Antzinako Erroman, civitas (civitates pluralean) erromatar herritarrak biltzen zituen lege komuna zen, haiei eskubideak eta betebeharrak ezartzen zizkiena. Adiera zabalagoan, civitas herritarren gizatalde hori bera zein herritar horiek bizi ziren herria edo hiria izendatzeko erabili izan da. Civitas ez da bakarrik hirigunea, hirigune hori dagoen lurralde oso bat baizik.

Augusta Treverorum (egungo Treveris) erromatar hiriaren maketa. Alemaniako Rheinisches Landesmuseum Trier-en bilduman dago. Lehen planoan anfiteatroa ikus daiteke (behe-ezkerrean) eta zirkua (behe-eskuinekoa). Erdian, bainu Inperialak, forotik eskuinera., Konstantinoren basilika (erdi-eskuinean) eta bigarren basilika bat eskuinerago, egun, Trier katedrala dagoen lekuan. Atzean, Mosel ibaia dago. Augusta Treverorum colonia estatutu ofiziala izatera iritsi zen.
Lugdunum hiriaren maketa.

Civitate-en sailkapen juridikoa

aldatu
 
Lex Flavia Malacitana, Lex Malacae bezala ere ezaguna, Malaka (Malaga) hiri federatu izatetik zuzenbide latino txikiko udalerri izatera arautu zuen legea izan zen. Legea idatzita gorde da brontzezko xafla batean eta erromatar hirien hedapena eta finkatzea nola izan zen jakiteko funtsezko dokumentua da.

Hiriek hainbat maila juridiko desberdinak zituzten ezaugarri jakin batzuen arabera: biztanleen izaera - erromatar hiritartasuna izan edo indigenak-, Inperioan sartzeko modua -akordioa edo konkista-, Erromari zerbitzu bereziak ematea edo ez, e.a. Gainera, estatus hori denborarekin aldatu egin zitekeen. Historialariek asko eztabaidatzen duten arren, Plinio Zaharrak Inperioaren hasieran egin zuen sailkapena onartzen da orokorrean:

Lau kategoria juridiko zeuden hirien artean:

aldatu

Ordaintzaileak (civitates stipendariae): bizilagunek -zergak (stipendium) ordaindu behar zituzten, ez zuten eskubide politikorik, eta soldaduak eman behar zizkioten Erromari. Lurzorua ez zen berea, eta bertako biztanleek possessio gisa zeukaten. Txanponak egitea zentralizatu zen arte, dirua sor zezaketen eta autonomia zuten barne-gobernuan, baina beti ere probintziako gobernadorearen mende, herritarren gaietan esku hartzeko ahalmena baitzuen[1].

Askeak (civitates liberae), hainbat pribilegio zituzten eta gobernu autonomoagoa zuten. Askotan ez zuten zergarik ordaintzen.

Federatuak (civitates foederatae), Inperioari akordio baten bidez lotuta zeuden eta euren funtzionamendua eta Erromarekiko harremanak foedus baten bidez erregulatzen ziren. Baskoien artean, adibidez, antzinako Tarraga hiriak civitate foederata izendapena lortu zuen[2].

 
Londinum hiriaren maketa

Koloniak (coloniae) eraikitzen hasi zirenean, erromatar jatorriko taldeak bizi ziren bertan, estatuarengandik lur sailak jasotzen zituzten soldadu ohientzat sortzen baitziren gehienetan, eta eurek gobernatzen zuten. Oso erromatartutako hiriak ziren eta hiritarrek eskubide zabalak zituzten. Geroago, konkistatutako probintzietan beste hiri batzuek kolonia izendapena lortu zuten hiri handiak bilakatu zirenean eta eta sakon erromatartu zirenean. Kolonia izaera juridikoa kategoria altuena zen, eta abantaila gehien ematen zuena. Denek jaso zezaketen udal erregimena enperadorearengandik. Horren bidez, biztanleek hiritartasun eskubideak lortzen zituzten.

 
Erromatar hiri baten eredu eskematikoa

Erromatarren "civitas" kontzeptua

aldatu

"Hiria" artisau lanetan, merkataritzan eta beste zerbitzu batzuetan aritzen den jende multzo egonkorrari esan ohi diogu. Hiriak ekonomia eta gizarte garatuena zuten guneetan ezartzen ziren. Hispaniako probintzietan, adibidez, Levanteko itsasertzean eta hegoaldean. Galiako probintzietako Mediterraneo aldean egon ziren batez ere. Erromako iturriek, ordea, civitas terminoa zentzu politikoan erabiltzen zuten ia beti -aginpide baten mendeko herritar multzoa- eta horrek agian batzuetan kontzeptua nahasgarria bihurtzen du.

Estrabonek hau idatzi zuen Iberiar penintsulako hiriei buruz:

"Nire ustez, batzuek Iberian mila hiri baino gehiago zenbatzea herri handiei hiri izena eman zaielako gertatu da. Izan ere, herrialdea bera ez da oso egokia hiri asko eraikitzeko, oso atzerakoia, xelebrea eta ikasi gabea baita; bestalde, Mare Nostrumeko bazterretik kanpo bizi direnen bizimoduak ere oso zail egiten du hiriak eraikitzea. Herrixketako biztanleak basatiak dira (...) hiriek ere ezin dituzte zibilizatu, asko eta asko basoan bizi direlako eta auzokoen lasaitasuna arriskuan ipintzen dutelako."[3]

Erreferentziak

aldatu
  1. (Gaztelaniaz) Gran Enciclopedia de Navarra | ESTIPENDIARIA. Fundación Caja Navarra (Noiz kontsultatua: 2021-08-08).
  2. (Gaztelaniaz) Lanz Betelu, Jokin. (2020). Los vascones y sus vecinos (siglos II a. C.-VIII d. C.). ISBN 9788423535590..
  3. Estabon: Aip. lib., III, 4, 13

Ikus, gainera

aldatu

Beste erromatar hiri, herri eta herrixka mota administrazioaren ikuspuntutik:

Kanpo estekak

aldatu