Nazionalismo
Nazionalismoa nazioa edo egitate nazionala azpimarratzen duen jokabide, doktrina edota ideologia politikoa da. Kontzeptu honek forma desberdinak hartu ditu eta, beraz, nazionalismo motez hitz egiten da nazionalismoaz baino.
Kontzeptuaren garapen historikoaAldatu
Estatu modernoak monarkia absolutuekin eratzen joan ziren baina ez derrigor ikuspegi nazionalista batekin; nahiz eta zantzuak badauden horrenak, Espainiako nazionalismo linguistikoaren hastapenek erakusten duten bezala.
Lehen nazionalismo linguistiko espainolaAldatu
Espainiaren estatu egitura Errege-erregina Katolikoen garaian politikoki eta inperialki garatzen hasi zen garaian, ekarpen teoriko handi bat ere gertatu zen, Antonio de Nebrijak 1492 urtean idatzitako Gramática sobre la lengua castellana lanarekin.[1] Isabel erreginari zuzendutako hitzaurrean, Nebrijak hizkuntzaren balio politikoa azpimarratu zuen, bere asmoa ere "gure nazioaren gauzak handitzea" izan zelarik.[2] Beste esaldi ospetsu bat ere utzi zuen hitzaurrean Nebrijak, "hizkuntza beti inperioaren lagun izan zen".
Apologista batzuen arabera, klasizismoari eta Erromari egindako erreferentzia da hori; ez Espainiak edo Gaztelak ezarri behar zuen hegemonia politikoari. Hala ere, gramatikaren argitalpenaren baino lehenago ere, 1487an, lanaren beharra azpimarratzean erreginari, beste hizkuntza batzuen aipua egina zuen Nebrijak:
« | ...mas los vizcaínos, navarros, franceses, italianos y todos los otros que tienen algún trato y conversación en España y necesidad de nuestra lengua, si no vienen desde niños a la deprender por uso, podrán la más aína saber por esta mi obra | » |
Antonio de Nebrija, 1487 |
Eta hitzaurrean bertan ere aski argia da hizkera:
« | Después de que Su Alteza haya sometido a bárbaros pueblos y naciones de diversas lenguas, con la conquista vendrá la necesidad de aceptar las leyes que el conquistador impone a los conquistados, y entre ellos nuestro idioma; con esta obra mía, serán capaces de aprenderlo, tal como nosotros aprendemos latín a través de la gramática latina | » |
Antonio de Nebrija, 14892 |
21. mendeko Juan Carlos Moreno Cabrera ikertzailearen arabera, nazioanalismo linguistiko espaimolaren eta kolonialismoaren hastapenetan funtsezkoa izan zen Nebrijaren lana.[3] Mendeen buruan, Moreno Cabreraren aburuz, Espainian dagoen nazionalismo linguistiko bakarra espainola izaten jarraitzen du.[4]
Frantziako Iraultzaren ondorengoakAldatu
Funtsezko lerratze bat nazionalismorantz Frantziako Iraultzarekin batera hasi zela jotzen da, eta XIX. mendean hedatu zen industria-iraultza, zerbitzu militar eta nahitaezko eskolatzearekin batera. beren mugen barruan nazio bakarraren ideia zabaldu nahi izan duten estatuen nazionalismoaren arketipikoa da kasu frantziarra XIX. mendean zehar.[5]
Franrziar Iraultzak eta haren ondorengo estatu frantziar berriak bereziki bultzatu zuena izan zen estatu-politika nazionalizatzailea: estatuek biztanleen nazio – sentimendua eta aberriarekiko harrotasuna garatzea nahi zuten, eta horretarako hainbat ekintza aurrera eramaten hasi zituzten, hala nola, hezkuntzan hizkuntza ofiziala erabiltzea, ohituren eta historiaren kodifikazioak, banderak, ereserki, eta abar sortu eta herrialdearen sinbolo bihurtu...[6]
Eredu iraultzaileak ere izan zituen Europako historian oihartzunak, hala nola 1820, 1830 eta 1848ko iraultza prozesuak. Era berean, Inperio batzuen ahultzeak ekarri zituen nazionalismo independentista batzuen piztueta, lehenbizi Turkiako Inperiotik Grezia, Serbia, Errumania, Montenegro, Bulgaria eta Albania independizatu zirelarik, eta geroago Austria-Hungariaren kasuan, zeina XIX. mendean zehar bateratuta efin zen arren, aldarrikapen independentistak izan zituen.
Nazionalismo zentripetoak ere egon ziren 19. mendean, kasu argiak direnez Alemaniako eta Italiako bateratze-prozesuak.
Nazionalismoa I. Mundu Gerra ostean heldu zen bere gorenera Europaren eta munduaren militarizazio handi baten erdian eta, burgesiaren ideologia izatetik, indar kontserbadoreak eta internazionalismo sozialista nazionalismora lerratu ziren aurkako posizioetatik. Nazio-estatuen doktrinaz gain, askapena bilatzen duten herrien ideologia adierazten du, eta II. Mundu Gerra osteko deskolonizazio mugimenduaren bultza-indarra izan zen.
Hrochen hiru epeakAldatu
Miroslav Hroch (Praga, 1932) pentsalari txekiarraren arabera, ideologia nazionalista baten garapenean hiru epe leudeke, A-B-C terminologiarekin definitu dituenaj.[7] A fasean, esnatze kulturala, non intelektual abertzaleek beren herriko hiostoria, kultura eta ohituren azterketan eta erreibindikazioan jarriko luketen indarra. Hurrengo fase batean, B delakoan, nazionalismo kulturala politiko bihurtzen da, eta intelektualez gain beste talde sozial batzuk ere biltzen dira korrontera. Hirugarren epe edo C estadioan, mugimendu nazionalista masa-fenomeno bihurtuko lutzateke.[8]
Hroch lan konparatiboak ere egin ditu, mugimenduak aztertuz Norvegia, Bohemia, Finlandia, Estonia, Lituania, Flandria eta Danimarkan, eta ondorioztatu zuen ez dagoela talde sozial jakin bat funtsezkoa denik mugimendu nazionalista baten indartzerako, baizik eta parte-hartze zabal bat beharrezkoa dela. Hala ere, faseetan desberdintasunak badaude, eta bere iritziz B fasean nekazariak ez dira hain inportanteak, baina bai gero C fasera igarotzekotan.[9]
Nazio handien nazionalismoaAldatu
Estatu-nazio handietan, nazionalismoak behin estatu modernoak eratuta gorpuztu dira, estatu barneko komunitate ezberdinak nazio bakarrera eramateko helburuarekin.[5] Baina hori formulazio politiko desberdinekin egin izan da. Europako kultura politikoan nazionalismoaren bi ikuspegi nagusi Joxe Azurmendi filosofoak jarri duitu agerian, Frantziako eta Alemaniako nazionalismoak konparatzean Historia, arraza, nazioa saiakeran. [10]
Nazionalismoaren askotariko ikuspegietatik abiatuz, nazionalismoaren azterketa akademikoa gizarte zientziek burutu dute batik bat, zientzia politikoak, soziologiak eta historiak bereziki. Azterketa horietan, sailkapen klasiko bat erabili ohi da, maila teorikoan erabilgarria dena baina praktikan forma puruan ematen ez dena. Sailkapen horren arabera, nazionalismoa etnikoa edo zibikoa izan daiteke, edo berdina dena, nazionalismo mota jakin batek (etnikoa deitu ohi denak) ezaugarri kultural objektibo batean edo zenbaitetan (hizkuntza, arraza...) jarriko du indarra. Besteak, berriz, 'zibikoa' deitutakoak, borondate politikoa hartzen du oinarri.
Nazionalismo etnikoa tradizo alemanean kokatu ohi da, eta zibikoa, ordea, Frantziako Iraultzatik eratorritako tradizio liberaleanErnest Renanek Sorbonan emandako Zer da nazioa? konferentzia jotzen da eredu zibiko horren lehen teorizaziotzat. Hala ere, askotan bereizketa hori nazionalismo jakin bat deskalifikatzeko erabili izan da, X nazionalismo bat etnikotzat joz eta azterketa akademikotik urrunduz. Era berean, aipatutako nazionalismo eredu bi hauek errealitatean era nahasian ematen dira.[10] "Frantsesek berek ideializatu eta edertu egin dute beren nazionalismoa, baina nazionalismo frantsesa Europan egon diren nazionalismo itsusienen eredu da", Espainiako nazionalismoaren eredu ere bai neurri batean, Azurmendiren ustez.[11]
Ildo horretan, kontzeptuen anbiguotasunagatik, hainbat autorek nazionalismo etniko eta zibikoaren arteko bereizketa baztertzea proposatu dute. Horien ustez, Ernest Renanek Zer da nazioa? konferentzian aurkeztu zuen nazionalismo zibikoa idealizazio hutsa da. Era berean, Renanek erabiltzen dituen argudioak ez lirateke koherenteak bere pentsamendu arrazista eta antidemokratikoarekin (antiliberalarekin). Tesi hori defendatzen dutenen arabera, Renanen nazionalismo ustez zibiko hori Frantzia-Prusia Gerra ondoren Frantziak Alsazia eta Lorrena berreskuratzeko aldarri nazionalista eta oportunista soilik bide da.[10]
Nazionalismoen ulerpen binario gehiagoAldatu
Azken batean, Azurmendik deskribatutako Alemania eta Frantziako nazionalismoen bereizketa beste formulazio batzuek ere ikusi dute, estatu hauetatik kanpo ere zabalduz irakurketa: nazionalismo zibiko eta etniko (are, "tribal") baten arteko bereizketa, estatu-nazionalismoa eta kultura-nazionalismoa definitu direnak, ekialde-mendebalde ardatz europar baten inguruko bereizketa bat ere. Eta bereizketan are gehiago indartuz, batzuena delarik nazionalismoa, bestea patriotismoa izango zelarik.[9]
Frantzian 21. mendera arte pentsamendu jarraitu eta beharbada nagusia, baita ezkerrean ere, hauxe litzateke, eurena patriotismoa dela eta ez beste kontu lohiaho hori.[12] Hego Euskal Herrian ohikoa da ez-nazionalistatzat aurkeztea bere burua korronte argiki nazionalista espainolak (ikus beherago).
Nazio txikien nazionalismoaAldatu
Noski, estatuaren nazioarekin identifikatzen ez diren nazioak aldarrikatu dira, nazio-estatu propioa eraikitzeko ahaleginarekin. Ezin da nazio kontzeptuaren sorrera ulertu estatua kontuan hartu gabe; baina bi kontzeptuen arteko harremanaren arabera, nazionalismo ezberdinak egon dira. Alde batetik, gorago aipaturiko estatu handien nazionalismoa dago, eta beste aldetik, estatua nahi duten nazioen nazionalismoa. Horren ondorioz, nazionalismo zentripetoen eta periferikoen edo sezesionisten arteko gatazkak gertatzen dira.[5]
Nazionalismoaren ikuspegi pluralista eta are "ekologista" bat planteatzen duenik ere bada, hala nola Ulises Moulinesen idatzietan, non dioen, "pluralismoaren berezko balioaren printzipio ekologista garbian sinetsiz gero, etniak eta nazioak babestu beharreko zerbait dira inori kalte egiten ez dioten neurrian". Moulinesek aldarri egiten du: "(Makurtuta eta irainduta zaudeten) mundu guztiko naziook: bat egizue (Estatu hegemonikoen aurka)".[13]
Baina estatu hegemoniko horietatik,"Estaturik gabeko nazioen nazionalismo periferiko irrazionaltasun, esentzialismo metafisiko, esklusibismo etnizista, elkartasunik eza eta beste hainbat maska eratxekitzen zaizkie."[14]
Kontzeptua Euskal HerrianAldatu
Euskal Herriaren alde ekiten duen nazionalismoaz aritzeko, normalean, abertzaletasun terminoa erabili ohi da. Euskal abertzaletasunak, oinarrian, Euskal Herriaren nazio izaera aldarrikatzen du. Era berean, eta maila ezberdinetan bada ere (maila sinbolikotik independentzia proposamenetaraino), Euskal Herriaren lurralde batasuna aldezten du, Euskal Herriaren lurralde eremua zehaztean terminoaren usadiozko definizioa hartuta.[15]
Hrochen hiru estadioak euskal kasuanAldatu
Ludger Meesen arabera, Miroslav Hrochen nazionalismoaren garapen historikoaren hiru faseek (ikus gorago) izan dute islarik euskal abertzaletasunaren kasuan, baina Meesen iritziz eredu teoriko horri zuzenketa batzuk egin beharko litzaizkioke.[7]
Lehen epea, 1876-1890 urteen artekoa izango zen, bigarren karlistaldiaren ondorengo foruen galeraren kontestuan kontzientzia nazionalaren lehen pizkunde bat gertratu zenean, baina Hroch-en ereduarekiko desberdintasun bat, non eta ekialdean pizkunde kulturala elite intelektualekin lotu zen batik bat, euskal kasuan ahozko literaturarekin, nekazal esparru batekin lotu zen. Aldi berean, proto-nazionalismo honek hasieratik izarera politiko bat izan zuela uste du Meesek, fuerista gutxienez, non eta Hoch-en eskeman hori bigarren epe batean, B fasean gertatzen den.
B faserako saltoa, Meesen ustez (1890-1917 epean), Sabin Aranaren formulazioan egon zen, euskal historiaren berrinterpretazio bat eskaini zuena, 1839 baino lehenagoko egoera erabat independentea izan balitz formulatuz. B fase honetan, gainera, Bilbo inguruko gerriko industrialean iraultza ekonomiko eta sozial bat gertatu zen, eta kontestu horretan Aranaren separatismoak burgesia txikiarentzat erakargarri bihurtu zen.
C fasea 1918.1937 tartean kokatzen du Meesek azkenik.
Ez-nazionalismoa Euskal HerrianAldatu
"Ez-nazionalista" gisa agertzen dira halaber, 20. mendearen azken laurdenetik, beste sektore batzuk, baina hauek Hego Euskal Herrian bederen, espainiar nazionalismoarekin lotu daitezkeela uste dute pentsalari abertzaleek. Floren Aoizen iritziz, "badaude nazionalistak eta ez nazionalistak, identitarioak eta ez identitarioak. Sakonean, zibilizatua versus basatia dikotomia da, supremazismoa kolonialismoa eta inperialismoaren jarraipena baita. (...) Kontakizun supremazista espainiarrak nahasketa bilatzen du, abantaila handiak eskaintzen baitizkio, esaterako, espainieraren nagusitasuna lainotu eta euskararen inposizioa salatzeko. Horrela, supremazistek besteak aurkezten dituzte supremazista gisa. Halako mozorratze operazioak hitz magikoen inguruan egituratzen dira, adibidez: aniztasuna. Espainiera derrigortzea zibilizatua eta modernoa da, eta beraz, ez du talkarik egiten aniztasunaz. Euskarari ofizialtasun mailak eman nahi izateak, alta, aniztasuna urratzen du. "[16]
Beste adibode bat: Aurelio Arteta irakaslearen pentsamendu ustez anti-nazionalista kritikatzen du halaber, Josu Txapartegik.[17] "Antinazionalista izatea (eta benetako demokrata eta benetako liberala, berdin) Artetaren hitzetan nazionalismoaren irrazionaltasuna borrokatzea da. Nazionalismoren bat salbatzekotan, guztiak ere arriskutsuak izanagatik, nazionalismo politikoa da libratu daitekeena, ez inolaz ere nazionalismo etnikoa. Nazionalismo politikoa mendeetan eraikiz eta osatuz joan diren estatuetan loratu da." Hau da, Espainiako Estatuarena, nazionalismo salbagarri bat da. Artetaren iritziz "nazio espainola da ona, berezkoa, zibikoa, demokrata, liberala... eta nazio euskalduna da gaiztoa, asmatua, bortizkeriazkoa, ez-demokrata, ez-liberala". Nazionalismo espainiarrari lerratutako ideiak deritze hauei Txapartegik.
Hizkuntzarekin lotzean nazioa ere, batzuenak (euskaldun eta katalanena adibidez) "nazionalismo linguistikoa" baina gaztelaniaz hitz egiten dutenena "internazionalismo kulturala" da, Espainiako Errege Akademiako Juan Luis Cebrianen iritziz.[18]
Nazionalismo batzukAldatu
ErreferentziakAldatu
- ↑ Fernando, Lázaro Carreter. (1974). Lengua española : historia, teoría y práctica. Ediciones Anaya ISBN 84-207-0726-0. (Noiz kontsultatua: 2022-05-02).
- ↑ (Gaztelaniaz) «La lengua, compañera del imperio» Tierra Adentro 2022-08-18 (Noiz kontsultatua: 2023-05-02).
- ↑ Moreno Cabrera, Juan Carlos. (2014). «3. Nacionalismo lingüístico y colonialismo.» El nacionalismo lingüístico : una ideología destructiva.. ISBN 978-84-9942-353-1. PMC 892486517. (Noiz kontsultatua: 2023-05-02).
- ↑ Ferragut, Mar. (2019-06-05). «Juan Carlos Moreno Cabrera :"El español es el único nacionalismo lingüístico que existe en España"» Nabarralde (Noiz kontsultatua: 2023-05-02).
- ↑ a b c Etxebarria Respaldiza, Eki. (2018). «Globalizazioa eta nazionalismoa: Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduaren kasua» Uztaro: giza eta gizarte-zientzien aldizkaria (Uztaro 104): 61–84. ISSN 1130-5738. (Noiz kontsultatua: 2023-04-28).
- ↑ Nazionalismoaren garapena eta hedapena XIX. mendean. 2015-08-11 (Noiz kontsultatua: 2023-05-25).
- ↑ a b Mees, Ludger. (1991). «Europako herri txikien esnatzea - Jakin.eus» Jakin 66 (Noiz kontsultatua: 2023-04-28).
- ↑ (Ingelesez) Bakke, Elisabeth; Breuilly, John; Hutchinson, John; Kolář, Pavel; Kriel, Mariana; Leerssen, Joep; Malečková, Jitka; Malešević, Siniša et al.. (2022-07). «Symposium for Miroslav Hroch» Nations and Nationalism 28 (3): 737–759. doi: . ISSN 1354-5078. (Noiz kontsultatua: 2023-05-24).
- ↑ a b (Ingelesez) Maxwell, Alexander. (2010-11). «Typologies and phases in nationalism studies: Hroch's A-B-C schema as a basis for comparative terminology» Nationalities Papers 38 (6): 865–880. doi: . ISSN 0090-5992. (Noiz kontsultatua: 2023-05-24).
- ↑ a b c Azurmendi, Joxe (2014)
- ↑ liburutegia. Joxe Azurmendi: «Nazionalismo frantsesa Europako nazionalismo itsusienen eredu da» | EIBZko liburutegia. (Noiz kontsultatua: 2023-04-09).
- ↑ (Frantsesez) «Non au nationalisme, oui au patriotisme | L'Humanité» www.humanite.fr 2016-08-08 (Noiz kontsultatua: 2023-05-25).
- ↑ (Gaztelaniaz) «manifestu nazionalista, are separatista esango nioke, estutuz gero. C. Ulises Moulines. Elkar.eus» www.elkar.eus (Noiz kontsultatua: 2023-04-11).
- ↑ Zallo, Ramón. (2001). «D2001-3 Euskal auzia, abertzaletasuna eta ezkerra» MRA Fundazioa (Noiz kontsultatua: 2023-04-11).
- ↑ «Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa (Beherea eta Garaia) eta Zuberoa batera izendatzeko erabil bedi Euskal Herria izena». Euskaltzaindia, 137. araua («Euskal Herria izena»).
- ↑ Aoiz, Floren. «Supremazismoaren itzal luzea -» euskalerriairratia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-04-09).
- ↑ (Gaztelaniaz) Txapartegi, Josu. (2007). «Zer gordetzen digu Artetak ez-nazionalista mozorroaren atzean?:» Jakin (Jakin) 162: 41-68. (Noiz kontsultatua: 2023-04-09).
- ↑ (Gaztelaniaz) Cebrián, Juan Luis. (2023-04-10). «Guerra y paz de las lenguas» El País (Noiz kontsultatua: 2023-04-11).
BibliografiaAldatu
- Azurmendi, J. 2007: Volksgeist-Herri Gogoa. Ilustraziotik nazismora, Donostia: Elkar. ISBN 978-84-9783-404-9
- Azurmendi, J. 2014: Historia, arraza, nazioa. Renan eta nazionalismoaren inguruko topiko batzuk, Donostia: Elkar. ISBN 978-84-9027-297-8