Joana Arc-ekoa
Joana Arc-ekoa,[1] frantsesez Jeanne d'Arc —/ʒan daʁk/ ahoskatua— (Domrémy, Bar, 1412 aldean - Rouen, 1431ko maiatzaren 30a), Orleansko dontzeila —frantsesez la Pucelle d'Orléans— edota Jeannete ezizenez ere ezaguna[2], Frantziako heroi nazionala eta Eliza Katolikoaren santua da. Laborari etxe batean jaio zen; eta, Jainkoaren mezulari gisa, garaipenera eraman zuen Frantziako armada, ingeles osteen aurka, Ehun Urteko Gerran.
Joana Arc-ekoa | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | ezezaguna |
Jaiotza | Domrémy-la-Pucelle, 1412ko urtarrilaren 6a |
Herrialdea | Frantziako Erresuma |
Lehen hizkuntza | frantses ertaina |
Heriotza | Rouen, 1431ko maiatzaren 30a (19 urte) |
Heriotza modua | heriotza zigorra: sutan errea |
Hiltzailea | Geoffroy Thérage |
Familia | |
Aita | Jacques d'Arc |
Ama | Isabelle Romée |
Haurrideak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | frantses ertaina frantsesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | militarra |
Jasotako sariak | |
Santutegia | |
Maiatzaren 30 | |
Zerbitzu militarra | |
Parte hartutako gatazkak | Ehun Urteko Gerra Orléansko setioa Battle of Jargeau (en) Battle of Meung-sur-Loire (en) Battle of Beaugency (en) Battle of Patay (en) March to Reims (en) Siege of Paris (en) Siege of Saint-Pierre-le-Moûtier (en) Siege of La Charité (en) Siege of Compiègne (en) |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | Erromatar Eliza Katolikoa |
Bizitza
aldatuJoana 1412an jaio zen, familia xume batean. Bere aita Jacques d’Arc deiturikoa, nekazaria zen[3]; ama, Isabelle Romée[4] deitzen zen; eta lau anai-arreba zituen; Jacques, Jean, Pierre eta Catherine[5]. Txikitan Joanak ez zekien ez irakurtzen, ez idazten, baina gurasoei baserriko lanetan asko lagundu ohi zien neskatoa zen; era berean, gaixoei laguntza eskaini ohi zien baita ere[6]. Ehun Urteko Gerrak 75 urte zeramatzan hasi zenetik, baina Joanak funtsezko zeregina bete zuen gerraren amaieran Karlos VII.a Frantziako Erregeari leialtasuna zin eginez.
Joanak 13 urte zituenean sarri joan ohi zen bere herriko parrokiara, aitortzera, komulgatzera eta sermoiak entzutera. Egun batean, landan zegoela, Joanak hurrengoa gertatu zela adierazi zuen: argi bat ikusi zuen lehenengo, eta bat-batean Mikel Goiaingeruaren ahotsa entzuten hasi zen; hark ongi portatzeko eta ingelesak Frantziatik kanporatzeko agindua eman zion. Goiangeruarekin batera, Santa Katalina eta Santa Margarita ere agertu zitzaizkion, neskatoa konbentzitu nahian.
Ahots horiek zenbait urtez agertzen jarraitu zuten, eta haietako batean Karlos dofinari laguntza eskaini eta Orléansko setioa askatu behar zuela agindu zioten. Honen ondorioz, Joanak erregearekin audientzia bat eduki nahi izan zuen, baina hasiera batean Robert de Baudricourtek (Frantziako Vaucouleors-eko noble txikiak) atzera bota zuen Joana. Azkenean Joanak Baudricourt konbentzitu zuen, eta Karlos dofinaren egoitzara arte, hau da, Chinonera arte lagunduko zion eskolta bat eskaini zion; bidaia hau egiteko Joana soldaduz jantzi zen, 17 urte zituen.
Kanpainia militarrak
aldatuFrantziaren egoera oso larria zen Joanak Orléansko setioa apurtzeko xedea hartu zuenean 1429an: herrialdea ia ehun urtez egona zen gerran; lurraldearen iparralde osoa etsai ingeles zein borgoñatarrengandik okupatuta zegoen, ekonomia krisian zegoen landa-lurren suntsiketarengatik eta merkataritza-bideen apurketarengatik, eta egoera politikoa oso delikatua zen, Karlos dofina oraindik koroatu gabea zelako eta haren postua hartu nahi zuten hainbat pertsonen mehatxua etengabekoa zelako. Beraz, ez da harritzekoa Armagnac-eko fakzioko kide eta soldaduen kemena oso baxua izatea. Hala ere, kontuan hartu behar da Joana gerran sartu baino lehen ere Ingelesen aurkako erresistentzia sutsua egiten ari zirela herri askotan, Orléansen bezalaxe, Karlos dofinak ekintza militar ahulago bat egitea nahiago izan bazuen ere. Joana agertzean, herri hauek haren irudira jo zuten determinazio eta itxaropen bila[7].
Orléansko setioa
aldatu1429ko apirilaren 26an Joanak, erregearen armadarekin batera, Bloisetik Orléanserako bidea hasi zuen. Armadaren zati handiena Loira ibaiaren hegoaldean geratu zen, handik ofentsiba hobeago bat aurkeztuko zutelakoan. Beraz, Joanak gizon talde murriztuago batekin jarraitu zuen aurrera; talde honetan Jean de Dunois zegoen, momentu horretara arte Orléansko hiria defendatzeaz arduratu zen gizona[8]. Ekialdetik gerturatu ziren, hiriaren mendebaldean ingelesen postu ugari aurkitzen ziren eta; taldeak ez zuen arazo handirik aurkitu (Joanak eragindako “mirariei” esker izan zela argudiatzen zuten), eta azkenean, apirilaren 29an[9] Orléansera Borgoiniako Atetik sartzea lortu zuten[10].
Joana borrokan hasteko irrikitan zegoen, eta Frantsesen lehenengo erasoa maiatzaren 4ean izan zen, Orléansko ekialdera zegoen Saint Loup-eko gotorlekuaren aurka. Batailak 3 ordu iraun zituen, eta azkenean frantsesak atera ziren garaile. Lehen garaipen honek Joanaren eta bere gizonen konfiantza handitzea eragin zuen. Hurrengo eguna, maiatzak 5, Igokunde Jaia zen, eta Joanak borroka egiteari uko egin ziola kontatzen du Jean Pasquerelek, Joanaren aitor-entzuleak, jai kristaua baitzen; beste iturri batzuek, aldiz, egun horretan Joanak Jean Saint le Blanc-eko gotorlekua erasotzen saiatu zela adierazten dute, Ingelesek abandonatu zutena. Badakiguna da egun horretan Joanak, ingelesei beste gutun bat bidali ziela, non Frantziatik erretiratzea aholkatzen zien eta preso zuten mezulari baten askapena Saint Loup-en lortutako harrapari batzuen truke eskatzen zuen. Papera gezi bati lotu zuen eta balezta bat erabiliz jaurti zien, baina ingelesek ez zioten kasurik egin [11].
Maiatzaren 6an Les Augustins-eko gotorlekua konkistatzea lortu zuten, bataila luze eta neketsu baten ostean. Ondoren noble frantsesek denbora batez gelditzea erabaki zuten, deskantsatzeko eta erregearen errefortzuei itxaroteko, baina Joana ez zegoen honekin ados, eta Tourells-eko gotorlekua erasotzeko prestakuntzak egiteko agindu zuen. Hurrengo eguneko goizean ekin zioten erasoari; Joana zauritua izan zen haren lepo eta sorbaldaren artean, baina borrokatzen jarraitu zuen garaipen erabakigarria lortu arte. Biharamunean, maiatzaren 8an, oraindik bizirik geratzen ziren soldadu ingelesak formazioan agertu ziren, eta berdina egin zuten frantsesek, baina Joanak erasorik ez egiteko agindu zuen. Azkenean, ingelesak borroka egin gabe Orléanstik erretiratu egin ziren [12].
Loirako kanpaina
aldatuEkainaren hasieran Joanak adierazi zuen Jainkoak esan ziola haren hurrengo eginkizuna Reimseko hirian erregea koroatzea izango zela, eta hala egiteko agindu zion dofinak. Karlosek Chinon-etik Reimserako bidaia egin ahal izateko lehenengo Loire ibaian zehar kokatuta zeuden postu ingelesak suntsitu behar ziren; kanpaina honen buruzagia Jean II d’Alençon izan zen, baina Joanaren lagun mina izanda, erabaki militarrak hark hartzea onartu zuen[13]. Ekainaren 12an Jargeau konkistatu zuten. 15ean Meung-sur-Loireko zubia konkistatu zuten, eta egun berdinean Beaugencyko gotorlekua setiatzen hasi ziren[14]. Ingelesek herria ekainaren 17ko gauean abandonatu zuten. Joanak Parisera ihes ari ziren ingelesak pertsegitzea aholkatu zuen, eta bi ejerzituek elkarri aurre egin zioten Patay-ko gudan; ez dago guztiz argi zein izan zen Joanaren papera bataila honetan, eta uste da ez zuela borrokan zuzenean parte hartu[15]
Karlos VII.aren koroatzea
aldatuArmagnac-en armadak Reimserako bidean jarraitu zuen, eta topatzen zituzten herri gehienak borrokarik gabe errenditu ziren: soldadu ingelesen garnizioak herri oso gutxitan agertzen ziren, eta txikiak izan ohi ziren; gainera, orain herri horiek armada frantsesaren garaipen posiblean sinisten zuten, Joanaren interbentzioari esker[16].
Bitartean, Karlos dofina Gien-eko herrira lekualdatu zen, Orléansetik ekialdera zegoena. Bere gortean Reimsera joatearen aurkako iritziak bazeuden ere, azkenean Joanaren nahiei kasu egin zien, eta ekainaren 29an bidaia hasi zuten. Lehenengo geldialdia Auxerreko hirian egin zuten, Borgoñaren kontrolpean zegoena; hiru egunez negoziatu ondoren, hiriak amore eman zuen, eta ez zen odolik isuri. Ondoren Troyeseko hirian gelditu ziren, berriro ere Borgoñakoek kontrolatzen zutena, eta bertan 500-600 soldadu inguru zeuden. Joanak gutun bat bidali zien, errenditzeko eskatuz, baina ez zuen erantzunik jaso. Egunak pasata, Joanak setiorako prestakuntzak hasi zituen, eta hiritarrek, eraso baten beldurrez, beraien amore ematea negoziatu zuten [17].
Uztailaren 12an bidearekin jarraitu zuten, eta 16an iritsi ziren Reimsera: bertan hiritarrek pozik hartu zituzten. Hurrengo egunean, Karlos VIIa Frantziako errege bezala koroatua izan zen hiriko katedralean, hirian zehar egindako prozesio baten ostean, Joana bere alboan zuela[18].
Epaiketa eta heriotza
aldatuKarlos VII.a erregearen koroatzearen ondoren, hasiera batean erregea Filipe Onbera Borgoinako dukearekin harreman baketsu bat ezartzen saiatu zen, baina erresumaren iparraldeko gotorlekuak ere hesitzea erabaki zuen, eta ondorioz saiakera bertan behera utzi zen. Ejerzito frantsesa hautsita zegoen, eta Joanak bere aldetik jarraitzea eta bere erasoaldietan oso arrakastatsua ez zen tropa txiki baten buru izatea erabaki zuen. Aurreko guztiarekin, Joanaren ospeak bere horretan jarraitzen zuen, jendeak bere dohain jainkotiarrean sinesten zuen eta.[19][20]
Erregearekin su-eten bat hitzartu zen arren, Borgoinako dukea beste erasoaldi baterako prestatu zen, Karlos VII-aren alde jarri ziren Champagne eta Brieko hiriak berreskuratzeko asmoz. Eraso hauetan Compiegne setiatua izan zen, eta Joanak, soldadu talde txiki bat gidatzen zuela, hiria askatzeko erabakia hartu zuen; jendeak zalantzan jartzen zuen Joanak honetarako erregearen onespena jaso zuen ala ez, eta gaur egun ez dago argi ezta ere. Hirira sartu zen egun berean, ilunabarrean, Joana bere troparekin hiritik irteten saiatu zen, baina Borgoinako dukearen gizonek segada bat prestatu zuten, non Joana inguratu eta harrapatu egin zuten. Harrapaketa honen ondorioz, Joanaren irudi idealizatua desagertu egin zen: jada ez zen Jainkoak bidalitako heroi bat bezala ikusten, heretiko bat bezala baizik; Deklarazio horien atzean ingelesek Karlos erregearen koroatzeari zilegitasuna kentzeko zituzten interesak zeuden ezkutatuta. Ingelesek burgundiarrekin negoziazioak hasi zituzten, eta erreskatea ordaindu zieten neska bereganatu eta inkisizio-prozesu baten pean jarri ahal izateko.[19][20]
Urte horren amaieran, Joana Ruan hirira eraman zuten, Henrike VI.a erregea eta Bedfordeko dukea zeuden lekura. Joanaren prozesamendua Pierre Cauchonek zuzendu zuen, Jean Le Maîte Beaubaisko apezpikua eta inkisidore domingotarra, errege ingelesaren gertuko elizgizona zena. Bere heresiaren frogak biltzeko, ikerketa bat egin zen Joanaren jaioterrian, eta 1431ko urtarrilaren 3an bere aurka zeuden karguak bildu zituzten. Lehenik eta behin, Jainkoaren legea hautsi izana leporatu zioten, gizon bat bezala janztean eta armak eramateagatik; gainera jendea engainatu egin zuela leporatu zioten, Jainkoak bidali zuela sinetsarazi zielako, eta, azken buruan, heretiko bat izatea leporatu zioten. Behin epaiketa hasita, Pierre Cauchonek sorginkeria akusazioa gehitu zien aurreko kargu horiei. [20]
Otsailaren 21ean, Joana lehen aldiz agertu zen auzitegian, Cauchonek eta beste aholkulari batzuek (batez ere elizgizonak, prelatuak, teologoak eta abokatuak) osatzen zutena. Epaiketak bost hilabete iraungo zuen, eta ez zuen abokaturik izango; beraz, bere burua defendatu behar izan zuen. Apirilean hamabi artikuluz osatutako zerrenda bat onartu zen, akusazio guztiak jasotzen zituena, eta Parisko Unibertsitateko teologia eta zuzenbide kanonikoko fakultateek aztertzeko bidali zen. Azterketa burutzen zen bitartean, Joanarengandik aitorpen bat lortzen saiatzen jarraitu zuten. Hasieran Joana hitzekin eta era leun batean konbentzitzen saiatu ziren, baina maiatzean torturarekin eta mehatxuekin hasi ziren. Hala ere, Joanak ez zuen bere erruduntasuna onartu. Lehen aipatutako zerrenda Frantziak onartu zuenez, Joanak bere ekintzengatik damurik erakusten ez bazuen, bere zigorra jasoko zuen.[20]
Maiatzaren 23an, Joanaren aurrean, bere epaiketaren sententzia irakurri zuten eta atzera egiteko eskaintza egin zioten, baina ezezkoa eman zuenez, Joana Ruango kanpoaldera eraman zuten, eta han suaren aurrean jarri zuten. Azken epaia eman zenean Joanak atzera egitea onartu zuen. Orduan, biziarteko kartzela-zigorra ezarri zioten, zigorra murrizteko aukerarekin, behar bezala jokatzen bazuen eta emakume gisa janzten bazen. Egun batzuk geroago, Joana gizonez jantzita aurkitu zuten, eta adierazi zuen entzun zituen ahotsei traizio egiteagatik aurpegiratu ziotela, eta ezin zuela bere kontzientzia garbi eduki. Azkenean, aurreneko heriotz-zigorra ezarri zioten. Hilabete bereko 30ean, Joana heresiagatik kondenatu eta sutan erre zuten Ruango Merkatu Zaharreko plazan egindako zeremonia publiko batean. Azkenik, Joanaren errautsak ibaira bota zituzten bere irudia guztiz ezabatzeko asmoarekin. [20]
Errepresentazioa kulturan
aldatuJoana Arc-ekoaren bizitzak hainbat lan inspiratu ditu, erdi arotik gure egunera arte; hurrengo tauletan bere pertsonaiari buruzko hainbat pelikula eta liburu agertzen dira.
URTEA | TITULUA | EGILEA |
---|---|---|
1916 | Joan the Woman | Cecil B. DeMille |
1928 | La pasión de Juana de Arco | Carl Theodor Dreyer |
1949 | Juana de Arco | Victor Fleming |
1954 | Giovanna d'Arco al rogo | Roberto Rossellini |
1957 | Santa Juana (La Dama de Hierro) | Otto Preminger |
1962 | Proces de Jeanne d’Arc | Robert Bresson |
1994 | Juana de Arco - Las Batallas / Juana de Arco II - Las Prisiones | Jacques Rivette |
1999 | Juana de Arco | Luc Besson |
1999 | Joan of Arc | Christian Duguay |
2017 | Jeannette, la infancia de Juana de Arco | Bruno Dumont |
URTEA | TITULUA | EGILEA |
---|---|---|
1429 | Le Dieté de Johana de Arko | Christine de Pizan |
1591 | Henry VI, part 1 | William Shakespeare |
1756 | La Pucelle d'Orléans | Voltaire |
1801 | Die Jungfrau von Orleans | Friedrich Schiller |
1896 | Personal Recollections of Joan of Arc | Mark Twain |
1912 | Le mystère de la Charité de Jeanne d'Arc | Charles Péguy |
1959 | Die Heilige Johanna der Schlachthöfe | Bertolt Brecht |
1964 | The Dead Lady of Clown Town | Cordwainer Smith |
1968 | The Image of the Beast | Philip Jose Farmer |
2003 | Monstrous Regiment | Terry Pratchett |
Erreferentziak
aldatu- ↑ EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak.
- ↑ (Gaztelaniaz) Ramos Quiñones, Jose Maria. (2012). «Juana de Arco, la espada de Dios» Clío: History and History Teaching 38: 2, 5. ISSN 1139-6237..
- ↑ (Gaztelaniaz) Campo, V.; Infantes, V.. (2006). La poncella de francia: la historia castellana de Juana de Arco. Vervuert, 9 or. ISBN 3893544720..
- ↑ (Gaztelaniaz) Ramos Quiñones, Jose Maria. (2012). Juana de Arco, la espada de Dios. Clío: History and History Teaching, 5-6 or. ISSN 1139-6237..
- ↑ DeVries, Kelly. (1999). Joan of Arc: a military leader. Sutton, 29-30 or. ISBN 9780750927871..
- ↑ (Gaztelaniaz) Gauvard, Claude. (1989). Juana de Arco. Everest, 4 or. ISBN 8424154991..
- ↑ DeVries, Kelly. (2003). Joan of Arc: a military leader. Sutton, 30 or. ISBN 978-0-7509-2787-1..
- ↑ DeVries, Kelly. (2003). Joan of Arc: a military leader. Sutton, 63, 71 or. ISBN 978-0-7509-2787-1..
- ↑ Barker, Juliette. (2009). Conquest: The English Kingdom of France, 1417–1450. Little, Brown, 104 or. ISBN 9781408702468..
- ↑ DeVries, Kelly. (2003). Joan of Arc: a military leader. Sutton, 71-72 or. ISBN 978-0-7509-2787-1..
- ↑ DeVries, Kelly. (2003). Joan of Arc: a military leader. Sutton, 80-81 or. ISBN 978-0-7509-2787-1..
- ↑ DeVries, Kelly. (2003). Joan of Arc: a military leader. Sutton, 82-92 or. ISBN 978-0-7509-2787-1..
- ↑ DeVries, Kelly. (2003). Joan of Arc: a military leader. Sutton, 101-102 or. ISBN 978-0-7509-2787-1..
- ↑ Castor, Helen. (2015). Joan of Arc: a history. (1. U.S. ed. argitaraldia) Harper, 114 or. ISBN 978-0-06-238439-3..
- ↑ DeVries, Kelly. (2003). Joan of Arc: a military leader. Sutton, 114-121 or. ISBN 978-0-7509-2787-1..
- ↑ DeVries, Kelly. (2003). Joan of Arc: a military leader. Sutton, 121-124 or. ISBN 978-0-7509-2787-1..
- ↑ DeVries, Kelly. (2003). Joan of Arc: a military leader. Sutton, 28-32 or. ISBN 978-0-7509-2787-1..
- ↑ DeVries, Kelly. (2003). Joan of Arc: a military leader. Sutton, 131 or. ISBN 978-0-7509-2787-1..
- ↑ a b (Gaztelaniaz) Gauvard, Claude. (1989). Juana de Arco. Everest, 18-19 or. ISBN 8424154991..
- ↑ a b c d e (Gaztelaniaz) Théry, Julien. (2022). «Juana de Arco. El proceso contra la doncella de Orleans» National Geographic.
Bibliografia
aldatu- Barker, Juliet (2009). Conquest: The English Kingdom of France, 1417–1450. Little, Brown. ISBN 9781408702468.
- Campo, V., Infantes, V. (2006). La poncella de francia: la historia castellana de Juana de Arco. Vervuert.
- Castor, Helen (2015). Joan of Arc: A History. Harper. ISBN 9780062384393.
- DeVries, K. (1999). Joan of Arc: a military leader. Sutton.
- Miquel Rendón, A. F. (2008). Dreyer y Juana de Arco. Inventio, la génesis de la cultura universitaria en Morelos, 4(8), pp. 103-113. https://dialnet.unirioja.es/servlet/articulo?codigo=3059666
- Gauvard, C. (1989). Juana de Arco. Historias Jóvenes, (18), pp. 1-32.
- Michelet, J., Bourgeois, E., Dalmore, L., Gandía, E. (1945). Juana de arco. Librería y Editorial "El Ateneo".
- Ramos Quiñones, J. M. (2012). Juana de Arco, la espada de Dios. Clío: History and History Teaching, 38, 24 pp. https://dialnet.unirioja.es/servlet/articulo?codigo=4148809
- Sampedro Escolar, J. L. (2010). La familia de Juana de Arco. Un caso de transmisibilidad de la nobleza por línea femenina en 1430. Boletín Asociación Riojana de Genealogía y Heráldica, (2), pp. 33-46.
- Théry, J. (2022). Juana de Arco. El proceso contra la doncella de Orleans. National Geographic. https://historia.nationalgeographic.com.es/a/juana-arco-proceso-contra-doncella-orleans_17260