Tiberio
Tiberio (latinez Tiberius Caesar Dīvī Augustī Fīlius Augustus; Erroma, K.a. 42ko azaroaren 16a - Miseno, Bacoli, K. o. 37ko martxoaren 16a) erromatar enperadorea izan zen 14 eta 37 bitartean. Augustok, lehen enperadoreak, semeordetzat harturik, bere izenak eman zizkion. Hala ere, jaiotzez, Klaudia familiakoa zen Tiberio: Tiberio Klaudioren eta Liviaren semea zen. Hori dela-eta, julio-klaudiarra deitzen zaio leinu horri.
Bizitza
aldatuTiberio Klaudioren eta Liviaren semea zen. Livia Augustorekin ezkondu zen bigarrenez, eta enperadorearen familiako kide bihurtu zen horrela Tiberio. Giro militarrean hezi zen, eta Panonian eta Dalmazian lortutako garaipenei esker ospetsu egin zen Erroman. K.a. 12. urtean, Augusto enperadoreak bultzatuta, bere emaztearengandik banatu eta haren alaba Juliarekin ezkondu zen. Sei urte geroago tribuno egin zuten baina, emaztearekin izan zituen arazo batzuk zirela-eta, Rodas uhartera erbesteratu zen. Enperadorearen kargua betetzeko legezko oinordekoak hil eta Julia atzerriratu zutenean, Erromara itzuli zen Tiberio eta garaipen sonatuak lortu zituen Germanian. Augustok, ondorioz, semetzat hartu zuen eta hura hil zenean, K. o. 12an, enperadore izendatu zuen senatuak.
Agintaldiko lehen urteetan sendotu egin zituen inperioko ekonomia eta erakundeak eta, horretarako, mugak zehazteaz gainera, gastu publikoak murriztu zituen. 23. urtean, Druso semea hil zenean, kontseilarien esku utzi zuen aginpidea eta ustelkeria nagusitu zen gobernuan. 27. urtean Capri uhartera erretiratu eta, Luzio Sejano pretorearen bidez, Erroma gobernatzen jarraitu zuen; historialari batzuen iritziz, ustelkeria, bortizkeria eta etikarik eza asko hedatu ziren garai hartan. 31. urtean, ordea, Sejano hiltzeko agindua eman zuen Tiberiok, eta hil aurretik oso erresuma sendoa antolatu zuen. Hil baino lehen, bere iloba Kaligula hautatu zuen oinordeko, eta berau izan zen Erromako hurrengo enperadorea.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Tiberio |