Antzinaro Berantiarra Euskal Herrian

Azken Antzinaroa edo Antzinaro Berantiarra deitu izan zaio antzinaroaren eta Erdi Aroaren tarteko aldi historikoari. Beste era batean esanda, V-VIII. mendeak, gutxi gorabehera, hartzen ditu aldi horrek. Mende hauek giltzarri izan ziren euskaldunen historian, izan ere, baskoi izenarekin, protagonismo berezia izan baitzuten euskaldunek Europako herrien artean. Hain aldi garrantzitsua izanik ere, historiografiaren aldetik ezjakintasunaren eta aurreiritzi ideologikoen mende egon da. Arkeologiaren alorrean azken urte hauetan egin diren zenbait aurkikuntza garrantzitsuri esker, mende hauei buruz genituen ezagutza asko hankaz goratu egin dira.

Europako testuingurua aldatu

Migrazio mugimenduak aldatu

Europako historia sakonen markatu duten fenomenoetako bat, dudarik gabe, migrazio mugimendu handiak izan dira, mende askotan gertatu baitziren, eta dramatikoak izan ziren sarritan. Gaur egun, gertaera hori iraupen luzeko fenomeno tipikotzat hartzen dute historialariek, historiaurreko migrazio mugimenduekin hasi eta XIII. mendean, Errusia eta Hungariaren gaineko mongolen presioarekin bukatu baitziren.

Bi mila urte baino gehiago izan ziren beraz herri nahasketa handi hau ikusi zutenak, eta, esan dugun bezala, Europaren etorkizuna markatu zuten. Inbasioak akademikoki, ohituagoak gaude hitz horrekin ez ziren bada izan noizbehinkako pasarteak, ez pasarte bakanak, aitzitik, gure iraganaren konstante iraunkor eta sakona dira. Gaia ondo ezagutzen duen batek seinalatzen zuen bezala, Europa mendebaleko eta hegoaldeko biztanleriaren egonkortasuna, hain erraz gertaera mugiezintzat hartzen duguna, aski egoera berria da, Europako ekialdeak oraindik iritsi ez duena (L. Musset). Duela ia hogeita hamar urte idatzi baziren ere, Balkanetako gertaerak ikusirik, guztiz gaurkoak gertatzen dira hitz horiek.

Lehenengo milurtekoaren bigarren erdiaren parte handi batean Pirinio mendebalaren inguruetan bizi izan ziren zenbait gertaeraren analisia egitea da analisi sintetikoa, nahitaez atal honen helburua. Ageriko gauza da, esandako guztiaren argitan, geografia inguru horretan migrazio mugimenduek izango zuten indarra. Ez ditugu hemen aztertuko lekualdatze horiek eragin zituzten arrazoi sakon, nahasi eta askotarikoak, baina gogoratuko ditugu, L. Musseti jarraiki, K. o. IV. mendetik aurrera izan ziren mugimenduen daturik adierazgarrienak. Lehen uholde handia laugarren eta bosgarren gizaldien artean gertatu zen; ezaugarri nagusiak migrazio mugimenduen hedadura handia (Pontoko estepatik Iberiar penintsularaino), eta Inperioaren barnean izan zituen efektu dramatikoak izan zituzten. Hunoak, alanoak, bandaloak, sueboak, burgundiarrak eta godoak izan ziren mugimendu horren protagonista nagusiak. Alabaina, haiek sortutako egitura politikoak godoenak izan ezik, guztiz pasakorrak izan ziren.

Askoz ere iraunkorragoak izan ziren bigarren mugimendu baten ondorioak; haren protagonistek Inperioaren parte handi bat okupatu zuten V eta VI. mendeetan, eta pixkana-pixkana zabaldu ziren, erakustaldi militar handirik gabe. Hori dela-eta, ez da gauza erraza haien mugimenduak denboran zehaztasunez kokatzea. Frankoek Europako etorkizunean izango zuten protagonismo erabakiorrarekin erakutsiko dute ondoen bigarren migrazio mugimendu honen sendotasuna. Lehorreko migrazio horiekin batera, Europako Atlantiko aldean izan ziren V. eta VI. mendeetan itsasoko migrazioak ere, heruloak, saxoiak, angloak, jutoak, piktoak, eskotoak eta bretoiak tarteko zirela. Seigarren mendearen hasieran, baretzen hasiko dira migrazioen astinaldi horiek, eta formazio politikoak hasiko dira sortzen, Europako mapa gauzatuko dutenak, nahiz eta duda-mudazkoak izan oraindik. Vouilléko garaipenaren ondoren (507), frankoek Galiaren parte handi bat hartu zuten, eta erreinuaren hiriburua Toledora aldatzera behartu zituzten bisigodoak. Anglosaxoiek Bretainian eta ostrogodoek Italian osatzen zuten protagonista nagusien zerrenda, beste herriak ere ahaztu ezin diren arren (sueboak, burgundiarrak, alamanak, bavariarrak); baina berehala beretuko zituzten haien egitura politikoak, bisigodoek lehengoenak, eta frankoek gainerakoak. Egonkortasun politiko hura ordea itxurazkoa zen, eta ez zuen askorik iraun. Justinianok, antzinako Erromatar Inperioaren pars Occidentis hura berreskuratzeko ahaleginetan, erreinu ostrogodoa desegin zuenean, lonbardiarrek bete zuten ostrogodoek utzitako hutsunea; hala, beren lurraldeak utzi zituztenean Italian sartzeko, domino efektu bat eragin zuten, hainbat herri mendebal aldera erakarriko zituena (avaroak, bulgariarrak, eslaviarrak).

Migrazio uhin horien ondoren, VII. mendean zehar, nolabaiteko lasaitasun aldi bat ezagutuko du Mendebaleko Europak.

Mende horretan ez zen kanpotik presiorik izan, baina itxura besterik ez zen. Gertu zegoen ordurako Europa kristauaren kontrako bigarren erasoaldi bat L. Musseten hitzetan, VIII. mendean hasiko zena. Demografiaren aldetik, eragin nabarmena izan zuen gure kontinentearen ekialdeneko parteetan, herri eslaviarrek hartuko baitzituzten ia osorik. Europa mendebalean, berriz, ondorioak gehiago izan ziren politikoak.

Iberiako Penintsulako parte handi bat errealitate berri eta ahaltsu baten mende geratuko da, luzaro geratu ere, islamaren mende alegia. Izan ere, Europako bihotzaren kontra egindako erasoak huts egin zuen arren, ardura handia izan zen islama kristau munduarentzat, mende asko iraun zuena.

Eskandinaviako leherketa handia izan zen Europako mendebalak pairatu zuen azken astinaldia, baina haren mugimenduak, gure geografia eremuari dagokionez, atal honetako muga kronologikoetatik kanpo geratzen dira.

Pirinio mendebaleko eremua aldatu

VI. mendea arte aldatu

Pirinio inguruak, jakina, ezin izan zuen Europako patua markatuko zuen migrazio uholde izugarri horretatik aparte geratu.

Inbasioen hasieratik bertatik, Pirinioak izango dira suebo, alano eta bandaloen Hispania erromatarrean sartzeko ahaleginen gertaleku nagusia. Lehen unean, Pirinioetako igarobide nagusietan ziren defentsa sistemek geldiarazi zituzten, baina Akitania eta Novempopulaniako zabaldiak ostu ondoren, Pirinioak igaro (409), eta penintsulako euskal lurrak gurutzatuz, hegoalderantz egin zuten.

Geroxeago, beste talde bat, bisigodoena oraingoan, sartuko zen penintsulan; zenbait gorabeheraren ondoren, Inperioko federatu bihurtuta bukatu zuten, bandalo eta alanoen kontrako borrokan. Walia eta Honorioren arteko itun batek ordea (418), gertaeren ildoa aldatuko zuen: bisigodoek Aquitania Seconda jasotzen dute beren herriarentzat, eta penintsulatik alde egiten dute, Pirinioen iparraldean, Regnum Tholosanum berria osatzeko.

Hurrengo urteetan (418-507) hiru gertari nagusi izango dira, batez ere gure eremuari eragingo diotenak, eta, horren ondorioz, hango egonkortasuna hautsiko dutenak: aurrena, sueboen espantsionismoa, hainbat gertaera eragingo duena eusko lurretan; bigarrenik, bagauda higikundea, Inperioko hainbat eskualde astindu zuen matxinada bortitza (horien artean, Ebroren erdiko ibarrekoa); hirugarren, bisigodoen esku hartzeak aipatu behar dira: bisigodoak, Akitaniatik abiatuz, gure geografia eremuan jardungo dira, lurrak kontrolatu eta ordena berrezartzeko kanpainetan, bai bagauden kontra, bai sueboen kontra; prozesu luzea izan hori, Tarraconensearen kontrako Eurikoren eraso gogorrarekin (472), gudaroste garrantzitsuen sarrerarekin (494), eta, azkenik, egoerak berez ekarri zuen bisigodoen behin betiko finkatzearekin (507) bukatu zena. Aipatu beharrekoak dira, azkenik koadroa osatzeko, heruloen eta saxoien erasoak Bizkaiko golkoan, Hidazio eta Sidonio Apolinarren lekukotasunetan jasoak.

Gertaera horiek, hain segidakoak eta traumatikoak izanik, nahitaez izan behar zuten eragina euskal lurretan; izan ere, erdi erditik gurutzatzen zituzten lur horiek espedizio militarren joan-etorrien lekuko mutuak izan ziren komunikabide garrantzitsuek.

Hala ere, ez dirudi oso aktiboa izan zenik gure geografia eremuko biztanleen jarrera (ezagutzen diren lekukotasunen arabera), eta kontraste handia egiten du VI. mendearen bigarren erditik aurrera erakutsiko duten dinamismo izugarriarekin.

 
Iberiar penintsulako mapa VI. mendean.

VI. mendetik aurrera aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Domuit vascones»

Pirinioen hegoaldean, ondo ezagunak dira garai hartako kronikariek jasotzen dituzten gertaerak. 581ean hasi zen baskoien kontrako Leovigildoren kanpaina, baskoien eta bisigodoen monarkiaren arteko mendeetako liskar aldia, askotan eta askotan aztertu eta eztabaidatu dena. Juan Biclarokoak dioenez, Leovigildo erregeak Baskoniako parte bat hartu eta Victoriaco izeneko hiria sortu zuen, Gasteiz, Bitoriano edota Arabako inguruko beste lekuren batekin identifikatu izan dena.

Pasarte horren ondoren, behin eta berriz agertuko dira kroniketan baskoien eta bisigodoen arteko borrokak, gure mendeko bibliografiak ere asko landu dituenak.

Gai hau orain sakon aztertu ezin badugu ere, esan beharra dago badela borrokaldien lekukotasunik Rekaredo, Gundemaro, agian Sisebuto, Suintila, Txindasvinto, Rezesvinto, Wamba, eta azkenik, Rodrigoren erreinaldietan.

Alegia, bederatzi errege godok, gutxienez, mugitu behar izan zituzten beren armadak penintsulako baskoiak kontrolatzeko eta menderatzeko ahaleginetan. Ez zuten inoiz beren asmoa oso-osorik mamitu.

Baskoien ekimenetako batzuk handiak izan ziren. Rezesvintoren erreinaldian, adibidez, 653. urtean, Zaragozari setio jartzera iritsi zen espedizio batean parte hartu zuten. Kasu horretan, monarkia bisigodoko erregenahia zen Froiaren aliatu gisa zetozen.

Tajon, Zaragozako apezpikua, gertaera horien lekuko izan zen; hiri barnean zegoen setioaren garaian, eta gutun batean eman zion setioaren berri bere Bartzelonako kide Kirikori. Froia Rezesvintoren kontra altxatu zen dio, eta, krimen hori zela eta, baskoien herri krudela, Pirinio mendietatik aterea, lurrak errautsiz batera sartu zen Iberian (?) Kristau askoren odol errugabea isuri zen. Batzuei lepoa moztu zieten, beste batzuk geziz eta era guztietako arma jaurtigaiez zauritu zituzten. Preso kopuru handia altxatu zuten, eta sekulako harrapaketak egin zituzten. Jaungoikoaren tenpluetara ere eraman zuten zorigaitzeko gerra hau. Aldare sakratuak suntsitu zituzten.

Ezpatak hartu, eta elizgizon asko txikitu zituzten, eta gorpu asko utzi zituzten lurperatu gabe, zakurrek eta hegaztiek jan zitzaten. Hitz horiek adierazten dutenez Abilio Barbero eta Marcelo Vigilen hitzetan, baskoiek, Pirinioetako eskualdean independenteak izateaz gainera, bazuten antolamendua eta indarra gai bihurtzen zituenak esku hartzeko berea baino askoz nazio ahaltsuagoen bizitzan.

Díaz y Díazek argitaratu berri du himno bisigotiko bat, kanpainan irteten den gudaroste baten (de prefectione exercitus) agur ospakizunetarako ondua; orain argitzea ez dagozkigun baina guztiz sinesgarriak diruditen arrazoiengatik, egile honek 653ko udan gertatu zen espedizio gogorrarekin lotzen du himno hori, baskoien kontra bisigodoek egin zutenarekin hain zuzen, goian aipatu den baskoien sarrera bortitzaren ondoren. Gainera, Froia aipatzen bide da himnoaren bertsoetako batean (45. bertsoan), eta baita baskoiak ere, barbaro eta gupidagabetzat deskribatuak (31-32 bertsoak); haien bihotz gogorkeria eta paganismoaren kontra, adierazten da kristauen eskubidea, Kristoren odolak berrerosiak baitira, eta bataioak birloratuak, beren arerioen kontra.

Pirinioen iparraldean gertaerak orobat izan ziren ikusgarriak. 541ean borrokatua zen Klotario iparraldeko baskoien kontra, eta baskoiak izan ziren garaile. Barberok eta Vigilek aipatzen duten bezala, urte batzuk geroago, baskoiak beren mendietatik jaitsi zirela kontatzen digu Gregorio Tourskoak, mahastiak eta soroak suntsitu zituztela, etxeak erre, eta gatibu eraman zituztela asko eta asko, aziendak ere ostuta. Haien kontra jardun behar izan zuen Austrobaldo jeneral merovingiarrak, aski zorte txarrez ordea.

Dirudienez, VI. mendearen azken herenean, erreinu frankoaren mugetan sartu nahian zebiltzan Pirinio iparraldeko baskoiak, non kokatu bila. Lortu zuten, dirudienez; Ravenako kosmografoak (VII. mendearen bukaeran idatzitako dokumentua), esaten baitigu Akitaniari Guaskonia deitzen ziotela, edo baskoien lurra (Vasconum patria); urte batzuk lehenago Gregorio Tourskoak Novempopulania zeritzon Aktianiaren hegoaldeari, eta Pirinioetako mendialderako gordetzen zuen Vasconia hitza, Barberok eta Vigilek dakarten bezala. VII. mendean zehar Teodoberto II.ak, Teodoriko II.ak, Txariberto II.ak, Dagoberto I.ak, Pipino Heristalgoak, liskar etengabeak izan zituzten, baita frankoek 768an Akitania konkistatu ondoren ere, eta orobat Karlomagnok bere seme Ludovico Piorentzat, Orreagako hondamendiaren ondoren, Akitaniako erreinua sortu eta gero ere.

Hala bada, gai ziren Pirinioen bi aldeetako baskoiak Barberok eta Vigilek zioten bezala, garai hartako bi monarkia ahaltsuenen bizitzan, frankoen eta bisigodoen bizitzan, indarrez esku hartzeko. Karlomagnoren seme Ludovico Pioren biografoak kontatzen du, nola zeramatzan errege gazteak soinean, Padeborneko biltzarraren aurrera aurkeztu zenean, aitaren aginduen arabera, euskaldunen tankerako jantzi motz eta biribila, atorreko mahukak erakutsiz, estaliak zangoak, ezproiak oinetakoetan loturik, eta jabalina bat eskuan. Izango zuen indarrik euskaldunen izenak dio hitzez hitz Lakarrak, monarkiako seme lehena horrela aurkezten zutenean gortearen aurrean. Dudarik gabe, era horretan lausengatu nahi zituen bere mendeko borrokalarienak, eta aldi berean Luisen sarrera erreinu berrian prestatu.

Eta hementxe iritsi gara auziaren mamira.

Zein dira baskoi hauek, non bizi dira, nola antolatzen zuten gizartea? Hasteko, arrazoizkoa dirudi pentsatzea izan behar zuela ekintza haien atzetik, nahitaez, azpiegituraren bat, antolamendu militarren bat nahiz eta guztiz txikia izan, babeserako erabiliko zituzten herri gotortuak eta, hala, ere, hau baiesten zen duela gutxi: baskoien ekinaldiak primarioak ziren, instintuzkoak, inolako mekanismo konplexurik gabeak (Sayasek dioen bezala).

Egia ote da beraz baskoi haiek, gure egunotako bardoren batek kantatzen duen bezala, turuta hutsaren hotsetara biltzen zirela, eta, etsaiak garaitu ondoren, lasai lasai etxeratzen zirela, sutondoan atseden hartzera? Ez dirudi ez oso gauza logikoa, eta sinesten nekeza da. Laburturik ikusiko ditugu orain garai honetako auzi eztabaigarrienetako batzuk.

Antzinaroaren hondarrak aldatu

Aurkikuntza arkeologiko berriak aldatu

 
Burdin Aroko armak, Gasteizko arkeologia museoa.

Benetan eskasa zen duela hamar urte garai garrantzitsu honi buruz genekiena.

Laster aipatuko dugun haitzulo artifizialen fenomeno ohargarriaz gainera, ezagutzen ziren Antzinate Berantiarreko aurkikuntza batzuk ere, txikiegiak ordea eta, gure ustez, beren ingurunetik kanpo aztertuak. Albisteen zerrenda oso laburra zen. Dozena erdi aurkikuntza ustekabeko Araban, Bizkaian pare bat eta ezertxo ere ez Gipuzkoan.

Azken urteotako aurkikuntzek ordea, datuen kopurua asko zabaltzeaz gainera, Kopernikoren bira izan dira gure ezagutzen egoeran, eta duela hamar urte pentsaezinak ziren interpretazio aukerak zabaldu dituzte.

1987an Aldaietako nekropolia aurkitu zen, Langara-Ganboako udalerrian, Gasteiztik gertu. Aintzirako urek kalte handia egin bazioten ere, ehunetik gora hilobi agertu ziren, tipologiaz antzekoak denak. Zulo soileko hilobiak dira; gorpua egurrezko hilkutxa batean dago sartua, hornia eta ehortz gordailua zeuzkala aldamenean, kalitate nabarmenekoak zenbait kasutan. Multzokatuak zeuden hilobiak, eta espazio libre zabalak zeuden multzoen artean. Zenbaitek hilobi zerrenda luzeak osatzen zituzten. Beste batzuek, berriz, antolamendu guztiz desberdina zuten: bazen lehen maila bat horni aberatsekoa, eta, haren gainean, zenbaitetan, baita hiru hilobi maila desberdin ere.

Oso deigarria gertatzen da, dudarik gabe, bai hilobien orientazioan, bai gorpuen posizioan edo zenbait ehortz gordailuen presentzian dudarik gabe, aztikeriazko esanahia dute, antzematen den ehorzketa errituen ugaritasuna. Emaitzak, zenbait kasutan, ikusgarriak dira: badira bururik gabe lurperaturiko gorpuak, badira hezurdurak postura berariaz bortxazkoetan, zaldien hortzak ageri dira zenbait hilen ondoan, eta abar.

Baina gure gaiari dagokionez, horniduretan ageri den arma kopuru handia da daturik aipagarriena. Arma horiek, batere dudarik gabe, gure aroko VI. eta VIII. mendekoak dira, hau da, hispaniar historiografiak aldi bisigotikoa deritzan garaikoak, eta galiar historiografiak, berriz, aldi frankoa, eta zehatzago, merovingiarra deitzen duenekoak.

Baina, eta lehen begiratuan pentsa daitekeenaren kontra, Aldaietako nekropolisak geografikoki Hispanian dagoen arren, eta Regnum Visigothorumari dagokion eremuan, guztiz harritzekoa bada ere, merovingiar aldiko Regnum Francorumen ehorzketa errituen kultura ezaugarri guztiak ageri ditu. Ahalik eta hobekien saiatuko gara hori azaltzen.

Peregrinatio Gothica luze hura aztertu duten arkeologo eta historialariek hainbat kultura mota berezi dituzte K. o. I- IV. mende bitartean: Wielbarkekoa Pomeranian, Przeworskekoa Polonia erdialdean eta Txernyakhovekoa Ukrainan, besteak beste. Kultura gotiko horiek oso desberdinak dira: batzuek beren sorlekuko hilobiratze ohiturak gordeko dituzte, eta beste batzuek, berriz, okupaturiko herrien ohiturak beretuko. Denetan izango da, ordea, ezaugarri komun bat, definiziozkoa: beren hilobietan ez da armarik ageri. Eta gauza bera gertatuko da bisigodoak Erromatar Inperioan sartzean, luzaro harat-honat ibili arren behin betiko Toledoko erreinuan kokatzen diren arte. Badira, jakina, zenbait salbuespen, baina hain da zabaldua ohitura hori, non iritsi baitira proposatzera, teoria argigarri gisa, gai honi buruz bazela tabu sendo bat godoen artean.

Aitzitik, VI. eta VII. mendeetako mundu frankoaren ezaugarririk baldin bada, bisigodoentzat deskribatu berri dugunaren kontrakoa da hain zuzen ere. Orriotan ezin dugu Regnum Francorumen formazio prozesua agertu, baina gauza da erreinu haren hilobiratze ohituren mende geratuko dela gure kontinentearen parte handi bat, Mantxatik Danubio Erdiraino, eta Saale ibaitik Pirinioetaraino. Badira milaka ehorzketa gune, ondo ezagutzen direnak eta europar arkeologoek joan den mendeaz geroztik sakon aztertu dituztenak; horien arabera, ehorzketen ezaugarri nagusiak definitu ahal izan dira, horniduren bidez hain zuen.

Eta armez osatuak izatea da, erasorako armez batez ere, horniduren ezaugarri nagusia: hala adibidez francisca edo gezi-aizkora disimetrikoa, scramasaxa edo ezpata aho-bakarra, eta lantza. Ez dira hain sarriak izango, aldiz, defentsazko armak, hala kaskoak eta ezkutuak, edota bi ahoko ezpata luzea; azken hori zaldi gainean borrokatzen ziren buruzagiek erabiltzen zuten. L. Mussetek dioenez, antzekoa da koadroa, aldaketa txikiak gorabehera, aipatu dugun geografia eremu osoan.

Aldaietako hilobiratzeak bete-betean sartzen dira paradigma horretan. Lantza puntek, scramasaxek eta batez ere borrokako aizkoren tipologia aberatsak, Europa mendebaleko nekropolien testuinguruarekin lotzen dute. Aurkitutako armen kronologia VI. mendearen bigarren erditik VII. mende osora, edota hurrengoaren hasierara, luza daiteke.

Aurkikuntza berez izan zen garrantzitsua.

Baina are garrantzitsuagoa izan da kronologia eta ezaugarriak antzekoak dituzten beste zenbaiten aurkikuntza: Buzagako nekropolia (Elortz, Nafarroa), Finagakoa (Basauri, Bizkaia), San Pelaiokoa (Dulantzi, Araba), eta orobat antzinatik ezagutzen ziren beste batzuen berrinterpretazioa, datu berrien argitan egin ahal izan dena: Iruñako nekropolia, Arabako aurkikuntzak, hala Gereñu, Salvatierrabide, Gereña edo Gasteiz.

Aldaieta ez da, beraz, gertaera bakana, aitzitik, transzendentzia historiko handiko aurkikuntza da. Kultura errealitate berri bat, oso garrantzitsua, adierazten duten aski leku aurkitu dira jadanik, eta errealitate berri horrek, oro har, filiazio frankoko testuinguruekin du zerikusia.

Aurkikuntza arkeologiko mota hauen berri ematerakoan, ez da gure asmoa izan inolako berezitasunik azpimarratzea, agertu berri den lanen batean egozten zaigun bezala. Izan ere, esan da gertaera hori ez dela hain bitxia, eta balizko bitxitasun horren kontra, beste nekropolietako datuak aipatu dira: Tañine eta Sullascabras (Soria), Daganzo de Arriba (Madril), eta Casteltierra (Segovia). Ezagutzen ditugu eta ezagutzen genituen nekropoli horiek, eta, halere, esandakoari eusten diogu. Ez da hau leku egokia argudioak xehetasunez ematen hasteko, baina azpimarratu behar da ez garela aizkora txiki batez ari, edota ezpatatxoren batez aipatu berri ditugun penintsulako nekropolietan bezala, ez; badira zenbait scramasax, berrogeita hamarren bat lantza, eta borrokako hogeita hamar aizkora baino gehiago, Aldaietakoa bezalako nekropoli batean jasoak denak, bestalde, erdizka bakarrik gorde den nekropoli batean.

Buzagan, oraindik induskatu ez den arren, azaleko geruzetan aurkitu diren materialen artean badira hogeita hamar bat arma, horien artean ezpata motz aho-bakarrak, sastakaiak, lantzak eta gezi puntak.

Horixe bera gertatzen da aipatu ditugun hemengo nekropolietan, alegia, arma asko dela denetan; eta araua da hori, ez salbuespena.

 
Scramsax bat

Armen auzia, gainera, beste argudio bat besterik ez da, esanahi bereko beste argudio horiei erantsi beharrekoa. Brontzezko ontziak, metalezko eranskinak eta epai helikoidaleko heldulekuak dituzten egurrezko ontziak, beste materialen artean, denak dira penintsulako nekropoliekin baino areago, kontinentekoekin loturik dauden gauzakiak.

Arazo nagusia, gainera, aurkikuntza horiek beren testuinguruan txertatzea da, eta berekin ekar ditzaketen ondorio historikoak aztertzea, orain horretan sartu ezin bagara ere. Zenbait lagunen babes sendoa jaso duten interpretazio proposamen batzuk eman ditugu aditzera, baina, aldi berean, beste horren besten aurkako iritzia ere sortu dute. Gauza guztiz normala da hori, eta, are gehiago, oso positiboa ere bada gure iraganaren ezagutza iritsi nahi baldin bada.

Gauza ez baita nork duen azken hitza, aldiz, betidanik oso zailtzat jo den garai baten historiografia indarberrituko duen eztabaida sortzea da hemen funtsezkoena.

Aldaietako aurkikuntzak, izan ere, historiografiak kontuan hartu gabeko interpretazio arazoak sortu ditu. Ondo dakigu denok zer nolako pisua duten historiografia tradizional deritzaten horiek. Antzinate berandukoan, eta parterik ekialdekoena salbuetsita, muga zehatz baten gisara ikusi izan dira Vouilléz geroztik Pirinioak; hala, alde baterako nahiz besterako nohiz behinkako sartu-irtenak kenduta, iparraldeko parte "franko" bat eta hegoaldeko parte "bisigodoa" banatzen zituzten.

Gogora ditzagun, adibide gisa, Pirinio eta Akitaniako mundua primeran ezagutzen dituen Michel Rouche bezalako baten hitzak; hark, aldi horri dagokiola, honela dio: zibilizazio komun bat zabaltzen zen Pirinioetako katearen bi aldeetan. Zibilizazio eredu berbera zuten Paulino Nolakoa bordelesak edo Calahorrako Prudentziok. Senatore familiek mendien bi aldeetan zituzten lurrak. Erromatar Pirinioak ez ziren inoiz hesi izan. Eta horraino, ados gaude.

Honela segitzen du ordea: Baina hesi bihurtu ziren germaniar inbasioekin? Pirinioek muga papera jokatu zuten erdialdean eta mendebalean. Eta, hortxe osatu zuten bisigodoek hasieran, VI. mendean batez ere, eraginkortasunik handieneko sare bat.

Antzeko iritzia dute beste askok ere.

Gure indusketen datuek ordea gezurtatu egiten dute, erabat gezurtatu ere, ikusmolde hori. Mendebaleko Pirinioak (horiei buruz ari baikara) ez ziren inoiz izan frankoen eta bisigodoen munduen arteko muga. Muga hori, izatekotan, hegoalderago zegoen, Ebro ibaiaren goi arroaren inguruetan.

Baskoien espantsionismoa eta Victoriacoren sorrera aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Baskonizazio berantiar»

Arkeologia aurkikuntza hauek oso lagungarriak izan daitezke euskal historiografiaren auzi bizienetako batzuk ulertzeko.

Horietako bat da, esate baterako, baskoien eta bisigodoen betiko kontrakotasuna, historiari ideologia pisu gehiegiz begiratzen dutenentzat harrotasun edo haserre sorburu (kasuen arabera) izan dena, eta, aitzitik, interpretazio enigma gertatu zaiguna iragana halako distantziaz aztertu nahi dugunoi.

Baina auzi nagusia, hemen, gogoratzea baino, borrokaldi horiek espazioan kokatzea da, eta protagonista izan zituzten haien berri gehixeago izatea.

Bada datu bat, hori bai, ezin ukatuzkoa.

Autrigoi, barduliar eta karistiar bezalako antzinako etnonimoak desagertu egin dira erabat ia kroniketatik, eta haien ordez, baskoi izena ageri da nonahi. Edo, beste era batera esanda, garai horretako idazleek baskoiak aipatzen dituztenean, kontatzen diren gertaerak jatorrizko lekuari ez dagozkien geografia eremuetan kokatzen dira.

Saiatu dira batzuk ez zen S. Albornoz lehena izan horretan, bai ordea sutsuena, aldaketa horiek baskoien hedapen fisiko gisa agertzen; haien arabera, Akitaniako lurrak eta gaurko lur baskoiak jendeztatu zituzten baskoiek, eta baskoi bihurtu.

Beste batzuek berriz J. Caro Barojak eta K. Mitxelenak, adibidez, herri baten hedapena baino, etnonimo batena, alegia, herriaren izenarena, ikusi dute izendapenen aldaketa horretan.

Dirudienez, garrantzi berezia du arabar lurraldeak honetan guztian. Novempopulaniako zabaldien alderako mugimendu ustezkoa azkar jaso zuen frantses historiografiak, interpretatuz zenbaiten ustez, gehiegikeriaz, Gregorio Tourskoaren lekukotasun ezaguna (587), lehenago aipatu duguna.

Euskal sakonunearen alderako baskoien hedapen hipotetiko hura, jadanik A. Oihenartek aipatzen zuen arren, geroago zabaldu zen historiografian. Shultentek, 1927an, Victoriaco Bitorianorekin berdindu zuen, eta, horren ondorioz, erreferentzia horien arabera, baskoiak Arabaren jabe ere baziren; era horretan, Shultenen ustez baskoiek konkistatu zituzten barduliar, autrigoi eta karistiarren lurra. Shultenen ideia horrek, ordea, gero eta eztabaidagarriagoa dirudien uste batean du oinarria; alegia, okerreko gauza dirudi pentsatzea Leovigildok Johannes Biclarensisen lekukotasunaren arabera, baskoiak garaitu (581), eta haien lurren parte bat okupatu ondoren, fundatu zuen hiri bera dela gaur egungo Bitorianoko hiria.

Hala, kontatzen du Johannes Biclarensisek, 581. urtean Leovigildok gaurko Baskoniako parte bat konkistatu zuela, eta fundatu zuela hiri bat Victoriaco izenaz ezaguna (Anno V Tiberii, qui est Leovigeldi XIII annus. [?] 3. Leovigildus rex partem Vasconiae occupat et civitatem, quae Victoriacum nuncupatur, condidit). Kronikariak ez dio besterik, ez du zehazten zein parte okupatu zuen errege bisigodoak, eta, jakina, ez du seinalatzen delako hiria gaurko Arabako lurraldearen zein lekutan zegoen. Egile itzaltsu askok ordea zaharrak batzuk, hala Flórez, Risco, Henao, Schulten, beste batzuk gugandik hurbilagoak, hala C. Sánchez Albornoz, G. Martínez Diéz, A. Barbero, M. Vigil, J. A. García Cortázar, E. Barrena, A. Besga, Victoriaco Gasteizen, Bitorianon edo Lautadako beste edozein puntutan, inguru horietan behintzat, ezarri nahi izan dute. Hortaz, esan daiteke identifikazio hori ustea besterik ez bada ere zenbaitetan, homofoniazkoa huts-hutsik, guztiz sartua dagoela egungo historiografian.

Nolanahi ere, eta aspalditik orobat (Garibai, Moret), izan dira bestelako iritziak ere, gure mendean jarraipena izan dutenak (G. Balparda, J. Caro Baroja, A. Azkarate). Argudioak, oraingo honetan, askotarikoak izan dira. Balpardak kontra egiten zion uste horri, esanez arabar lurraldea, ez garai honetan, ez haren aurreko erromatar aldian, ezta segidan etorri zenean ere, ez zen baskoien lurraldea izan (Baskonia), aitzitik, barduliarrena (Bardulia) eta kantauritarrena (Kantabria) izan zen. Antzeko iritzia zuen Caro Barojak, zeren eta garaiotan Baskonia oso zehatz baitzegoen definitua, eta Victoriaco hura nafar lurretan egon zitekeela ematen du aditzera.

Agustin Azkaratek, hasieran, jarrera eszeptikoa izan zuen adostasun horren zabaltzea zela-eta, aipaturiko argudioei ez baitzioten aski irizten. Geroago, 1990 aurretxoan eta ondotxoan gertatuko ziren arkeologia aurkikuntza garrantzitsuen eskutik, hasierako ideia finkatu zuen, hain zuzen ere agertu dituen aurkikuntza horien bitartez.

Badira gainera joan den mendeaz geroztik ezagutzen ziren arkeologia arrasto batzuk, kontuan hartu ez direnak ordea auzi hau argitzeko garaian. Horietakoak dira Gasteizko hiriaren parte gorenean joan den mendean egin ziren lur mugimenduak. Hiru dira nabarmendu nahi dituen lanak: Maisu-maistren Eskola Normalaren eraikuntza 1884an hasia, Bakardadearen Portalaren eraistea hurrengo urtean egin zena, eta Gorbeiako uren ekartzea eta ur biltegiaren eraikuntza, 1883koa. Obra hauek berekin ekarri zituzten lanetan, eta batez ere hirugarrenean, arkeologia arrasto sail bat eskuratu zen, J. Cola y Goiti, L. Velasco eta F. Baraibar bezalako adituen ekimenari esker ezagunak eta gordeak. Hainbat lan argitaratu zen berreskuraturiko materialei buruz, erakusketak ere egin ziren; gaur egun Gasteizko hiriko museoetan daude aurkituriko gauzak erakusgai. Horietako bi Armeriako Museoan daude.

Bi lantza punta dira, aho biribildukoak eta heldulekuaren sargunea hodi formakoa eta irekia dutenak, deskribatu diren antzinate berankorreko nekropolietan ohikoak; horien antzekoak dira Aldaieta eta San Pelaioko arabar nekropolietan agertu direnak, eta orobat Finagako bizkaitarrekoak. Kronologiari dagokionez, VI-VII. mendekoak dira.

Baina berdintasunean segur aski deigarriena dena Arkeologiako Museoan dago, Gasteizko hiriari eskainitako erakusleihoan.

Hori ere Campillotik dator; scramasax bat da, tipologiaz Aldaietako nekropolian 71. urperatzean berreskuraturiko beste baten berdina-berdina.

Badira beste bi arma prototipo horren aldagai gisakoak, horiek ere Armeriako Museoan daudenak, eta era berean Gasteizko parte zaharrean egindako indusketa zaharretatik datorrena; sastakai moduan sailkatuak dauden arren, scramasaxak dira, deskribatu dena baino laburragoak, eta heldulekuak ezpata sagar txiki batez bukatua dutela. Ezpata aho-bakar hauen kronologia normalean VI-VIII mendetakoa izaten da.

Ez dira horiek garai honetakoak bide diren gauzaki bakarrak (izan daitezke, agian, beste hiru scramasax, bi Arkeologia Museoan eta beste bat Armeriakoan, baita lantza puntaren bat ere, garai berekoa izan daitekeena), baina, guztien azterketa xehea egiten ez den artean, nahiago dugu emaitzez ez jardun. Interesgarriena, uneotan, zera da, alegia, joan den mendearen azken laurdenean Gasteizen egin ziren lur lerratzeetan, Gasteizko parte gorena VII. menderako, gutxienez (eta, agian, baita mende bat lehenagotik ere), jendeztatua zela frogatzen duten arkeologia arrastoak agertu zirela.

Edo, beste era batera esanda, Antso Jakitunak Gasteiz fundatu baino seiehun urte lehenago, bizi zen jadanik gizatalde bat bertoko mendixkan, beren hilak San Pelaion (Dulantzi) eta Aldaietan (Langara-Ganboa) ehortzi zituzten haien, eta Gereñun, Gereñana, Salvatierrabiden eta gure lurretako eta inguruko beste lekuetan berreskuratu diren hondakinetan beren existentziaren lekukotasuna utzi dutenenen antzeko kultura materiala zuena. Kultura horrek europar kontinenteko inguru frankoetan nagusi diren modu berberak ageri ditu, bisigodoen mendeko penintsulako lurretan nagusi izan zirenen guztiz desberdinak direnak. Hori guztia dela-eta, arrazoizkoa deritzote duda egitea Victoriaco eta Vitoriaren arteko (Gasteiz) berdintasunaz, berdintasun hori oraindik ere oso zabaldua dagoen arren gaurko historiografian. Ezagutzen ditugularik gaur egun osagai militarrak eta kultura ezaugarriak bisigodoenak ez bezalakoak dituzten hainbat gune eta gune horiek ez ziren behin-behinekoak, egonkorrak baizik, Leovigildoren garaipenen eszenarioan kokatuak segur aski, eta errege godoak baskoiak garaitu zituen urteetan data daitezkeenak, zalantzan jarri beharko da, ez hainbeste Juan Biclarakoaren lekukotasunaren egia, aitzitik, kronikariak deskribaturiko gertaerei eman nahi izan zaien kokagunea. Izan ere, oso zaila gertatuko litzateke ulertzea nolaz sortu zuen Leovigildok, hutsetik, hiri bat, non eta herri guztiz armatuz, eta bisigodoen kultura ez bezalakoez ez bada arerioez inguraturiko leku batean.

Kristautasunaren sarreraren auzia aldatu

Duela hamar urte pentsatzen genuena aldatu

Kristautasunaren lehen arrasto ziurrak, baskoien lurretan, tetrarken garaikoak dira, eta hegoaldeari zegozkien. Inperioaren bukaera aldean zirudien gertatu zirela orobat kristautasunaren lehen sarrera saioak lur horretan. Bazirudien beraz, erromatar aldia bukatu baino lehen, eta Inperioko legeen babespean erlijio forma berriaren alde eta gurtza paganoen kontra, kristautasuna ez zela hirietan bakarrik finkatu eta sendotuko, zabaldu ere egingo zela hiri inguruko nekazari giroko eremuen konkistatzera.

409ko inbasioen ondoren sorturiko egoerak amaiarazi zituen saio apal horiek denak, eta, inoiz esan den bezala, ondorengo gertaerek ez zituzten gauzak aldatu.

Era horretan, kristautasunak, V. mendeaz geroztik gero eta gehiago zihoalarik erromatartasunaren eskutik, eta aginpide bisigodo horrekin aliantzan, iparraldeko lurretan Paulinoren garaiko trabak baino askoz ere zailagoak aurkitu behar zituen, lasaiagoak baitziren Paulinoren garaiak. Horrela zioen, adibidez, Sayas Abengoetxeak, eta beste horrenbeste pentsatzen genuen geuk ere. Izan ere, iruditzen zitzaigun erromatartzea eten egin zela antzinate beranduko mendeetan, eta aldi berean baskoien inguruko bitxikeria eta basakeria ezaugarriak areagotu zirela.

VIII. eta IX. mendeetatik aurrera bakarrik abiatuko zen, egoera berriarekin batera, sartalde kristauaren ezaugarriak beretzen hasia zen mundu baterantzako igarotze benetakoa, gizarte itxi eta bakan batetik (ekonomia primitibo batekin, familietan oinarrituriko egiturarekin, eta arbasoengandik heredaturiko erlijio ohiturekin), beste baten aldera eginez; gizarte berri horrek erromatarzale gisa definitu izan diren ezaugarri berri batzuk beretuko zituen pixkana-pixkana, bai sozio-ekonomikoak, bai ideologikoak. Eskema horretan, guztiz agerikoa da Barbero, Vigil eta García de Cortázar bezalako egileen eragina.

Gaur egun dakiguna aldatu

Gaur egun, ordea, eskema hori guztiz aldatu beharra dagoela deritzogu, ez ordea erromatar inperioko azken garaiari dagokionez, baizik eta inperioaren desagertzearen ondoko mendeei dagokienez. Duela hamar urte pentsatzen genuen bisigodo ondorengo garaian gertatu zela aztertzen ari garen prozesuko azelerazio puntua, baina gaur egun berriz, uste dugu beranduko antzinatean hasia zela jadanik lanerako hipotesia da gure iritzi hau, sartalde kristauaren kultura munduan txertatze prozesua, eta indarrez gainera. Horrek ez du esan nahi, noski, kontrako lekukotasunik ez denik, baita beranduagoko garaietakoak ere, baina gauza berbera gertatzen da Europa osoan, eta ez da hori Euskal Herriaren berezitasuna.

Ikus dezagun zer dioen honetaz arkeologiak, ezaugarri zaharkituetatik hasita (kristautasunaren aurreko errituen iraupena), normalean pentsatu izan dena baino goiztiarragoa den kristautasun baten lekukotasunekin amaitzeko. Ehorzte errituak behin baino gehiagotan esan izan den bezala (Cumontengandik hasita, oraingo beste egile asko arte), heriotzaz geroko sinesteak aldatu ziren azkenak herri pentsaeran, erlijio ideia berriak zabaltzen hasi zirenean. Izan ere, Youngek gai honi buruzko lan jada klasiko batean zioen bezala, ez da gauza iraunkorragorik hilen gurtzarekin loturiko sinesteak baino.

Gauza bitxia gertatzen da ordea zer-nolako isiltasuna gorde duten beranduko antzinateko mendeetan batez ere, idatzizko iturriek gizakiaren bizitzaren horrelako parte garrantzitsu baten gainean. Eta askoz ere gauza bitxiagoa gertatzen da albiste falta hori kontuan hartzen baldin bada idolatriazko, aztikeriazko edo iragarpenezko ohiturek islatzen zuten paganotasuna kondenatzeko Elizak itxuraz zuen interesarekin.

Badirudi, Youngek seinalatu duen bezala, Elizak, lehen aldi batean gurtza paganoen parte agerikoenak ezabatzearekin arduratuta hau da, aldareak, idoloak, eta abar, ehorzketa ohituretan esku hartzeari uko egin ziola garai aski aurreratuak arte, ustezko dotrina desbideratzeak gorabehera.

Geroago, gauza bera azpimarratu dute Werner eta Dierkinsek, Perinek eta beste batzuek. Elizak, izan ere, horniduraz-eta lagundutako ehorzketarik ez zuen inoiz ofizialki kondenatu, haien esanahia ez baitzen paganoa, aitzitik, soziala zen, ez besterik.

Izan zuen eraginik, ordea, ohitura horiek pixkana desagertarazten, indarra galtzen baitute VII. mendean zehar, eta hurrengo menderako desagertzen dira, nahiz eta ez leku guztietan. Ideia hori bereziki garrantzitsua da jatorri arkeologikoko informazioetatik ondorio azkarregiak ez ateratzeko.

Gure geografia eremuan denetarik dago: hornidura aberatsa duten ehorzketak, oso beranduko gorpu erraustuak, bururik gabeko ehorzketak, gorpuen errituzko itxuraldatzeak, eta abar. Baina azter ditzagun banaka banaka.

Antzinate beranduko garairako, Aldaietako nekropoliak eskaintzen ditu, adibidez, ehorzketa errituen zenbait lekukotasun harrigarri, halakoak gutxi badira ere. Xehetasunetan hasi gabe, aipa ditzagun adibide batzuk. Zenbait kasutan, agerian dago azken frantses bibliografiak le prélèvement de crânes, edota gorpuaren buru-hezurraren hil ondorengo kentzea. Adibide horiek bezain deigarria, edo are deigarriagoa, 20. ehorzketaren kasua da, hilaren hezurduraren errituzko itxuraldatzearen eredu garbi garbia.

Bestelako kasuak ere badira; aurkitu dira ekidoen hortzak hilen buruen aldamenean ipiniak, gizaki hortzak buru-hezurrak arretaz inguratzen dituztela ipiniak, edota eskuetan edo bularraren gainean jarriak, eta orobat sendagintza eta aztikeriazko objektuak.

Baskoien lurretatik irten gabe, harrigarriak dira Jean-Luc Tobie adituaren azterketen emaitzak, Nafarroa Behereko Donazaharre herrikoak (Immus Pyrenaeus). Aspaldi jada, bederatzi errausketa hilobi induskatu zituen, antzinate berandukoak bide direnak. Sei kasutan, 70-90 cm-ko diametroa duten harrizko zirkuluetan ipiniak ziren errautsak.

Agerkari horiek ez dira huts-hutsik euskaldunak, jakina, baina bada ez bada ere, ez da txarra izaten gogoratzea. Soriako mugakide den Errioxako lurraldean, Inestrillasko aztarnategi garrantzitsuan (antzinako Contrebia Leucaden), Erdi Aroko inguru batean, beste bi zirkulu aurkitu dira, aurrekoen oso antzekoak, kasu honetan, errausketa gabe, ehorzketa izan arren erritua (eskertzen diogu datua, oraindik argitaratu gabea, indusketen zuzendari José Antonio Hernández Vera irakasleari).

Lehen begiratu batean pentsa daitekeena baino gauza normalagoa da ehorzketa errituen iraupena, baita erritu historiaurrekoena ere. Gogora ditzagun, hori dela-eta, Europako historiografiak berak jasotako lekukotasunak. Badakigu errausketaren erritua, gutxi erabiltzen zen arren, antzinate beranduko osora luzatu zela, baita gerora ere, Karlomagnoren De partibus Saxoniae kapitularraren ondorioz (oso berandukoa da, 775-790 bitartekoa, VIII. mende bukaera-bukaerakoa beraz); bertan, heriotzaz zigortzen da, esplizituki, erritu pagano horren jarraitzailea. Oso erraza litzateke Europa mendebalean egindako indusketatik datozen ereduak ugaritzea. Utrechten, adibidez, IX. mendean egindako errausketa lekukotasunak azaleratu zituen Hombertek.

Monumentu historiaurrekoak bigarrenez erabiltzeari dagokionez, ez da gauza harrigarria gertatzen antzinate berankorreko europar arkeologian, kontuan hartzen badira hainbat lekukotasun, batzuk oso adierazgarriak, adibidez Meuseko tumulua Hérmevillen; harrizko sarkofago handi bat aurkitu zen han, hezurduraz gainera, ezpata bat, scramasax bat, francisca bat eta bestelako horni pertsonalak zeuzkana; aipagarriak dira orobat Dotterhausen (Württenburg), Orgelet (Jura), Pierre-Pertuis (Yonne), eta abar. Pirinio mendebaleko iparraldeko isurialdean, baskoi lurretan, bost monumentu azaleratuak ditu Blot doktoreak, morfologiaz historiaurrekoak direnak (Biskarzu, Ahiga, Sohandi 2 eta Sohandi 5eko trikuharriak, eta Urdanarreko tumulua), gure aroko VI. eta XIV. mendeetan datatu direnak, batzuk berreskuraturiko horniduren tipologiaz eta beste batzuk karbono 14a erabiliz.

Duela urte batzuk, Iñaki García Caminok eta Agustin Azkaratek lan bat argitaratu zuten, euskal aztarnategietatik ateratako gauzakiez datu asko ematen zituena: hildakoentzako opariak sartzeko zulo eta ildoak, hilobi barruan ipinitako erritu ikatzak, eta era askotako filakteriak.

Lan hartan bertan seinalatu zutenez, antzeko ohiturak jaso ditu etnografiak, sinesmen horien iraupena (nahiz eta oso apaldua izan) adierazten dutenak: errituzkosuak, hileta oturuntzak, eskaintzak batzuk guztiz esanguratsuak, hala hileta segizioko gidari zen akerrarena, eta abar, sineste eskatologikoak oso berandu arte gorde zirela adierazten dutenak, eta aldi berean arkeologiatik datozen datuak argitzen dituztenak, testuinguru jakin batean kokatzen dituztela, eta asmo jakin bat eta egiantzekotasuna ematen dutenak.

Guztiz sinetsita dira, bene-benetan, ideia horiek ez dutela eskandalagarri gertatu behar. Ez da nahi horrekin, ez gure herriaren historiari kristautasunak egindako ekarria gutxietsi, Mañarikuak uste zuen bezala, ezta azken urteotan, ergelkeria kontrakulturalaren itzalean, sortu den neopaganismo esoterismozalea sustatu ere, J. Aranzadik salatzen zuen bezala; azkenik, horrek guztiak ez du Euskal Herria bihurtzen kristautasunaren muga-mugako kasua, Carlos Estepa Díezek Spoleton zioen bezala. Behin betiko ahaztu behar dira divertimento dialektiko hauek, eta, batez ere, geure zilborrari begira egoteari utzi behar diogu.

Hemen aipatzen dena, izan ere, berdin-berdin gertatzen baita Europako kontinenteko leku askotan.

Kristautasunaren sarrera berandutzen duten datu horiekin batera, badira aldi berean datu horien berorien kontrako gertatzen diren beste batzuk ere, kristautasunaren sarreraren indarraren adierazgarri alegia.Harkaitzetako bakartegiak Arabako lurretako ekialdean eta mendebalean, badira ehun bat leize artifizial, beren gela, gelaxka, hutsgune eta eliza abside-bakarrarekin, Euskal Herriko kristautasun zaharrenaren lekukotasun guztiz ikusgarria direnak.

Leize guztien kronologiari buruzko ideia orokorrak bazterturik, esan daiteke ermitau talde garrantzitsu bat izan zela Araban VI. eta VII. mendeetan, leizeetan bizi zena; horren arrasto garrantzitsuak geratu dira, bai arkitekturan, bai epigrafian, Faidu, Albaina eta Lañuko leize multzoetan. Ex novo sortu ote ziren, edota lehendikako tradizio trogloditiko baten jarraipen diren, ezinezkoa da erabateko ziurtasunez jakitea. Zabalik utzi behar da ordea bigarren aukera hori, kontuan hartzen baditugu orain aipatuko ez ditugun arkeologiazko datu batzuk.

Ez da ahaztu behar, adibidez, IV. mendearen bukaera aldean, Pirinioen inguruan gertatu zen ideal aszetikoen loratzea (priszilianismoarena, adibidez). Testuinguru horretan, pertsona, ideia eta bizikizunen truke eta zirkulazioak, ardatz bat izan zuen, gero eta garrantzitsuagoa ageri zaiguna: iter XXXIV.az ari gara; galtzada horretatik heldu ziren, eta errotu, Priszilianoaren ideiak Akitaniara eta Ebroren ibarrera, Pirinioen alde batean zein bestean egin ziren kondenazko kontzilioen arabera. Hori dela eta, Sayas Abengoetxea eta beste zenbait egilek, susmatu zuten arrazoiz, gure ustez, hegoaldeneko lur baskoietan eta haien inguruko lurretan zabaldu zirela joera aszetiko horiek. Ez da ahaztu behar, era berean, V. mendean, Arabako lurren mugetan bertan, orain dihardugun gunetik apenas 20 km-ra, heldu ziola bizimodu aszetiko eta penintentziazkoari Emiliano gazteak (Donemiliaga).

Ex novo eraikita, edota lehenagoko ermitau guneetan, gauza da leize multzo hauek kristau dotrinaren hedapen gune garrantzitsu behar zutela izan VI. mendean, nekazari giroetan batez ere. Beste auzi bat da, hemen ezin argitu duguna, gune hauek nola txertatu historian, kontuan izanik lehenago aipatu ditugun frankoen filiazioko nekropolien geografia eremu berean daudela. Hilarri estelak nekropolis hauekin loturik, estela sail handi bat aipatu behar da, kaleratu berri den liburu batean Agustin Azkaratek Iñaki García Caminorekin batera aztertu duena. Segur aski, azterketa horren ekarri garrantzitsuena izan da bi estela multzo garrantzitsu kokatu ahal izan direla, denborari dagokionez, antzinateko azkeen mendeetan; ezaugarrietan desberdinak diren arren, eta nahiz eta leku desberdinetatik etorri, bat datoz garaian. Inoiz aztertu dituzten guztiok IX-XI. mendeetan kokatu dituzte -baita beranduago ere-, baina orain uste dute bazela datatze eroso horren atzean halako inertzia historiografiko bat, pisu handiko arrazoi askotarikoek sortua: Bizkaiko Argiñetako hilobietako batek duen epigrafearen data (gure aroko 883. urtea) izan da horietako bat. Betidanik hartu izan da delako data erreferentzia funtsezko gisa, abiapuntu modura; bat zetorren gainera mende berekoak izaki, kantauriar-mediterranear banalerroaren hegoaldean, arabar lurretan, pixkana agertzen hasi ziren idatzizko erreferentzia zaharrenekin.

Beranduko antzinateaz eta Goi Erdi Aroaz arduratuko zen praxi arkeologiko baten ezak oraintsu arte, euskaltasunaren bazterrekotasunaren uste orokorra, euskaldunen inertzia kultural atabikoak, eta historialari dokumentalisten proposamen distiratsuak J. A. García de Cortázar da segur aski horien eredu hoberena, zirela-eta, bederatzigarren mendean jartzen zen hegoaldetik zetorren prozesu akulturizatzaile baten hasiera, iraganean guztiz errotuak zeuden kultura moduak biziki aldatuko zituena; horiek denek, azkenean, interpretazioaren halako finis terrae bat bihurtu zuten IX. mendea, eta haren atzetik ia ezinezkoa gertatzen zen nolabait ere iragana aztertzea, eta iragan hori betiko geratu zen ilunbetan. Tradiziozko ikusmolde hori askoindargabetu daiteke, hala uste dugu, komentatzen ari garen arkeologia datu berriekin.

Bai Iñaki García Caminok, bai Agustin Azkaratek ere, estela horiei buruz zuten jarrera aldatu zuten denborarekin, labur bada ere, zerbait argituko duten prozesu batean. Aurkitu zirenetik ezagutzen zuten biek, eta ezagutzen ez diren edo ezaguna ez bezalako materialek eragiten duten harrimena sortu zieten, berehala ohartu ziren arren haien berezitasun ikonografiko, morfologiko eta teknikoez.

Penintsulako lurretan hasi ziren, jakina, estela hauen antzekoen bila, baina ez zen hor bukatu, bigarren une batean corpora epigrafiko frantsesetara jo baitzuten.

Lehenengo unean metodologiaren aldetik nahitaezko zen gauza bat aldera daitezkeen kultura ereferentzien zabaltzea, sineste gero eta sendoagoa bihurtu zen azkenean. Laster konturatu ziren estela haiek mundu frankoarekin zituzten antzekotasunak hain zirela esanguratsuak, non begibistakoa gertatzen baitzen arrazoiren bilatu behar zitzaiola horri. Datuak gorabehera, zail samar gertatzen zitzaigun Bizkaiko lurretatik urrunegi zeuden antzeko estelak aurkeztea, eta, gainera, historiografiaren usadiozko muga kronologikoak baino haruntzago joatera behartzen gintuztenak. Ustekabeko aurkikuntza batek ordea gaindiarazi zizkien beldur haiek. 1994ko abuztuan, Basauriko Finagako San Martin ermitan (Bizkaian), hiru hilobi aurkitu ziren lurpean, hornidurak-eta Aldaietako arabar nekropolisekoaren antzekoak zituztenak, eta, zalantzarik gabe, eremu frankoan txerta zitekeen antzinate beranduko kultura testuinguru bati zegozkionak. Leku berean berreskuratu ziren, gainera ermitan erabiliak, bi estela zati, lehen aipatu duten ikonografia eskema bera zutenak, era horretan baiesten zirela, baita arkeologiaren aldetik ere, bere lehen susmoak.

Badira, beraz, beranduko antzinateko lekukotasun kristau pisuzkoak: leize sail garrantzitsuak, absidea arrokan duten hainbat elizarekin, eta epigrafia multzo labur baino aberats bat, nekropolisak Araban, Bizkaian eta Nafarroan, kultura materialeko eta teknologiazko maila garaia adierazten duten hornidura aberatsekin, estela ederrak Bizkaiko lurren bihotzean bertan, teorian zibilizatuagoak diren beste lekuetan agertu ez direnak. Hori guztia kontraesan izugarria gertatzen da gure geografia eremuaz historiografiaren usadioak osatu duen bitxikeria irudiaren ondoan. Koordenatu berriak dira, kristautzearen gaia bera ere ikusmolde berrietatik aztertzera behartzen gaituztenak, hainbeste klixe eta hainbeste estereotipoetatik urrun.

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu