Kastro

lur garaietan egoten den herri gotortua, brontze Aroko edota Burdin Aroko herri mota bat zen
Artikulu hau historiaurreko gotorlekuari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Gaztelu (argipena)».

Kastroa[2][3] edo gazteluzaharra [4] historiaurreko gotorleku mota bat da. 300 eta 600 metro arteko garaieran egoten dira sarritan, haranen arteko igarobidea militarki kontrolatzeko. Eremu akademikoan eremu gotortuak, esparru edo barruti gotortuak (edo sinpleki barrutiak)[5], herri harresituak edo herri gotortuak terminoak maiz erabiltzen dira.[6] Dena den, izen guztiak ez dira sinonimoak, barruti gotortu bat, erromatar gotorleku militar bat (castrum) bat izan baitaiteke, Bizkaiko Ilunzar, adibidez.

Dorseteko Maiden gaztelua, Europako kastrorik handienetariko bat[1].
Abarratea (Aiherra) hiru mailako gaztelu zahar bat da, Lapurdi eta Nafarroa Behereko igarobidea zaintzen duena.

Eskuarki Erromatar Garai Aurrekoa izan ohi da, nahiz eta batzuk erromatartze garai hasieran iraun zuten eta ondorengo garaietan eraikitako adibideak ere badauden, Erdi Arora iritsi arte. Europan agertu ohi dira, Brontze Aroa eta Burdin Aroan eraiki zirelarik.

IzenaAldatu

Ipar Euskal Herrian "gazteluzahar" izena ematen zaie gotorlekuei[4] toponimian. "Kastro" hitza toponimian dauka jatorria ere bai, latinezko castrum hitzetik dator, euskaraz gotorleku militarra esan nahi duelarik, eta gaztelu hitza eman zuen. Toponimian zenbait lekutan izen hori mantendu da, Castrourdiales, Erdi Aroko Puñikastro (gaur egungo Araban)[7] kasu edo Bilboko Kastrexana.

Azkenik, literatura zientifiko-akademikoan, arkeologia idazlanetan, eta dibulgaziozko lanetan, zein hedabideetan, beste izen batzuk ere erabiltzen dituzte maiz, hala nola, Burdin Aroko herri harresitu[8] edo herri gotortu[9] herri gotor[10], gotorleku[11] eta barruti[4] edo esparru itxi edo gotortua[12].

Erabiltzen den beste izen bat oppidum da (oppida pluralean), baina hauek nahiko handiak izaten dira, Europa ez mediterraneoan hirien aurrekariak dira eta Galian, adibidez, nahiko zabaldu ziren. Julio Zesarrek erabili zuen lehenengoz Galiako herri nagusi batzuk aipatzeko baina gaur egun kontzeptua asko zabaldu da.

Gaztelu zaharrak eta toponimiaAldatu

Sarri, "gaztelu zahar" hauek beste lekuetako herri gotortuak baino txikiagoak izaten dira eta mendi edo mendixkari izena ematen diote. Hauek dira ohikoenak:

  • Gaztelu(a)
  • Gazteluzahar(ra) edo Gazteluzaharre(a)
  • Gaztelu-mendi(a)
  • Gaztelu-gain(a)
  • Gaztelu-harri(a)
  • Kurku(a) ("biribila")
  • Mokorreta ("mokorra")
  • Murua, hainbat kastroen toponimian. Bereziki Gipuzkoan eta Nafarroan.

KronologiaAldatu

Europako zenbait kastro Neolito berantiarrekoak badira ere, gehienak geroagokoak dira:

Mendebaldeko eta erdialdeko Europako eskualde zeltikoetan eraiki zituzten erromatar konkistara arte. Julio Zesarrek Burdin Aro berantiarreko galiar gotorleku handiei oppida izena eman zien. Ordurako nagusienak gotorlekuak baino, hiri txikiak ziren eta erromatar hiri bilakatu ziren.

Erromatar garaietan ez ezik Erdi Aroan ere erabili zituzten. Hain inportanteak ziren zenbait eskualdetan ezen bere garaietako ezaugarri nagusi bilakatu baitziren, adibidez, Galizian, Portugalen eta Asturias mendebaldean, orduko kulturari izena eman zioten, kastroen kulturari hain zuzen ere.

EzaugarriakAldatu

TipologiaAldatu

Kastroak hesiz babestutako gotorlekuak ziren, gailurraren inguruko eremua mugatzeko. Egun, hesien arrastoak baino ez dira ageri, sakonera gutxiko lubakiak baino ez. Gainera, bertako landareak garaiak badira, bertatik ikusezinak dira. Horregatik, airetik dira batez ere ikusgai, lurrean eratutako landaredi aldaketa eta itzalak direla-eta.

Hiru mota daude:

  • Esparru mailakatuak: mailak mendiko maldan daude zulatuak, zelaiguneak osatuz, agian antzina zuresiz babestuak zeudenak.
  • Lurrezko hesiekin: ugarienak dira eta bertan lubakietako lurra aurrealdean pilatu da babeslekua eratzeko.
  • Harrizko hesiekin: garaienak (600 metrora) eta urrienak dira.

Babes lerroaren kopurua aldakorra da, 1etik 7ra (Landibarreko Gaztelu Zaharra).

EraikitzaileakAldatu

Eraikuntza datak ez dira ezagunak, baina oro har Brontze Aro amaierako edo Burdin Aro hasierako talde militarrek eraiki zituztela uste da, ziur aski harrespila ehorzketa gisa ekarri zituzten berberak.

Batzuetan, antzinako eraikitzaile hauek jentilekin edo euskal mitologiako beste izakiekin identifikatzen dira herri sinesmenean. Horrela, Altzain (Zuberoa) gotorlekuak Maide korralea izena du, Maide izakiena, alegia.

ErabileraAldatu

Herri gotortu horietariko asko, bizileku eta ekoizpen leku ziren, etxe multzo ondoan nekazaritzarako eta abereak zaintzeko gune zabalek horrela adierazten baitute.

Erabilerari jarraiki, zenbait gaztelu, hala nola Mauleko gaztelua edo Lüküzekoa, gaztelu zaharren gainean eraiki ziren.

HedapenaAldatu

Sakontzeko, irakurri: «Euskal Herriko kastroen zerrenda»

Kastroak Europa osoan zabaldu ziren:

ErreferentziakAldatu

  1. English Heritage. Maiden Castle. .
  2. Hiztegi Batua. Kastro. .
  3. Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa. Kastro. .
  4. a b c Gaudeul, Francis: "Enceintes de type protohistorique du Pays basque francais". Isturitz. 7, 1997, 59-81.
  5. (Frantsesez) Blot, Jacques. (1990). «Âge du Fer en Pays Basque» Munibe 42: 181-187..
  6. Peñalver Iribarren, Xabier, 1952-. ([2003]). Burdin Aroko herri harresituak Gipuzkoan. Gipuzkoako Foru Aldundia, Kultura Zuzendaritza Nagusia ISBN 84-7907-422-1. PMC 433439911. (Noiz kontsultatua: 2020-05-03).
  7. Domenech, Mª Carmen Chorda. (2019-03-23). «Genealogia del Señorio de Baztan y de Valduerna. (Navarra). España).» Genealogia Universal de los Pueblos hasta la Edad Moderna (Noiz kontsultatua: 2020-05-03).
  8. Peñalver Iribarren, Xabier, 1952-. ([2003]). Burdin Aroko herri harresituak Gipuzkoan. Gipuzkoako Foru Aldundia, Kultura Zuzendaritza Nagusia ISBN 84-7907-422-1. PMC 433439911. (Noiz kontsultatua: 2020-11-20).
  9. (Gaztelaniaz) ««La gente de la Edad del Hierro no vivía ni atrasada ni aislada»» El Diario Vasco 2009-02-23 (Noiz kontsultatua: 2020-11-20).
  10. Lartzanguren, Edu. «Burdin Aroko umetxo baskoi baten gorpuzkiak aurkitu ditu Aranzadik Nafarroan» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-01-01).
  11. Fortificaciones en la Edad del Hierro : control de los recursos y el territorio. (1a edición. argitaraldia) ISBN 978-84-944018-6-2. PMC 929824079. (Noiz kontsultatua: 2020-11-20).
  12. (Frantsesez) Casaubon, Jakes. (2002). «Le toponyme iri et sa relation avec d’anciens lieux fortifiés» Munibe (Antropologia-Arkeologia) (Aranzadi) 54: 125-139..
  13. Ayán Vila, Xurxo. (2008). A Round Iron Age: The Circular House in the Hillforts of the Northwestern Iberian Peninsula. 6 UW System Board of Regents, 913 or. ISSN 1540-4889..

Ikus, gaineraAldatu

Kanpo estekakAldatu