Anglo-saxoi

Anglosaxoi» orritik birbideratua)

Anglo-saxoiak[1] talde etnokultural bat izan ziren, Goi Erdi Aroan Britainia Handiaren hegoaldean eta ekialdean bizi izan zirenak. Antzinako ingelesaz hitz egiten zuten, eta V. mendetik aitzina uhartera iritsitako germaniar kolonoen ondorengoak ziren.[2][3]

Sutton Hooko kaskoaren erreplika, 625. urtea.

Historia

aldatu
 
Germaniar herrien migrazioak Britainia Handira.

Gildas eta Beda elizgizon kristauek idatzi zituzten anglo-saxoien migrazioari buruzko lehenbiziko kontakizunak. Gildas britainiarra zen, eta 500 aldean ondu zuen bere kronika, ziurrenik Britainia Handiko hego-mendebaldean. Kontakizun horren arabera, erromatar armada Britainia Handitik irten ondoren, inbaditzaile odolzaleak iritsi ziren, uharteko biztanleak hil edo erbestera eraman zituztenak.[3]

Berrehun urte geroago, Bedak, Jarrowko monasterioko monje anglo-saxoiak, The Ecclesiastical History of the English People idatzi zuen, 731n amaitu zuena. Data zehatza eman zuen anglosaxoien lehenbiziko etorrerarako, 449. urtea, eta hiru tribu zirela idatzi zuen: jutoak (Jutlandiakoak), angloak (ipar Alemaniako Angeln penintsulakoak) eta saxoiak (egungo Saxonia Beherekoak).[3]

Hasieran, Britaniako biztanleek ez zuten erresistentzia sendorik agertu, baina 500. urte inguruan gogor egin zieten aurre inbaditzaileei. Elezaharraren arabera, Artur erregea zuten buruzagia, baina ez dago haren existentziaren frogarik. Gildasek, berriz, Ambrosius Aurelianus aipatzen du, erromatar-britainiarren buruzagi kristaua, hamabi gudu irabazi zituena anglo-saxoien aurka. Britainia Handiko zeltek ere etsai eta atzerritartzat hartu zituzten: sassenachs izena eman zieten eskoziarrek eta saesneg galesek.[4]

Tribu anglo-saxoiak Britainia Handiko hegoaldeko eta ekialdeko eskualde desberdinetan kokatu ziren. Zenbait erresuma eratu zituzten, muga aldakorrekin, etengabe elkarren aurka gerran zeudenak. 650ean zazpi erresuma zeuden:[4]

  • Kent. Jutoek sortua. Ethelbert Kentekoa izan zen kristautasunera bihurtu zen lehenbiziko errege anglo-saxoia, 595 aldean.
  • Mercia. Offak eratu zuen Galesen eta Ingalaterraren arteko mugan.
  • Northumbria.
  • East Anglia. Angloek sortua.
  • Essex (Ekialdeko sasoiak).
  • Sussex (Hegoaldeko saxoiak).
  • Wessex (Mendebaldeko saxoiak).

850ean, hiru erresuma handitan bildu ziren: Northumbria, Mercia eta Wessex.[4]

Erreferentziak

aldatu
  1. anglo-saxoi. Euskaltzaindiaren Hiztegia, euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2024-12-19).
  2. Curry, Andrew. Migration, not conquest, drove Anglo-Saxon takeover of England. science.org (Noiz kontsultatua: 2024-12-18).
  3. a b c Hills, Catherine. The Anglo-Saxon invasion and the beginnings of the 'English'. ourmigrationstory.org.uk (Noiz kontsultatua: 2024-12-18).
  4. a b c Anglo-Saxons: a brief history. history.org.uk (Noiz kontsultatua: 2024-12-18).

Kanpo estekak

aldatu