Persiera[1] فارسی fārsi (fɒːɾˈsiː ahoskatua), baita farsi ere, gehienbat Iranen mintzatzen den indoeuropar hizkuntza da. Tajikistanen, Afganistanen, Georgian, eta India eta Pakistango eskualde batzuetan ere hitz egiten da. Gutxi gorabehera, 46 milioi hiztunek lehen hizkuntzatzat dute.

Persiera
فارسی
Datu orokorrak
Lurralde eremuaIran, Afganistan, Tadjikistan eta inguruko hainbat estatu (ad: Uzbekistan)
Hiztunak71 milio berez
110 milioi guztira
Rankinga14
OfizialtasunaIran, Tadjikistan, Afganistan
EskualdeaEkialde Hurbila, Asia Erdialdea
UNESCO sailkapena1: ziurra
AraugileaLiteratura eta Persieraren Akademia
Hizkuntza sailkapena
giza hizkuntza
indoeuropar hizkuntzak
Indo-irandar hizkuntzak
Irandar hizkuntzak
Western Iranian (en) Itzuli
Southwestern Iranian (en) Itzuli
New Persian (en) Itzuli
Informazio filologikoa
Hizkuntza-tipologiaSOV hizkuntza
Denbora gramatikalakorainaldia, lehenaldia, geroaldia, present perfect (en) Itzuli, present continuous (en) Itzuli, past perfect simple (en) Itzuli eta geroaldi burutua
Modu gramatikalakindikatiboa, subjuntiboa, agintera eta optative (en) Itzuli
AlfabetoaPersian alphabet (en) Itzuli eta Arabic script (en) Itzuli
AurrekariaPehleviera
Hizkuntza kodeak
ISO 639-1fa
ISO 639-2per fas
ISO 639-3fas
Ethnologuefas
Glottologfars1254
Wikipediafa
ASCL4106
IETFfa

Sailkapena aldatu

Persiera, hizkuntza irandarren artean, Irango mendebaldeko taldeko hizkuntza indoeuroparra da. Mendebaldeko irandar hizkuntzak bi azpitaldetan banatzen dira: hego-mendebaldekoak (persiera zabalduena da) eta ipar-mendebaldekoak (kurduera nagusi da).

Historia aldatu

Irango hizkuntzak hiru arootan banatzen dira: aintzinakoa (K.a.-ko 400-300 urteen inguruan), ertaina (sasandar inperio garaian) eta berria, handik honantz. Agirien arabera, persiera berriak aintzinako persieran du jatorria.

Hizkuntzaren historia ezaguna hiru arotan bana daiteke:

Aintzinakoa aldatu

Hizkuntza idatzi gisan, aintzinako persierazko testurik zaharrena Dario I.aren (errege, Oraingo Aroko 522-486 urte bitartean) garaikoa da. Beste testu batzuk Errumanian, Armenian, Bahrainen, Iraken, Turkian eta Egipton aurkitu dira. Aintzinako persiera hizkuntza indoeuropar idatzien artean zaharrenetakoa da.

Ertaina aldatu

Akemenestar inperioa erori eta gero hasi zen. Lehen aldia sasandar aroko (Oraingo Aroko 224-651) testuetan izan zen, eta literatur hizkuntza gisan, VI-VII. mendeetan. VIII. mendetik aurrera, halere, egungo persiera nagusitu zitzaion.

Berria aldatu

Hiru arotan banatzen da:

  • Persiera berri goiztiarra (VIII-IX. mendeetakoa)
  • Persiera klasikoa (X-XVIII. mende bitartekoa)
  • Egungoa (XIX. mendetik honakoa)

Egungo persieradunek persiera berri goiztiarra neurri handi batean uler dezakete, morfologia eta hiztegia gutxi aldatu baitira.

Persiera berri goiztiarra aldatu

Persiera berriak persiera ertaina ordezkatu zuen VIII. eta IX. mendeen inguruan, literatur birjaiotzearen ondorioz. Lehen olerkiak Afganistanen sortu ziren.

XI. mendearen ondoren, hizkuntza zabalduz joan zen eta Asia erdialdeko herrialde turkiarrek islamaren eta hiri-kulturaren berri persieraren bitartez jaso zuten. Nazioarteko hizkuntzatzat erabili zuten, gutxienez XIX. mendera arte, egitura morfologiko errazak lagundurik. Erdi Aroaren amaieran, persieraren ereduari jarraitu zioten literatur hizkuntza musulman berriak sortu ziren: besteak beste, otomandar turkiera, dobhashia, eta urduera. Horiek guztiak persieraren alaba-hizkuntzatzat hartzen dira.

Persiera klasikoa aldatu

Persia Ertaroko hizkuntza batuari deritzo, literaturan eta olerkigintzan erabilia. X. eta XII. mende arteko hizkuntza zen. XII. eta XV. mendeetan zehar dinastia turkiar-mongoliarrek erabili zuten, baita XVI. eta XIX. mendeetan berrezarritako persiar agintariek ere.

Garai hartan, persiera erabiltzen zuten Persia Handian eta Indiako azpikontinenteko zati handi batean. Dinastia musulman anitzen hizkuntza ofiziala ere bazen. Persiera izan zen Marco Polok Txinan zehar egindako bidaietan Kublai Khanen gortean erabili zuen hizkuntza ez-europar bakarra.

Erabilera Anatolian aldatu

Erdi Aroa baino lehen, Anatolia persiera zerabilten dinastiek gobernatu zuten arren, hizkuntza galdu egin zen sasandar inperioa erori zenean. Handik mende batzuetara, persiera erruz biziberritu zuten otomandarrek, beren inperioan ofizial egin zutenean. Geroago, otomandarren turkiera, persieraren eragin handia zuena, literatur hizkuntza bilakatu zen.

Erabilera Hego Asian aldatu

Persierak eragin handia izan zuen Asia mendebaldeko, Europako, Asia erdialdeko eta Asia hegoaldeko hizkuntza askoren erakuntzan.

Turkiar-persiarrek Hego Asia konkistatu eta gero, persiera eraman zuten beraiekin. Britainiarrak Indiz jabetu aurreko 500 urteetan, persiera bigarren hizkuntza gisan erabiltzen zen, mughalek zioten miresmena zela eta. Gorte musulmanen kulturan eta hezkuntzan, nagusi izan zen, mughal enperadoreen hizkuntza ofizial bakarra bihurtzeraino. Bengalan dobhashi dialekto berria sortu zen, persieran oinarriturik.

1843tik aurrera, halere, ingelesak eta hindustanierak azpikontinentean persiera ordezkatu zuten. Haren garrantzia bertako hizkuntza batzuetan izandako eraginean ikus daiteke: Adibidez, urduerak oraindik ere mailegu asko hartu dizkio eta, halaber, Indian oraindik ere Irandik etorritako zoroastriar talde txiki batek dari dialektoa darabil.

Gaur egungo persiera aldatu

Qajar dinastia aldatu

XIX. mendean, Qajar dinastipean, Teherango dialektoak garrantzia hartu zuen eta beste guztiei nagusitu. Arabieratiko mailegu ugari zituen, baina asko eta asko persieraratuta. Horrez gain, errusieratik, frantsesetik eta ingelesetik makina bat hitz hartu ziren, batez ere teknologiari lotuak. Nolanahi ere, maileguotatik babesteko, 1903an lehen elkartea sortu zen. Horren arabera, persiera eta arabiera erabili ziren, hitz berriak sortzeko.

Pahlavi dinastia aldatu

Persiera zaintzeko lehen akademia abertzale batzuek 1935ean sortu zuten, Irango Akademia izenpean. 1930eko eta 1940ko hamarkadetan, akademiak lan handia egin zuen, mendeetan zehar arabieratik, errusieratik, frantsesetik, eta grekotik hartutako maileguak ordezkatzen: izan ere, persiera mintzatua mailegu horiek sortutako literatur hizkuntzatik aldenduz joana zen.

Aldaerak aldatu

Egungo persierak hiru aldaera ditu:

  • Irango persiera (persiera, mendebaldeko persiera, edo farsia) Iranen hitz egiten da, baita Iraken eta Persiar Golkoko estatuetan ere, neurri txikiagoan bada ere.
  • Ekialdeko persiera (dari persiera, Afganistango persiera, edo daria) Afganistanen hitz egiten da.
  • Tajikera (tajik persiera) Tajikistanen eta Uzbekistanen hitz egiten da eta alfabeto zirilikoaz idazten da.

Hiru aldaerok Persiako literatura klasikoan dute oinarria. Horiez gain, Irango, Afganistango eta Tajikistango hainbat dialekto persiera batutik aldentzen dira:

  • Afganistango eta Pakistango harazagi dialektoa.
  • Afganistan mendebaldeko herati dialektoa.
  • Afganistango eta Tajikistango darwazi dialektoa.
  • Teherangoa (Irango persiera batuaren oinarria).

Irango, Afganistango, eta Tajikistango persieradunek neurri handi batean elkar uler dezakete.

Hona persieraren antzeko beste hizkuntza batzuk (hala ere, batzuen ustez, haren dialektoak dira):

  • Luria (edo lori), batez ere Irango hego-mendebaldean eta mendebaldean hitz egiten da.
  • Laria (Irango hegoaldean).
  • Tata, Azerbaijango, Errusiako, eta Transkaukasiako eskualde batzuetan mintzatua. Persieraren aldaeratzat jotzen da. Ez da Irango ipar-mendebaldeko tati hizkuntzarekin nahastu behar.

Persieraren senide urrunagoak kurduera eta balutxia dira.

Adibideak aldatu

Hona hemen Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 1. atala.

  • Irandar persieraz (farsi):

همهٔ افراد بشر آزاد به دنیا می‌آیند و حیثیت و حقوقشان با هم برابر است، همه اندیشه و وجدان دارند و باید در برابر یکدیگر با روح برادری رفتار کنند.*

IPA: hæmeje æfrɒde bæʃær ɒzɒd be donjɒ miɒjænd o hejsijæt o hoɢuɢe ʃɒn bɒ hæm bærɒbær æst hæme ʃɒn ændiʃe o vedʒdɒn dɒrænd o bɒjæd dær bærɒbære jekdiɡær bɒ ruhe bærɒdæri ræftɒr konænd

  • Tadjik persieraz (tajiki): Ҳамаи афроди башар озод ба дунё меоянд ва ҳайсияту ҳуқуқашон бо ҳам баробар аст, ҳамаашон андешаву виҷдон доранд ва бояд дар баробари якдигар бо рӯҳи бародарӣ рафтор кунанд.
  • Euskaraz: Gizon-emakume guztiak aske jaiotzen dira, duintasun eta eskubide berberak dituztela; eta ezaguera eta kontzientzia dutenez gero, elkarren artean senide legez jokatu beharra dute.

Erreferentziak aldatu

  1. 53. araua - Munduko estatuetako hizkuntza ofizialak. Euskaltzaindia (Noiz kontsultatua: 2010-12-14).

Kanpo estekak aldatu

Hizkuntza honek bere Wikipedia du: Bisita ezazu.