Karolingiar Pizkundea

Karolingiar Pizkundea Mendebaldeko Europako kultura-pizkundea izan zen, VIII.-IX. mendeetan gertatua, karolingiar enperadoreen babespean eta Elizaren laguntzarekin.

Rabanus Maurusek (ezkerrean), Alkuino Yorkekoaen laguntzaz (erdian), liburu bat eskaintzen dio Otgar Mainzeko artzapezpikuari. Liber de laudibus Sanctae Crucis, Fuldako eskuizkribua, 831-840 aldean.

Garapena aldatu

Helburu nagusia Karolingiar Inperiorako administratzaileak trebatzea izanik ere, VIII. mende amaieratik aurrera kulturari bultzada interesgarria eman zitzaion, nahiz eta mugatua izan. Testuinguru horren barruan ulertu behar da 788an gotzainei eta abadeei, eskola berriak sortzeko, edota idazkietan letra mota berri bat, letra xehe karolingiarra, erabiltzeko gomendatzen zitzaien igorri zitzaien eskutitza.

Pizkundearen hasieran aipagarria izan zen Alkuino Yorkekoaren (736-804) lana. Hura izan zen Akisgrango Eskola Palatinoaren lehen antolatzailea eta hari zor zaio, orobat, arte liberalen lehen sailkapena; batzuei trivium deitu zien -gramatika, erretorika eta dialektika-, eta besteei quadrivium -aritmetika, geometria, astronomia eta musika-.

Ez da ahaztu behar Elizaren pisua, bai esandako kultura perpizkunde horretan, bai erresuma barbaro bat Erromaren oinordeko bilakatzeak eskatzen zuen ideologia elaborazioan. Elizaren eginkizuna izan zen, orobat, lur menderatu berrien ebanjelizatze lana. Karolingiar konkistekin batera egiten zuen aurrera mundu kristauak. Leon III.a aita santuak Karlomagno enperadore koroatzearekin, honen gain utzi zuen fedearen defentsa eta hedakuntza. Ordura arte izan ez zuten indarra hartu zuten fraide eta lekaime ordenek.

Artea aldatu

Artikulu nagusia: «Karolingiar arte»

Karlomagnok Mendebaldeko Erromatar Inperioa berriz zutitzeko zuen asmoak eragin handia izan zuen, politikan bezala, artean ere, enperadoreak berak zaintzen baitzituen obrak eta planoak. Erromatar Inperioaren azken aldiko arkitekturak eragin zuzena izan zuen karolingiar artean. Orobat Bizantziar arteak ere. Horren guztiaren ondorioz, Europako Erdi Aroko lehenengo arte eredu osatua eratu zuen karolingiar arteak.

Arte adierazpen guztietan, eraikuntza da aipagarriena: arkitektura eredu germanikoari jarraituz, zurezko eraikuntzak egin ordez, nahiago izan zen Erromatar Inperioko basilikaren ereduari jarraituz harlandua erabili. Aipatzekoak dira Akisgrango jauregiko kapera, Fuldako monasterioko kapera eta Saint-Germain-des-Présko abadia. Eskulturari dagokionez, berriz, oso urria da, arte prerromaniko guztian bezala, eskultura desagertu egin baitzen ia. Pinturari dagokionez, garai hartan eliza karolingioak margotuak baziren ere, haietako ia pintura guztiak galdu dira. Liburu apainketako miniaturek, berriz, leku berezia izan zuten San Galo eta Tourseko monasterioetan.

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu