Saltus Vasconum (lat. «baskoien basoa») Antzinako Erromaren garaian, erromatartzearen garaian gaur egungo Euskal Herriaren, bereziki gaur egungo Nafarroa Garaiaren Kantauri isurialdea izendatzeko erabili zen izendapena izango litzateke. Interpretaziorik ohikoenean, saltus vasconum mendialdea izan zen, iristeko zaila eta usadiozko abeltzaintza sostengu nagusia zuena.[1] Alderdi horri kontrajarria, Ager Vasconum delakoa beste aldea izaten zen, hau da, iristeko errazak ziren eremuak. Terminoa Plinio Zaharrak aipatu zuen Naturalis Historia bere liburuan[2].

Oiasso Museoan, Saltus Vasconum eskualdean zegoen Oiasso portu-hiriko aztarnak, gaur egungo Irun inguruan.

Hala ere, termino hau behin baino ez da agertzen garaiko terminologian, eta Ager Vasconum ere behin, baina bi mendeko aldea dago euren artean[3]. Ildo horretan, terminologia horren inguruko dudak sortu dira 1990ko hamarkadatik aurrera[4] egindako indusketen ondorioz[5], eta gaur egun ia alboratuta dago[6].

2008ko, uztailean, Euskal Herriko Unibertsitateak uda ikastaro bat eskaini zion saltus kontzeptua birdefinitzen zuten ikerketan aurkezteari eta eztabaidatzeari.[7]

Terminoaren agerpena

aldatu

Terminoa Plinio Zaharraren Naturalis Historia lanaren IV. liburukiaren 110. atalean agertzen da:

« Piriniotik Ozeanorantz Vasconum saltus dugu, Oiasso, barduliarren oppidum, Morogi, Menosca Vesperies eta Portus Ammanus, non Flaviobriga kolonia dagoen »

—Naturalis Historia, IV. lib, 110[oh 1]


Geografiaren interpretazioa

aldatu

Baskoien lurraldeari buruz Ager eta Saltus terminoak agertu zirenez, bi eremu horiek bereizi dira garai horretako euskal lurraldea zatitzeko. Euskarak bizirik iraun izana erromatartze ahularekin lotu izan da, eta euskara bereziki bizirik egon denez Saltusarekin bat egiten zuen lurraldean, erromatartzerik gabeko eremutzat hartu da[3][4][8].

Interpretazio horren arabera, erromatarren administrazioan bi alor oso desberdinak izan ziren Saltus eta Ager delakoak. Saltusa mendikoa, basokoa, bazter xamarrean geratzen da. Agerrean, berriz, azaltzen da bere aniztasunean erromatarren administrazioa.

Geografikoki, Saltusa, funtsean Gipuzkoa eta Bizkaia zirela esan izan da, eta baita, Mediterraneoko isurialdean, Jakatik Iruñerainoko marra eginez, iparraldera geratzen diren lurrak. Hala ere, baskoien lurraldearen mendiko eremuari erreferentzia bat denez, Bizkaia autrigoia eta Gipuzkoa barduliarra ez lirateke, zentzu hertsian definizioan dartuko[9]. Uste da lurralde menditsu honetan bizi zirenak erromatarren gizarteari muzin eginez zeudela, eta erromatarren aldetik ere, ez zuela interes berezirik esparruak[10]. Martín Duqueren arabera, bisio horrek balio izan du pentsatzeko euskalduna modu independentean, basoan eta erromatartu gabe bizi zena zela eta, kontrastean, Ebro ibarrean kanpoko eraginaren menpe bizi izan direnak bizi zirela, XX. mendean egindako interpretazio politikoak indartuz[11].

Saltusa eremu gisa

aldatu

Eztabaida piztu zen une horretara arte salbuespen gisa hartzen zirenak balantzan jartzerakoan. Adibidez, merkataritzarako toki interesgarriak detektatu dira, hala nola meatokiak: Arditurriko (gaurko Oiartzunen inguruan) burdina, beruna eta zilarra; edota Somorrostroko burdina, interesekoak ziren eromatarrentzat. Portuak ere, nahiz eta Saltus horretan kokatuak izan, beharrezkoak ziren erromatarrentzat eta, honela, Kantauri aldean zeudenen izen zenbait ezagunak zaizkigu: Oiasso baskoien lurraldean eta Flaviobriga, Tritium, Menosca edo Lapurdum kostaldean gertu. Nekazaritza uste baino hedatuago zegoen, eta Iruñea bera nekazaritza gune garrantzitsua zen.

Nekazaritza

aldatu

Nekazaritza existitu zen Saltusean, lehenago eman zen ikuspegi horren aurka[5]. Alde batetik, Euskal Herrian aurkitu den nekazaritzaren aztarnarik zaharrena, orain dela 6.000 urtekoa, eremu horretakoa delako: Zarauzko Herriko Barra aztarnategikoa, hain zuzen ere[12]. Burdin Aroan nekazaritza[13] zein abeltzaintza oso hedaturik zeuden jada[14], azken hamarkadetan ikusi ahal izan denez.

Mito horretan lagundu du Estrabonek idatzi zuen Geographia izenburuko obra. Bertan agertzen diren datu asko aurreko iturrietatik hartu bazituen ere (Posidonio, Asklepiades eta Artemidoro). Ezkurra baino ez zutela jaten zioen testu horretan[15]:

« Menditarrak urtearen lautatik hirutan ez dira ezkurrez baizik elikatzen: ihartu eta birrindu ondoren, irin bihurtzen dituzte, denbora luzez irauten duen ogi moduko bat egiteko. »


Horregatik interpretatu izan da espezie asko erromatarrek ekarri zituztela, bereziki Agerrean landatzeko. Baina palinologia ikerketek demostratu dute erromatarrek ekarriak pentsatzen ziren gaztainondo, intxaurrondo, olibondo, sagarrondo, babak eta mahatsondoak jadanik bazirela Euskal Herrian eta, horietako batzuk etxekotuta zeuden erromatarrak iritsi zirenerako[5].

Era berean, Saltusean egongo litzatekeen Iruñeak eta bere eskualdeak, gari nahikoa sortzen zuten Ponpeiok negua bertan pasa eta bere armadarentzako zerealak biltzeko lekua izateko[6].

Meatzaritza

aldatu
 
Arditurriko meatzeak.

Erromatarrek meatzaritza bultzatu zuten Saltus Vasconumean. XIX. mendetik hau ezaguna bazen ere, urte luzez anekdotiko gisa jo zen, eta ez zen izan 1980ko hamarkadara arte Arditurriko erromatar meatzeak berriro ikertzen hasi zirena[16]. Meatze hauek, Oiasso hiriari lotuak, Aiako Harrien arbela guztietan zehar daude, eta ez soilik Arditurrin. Zilarra, beruna eta beste mineral batzuk ustiatzen ziren bertan, Oiartzun, Irun, Lesaka eta Bera hartzen dituen eremu zabal batean[3]. Arditurrirekin batera, Oiassotik gertu zeuden San Fernando, San Narciso eta Belbio izeneko meatzeak, eta Lesakan bilatzen da Endarlatsan ote zegoen antzeko gunerik.

Arditurriri dagokionez, antzinako deskribapenen arabera, 46 galeria eta 82 putzu zeuden kanpoaldean, eta barne zulaketa ugari. Denetara 15-18 kilometro galeria zeuden. Hainbat egileren kalkuluen arabera, meategi horretan egindako indusketa lanetan (ia bi milioi metro kubo lur mugitu ziren) 400-600 gizon behar izan ziren, egunero-egunero lanean, 200 urtez[17]. Galeria zaharretan terra sigillata kopuru handiak aurkitu dira (alegia, erromatar zeramika), eta baita kriseiluak eta txanponak ere, Augustoren garaietatik K. o. II. menderainoko kronologiarekin. Alabaina, erauzitako meak (gordinik seguruenera) kanpora eramateko irteera naturala Irun izango zen (K.a. I. mendearen azken laurdenean kokatu da hiriaren fundazioa, eta kronologia hori bat dator Arditurrin aurkituriko diruarekin), eta orobat Bidasoa ibaiaren bokalea, ez Pasaian, ez Oiartzungo ibarrean ez baita aurkitu erromatar hondakinik. Higer edo Asturiagako kaian berriz, Bidasoaren bokalean, itsasontzi bat aurkitu zen urpean, burdin mea zuena. Hori bat dator beste ideia zahar batekin, alegia, Bidasoa eta Deba ibaien bitarteko gaurko gipuzkoar eremua eta Belateko iparraldeko nafar eremua Galia Akitaniaren mendekoak zirela ekonomian, ez hego eta mendebaldeko eremu hispaniarren mendekoak.

Bada, halaber, meagintzaren arrastorik Altamira, Zubelzu eta Ollakintan (Irunen), Adarraren inguruan (Urumea ibaitik gertu), eta erromatar galeria bat Etxeko-Errekan. Baskonien eremutik urrunegi, burdina Udalaitz mendiaren inguruetan erauzten zen, Eskoriatzan. Eskoriatzan bertan erromatar hondakinak aurkitu dira.

Baigorriko ibarreko meategi aberatsak ere ustiatu zituzten erromatarrek. Emankorrenetako bat Astoeskoriako zilardun galenaren ustialekua zen, Bankan, berrogeita hamar bat galeria zituena. Erromatar diruak aurkitu dira han (K.a. 43-K.a. 36koak). Diodorok zioenez, Julio Zesarren garaian akitaniarrak oso trebeak ziren meagintzan, eta Pliniok aipatzen du bazirela akitaniarrak Hispaniako hegoaldeko meategietan.

Bestetik, Plinio Zaharrak Naturalis Historia bere liburuan adierazi zuen Kantabriako itsas parteak hainbeste burdina zuen, non burdinazkoa zen mendi malkartsu eta garaia bazegoen. Adituen ustez, horrek esan nahi zuen erromatarrek gertuko Trianon meategiak zituztela. Hala ere, Flaviobriga ondoan izanda ere ez da erromatar aztarnarik aurkitu Muskizen. Bizkaian bertan, Ereñoko marmol gorrizko harrobiak zeuden. Nafarroan Lantz aldean aurkitu dira mea ustiaketen hondakinak[18].

Hiriak

aldatu
 
Gazteluko enparantzako indusketetan aurkitutako Teseoren mosaikoa, Pompaeloko termetatik datorrena.

Saltus Vasconum gisa izendatu den horretan, Euskal Herriko mendialdea, hainbat hiri edo herri erromatar izan ziren, inoiz okupatu ez zenaren ideia ezeztatzen dutenak. Gaur egungo Nafarroan zeuden Pompaelo (Iruñea), Summo Pyreneo (Ibañeta), Iturissa (Auritzetik gertu), Alantone (Atondotik gertu), Araceli (Arakil) eta Iluberri (Irunberri)[11]; eta kostaldean izango genituzke lehen aipatu diren Lapurdum (Baiona), Oiasso (uste baino handiagoa zen portua, baskoien lurraldean), Menosca, Tritium eta Flaviobriga (Castro Urdiales, Kantabrian). Gainera, Lapurdin zein Gipuzkoan dauden bi Getaria udalerrietan cetaria egiten zela uste da, hau da, arrain kontserbak[oh 2]. Foruko erromatar herrixka eta beste herri askotan aurkitu diren etxaldeak eta arrastoek erakusten dute erromatarren presentzia nabarmena zela.

Saltusa leku zehatz gisa

aldatu

Beste interpretazio baten arabera, Saltusa ez zen leku geografiko zehatz bat, baizik eta, garai hartan, herri bakoitzak erabiltzen eta ustiatzen zuen basoa[9]. Azken finean, garaian aipatzen diren herri guztiek (baskoi, autrigoi, barduliar, karistiar...) Ager eta Saltus bat izango zuten, aipatzen den distribuzioari kasu eginez. Eta banaketa hori ipar-hego norabidean egingo litzateke, ez ekialde-mendebalde, herrientzat logikoa izango litzatekeena[5].

Saltusaren aipamena Oiassorekin lotuta egiten denez, baliteke ere Saltus horrekin Arditurriko meatze-inguruneari erreferentzia egitea, hau da, Oiasso hiriari dagokion basoa[3]; izan ere, Plinioren aipamenean esaten da Saltus Vasconum hori Oiassotik (Irun) Pirinioetarantz dagoela[6].

Beste interpretazio baten arabera, Saltus izenekoa hori ez zen baso bat, baizik eta pasabide bat. Kasu honetan, Bidasoa ibaia zeharkatzen zuen egurrezko zubia izan liteke, Pirinioetan Orreagatik zihoan bide nagusiaren alternatiba bat[6].

Oharrak

aldatu
  1. a Pyrenaeo per oceanum Vasconum saltus Olarso Vardulorum oppida Morogi Menosca Vesperies Amanum portus ubi nunc Flaviobrica colonia
  2. Cetaria, arrain-haztegia esan nahi du. Cetaria izena zuen kontserbak egiteko tokia handia zegoen Betican (Andaluzian), eta horregatik proposatu da Getaria herrian antzinako toponimoa Cetaria izan zitekeela (Latin klasikoan "ketaria" ahoskatuko zen). Hain zuzen ere, arrain kontserbagintzako erromatar instalazioen aztarnak aurkitu dira bi herriotan.

Erreferentziak

aldatu
  1. Lur entziklopedietatik hartua.
  2. Auñamendi Eusko Entziklopedia. El Vasconum Saltus. .
  3. a b c d Urteaga, Mertxe. «El acueducto subterráneo, cuniculus, de Arditurri y otros modelos de drenaje y evacuación de aguas en el distrito minero romano de Oiasso (Gipuzkoa)» L’eau : usages, risques et représentations.
  4. a b Larrañaga, K.. (2007-2008). «Sobre usos del binomio "ager-saltus" y del término "romanización" en relación a los procesos de cambio vividos durante la etapa romana en el área circumpirenaica occidental» Veleia: 97-988. ISSN 0213-2095. (Noiz kontsultatua: 2020-12-06).[Betiko hautsitako esteka]
  5. a b c d Iriarte-Chiapusso, Maria-Jose. (1997). «El paisaje vegetal de la Prehistoria tardía y primera Historia en el País Vasco peninsular» Isturitz: Cuadernos de Prehistoria-Arqueología 9.
  6. a b c d Artigas, María Mercedes Urteaga. (2007). «El Vasconum saltus y Oiasso» Boletín Arkeolan (15): 171–184. ISSN 1137-2052. (Noiz kontsultatua: 2020-12-06).
  7. (Gaztelaniaz) «Boletín Arkeolan. Nº. 15, 2007» Dialnet (Noiz kontsultatua: 2024-10-22).
  8. Caro Baroja, Julio.. ([1972]). Los vascos.. ([3. ed., 2. reimp.]. argitaraldia) Istmo ISBN 84-7090-010-2. PMC 3123488. (Noiz kontsultatua: 2020-12-06).
  9. a b Pérez de Laborda, Alberto.. (2003). Los campesinos vascones. Editorial Txertoa ISBN 84-7148-379-3. PMC 54814928. (Noiz kontsultatua: 2020-12-06).
  10. «d0102001» www.euskara.euskadi.eus (Euskal Herria eta Erroma) 2011-07-13 (Noiz kontsultatua: 2019-06-05).
  11. a b Martín Duque, A. J.. (1999). Imagen histórica medieval de Navarra. Un bosquejo. Príncipe de Viana, 401-458 or..
  12. Altuna, J.; Cearreta, Alejandro; Edeso, J.M.; Elorza, M.; Isturiz, J.M.; Mariezkurrena, K.; Mujika, Jose; Ugarte, F.M.. (1993-01-01). «El yacimiento de Herriko-Barra (Zarautz, País Vasco) y su relación con las transgresiones marinas holocenas» El Cuaternario en España y Portugal 2: 923–942. (Noiz kontsultatua: 2019-11-15).
  13. (Gaztelaniaz) «Aportación de la palinología al conocimiento de la primera economía de producción en Euskal Herria» www.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2020-12-06).
  14. Etxabe, Jesús Altuna. (1980). «Historia de la domesticación animal en el País Vasco desde sus orígenes hasta la romanización» Munibe Antropologia - Arkeologia (32): 9–163. ISSN 1132-2217. (Noiz kontsultatua: 2020-12-06).
  15. O. GAMBOA, M. RUIZ. "Euskaldunen irudia Antzinaro eta Erdi Aroko testu historiko eta literarioetan". Kondaira 5.
  16. (Gaztelaniaz) Izagirre, Ander. (2020-12-06). «La arqueóloga que encontró a los romanos en la Vasconia irreductible» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2020-12-06).
  17. Mikel MENDIZABAL IDIAZABAL: Arditurriko mina eremuaren antolaketa proposamena: ingurumen zentro baten sorkuntza proiektua Euskomedia.org
  18. María Angeles MEZQUÍRIZ DE CATALÁN: Notas para el conocimiento de la minería romana en Navarra. Principe de Viana aldizkaria, 134-135 zenbakia.

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu