Indoeuropar hizkuntzak
Indoeuropar hizkuntzak hizkuntza familia bat dira, Europako zein Asia hegoaldeko ehunka hizkuntza eta dialektok osatua. Indoeuropera[1] antzinako hizkuntza hipotetiko bat da, hizkuntza familia horren ustezko sorburua, eta hasierako indoeuroparrek hitz egingo zutena. Indoeuropar hizkuntzen artean ditugu Europako hizkuntza hedatuenak, bai eta Irango lautadako nahiz Indiako hainbat hizkuntza ere, adibidez: hindia, gaztelania, ingelesa, italiera, portugesa, bengalera, errusiera, frantsesa, alemana eta punjabera. Indoeuropar familia da hiztun gehien duen hizkuntza familia, 3 mila miloi hiztun baititu. Hizkuntza familia honetan zenbait adar daude, eta horien artean hiztun gehien dituena indoirandarra da.
Indoeuropar hizkuntzak | |
---|---|
![]() Indoeuropar hizkuntzen hiztun gehiengoa duten herrialdeak
Estatus ofiziala duen indoeuropar hizkuntzen hiztun gutxiengoa duten herrialdeak Indoeuropar hizkuntz ofizialik ez duten herrialdeak, baina gutxiengo batek indoeuropar hizkuntzaren bat hitz egiten duena | |
Datu orokorrak | |
Hiztunak | - |
Rankinga | - |
Eskualdea | - |
Hizkuntza sailkapena | |
giza hizkuntza | |
Informazio filologikoa | |
Hizkuntza-tipologia | hizkuntza fusionatzailea |
Aurrekaria | aitzinindoeuropera |
Hizkuntza kodeak | |
ISO 639-2 | ine |
Glottolog | indo1319 |
Linguist List | ieur |
IETF | ine |
Familiaren identifikazioa aldatu
Sir William Jones filologoak proposatu zuen lehen aldiz indoeuropar hizkuntza familia honen inguruko hipotesia. XVIII. mendearen bigarren erdian, ikusi zuen antzekotasunak zeudela orduan zaharrenak zirela uste zen lau hizkuntzen artean, hots, latinaren, grekoaren, persieraren eta sanskritoaren artean.
Antzinako hizkuntza hipotetikoari indoeuropera deritzo. Hori bide da indoeuropar familia osoaren ama hizkuntza. Indoeuroperaren ustezko alderdi fonetiko eta gramatikalak berreraiki dira. Hortaz, indoeuropera berreraikitako hizkuntza hipotetiko bat da, K.a. 3000. urtean datatua; izan ere, K.a. 2000. urtean badira ezaugarri ezberdinak, indoeuroperatik jaiotako hizkuntzen artean.
Sailkapena aldatu
Indoeuropar hizkuntzen familia hainbat adarretan bereizten da. Hizkuntza horietako batzuk jada hil egin dira eta beste batzuk, berriz, gaur egun bizirik daude. Hona hemen sailkapena:
- Anatoliar hizkuntzak: hizkuntza hauen lehen aztarna idatziak K.a. XVIII. mendekoak dira. Hizkuntza horiek hilik daude, eta hititera zen horietako bat.
- Indo-irandar hizkuntzak, protoindoirandar hizkuntzatik eratorriak:
- Indo-ariar hizkuntzak: indo-ariar hizkuntzen aztarnarik zaharrenak sanskritoz idatzitakoak dira (K.a. 1.500. urtekoak).
- Iraniar hizkuntzak: persiera, kurduera, avestera (K.a. 1000. urte ingurukoa), antzinako persiera eta pehleviera.
- Dardiar hizkuntzak.
- Nuristaniar hizkuntzak.
- Greziera: lehen erregistro bakanak Mizenasko hizkuntzakoak dira, K.a. XIV. mendekoak. Bestalde, Homeroren lehen idatziak K.a. VIII. mendekoak dira.
- Hizkuntza italikoak: osko-unbriar hizkuntzak, faliskera eta baita latina eta haren ondorengoak ere (hizkuntza erromantzeak). Lehen aztarnak K.a. VII. mendekoak dira.
- Hizkuntza zeltak: Galiako zeltako lehen inskripzioak K.a. VI. mendekoak dira. Horretaz gainera, Irlandera zaharreko testu zaharrenak K. o. VI. mendekoak dira.
- Germaniar hizkuntzak: aurreneko aztarnak K. o. II. mendean errunetan idatzitako inskripzioak dira, eta lehen testu koherenteak gotikoz idatzitakoak dira, K. o. IV. mendekoak, hain zuzen.
- Armeniera: V. mendekoa.
- Tokariar hizkuntzak: tokariarren hizkuntza hilak, bi dialektotan banatuta daude eta VI. mendetik VIII. mendera artean hitz egin ziren.
- Balto-eslaviar hizkuntzak:
- Eslaviar hizkuntzak: lehen aztarnak IX. mendekoak dira eta hizkuntza horietako lehen testuak Antzinako Elizako Eslavonikoan aurkitu ziren.
- Hizkuntza baltikoak: lehen aztarnak XIV. mendekoak dira. Protoindoeuropear hizkuntzen ezaugarri zahar asko dituzte.
- Albaniera: lehen aztarnak XV. mendekoak dira.
Erreferentziak aldatu
- ↑ 47. araua - Hizkuntza hilak eta klasikoak. Euskaltzaindia (Noiz kontsultatua: 2010-12-23).