Llywelyn ap Gruffudd (1223 inguru – 1282ko abenduaren 11), Llywelyn ap Gruffydd ere idatzia, Llywelyn Azkena ere deitua (galesez: Llywelyn Ein Llyw Olaf, "Llywelyn, gure azken buruzagia") Galeseko printzea izan zen (latinez, Princeps Wallie; galesez, Tywysog Cymru) 1258tik Cilmerin 1282an hil arte.

Llywelyn ap Gruffudd


Gwyneddeko Erresuma

1247 - 1282
Bizitza
Jaiotza1220 (egutegi gregorianoa)
Herrialdea Gales
HeriotzaBuilth Wells1282ko abenduaren 11 (egutegi gregorianoa) (61/62 urte)
Familia
AitaGruffydd ap Llywelyn Fawr
AmaSenana ferch Caradog
Ezkontidea(k)Elinor Monfortekoa  (1278 (egutegi gregorianoa) -
Seme-alabak
Haurrideak
LeinuaAberffrawko Etxea
Jarduerak
Jarduerakmonarka

Gwynedden zuen sorterria eta hasierako domeinua. Gruffudd ap Llywelyn Fawr-en semea zen, Llywelyn Handiaren biloba, eta Galesko azken printze subiranoa, Eduardo I.a Ingalaterrakoak Gales konkistatu arte (1282). Llywelyn izan zen Ingalaterrak aitortutako Galesko printze bakarra herrialdea okupatua izan baino lehen.[1]

Genealogia eta gaztaroa

aldatu

Llywelyn Gruffudd ap Llywelyn Fawrren bigarren semea zen eta hura, aldi berean, Llywelyn Handiaren eta Senana ferch Caradogen seme zaharrena, Caradoc ap Thomas ap Rhodriren, Ynys Môngo (Angleseyko) jaunaren alaba. Zuzenak badira, iturri horiek adierazten bide dute Llywelynen aita 1220 aldera ezkondu zela Senanarekin.

Garai hartako iturriek, ordea, Senana jotzen dute Llywelynen amatzat. Llywelynen anaia zaharrena Owain Goch ap Gruffudd zen eta, gainera, bi seme gazteago zituen: Dafydd ap Gruffudd eta Rhodri ap Gruffudd. Llywelyn, ustez, 1222 edo 1223 aldera jaio zen. 1244 aldera, lurjabea zen dagoeneko Dyffryn Clwyden.

Aitona 1240an hil zenean, Llywelynen osabak, Dafydd ap Llywelynek (Llywelyn handiaren zilegizko seme zaharrenak) hartu zion errelebua Gwyneddeko agintari gisa. Llywelynen aita, Gruffudd (Llywelynen seme zaharrena, baina sasikoa), eta bere anaia Owain preso sartu zituen Dafyddek eta, gero, Henrike III.a Ingalaterrakoaren giltzapean jarri zituen. Gruffudd 1244an hil zen Londresko dorrearen goreneko ziegatik ihes egiten saiatzean leihotik behera erorita.

Horrek aske utzi zuen Dafydd ap Llywelyn, Henrike erregeak ezin baitzuen Gruffudd erabili haren kontra, eta gerra piztu zen 1245ean ingeles erregearen eta Dafydden artean. Bitartean, Henrike III.ak Owain aske utzi zuen haren aitaren heriotzan, Gwynedden gerra zibil bat hasiko zuelako esperantzaz; aldiz, Chesterren geratu zen eta, Dafydd 1246ko otsailean oinordekorik gabe hil zenean, Llywelyn abantaila osoz zegoen posizio nabarmenean.


Gwyneddeko jauna

aldatu

1247an, Ingalaterrako Henry III.a erregearen espedizio baten ondorioz, Woodstockeko Hitzarmena sinatu zen errege ingeles horrekin. Llywelynek Owain ap Gruffudd anaiarekin partekatu behar izan zuen Gwyneddeko bere leinuaren boterea.[2] 1255eko udan, baina, 30 urte eskas zituela, bere anaiari gailendu zitzaion (espetxeratu zuen), eta Gwyneddeko jaun altxa zen.[2]

Conwy ibaiaz bestaldean, ingelesek okupatutako lurraldea zegoen: Yr Perfeddwlad (Four Cantrefs). Bertan, harrotuta zebilen giroa, eskualde horretako jauntxoaren kontrako aztoramendua. Egoera probestuz, Llywelynek ibaia gurutzatu eta lurraldean barrena eskualde ia osoa hartu zuen egun gutxi batzuetan. Henry III.a erregeak diplomazia probatu zuen gutun bat bidaliz, baina Eduardo semeak hura 'birrintzea' zerabilen asmotan; negu gogorrak eta diru arazoek, ordea, bertan behera utzi zuten haren asmoa.

Galeseko nagusi

aldatu
 
Gwynedden zatiketarako 1247ko ebazpena      Owainek eskuratutako eskualdeak      Llywelynek eskuratutako eskualdeak      Adinez nagusi bilakatzean Daffydd anaiari Owainek emandako commota[oh 1]      Ingel. Errege Okupazioa (Perfeddwlad)
 
Llywelynen hedakuntza Gales gehienera, Montgomeryko Hitzarmenaren ondoren (1267)      Gwynedd, Llywelyn ap Gruffudden printzerria      Llywelynek mendean hartutako lurraldeak      Llywelynen basailuen lurraldeak      Marketako jaunen jaurerriak      Ingalaterrako erregearen jaurerriak

Gwyneddetik Galesera, nagusitzen

aldatu

1256rako, Ingalaterrako Eduardo errege gazteak bere manera zakarrak erakutsi zizkien galesei, eta Gwynedden, bertako seme batenera jo zuten galesek babes bila: Llywelyn, dinamikoa eta buruzagi senekoa. Llywelynen arrakastak lagun gales berriak erakarri zizkion. Ingelesek desjabetutako beste jaunek Gwyneddeko jaunaren indar oso izan zuten lagun eta, haren bitartez, beren lurraldeak berreskuratu zituzten.

1256ko abendu eta 1257 hasieran, Llywelyn Powys eta Deheubarth beste bi erresuma (printzerri) gales zaharretan barneratu zen. Powys Fadogeko jaunen atxikimendua lortu zuen, Powys Wenwynwyn kontrolpean hartu zuen, baita segurtatu ere Deheubartheko agintea leial zitzaizkionen eskuetan zegoela. Pura Walliako buruzagi ez ezik, bertako jaun bihurtu zen.[3] Ordurako, bere arrakasta hain handia zen, non Gales hegoaldeko kostaldeko marketako jaunei ere erasoka hasi zitzaien. Galesak denak ziren harekin,[4] salbu eta Gruffydd ap Gwenwynwyn, 1263an men egin ziona.[2]

Eduardo I.ak gotorleku bat zuen hego-mendebaldean, baina Llywelynen armadak Eduardorena birrindu zuen. Henrike III.ak eta bere semeak kontraeraso prestatu zuten Chesterretik, baina hilabete baino lehen Westminsterrera bueltan ziren: Gwyneddeko buruzagiak Four Cantrefs berriz berreskuratu zuen. 1258ko hasiera, azkenean, bere garaipen militarrak aitortza formal bihurtzen eman zuen, beste jaun galesen aitortza onartzen. Ordutik aurrera, bere burua Eryriko (Snowdoniako) jaun izatetik Galesko printze titulua eskatzera pasa zen.[4]

Gales osoko garailea

aldatu

1263an, bere indarrak Marketako muineraino zuzendu zituen, eta Brecon, Abergavenny eta Glamorgan (edo Sir Forgannwg galesez) garaiko galesek abegitsu hartu zuten.[3] Bere ekimen militarra bat etorri zen une bereko Ingalaterrako nobleen erreboltarekin, eta horrek erraztu egin zuen bere ahalegina. Urte horretan bertan, Dyserth eta Deganwy errege gaztelu gotorrak menpean hartu ondoren, bere burua Galesko printze izendatu zuen.[5] Erreboltari ingelesen buruzagiak, Simon V.a Monfortekoak, hain zuzen, bat egin zuen Llywelynekin 1264an.[3]

Henrike III.a erregeak, Eduardo I.a semea mandatari bidalita, bakea sinatu zuen Llywelynekin: Montgomeryko Hitzarmena. 1267ko iraileko hitzarmen horretan, gaztelu garrantzitsuenen eta Galesen gaineko nagusitza, eta Ingalaterrako erregeak Galesko printze titulua onartu zion, baita bere ondorengoei ere (ordu arte inoiz ez gertatua). Galeseko printzea goxoki belaunikatu zen Ingalaterrako erregearen aurrean basailu gisa,[5] eta Galesko lurraldearen hiru laurdenen gaineko nagusia zen: 200.000 herritar.[3]

Eleanor Montfortekoarekin ezkondu

aldatu

Ezkontzeko hautua eta ezina

aldatu

Bere garaipena koroatzeko, ezkontza bat besterik ez zuen behar, eta leinua iraunarazi. 1275ean, 50 urte inguru eduki arren, Llywelyn ezkongabe zegoen artean, eta ez zuen semerik, ez alabarik. Urte horretan udaberrian, ezkontzea erabaki zuen; bestela, Dafydd anaia izango zuen ondorengoa, berari traizio egindakoa. Eleanor Montfortekoa hautatu zuen andregaitzat, nor eta Ingalaterrako errege familiaren jaun arerio gogorrena izandakoaren, Simon V.a Montfortekoaren, arreba.

Elinor Monfortekoa, baina, Frantzian zebilen eta, urte horretan bertan, Galesera bidean Mantxako Kanala igarotzean, ingelesek Elinorren itsasontzia atzeman zuten (1275). Elinor Windsorren kartzelatua izan zen orain, hiru urtez.[5] Bien arteko ezkontza haren absentzian ospatu zen. Ingalaterrako koroak, baina, Llywelynen azken erronkatzat jo zuen hori, eta Eduardo gerra prestatzen hasi zen, Galeseko printzearen etsai galesak armaz hornituz.[5]

Ezkontza elkarrekin

aldatu

1277ko azaroan, gerra galduta, Llywelynek bakea hitzartu zuen Ingalaterrako Eduardorekin. Artean, hilabete batzuk pasa ziren Eduardok berak ezarritako baldintza gogorrak Llywelynek betetzen zituela egiaztatzeko, eta horren ondoren bakarrik erabaki zuen Ingalaterrako erregeak Eleanor Windsorretik askatzea.

1278ko irailean, Eduardo Rhuddlanera joan zen, eta prest zen buruzagi galesaren "borondate onaren" ordainetan, justizia eskaintzeko, tartean zela Eleanorren askapena eta bien aurrez aurreko ezkontza ospakizuna egitea, erregearen eskuzabaltasunaren erakusgarri. Llywelynen eta Eleanorren arteko eztei ospakizuna Eduardoren hegalpean antolatu zen, non eta Worcester Ingalaterran, haren presentzian, katedral ingeles batean eta urriaren 13an, Eduardo Aitorlearen Egunean.[oh 2] Are, Eduardok pagatu zuen ezteia.[6][oh 3]

Galesen konkista gerrak

aldatu

Galesen lehenengo konkista gerra

aldatu

1267tik aurrera, Llywelynen indarra Galesko hego-ekialdera bideratu zen, tentsiogune Ingalaterrarekin.[7] Llywelynek ez zuen gerrarik nahi, baina Ingalaterrako koroak batasun eta indar berria hartu zituen. Galeseko printzeak hitz eman zion Eduardo I.ari helaraziko ziola Montgomeryko Hitzarmenaren arabera zor zion diruaren zati bat (11.000 marko), baina baita eskatu ere Elinor askatzeko, eta ez zuen berretsi Ingalaterrako erregearekiko basailutza. 1276an, Eduardok matxino izendatu zuen Llywelyn, eta Britainian 1066. urtetik inon ikusitako armada handiena bildu zuen haren kontra.[8] Gales printzearentzat gauzak gaiztotuz, 1277ko otsailean, Canterburyko artzapezpikuak buruzagi galesa eskumikatu zuen. Llywelynek, orduan, Eduardoren zerbitzuko izaten jarraitzeko prestasuna agertu zuen gutun batean; alferrik, ordea.

Gerra muga guztian zehar hasi zen, baina erdialdeko markan ziren guduak gogorren. Eduardo I.ak erresuma osoko gerra hornigaiak eta tropak ekarri zituen, arkulari osteak Gaskoiniatik errekrutatu, itsasontziak alokatu, bideak zein gotorlekuak sendotu eta zaldizkoen kopuru handiak elkartu. Llywelynek Dolforwynen zuen bere gaztelu galant berria, baina martxorako ingelesek kontrolpean zuten. Powys oso goiz okupatu zuten, eta gero Galeseko Marka. Abuzturako, erdialde eta hegoaldeko jaun galesek bizkarra eman zioten Llywelyni. Marc Morrisek haien gaineko aginte hertsatzailea jotzen du horren arrazoitzat.[9]

Artean, baina, Llywelyn Gales iparraldeko Gwyneddeko bere erresumaren jabe zen, Eryrin (Snowdonian) oinarritua, baina Daffydd eta Owain anaiak zituen kontra, uste baitzuten Ingalaterrako erregearekin elkartuz gero eskualde zabalen jabetza eskuratu eta berreskuratuko zutela. Abuztuaren erdialdetik, Chester hiribildutik Eduardo I.ak bere gerra makineria guztia mugitu zuen mendebalderantz. Bere tropak 15.000ra heltzen ziren, toki askotatik etorriak. Eduardoren hurrengo pausoa Ynys Môn (Anglesey) uharte garrantzitsua menderatzea izan zen; era horretan, Llywelyn setiatuta utziko zuten eta, garrantzitsuago, haren erresumako zerealen biltegi eta nekazaritza lur handiena eskuratuko zuten,[8] soldaduen elikadura bermatuz. Irailaren 11rako, defendatzeko eta bere gudarostea elikatzeko modurik gabe, printze galesak amore eman zuen.[9]

Bake hitzarmena

aldatu

Gerraren galera jipoi handia izan zen. Galeseko nagusitza ia osoa galdu zuen. Susmopean geratu bazen ere, Llywelynek Gwynedd gehienaren kontrolari eutsiko zion Aberconwyko Itunaren arabera, Conwy ibaitik mendebaldera,[8] baina Eduardok menpekotza seinale argiak exijitu zituen, eta errege haren mandatariek, Galesen finkatu berriek, hilero egiaztatu zuten hitzartutakoa zorrozki betetzen zuela. 50.000 markoko isuna ezarri zitzaion galesari, gerraren kalte-ordainetan, baita 1000 marko (666 libera) urtero Ynys Môn bere eskuetan mantentzearen trukean. Handik gutxira, baina, Eduardok barkatu egin zizkion.[9] Errege ingelesak, bestalde, hegoaldean zituen gazteluez gain, gotorlekuak eraiki zituen Aberystwyth, Builth, Flint and Rhuddlan herrietan.[8]

Galesko printze tituluari eutsi arren, bere esanahi osoa galdu zuen, irreala baitzen.[8] Are, isunak barkatzearekin batera, Eduardok azken menpekotza ospakizun bat prestatu zion Llywelyni. Azaroaren 20an, Llywelyn Eduardorekin batera bidaiatu zuen Westminsterrera eta, zaldun ingelesez betetako ekitaldi itzaltsu batean, Llywelynek bere burua makurtu zuen, eta Eduardok eskuen artean haren burua hartuz menpeko egin zuen, 1277ko Eguberri Egunean.[9] Eduardoren iritziz, baina, hori ez zen nahikoa: buruzagi galesak, gainera, leialtasun ekitaldi batean parte hartu behar zuen urtero, eta menpekotzaren bermetan 10 gatibu eman behar zizkion errege ingelesari.

Bigarren konkista gerra

aldatu

Llywelynen posizioa estua eta behartua zen. Buruzagi galesaren eta aurkari gales mugakide baten arteko liskarra piztu zen Arwystli lur zerrenda bereganatzeko. Auzia, Llywelynen arabera, gales legearen arabera ebaztekoa zen; Eduardok, berriz, ingeles legearen arabera erabaki behar zela. Llywelyn ez zen entzuna izan, eta lau urtean, auziak ez zuen aurrerabiderik izan; Llywelynen pazientzia amaitzen ari zen, baina baita Eduardorena ere, Ingalaterrako Koroaren agintea auzitan jartzen ari zelakoan.[10] Errege ingelesak funtzionario gogorragoak jarri zituen. Azkenean, baina, Daffydd ap Gruffudd anaia gaztea eta beste gales batzuk bihurtu ziren Eduardoren aginte eta funtzionarioen kontra.[10]


Llywelynen bizialdi eta heriotzako toki batzuk


 
Cardiffeko Udaletxeko Llywelynen irudikapena

Errebolta Gales iparralde eta hegoaldera zabaldu zen, baina Llywelyn ez zegoen haien artean. 1282an, Llywelyn kinka batean zegoen: Eleanor ume baten esperantzan zen, eta hura Gwynedd independente bateko oinordeko izan zitekeen. Eleanor, baina, hil egin zen umea ekartzean, eta umea neska jaio zen, eta gizonezko oinordeko baten itxaropena galdu. Bestalde, erreboltariak Eryrin bilatu zuten aterpea, Llywelynen eskualde menditsuan.[11] Eduardok errendizioa exijitu zion gutunez gales buruzagiari; Llywelynek ingeles gehiegikeriak eta krimenak gogora ekartzen zituen gutun batez erantzun zuen. Azken errendizio eskaintza sekretu batean, Ingalaterran jaurerri bat eskaini zitzaion amore ematearen truke. Une horretan, Llywelynek Bangorretik gertu zuen egoitza, Garth Celynen, ingeles tropetatik gertu.[11]

Ynys Môndik gudaroste ingeles bat atera zen Luke de Tanyren gidaritzapean gales printzea atzematera, era horretan gerra ziztu batean amaituko zutelakoan. Aldiz, mendietatik gales gerlariak trumilka jaitsi ziren, eta Eduardoren erregealdiko porrot handiena eragin, itzal handiko jaun eta gerlariak ere tartean hilik gertatuz, batzuk uretan itota. Ondorioa aurrez aurreko gerra irekitzea izan zen, eta Llywelynen erantzun gutun gordin bat, printzipioen adierazpen moldekoa. Eduardok erresumako noble guztiak deitu zituen biltzar batera gerra eraso handi baterako prestatzeko, Northamptonen eta Yorken 1283ko urtarrilean egitekoa. Llywelynek eta gales erreboltariek, berriz, goiz erreakzionatu zuten, eta erasoak abiatu zituzten 1282ko azaro erdialdean.[11]

Heriotza

aldatu
 
Llywelynen omenezko monumentua Cilmerin.
 
Oroitarria Cwmhir abadian.

Guduan hila

aldatu

Roger de Mortimer Eduardo erregearen ordezkari eta jaun leial boteretsua azaroaren 26an hil zen Gales erdialdean. Ahuldade une hori aprobetxatuz, Llywelyn Builthera abiatu zen erasora (Powys), Cilmeri deitutako tokira. Abenduaren 11n heldu zen bertara, baina indar ingeles kementsu bat zuen zain. Bi gudarosteek talka egin zuten bataila handian. Builth mendebaldean maldan gora zegoela, dirudienez, Llywelyn bereizia izan zen bere gizonengandik eta, bertan, hil egin zuten.

Gudaroste ingelesak gudua irabazi zuen. Hipotesi nagusia da Mortimerren semeek eta beharbada haren gizon batzuek jarritako tranpa bat izan zela. Nolanahi ere, hil ondoren identifikatu zuten haren gorpua.[12] Roger Lestrange indar ingelesen kapitainak guduaren emaitzaren berri bidali zion Eduardori, gutunarekin batera Llywelynen moztutako burua bidaliz, froga gisa. Erregeak burua Ynys Mônera bidalarazi zuen, bere tropen pozgarri izan zedin. Gero, Londresera bidali zuten, eta burua lantza baten gainean paseatu zuten hiriko kaleetan zehar, tronpeta eta adar hotsen artean.

Gorpuaren patua

aldatu

Bukatzeko, burua metalezko lantza baten muturrean iltzatu zuten iraunkorki Londresko Dorrean, trufa egiteko buruaren bueltan huntz adaxka bat jarriz. Ingelesak erabat harrotu ziren garaipen horrekin, ingelesak destino zentzu batez hornituta zeudelakoan.[12] 1283ko urrian, haren buruaren ondoan, Daffydd ap Gruffudd anaiarena jarri zuten, Galesen konkista amaitutakoan.

Sinbolismoz betetako konkista amaieran, Eduardo ingeles erregeak, Llywelyn, Eleanor Montforteko eta Daffyden zilarrezko zigilu tanpoiak urtarazi zituen, eta haiekin zilarrezko kaliza bat egin zuen, eta Cheshireko Vale Royal komentu berriko fraideei oparitzat eman, garaikur gisa.[12] 1285eko maiatzeko Londreseko parlamentua deitzean, Llywelyn eta Daffydden buru ustelduek toki berean jarraitzen zuten artean.[13]

Marc Morris historialariaren iritziz, esaera zahar bati Eduardok egindako desafioa eta trufa izan zen; esaerak zioen Londresen gales batek aginduko zuela egun batean. Izan ere, azken batailaren ondoren, Caernarfon hiribildu gales sinbolikoan, Llywelynen jabetzako koroa bat oparitu zioten Eduardo garaileari, ustez Artur erregearena. Bada, koroa hori, errementariak moldatu ondoren, Ingalaterrara bidali zioten 1284ko udaberrian Alfonsori, Eduardo erregearen seme zahar eta oinordekoari, eta oinordekoak Westminster abadian aurkeztu zuen Eduardo Aitorlearen santutegian.[12]

Llywelynen gorpuzkien azken gordelekua ez da ezagutzen seguru; hala ere, kondairaren arabera, Cwm Hirko abadia zistertarrean lurperatua izan zen. 1282ko abenduaren 28an, Peckham artzapezpikuak gutun bat idatzi zion Brecongo artxidiakonoari, asmo hauxe zuela:


« ...galdetu eta argitu Llywelynen gorpua Cwm Hir elizan hilobiratu duten, eta hark baietz argitu zuen Epifania baino lehen, hari bestelako agindu bat eman bazitzaion ere auzi honen gainean, eta hori Artzapezpikuari ziurtatu behar zion Eguberri aurretik, eta berak ez du hori egin.[14] »


Hipotesi horren aldeko froga gehiago daude Florence Worcesterkoaren kronikan:


« Printzearen gorpuari dagokionez, haren gorputz moztua, Cwm Hirko abadian lurperatu zuten, Zistertar Ordenakoa.[14] »


Beste teoria baten arabera, berriz, haren gorpu zatia Cardiffeko Llanrumney Hallera eraman zuten.[15]

Oharrak

aldatu
  1. Cwmwd (CY) edo commote (EN) Galesko Erdi Aroko lurralde barruti sekular bat zen.
  2. Eduardo Aitorlea Ingalaterrako Koroaren patroi zaindaria zen.
  3. Eleanor, etsaigoak etsaigo, Eduardoren lehengusina zen.

Erreferentziak

aldatu
  1. (Ingelesez) «Llywelyn Ap Gruffudd | prince of Wales» Encyclopedia Britannica (Noiz kontsultatua: 2021-01-02).
  2. a b c «LLYWELYN ap GRUFFYDD (' Llywelyn the Last,' or Llywelyn II), Prince of Wales (died 1282) | Dictionary of Welsh Biography» biography.wales (Noiz kontsultatua: 2021-01-02).
  3. a b c d «BBC Wales - History - Themes - Llywelyn ap Gruffydd - The rise to power» www.bbc.co.uk (Noiz kontsultatua: 2020-08-21).
  4. a b Morris, M. 2009, 31-35.
  5. a b c d Morris, M. 2009, 141-142. or.
  6. Morris, M. 2009, 161-163. or.
  7. (Ingelesez) «LLYWELYN ap GRUFFYDD ('Llywelyn the Last,' or Llywelyn II), Prince of Wales (died 1282)» Dictionary of Welsh Biography (Galesko Liburutegi Nazionala).
  8. a b c d e «BBC Wales - History - Themes - Llywelyn ap Gruffydd - An unsettled reign» www.bbc.co.uk (Noiz kontsultatua: 2020-08-22).
  9. a b c d Morris, M. 2009, 157-158. or.
  10. a b Morris, M. 2009, 174-177. or.
  11. a b c Morris, M. 2009, 178-184. or.
  12. a b c d Morris, M. 2009, 185-193. or.
  13. Morris, M. 2009, 200. or.
  14. a b .
  15. «WalesOnline: News, sport, weather and events from across Wales» www.walesonline.co.uk (Noiz kontsultatua: 2021-08-06).

Bibliografia

aldatu

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu