Erdi Aroa

Europako garai historiko
Erdi Aro» orritik birbideratua)

Erdi Aroa Europako historiako aro bat da, Antzinaroaren ondorengoa eta Aro Modernoaren aurrekoa. Gutxi gorabehera V. mendetik XV. menderainoko tartea hartzen du, zehazkiago abiapuntutzat 476 urtea hartu ohi da, Mendebaldeko Erromatar Inperioaren desagerpenarekin, eta amaieratzat Konstantinoplaren erorialdia eta Ehun Urteko Gerraren amaiera 1453an edota Kolon Ameriketara iristea 1492 urtean. Erdi Aroaren baitan historialariek beste azpiaro batzuk —Goi Erdi Aroa, Tarteko Erdi Aroa eta Behe Erdi Aroa— bereizi dituzte. Erdi Aroan, aldaketa ugari gertatu ziren politika, kultura eta ekonomia arloetan. Egungo Europako hainbat estatuk oinarriak aro honetan dauzkate, muga politikoak garai gatazkatsu honetako leinu eta armaden garaipenen ondorioa baitziren.

Apaiza, gerlaria eta nekazaria, Erdi Aroko hiru ordenen ordezkariak.

Erdi Aroko zibilizazioa

aldatu

Erdi Aroko Mendebaldea

aldatu

Mendebaldea esatean, Erdi Aroan, lekua baino areago, zibilizazioa adierazi nahi da. Mendebaldea Erromako kristautasunaren eremua da, latina erlijio hizkuntza duena. Mendebaldeko Europarekin bat egin lezake (nahiz eta Europa hitza bera Pizkundearen aurretik oso gutxitan erabili zen), Mendebaldeko Erromatar Inperioarekin guztiz bat egin gabe. Ekialdeko mugak lausoak ziren, eta aroan zehar mugitu ziren. Ekialdeko Zismaren ostean (1054) batik bat, Mendebaldea eta Bizantziar Inperioa bereizi ziren, zio politikoengatik, erlijiosoengatik baino areago. Banantze horrek kristautasunaren lehenengo bi adarrak, eliza katolikoa eta ortodoxoa, ekarri zituen. Haustura 1204an areagotu zen, Konstantinopla bizantziar hiriburua gurutzatuek hartutakoan IV. Gurutzadan.

Hortaz, Mendebaldea, Erdi Aroan, erromatar kristautasunarekin dago lotuta ezinbestez. Gerra eta misioak zirela kausa, Erdi Aroan zehar hedatu zen eremu hori Europan bertan. XVI. mendean, kontinente zaharretik kanpora ere zabaldu zen egin ziren aurkikuntza handiak zirela eta (Amerika, Indiarako bidea...). Hala eta guztiz ere, Erdi Aroko mendebalde hori ez zen guztiz batutako kultura eremua. Izan ere, hizkuntza- eta politika-bereizketa ugari egon bazeuden, inperioa ezartzeko saioak gorabehera. Gainera, latinetik eratorritako hizkuntzak garai honetan garatu ziren. XVI. mendean, protestantismoaren sorrerarekin, batasun erlijiosoa ere hautsi zen.

Zibilizazio hartan, gizarteak piramide bat osatzen zuen. Behean, nekazariak zeuden, populazioaren %90. Erpinean, erregea zegoen. Erdian, bi adar antzeman daitezke: noblezia eta apaizteria. Bien goiko aldean, printzea eta apezpikua zeuden hurrenez hurren. Printzearen azpian, baroiak, beheko noblezia (infantzoiak, jauntxoak) eta lur-jabeak.

Kristautasuna

aldatu
 
Arkitektura erromanikoa, Goi Erdi Aro amaieran garatu zen estiloa (Eunate, 1170 inguru)

Kristautasuna Erdi Aroko historiaren bihotzean datza. Izan ere, garai honetako pentsamoldea markatzen du zeharo. Erromako Aita Santuaren inguruan antolatuta, Mendebaldeko Erdi Aroko mugak eta mundu kristau katolikoenak bat dira.

Elizaren antolakuntza

aldatu

Erromatar Inperioaren garaian (Milango ediktuaren bidez, 313an, kristauek gurtzeko askatasuna lortu zuten) Estatuko erlijio bihurtuta, kristautasuna Europan zehar Erdi Aroko lehenengo mendeetan hedatu zen. Erlijioaren zabalkuntzarekin batera, elizaren hierarkia ere eraikitzen joan zen, Aita Santuaren inguruan. Elizaren burua izanik, Erromako apezpikua Mendebaldeko botere nagusienetakoa zen, haren autoritate espirituala Petri apostoluaren ondorengotzan oinarritzen baita.

Bilakaera hau motela izan zen (V. mendetik XIII. mendera), dena den, eta oztopo andana gainditu behar izan zituen. Lehenik eta behin, Elizako dogmak kontzilioetan finkatzen ziren, eta, horretarako, denbora igarotzea beharrezkoa zen. Izan ere, zenbait dogma ez onartzerakoan, heresiak sortzen ziren, Elizaren ustetan, desagertu beharrekoak, onartutako sinesmen aitormena nagusi zedin. Horietako bat bisigodoen arrianismoa izan zen, zeinek Iberiar penintsulan VII. mendera arte iraun zuen.

Horretaz gain, Bizantzioko Elizaren gainean gailendu behar izan zuen Erromako Elizak. Mendebaldeko Erromatar Inperioaren desagerpenarekin, askoz boteretsuago suertatu zen zutik zirauen Inperioaren hiriburuko eliza, Bizantziokoa hain zuzen ere; eta ez zen Erromarenganako mendekotasunik onartzeko prest agertu. Onartzekotan, berdinen arteko maila handixegoa aitortuko zion Erromari. Nolanahi ere, bizantziarren ikonoklasiaren krisialdiarekin (726843), Erromako elizak gero eta autoritate gehiago lortu zuen ekialdekoen aurrean. Ekialdeko Zisma gertatzerakoan (1054an Erromako Aita Santuak eta Bizantzioko Patriarkak elkar eskumikatu zuten) norbanakoen aginte-eremua argi ezarri zen.

Hori bezain garrantzitsua liturgia bakarra ezartzeko auzia da. Izan ere, tokian tokiko elizak bere usadioak zituen ekitaldi kristauak ospatzerakoan. Irlandako liturgiak Pazkoa beste data batean kokatzen zuen, eta Britainia Handian ere eragin handia izan zuen Whitbyko sinodora arte (664). Kristautasuna hedatu ahala (batik bat erresuma anglo-saxoietan eta frankoen artean), Erroma saiatu zen Elizako ohitura orok bat egin zezan, besteak beste, bere nagusitasuna bermatzeko.

Elizak beste oztopo bat botere laikoetan topatu zuen, Aita Santuaren eraginari aurre egin baitzioten, nork bestearen aferetan eskua sartu nahi baitzuen bere kasa zuzentzeko. Esaterako, lonbartar erregeek Erroma azpiratu nahi zuten. Hori zela eta, Aita Santuak Karolingiarrengana zuzendu ziren laguntza eskean VIII. mendearen erdialdean. Elkarrenganako laguntza honen ondorioz, mendebaldean inperioa sortu zen berriro Karlos Handiarekin (800). Hala ere, Enperadorearen eta Aita Santuaren paperak ez zeuden zehaztuta. Hastapenean, Aita Santuaren eraginaren kalterako izan zen, baina geroago enperadore titulua desagertu egin zen, hain ahulduta zegoen eta. X., XI. eta XII. mendeetan elizaren barnean hainbat erreforma egin ondoren, indartu zen Aita Santuaren papera. Inbestiduren Auzia deritzon prozesuan, germaniar Enperadoreari aurre egin zion. XIII. mendean, botere erlijiosoa gailendu zen, hein handi batean eskumikatzeko gaitasunari esker, baita gurutzadak eta lortutako benetako boterea eta aberastasuna zirela-eta ere. Inozentzio III.ak, bere agintaldian (11981216), abian jarri zituen Dictatus Papae izeneko buldan ezarritako printzipioak (1075), pontifize-teokrazia zeritzona, alegia.

Europaren kristautzea

aldatu
 
Klovisen bataioa. Eliza eta frankoen arteko ituna ezarri zen honela.

Ebanjelioetako apostoluen ereduari begira, irizpide katolikoen arabera, «lurreko mugetaraino» hedatu behar du Elizak, fedeak batzen duen erakundeak. Horretarako, Erdi Aroan bi modu erabili ziren; alde batetik, era bakezalea eta espirituala, predikazioa, gizabanakoen borondatezko konbertsioa; beste aldetik, ordea, era bortitza eta borrokazalea, Germanian gertatu zen bezala, non kristautzeko prozesua frankoen konkisten eskutik joan zen.

Goi Erdi Aroan, Erromak, ahal zuenean, babestutako misiolarien lanak bi helburu nagusi zituen, kristautzeari dagokionez. Lehenengoa herri baten elitea edo buru nagusia konbertitzea zen, honek herriaren gainerakoak kristautzeko egundoko babesa ekarriko liekeelakoan. Honen eredua frankoen kristautzea izango litzateke, haren erregea Klovisek 496an edo 498an kristautasun erlijioa hartu zuenean (kristautu zen lehen errege germaniar paganoa). Bigarrena, nagusien azpian zeuden jende xeheei Kristoren mezua helaraztea izango litzateke, neurtzen zailagoa den prozesua (ez dago ahazterik «paganus» landetan bizi denari izendatzen zitzaion latinez). Apaiz askoren lana izan zen, eta haietako batzuk ezagunak dira: San Kolonbano Galian, San Agustin Canterburykoa Kent eskualdean, edo San Bonifazio Frisian.

Antzinako germaniarrak kristautzeko prozesuan, lehenengo pausoak Erromatar Inperioan bertan eman ziren, honek eta honen erlijio kristauak zeukan ospea zirela eta. Hala ere, eskala txikiko banan banako konbertsioak izan ziren.

IV. mendean gertatu ziren lehendabiziko kristautze masiboak, godoek arrianismoa (Eliza Katolikoak heresia izendatutako adar kristau bat) hartu baitzuten. Kristautasun katolikoa bere erlijiotzat jo zuen lehen germaniar herria frankoak izan ziren, 496an edo 498an Reimsen bataiatu zirenean. Hala ere, VII. mendean ere hainbat usadio paganok bizirik zirauten. Lonbardiarrak ere, Italian sartzerakoan, VI. mendean, kristautu ziren.

Nolanahi ere, horren aurretik Irlandako kristautzea iritsi zen, San Patrizioren eskutik V. mendearen lehen erdialdean. Irlanda, kontinenteko mugimenduetatik at egon arren, azkar kristautu zen, eta 590 inguruz geroztik misiolari andana abiatu ziren bertatik Europa (Britainia Handia eta Germania batik bat) kristau bihurtzera. Britainia Handiaren konbertsioa Gregorio I.a Aita Santuak Kentera bidalitako komisio batekin hasi zen 596an. X. mendera arte, hein handi batean era independentean, irla kristautzean jardun zuten.

Kontinentean, frankoak kristaututa, saxoiak bortizkeria erabiliz konbertitu zituen Karlos Handiak VIII. mendearen amaieran. Eskandinaviari dagokionez, lehen misiolariak VIII. mendean iritsi ziren, baina XII. mendera arte ez zen burutu. Samiek, ordea, XVIII. mendera arte pagano jarraitu zuten. Baltikoko herriak ere bortizki konbertitu zituzten Iparraldeko Gurutzaden bidez, alemaniarrak ekialdera hedatzen ziren bitartean. Poloniako erregeak, Mieszko I.ak 966an onartu zuen, bere boterea indartuko zelakoan. XIII. menderako, erromatar katolizismoa Poloniako erlijio nagusia zen. Hungariako Erresuma (egungo Hungaria baino handiagoa) 970 eta 1038 bitartean kristautu zen.

Bulgaria, mendebaldeko eta ekialdeko elizen artean, Boris I.aren agintaldian hasi zen konbertitzen ekialdeko elizaren eskutik. Eliza horrek egungo Bielorrusia, Errusia eta Ukraina ere kristautu zituen, VIII. mendean hasita. Nolanahi ere, 980 inguruan hartu zuen kristautasuna Vladimir Handiak, eta prozesua XIII. mendera arte ez zen burutu.

Islama erlijio nagusia zuten tokitan ere hedatu zen kristautasuna Erdi Aroan, bortizkeria erabiliz gehienetan. Hala, gertatu zen Iberiar penintsulan 722tik (Covadongako borrokaren ustezko data) 1492ra arte, non Granada, zutik zirauen azken erresuma musulmana, erori zen. Ekialde Hurbilean prozesu berdintsua gertatu zen, era handiagoan, lehen aldiz 1095ean Urbano II.ak deitutako Gurutzaden bidez. Nolanahi ere, Ekialde Hurbilean eratutako estatu kristauak azkenean ere erori ziren, Bizantziar Inperioak Otomandar Inperio musulmanaren aurrean (1453) egin zuen bezala. Prozesu honetan kristautasunak atzera egin zuen islamaren mesederako.

Heresiak

aldatu
 
Kataroak Carcasonatik kanporatuta 1209an.

Heresiaren kontrako borrokaren historia luzea zen Eliza Katolikoan barnean. Erdi Aroko Mendebaldean, arrianismoa izan zen lehenengoetakoa, zeinek Hirutasuna zalantzan jartzen zuen. Godoek kristautasunaren adar hau onartu arren, Rekaredo erregeak 589an katolizismoa hartu zuen.

Geroztik, noizean behin garatu ziren, batez ere 1000. urtearen inguruan, baina oso gutxitan finkatzen ziren eskualde bateko populazio gehienaren artean. Hala gertatu zen Okzitanian katarismoarekin, edo Bohemian Jean Husekin (13691415), besteak beste.

XII. mendetik aurrera, Elizak eskeko ordenen laguntza, frantziskotarrena eta, batez ere, domingotarrena, izan zuen heresien hedapena mugatu ahal izateko. Elizaren batasuna bermatzeko, Elizak bitarteko bortitzak erabili zituen hainbatetan: hala nola, Gurutzada Albitarra, Hustar Gerrak, Gregorio IX.aren (12271241) Inkisizioaren sorrera...

Monarkia

aldatu

Erdi Aroko Mendebaldea erregeek gobernatu zuten, baina ez era ahalguztidunean, mugak baitzituen. Izan ere, monarkek beste botere batzuk (tokian tokiko nobleak, edo Eliza Katolikoa) aintzat hartu behar zituzten. Behe Erdi Aroan, ordea, erregeen boterea handituz joan ziren hainbat tokitan (Ingalaterran, Frantzian edo Iberiar penintsulan).

Monarkia Erromatar Inperioaren erortzean eta errege barbaroak etortzean sortu zen Europan. Errege boterea aitarengandik semearengana eskualdatzen da, leinuak osatuz. Haren estatus gorena erakustearren, zenbait ikur bereganatuz joan ziren: koroa, tronua, zeremonia-multzoa, altxamendua...

Dena den, monarkia Europan garaiko sistema politikorik hedatuena bazen ere, ez zen bakarra. Hainbat errepublika sortu ziren, Veneziakoa esaterako. Aita Santuen Lurraldean, Eliza zen jauna, Aita Santuak erregeen antzera gobernatzen zuelarik. Eskumikua arma gisa erabilita, edozein lur-botereri, enperadoreei ere, aurre egiteko gai izan zen. Izan ere, enperadorearen papera bitxia da. Alde teorikoan, botere unibertsala du, kristautasun osoaren gainekoa. Hala ere, Eliza eta tokian tokiko nobleak eta erregeak topatuko ditu aurrez aurre.

Feudalismoa eta basailutza

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Feudalismo»


 
Omenaldi baten miniatura.

Muga lausoko kontzeptua bada ere, esan daiteke Erdi Aroko sistema politiko nagusia feudalismoa izan zela. Horretan, elkarrenganako betebeharrak zituzten jaunek eta haien mendeko basailuek, omenaldiko zeremonia batean ezarri den bezala. Basailuaren betetzekoa leialtasun militarra eta politikoa (auxilium et consilium) ematea da. Horren trukean, jaunak basailuari mantenua eman behar dio, (gehienetan) lurralde baten gaineko atarramentua (feudo bat) alegia.

Sistema feudal hau X. eta XI. mendeetan botere publikoaren ahultze-prozesuaren ondorioa izan da. Enperadoreak, erregeak eta printzeak ez ziren tokian tokiko jaunen gainean euren boterea ezartzeko gauza. Hori zela eta, aurrez aurreko erlazioa nagusitu zen, elkarrenganako mesederakoak ziren eskubideak eta betebeharraz eratuz. Honela, piramide bat osatu zen non erpinean erregea zegoen. Haren azpian, zehazki kokaturik, gainerako nobleak garrantziaren arabera.

Erdi Aroko artelan gehiena erlijiosoa zen, gehienetan Elizak, edo Elizaren gizabanako boteretsuek, apezpikuek esaterako, edo bizitza amankomuneko elkarteek, komentuek esaterako, eskatzen eta ordaintzen baitzuten artea. Gainera, oso maiz erabilpen liturgikoa zeukan: gurutzeak edo erretaulak, besteak beste.

Erdi Aroko funtsezko gaietako bat errealismo eza da. Irudigintzako perspektibaren inguruko eta gizakien figura ulertzeko ezaguera franko Erromako erorketarekin galdu zen. Hala ere, historialari ugarik adierazi dute errealismoa ez zela Erdi Aroko artisten kezka nagusia. Mezu erlijiosoa iragarri nahian, irudi ikonikoak zehaztasun handiz egindakoak baino ziren beharrezkoak.

Arkitektura

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Erdi Aroko arkitektura»
 
Zangozako elizaren atea.

Mendebaldeko Europako arkitektura Erdi Aroan hiru epetan banandu ohi da. Aurre-erromanikoa da Goi Erdi Arokoari ematen zaion izena. Hurrengo garaietan ez bezala, lehen epe horretan kontinente osoan ez zen estilo bakarra garatu, baizik eta hainbat tokitan bere eran eraiki zuten: merovingiarra, karolingiarra, otoniarra edo asturiarra.

Erromanikoa, estilo nagusia XI. eta XII. mendeetan, Europa osoko lehen estiloa izan zen Erromako garaietatik. Izan ere, adibideak kontinente osoan zehar daude. Puntu erdiko arkuak ditu ezaugarri behinena. Honen eratorria, XII. mendeko Saint-Denisko abadian sortu zen bezala, arte gotikoa izan zen. Honetan, teknikan emandako aurrerapausoak zirela eta, altuera handiko katedralak dira ikur nagusia.

Literatura

aldatu

Hasiera eta amaiera

aldatu

Lehen aipatu den bezala, eskuarki Erdi Aroko hasiera eta bukaera datak K. o. V. eta XV. mendeak izaten dira. Hala ere, herrialde eta historialarien arabera, data horiek gora edo behera egiten dute.

Hasiera data 476an kokatzen da jeneralean, Erromatar Mendebaldeko Inperioko azken enperadorea, Romulo Augustulo, tronutik at utzi zutenean. Hala ere, data hori ez da, berez, oso garrantzitsua, orduko enperadoreen benetako boterea oso ahula baitzen. Historialari batzuek Erdi Aroaren hasiera III. mendeko krisialdiaren ostean kokatzen dute, ekonomian (hiriak hustu ziren), gizartean (kristautasuna nagusitu zen) eta politikan (Diokleziano eta Konstantino enperadoreek ezarritako erreforma ugariei esker hein handi batean) aldaketa andana gertatu baitziren. Beste batzuek, Henri Pirennek edo Peter Brownek kasu, aldiz, Erdi Aroaren hastapena VII. eta VIII. mendeetan kokatzen dute, islamaren hedapenarekin batera. Garai horri Berant Antzinaroa deitzen diote.

Erdi Aroa noiz amaitu zen erabakitzea are zailagoa da. Izan ere, Europan, herrialdearen arabera data bat edo bestea hautatzen da. Italian, esaterako, XV. mendea ikertzen duten historialariek Pizkundeko ikerlaritzat jotzen dute euren burua. Europako gainerako lurraldeetan XV. mendearen hasiera Erdi Aroa da inondik inora. Gehienetan gertaera batzuk aukeratzen dira amaiera ezartzeko. Turkiarrek Konstantinoplaren hartzea edo Ehun Urteko Gerraren bukaera (biak 1453an gertatuta) ohikoak dira. Johann Gutenbergek inprimagailuaren asmatzea (1455 inguruan), Ingalaterrako erregetzan Yorktarren ordez Tudortarrek boterea hartzea (1485ean), Iberiar penintsulako azken estatu musulmanaren erorketa edo Amerikaren Aurkikuntza (biak 1492an), Erreforma Protestantearen hasiera (1517an), edo Lepantoko borroka ere (1571n) hartu izan dira Erdi Aroa eta Aro Modernoaren arteko muga ipintzeko.

Erdi Aroko Garaiak

Goi Erdi Aroa

Erdi Aro Klasikoa

Behe Erdi Aroa

Gainera, Mendebaldeko Europan, Erdi Aroa bera beste garai txikiagotan ere banantzen da. Hemen ere, herrialde eta eskolaren arabera, izen bat edo bestea jasotzen dute garai horiek, aditu guztiak bat ez datozelako. Datak, ordea, finkoagoak dira. Hemen eredu frantsesari eutsi zaio. Lehenengo aroa, Erromatar Inperioaren amaieratik 1000 arte, gutxi gorabehera (batzuetan atzerago eramaten da), Goi Erdi Aroa izango litzateke, nahiz eta hainbat tokitan Lehen Erdi Aroa ere deitu. Bigarrena, XI, XII. eta XIII. mendeek Erdi Aro Klasikoa osatuko lukete (urte horietan Erdi Aroko ezaugarri nagusiak –basailutza, gurutzadak, Aita Santuen eta Alemaniako enperadoreen arteko gatazka– gailurrean leudeke). Hirugarrena, XIV. eta XV. mendeak Behe Erdi Aroa (beste tokietan Azken Erdi Aroa) izango lirateke (XIV. mendeko krisialdiak -krisialdi ekonomikoak, Izurri Beltzak, Ehun Urteko Gerrak- aldaketa ekarriko bailuke).

Antzinaro Beranta

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Antzinaro Berantiarra»

III. mendeko krisialdiarekin, Erromatar Inperioak gainbehera latza pairatu behar izan zuen. Aurrera egiteko, zenbait erromatar agintarik, Dioklezianok besteak beste, erreforma andana abian jarri behar izan zituzten. Berrikuntza prozesu horrek aldaketa ugari eragin zuen arlo frankotan (ekonomikoan, erlijiosoan, sozialean, militarrean...), eta oso bestelako gizartea sortu zen, kristaua, hein handi batean, eta ez hain hiritarra, esate baterako.

Inperioa Ekialdean eta Mendebaldean erdibituta, IV. mendetik aurrera mugaz bestaldeko herriek gero eta presio handiagoa egin zuten Inperioaren aurka. Mugen barneko lehendabiziko porrot garrantzitsua Adrianopoliskoa izan zen (378) godoen kontra. Hainbat herri barbarok 406ko neguan Rhingo ibia zeharkatu ahal izan zuten, eta, 410ean, Erroma bera arpilatu zuten godoek. Azkenean, Mendebaldeko Inperioa 476an erori zen, Romulo Augustulo azken enperadorea Odoakro buruzagi germaniarrak boteretik kanporatzean.

Ekialdeko Inperioak Mendebaldekoak izan ziren lurraldeen gaineko jabetza aldarrikatu zuen, eta Justiniano enperadorea zela, zati handi samarra bereganatu zuten. Alabaina, Mendebaldeko Europa herri barbaroen erregetzaren azpian geratu zen.

Goi Erdi Aroa

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Goi Erdi Aroa»

Migrazioak

aldatu
 
Barbaroen herri-mugimenduak erromatarren garaian.
Sakontzeko, irakurri: «Migrazioen Garaia»

Germaniarren migrazioak aspaldikoak ziren, godoak Itsaso Beltzara III. mendean ere iritsi baitziren. Hala ere, hunoen etorrerak (372375) egoera aldatu zuen. Izan ere, hunoen gerrarako ahalmenaren aurrean, godoek ekialdera mugitu behar izan zuten, erromatarren lurraldera hain zuzen ere (376). Godoek Adrianopolisko guduan erromatar armada garaitu zuten 378an. Hortik aurrera, germaniarrak erromatarren buruhauste nagusia bilakatu ziren.

Hunoen presiopean ere, beste herri germaniarrak Inperioan sartu ziren. Vandaloak, suebiarrak eta alanarrak Rhin zeharkatu zuten 406ko neguan, Mainztik hurbil. Burgundiarrek eta alamanarrek laster jarraitu zieten.

Vandaloek, suebiarrek eta alanarrek, Galia zeharkatuta, Iberiar penintsulan sartu ziren 409an. Suebiarrak ipar-mendebaldean kokatu ziren, baina beste biak, 429an Afrikara igaro eta, Inperioko probintzia horiek azpiratu zituzten Genserikoren agindupean.

Bisigodoak 418an finkatu ziren Tolosaren inguruan itun (foedus) baten bidez. Burgundiarrek Lyon hartuta (457), Rodano eta Saonaren arroetan hedatu ziren hurrengo hurteetan. Frankoek Klovis zuten buru nagusia (481511). Honen zuzendaritzapean, kristau bihurtzeaz gain, Galiako iparraldean gotortzetik bisigodoak garaitzera (506) eta hegoaldera mugiaraztera iritsi ziren.

Angloak, jutuak eta saxoiak Britainia Handira migratzen ziren, 442tik erromatar armadarik gabe. Hainbat britainiarrek kontinentera jo zuten, beste Bretainia bat sortuz. Teodoriko buru zuten ostrogodoek Italia okupatu zuten. Alamaniarrak, bavariarrak, turingiarrak eta saxoiak Rhin aldera finkatu ziren.

Nolanahi ere, hauek ez ziren Goi Erdi Aroan Mendebaldeko Europak jaso zituen inbasio bakarrak. Bikingoak Europa osoan zehar VIII. mendez geroztik. Norvegiarrak Ozeano Atlantikoan mugitu ziren batik bat. Britainia Handia eta Irlanda arpilatu zituzten nagusiki, baina Frantzia eta Iberiar penintsula ere (Gartzia Iñigez Iruñeko buruzagia bahitu zuten). Islandiara (860) eta Groenlandiara era iritsi ziren. Daniarrek Mantxako Kanalean arpilatu zuten gehienbat. Ingalaterrako koroa lortu zuten Knut Handiarekin, eta Frantzian, 911n, Normandian finkatu ziren. Suediarrak ekialdean mugitu ziren, Itsaso Baltikotik Beltzaraino. Salerosketarako kokaguneak finkatu ziren Errusiako estepetan, eta Konstantinoplako merkataritzan parte-hartze handia izan zuten.

Beste aldetik, Erdialdeko Asiatik ere hainbat herri iritsi zen Europaraino. Balkanetara, bulgariarrak etorri ziren. Zonalde horretan, aurreko mendeetan emeki-emeki zabaldu ziren eslaboak botere-hutsuneaz baliatuta. Hungariarrak Erdialdeko Europara IX. mendearen amaieran iritsi ziren. Hortik, ingurunea arpilatu zuten harik eta Oton I.ak 955ean garaitu zituen.

Islamaren hedapena (632–750)

aldatu
 
Musulmanen hedapena 632tik 750ra.
Sakontzeko, irakurri: «Musulmanen konkistak»

Muhammad profetaren heriotzaren ostean, islamaren buru edo kalifa Abu Bakr (632634) bihurtu zen. Haren zuzendaritzapean Arabiar Penintsularen erdialdea musulmanen menpean geratu zen. Umar I.a bigarren kalifarekin (634644), «fededunen burua» (amīr al-mu 'minīn) titulua hartuta, Siria, Jordania, Palestina eta Irak bereganatu zituzten islamdarrek 630eko urteetan. Egipto Utman hirugarren kalifak konkistatu zuen 645ean Bizantziar Inperiotik. Ali ondorengoarekin batera, lehendabiziko lau kalifa hauek islam garbiaren urrezko aroan gobernatu zuten buruak dira musulmanen ikuspuntutik.

Ali Muhammaden suhiaren agintaldia Utmanen heriotzaren gaineko zalantzekin hasi zen. Hori zela eta, borroka eta Lehen Gerra Zibil Islamdarra piztu ziren, Muawiya Siriako gobernadoreak bultzatuta. Kufa hirian otoitzen ari zela Ali hil zutenean, Muawiya I.ak boterea bereganatu zuen Omeiatar leinua sortuz eta hiriburua Damaskon ezarriz. Aliren jarraitzaileak, azkenean, xii bilakatu ziren. Omeiarren erpina Abd al-Malik (685705) kalifaren agintaldiarekin etorri zen. Izan ere, Erdialdeko Asia eta Iparraldeko Afrika azpiratzeaz gain, estatua arabiartu zuen, greziarren eta persiarren ordez, funtzionario arabiarrak jarri baitzituen.

Iberiar penintsularen konkista 711n hasi zen, Guadaleteko guduan bisigodoak garaitzean. Hurrengo zortzi urteetan penintsula osoa bereganatu zuten, gehienetan tokian tokiko nobleziarekin izandako bake itunen bidez. Euskal Herrira ere iritsi ziren, Iruñean Gazteluko Plazako azken indusketek erakutsi duten moduan. Iparralderago ere joan ziren, harik eta Toursko guduan Karlos Martel frankoen buruzagiak garaitu zituen arte (732).

Konstantinopla bera ere hartzen saiatu ziren (717). Porrot egindakoan, Omeiarren ospeak behera egin zuen. Azkenean, 750ean, Abasidar leinuak Omeiarrak boteretik kendu zituen, hiriburua Bagdadera mugituz. Ia-ia omeiarren klan osoa erail zuten, baina printze bat, Abd al-Rahman I.a, bizirik Iberiar penintsulara heldu ahal izan zen. Hor, Kordobako Emirerria sortu zuen (756), abasidarren inperiotik at. Musulmanen estatu batua bereizteko lehendabiziko pausua izan zen hori, IX. mendean zehar desegin baitzen.

Karolingiarrak

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Karolingiar leinua»
 
Frankoen Inperioa 481etik 814 arte.

Mendebaldeko Erromatar Inperioaren desagerpenaren ondoren sortu ziren erresumen artea, frankoena boteretsuena izan zen. Hala ere, VI. eta, batez ere, VII. mendeetan barne borroka andana gertatu ziren erresuma horren eratorritako Neustria eta Austrasia izeneko erresumen artean. Azkenean, merovingiar errege horien boterea oso ahulduta suertatu zen, haien menpe teorikoko seneskalen mesederako. Seneskal horietako bat Karlos Martel izan zen, musulmanak Toursko guduan garaitu zituena (732). Haren seme Pepin Laburrak boterea de jure hartu zuen azkenean 752an, legezko erregea, Txilderiko III.a, kanporatuta.

Nolanahi ere, karolingiarren errege nabarmenena Pepinen semea izan zen, Karlos Handia edo Karlomagno zeritzona. Boterea 768an hartuta, laster konkista-kanpainari ekin zion: Iparraldeko Italia (774), Iberiar penintsulako iparraldea (Bartzelona 800ean konkistatu zuen, baina Orreagako guduan -778- galtzaile atera ziren frankoak), zein saxoien, bavariarren, avararren eta eslaviarren aurkakoak. Hori zela eta, Karlos Handiaren mendean lurralde itzela geratu zen, erromatar garaietatik ezagutzen ez zen bezalakoa. Honela, 800ko gabonean, Aita Santuak Karlos Handia enperadore izendatu zuen, hain handia ikusten zen bere boterea. Lurralde eskerga horretan justizia-sistema berria, eliza-erreforma (liturgia bakarra izan zezan) eta kultura-suspertzea bultzatu zituen Karlos Handiak. Izan ere Karolingiar Pizkundeaz hitz egiten da garai honetako kulturaz mintzatzerakoan.

Karlos Handiak ondorengo bakarra izan zuen, Ludoviko Pio. Honen heriotzean, halere, bere semeek borrokatzeari ekin zioten boterea bereganatu nahian. Azkenean Inperioa bereizi behar izan zen hiru semeen artean Verdungo Itunari esker (843). Lotario I.ak, zaharrenak, enperadore titulua, Italia (zonalde honek enperadore-titulua eramateko legitimazioa ematen baitzuen), frankoen erresumaren muina, Aachenen ingurua (Rhinen ahoa) eta bi hauek lotzen zituen zonaldea, hau da, inperioaren erdialdea. Ludwig Germaniarrak Ekialdeko Frantzia jaso zuen eta Karlos Burusoilak Mendebaldekoa. Hurrengo urteetan, erresuma horiek areago banandu ziren, harik eta, 887an, enperadore-titulua desagertu zen arte, ez baitzegoen ohore hori eramatea merezi zuen inor. Urte horietan mehatxu ugari pairatu behar izan zituzten Mendebaldeko Europan, bikingoen zein Erdialdeko Asiatik etorritako herrien (hungariarrak esaterako) eskuetatik. Arrisku horiek X. mendean desagertuta edo gaindituta, 955ean enperadore titulua berreskuratu zen, baina horko horretan soilik Ekialdeko Frantziari, Germaniako Erromatar Inperio Sainduari hain zuzen ere, zegokion.

Bizantziar Inperioa

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Bizantziar Inperio»

Erromatarren ondorengotzak ekialdean jarraitu zuen, Konstantinopla hiriburu zuen Bizantziar Inperioan hain zuzen ere. Ekialdeko merkataritza-bideak kontrolpean, inperio aberatsa zen. Gainera, armada boteretsuagoa eta diplomazia garatuagoa edukita, barbaroen migrazioei eutsi ahal izan zien.

 
Justinianoren agintaldiko hedapenak.

Mendebaldean galdutakoa ere berreskuratzen saiatu ziren Justiniano I.aren agintaldian (527565). Izan ere, Italian, Iparraldeko Afrikan eta Iberiar penintsulako hegoaldean ere bere agindua zabaltzea lortu zuten. Horretaz gain, Justinianok erromatar legea kode batean idatzi zuen, (zeinek Europako hainbat tokitan XIX. mendera arte ere iraun zuen), eta garaiko eraikinik teknikoki garatuena eta handiena, Hagia Sofia, altxatu zuen.

Justinianoren ondorengo batzuek, Mauriziok eta Herakliok avararren, bulgariarren eta eslaviarren inbasioei eutsi behar izan zieten. Konstantinoplak, garaiko Europako hiririk handienak, persiarren eta avararren setioa pairatu behar izan zuen 626an. Persiarren arriskua gainditu zuen Herakliok, haien hiriburua hartuta eta haien monarka erailda. Nolanahi ere, Heraklio oraindik ere bizirik zegoen arabiarren izugarrizko hedapena ikusteko. Ehun urte baino epe laburragoan, Siria, Palestina, Egipto eta Iparraldeko Afrika bereganatu zituzten erraztasun txundigarriaz. Izan ere, erlijioaren aldetik zegoen batasun ezak (heresia andana sortu ziren, monofisismoa eta nestorianismoa nabarmenak izanik) erraztu zuen musulman bihurtzeko prozesua.

Inperioa oso ahulduta suertatu zen, nahiz eta Heraklioren ondorengoek Konstantinopla salbon utzi zuten bi arabiar setioetatik (674677 eta 717). VIII. eta IX. mendeetan inperioa Ikonoklasiaren Auziak suntsitu zuen, gorteko alderdien ezberdinen arteko borrokek areagotuta. Bulgariarrak eta eslaviarrak gatazka horietaz probestu ziren Iliria, Trazia eta Grezia bera inbaditzeko.

Mehatxu hauei aurre egiteko, administrazio-sistema berria abian jarri zen. Tokian tokiko administrazio zibila zein militarra jeneral baten esku utzi ziren. Dena den, mazedoniar leinuaren eskutik (867) baino ez ziren arazo horiek gainditu, beste urrezko aro bati hasiera emanez. Nizeforo Fokas gisako jeneral arrakastatsuei esker mugak hedatu ziren, eta Leon VI.a eta Konstantino VII.a gisako enperadoreekin kultura loratu zen berriro Konstantinoplan.

Enperadore hauek, berriz, ez zeukaten Mendebaldean gertatzen zenaren gainean interes handirik, nahiz eta Karlos Handiaren koroazio inperialaren aurrean (800) protestak zabaldu zituzten. Nolanahi ere, frankoen hedapenen ondorioz, eslaviarrek hegoaldera jo zuten. Izan ere, VII. mendean, Danubioaren hegoaldera eta Dnieperren ekialdera mugitu ziren.

Erdi Aro Klasikoa

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Erdi Aro Klasikoa»

Europako susperraldia

aldatu
 
Parisko Notre Dameko katedrala.

Oro har, historialarien artean garai honen inguruan ikusmolde baikorragoa dago, aurreko eta ondorengo aroen aldean batez ere. Izan ere, Erdi Aro Klasikoan (Goi Erdi Aroa ere hainbatetan deituta) Europak bizitzako arlo gehienetan gora egin zuen. Hasteko eskandinaviarrak eta hungariarrak kristautu eta baketu ziren. Zenbait erresumak, Frantziakoak, Ingalaterrakoak, Gaztelakoak edo Aragoikoak, botere handia eskuratu zuten, estatuaren funtzionamendu garatuari esker. Mongoldar inbasioak izan ezik, garai honetan Europak ez zuen kanpoko inbasiorik jasan behar.

Hala ere, ezaugarri behinena populazioaren handitzea izan zen, eta, lehengo mendeetan ez bezala, hiriak suspertzea eta zabalzea Europan zehar. Antzinaroko hiriak Mediterraneoaren inguruan kokatuta bazeuden, oraingo honetan Erdialdeko eta Iparraldeko Europan ere loratu ziren, itsasoz edo ibaiez elkarren artean lotuta. Epe honen amaierako, Parisek 200.000 biztanle inguru izanen zituen. Iparraldeko Italian zein Flandrian, hein batean edo bestean bere burua gobernatzen zuten hiriak izugarri handitu ziren, kontinente osoko ekonomia suspertuz. Itsaso Baltiko inguruko hiriak Hansan batu ziren, eta Italiako hiri-estatuek, Veneziak, Genoak edo Pisak esaterako, Mediterraneo osoan zehar zabaldu zuten merkatua.

Aro honetan Europako zibilizazioa hedatu zen, era bortitzean gehienetan. Iberiar penintsulan eta Ekialde Hurbilean musulmanen kontra jo zen. Baina kontinenteko ipar-ekialderaino ere Europako ezaugarri kulturalak iritsi ziren. Hor, Iparraldeko Gurutzadak eta erresuma kristauen aurrerapenak zirela eta, jatorrizko paganoak, baltiarrak eta finlandiarrak batik bat, europartu ziren.

Gatazkak

aldatu

Kanpoko inbasioak amaitu arren, Europan barneko borrokak ez ziren desagertu. Ingalaterran, normandiarren inbasioak (Hastingseko gudua, 1066) daniarren agintaldia amaiarazi zuen. Normandiako kontea Ingalaterrako errege bihurtzeak Frantziarekiko gatazkak areagotu zituen. Izan ere, Normandiako kontea izanik, de jure, Frantziako erregearen menpe zegoen Ingalaterrakoa, baina praktikan, boteretsuagoa zen, ezkontza-politika zela-eta, Frantziako mendebaldeko zati handia kontrolatzen baitzuen (Angevinar Inperioa deitu zaio zonalde horri). Nolanahi ere, zenbait errege ahaltsuei esker, Filipe Augustori (11801223) esaterako, Ingalaterra garaitu (Bouvinesko gudua, 1214) eta herrialdea Europako indartsuena bilakatu zen, hala nola Saint Louis (12261270) edo Filipe Ederraren (12851314) agintaldiekin. Ingalaterran, Joan Lurgabea erregeak Magna Carta eman behar izan zion nobleziari, hainbat eskubide bermatuz.

Karolingiar Inperioa amaituta, Frantziak bere bidera jo zuen Hughes Capet erregearen garaietatik. Ekialdeagoan, Germaniako Erromatar Inperio Santua osatu zen 962an, Oton I.aren eskutik. Kristautasunaren nagusiarengatik Aita Santuekiko gatazka hasi zen, inbestidurak nork izendatuko zituen gainean hain zuzen ere. Heinrich IV.a (10841106) eskumikatu zuten, eta bakea ez zen lortu Wormseko Hitzarmena adostu zen arte (1122). Hurrengo enperadoreek Italian ematen zuten denbora gehiena, eta tokian tokiko printze alemaniarrek boterea bereganatu zuten. Ekialdera hedatzen hasi ziren orduan, eslaviar paganoen eremuetara, hainbatetan Gurutzada deituta.

 
Antiokiako setioa Lehenengo Gurutzadan.

Musulmanen kontrako borroka ere ohikoa izan zen, batez ere Iberiar penintsulan, Sizilian eta Ekialde Hurbilean. Iberiar penintsulan, Erdi Aro Klasikoaren epean konkista gehiena burutu zen: 1300erako Granadako erresumak baino ez zirauen zutik, Portugal eta Aragoi erresumek bere errekonkista amaituta. Sizilia ere musulmanen menpean egon zen harik eta XI. mendean, Roger I.a buru zuen armada normandiar batek konkistatu zuen 1091rako.

Garai honetako beste ezaugarri behinenetakoa gurutzadak izan ziren. Ezagunenak Lurralde Santuak askatzera Ekialde Hurbilera zihoazenak izan ziren, baina Iberiar penintsulan, Itsaso Baltikoan edo heresien aurka ere gertatu ziren. Palestinari dagokionez, Urbano II.a Aita Santuak deituta hasi zen lehenengoa. Jerusalem 1099an hartu zuten, eta kristauen esku jarraitu zen 1187an Saladinok berriro hartu zuen arte. Europako errege nagusiek (Frantziakoak, Ingalaterrakoak eta enperadoreak) Hirugarren Gurutzada (1190) burutu bazuten ere, ezin izan zuten hiria berriz konkistatu. Laugarren Gurutzada jarri zen martxan 1202an, baina Konstantinopla arpilatzea baizik ez zen lortu. Geroztik beste gurutzada batzuk egin arren, ez zeukaten lehenengoen arrakasta lortu, eta, azkenean, kristauak Ekialde Hurbiletik bota zituzten musulmanek Acre hiria hartutakoan (1291).

Pentsamoldea

aldatu

Aurreko mendeetan Antzinateko filosofia eta kultura islamdar munduan gorde eta sakondu zen. Mendebaldeko mundu kristauan monasterioetara mugatuta geratu zen. Al-Andalus eta Sizilia musulmanetik bildutakoa eta sortutakoa (zenbaki-sistema berria, algebrako aurrerapausoak...) kristauetara heldu zen. Honela, Aristotelesen lana eta zientzia islamdarra hain erruz itzuli ziren latinera non XII. mendeko Pizkundeaz mintzatu den.

Gainera, XI. mendetik aurrera Europa osoan zehar ikasteko toki berria, unibertsitatea, zabaldu zen. Hor, filosofia berria, eskolastizismoa, garatu zen, Antselmo Canterburykoak lehendabiziz eraginda (10331109). Eskolastikoek uste zuten Eliza Katolikoaren dotrina ikasketa, arrazoi eta logikaren bidez bultzatu behar zela, platondar eta augustinar pentsamoldetik aldenduz eta Aristotelesengana hurbiltzea Enpirismoan oinarrituta. Eskolastiko nabarmenduak Tomas Akinokoa, Alberto Magno, Bonaventura, Abelardo edo Petri Lombardo izan ziren. Beste aldetik Duns Scoto, Gilen Ockhamkoa, edo Bernardo Clairvauxkoa beste pentsalari nabarmenduak ere izan ziren.

Filosofian ez ezik, artean (eskulturan, musikan eta arkitekturan batik bat) aurrerapauso handiak eman ziren. Garai honetan katedral franko eraiki ziren Europa osoan zehar, hasieran estilo erromanikoan eta geroago gotikoan.

Kultura eta pentsamendua Elizari lotuta zeuden ezinbestez aro honetan, eta ikusmolde berriek Elizan barnan ere eragina izan zuten. Lehen monasterio-erreforma nagusia X. mendekoa izan zen, non Cluny (909an sortua) monasterioaren bitartez saiatu zen jatorrizko diziplinetara itzultzen. Izan ere, bizitza zuzena izan ezean, mojek zeregin garrantzitsuak, Jaingoikoari bertutetsuentzat mundu hobea eskatzeak alegia, haien izatearen beraren arrazoiak, zentzua galtzen zuen. Zistertar erreforma (1098an sortuta) berriro saiatu zen jatorrizko diziplinara itzultzen klunitarrek bizkarra eman ziotelakoan.

Nolanahi ere, erreforma batzuek elizen mugak gainditzen zituzten. Waldotarrak eta humiliati gaitzetsi zituzten kalostrapeko bizitza ez onartzeagatik. Kataroek bere burua baizik ez zuten garbitzat jotzen. Eskeko ordenak, ordea, onartu zituzten Aita Santuek XIII. mendean, eta honela, frantziskotarrak, domingotarrak, karmeldarrak eta agustindarrak sortu ziren, domingotarren kasuan, hein handi batean aipaturiko heresien aurka borrokatzeko.

Behe Erdi Aroa

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Behe Erdi Aroa»

Gainbehera

aldatu
 
Izurrite Beltzaren irudia.

Behe Erdi Aroa gorabeheraz eta lazeriaz betetako epea da. Klima-historialariek dokumentatutako klima aldaketa gertatu zen, eta nekazaritza kaltetuta atera zen. Garaikideek goseteen bidez pairatu behar izan zuten, hala nola 1315–17koa.

Edonola ere, hondamendi larriena 1340ko hamarkadako Izurrite Beltza izan zen. Sua lastoan bezala hedatuta, bakterio-gaixotasun horrek Europako biztanleria txikitu egin zuen, europarren heren bat hil zen, eta hainbat tokitan hildakoen kopurua % 50era ere iritsi zen. Zenbait lekutan XIX. mendera arte ez zen berreskuratu populazio-maila. Landa-eremu ugari biztanlerik gabe geratu ziren. Laborarien murrizketa zela medio, soldatak handitu egin ziren, eta jabeek lurretara lotu nahi izan zituzten langileak.

Gerra ere ohiko bilakatu zen toki batzuetan, hala nola Ehun Urteko Gerra pairatu behar izan zuten tokietan. Bizi-baldintza kaskarrak zirela eta, nahigabea zabaldu eta matxinadak gertatu ziren Europa osoan. Krisialdiari aurre egiteko beste bide bat barneko erlijioa izan zen. Garai hartan Eliza Katolikoa ere krisian egon zen, Mendebaldeko Zismaren garaian elkar onartzen ez zuten hiru Aita Santu izatera iritsi baitzen. Hainbat erreforma-saio egin ziren, arrakastarik gabe, baina nahigabeak bidea irekita utzi zuen XVI. menderako.

Gatazkak

aldatu
 
Aragoiko lurraldeak.

Garaiko gatazka nagusia Ingalaterra eta Frantziaren arteko Ehun Urteko Gerra izan zen (13371453). Agincourteko guduaren ondoren (1415) Ingalaterrako Henry V.a bi erresuma batzeko zorian zegoela zirudien, baina Jeanne d'Arc-en parte-hartze erabakigarriak Frantziari eraman zion garaipena. Horren ostean, Ingalaterran gerra zibila piztu zen, Arrosen Gerra (14551485). Frantzian, Ingalaterra kanporatu arren, Borgoinako konderria eta Herbehereetako Borgoina Germaniako Erromatar Inperio Saindua sartu ziren.

Inperioaren koroa habsburgotarren eskuetara igaro zen 1438an, non Inperioa desegin arte (1806) iraun zuen. Nolanahi ere, Inperioak zatikatuta jarraitzen zuen, eta benetako boterea tokian tokiko nobleziak edo Hansa hiri merkatarien elkarteak zeukaten. Eskandinavian, Kalmarko Batasuna sortu zen 1397an, Suedia, Danimarka eta Norvegia batuta. Groenlandiako norvegiar kolonia desagertu egin zen XV. mendean, ziurrenik eguraldi gogorra zela kausa.

Ekialdean Lituaniako Dukerri Handia sortu zen. Ekialderago, Urrezko Horda garaituta (1380), Moskuko Dukerri Handia bihurtu zen tokiko botere nagusia. Ivan III.ak, Novgorod konkistatzean, Errusiaren oinarriak ezarri zituen.

Bizantziar Inperioari dagokionez, politikoki eta kulturalki denbora luzez Ekialdeko Mediterraneoa menperatu ondoren, 1453an Konstantinopla otomandarren menpean erori zen, nahiz eta orduko estatu oso txikia izan. Mediterraneoko botere berria Aragoi izan zen, zeinek erresuma asko batu zituen leinu batean. Italian Medici sendia buru zuen Florentzia nabarmendu zen hiri-estatuen artean, eta XV. mendean Pizkunde artistikoa garatu zen bertan.

Estatuaren indartzea

aldatu
 
Ingalaterrako Parlamentua erregearen aurrean (1300 inguru).

Behe Erdi Aroan monarkian oinarritutako nazio-estatu indartsuak sortu ziren, batik bat Ingalaterran, Frantzian eta Iberiar penintsulan (Portugal, Gaztela, Nafarroa eta Aragoi).

Garai honetako gatazka luzeek, Ingalaterra eta Frantziaren artean borrokatutako Ehun Urteko Gerrak kasu, erresumarekiko erregeen boterea areagotu zuten. Gerra-premiak estatuaren eraginkortasuna handitu zuen. Administrazioa burokrazia ikasiaren esku geratu zen, zeinek postua erregeari zor zion, harekiko leialtasuna bermatuta.

Nobleziarekin adostasuna bilatu zuten erregeek parlamentuen estreinako bertsioen bidez: Frantziako Estatu Orokorrak, Ingalaterrako Parlamentua, Nafarroako Gorteak... Merkatariek gobernatutako hiriek ere beren tokia izan zuten biltzar horietan, eta, oro har, erregeak babestu zituzten hirien ordezkariek. Horrek tokian tokiko jaunengandik aldentzen utzi zien monarkei. XIV. eta XV. mendeetan lortutako boterearen ondorioz, Behe Erdi Aroko erregeek benetako estatu modernoen lehenengo zutabeak eraiki zituzten: erregeen nahietara zergak ezarri, gerra deklaratu edo legeak sortu ahal zen. XV. mendearen bigarren erdirako, Ingalaterrako Henry VII.ak edo Frantziako Louis XI.ak gobernatu ahal izan zuten, baroien esku-sartzea nabaritu gabe.

Elizaren gorabeherak

aldatu

Filipe Ederraren garaietatik, Aita Santuak frantziar koroaren azpian geratu ziren. Izan ere, 1309an, San Petriren ondorengoen egoitza Erromatik Avignonera eraman zuten. Honi, Aita Santuen Babiloniako presoaldia (juduen Babiloniako presoaldia gogoraraziz) deitu zitzaion. Azkenean, 1377an, Aita Santuak Erromara itzultzea erabaki zuen. Alabaina Avignonen eta Erroman Aita Santu desberdinak aukeratu zituzten, eta, ondorioz, Mendebaldeko Zisma (13781417) sortu zen.

Konstanzako kontzilioan (14141418) Aita Santu bakarra ezarri zen berriro. Kontzilio edo biltzarren sistema aintzat hartu zen Elizaren barneko arazoak konpontzeko, baina berehala arbuiatu zen. Batasun berria gorabehera, Mendebaldeko Zismak kalte handia eragin zuen kristautasunean barnan.

Eliza Katolikoen arazoak konpondu nahian, barnetik erreformatzeko hainbat mugimenduak sortu ziren. Horietako bat Oxfordeko Unibertsitateko irakasle John Wyclifena (1325 inguru - 1384) izan zen. Wyclifek adierazi zuen Biblia baino beste autoritate-iturririk ez zegoela erlijio auziei zegokienez. Halaber, transubstantziazio, zelibato edo indulgentzien aurka mintzatu zen. Ingalaterran jarraitzaleak, lolardarrak izenekoak, lortu arren, azkenean bertan behera geratu zen mugimendua.

Jan Hus (13691415) txekiarraren irakaspenak John Wyclifenetan oinarrituta zeuden. Nolanahi ere, haren jarraitzaileek, hustarrek, lolardarrek baino eragin politiko handiagoa izan zuten. Itzala handia eskuratu zuen Husek Bohemian, eta 1415ean heresiarengatik erre zutenean, matxinada eta Hustar gerrak piztu ziren.

Horrek guztiak eragin zuen elizarekiko nahigabea XVI. mendeko Martin Lutherren erreformaren aurrekari eta eragile nagusienetakoa izan zen.

Kronologia

aldatu

Bibliografia

aldatu
  • Miguel Angel Ladero Quesada, Historia Universal. Edad Media, Bartzelona, 1995.

Kanpo estekak

aldatu