantzitsuena National Eisteddfod delakoa da. Hau urtero hiri edo udalerri ezberdin batean ospatu ohi da. Llangollen International Eisteddfod jaialdiak mundu osoko abeslari eta musikariei euren dohaiak erakusteko aukera ematen die.
Sarritan Galesi «abestigintzaren lurraldea» deitu izan zaio, herrialde honetako kultura herrikoian abestiek eta musikak garrantzi itzela izan baitute, anglosaxoi munduan ezaguna da galestarrek abestirako duten joera eta trebezia, bereziki eta Euskal Herrian gertatu ohi den bezala gizonezkoen abesbatzek paper garrantzitsua jokatu izan ohi dute, munduko leku askotan Gales ordezkatu izan dutelarik.
Galestar abesti herrikoien artean munduan zehar ezagunena dena Galesko ereserkia ofiziala den Hen Wlad Fy Nhadau da, halere honako galestar abesti herrikoi hauek ere ezagunak dira: Calon Lân, Men of Harlech, Cwm Rhondda, Sospan Fach, Myfanwy, Yma o Hyd...
Horretaz gain harpa jotzaileak eta bakarkako gizonezko nahiz emakumezko abeslari nabarmenak ere badaude, horien artean: Dafydd Iwan, Sir Geraint Evans, Dame Gwyneth Jones, Dame Anne Evans, Dame Margaret Price, Ivor Novello, John Cale, Sir Tom Jones, Charlotte Church, Bonnie Tyler, Cerys Matthews, Bryn Terfel, Donna Lewis, Mary Hopkin, Katherine Jenkins, Meic Stevens, Dame Shirley Bassey, Duffy eta Aled Jones.
Indie musika motako galestar talde ugari ere badaude: 1990eko hamarkadan Manic Street Preachers, Catatonia, Stereophonics, Feeder, Super Furry Animals eta Gorky's Zygotic Mynci, beranduago berriz Goldie Lookin' Chain, mclusky, The Automatic, Steveless eta Los Campesinos! taldeak Galestik haratago atera dira. Hain ezagunak ez diren beste talde batzuk ere Galesen sortuak izan dira: Skindred, The Blackout, Lostprophets, Kids In Glass Houses, Bullet For My Valentine, Funeral for a Friend eta 1970eko hamarkadan hauen aitzindaria izan zen Man taldea ere.
Galesko folk edo musika herrikoiak ere berpizkundea pairatu du, musikari eta talde berriak sortu direlarik: Crasdant, Carreg Lafar, Fernhill, Siân James, Robin Huw Bowen, Llio Rhydderch, KilBride eta The Hennessys taldea. Galesko musika eta dantza herrikoietako jarraitzaile eta zaletuen elkarte ugari daude. Welsh Folk Song Society (Cymdeithas Alawon Gwerin Cymru) elkarteak abesti eta doinu herrikoien bilduma asko argitaratu ditu. Welsh Folk Dance Society (Cymdeithas Ddawns Werin Cymru) elkarteak berriz amateur mailako taldeen sareari laguntza eman eta gai honi buruzko material ugari argitaratu du.
Clear izeneko musika herrikoiaren elkarteak harpa musika-tresna bultzatzeko hainbat musika eskola martxan jarri ditu, hauek dira galestar musika-tresna herrikoi batzuk. harpa hirukoitza (galesez: telyn deires), biolina, gaita (pibau), crwth, pibgorn (Euskal Herriko albokaren antza handia duena) eta beste batzuk musikatresna batzuk ere. Cerdd Dant elkarteak abestigintzaren artea bultzatzen du eta urtero egun bat irauten duen jaialdia antolatu ohi du. Gales guztian zehar ugariak dira musika herrikoia bultzatzen duten elkarte, musikarien komunitateak, agentziak, proiektuak eta elkarlanak. Horretaz gain Galesko ereserkiak, ahozko bertsogintza eta narrazioa, eisteddfodau txikiak eta olerkigintza bultzatzen duten elkarteak ere badaude.
"Sîn Roc Gymraeg" (Galesezko Rock Eszena) jaialdian hizkuntza horretan burututako rock abestietatik hip-hop musikaraino entzun daiteke. Snowdoniako bihotz-bihotzean dagoen Dolgellau udalerrian 1992az geroztik urtero Sesiwn Fawr (Emanaldi Ahaltsua) jaialdia ospatu ohi da. Jaialdia Galesko galesezko musika jaialdi garrantzitsuena izateko asmoz sortu zen.
Galesko BBC Orkestra Nazionalak Galesen nahiz nazioartean musika klasikozko emanaldiak eskaintzen ditu. Mundu osoan ospe handia duen Galesko Opera Nazionalak gaur egun bere egoitza Cardiff badian dagoen Wales Millennium Centre eraikinean du, aldiz Galesko Gazteen Orkestra Nazionala mota honetako munduko lehenbizikoa izan zen.
-
Manic Street Preachers taldea.
-
The Hennessys taldea.
Literatura
aldatuIngelesezko galestar literatura
aldatuXVII. mende arte, galestar idazle gehienek galesez idatzi ohi zuten. Garai hartan jaiotzez galestarrak izanik baina ingelesez idazten zuten George Herbert (1593–1633) eta Henry Vaughan (1622–1695) idazleen salbuespena izan ezik, bi hauek ingelesez nahiz latinez idatzi baitzuten[24].
Bereziki XIX. mendean Hego Galesen gertatu zen industrializazioaren ostean, galestar herri eta baserri girotik hirietarako emigrazioa eman zen, gainera usadioz gales hiztunak ziren eremuetan ingelesa nagusitzen hasi zen. Lehenbiziko anglo-galestar idazleak hauek izan ziren: Arthur Machen (1863–1947); Caradoc Evans (1878–1945), narrazio labur eta eleberrien idazlea; Jack Jones (1884–1970) idazle eta antzerkigilea; Howard Spring (1889–1965) kazetari eta eleberri idazlea; Lewis Jones (1897–1939) idazle sozialista; eta Rhys Davies (1901–1978) narrazio labur eta eleberrien idazlea[25].
Mundu osoan ospetsu den norvegiar jatorriko haurrentzako ipuin idazle den Roald Dahl galestarra Cardiff hiriko Llandaff auzoan jaio zen. Saunders Lewis (1893–1985) olerkari eta ekintzaile politikoak ingelesez nahiz galesez idatzi zuenez, anglo-galestar literaturan nahiz galestar literaturan sar liteke. Rhys Davies XX. mendeko galestar idazle emankorrenen artekoa da.
1950ean Galesen jaio eta hil zen Bertrand Russell filosofo, matematikari, historialari, sozialista, bakezale eta gizarte kritikariak Literaturako Nobel Saria irabazi zuen.
Jaiotzez Newport hirikoa eta ezizenez "tramp poet" ("kale olerkaria") duen W. H. Davies (1871–1940) idazle autobiografikoa jaiotzez galestarra zen eta Georgiar olerkari multzoko buruetako bat bezala oroitua da, nahiz eta bere bizitzako zatirik handiena Galestik kanpo eman eta bere idazkien gai gehienak Galestik kanpo burututako bidaiak eta pastoralei buruzkoa izan. 1926an Galesko Unibertsitateak Davies idazlea Doctor Litteris, honoris causa ohorearekin saritu zuen[26]. Daviesen lagunmin handia zen Edward Thomas (1878–1917) olerkaria arrakasta handiko kazetaria eta beranduago idazle bilakatuko zena ere, orokorrean galestar jatorrizkoa eta anglo-galestar olerkari gisa jo izan da.
Beranduagoko galestar idazleen artean Gwyn Thomas (1913–1981) eta Alexander Cordell (1914–1997) sar litezke, azken honek XIX. mendean kokatutako Galesko Historian oinarritutako narrazio herrikoi sail baten egilea delarik. Richard Llewellyn (1906–83) idazleak idatziriko How Green Was My Valley liburua 1941eko izen bereko filmaren arrakastaren ondoren ospetsu bilakatu zen; nahiz eta Llewellyn galestar jatorriko familia batekoa izan, Londonen jaio eta Galesen denbora gutxi igarotakoa da.
Anglo-galestar olerkari ospetsuena Dylan Thomas (1914–1953) da, bere haurtzaro eta gaztaroa Swansea eta Carmarthenshiren igaro zituen, gerora leku hauek bere idazkietan eragin sakona izan zutelarik. Bere idazlan ospetsuena 1954an argitaratutako Under Milk Wood da. Ingelesez idatzi zuten beste galestar olerkari garrantzitsuak hauek dira: Idris Davies (1905–1953); Vernon Watkins (1906–1967); R. S. Thomas (1913–2000); eta Alun Lewis (1915–1944).
Robert Graves, Wilfred Owen eta Gerard Manley Hopkins bezalako olerkariak ere anglo-galestar taldean sar litezke, hauek Galesi buruz, han bizi izandako oroitzapenei buruz idatzi edota galestar odolekoak baitira.
Galesezko galestar literatura
aldatuGalesezko literatura Europan iraun duten zaharrenetakoa da (irlanderaz eta Eskoziako gaeleraz idatzitako literaturarekin batera), VI. mendean hasi eta XXI. mendean ere bizi-bizirik baitirau. Literatura horrek gales hikuntzak berak bezala, hainbat gorabehera izan ditu.
Erdi Aroan Aneirin eta Taliesin olerkari galestarrek ospea edukitu zuten, azken horrek Taliesinen liburua idatzi zuelarik. Garai hartan galesez idazten zuten gertakari narratzaileek (cyfarwydd), ipuin kontalariek eta olerkari profesionalek galestar erregeen gorteetako babesean egin ohi zuten. Gerora, Gwyneddko Erresumaren gainbehera eta 1282ko Galesko Inpenendentziaren galtzearekin bat galesezko literatura ere krisian sartu zen. Garai honetan galesez idatzitako hainbat erlijio eta lan praktikoei buruzko idazlanak idatzi ziren, horren adibidea Mabinogion idazlana da. Berpizkunde garaian ere protestante nahiz katolikoek euren fedeen aldeko galesezko idazlanak idazteaz ziurtatu ziren.
1546an galesez inprimatutako lehen liburua idatzi zen: Sir John Price Breaconekoaren Yn y lhyvyr hwnn ("Liburu honetan") idazlana. 1567an William Salesbury idazleak Testamentu Berria galesera itzuli zuen, aurretik 1547an A dictionary in Englyshe and Welshe izenburuko gales-ingeles hiztegia argitaratu zuen. 1567an Milan hirian derrigortutako atzerriratzean zegoelarik Gruffydd Robert katoliko sutsuak galesezko gramatika garrantzitsu bat idatzi zuen. 1588an William Morganek Biblia galesez idatzi zuen. Garai honetako beste idazleen artean Morgan Llwyd, Vavasor Powell eta Gwilym Puw daude.
XVIII. mendean galesez idatzi zutenen idazleetako batzuk besteen artean William Williams Pantycelyn, Ann Griffiths, Siôn Bradford eta Iolo Morganwg izan ziren.
XIX. mendean nabarmendu ziren idazleak emakumezkoen artean Lady Charlotte Guest eta Lady Llanover izan ziren. Gizonezko idazleen artean berriz hauek: Evan Evans, John Blackwell, William Thomas, John Ceiriog Hughes, Thomas Price, Charles Ashton eta Daniel Owen.
XX-XXI. mendeko idazle eta olerkari garrantzitsuenak Saunders Lewis, Kate Roberts, John Ellis Williams, Aled Islwyn, Angharad Tomos, Euros Bowen, Geraint Bowen, Marion Eames, Hywel Teifi Edwards, Wiliam Owen Roberts, Mihangel Morgan, Alan Llwyd, Dic Jones, Menna Elfyn, Urien Wiliam, Sir Ifor Williams, Gwynn ap Gwilym eta Bethan Gwanas izan dira.
Zinemagintza
aldatuAipatzekoa da orain dela gutxi berpiztu den Doctor Who kultuzko telesaila klasikoa Galesen sotua izan dela (BBC Wales), atal asko Cardiff hiriburuan kokatuak izan direlarik. Filma eta ekoizpen ugari Galesen zehar filmatu edo kokatuak izan dira eta gero mundu osoko ikusleek gozatu ahal izan dituzte.
Horren adibide nagusi ditugu Euskal Herriko antzoki eta telebista kateetan sarritan bistaratu den eta Hugh Grant aktoreak antzeztu duen The Englishman Who Went Up a Hill But Came Down a Mountain ("muino bat igo eta mendi bat jeitsi zuen ingelesa") (1995), eta Llŷr Ifans eta Rhys Ifans aktoreek antzeztu duten Twin Town ("hiri bikia") (1997). Galesi buruzko ingelesezko beste film batzuk: Conway Castle (1898), Wales, England: Land of Castles and Waterfalls (1908), A Welsh Singer (1915), The Life Story of David Lloyd George (1918), The Citadel (1937), The Proud Valley ("haran harroa") (1940), Blue Scar (1949), Tiger Bay (1959), Dylan Thomas (1962), Under Milk Wood (1972), Grand Slam (1978),
Halere, beharbada Gales mundu osoan zehar herrialde gisa ezagutarazi duen film garrantzitsuena 1941eko John Ford zuzendariaren How Green Was My Valley ("zein berdea zen nire harana") maisulan klasikoa izango da, filma honek bere bizimodu osoa ikatz-meatze baten inguruan duen galestar herrixka eta familia bati buruzkoa da.
Galesezko zinemagintza ere sortu da, eta haren film garrantzitsuenen artean ondorengo hauek daude: O'r Ddaear Hen (1980), Milwr Bychan ("haur soldadua") (1986), Rhosyn a Rhith (1986), Un Nos Ola Leuad (1991), Hedd Wyn (1992), Cwm Hyfryd ("nire haran ederra") (1993), Gadael Lenin ("Lenin alboratzen") (1993), Ymadawiad Arthur ("Arthurren irteera") (1994), Y Mapiwr (1995), Tylluan Wen (1997), Pum Cynnig i Gymro (1998), Solomon & Gaenor (1999), Eldra (2002), Y Mabinogi (2003), Y Lleill (2005), Calon Gaeth ("Herrialde Txikia") (2006)... Horien guztien aitzindari izango ziren 1935an eginiko Y Chwarelwr film laburra —galesezko lehenbiziko filma—, 1940eko Yr Etifeddiaeth eta 1949ko Noson Lawen.
Gales aktore ezagun askoren jaioleku izan da: Richard Burton, Anthony Hopkins, Hugh Griffith, Desmond Llewelyn, Terry Jones, Kenneth Griffith, Jonathan Pryce, Timothy Dalton, Catherine Zeta-Jones, Ioan Gruffudd, Rhys Ifans, Michael Sheen, Matthew Rhys, Christian Bale... Badira galestar jatorriko ingeles aktoreak ere: John Rhys-Davies, Vinnie Jones...
Sukaldaritza
aldatuGalesko lurraren % 80 gutxi-gorabehera nekazaritzarako erabili ohi da. Halere, lur honetatik gutxi goldatu liteke, gehiena ganadu edo aziendari eskainitako larreak dira, adibidez, ardiak eta behiak. Nahiz eta haragi eta esnetarako behiak ugari izan, betez ere Carmarthenshire eta Pembrokeshire eskualdetan, Euskal Herriaren gisa Gales bere ardiengatik ezaguna da, bertan ardi hazketa ugaria delarik, hortaz usadioz arkume haragia Galesko sukaldaritzarekin lotu ohi da. Galestar plater nagusienen artean hauek daude: laverbread (alga oinarritzat hartuz), Bara brith (fruitudun ogia), cawl (arkume edo bildots gisatua) eta cennin cawl (porrusalda), galestar opilak, eta arkume haragia. Batzuetan gosaltzeko berberetxoak urdaia lagundurik jan ohi dira[27]. 2005ean Galesko Sukaldaritza taldeak Luxenburgoko Munduko Txapelketatik 8 urrezko domina, 15 zilarrezko eta brontzezko zazpirekin bueltatzea lortu zuten, eta munduko sailkapenean 7. postuan kokatu ziren.
Hedabideak
aldatuCardiff hiriburua Galesko komunikabide nazionalen egoitza da. BBC Wales katea Cardiffeko Llandaff barrutian kokatzen da, kate honek BBC One eta BBC Two kateetarako galestar ekoizpenak burutzen ditu. BBC 2W katea BBC Two katearen galestar bertsio digitala da, eta gauero iluntzeko 20,30etatik gaueko 20,00ak arte bereziki Gales oinarritzat duen programazioa aireratzen du. Erresuma Batuko ITV merkatal kateak galestarrei zuzendurik dagoen ITV Wales katea eskaintzen du, bere estudioak Cardiff hiriko Culverhouse Cross auzoan daudelarik. S4C katea Cardiff hiriko Llanishen auzoan kokatzen da eta bere programazio nagusiena ia osoki galesez aireratzen du, aldiz ingeles hiztunek Channel 4 katea ikusten dute. Bestalde, S4C Digidol (S4C Digitala) osoki galesez da. Channel 4 eta Channel 5 kateak ere orain ia herrialde osoan telebista digital edo satelite bidez ikus daitezke.
BBC Radio Wales Galesko ingelesezko irrati kate nazional bakarra da, aldiz BBC Radio Cymru irratiak Gales osoan galesezko irratsaioak aireratzen ditu. Hauetaz gain Gales osoan zehar irrati independente ugari daude, horien artean Red Dragon FM, Radio Cardiff, The Wave, Swansea Sound, Heart Cheshire and North East Wales, Heart North Wales Coast, Nation Radio, 102.5 Radio Pembrokeshire, 97.1 Radio Carmarthenshire, Heart Cymru, Radio Ceredigion eta Real Radio.
Galesen saldu eta irakurtzen diren egunkari gehienak estatu eremukoak dira, hortaz Erresuma Batua osoan irakur litezke, salbuespena Eskozia da, han egunkari gehienak eskozierari egokituak dauden azpizenburuekin kaleratzen baitira. Galesen kokatuak dauden egunkarietako batzuk hauek dira: South Wales Echo, South Wales Argus, South Wales Evening Post, Liverpool Daily Post (Galestar argitalpena) eta Y Cymro, azken hori galesezko argitalpena. Western Mail egunkaria bertako egunkaririk salduena da, Hego Galesen argitaratua da eta igandeko Wales on Sunday gehigarria du. Biak Erresuma Batuko egunkari argitaratzaile nagusiena den Trinity Mirror enpresak argitaratzen ditu. Western Mail eta South Wales Echo egunkariek euren egoitzak Cardiffeko erdigunean dagoen Thomson House eraikineko bulegoetan dituzte.
Lehenbiziko galesezko egunkaria Y Byd izan da, 2008ko martxoaren 3an argitaratzen hasi zelarik[28]. Dena dela, 2008ko otsailaren 15an diru finantziazio arazoak zirela eta, Y Byd egunkaria argitaratzeko egitasmoan jarraitzeari uko egin zitzaiola iragarri zen[29].
Ingelesez aldizkari ugari argitaratzen dira Galesen, baina orobat badira argitaratzen diren astekari eta hilabetekariak. Galesek 20 argitaletxe ditu, eta gehienek ingelesez argitaratzen dute. Hala ere urtero, batez beste, galesez 500-600 izenburu edo liburu argitaratu ohi dira[30].
Kirolak
aldatuGalesen zaletu eta jarraitzaile gehien dituzten kirolak errugbia eta futbola dira, Galesek beste herrialde batzuk bezala nazioarteko kirol ospakizun nagusienen artean bere berezko ordezkaritza du, horien artean Munduko Futbol Txapelketa, Munduko Errugbi Txapelketa eta Commonwealtheko Jokoak daudelarik (halere Olinpiar Jokoetan Britainia Handiaren ordezkaritzaren barnean joan ohi da).
Ziurrenik Galesko kirol ospetsuena eta lorpen handienak eman dizkiona errugbia da, herrialde honetan kirol honek dituen zaletu ugariak direla eta, ia erlijio maila bereganatzen du, honek bereziki Hego Galesen jarraipen izugarria du, eremu hau Galesko errugbi talde onenen kokalekua delarik. Zeelanda Berrian gertatzen den moduan Galesen ere errugbia nortasun nazionalaren oinarrizko zatia da, nahiz eta usadioz futbola Ipar Galesko kirolik jarraituena izan den. Galesek bere berezko Galesko errugbi selekzioa eta Galesko futbol selekzio nazionala ditu, azken hau munduko hirugarren futbol selekzio zaharrena da, beste kirol gehienetan ere bere ordezkaritza nazionala duelarik. Galesko atleta eta kirolari onenak Cardiff hiriko Galesko Kirol Institutuan eta Kirolgune Nazionalaren Estalitako Pistan, Newporteko Galesko Belodromo Nazionalean eta Swaseako Galesko Pool Nazionalean entrenatu ohi dute.
Galesko errugbi selekzio nazionalak urtero Sei Nazioen Torneoan parte hartu ohi du. Horretaz gain Galesek Munduko Errugbi Txapelketa guztietan ere parte hartu du, 1999an txapelketa Galesen jokatu zen, bere emaitzik onena jokatu zen lehenbiziko txapelketako hirugarren postua izan zelarik. Galesko errugbi taldeek Irlanda eta Eskoziakoekin batera Europako Heineken Cup eta Magners League txapelketak jokatzen dituzte, baita EDF Energy Cup txapelketa ere.
Futbolean, selekzio nazionala munduko hiru zaharrenen artean dago, lehenengo partida 1876an jokatuz Eskoziaren aurka. 1958an parte hartu zuen Munduko Futbol Txapelketan, Suedian, lehen eta azken aldiz. Bestela, John Benjamin Toshack, Neville Southall, Ian Rush, Gareth Bale eta Mark Hughes daude azken urteotako jokalari ezagunenen artean.
Herrialde barneko txapelketei dagokienez, berezko liga daukate 1992tik, historikoki hiru talde nagusiek (Swansea City AFC, Cardiff City FC eta Wrexham AFC) Ingalaterrako Ligan jokatzen duten arren.
Errugbian, Galesko errugbi selekzioak antolatu zuen 1999an munduko txapelketa. Halaber, Sei Nazioen Torneoaren ohiko partaidea da.
Geraint Thomas eta Luke Rowe txirrindulariak hemen jaiotakoak dira.
Garraioa
aldatuGalesko Hegoaldeko kostaldean zehar dauden hiri eta udalerriak elkarlotzen dituen errepide nagusia M4 errepidea da, honek Gales, Ingalaterra eta azkenik London ere lotzen dituelarik. Galesko errepide honen zatia Galesko Legebiltzarraren ardurapean dago, Gales Mendebaldean dagoen Pont Abraham udalerriko Second Severn Crossing zubian hasi eta Cardiff, Newport eta Swansea hiriak elkarlotzen ditu.
Ipar Galesen A55 autopistak antzeko papera betetzen du, adibidez Ipar Galesko kostaldeako Holyhead eta Bangor udalerriak Wrexham hiria eta Flintshire konderriarekin lotuz, Ingalaterrarekin ere lotzen delarik, batez ere Chester hiriko eremua. Galesko ipar-hegoalde ardatz nagusia A470 errepidea da, Cardiff hiriburutik Llandudno udalerrira doalarik.
Cardiffko Nazioarteko Aireportua Galesko aireportu handiena eta nazioarteko maila duen bakarra da, nazio mailako loturak nahiz nazioarteko helmugak eskaintzen ditu, bai Europa nahiz Ipar Amerikara. Cardiff hiriko erdigunetik 19 kilometro hego-mendebalderantz dago, Glarmorgan haranean. 2007ko maiatzetik aurrera Highland Airways eskoziar konpainiak Anglesey eta Cardiff hiriburuaren arteko hegaldiak eskeintzen ditu.
Herrialde honek Galesko Legebiltzarrak ustiatzen duen trenbide sare nabarmena ere badu, honen ardurapean trenbide zaharrak berrireki eta trenaren erabilpena zabaldu da. Cardiff Central eta Cardiff Queen Street tren-geltokiak herrialdeko nahiz nazio mailako tren-geltoki handi eta jendetsuenak dira. 1960eko hamarkadan mozketa batzuk burutu ondoren Galesko trenbide sarearen gehiengoa ekialde-mendebaldeko norantzan zuzendua dago, honela Ingalaterrara bidaiatzeko aukera ugari daudelarik. Galesko iparraldetik hegoaldera doazen tren zerbitzuak Ingalaterrako Chester eta Shrewsbury hirien artean jardun ohi dute. Galesko Hegoaldean dagoen Cardiff hirian eta bere inguruetan hainbat trenbideetako zerbitzuek jarduten dute, eta tokian-tokiko edo hurbileko linea gisa oso erabiliak izan ohi dira.
Gales osoan zehar jardun ohi duen tren konpainia nagusiena Arriva Trains Wales delakoa da. Galestik Ingalaterrako Crewe, Manchester, Birmingham eta Cheltenham hirietara doazen lineak ere baditu. Virgin Trains konpainiak Galesko iparraldea eta London lotzen dituzten zerbitzuak ustiatzen ditu, hauek West Coast Main Line izeneko trenbide eremuaren barnean daudelarik. First Great Western konpainiak ordu-erdiro Londonetik Cardiff eta Newportera doazen trenak ditu, Swanseara doan ordu bateko jarraipena ere baduelarik. Cardiff eta Newportetik Ingalaterrako hegoaldera doazen zerbitzuak ere eskaintzen ditu. CrossCountry konpainiak Cardiff hiriburutik hasi eta Mendebaldeko Midlands, Ekialdeko Midlands eta Yorkshire konderriak zeharkatuz Nottingham eta Newcastle upon Tyne hirietara doazen zerbitzuak eskeintzen ditu.
Ferry zerbitzu erregular batek Gales eta Irlanda itsasoz lotzen ditu, Galesko Holyhead portua Irlandako Fishguard portuarekin lotuz eta Swansea hiria Cork hiriarekin, azken hau 2010eko martxoan berreskuratuko delarik[31].
Diaspora
aldatuGalestarrak Hego Amerikan
aldatuGalestarrak Patagonian historia bitxia egiten dabiltza XIX. mendetik gaur egun arte. Ez dira Argentinan dagoen diasporarik zabalena, baina bai interesgarrienetarikoa, hala kulturalki nola politikoki.
"Y Wladfa" edo Galeseko kolonia bertan sortzeko asmoz joandakoek aztarnak utzi dute oraindik, lurralde haren hiri nagusiak Chubuteko probintziaren Trelew, Puerto Madryn, Rawson eta Trevelin dira, baina erdigune historiko eta kulturala Gaiman da.
Gaur egun, Chubuten 25.000 gales hiztun bizi direla kalkulatu da.
Galestarrak Ipar Amerikan
aldatuGalestarrak Ipar Amerikan Ameriketako Estatu Batuetan daude hedaturik nagusiki, batik bat ipar-ekialde (Northeast) eta erdi-mendebaldean (Midwest), baina baita Kanadan ere.
Euskal etxeen moduan, elkarteetan biltzen dira diasporako kideak hainbat ekitaldi burutuz: gales hizkuntzako eskolak, abesbatzak eta abar. 30 baino gehiago dago gaur egun.
Galestar ospetsuak
aldatu
|
|
|
Iruditegia
aldatu-
Galesko paisaia
-
Claerwen harana
-
Tintern Abbey abadetxea, Monmouthshire
-
Newport Transport Bridge zubia
-
Snowdon menditik hartutako ikuspegia
-
Gwynedd eskualdeko zelaiak eta Tremadog badia
-
Tal y llyn aintzira
-
Mendiko galestar pottoka Brecon Beacons mendietan
-
Snowdon mendia
-
Swanseako portua
Erreferentziak
aldatu- ↑ Euskaltzaindia. (2008-05-30). 154. araua: Europako eskualde historiko-politiko nagusiak. .
- ↑ Cymru izenaren ahoskera: ⓘ. Euskaldun batek gutxi gorabehera "kamrri" ahoskatuko luke.
- ↑ https://web.archive.org/web/20100524010505/http://www.byig-wlb.org.uk/English/welshlanguage/Pages/WhoaretheWelshspeakersWheredotheylive.aspx Welsh Language Board - Hiztun kopurua
- ↑ https://web.archive.org/web/20100921104325/http://britannia.com/celtic/wales/language.html Britannia - Go Britannia! Galesko Gida - Galestar Hizkuntzaren Gida
- ↑ Davies, John. (1994). A History of Wales. Londres: Penguin, 71 or. ISBN 0-14-01-4581-8..
- ↑ Davies, John. (1994). A History of Wales. Londres: Penguin, 4-6 or. ISBN 0-14-01-4581-8..
- ↑ «Genes link Celts to Basques» BBC News website (BBC) 2001-04-03 (Noiz kontsultatua: 2008-08-05).
- ↑ Davies, John (1993). A History of Wales. London: Penguin. pp. 100. ISBN 0-14-014581-8.
- ↑ http://www.parliament.uk/about/how/role.cfm Erresuma Batuko Legebiltzarra - Legebiltzarraren errola. Erresuma Batuko Legebiltzarra. 2009ko ekainaren 29a.
- ↑ http://wales.gov.uk/about/10years/timeline/?lang=en[Betiko hautsitako esteka] Galesko Biltzar Nazionala:Itzuleraren denboralerroa. 2009. Galesko Biltzar Gobernuaren webgunea.
- ↑ «Galesek legebiltzar propioa izatea lortu du eta bertako hizkuntzan eman diote izena» Argia 2020/05/06.
- ↑ (Ingelesez) «Mark Drakeford confirmed as new Welsh first minister» BBC 2018/12/12.
- ↑ http://news.bbc.co.uk/1/shared/vote2005/html/region_10.stm emaitzak:Gales] BBC News, 2005eko ekaina
- ↑ https://web.archive.org/web/20090210023219/http://www.plaidcymru.org/content.php?nID=173;lID=1 Gales elebiduna, 2008ko apirilaren 27a.
- ↑ https://web.archive.org/web/20080319102507/http://www.bwrdd-yr-iaith.org.uk/cynnwys.php?pID=109&nID=2122&langID=2 2004ko Gales hizkuntzaren iraupenerako txostena], www.bwrdd-yr-iaith.org.uk. Eskuratze data: 2010eko urtarrilaren 22a.
- ↑ 41,155 (1951ko Errolda: Galesko elebakarrak)
- ↑ http://www.statistics.gov.uk/cci/nugget.asp?id=451 Nazio Estatistikak Zuzenean
- ↑ http://new.wales.gov.uk/docrepos/40382/40382313/293077/40382322021/res-welshdiaspora.pdf?lang=en[Betiko hautsitako esteka] wales.gov.uk
- ↑ http://www.statistics.gov.uk/cci/nugget.asp?id=445 Nazio Estatistikak Zuzenean
- ↑ https://web.archive.org/web/20111110180938/http://factfinder.census.gov/servlet/DTTable?_bm=y&-state=dt&-context=dt&-reg=DEC_2000_SF4_U_PCT001%3A001%7C547%3B&-ds_name=ACS_2006_EST_G00_&-TABLE_NAMEX=&-ci_type=A&-mt_name=ACS_2006_EST_G2000_B04003&-CONTEXT=dt&-tree_id=4001&-all_geo_types=N&-redoLog=true&-geo_id=01000US&-search_results=01000US&-format=&-_lang=en AEBetako Erroldaren Bulegoa 2006ko Errolda
- ↑ https://web.archive.org/web/20130723224016/http://www12.statcan.gc.ca/census-recensement/2006/index-eng.cfm Jatorri etnikoak, 2006ko Kanadako Errolda, probintziak eta lurraldeak - Kopuruaren %20a adibide]. Kanadako Estatistikak.
- ↑ http://www.bbc.co.uk/wales/religion/sites/timeline/pages/religion_in_wales_15.shtml BBC - Gales - Erlijioaren Historia: Gales Kulturanitza
- ↑ Biztanleria Erlijioaren Arabera - Estatitiska Nazionalak Zuzenean
- ↑ https://web.archive.org/web/20100113225103/http://britannia.com/wales/lit/lit11.html Britannia.com Galesko Gida - XVII. mendeko Literatur Erlijiosoa
- ↑ https://web.archive.org/web/20090616103252/http://www.britannia.com/wales/lit/lit17.html Britannia.com Guide to Wales - Welsh Literature - 20th Century
- ↑ Stonesifer, R.J. (1963), W. H. Davies - A Critical Biography, London, Jonathan Cape. ISBN B0000CLPA3.
- ↑ https://web.archive.org/web/20041228223132/http://www.bbc.co.uk/wales/overnightsuccess/customercare/food/breakfastchoices.shtml Galestar gosaria
- ↑ http://news.bbc.co.uk/1/hi/wales/6768879.stm Galesezko egunkaria kaleratzear dago. 2007ko ekainaren 20a. BBC News
- ↑ http://news.bbc.co.uk/1/hi/wales/mid/7245774.stm Galesezko egunkaria bertan behera utzia. BBC News Online. 2008ko otsailaren 15a.
- ↑ (Ingelesez) Galesez urtero argitaratutako izenburu edo argitalpenak. 2009ko otsaila.
- ↑ http://news.bbc.co.uk/1/hi/wales/south_west/8035237.stm%7Csartze-data=2009-06-21[Betiko hautsitako esteka] BBC News - Wales - South West Wales - Ferrya 2010ra arte utzi da. BBC News, 2009ko maiatzaren 6a.
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatuEuskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Galesko Ataria |
- (Ingelesez) (Galeseraz) Galeseko Gobernuaren webgunea
- (Galeseraz) (Ingelesez) (Frantsesez) (Alemanez) (Gaztelaniaz) (Txineraz) (Japonieraz) Galesko Webgune Ofiziala
- (Galeseraz) (Ingelesez) SC4 edo Sianel Pedwar Cymru - Galesko Telebista Publikoa
- (Galeseraz) Radio Cynru - BBCren irrati katea
- (Ingelesez) BBC Wales
- (Ingelesez) (Galeseraz) Waleseri buruzko webgunea
- (Ingelesez) Turismoaren webgune ofiziala