Platon[1] (antzinako grezieraz Πλάτων; Atenas, c. K.a. 427 - ibidem, c. K.a. 347) Grezia Klasikoaren filosofo garrantzitsu bat izan zen. Sokratesen ikasle eta Aristotelesen maisu izan zen. Sokratesengandik jaso zuen eragina nabaria izan zen. Parmenides, Heraklito eta pitagorikoen pentsamendu-iturrietatik ere edan zuen. Haren filosofiaren argitasunak eta sakontasunak eragin sakona izan dute historian zehar. Filosofiari egungo izaera eman eta haren zabalera osoan, hala nola etika, politika, metafisika eta epistemologia, aztertu zuen lehena izan zen. Askoren ustez, Aristoteles, Kant eta beste filosofo bakan batzuk bakarrik jar daitezke haren parean. Lan nagusiak Solasaldiak izeneko bilduma batean jasota daude (solasaldi moduko testuak baitira); bertako Sokrates pertsonaia nagusia da. [2][3]

Platon
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Platonen bizitza eta pentsamenduari buruzko bideoa.
Irudi gehiago
scholarch of the Platonic Academy (en) Itzuli

K.a. 387 - K.a. 347 - Espeusipo
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakΑριστοκλής
JaiotzaAtenas, c. K.a. 428–427
HerrialdeaAntzinako Atenas
Lehen hizkuntzaantzinako greziera
HeriotzaAtenas, c. K.a. 348–347 (70/89 urte)
Hobiratze lekuaezezaguna
Familia
AitaAriston (Atenastarra)
AmaPeriktione
Anai-arrebak
Hezkuntza
Hizkuntzakantzinako greziera
Irakaslea(k)Sokrates
Theodoros of Cyrene (en) Itzuli
Hermogenes (en) Itzuli
Dionysius (en) Itzuli
Ikaslea(k)
Jarduerak
Jarduerakfilosofoa, epigrammatist (en) Itzuli, poeta, idazlea eta philosopher of law (en) Itzuli
Lan nabarmenak
InfluentziakSokrates, Heraklito, Parmenides, Homero, Hesiodo, Aristofanes, Protagoras, Pitagoras eta Orfismo
Eragin zuenAristoteles, neoplatonismoa, Zizeron, Plutarko, estoizismoa, Descartes, Hobbes, Leibniz, Mill, Schopenhauer, Nietzsche, Heidegger, Arendt, Gadamer eta mendebaldeko beste hamaika filosofo eta teologo.
MugimenduaPlatonismoa
Genero artistikoaPlatonic dialogue (en) Itzuli

IMDB: nm0686817 Musicbrainz: f414935c-7ea7-45d7-b243-d7c0990158d8 Songkick: 254658 Discogs: 706035 Find a Grave: 89861683 Edit the value on Wikidata

Bizitza aldatu

Gutxi ezagutzen da Platonen bizitzari buruz eta ezagutzen denaren fidagarritasuna eztabaidagarria da. Hil bezain pronto, haren biografia Espeusipo ilobak idatziriko laudorioek estali zuten. Diogenes Laerzioren Filosofoen bizitzak bildumako III. liburukian zehazten diren datuak anekdotikoak dira. Horrela, haren bizitzaren gorabeherak kontatzen dituzten iturri fidagarrienak Platonek berak idatzi bide zituen VII., VIII. eta XIII. gutunak dira[4].

Atenasen jaio zen, Peloponesoko Gerraren hastapenetan eta Perikles hil eta bi urtera, familia handiki baten baitan. Ariston zuen aita, Kodro erregearen ondorengo familia batekoa; ama Periktione izenekoa zen, familia aristokrata batekoa, Dropides Solonen anaiaren ondorengoa.[5]. Aita Glaukon zuen eta Kritias tiranoaren iloba izan zen. Bai aitaren, bai amaren aldetik, arbasoak Poseidon jainkoarengandik abiatu zirela aipatu zuen Laertziok, gerora Platon alegia bihurtu zuten istorioen arabera. Bi anaia, zaharragoak biak, Adimanto eta Glaukon, eta arreba bat, Potone, izan zituen. Aita gazte hil eta ama Pirilamporekin ezkondu zen bigarren aldiz eta harekin beste seme bat izan zuen: Antifonte. Potone arrebaren semea Espeusipo zen, gerora Platonen jarraitzailea eta Akademiaren buru izan zena. Familiari buruzko datuak Diogenes Laertziok ematen ditu. Haren solasaldietan ere maiz agertzen dira familiakoak Sokratesekin hizketan, haiengandik informazio eskasa atera badaiteke ere. Karmides izeneko solasaldian, Charmides osaba (amaren anaia) dela kontatzen du. Karmides Hogeita hamar Tiranoak taldekoa zen, Atenasko demokrazia K.a. 404 urtean kolokan jarri zutenak. Karmidesen eta amaren osaba Kritias ere, aldi berean Platonen solasaldi bateko pertsonaia dena, talde hartako buru bat zen. Hala ere, senitarteko guztiak ez ziren oligarkak. Pirilampo haren amaren senarra Periklesen eta, beraz, demokraziazaleen jarraitzailea izan zen.

Platonen jaiotzezko izena Ariston izan zen, Diogenes Laertzioren arabera eta Platon izena bere gorpuzkera zabala dela eta jarri zioten goitizena omen da. Hain zuzen, platos (πλάτος) hitzak «zabalera» esan nahi du. Bekoki zabala izateagatik edo bere izakera ireki eta zabalarengatik jarri ziotela aipatu da. Familia aberats bateko seme izanik, hezkuntza zabala jaso zuen. Sokratesen ikasle bihurtu zen eta haren eragina erabatekoa izan zen Platonengan, eta haren maisu eta eredu bihurtu zen. Diogenes Laertziok ematen dituen gaztetako beste datu batzuk, hala nola kiroletan nabaria izan zela eta antzerkian ere aritua zela, ez dira fidagarritzat jotzen.

Sokrates K.a. 399 urtean epaitua eta kondenatua izan zen, eta haren ikasleen kontrako kanpaina bat martxan jarri zen Atenasen. Horregatik Platonek Atenasetik alde egin behar izan zuen, Sokratesi gertatu zitzaionaren beldurrez. Hamabi urtez egon zen Atenasetik kanpo eta urte haietan hainbat bidaia egin zituen Mediterraneoan zehar. Megaran, lehendabizi, eta Sizilian egon zela ziurtzat jotzen da. Laertzioaren arabera Zirene, Egipto eta Persiara egin omen zituen beste bidaiak, ordea, eztabaidagarriak dira. Siziliara egindako bidaietan Pitagorasen jarraitzaileekin ere harremanetan egon omen zen eta matematikarako haien joera bereganatu zuen. Horrela, Akademiaren atari gainean, Geometria ez dakien inor ez bedi hona sar leloa idatzirik zegoelako istorioa zabaldu da mendeetan zehar.

Sizilian K.a. 387. urtean izan zela uste da, eta bertan Dion Siziliako Dionisio I.a erregearen generalarekin harreman estuak izan zituen. Platonek zituen ideia politikoak praktikan jarri nahian abiatu omen zen Siziliara, baina saiakera horrek porrot egin zuen, Dionisioaren babesa galdu eta esklabo bihurtu ere egin omen zuten, azken hori fidagarritzat jotzen ez bada ere. K.a. 385. urtearen inguruan, Atenasera itzuli eta Akademia izeneko ikastetxea eraiki zuen. Bertan filosofia irakasten zen, bai eta ondorengo mendeetan ere, VI. mendera arte, filosofia-erakunde nagusi bat izan zen. Bertan zelarik, lanik garrantzitsuenak idatzi zituen eta ikasle asko izan zituen, haietatik Aristoteles.

Siziliako Dionisio II.a agintera heldu zenean, K.a. 367 urte inguruan Siziliarako bigarren bidaia egin zuen, Dionek bultzaturik, errege berriari filosofia eta gobernu ona erakutsi nahian. Bigarren bidaia hori ere ez zen ongi bukatu. Erregeak bere aurkako matxinada bat antolatzea leporatu zion Dioni eta erbesteratu egin zuen. Platon atxiloturik geratu zen Sizilian. Azkenean, erregearen baimenaz, Atenasera itzuli eta Dionekin elkartu zen Akademian. Bertan 4 urte igaro ondoren eta Dionisio erregearen eta Dionen beraren eskariei jarraituz, Siziliako Siracusara itzuli ziren K.a. 361. urtean. Gauzak ez ziren orduan ere ongi suertatu eta Platon berriz ere atxilotu egin zuten eta Dionek ihes egin behar izan zuen. Hark armada osatu eta Sizilia bere gain hartu nahi zuen, baina azkenean hil egin zuten, ordea. Platon Atenasera itzuli eta Akademian eman zituen bere bizitzako azken hamahiru urteak, K.a. 347 urte inguruan hil zen arte, 80 bat urterekin.

Lanak aldatu

Platonen lanak oso osorik heldu dira gaurdaino. Zabalean, 36 solasaldi eta beste 7 lan egozten zaizkio. Solasaldietan biltzen ez diren 7 lan horiek ustezkotzat (Notheuomenoi) jo ziren antzinako garaietatik, gaiari dagokinoez corpus platonicum delakoan sartu izan badira ere. Egun, aditu gehienek Platonenak ez direla uste dute. Halaber, Platonenak diren zalantzazko 13 gutun daude. Diogenes Laertziok galdu diren garrantzirik gabeko beste lan batzuk aipatzen ditu. 36 solasaldiak ordenatzeko irizpide ezberdinak daude. Trasilok emandako bilduman 36 solasaldiak 9 tetralogiatan biltzen dira. Egun, Platonek ustez idatzi zitueneko garaiari jarraituz (sailkapena solasaldietako hizkuntzaren berezitasunak aztertuz burutu izan da), sailkapen horretan erabateko adostasunik ez badago ere. 36 solasaldietatik zenbaitetan Platon egilea izatea zalantzan jarri izan da eta beste batzuetan adituak nahiko ados daude Platonek idatzi ez zituela baieztatzeko. Ondoren ematen den zerrendan trantsiziozko solasaldiak aurreko zein ondorengo taldeetan biltzen dira, hainbat adituren arabera.

Bereizketa kronologikoaz gaindi, ezberdintasun sakonagoak daude hiru garaietako solasaldien artean. Lehenengo solasaldiek sokratiko, aporetiko eta elenktiko izenondoak jaso izan dituzte. Sokratikoak dira Sokratesen pentsamendua azaldu edo jarraitu egiten dutelako. Aporetikotzat jotzen dira solasaldiotan ondorioak ateratzeko orduan, aporia edo gainditu ezinezko oztopo batera heldu ohi baita Sokratesen ideiak azkeneraino eramatean. Azkenik, elenktikoak direla esaten da, beraietan agertzen den era nagusia elenchos eta eztabaida delako. Orobat, solasaldiotan sofista direlakoak agertzen dira eta gai nagusiak moralak izaten dira.

Solasaldi ertainetan haren ideien teoria eta dualismoa biltzen dira. Sokrates protagonista izaten da, baina solasaldi hauetako pentsamendua platonikoa dela esan daiteke. Lehenengo solasaldietako ezaugarriak agertzen dira oraindik ere solasaldi ertain hauetan, halanola aporiaren erabilera.

Azken solasaldietan, berriz, ideien teoria kritikatzen duten solasaldiak biltzen dira. Politika arloan, errealistagoa da eta bere proposamenak apaldu egiten ditu. Arimaren hilezkortasuna eta jainkoaren existentzia ere argudioz defendatu zituen, solasaldi ertainetako fedea alde batera utzirik.[6]

Platonen ontologia aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Ideien teoria»

Ba al dakizu zer dagoen sarean agertzen zaizkizun berri, iragarki, bideo eta abarren atzean? Zuk erabakitzen duzu zer ikusi sarean edo beste inork egiten al du?

Ideien teoria edo formen teoria Platonen filosofiaren ardatz nagusia da eta haren bitartez berak bi funtsezko galdera erantzun nahi ditu:

  1. Galdera ontologikoaZer da errealitatea?
  2. Galdera antropologikoaNola ezagut daiteke errealitatea?

Teoria horrek zera baieztatzen du: badagoela, alde batetik, bi errealitate maila:

  • Ideien mundua: bertan ideiak eta zenbakiak daude, perfektuak, hilezkorrak, aldaezinak eta bakarrak direnak.
  • Mundu sentikorra: bertan objektu fisikoak eta irudiak daude, ezperfektuak, iraungikorrak, aldakorrak eta askotarikoak direnak.

Eta bestetik, bi ezagutza maila:

  • Benetako ezagutza (episteme): arrazoimenaren bitartez lortzen dena.
  • Sasi-ezagutza (doxa): zentzuen bitartez lortzen dena.

Baina zer esan nahi du ideia hitzak? Ideiak errealitatea direnez, guztiz perfektuak dira, ez dute inolako aldaketarik izaten, ez dira jaio edo hil egiten; hilezkorrak diren aldetik, beraz, ideien munduan ez dago inolako aldaketarik, ezta mugimendurik ere, ideiak iraunkorrak direlako. Aldiz, mundu sentikorreko errealitateak aldakorrak dira, ezperfektuak, jaio eta hil egiten direlako, iraungikorrak eta mugikorrak. Ideiak originalak dira eta mundu sentikorreko objektuak, berriz, kopiak; baina bion artean erlazio bat dago, hau da, "partaidetasun erlazioa", kopiek parte hartzen dutelako ideiaren forman. Beraz, ideiak molde forma, modelo, etab. dira.

Errealitate birtuala gure mundu fisikoa baino errealagoa bilakatzen ari da? Mundu digitala berezko errealitate berri bat al da?


Laburbilduz, ideien teoriak ideien mundua benetako errealitatea dela baieztatzen du; mundu sentikorra, berriz, kopia baino ez da. Ideien mundua goi mailakoa da, baina mundu sentikorra, ordea, behe-mailakoa. Ideiak sentikorrak ez direnez, ezin dira zentzuen bidez ezagutu, ideiak ezagutzeko modu bakarra arrazoimena da. Platonen planteamendu horietan bikoiztasuna (dualismoa) da nagusi:

  • arrazoimena, bi errealitate mailaideien mundua eta mundu sentikorra.
  • Bi ezagutza mailabenetako ezagutza eta sasi ezagutza.

Beraz, Platonen ideien teoria dualista da.

Antropologia aldatu

Atal horretan, Platonek gizakiari buruzko teoria azaltzen du. Gizakia bi osagaiz osatutako batasun bat da:

  • Osagai materiala: Gorputza
  • Osagai ez-materiala: Arima
Beraz, Platonen ikuspegi antropologikoa dualista da.

Gorputza gaitz guztien iturburua da. Bertatik pasioak, nahiak, desioak eta beharrak sortzen dira. Materiala izanik, mundu sentikorreko errealitatea da eta gauza fisikoei dagozkien ezaugarriak ditu: materiala, ikusgaia, ezperfektua, iraungikorra eta aldakorra.

Arima, berriz, goi-mailako errealitate espirituala da. Bertan gizakiaren goi-mailako gaitasun intelektualak daude: adimena, pentsamendua, arrazoimena, etab. Gure benetako izaera da eta ideiei dagozkien ezaugarriak ditu: ezmateriala, ikusezina, perfektua, hilezkorra eta aldaezina. Platonek hiru arima mota bereizten ditu:

  1. Arrazoizkoa: buruan dagoena eta pentsamenduak dira.
  2. Suminezkoa: bularrean dagoena eta borondateak dira.
  3. Irritsezkoa: sabelean dagoena eta instintuak, kinadak, sexua, etab. dira.
 
Platon bere ikasleekin.

Gorputza eta arimaren arteko batasuna ez da harmonikoa. Gorputzak gauza fisikoetara jotzen du, baina arimak ideien mundura igo nahi du. Gorputza arimaren kartzela da eta arima gorputzaren barruan gatibu balego bezala dago. Arima ideien mundura igo dadin, gorputzetik aldendu beharra du.

Zertan datza Gorputzaren eta Arimaren arteko gatazka?

Errealitate oso ezberdinak dira eta batak bestea menperatu nahi du. Gehienetan Gorputzak menperatzen du Arima, baina badaude kasu batzuk non Arimak Gorputza menderatzen duen, halakoetan Arima askatu egiten da eta Ideien Mundura igotzen da (hauxe da filosofoen helburu nagusia). Beraz, Arima gatibu dagoenean gizakia zorigaiztokoa da eta aske dagoenean zorionekoa.

Gorputza eta Arimaren arteko harremanaren arabera, Arimak bi destino posible ditu:

  • Arima menderatua izan bada → transmigrazioa, hots, gorputz batetik bestera joatea.
  • Arimak Gorputza menderatu badu → purifikazioa, hots, betirako joango da Ideien Mundura

Platonek bi argudio ematen ditu Arima hilezkorra dela frogatzeko:

  • Arimaren bakantasuna → Arima sinplea da. Ezin da disolbatu ezta usteldu ere. Hiltzea disolbatzea da eta Arima disolbaezina denez hilezkorra da.
  • Argumentu etikoa → Arimarentzat ez da gauza bera ondo jokatzea eta gaizki jokatzea. Egon behar dira giza-ekintzaren ondorio etikoak:
  • Sariak → ekintzak onak izan badira.
  • Zigorrak → ekintzak txarrak izan badira.
Beraz, Arima derrigorrez bizirik egon behar da Gorputza hil ondoren dagozkion sariak edota zigorrak jaso ditzan.

Etika aldatu

Platonen etika antropologian datza. Platonen etika giza-ekintzaren buruzko hausnarketa bat da. Hauexek dira Platonek etikaren funtsezko ideiak:

  1. Gizaki guztion helburua zoriontasuna da.
  2. Zoriontasuna ez da plazera lortzea.
  3. Benetako zoriontasuna arimaren purifikazioan datza. Filosofoen helburua beraien arima purifikatzea da.
  4. Arimaren purifikazioa lortzeko bertutea praktikan jarri behar da.
  5. Arimaren parte bakoitzari bertute bat dagokio:
  • Arrazionalari (pentsamendua) → zuhurtasuna eta gogamena
  • Suminezkoari (borondatea) → indarra
  • Irritsezkoari (pasioak) → neurritasuna
Hiru bertute hauek praktikan jarri behar dira arimaren purifikazioa lortzeko. Hori da gizaki jakintsuari dagokion bizimodu zuzena eta egokia. Beraz, arima zati bakoitzari dagokion bertutea praktikan jarriz lortzen da zoriontasuna, hau da, gure pentsamendua zurruna izan behar da, gure borondatea indartsua eta gure pasioak neurtuak.

Politika aldatu

Politika hitza "polis" greziar hitzetik dator eta "hiria edo gizartea" esan nahi du. Orduan "politika" "hiria edo gizartearen gobernatzeko teknika" da.

Platonen bizitzan politika oso inportantea izan zen baita bere filosofian ere. Horregatik Platonen filosofiaren helburua politikoa da.

Platonen funtsezko idei politikoa hau da: "Filosofiak izan behar dira hiriaren gobernariak eta filosofoek hiria gobernatzen ez duten bitartean ez dira konponduko gizakiaren eta gizartearen gaitzak". Baina ez edozein motatako filosofiak, bakarrik Ideien Mundura igo direnak, hau da, ideiak ezagutu dituztenak eta ezagutza hori gizartearen zerbitzutan jartzen dutenak. Beraz, lege zuzenak egiteko zuzentasunaren ideia ezagutu behar da eta filosofiak bere ezagutza gizartearen onerako erabili behar du, gobernari bilakatuz, hori baita bide bakarra demokraziaren akatsak konpontzeko.

Platonek estatu ideal baten deskribapena egiten du, hau da, estatu utopikoa da. Hauexek izango lirateke estatu perfektu edo ideal horren ezaugarriak:

  1. Klaseka antolatutako estatua izango da eta hiru klasetan antolatuta egongo da:
  • Gobernariak: adimentsuak izango dira eta hiria zuzenduko dute zuhurtasunez
  • Militarrak: sendoak izango dira eta hiria defendatuko dute sendotasunez
  • Langileak: gainontzekoak izango dira eta ondasunak ekoiztuko dituzte neurritasunez
Estatu hori horrela osaturik, ondo egongo da baldin eta gizarte klase bakoitzak dagokion zeregina betetzen badu, eta estatu hori gaizki egongo da gizarte klase batek berari ez dagokion zeregina egiten badu. Beraz, estatu orekatua izan dadin klase bakoitzak dagokion bertuteaz dagokion zeregina bete behar du, horretan datzalako estatuaren zoriontasuna.
2. Ekonomikoki estatu horrek jabego pribatuaren ezeztapena finkatuko du, hau da, ondasun ekonomikoak guztiona izango dira, sozializatu egingo da.
3. Estatua izango da heziketaren arduraduna eta pertsona bakoitzaren ahalmen edo gaitasunaren arabera kokatuko ditu gizarte klase batean:adimentsuak gobernurako prestatuz, sendoenak militarrak izateko prestatuz eta gainontzekoak langileak izateko. Honek familiaren desagerpena ekarriko du zeren eta umea jaio den momentutik estatuaren babespean egongo delako. Beraz, estatu totalitarioa izango da, askatasunik gabekoa non bizitza pribatua desagertzen den eta gizabanakoaren bizitza estatuaren menpe egongo da.

Platonek "Politikaria" izeneko elkarrizketan gobernarien gobernatzeko era azaltzen du. Gizartea ondo gobernatua egon dadin, indarrean jarraituko legeak zentzuzkoak eta neurtuak izan behar dira. Legeen helburua gizartea ondo zuzentzea litzateke eta horretarako legeak ez dute behartu bakarrik egin behar, konbentzitu ere egin behar baitute, "edukatiboak" izan behar dute. Beraz, estatuari sendotasuna eta zuzentasuna ematen diona legea da. Azkenik, Platonek gobernu mota desberdinen sailkapena egiten du:

Erreferentziak aldatu

  1. Euskaltzaindia. Latin eta greziar pertsona-izen klasikoak euskaraz emateko irizpideei buruzko erabakia. .
  2. (Ingelesez) Plato, Stanford Encyclopedia of Philosophy delakoan. 2009-11-02.
  3. (Ingelesez) Plato, International Encyclopedia of Philosophy].2009-11-3.
  4. J. L. Calvo: Platón, "Historia de la literatura griega" bilduman. 650. orrialdea.
  5. J. L. Calvo: Ibidem.
  6. (Gaztelaniaz) J. L. Calvo: Platón. Historia de la literatura griega bilduman. 663-672 orrialdeak.

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu