Glaziazio
Izotz Aro edo Glaziazio bat iraupen luzeko epe bat da, non Lurreko klimaren tenperatura globalaren jaitsiera ematen den. Halaber, glaziarrek eta izotzek Lurreko eremu zabalak hartzen duten garaia da glaziazioa. Hortaz, izotz kontinentalen, glaziarren eta izotz polarren hedapena izaten da glaziazioan.

Definizioa Aldatu
Glaziologiaren arabera, glaziazioa Hego eta Ipar hemisferioetan izotz polarren agerpena ematen denean erabili behar da, beraz definizio honen arabera gaur egun glaziazio batean egongo ginateke (Antartika eta Groenlandian izotz polarrak daudelako: gaur egun, Hegoburuko Antartika, Iparburuko Groenlandia, eta Norvegiako Spitzberg uharteak izozpean daude). Elkarrizketa-hizkuntzan, azken milioi bat urteetaz hitz egitean, glaziazio hitza Eurasian eta Ipar Amerikan izotz polarren agerpena ematen deneko epe hotzagoko garaietaz hitz egiten da. Definizio honen arabera azken glaziazioa orain dela 10.000 urte gertatu zen.
Glaziazioa emateko arrazoiak Aldatu
Glaziazioa gertatzeko tenperaturak baxu iraun behar du denbora luzean; hotzaldi iraunkor horien eragileak zein izan diren argitu nahirik ezagutzera eman diren teorien artean, hauek dira nagusiak:
- Lurraren orbitaren eszentrikotasuna aldian behin aldatu egin ohi da, eta horren ondorioz aldatzen da Lurrak jasotzen duen beroaren batez bestekoa ere.
- Lur ardatzaren eta ekliptikaren planoaren arteko angelua aldatzean, Iparburuaren, Hegoburuaren eta Tropikoen kokaera ere aldatu egiten da, eta baita klimaren muga ere.
- Eguratseko karbono anhidridoaren neurrian gorabeherak izatean, Lurra hoztu edo berotu egin ohi da.
- Zenbait geologoren ustez orogenia mugimenduek zerikusi handia izan dute glaziazioekin, orogenesi gehienen ostean glaziazioak izan baitira; izanez ere, mendikate bat eratzeko lurrazalak gora egiten duenean hodei kopurua handitu egiten da, euri gehiago egiten du eta hori dela eta, batez besteko tenperatura jaisten da.
Hiru glaziazio nagusiak Aldatu
Geologia aldietan zehar hiru glaziazio nagusi izan dira: Kanbriarrean (orain dela 500-600 bat milioi urte) lehena, Karboniferoaren eta Permiarraren artean (orain dela 280 milioi urte) bigarrena, Hego hemisferioan batez ere, eta orain dela 2 milioi urte hasi zen Laugarren Aroko Pleistozeno aldian, azkena. Europako Laugarren Aroko glaziazioei tokian tokiko izena eman zaie. Alpeetan bi aldi nagusi bereizten dira: lehenean hiru glaziazio izan ziren (Donau edo Danubio, orain dela 1.500.000 urte inguru; Günz, 1.000.000 urte; eta Mindel, 700.000 urte izenez ezagunak), eta bi glaziazio bitarte (Riss, eta Würm, orain dela 200.000 eta 50.000 urte hurrenez hurren); glaziazio horien artean klima beroagoko aldiak izan ziren, luze-laburrera desberdinekoak. Europako iparraldeko glaziazioak Elster (Alpeetako Mindel glaziazioaren garai berekoa), Saale (Riss-en garaikoa), Warthe eta Vistula (Würm-en garaikoa) izenez ezagutzen dira. Ipar Ameriketako glaziazioak Alpeetako Günz, Mindel, Riss eta Würm glaziazioen garai berekoak dira, eta Nebraska, Kansas, Illinois eta Wisconsin izenez ezagutzen dira.
Glaziazioek eragindako aldaketak Aldatu
Glaziazioetan zenbait aldaketa izaten da lurrazalean:
- Ura izoztu eta bildu egiten denez, itsas mailak behera egiten du (Pleistozenoan, adibidez, gaur egungoa baino 100 m beherago zegoen), eta izotzaldien arteko denboran, gora berriz;
- Arrazoi beragatik ibaiak desagertzen dira, eta beste berri batzuk sortzen;
- Animaliak eta landareak lurralde hotzetatik lurralde epeletara joan ohi dira.
Erreferentziak Aldatu
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.