Saladin I.a
Saladin I.a[1][2] edo An-Nasir Salah ad-Din Yusuf ibn Ayyub (arabieraz: صلاح الدين يوسف بن أيوب, Ṣalāḥ ad-Dīn Yūsuf ibn Ayyūb, «Jusuf, Aiuben semea»; kurdueraz: سەلاحەدینی ئەییووبی, Selahedînê Eyûbî; Tikrit, 1137 - Damasko, 1193ko martxoaren 4a), Egiptoko sultan aiubtarra izan zen 1171-1193 urteetan, eta Siriakoa 1174-1193 bitartean. Historiako agintari islamikorik handienetarikoa izan zen.
Islamaren defendatzailea, bereziki sunismoarena, Ekialde Hurbila batu zuen politikaren eta erlijioaren aldetik, kristauei aurre eginez eta Abbastar Kalifa-herriko kultu ofizialetik urrun zeuden edozein doktrina amaiaraziz. Bereziki ezaguna da Lurralde Santuak gurutzatuei kentzeagatik eta Jerusalem musulmanei itzultzeagatik. Gertaera hura kolpe latza izan zen Mendebaldearentzat, eta beste gurutzada bat antolatu zen, Rikardo I.a Ingalaterrakoa buru zela.
Bizitza aldatu
Familia kurdu ahaltsu bateko semea zen, eta aita Siriako iparraldeko gobernari turkiarraren zerbitzuan jarri zen. Saladin, beraz, Alepo, Baalbek eta Damaskon hazi zen eta hiri horietan egin zituen erlijio ikasketak. Egiptora abiatutako hiru espedizio militarretan parte hartu zuen lurraldea gurutzatuen esku gera ez zedin, Palestina haien mende baitzegoen jada. 1169. urtean Egiptoko bisir izendatu zuten, eta 1174. urtean, Siriako emirra hil zenean, musulmanen mendeko Siriaz jabetu zen. Hurrengo hamabi urteetan Siria, Mesopotamia, Palestina eta Egiptoko indar musulmanak batzen saiatu zen.
1187. urtean Saladinen armadek gurutzatuenak garaitu zituzten Hatinen (Tiberiadestik gertu), Palestinako iparraldean, eta hiru hilabeteren buruan ia Jerusalemgo Erresuma guztia zegoen Saladinen mende. 1187. urteko urrian, 88 urtez kristauen mende egon ondoren, Jerusalem hiri santua hartu zuten Saladinen gizonek.
Musulmanek Jerusalem hartu zuteneko albistea Europara heldu zenean, Hirugarren Gurutzada antolatu zen eta Europako hiru errege abiatu ziren, nor bere armadaren buru zela, hiri santura Saladin garaitzeko asmoz. 1192. urtean Rikardo Lehoibihotzak, Saladinen areriorik handienak, Europarako bidea hartu zuenean, gerra irabazitzat jo zuen Saladinek eta Damaskora erretiratu zen betiko.
Erreferentziak aldatu
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2016/06/18 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Euskaltzaindia. (2016-09-30). (PDF) 181. araua: Erdi Aroko pertsona-izenak. Iruñea, 14 or..
- ↑ Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak, hezkuntza.ejgv.euskadi.eus
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Saladin I.a |