Euskal Herria erromatarren garaian

Euskal Herria erromatarren garaian hiru bi probintziatan banatuta egon zen urte gehienetan. Egungo Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiaren parte handiena, Conventus Cluniensis-aren barruan egon ziren eta Pirinioez hegoalderako egungo Nafarroa Conventus Cesaraugustanoan. Bi conventus horiek Tarraconensis probintziaren barruan zeuden. Egungo Ipar Euskal Herria, Akitania probintzian sartu zuren. Hasierako "Akitania" izen zen lurraldea, Garona ibairaino iristen zen gutxi gora behera, baina Akitania probintzia sortu zenean, Loira ibaian jarri zen muga, eta beraz, etnikoki galiarrak eta akitaniarrak zirenak nahastu ziren administratiboki. II. mende amaieratik aurrera, bertako biztanleek hala eskatuta, Akitaniatik berezitu ziren Novenpopulanian probintzia sortuz

Dioklezainoren lurralde administrazioaren aldaketen ostean, Euskal Herri kontinentala Hispania diozesian geratu zen eta Euskal Herri kontinentala Dioecesis Viennensis diozesian, Zazpi probintziak (Septem Provinciae) ere izendatua. Konstantinoren garaian, hainbat diozesi batzen zituzten prefekturak sortu zirenean, aurreko biak, Galien prefekturaren barruan geratu ziren.

Hainbat hiri sortu zituzten erromatarrek, gehien bat aurretik zeuden herrixkak birsortuz, edo herrietako biztanlean toki berri batera lekualdatuz, Pompaelo (Iruñea), Lapurdum (Baiona), Veleia (Iruña-Veleia) eta Oiasso (Irun).

Euskal tribuak

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Euskal tribuak»
 
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Erromatarrak euskal lurretara nola heldu ziren azaltzen duen bideoa.
 
Antzinako herrien banaketa mapa.

Antzinako Erroma gaur egungo Euskal Herrira iritsi zenean, hainbat ziren eremu horretan bizi ziren herriak[1][2]: baskoiak gutxi gorabehera gaur egungo Nafarroan bizi ziren; barduliarrak Gipuzkoako eremuan, Deba ibaiaren ekialdean; karistiarrak Deba ibaitik Nerbioi ibairaino; gaur egungo Bizkaiko mendebaldean autrigoiak bizi ziren[3]; Araba eta Nafarroako hegoaldean, eta Ebro ibaiaren hegoaldean beroiak bizi ziren; azkenik, akitaniarrak Ipar Euskal Herrian eta iparralderago bizi ziren. Tentagarria izan badaiteke ere, bereizketa horrek ez du zerikusirik euskalkiekin, askoz geroago sortu baitziren[4].

Ikerketa egiteko garaian, bereizi behar dira hizkuntzak eta hiztunak, baita hiztunen jatorri historikoa eta gaur egungo hiztunena ere. Egile batzuen arabera, leinu horiek guztiak euskaldunak ziren, toponimiak eta onomastikak adierazten duten bezala[5]. Beste ikerketa batzuen arabera, egoera korapilotsuagoa zen: beroiak zeltak ziren, baina ez zeltiberiarrak[6]. Ikerketa batzuen arabera, autrigoiak ere zeltak zirela uste da, haien hiri batzuen -briga amaiera dela eta[7][8], adibidez Deobriga[3]. Karistiarren hiri nagusiak Iruña-Veleia, Suessatio eta Tullica ziren; azken honen eta beste 55 toponimoren etimologia indoeuroparra da, baina ez zelta. Hainbat ibairen izenek ere etimologia bera dute[9]. Barduliarrak zer ziren eztabaidan dago: kantauriar, zelta, zeltiberiar[10] edo baskoien[11] ahaide ziren ez dago argi, baina euren toponimoen izenak indoeuroparrak ziren[3][12], eta Julio Caro Barojaren arabera izena bera ez zen euskalduna[13]. Azken hiru leinu hauek batzen ziren lekuari Trifinium izena jarri zioten, gaur egungo Trebiñu. Bertan gutxi dira euskal jatorriko toponimoak[8]. Talde horiek zeltak baziren, edo hizkuntza zelta baten eragina izan bazuten, ez ziren gaur egungo euskal lurraldeetara K.a. 800. urtea baino lehen iritsi, Hallstatt kulturari lotuta[14][15]. Hau da, herri horien aurretik eremu horretan euskararekin harremana zuen hizkuntza bat hitz egiten zuten biztanleak izatea aukera bat da[16].

Baskoien eta akitaniarren izenetan badago euskarazko oinarria[17], baina ez guztietan: ager vasconum eskualdean, Tafallatik behera, oso urriak dira euskarazko toponimo zaharrak[8]. Akitaniarrekin harremana zuen beste euskal tribu bat iakatarrak ziren, euren hiriburua Jakan zegoen eta Osca (Huesca) eta Ilerda (Lleida) hirietaraino iritsi ziren garai ezberdinetan[18][19].

Bestalde, ez dakigu Antzinako Erromako historialariek giza talde horiek guztiak zehaztasunez deskribatu ote zituzten eta euren hirien izenak eta zuten erlazioa ondo aztertu. Garai erromatar berantiarrean autrigoien lurraldea agertzen da deskribatua, barduliarrak behin, eta karistiarrak inoiz ez gehiago. Horien guztien ordez, baskoiak agertzen dira deskribapenetan, baita Erromatar Inperioaren gainbeheraren ostean ere.[20]

Euskal identitatearen eztabaida

aldatu

Ez dakigu ziurtasunez bertan bizi ziren leinu guztiek aitzineuskara hitz egiten ote zuten. Egile batzuen arabera, leinu horiek guztiak euskaldunak ziren, toponimiak eta onomastikak adierazten duten bezala[21]. Beste ikerketa batzuen arabera, egoera korapilotsuagoa zen: beroiak zeltak ziren, baina ez zeltiberiarrak[22]. Ikerketa batzuen arabera, autrigoiak ere zeltak zirela uste da, haien hiri batzuen -briga amaiera dela eta[23][8], adibidez Deobriga[24]. Karistiarren hiri nagusiak Iruña-Veleia, Suessatio eta Tullica ziren; azken honen eta beste 55 toponimoren etimologia indoeuroparra da, baina ez zelta. Hainbat ibairen izenek ere etimologia bera dute[25]. Barduliarrak zer ziren eztabaidan dago: kantauriar, zelta, zeltiberiar[26] edo baskoien[27] ahaide ziren ez dago argi, baina euren toponimoen izenak indoeuroparrak ziren[24][28], eta Julio Caro Barojaren arabera izena bera ez zen euskalduna[29]. Azken hiru leinu hauek batzen ziren lekuari Trifinium izena jarri zioten, gaur egungo Trebiñu. Bertan gutxi dira euskal jatorriko toponimoak[8]. Talde horiek zeltak baziren, edo hizkuntza zelta baten eragina izan bazuten, ez ziren gaur egungo euskal lurraldeetara K.a. 800. urtea baino lehen iritsi, Hallstatt kulturari lotuta[30][31]. Hau da, herri horien aurretik eremu horretan euskararekin harremana zuen hizkuntza bat hitz egiten zuten biztanleak izatea aukera bat da[16]. Baskoien eta akitaniarren izenetan badago euskarazko oinarria[32], baina ez guztietan: ager vasconum eskualdean, Tafallatik behera, oso urriak dira euskarazko toponimo zaharrak[8]. Akitaniarrekin harremana zuen beste euskal tribu bat iakatarrak ziren, euren hiriburua Jakan zegoen eta Osca (Huesca) eta Ilerda (Lleida) hirietaraino iritsi ziren garai ezberdinetan[33][34].

Erromatarren konkista eta kolonizazioa

aldatu

Erromak lurraldeok beretu zitueneko prozesua Hispaniaren (Iberiar penintsula) eta Galiaren (egungo Frantzia baino gehixeago) konkista zabalaren barne ulertu behar dago.

Ebroko erdialdeko harana

aldatu

Erromako gudarosteek, Bigarren Gerra Punikoa zela eta, K.a. 218. urtean Empúriesen lehorreratu ondoren, aski goiz menderatu zituzten Behe Ebrotik Zaragozarainoko herriak. Izan ere, ez zuten erresistentzia handirik aurkitu, eta Ebroren sakonunea izan zen Hispaniako operazio militarren gune nagusia.

Haraneko herrien zatiketa aprobetxatuz, K.a. 178. urte inguruan burutu zuen Erromak erdialdeko haraneko konkista, Tiberio Sempronio Grakoren bidez. Ezkerreko ertzean zehar gehiago aurreratu ziren K.a. 218tik K.a. 195era, bertako erliebea hain malkarra ez zelako, eta bertakoen eta erromatarren arteko harremanak areagotuz eta sakonduz joan ziren. Erromatarrek Ilurcis izena zuen bertako hiriaren lekuan Alfaro hiria (Gracchuris) eraikitzerakoan, konkista aldia itxi egin zen, eta Ebroko haranean bi komunitate desberdin elkarrekin bizitzeko lehen saioa abiatu zen. Grakoren ekintzaren ondorioz, bezeriak moldatzen hasi ziren, ondoko aldian haran horretan oso garrantzitsuak izango zirenak.

 
Pompeio.

Ilurcis izeneko hiri hura, erromatarrak iritsi aurretik iberiarra zena, Grakoren ekintzaren ondoren baskoitzat hartzea arrazoizkoa dela ematen du. Izan ere, hori zen estrategiaren ikuspegitik egokiena, zeltiberiarrak erabat konkistatu ez zituztenez, komunikabide lotunea kontrolpean edukitzeko eta zeltiberiarren aurkako gotorleku gisakoa izan zedin. Hala, Sertorioren gerran, hiri horrek Pompeioren alde jokatu zuen, Sertorioren aldeko Calagurris zeltiberiarraren aurka.

Oso goizetik ekin zion Erromak Ebroko haranaren ustiakuntza sistematikoari, hiru era hauetara: gari kopuru handiak bidaltzen zituzten Erromara, jeneralek zilarra bideratzen zuten kopuru handitan Erromara, argentum oscense izen adierazkorra ematen ziotela, eta gero eta gehiago biltzen zituzten bertan soldatapeko gudariak.

Etorkin italikoak edukiz beti kolonietan, lurraldeen oinarri ekonomikoak aldatzen lagundu zuen Erromak. Ebroko Graccurris, Guadalquivirreko Italica, hegoaldeko kostaldeko Carteia hiriez gainera, estatus juridiko berezirik gabeko beste zenbait herrigune ere baziren. Haietan guztietan bilduz zihoazen etorkinek harreman estuak zituzten herri autoktonoen gizarte maila nagusiekin, gerora tokiko oligarkiak izango zirenak osatuz.

Ebroko erdialdeko haranean gertaturiko bigarren borrokaldi garrantzitsua Sertorioren gerra izan zen. Erromako nobilitas banatua zegoen bi alderdien (optimates eta populares) arteko guda zibilek, bi aldeetako erromatar asko erakarri zituzten Hispaniara, eta hispaniarrak Italiar penintsulako egoerarekin harremanetan sartzen hasi ziren. Bereziki adierazgarria da Ascolumeko gertakaria: Ponpeio Estrabonek, Zesarren etsaia izango zen Ponpeio Handiaren aitak, erromatar hiritartasuna eman zien hogeita hamar zaldun iberiarri K.a. 89. urtean. Jatorriz Ebroko erdialdeko haranekoak ziren, eta Turma Salluitana izenekoan zeuden gudari. Harrezkero, K.a. II. mendeko bezeria zaharrek bide ematen diete Pompeioren aldeko bezeria berriei.

Ebroko haranean, gudu zibil horien funtsezko aldia Sertorioren eta Ponpeioren arteko aurkakotasunari dagokio. Orduan deitu zieten erromatarrek lehen aldiz bertakoei beste erromatarren aurka joateko, ez beste talde autoktonoen aurka. Sertoriok lotura estuak zituen haraneko herriekin, bertan egona baitzen Erromatik erbesteratu zutenean. Goi mailetako erromatarren eta bertakoen haurrei irekitako eskola famatu bat sortu zuen Huescan. Ponpeiok, berriz, bere aitak hiritartasuna emana zien zaldun haien sorlekuetan bildu zituen aliatuak, eta baskoiekin aliatu zen. Baskoiak burujabeak ziren ordu arte, baketsuak eta Erromaren aurka jazarri ez zirenak. Ponpeiok Pompaelo hiria sortu zuen (K.a. 75. urtean), Sertorioren mendeko eremutik kanpo eta kokagune pribilegiatua zuena, behar izanez gero, Ponpeioren gudarosteak Akitaniatik hornitu ahal izateko. Hiri hura lehendik zegoen beste baten ondoan eraiki zen, eta bere jeneralaren izena hartu zuen, Hispanian ohi zen bezala. Ponpeiok (optimate) irabazi zuen, baina iberiar sakonuneko jendeak Sertoriori zion fideltasunak azkeneraino iraun zuen, ez bakarrik Oscan (Huesca), baina baita zeltiberiarrena zen eta erraustu zuten Calagurrisen (Calahorra) eta Tutelan (Tutera) ere, garaituak izan arte luzaro setiatu behar izan baitzituzten.

Ekintza horiek gauzatzen ziren aldi berean, italiar kolonoak kokatu bide ziren haraneko hirietan. Gertakari hau, beti ere, egiaztatzen zaila da, ez baitago erreferentzia zuzenik, salbu eta Graccuris eta Pompaelori dagokienez. Alabaina, zeharkako datu batek gertaera hori ondorioztatzeko bidea ematen du: Ilerdako (Lleida) guduan (Zesarren eta Ponpeioren artean), K.a. 49. urtean, eskualdeko 6.000 kolono beren familia eta bezeroekin etorri ziren Zesarrekin bat egiteko (Zesar, De Bello civile I., 60).

 
Julio Zesar.

Ponpeio eta bere semeen eta Zesarren arteko etsaitasuna bi taldeon bezeroengan eragin zuen. Hura izan zen gerra zibilaren azken atala. Zesar irten zen garaile. Armetan zeuden gudari eta gudari zahar ugariri bizilekua eman eta haien artean lurrak banatu beharrak fundazio sail bat ekarri zuen, Ebroko behe haranean. Zesarrek erromatar hiritartasun eskubidea eman zion Celsari (Velilla de Ebro), eta kolonia mailara igo zen K.a. 42. urtean. Dertosak (Tortosa) ere kolonia estatutu hori beretu zuen, zehaztu gabeko datan. Azkeneko fundazioa, eta garrantzitsuena, colonia inmunis Caesaraugusta (Zaragoza) izan zen K.a. 24-K.a. 23. urtean, Octavio Augustok egina, Kantabriako frontean esku hartu zuten legioekin. Hori ere antzinako hiri baten gainean (Salduie) eraiki zuten.

Iturrien datuengatik ezin dugu jakin noiz arte izan ziren independenteak baskoien eta kantauriarren (barduliar, karistiar eta autrigoien) arteko lurraldeak. Azken horiek, autrigoiak gutxienez, erromatarren mendean bide zeuden Kantabriar Gerrak hasi zirenean (K.a. 27. urtea), zeren eta Floro historialariak (II., 33, 47) gerra horiek abiatzeko ematen dituen arrazoietako bat zera da, kantauriarrek maiz bakzeo, turmodigo eta baita autrigoien lurraldeetan ere egiten zituzten erasoak.

Eskualde honetako herriek jasandako beste porrot bat ikusi nahi izan da Zesarren pasarte batean (De Bello Gallico III., 23). Bertan kontatzen denez, Zesarren erasoa jasaten zuten akitaniarrek ordezkariak bidali zituzten Hispania Citerior probintziara laguntza eske. Zesarren bigarrena zen Publio Lizinio Krasok garaitu zituen, eta "erromatarren aurka bildu ziren 50.000 akitaniar eta kantauriarretatik, laurden batek bakarrik salbatu zuen bizia".

Akitania

aldatu

Galiaren konkista Hispaniarena baino azkarragoa eta gorabehera gutxiagokoa izan zen. K.a. 125. urtean (Hispaniako bi probintziak sortu eta hirurogeita hamar urte geroago) Narbonensis probintzia sortu zuten erromatarrek hegoaldeko muturreko lurraldean. Bigarren konkista unea Julio Zesarren jarduerarekin lotua dago. K.a. 49. urtearen amaieran, Zesarrek Galian oraino burujabe zen lurraldea (Gallia Comata) beretzea erabaki zuen, bere kontakizunaren arabera (De Bello Gallico I.,1) hiru zati zituena: Aquitania, Gallia Celtica eta Belgica.

Baina ez zuen Erromak konkistatu Galia, Zesarrek berak baizik. 43 urte zituela, Zesar populares taldeko buruzagietakoa zen, eta kontsulatu gogoangarri bat amaitu berria bazuen ere, karrera militarra aski iluna zuen, batez ere bere arerio nagusiak (Pompeiok) egina zuen ibilbide ospetsuarekin alderaturik. Hala, beraz, aginpide militarraren premia zuen iritzi publikoaren aurrean sendo agertu, finantza baliabide autonomoak lortu eta bere konfiantzazko indar armatua eratzeko. Galiaren konkista, hartara, Erromako barne politikako arazo bilakatu zen.

K.a. 56. urtean, Labieno, Zesarren ondokoak, menderatu berria zuen Atlantiko aldeko Galia (Akitania barne). K.a. 50.ean, Galiako azken erresistentzia guneak garaitu zituen Zesarrek eta, harrapakin ondasunez aberasturik, omen handiaren jabe zela, Erromako aginpidea konkistatzeari ekin zion. Zesarrek, konkistari begira, K.a. 46 eta K.a. 45ean bildu zuen gudaroste handiarekin, helburu hirukoitza erdietsi nahi zuen: gudari zaharrak kokatzea, herrialdea okupatzea eta erromatartze prozesuari ekitea.

 
Agripa.

Horrek Zesarren pertsonari atxikia zegoen bezeria handia bildurik jarraitzea bideratu zuen. K.a. 118. urtean, lehengo Narbonako kolonia (Colonia Narbo Martius) fundatua zen, eta beste zenbait kolonia berri sortu zituzten hegoaldean, Béziers (Baeterrae), Fréjus (Forum Julii), eta Arlesen (Arelate). Beste zenbait gudari Orange (Arausio) eta Valencen (Valentia Julia) kokatu ziren, hots, gero Augustok kolonia mailara igo zituen guneetan. Hiriak handitu eta lur sailak birmoldatu egin zituzten.

K.a. 39. urtean, Agripak, Augustoren suhi eta ondokoa zenak, Gallia Comatako gobernari zelarik, azpiegitura administratibo eta materialaz hornitu zuen Galia, Lyondik (Lugdunum) lau norabidetara zabaltzen zen bide sistema barne: Mediterraneo aldera, hegoaldetik; Mediolanum Santonum (Saintes) aldera eta Galia Akitaniara, mendebaldetik; Mantxako kanalera, Amiensen zehar, ipar-mendebaldetik, eta Rhin aldera, ipar-ekialdetik.

Baina baziren oraindik erresistentzia gune batzuk. K.a. 39. urtetik aurrera, Agripak hego-mendebaldean akitaniarren aurka eta ipar-ekialdean iparraldeko belgikar leinuen aurka borrokatu behar izan zuen, bide sare hartako ardatz nagusietako bi defendatzearren. Hamar urte geroago, baziren oraindik matxinadak, baina M. Valerio Mesalaren kanpainek azkena eman zioten akitaniar herrien erresistentziari. Erabatekoa zen Erromatar Bakea.

Barkoxeko altxorra edo altxortxoa[oh 1], XIX. mendean, Barkoxen aurkitutako txanponen multzoa da. Ebro arroko txanponen multzo garrantzitsuenetakoa da, eta gertu ditu protohistoriako hainbat gazteluzar.[35]

Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Goi Nafarroaren iparraldea

aldatu

Ez dakigu ziur noiz konkistatu zituzten penintsula barruan dauden lurralde horiek erromatarrek, ez baita erromatar testuetan aipatzen, baina uste da, Kantabriar gerren (K.a. 29K.a. 19) aurretik izango zela, ez baitzituzten hasiko gerra horiek beren bizkarra babestuta izan gabe. Bestalde, badakigu Ka. 30-27 urteen artean, Akitania hegoaldean azken matxinada zapaldu zuela erroamtar prokontsulak. Arkeologiak, hainbat gerra kanpamenduen santsuak aurkitu ditu, Ateabalsa Aurizperrin,[36] Karakate mendian, Ilunzarrekoa, Delikako Santa Agedan[37], Lahozen[38], Leaburuko Euletxara mendian[39] eta Andagosteko guduaren aztarnak, besteak beste, eta horrek eramaten ditu adituak pentsatzera, lurralde horiek ere gerren bidez gehitu zitzaizkiela Erromatar Inperiora. Den dela, ezer gutxi dakigu gai horri buruz. Badakigu, adibidez, Oiasson soladuak egon zirela.[40]

Ikerlari batzuentzat, Erromatarrek ez zuten izan Gipuzkoako lurralderako interes berezirik, Bizkaira, eta oro har, Euskal Herri menditsu eta hezera zabal daitekeen ikuspuntua akaso; ohikoa egin zuten: mea baliabideak ustiatu, armada soldaduz hornitu, tasak kobratu, eta komunikazio bideak lurrez nahiz itsasoz ziurtatu. Baina, hala ere, erromatarrek lurralde hau menpean hartu izanak funtsezko aldaketak ekarri zituen hainbat jenderen ohituretan, bereziki hiriko bizimodua nagusitu zen tokietan. Ezbairik gabe, hiriak izan ziren erromatar ereduak transmititzeko eragile nagusiak, haietan biltzen baitziren menperatzaileek ezarritako sare administratiboari zutik eusten zioten eginkizunak.[41]

Civitates erromatarrak

aldatu

Oro har, hemen aztertzen ari garen eremuari ezin dakioke civitas kontzeptua aplikatu erromatarren etorreraren aurretik. Izan ere, uneren batean gehienbat zeltiberiarra izan zen Ebroko erdialdeko harana salbuespena da: Ptolomeok baskoitzat ematen dituen civitates batzuetan (Alaun, Ba(r)scunes (Iruñea?), Caiscata, Calagoricos, Iaca eta Segia) dirua egiteko etxeak zeuden, eta arkeologia aztarnategietan (La Hoya, Nafarroako Cortes eta beste gune zeltiberiar batzuetan) hirigintza hondakin garbiak azaldu dira. Horrek hiri garapenaz mintzatzea ahalbidetzen du, baina, oro har, Erromaren garaikoak dira politika eta hirigintzaren garapena.

Civitas hori (gune politiko-administratiboa, ez derrigorrez hiritartua, eta haren administraziopeko eskualdea) Erromako antolamendu politiko-administratiboaren oinarrizko elementua zen. Konkistatutako lurralde guztiak, are urrutienekoak edo atzeratuenak ere, modu horretara antolatu zituzten.

Baina civitas-en ezarrera ez zen berdina izan toki guztietan, ezta euskal lurraldean ere. Lehendik existitzen ziren biziguneetan, edo haien ondoan hiriak sortzea, konkistarekin batera gertatu zen prozesua da: Graccurris, K.a. II. mendean; Pompaelo, K.a. 70 inguruan eta, zenbait urte geroago Calagurris baskoi berria, zeltiberiarra zen Calagurris suntsituaren gainean eraikia. Prozesu hori, alabaina, behin lurralde guztiak kontrolatu ondoren egin eta konplitu zen, K. o. I. mendean eta Goi Inperioan, lurraldeen artean ageriko desberdintasunak baziren ere.

Pirinioetatik hurbileko Akitania aldea

aldatu
 
Lugdunum Convenarumeko (Saint-Bertrand de Comminges) erromatar termen aztarnak.

Goian ikusi dugunez, antzinako autoreen arabera Akitaniako herriak ez ziren hedadura handikoak eta, hortaz, ez zuten civitas bat baino gehiago izaten. Zesarrek herriak aipatzen ditu, ez hiriak, Pliniok bezala, inolako estatus juridikoren aipamenik egin gabe, nahiz eta Augustok, Estrabonen berrien arabera, zuzenbide latinoa eman zien Akitaniako zenbait herriri. Horien artean, autore horrek zehazten duenez, ausci eta convenae deiturikoak ziren. Convenae horiek hiri bakarra zuten, koloniari dagokion estatutuaren jabe zena, Lugdunum Convenarum (Ptolomeok adierazi zuen eran). K.a. 22. urtea arte hiri hori hegoaldeko probintziaren (Narbonensis) barne zegoen eta, antza denez, Augustok emana zion hiritartasun eskubidea, berak sortutako Akitania probintzia berrian kokatu aurretik. Geroago, kolonia estatutua jaso zuen. Augustok emandako hiritartasuna ez zen orokorra, Neronek Itsasaldeko Alpeetan edo Vespasianok Hispanian egin zuen bezala, baizik eta herri jakin batzuei egindako emaitza (Estrabon).

Augustoren eta haren ondokoen garaietan fenomeno bikoitza gertatu zen: bertakoen independentziaren sinboloa ziren oppida haiek arian-arian alde batera utzi zituzten, harremanei eta trukei irekitako guneetan bizitzeko. Horrek hirien sorrera ekarri zuen, Hispanian gertatu zenaren antzera. Ptolomeok antzinako hiru hiriren berri ematen digu: tarbelli-en Aqua Augusta (Akize), estatutu juridiko ezezagunekoa, 34. bideko mansio zena; Augusta (Auch seguruenik), ausci-en hiria, zuzenbide latinoa Augustorengandik jaso zuena, eta Lugdunum colonia (Saint-Bertrand de Comminges), convenae-i zegokiena, Augustorengandik zuzenbide latinoa jaso zuena, eta kolonia estatutua geroago (Ptolomeok K. o. II. mendean aipatua).

Bideetako mansio zenbait ere (bidarientzako hiriak, seguruenik), tarbelli-enak ziren, hala nola Immus Pyrenaeus (Donazaharre), Iluro (Oloroe), Beneharnum, agian Plinioren benarni zirenak eta 400. urte inguruko Notitia Galliarumeko civitas Benarnesium, geroago jatorrizko izena (Lascurris, Leskarre) berreskuratu zuena, eta Zesarren zein Plinioren arabera bigerri-en hiria zen Turba (Tarbe), baita Lapurdum (Baiona) ere.

Kantauri Mendiez iparraldeko kostaldea

aldatu
 
Forua, erromatar herrixkaren hondakinak.

Erromatarrek aztarna txikiagoa utzi dute Kantauriar aldeko lurralde menditsuetan eta Pirinioetan.

Itsasertzean kokatzen diren antzinako hirien artean, Pliniok eta Ptolomeok aipatutako Flaviobrigaz, gero Castro Urdialesekin identifikatu den hiriaz, goi estatutu juridikoa zuela besterik ez dakigu, koloniari zegokiona, eta Vespasianok eman zuela. Kostaldeko eremuaren zati handi baten gunea izango zen seguruenik. Bizkaian, oro har, aztarna oso gutxi agertu dira. Ibaizabaleko itsasadarrean erromatar txanpon batzuk agertu ziren, baina teoria gailenak dio itsasontziek Galiarako bidean Euskal Herriko kostaldea ekaitzetatik babesteko erabiltzen zutela. Foruan, Gernika ondoan, erromatar herrixka azaleratu dituzte indusketek.

Gainerakoak, agian, civitates peregrinae horietakoak ziren, baina ezin da haien artean zergaz libre zirenak (liberae) eta zergapekoak (stipendiariae) bereizi. Haietakoak dira: Olarso (baskoiak), Menosca, Morogi eta Vesperies (barduliarrak) mendebaldean, denak Pliniok aipatuak. K. o. II. mendean. Ptolomeok, ordea, Oeasso eta Menosca bakarrik hartzen ditu hiritzat (póleis grezieraz).

Olarso/Oeasso, oinarri arkeologikoak, baita berme linguistikoren bat ere, lagun ditugula orain, Irun dela esan daiteke aski ziur. Pliniok kostaldeko barduliarren oppida direlakoen artean kokatzen duen Menosca, Ptolomeorentzat barduliarrek itsasertzean duten bakarra da. Getariako San Salbador elizaren azpian sigillata eta erromatarren hilobiak aurkitu izana, eta Lapurdiko Getariarekin agertzen duen homofonia, beronetan gazitegiak eta erromatar inskripzioak agertu direlarik, argibide seguruak gerta daitezke identifikatu ahal izateko.Gainera, Getaria izena, latinezko cetaria ("ketaria" ahoskatua) hitzetik datorrela uste da; cetaria bat, arraiak prozesatzeko ekoizpen unitate bat zen[42].

Morogi eta Vesperies ez ditu aipatzen Ptolomeok. Ez dira azaltzen ahaztu dituelako, edo K. o. I. eta II. mendeen artean gertaturiko lurralde berrantolaketaren ondorioz? Harrigarria dirudi erromatarrek hain kostalde eremu zabaleko itsas merkataritza, Castro Urdialesetik Donostiarainokoa, hiru gune politiko-administratibo soiletan biltzea, hots, Flaviobriga kolonia eta Menosca eta Oeasso civitates direlakoetan, azken horiek elkarren hurbil eta Castro Urdialesetik urrun zirela. Azken urteotan Gernikako itsasadarrean (Forua eta inguruan) egindako lan arkeologikoek, agian, Vesperies civitas hori alde horretako gune erromatarrekin identifikatzeko aukera eman lezakete.

Gipuzkoako Oriako ibarrean, Irigaingo asentamendu txikia aurkitu da, baina oraingoz ez dago argi zer motakoa zen. Material solteen hainbat aurkikuntza egin izan dira, gertuko herrietara lotuta seguruenik, hala nola, Tolosako Intxaurmuintegi I haitzuloan agertu ziren Behe Inperioko Konstantzio II.a enperadorearen txanponak.

Saltus vasconum

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Saltus Vasconum»
 
Zalduako aztarnategia, Iturissa hiriko aztarnak izan daitekeenaren hondarrak

Baskoien lurraldeko iparraldean eta mendialdean civitas horren ezarpena txikiagoa zen, eta 34. bidearekin zerikusia zuen soilki. Iruñea-Leire-Irunberri lerrotik iparraldera aurkitzen zen mansio bakarra Iturissa zen, bide horretako mansio bat, Pompaeloren eta Summo Pyreneoren (Ibañeta gaina) artean. Egun egiten ari diren indusketek seguruenik Aurizberrirekin idenfikatzeko bide ematen dute[43], baskoien lurraldean diren erromatar hirietan iparraldekoena eta Pompaelo baino lehenagokoa izango ez dena. Bestela, Urkuluko dorrea garai honetako adibidea da Pirinioetan, Orbaizeta aldean.

Hegoaldeko eremua

aldatu
 
Elexazar Amurrion dagoen ekoizpen unitate bat izan zen.

Zalantzarik gabe, civitasen ezarpen handieneko eremua da, oinarrizko bi adarren inguruan antolatua: 34. bidea, Arabako Lautadan, Nafarroako sartaldean eta Ebroko erdialdeko haranean zehar zihoana, eta Italiako bidea, Mediolano-tik (Milan) Legio-rakoa (Leon), baskoien lurraldeko hegoaldeari zegokiona.

Bertan bi eremu bereiz daitezke: Arabako lurraldea, Nafarroako erdialdea eta Cinco Villas, non segurtasunez ezin ematen ahal diogun civitates horietako ezeini udal estatutua, eta Ebroko erdialdeko harana, non hiri kopuru esanguratsua biltzen zen. Haietako hiruk, gainera, udal maila zutela erromatar inperioaren aurreneko garaietatik.

Arabako lurraldea, Nafarroako erdialdea eta Aragoiko Cinco Villas

aldatu
 
Marcus Iunius Paternusen hil-estela, Gastiaingo Sebastain Deunaren elizan aurkitua

Lehen azpieremuan, agian goi mailako estatutu juridikoa izango zuten civitates hiriak hauek dira: Veleia (Iruña Okako erromatar oppiduma), Andelos (Muruzabal Andion), Pompaelo (Pamplona, Iruñea) eta Tarrega (Los Bañales, Uncastillo[44]).

Agian aukerarik garbiena Pompaelori dagokio, K.a. II.-K.a. I. mendean jadanik garrantzitsua baitzen, eta eremu horretan zilarrezko dirua egiten zuten etxeak (Ba[r]scunes, Bengoda eta Bentiam) aurkitzen ziren. Haien hondakin arkeologikoek, idazkunek eta Maria Angeles Mezkiritzek proposaturiko zenturiazioak flaviotarren (K.o. I. mendearen amaiera - II. mendea) ondoko goi estatutu juridikoaren bideragarritasuna erakusten dute.

Andelosko hiria stipendiaria zen, hots, zergapekoa, Plinioren arabera. Muruzabal Andioneko erromatar aztarnategiarekin identifikatu da. Bertan Trajano edo Hadrianoren garaiko urtegi eder baten hondakinak aurkitu dira. Halaber, idazkun batzuk ere agertu dira, haien artean nabarmentzekoa den brontzezko taula bat, bi edilek (kale, eraikuntza publiko, merkatu eta ikuskariak zaintzeko ardura zuten magistratuek) Apolo jainkoari egiten dioten eskaintzarekin, Augusteo deitzen diotela, enperadorearen gurtzarekin zerikusia duena beraz. Halako magistratuak bertan izanik, zuzenbide latinoko udalerria zela pentsatu dute zenbait autorek, Vespasianok K. o. 73-74an Hispania guztira zuzenbide latinoa zabaldu ondokoa.

Veleia (Iruña-Trespondeko oppiduma), Pliniok, Ptolomeok, Antoninoren Ibilbideak eta Ravenatek aipatzen dute. Garrantzi estrategiko eta aberastasun arkeologiko ohargarriaren jabe bada ere, nabarmentzekoa da oppidumetik at aurkitzen den antzokia, eta aurkitzekoa dena seguruenik asko bada ere, halako eran non civitates batzuen hiriburu gunea dela pentsa dezakegun, ez dago inolako daturik civitas honentzat estatutu juridiko pribilegiozkoa iradokitzen duenik.

 
Los Bañales (Uncastillo): erromatar akueduktuaren zutabeak.

Badakigu, Plinioren bidez, Tarrega hiria foederata zela, hau da, hitzarmena zuela Erromarekin eta ez ziola zerga ordaindu behar, nahiz ez dakigun horretarako arrazoia zein zen. Ibilbideetarainoko tartea eta aberastasun arkeologikoak (tenplua, termak eta foroa, eta Atilioen Mausoleoa) direla eta, Los Bañalesko (Uncastillo, Sadaba ondoan, Zaragozako probintzia) monumentu aldearekin identifikatu da.

Baina multzo horretan batez ere civitates peregrinae (liberae edo stipendiariae) zeuden, erromatarren aginpidea gauzatzen zen oinarrizko administrazio zelulak. Horrek ez dakar berarekin, derrigorrez, salbuespenak badira ere, hirien garapena, garapen hori ez baita ezinbestekoa funtzio politiko-administratiboak betetzeko.

Autrigoi, karistiar eta barduliarren eremuko hegoaldean (Araban), maila horretako civitates hauek aurkitzen dira: Deobriga (Ebroko igarobidean, 34. bidean, Larrate edo Artze); Tullica, Ptolomeok jaso zuena eta gaurko Tuyorekin identifikatu dena, egungo eta antzinako toponimoen homofonia oinarri bakarra direla identifikazio horretarako; Gebala, Ptolomeok aipatua eta Gebararekin identifikatua, bi toponimoen homofoniagatik eta bertan erromatarren aurrekoa ere baden aztarnategia dagoelako; Gabalaeca, Ptolomeok aipaturiko antzinako hiriaren izenaren eta egungo Galarreta toponimoaren homofonia dela eta, identifikatu egin dira hartarako zehaztasun arkeologikorik ez bada ere; Tullonium, polis Ptolomeorentzat eta 34. bideko mansioa, Arabako Dulantzi herrian kokatua, arkeologiari, epigrafiari eta toponimoen homofoniari (Tullonium-Dulantzi) dagozkien arrazoiengatik; Alba, civitas Plinio eta Ptolomeorentzat eta 34. bideko mansio-a, lehen baskoi eremukoa, Albeirumendi aldean kokatu da bertan aurkitu epigrafe multzoagatik eta arkeologiazko ondorioengatik (termak, terra sigillata hispanica asko, etab.), Durruman; Segontia Paramica (Ptolomeo II., 6, 65) Arabako sortaldean, kokalekurako Kontrasta eta Okariz artean duda egiten dela, Segontius antroponimoa duten idazkunen multzo handirekin; Tritium Tuboricum, egungo Mutrikurekin identifikatua, toponimo bien antzagatik, Ptolomeok ematen duen barnealdeko finkalekua gorabehera eta erromatar garaiko hondakin arkeologikorik ez badu ere; Tabuca, Ptolomeok berak barnealdean kokatua, eta Tobera edo Tolosarekin identifikatu dena.

Seguruenik, estatutu berekoak izango ziren Vxama Barca (Gaubeako Osma, bertakoen eta erromatarren kokaleku bikoitza zuena), eta Suessatium (Kutzemendiko herri gotortua, Olarizun, eta Otazibarrako erromatar aztarnategia, Arkaian, Araba). Bi civitas horietako pertsonei dagozkien idazkunak badira ere, historialariren batek pentsatu du kontuan hartzeko elementua dela, ezaugarri horiez hornituriko hiri bati udalerriaren estatutua emateko Goi Inperioaren garaian (nahiz eta gehienak iritzi horretakoak ez diren).

Baskoien eremuko civitates peregrinae direlakoen artean, bi talde bereiz daitezke: Pliniorentzat zergapekoak direnak batetik eta bestetik Ptolomeok bakarrik jaso dituenak eta, horregatik, zailak direnak kokapena eta estatutu juridikoa ezagutzeko. Lehenengoen artean, lehen aipaturiko Andelos eta Pompaelo horiez gainera, hauek daude: Plinioren aracellitani direlakoak, antza denez, Hidazioren Kronikako bagaudae aracellitani berak, Aracielgoak (Corella); Iaca, egungo Jaca, Ptolomeok ere aipatua eta Ravenako Anonimoan mansio gisa azaltzen dena (K. o. I. eta III. mende bitarteko erromatar aztarna asko dauzka), eta Iluberri, Irunberrirekin identifikatua.

Ebroko erdialdeko harana

aldatu

Bigarrenen artean hauek daude: Bituris, Bidaurretarekin identifikatua, Iruñeko hego-mendebalera; Curnonium (Hoya de Coranaba, Urantziatik hurbil, Barranco de Cornaba, Vianan, edo Erdi Aroko Cornoino, Mendaviako iparraldean); Ergavica, kokapen zailenekoa agian, Erguti Ravenako Anonimoko mansioarekin erlazionatu da, eta Nemanturissa, Jaca inguruko lekunetan kokatua.

Ebrotik hurbilagoko baskoien eremuan, biztanleriaz ongi horniturik, estatutu juridiko gorena duten guneak aurkitzen dira:

  • Graccurrisek (Alfaro), zuzenbide latino zaharrekoa zelarik Plinioren obran, municip. Gracurris hitzez hornituriko dirua egin zuen, baina Tiberiorekin bakarrik, seguru aski berak udal izendatuko zuelarik.
  • Cascantum (Cascante). K.a. II. mendearen erdian diru indigena[45] egin zuen. Pliniok zuzenbide latino zaharrekotzat hartzen ditu bertako biztanleak. Tiberioren garaikoak diren eta municip. Cascantum hitzak daramatzan as eta semis txanpon sailek berresten dute udal estatutu hori. Goiz eta sakonki erromatartu zen Tutera aldeko Erriberako administrazio eta merkataritza trukerako gunea zen.
  • Calagurris (Calahorra). Arkeologia hondakinek (akueduktua, gurtza ofizialeko tenplua, etab.), idatzizko iturrien datuek eta idazkunek hiriaren garrantziaz ohartarazten digute. Zesarrek onartu zuen bertako bezeria eta Octaviok bertakoek osaturiko gudari zaintzaileen talde bat izan zuen eta udal mailako hiritartasuna eman zion. Augusto eta Tiberioren garaiko txanponengatik bertako 28 duunvir eta 4 edil ezagutzen ditugu.

Ibaitik hurbilen aurkitzen diren gainerako hiriak hauek dira:

  • Muskaria, Ptolomeok bakarrik aipatua eta hiru kokalekurekin identifikatu dena: Mosquera izeneko eraikuntzarik gabeko gunea, Tuteraren eta Fontellasen artean, Graccurrisetik aski mendebaldera dagoen eremu bat eta Ejea de los Caballerosetik ipar-mendebaldeko beste bat, hiri horren eta Santacararen artean.
  • Cara, zergapeko populus bat Pliniorentzat eta mansio bat Ravenako Anonimoan. Jatorria adierazten duen bertako idazki bat ezagutzen dugu, Vxama Barca eta Suessatium-en ikusi dugun bezala. Bertako barrutian dauden miliario batzuek eta beste zenbait hondakinek egungo Santacararekin identifikarazi dute.
  • Segia (Ejea de los Caballeros), K.a. I. mendetik ezaguna, Turma Salluitanako zaldunen artean Ponpeio Estrabon jeneralarengandik hiritartasuna hartu zuten 9 gudari bertakoak zirelako. Dirua egin zuen K.a. II. mendetik I. mendearen erdia arte. Pliniok eta Ptolomeok aipatzen dute eta Ravenako Anonimoan agertzen da.
  • Alabona (Alagón), Ptolomeok eta Antoninoren Ibilbideak aipatua, K.a. 87. urteko dokumentu epigrafiko baten bidez ezaguna da. Antza denez, K.a. I. mendearen hasieran nolabaiteko garrantzia izan zuen, baina gero, arian-arian, beherantz joan zen, Caesaraugusta Ebroko erdialdeko hiriburu bihurtzen zen bitartean.

Parte-hartzea erromatar armadan

aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Euskaldunak erromatar armadan»

Badirudi lehen kontaktuen ondorioz, euskal gizonek mertzenario gisa parte hartu zutela erromatarren gerletan. Horren ondorio dira, besteak beste, penintsulako hiri batzuek egin zituzten txanponak. Geroago, konkista ondoren, euskaldunak erromatar armadan sartu ziren, legioetan hiritarrak zirenak, edo tropa laguntzaileetan (Auxilia), erromatar hiritartasunik ez bazuten.

Komunikazioak

aldatu

Erromatarren galtzadek helburu ekonomikoa eta militarra zuten. Alde batetik, militarren joan-etorria errazten zuten eta pax romana ziurtatzen zuten. Bestetik, ustiapen ekonomikoaren azpiegiturako elementu garrantzitsua ziren.

Garai hartako euskal lurraldeak zeharkatzen zituen bide garrantzitsuena, Ab Asturica Burdigalam galtzada zen, Asturiscatik (Astorgatik) Burdigalara (Bordelera) joaten zena. Briviesca eta Deobrigatik (Miranda Ebro), bide horrek Pirinioak gurutzatzen zituen Ibañetatik barrena, Bordelera iristeko Aquae Tarbelicaetik (Akizetik) igaro ondoren. Lotune nagusi hauek ziren: Tullonium (Dulantzi), Arakil eta Iruñea. Baziren bigarren mailako bideak, Iruñetik ateratzen zirenak iparraldera, Oiassora (Oiartzunera) eta hegoaldera, Caesaraugusta-rantz (Zaragozarantz)[46]. Bigarren mailako beste bideek hiri ezberdinak eta Kantauriko kostaldeko portuak konektatzen zituztela uzte da. Iparraldetik, Ab Asturica Burdigalam galtzada Via Aquitania-rekin (Akitania zeharkatuz Burdigala eta Narbo lotzen zituena) konektatzen zuen eta horrela Narbona eta Mediterranoarekin komunikazioa lortzen zen. Hegoalderago, Aquae Tarbelicaetik (Akizetik), beste galtzada batek Tolosaraino eramaten zuen bidaiaria, han, Via Aquitania-rekin lotzeko. Lapurdumetik (Baiona) Burdigalaraino bide bat eraiki zen kostaldearekiko paraleloa, baina hegoaldetik, Baioanatik, Foruaraino identifikatu den bide garrantzitsu bakarra, barrualdeko hiriekin konektatzeko, Oiasso eta Iruñea lotzen zituen eta gorago aipatu den bigarren mailako galtzada da[47].

Itsasbazterreko nabigatzeko lerro bat lehenetsi zen, ziur aski, Atlantikoko kostaldearen mendebalde osoa lotzen zuen kabotajearen trazadurari jarraitzen ziona. Itsasoko bide horretan, Bidasoaren bokalean zegoen Oiasso punturik aipagarrienetakoa izango zen[48].

Bagaudak

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Bagaudak»

Bagaudak II. mendetik V. mendera jauntxo handien eta Erromatar inperioaren aurka altxatu ziren Galia eta Hispaniako probintzia erromatarretako nekazari-taldeak zien. Bagauden matxinada nagusia V. mendearen lehen partean izan zen, Euskal Herriko lurraldeetan.

Latifundisten gehiegikerien eta agintari erromatarrek ezarritako zergak ordaintzearen aurka asaldatu ziren nekazariak, baina ez zuten arrakastarik izan eta altxamendu bakoitzean zapaldu egin zituzten. Baskoien lurraldeetan gertatu ziren bereziki bagauden altxamenduak: Pirinioen bi aldeetako Euskal Herrian urte askotan iraun zuen matxinadak, 269. urtean hasi eta 285ean Diokleziano enperadoreak amaiera eman zion arte. Bagauden matxinada nagusia V. mendearen lehen partean izan zen, Euskal Herriko lurraldeetan (iparraldean nahiz hegoaldean). Erromatar inperioa gainbehera zetorren aipatu mendean eta bisigodoen presioa gogortuz; aldi berean egonezin soziala areagotu egin zen; euskaldunak beren askatasunaren alde borrokatu ziren. Asterio jeneral erromatarraren aurka 441ean borrokatu ondoren, 443an Merobaudesen tropa erromatarren aurka galdu zuten bagaudek Aracaelin (gaur egungo Uharte Arakil). Ondoko urteetan militar erromatar (Basilio jenerala) nahiz bisigodoekin (Teodoriko II.aren tropekin) borrokan jarraitu behar izan zuten, 456 arte.[49]

Erromatar aztarnak euskaran

aldatu

Hiztegian, latinetik etorritako hitz asko geratu dira, batzuetan erromatar garaian dute jatorria eta beste batzuetan Erdi Aroan, elizar katolikoaren eraginez; beti ez da erreza bi gariak bereiztea:[50]

  • Abatem > Abade.
  • Adventum > Abendu.
  • Altarem > Aldare.
  • Ancoram > Aingura.
  • Augurium > Agur.
  • Castellum > Gaztelu.
  • Causam > Gauza.
  • Cellam > Gela.
  • Corpus > Gorputz.
  • Crucem > Gurutze.
  • Culter > Golde.
  • Ecclesia > Eliza.
  • Fagus > Pago.
  • Getaria > Cetaria (arraina prozesatzeko faktoria)
  • Oligum > Olio.
  • Pacem > Bake.
  • Tempora > Denbora.
  • Torculare > Tolare.

Kronologia

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. «Estrabón. Libro III.» www.unizar.es (Noiz kontsultatua: 2018-07-12).[Betiko hautsitako esteka]
  2. (Latinez) «Plinio Zaharra, Naturalis Historia, liber iii, chapter 29» www.perseus.tufts.edu (Noiz kontsultatua: 2018-07-12).
  3. a b c Santos, J; Emborujo, Amalia; Ortiz de Urbina, E. (1992-01-01). «Reconstrucción paleogeográfica de autrigones, caristios y várdulos» Complutum 2-3, 1992: 449-468. ISSN 1131-6993. (Noiz kontsultatua: 2018-07-12).
  4. www.inakiinarra.com. «Euskalkiak - Euskalkien Jatorria» euskalkiak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-07-12).[Betiko hautsitako esteka]
  5. Berria.eus. «Baskoniako ipuin bat» Berria (Noiz kontsultatua: 2018-07-13).
  6. (Ingelesez) «e-Keltoi: Volume 6, The Celts in Iberia: An Overview, by Lorrio and Ruiz Zapatero» www4.uwm.edu (Noiz kontsultatua: 2018-07-12).
  7. (Gaztelaniaz) SL, DiCom Medios. «Gran Enciclopedia Aragonesa Online» Enciclopedia Aragonesa (Noiz kontsultatua: 2018-07-12).
  8. a b c d e f «Euskararen muga historikoak [Sareko Euskal Gramatika»] www.ehu.eus (Noiz kontsultatua: 2018-07-13).
  9. (Gaztelaniaz) Villar, Francisco. (2011). Lenguas, genes y culturas en la prehistoria de Europa y Asia suroccidental. Ediciones Universidad de Salamanca ISBN 9788478001354. (Noiz kontsultatua: 2018-07-12).
  10. «EL PUERTO ROMANO DE IRUN (GIPUZKOA). M.Mercedes Urteaga Artigas. Centro de estudios e investigaciones histórico-arqueológicas ARKEOLAN. - PDF» docplayer.es (Noiz kontsultatua: 2018-07-12).
  11. (Gaztelaniaz) «Localización de algunas ciudades várdulas citadas por Mela y Ptolomeo» www.eusko-ikaskuntza.org (Noiz kontsultatua: 2018-07-12).
  12. (Gaztelaniaz) Gorbea, Martín Almagro. (2005). «Etnogénesis del País Vasco: de los antiguos mitos a la investigación actual» Munibe Antropologia - Arkeologia (57) ISSN 1132-2217. (Noiz kontsultatua: 2018-07-12).
  13. Julio., Caro Baroja,. (2003). Los pueblos de España. Alianza Editorial ISBN 8420699500. PMC 57759313. (Noiz kontsultatua: 2018-07-12).
  14. Nationalism, politics, and the practice of archaeology. Cambridge University Press 1995 ISBN 0521480655. PMC 32012913. (Noiz kontsultatua: 2018-07-13).
  15. (Ingelesez) Alvarez-Sanchis, Jesus R.. (2000-02). «The Iron Age in Western Spain (800 BC-AD 50): An Overview» Oxford Journal of Archaeology 19 (1): 65–89.  doi:10.1111/1468-0092.00100. ISSN 0262-5253. (Noiz kontsultatua: 2018-07-13).
  16. a b (Ingelesez) BERTRANPETIT, J.; CAVALLI-SFORZA, L. L.. (1991-01). «A genetic reconstruction of the history of the population of the Iberian Peninsula» Annals of Human Genetics 55 (1): 51–67.  doi:10.1111/j.1469-1809.1991.tb00398.x. ISSN 0003-4800. (Noiz kontsultatua: 2018-07-13). Aipuaren errorea: Invalid <ref> tag; name "Bertranpetit" defined multiple times with different content
  17. 1939-, Nuñez Astrain, Luis,. (2004). El euskera arcaico : extensión y parentescos. (2. ed. argitaraldia) Txalaparta ISBN 8481363006. PMC 54773940. (Noiz kontsultatua: 2018-07-12).
  18. (Gaztelaniaz) SL, DiCom Medios. «Gran Enciclopedia Aragonesa Online» www.enciclopedia-aragonesa.com (Noiz kontsultatua: 2018-07-13).
  19. «Ribagorza» Lur Entziklopedia 2011-07-18 (Noiz kontsultatua: 2018-07-13).
  20. Emborujo Salgado, Mª Isidora. (1994). «Autrigones, Caristios, Várdulos y Vascones en el período tardorromano. Estudio de las fuentes y su problemática» Nafarroako kondairaren hirugarren batzar orokorra.
  21. Berria.eus. «Baskoniako ipuin bat» Berria (Noiz kontsultatua: 2018-07-13).
  22. (Ingelesez) «e-Keltoi: Volume 6, The Celts in Iberia: An Overview, by Lorrio and Ruiz Zapatero» www4.uwm.edu (Noiz kontsultatua: 2018-07-12).
  23. (Gaztelaniaz) SL, DiCom Medios. «Gran Enciclopedia Aragonesa Online» Enciclopedia Aragonesa (Noiz kontsultatua: 2018-07-12).
  24. a b (Gaztelaniaz) Juan A. Santos Velasco, A. Emborujo, E. Ortiz de Urbina. (2023-01-23). «Reconstrucción paleogeográfica de autrigones, caristios y várdulos» Complutum, 2, 449. or. (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 1992).
  25. (Gaztelaniaz) Villar, Francisco. (2011). Lenguas, genes y culturas en la prehistoria de Europa y Asia suroccidental. Ediciones Universidad de Salamanca ISBN 9788478001354. (Noiz kontsultatua: 2018-07-12).
  26. (Gaztelaniaz) Urteaga Artigas, M. Mercedes. «El puerto romano de Irun (Gipuzkoa)» Centro de estudios e investigaciones histórico-arqueológicas Arkeolan: 87-104. (Noiz kontsultatua: 2018-07-12).
  27. (Gaztelaniaz) «Localización de algunas ciudades várdulas citadas por Mela y Ptolomeo» www.eusko-ikaskuntza.org (Noiz kontsultatua: 2018-07-12).
  28. (Gaztelaniaz) Gorbea, Martín Almagro. (2005). «Etnogénesis del País Vasco: de los antiguos mitos a la investigación actual» Munibe Antropologia - Arkeologia (57) ISSN 1132-2217. (Noiz kontsultatua: 2018-07-12).
  29. (Gaztelaniaz) Julio, Caro Baroja. (2003). Los pueblos de España. Alianza Editorial ISBN 8420699500. PMC 57759313. (Noiz kontsultatua: 2018-07-12).
  30. Nationalism, politics, and the practice of archaeology. Cambridge University Press 1995 ISBN 0521480655. PMC 32012913. (Noiz kontsultatua: 2018-07-13).
  31. (Ingelesez) Alvarez-Sanchis, Jesus R.. (2000-02). «The Iron Age in Western Spain (800 BC-AD 50): An Overview» Oxford Journal of Archaeology 19 (1): 65-89.  doi:10.1111/1468-0092.00100. ISSN 0262-5253. (Noiz kontsultatua: 2018-07-13).
  32. (Gaztelaniaz) 1939-, Nuñez Astrain, Luis,. (2004). El euskera arcaico : extensión y parentescos. (2. ed. argitaraldia) Txalaparta ISBN 8481363006. PMC 54773940. (Noiz kontsultatua: 2018-07-12).
  33. (Gaztelaniaz) SL, DiCom Medios. «Gran Enciclopedia Aragonesa Online» www.enciclopedia-aragonesa.com (Noiz kontsultatua: 2018-07-13).
  34. «Ribagorza» Lur Entziklopedia 2011-07-18 (Noiz kontsultatua: 2018-07-13).
  35. (Gaztelaniaz) Suárez, F.. (2017). «Tesorillo de Barcus.» Denarios Ibéricos (Noiz kontsultatua: 2023-02-14).
  36. (Gaztelaniaz) «Presencia militar romana en el Pirineo vascón» Megalitos Pirenaicos 2024-08-16 (Noiz kontsultatua: 2024-10-22).
  37. Martínez Velasco, Antxoka. (2010). «Santa Ageda (Delika). Miaketa magnetikoen III. kanpaina» Arkeoikuska. Arkeologi Ikerketa (Gasteiz: Arabako Foru Aldundia) 09.
  38. Martínez Velasco, Antxoka. (2010). «El campamento romano de Castrillo, en Lahoz (Valderejo, Araba). Avance a su estudio» Nivel cero: revista del grupo arqueológico Attica (12): 89–96. ISSN 1134-0320. (Noiz kontsultatua: 2023-11-19).
  39. Ceberio, Manu; Quevedo, Izaro. (2021). «Euletxarako gotorlekua (Leaburu). IV. kanpaina» Aranzadiana (Donostia) 142: 153-154. ISSN - 2292 1132 - 2292..
  40. (Gaztelaniaz) MORONDO, IÑIGO. (2016-03-20). «La dualidad del antiguo Oiasso» El Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2024-10-22).
  41. «Bertan 17 - Erromatar garaia: 4. kapituloa: Aldaketak» bertan.gipuzkoakultura.net (Noiz kontsultatua: 2024-10-22).
  42. (Ingelesez) Berdowski, Piotr. (2013). «In search of the lexical meaning of the Latin terms cetarius and cetaria» Glotta 89: 47–61. ISSN 0017-1298. (Noiz kontsultatua: 2023-03-21).
  43. Alberto Barandiaran: Iturissa, Aurizberrin?[Betiko hautsitako esteka] Paperekoa.berria.info
  44. Javier Cabello, Miguel Angel Zapater: Cinco Villas: de la Prehistoria a la Edad Media[Betiko hautsitako esteka] Aragon.es
  45. Ikusi, Baskoien txanponak
  46. «Erromanizazioa Euskal Herrian - hiru» www.hiru.eus (Noiz kontsultatua: 2023-03-11).
  47. Ikusi Gothenburgeko unibertsitateko Digital Atlas of the Roman Empire (DARE) (Erromatar Inperioaren Atlasa)
  48. «VITORIA-GASTEIZ. | ROMA EN GIPUZKOA.» www.vitoria-gasteiz.org.es (Noiz kontsultatua: 2023-03-11).
  49. «bagauda», Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa.
  50. "Euskara Jendea: Erromako Inperioan".
  51. (Ingelesez) «Marcus Valerius Messalla Corvinus | Roman statesman, orator, poet, patron of literature | Britannica» www.britannica.com (Noiz kontsultatua: 2024-10-22).

Oharrak

aldatu
  1. Altxorra edo altxortxoa, aurkitzen den txanpon historikoen talde bat izendatzeko erabiltzen da.

Bibliografia osagarria

aldatu

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu