Errekonkista (gaztelaniaz eta portugesez Reconquista, katalanez Reconquesta) Iberiar Penintsulako iparraldeko erresuma kristauek Al-Andalus musulmana azpiratzeko prozesu militarrari Espainian eta nazioartean ematen zaion izena da. Espainiako historiografia tradizionalak Covadongako batailan ezarri izan du haren hasiera (722, edo 718), eta amaiera, berriz, 1492ko Granadako erresumako konkistak eman zion.

Granada hiri musulmandarraren kapitulazioa pintura batean

Historiografia modernoaren ikuspuntutik, 'errekonkista' (berriro konkistatzea hain zuzen) terminoa ez da zuzena. Izan ere, Gaztelako erregeek euren burua Toledoko erresuma bisigodoaren ondorengotzat jotzen ahalegindu arren, erresuma kristauak konkista musulmanaren ondoren eratu ziren. Gainera, ikuspuntu moderno horren arabera, 'errekonkista' kontzeptua murritza da, Iberiar Penintsula iparraldeko erresuma kristauen bertsioa baino ez baitu erakusten, musulmanena edo Al-Andaluseko kristauena (mozarabiarrena) baztertuz. Ondorioz, konkista kristaua edo Iberiar Penintsulako konkista feudala gisako terminoak iradoki izan dira azken urteotan, errekonkistak daraman zama ideologikorik ez daukatenak. Nolanahi ere, Errekonkista da gehien erabiltzen jarraitzen den terminoa, hain da zabaldua.

Al-Andalusko kolonizazioa ez da Iberiar Penintsulara mugatu daitekeen gertaera, garaiko testuinguru europarrean gizarte feudalaren hedapenaren garaia baita, feudalismoaren bihotzetatik (frankoen kokagunetik) kanporantz. Honela, Irlandako konkista ingelesa, alemaniarren ekialderako hedapena, Gurutzaden bidez Lurralde Santuen okupazioa, besteak beste, prozesu beraren beste adibide batzuk izango lirateke.

Islamaren aurkako "errekonkista" aldatu

Gaur egun historialariek orokorrean ontzat ematen ez duten "errekonkista" hitzaren adibidea ondo azalduta dago behean. Claudio Sánchez Albornoz historialari eta, bere eran, espainiar nazionalistak ondo azaltzen du bere hitzekin[1]:

« Asturiar gunea hegoalderantz zabaltzen hastean ideologia bat sortu zen eta, horren arabera, borroka justifikatuta zegoen musulmanen erasoan galdutako erreinu godoa "errekuperatzeko" prozesu moduan. Izan ere, Pelaiok, lehenengo "erregeak", beharbada ez zuen batere loturarik izango Toledoko erreinu godo zaharrarekin. Al-Andalusetik emigratu zuten kristau mozarabiarrek gehitu zuten "errekonkista" espiritu hori.

Mende bat, bi... zazpi, Islamaren kontrako borroka latzean. Alferrik izango da mendeetako ekintza horren garrantzia kendu nahi izatea. Egia handia, lehenengo Espainia musulmanaren aginteari eutsi behar izan genion eta gero almorabide, almohade eta benimerineen hiru erasoei (...) haietan gure mendeetako joera historikoa baieztatu egin zen (...) Pelaio, Covadonga eta gero beste hiru mende, etengabe islamikoaren tirabiran

»


Berriro ere ikuspuntu kristauari buruzko liburuaren zati bat da behekoa. Nahiz eta zentzuzkoagoa izan, hasieran idatzita dagoen bezala eta goikoaren kasuaren antzera, gaur egungo historialari gehienek ez dute ontzat hartzen beheko azken paragrafoa[2]:

« (...) Erreinu bisigodoa erortzean, don Rodrigo menderatu ondoren, erasotzaile musulmanek ez zuten erresistentziarik aurkitu hiri handi batzuetan baino. Penintsula oso erraz konkistatu zuten arren, iparraldeko herri independenteak ezin menderatu izan zituzten. Erreinu bisigodoaren egituraren ezaugarriak dira, alde batetik, jabetza handiak Elizaren esku egotea eta noblezia oso indartsua eta, beste aldetik, biztanleria gehiena zerbitzari edo erdi zerbitzari izatea. Horregatik izan daiteke musulmanak hain era pasiboan hartu izana (...) Alderantziz, kantabriar-asturiarrek eta baskoiek independentziaren bitartez gizarte erregimen berezia gorde zuten, bisigodoenetik guztiz aurkakoa, gizaki askeak gehienak izanik, gizarte taldeen arteko aldea oso txikia zelako. Beraz, bazuten euren askatasunari zergatik eutsi. Erreinu bisigodoko biztanle batzuk halako herrietan babestuko ziren inguruko eskualdeetatik etorrita. (...) Ondorioz, Errekonkista esaten zaion fenomeno historikoa hasieran ez zen egongo politika eta erlijio arrazoiekin bakarrik lotuta (...)

Menditarrrk bisigodoen arerio izan ziren eta eurei egotzi zaie sarritan haien ondorengo politiko izatea musulmanen aurrean; baina inoiz eduki ez zituzten lurrak "errekonkistatu" nahi izatea ezin da onartu geroago arte, erreinu bisigodoaren jarraipenerako benetako kontzientzia sortu arte (...)

Lehenago erreinu godokoak izandako lurralde horiek (Asturias, Galizia eta Leon) eta hango biztanleak bereganatuta, (...) (asturiarren erreinuak) bisigodoen kultura eta erakundeak bereganatu zituen. (...)

»


Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu

  1. Sanchez Albornoz, Claudio. (1980-1999). La España cristiana de los siglos VIII al XI.. Espasa-Calpe ISBN 84-239-4800-5. PMC 9083069. (Noiz kontsultatua: 2020-10-04).
  2. Barbero, Abilio.. (1984). Sobre los orígenes sociales de la Reconquista. (1a ed. en Colección Ariel. argitaraldia) Editorial Ariel ISBN 84-344-1017-6. PMC 12091761. (Noiz kontsultatua: 2020-10-04).