Urkuluko dorrea erromatar dorre baten hondakinak dira, Urkulu mendiko tontorrean kokatua, Nafarroa Garaiko Orbaizeta udalerrian.

Urkuluko dorrea
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Nafarroa Garaia
UdalerriaOrbaizeta
Koordenatuak43°02′45″N 1°14′28″W / 43.0457°N 1.24106°W / 43.0457; -1.24106
Map
Arkitektura

Historia

aldatu

1976an Jean-Luc Tobie arkeologoak esan zuen erromatar garaikoa zela, k. a. I. mendean Akitaniaren konkista ospatzeko eraikitako trofeo-dorre bat.[1] Eraikinak konkistaturiko lurraldeen hegoaldeko muga osatzen zuen. 1990eko indusketa-lanetan erabilera hori berretsi zuen aldare bat topatu zuen Maria Angeles Mezkiritz historialariak. Dorreak Amustegi mendatea babesten zuen, Ab Asturica Burdigalam galtzadaren Iruñea eta Akize arteko pasabidea.[2]

Kono-enbor itxurakoa, oinarrian 19,5 metroko diametroa eta tontorrean 3,6 metrokoa ditu. Jatorrizko altuera 4,5 metrokoa omen zen. Hormen lodiera 2,6 metrokoa da eta barnealdean oraindik jatorrizko hargintzak dirau.[2]

Dorretik metro gutxietara XVIII. mendeko gotorlekua dago, 1793ko Konbentzio Gerran erabilia.

 
Tropaeum Traiani, Errumaniako Adamclisin dagoen erromatar garaikurra.

Badira gaur egun zutik dirauten beste trofeo-dorre edo garaikur-dorre batzuk, besteak beste: Augustok eraikiarazitako Alpeetako Garaikurra, Okzitaniako La Turbien; Trajanok eraikiarazitako Tropaeum Traiani, Adamclisin, Errumanian; eta Ponpeiok eraikiarazitakoa, Coll de Panissarsen, Empordà eta Rosselló artean. Admaclisikoa, zirkularra izanik, Urkulukoarekin antzekotasuna ikusi da.

Trofeo-dorrea

aldatu

Jatorrian, greziarrek, garaitutako etsaiari arpilatutako armak eta beste objektuak zuhaitz bati lotuta eta adarretatik eskegita jartzen zituzten garaipena lortutako lekuan bertan, garipena ospatzeko. Horri tropaion esaten zioten. Baina etxera itzuli behar zutenean, multzoa jasotzen zuten, eta ez zen beraien ohitura harrizko edo brontzezko tropaion-ak eraikitzea. Baina erromatarrek etsaiaren armak etxera eramaten zituzten eta leku publikoetan erakusten zituzten. Gainera, tropaion (latinez tropaeum) horiek harrizko eta brontzezko bertsioak egin zituzten garaipenaren oroitzapena gordetzeko.[3]

Beste interpretazio batzuk

aldatu

Juan Mari Martínez Txoperenarentzat zalantzakoa da dorre hau trofeo-dorre erromatar bat denik. Hormak ez dira ohikoak erromatar garaiko eraikuntza horietarako, eta ez da zeramikarik bat ere aurkitu. Azkenik, ez da galtzada nagusirik pasatzen bertatik.[4]

2024ko ekainean Isaac Moreno Gallok, erromatar ingeniaritzan espainiar adituak, Urkuluri buruzko hipotesi berri bat plazaratu zuen. Berak ez du uste dorrearen hormetako hargin-lana ezaugarri erromatar osoak dituenik, eta aldiz, Garazin, Eiheralarren zutik egon zen eta gaur egun hondarrak bestetik utzi ez dituen Château-Pignon gotorlekuak duen harri lerroen itxura bera izango luke, eta haren osagarri moduko zelatatze dorre bat izango litzateke[5]. Hipotesi hori ez dago oraingoz frogatua eta ez dute arkeologoek babestu.

Erreferentziak

aldatu
  1. (Frantsesez) Tobie, Jean-Luc. (1976). «La tour d'Urculu (Province de Navarre). Un trophée tour pyrénéen? Essay d'interpretation» Bulletin de la Societé des Sciences, Lettres et Arts de Bayonne (132): 43-62..
  2. a b Mezquíriz Irujo, María Ángeles. (2004). «La torre-trofeo de Urkulu» Trabajos de arqueología navarra 17 (132): 109-115. ISSN 0211-5174..
  3. (Gaztelaniaz) Guerrero, José Antonio Hernández. (2006). Las palabras de moda. EDITUM ISBN 978-84-9828-048-7. (kontsulta data: 2025-07-11).
  4. (Gaztelaniaz) Martínez Txoperena, Juan Mari. «Vías romanas en el territorio norte de los vascones y sus mansiones» Megalitos Pirenaicos. Arqueología y megalitismo en el Pirineo Occidental (kontsulta data: 2019-03-28).
  5. Isaac Moreno Gallo. (2024-06-01). URKULU ¿ROMANO?. (kontsulta data: 2024-06-04).

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu