Danubio[1] (latinez: Danubius eta Ister; alemanez: Donau; txekieraz eta eslovakieraz: Dunaj; kroazieraz: Dunav; serbieraz eta bulgarieraz: Дунав, Dunav; hungarieraz: Duna; ukraineraz: Дунайtranslit.: Dunai; errumanieraz: Dunărea; turkieraz: Tuna) Europa erdialdeko eta ekialdeko ibaia da. Luzeraz (2.850 km), arroak hartzen duen eremuaz (817.000 km²) eta batez besteko emariaz (6.500 m³/s ahoan) kontinenteko bigarren ibaia da, Volgaren ondotik.

Danubio
Donau, Dunaj, Duna, Dunav, Dunărea, Дунав
Datu orokorrak
Motaibai eta nazioarteko ibai
Luzera2.850 km
Geografia
Map
Koordenatuak45°13′19″N 29°44′36″E / 45.2219°N 29.7433°E / 45.2219; 29.7433
Estatu burujabe Alemania
Alemaniako estatua Baden-Württemberg
Hidrografia
Ibaiadarrak
Arroaren azalera801.463 km² eta 817.000 km²
Arro hidrografikoaDanube basin (en) Itzuli
Ur-emaria5.433 m³/s
LakuakLake Đerdap (en) Itzuli
IturburuaBrigach eta Breg (en) Itzuli
Bokalea
()
Itsaso Beltza

Danubio Europako ibai garrantzitsuenetako bat da, eta erdialdetik ekialdera zeharkatzen du Europa, batez ere mendebaldetik ekialdera eta hamar herrialde igaroz edo mugatuz[Oh 1] (Alemania, Austria, Eslovakia, Hungaria, Kroazia, Serbia, Errumania, Bulgaria, Moldavia eta Ukraina) eta Itsaso Beltzean sartuz, non Danubioren delta eratzen baita, balio ekologiko handiko eskualdea. Arroak 817.000 km² baino gehiago ditu[Oh 2], non Europako lurraldearen % 8an biztanleriaren % 10 bizi den, eta Suitza, Italia, Txekiar Errepublika, Polonia, Ukraina, Eslovenia, Ipar Mazedonia, Bosnia-Herzegovina, Montenegro, Albania eta Kosovoko zatiak ere drainatzen ditu. 2850 km-rekin[Oh 3], Europako 2. ibairik luzeena da —Volgaren atzetik—, primarioen artean 26.a eta 31.a munduko guztien artean. Bere sare hidrografikoak, gutxi gorabehera, 120 ibaiadar garrantzitsu ditu; luzeenak, Tisa (1378 km), Sava (1170 km) eta Prut (953 km) dira; emari handiena dutenak, berriz, Sava (1513 m³/s), Tisa (814 m³/s) eta Eno (edo Inn) (753 m³/s), eta arro handienak dutenak, Tisa (157.100 km²), Sava (95.720 km²) eta Siret (44.835nbsp; km²).

Danubio Alemaniako Baar goi-ordokian sortzen da, Oihan Beltzean (1078 m-ko altitudean). Han bi ibai txiki elkartzen dira: Brigach eta Breg, Donaueschingen hiri txikitik 1,4 km-ra. Goi-ibilgua Viena hiritik gertu dago, eta Alemania eta Austria zeharkatzen ditu, Suitza eta Italiaren zati bat drainatuz. Inguru horretan, Danubio mendiko ibai tipikoa da, Oihan Beltzetik, Suabia-Bavariako goi-lautadatik eta Alpeen eta Txekiar mendigunearen arteko sekzio estutik igarotzen dena. Bailara estua eta sakona da, mendi-mazela altu eta malkartsuekin. Ubidearen zabalera 10–100 m (Ulm hirian) eta 100–350 m (Vienan) bitartekoa da. Korrontearen abiadura, 1,0−2,8 m/s-koa da. Zenbait lekutan, ibaiaren ibilgua babes-dikeekin egokitu da. Zati horretan jasotzen dituen ibaiadar handienak, nagusiki, eskuinetik jasotzen ditu (Inn, Isar, Lech, Ens), jatorria Alpeetan dutenak[2].

Erdialdeko ibilgua Vienatik Burdinazko Ateak-en haitzarterainoko zatia da, non Danubio ertainaren lautada eta Austria, Eslovakia, Hungaria, Kroazia, Serbia eta Errumania zeharkatzen dituen. Vienaren eta Hungariako Vác hiriaren artean, ekialderantz doa; gero, Kroaziako Vukovar hiriraino, hegoalderantz doa, eta, Burdinazko Ateak-etik, ekialde-hego-ekialde norabidean. Danubio ertainaren lautadan bailarak 5−20 km-ko zabalera du, eta bi uholde-lautada ezberdin ditu: ubidea sigi-saga doa; beso bereizietan banatzen da, eta korrontearen abiadura 0,3−1,1 m/s-raino mantsotzen da. Leku batzuetan, ibaiak mendixka baxu bereiziak gainditzen ditu, eta zeharkako mendixkak gainditzen ditu, haitzarteak osatuz (Hungariako Atea, Visegrad-eko haitzartea, Burdinazko Ateak, Kazan-eko haitzartea). Tarte horietan, haren harana 0,6−1,5 km-ra estutzen da, baita 150 m-ra arte ere, sakonera nabarmen handitzen den heinean (15−20 m-ra arte, Kazango haitzartean, 70 m-ko zabalerarekin), eta abiadura 2,2−4,7 m/s-ra handitzen da. Eraiki diren azpiegitura hidroelektrikoen ondorioz, meandro gehienak desagertu egin dira; alboetako erreka txiki batzuk lehortu egin dira, eta uretatik babesteko dikeak eraiki dira. Zati horretan, Danubio ibaiak bere ibaiadar handienak jasotzen ditu (Sava, Tisa, Drava, Velika Morava, Vah), eta drainatze eremua asko zabaltzen da Italia, Txekiar Errepublika, Polonia, Ukraina, Eslovenia, Bosnia eta Herzegovina, Albania eta Kosovoko eremuekin[2].

Behe-ibilgua Burdinazko Ateaken zintzurretik estuarioraino doa, eta Serbia, Bulgaria, Errumania, Moldavia eta Ukrainatik pasatzen den zatia da; hasieran, hego-ekialderantz doa (Vidin-eraino); gero, ekialderantz (Silistraraino), eta, azkenik, iparraldera (Galatira) eta ekialdera berriro, bokaleraino. Bokalean, Danubio lautadako ibai tipiko bat da, Behe Danubioko lur beherean zehar doana. Bailara 7–20 km-raino zabaltzen da, eta urak har ditzakeen zabaluneen zabalerari esker, hainbat adar eta ibai-estualditan banatzen da. Zenbait tokitan, ibilguak 1−2 km, batez beste 5−7 m-ko sakonera eta 0,5−1,0 m/s-ko abiadura hartzen du. Tarte honetan ibaiadar garrantzitsuenak dira: Prut, Siret, Olt, Ialomița , Iskar eta Arges ibaiak. Itsaso Beltzarekin bat egiten duen tokian, Danubiok delta handi bat eratzen du (3500 km²-ko eremua), eta 3 adar nagusitan banatzen da (arroilak): Kiliyski, Sulinski eta Georgievski. Iparraldekoena, Kili adarra, Errumania eta Ukrainaren arteko muga da; erdiko adarra, Sulinsky, biderik sakonena eta nabigagarriena da[2].

Dozenaka hiri handi daude Danubio ibaiaren ertzean, lau herrialdetako hiriburuak barne: Viena austriarra (1.911.191 bizt.), Belgrad serbiarra (1.378.682 bizt.), Budapest hungariarra (1.752.286 bizt.) eta Bratislava eslovakiarra (437.725 bizt.); hainbat erakunde azpinazionalen hiriburuak, hala nola Linz (Austria Garaia) 206.595 bizt.), Győr (Győr-Moson-Sopron konderria), Vukovar (Vukovar-Syrmia eskualdea), Vidin (Vidin probintzia), Drobeta Turnu Severin (Mehedinți konderria), Calarasi (Călărași konderria), Giurgiu (Giurgiu konderria), Tulcea (Tulcea konderria, baita tradizio historiko handiko zenbait hiri, hala nola Ulm, Ratisbona, Passau edo Eszterrec. Budapest[Oh 4] (1987), Viena (2001) eta Regenzburg (2006) hirigune historikoak Gizateriaren ondare izendatuak izan dira, Baita Srébarnako natura erreserba (1983), Danubioren Delta (1991) eta Wachauko paisaia kulturalaren zatia ere (2000).

Danubio ibaiaren ibilguan, zati asko babestu dira, non nabarmentzen diren: Alemanian, Goi Danubioko parke naturala (Donau Auen, Neuburg eta Ingolstadt artean) eta Donauleiten eremu babestua; Austrian, Danubio-Auen parke nazionala; Eslovakian, Danubioren lautada alubialeko eremu babestua; Hungarian, Danubio-Ipoly eta Gementz parke nazionalak; Kroazian, Kopački Rit parke naturala; Serbian, Danubio garaiko erreserba naturala, Fruška Gorako parke nazionala, Kovilsko-Petrovaradinski Rit erreserba naturala, Uharte Militarreko erreserba natural handia eta Đerdapeko parke nazionala; Errumanian, Burdinazko Ateak parke naturala, Machina parke naturala, Braille Aintzira Txikia parke naturala eta Danubioren deltaren biosfera-erreserba; eta Bulgarian, Parkea parke naturala, Kalimok-Brushlen eremu babestua eta Srébarna erreserba naturala.

Danubio, 2007ko Uraren Nazioarteko Egunerako prestatutako munduko ibairik mehatxatuenen zerrendan sartu zuten[3].

Erromatar Inperioaren limes-a osatzen zuten muga naturaletako bat izan zen Antzinaroan (Rhin eta beste ibai batzuekin eta gotorleku batzuekin batera). Iturri klasikoetan, Istro zeritzon[4].​ Lehenengo Gurutzadan, 1096 eta 1099 artean, Godofredo Bouillongoaren armadak erabili zuen Karlomagnoren ibilbideak Danubio jarraitzen zuen; 340 urte beranduago eta kontrako norabidean, Europa menderatu nahi zuen otomandar armadak bide bera jarraitu zuen; beste kanpaina askotan ere, bide hori jarraitu zuten, 1529an Viena bera inguratzera iritsi arte.

Izenak

aldatu

Mitologia

aldatu

Istros izenarekin (antzinako grezieraz: Ἴστρος, translit.: Ístros), Danubio Tetis eta Ozeanoren 25 semeetako bat da Hesiodok bere Teogonian aipatzen duenez, non munduaren sorrera kontatzen baitu:

« Eta Tetisek, Ozeanoarekin, ibai zurrunbilotsuak erditu zituen: Nilo; Alfeo; zurrunbilo sakonetako Eridano; Struma; Menderes; Istro, bere korronte ederrekin; Fasis; Reso, eta Akeloo, zilar-koloreko zurrunbiloekin; Neso; Rodio; Haliakmón; Hektaporo; Graniko; Esepo; aparteko Simune; Peneo; Hermos; Zeko, korronte ederduna; Sangario ederra; Ladon; Partenio; Eveno; Ardesko, eta Eskamandro zoragarria. »

Hesiodo, Teogonia[5]


Argonauten mitoak kontatzen du, Argosera itzultzeko, Istros (Ister) igo zutela, Ponto Euxinotik (Itsaso Beltza) abiatuta, iturburura arte eta gero Adriatiko itsasora itzuli zirela ibaiaren beste adar batetik. Diodoro Sikulok, K.a. I. mendean, adierazi zuen hori ezinezkoa zela eta Istrosen (Danubio) eta Adriatiko itsasoaren iparraldean dagoen Istria izenez ezagutzen den eskualdearen arteko homonimiari egotzi zion kondaira hori. Danubio da Inn-en itsasoratzen dena, Passau-n (Alemania); antzinakoak ez ziren Danubiotik igoko, baizik eta Inn ibaitik (emari handiagoa zuena), iturbururaino (Saint-Moritzetik gertu), non uren banalerro garrantzitsua dagoen (Rhin eta Ipar itsasorantz, Danubiorantz eta Itsaso Beltzerantz, eta Po eta Adriatiko itsasorantz).

Danubioren hegoaldeko ahoa K.a. VII. mende inguruan sortutako Istros edo Histria hiri milesiar greziarrak hartu zuen. Ibaiak mundu greziarraren eta eszitiarraren arteko muga markatzen zuen.

Ibilgua

aldatu
 
Danubioren altzairuzko atea, Serbia eta Errumaniaren arteko mugan.

Danubio, mendeetan zehar, garraiobide garrantzitsua izan da. Erromatar Inperioko muga egonkorrenetakoa, gaur egun 10 herrialdetan barrena igarotzen da: Alemania, Austria, Eslovakia, Hungaria, Kroazia, Serbia, Bulgaria, Errumania, Moldavia eta Ukraina.

Hurrengo hirietan zehar ere igarotzen da:

Ontziz ibiltzeko 2.583 kilometro egoki ditu: Ulmetik aurrera, 250 tona bitarteko ontziak; Ratisbonatik aurrera, 1.500 tona bitartekoak eta Belgradetik aurrera, 3.500 tona bitartekoak. Horrezaz gainera, indarretxe asko dago haren ibilguan zehar. Rhin-Main-Danubio ubideak lotzen du Rhin ibaiarekin eta Danubio-Oder ubideak Oder ibaiarekin.

Goiko arroa

aldatu

Ibilguaren goiko arroan, sorburutik Bratislavaraino, hiri hauek zeharkatzen ditu sartaldetik sortaldera: Tuttlingen, Sigmarimgen, Ulm, Ingolstadt, Ratisbona eta Passau (Alemania); Linz, Mauthausen eta Viena (Austria); Bratislava (Eslovakia). Lech, Isar, Inn eta Alpeetan sorturiko Enns ibaien ura hartzen du eskuinaldetik; Altmühl eta Morava ibaiak ezkerraldetik.

Erdialdeko arroa

aldatu
 
Danubio Budapesten.

Erdialdeko arroan, Bratislavatik aurrera, ibaia hiru ubidetan banatzen da, bi uharte osatuz, Eslovakian bata eta Hungarian bestea. Raab ibaia jasotzen du Hungariako Györ hirian. Esztergorm hiri hungariarra igaro eta gero, hegoalderantz jotzen du bihurgune itxi bat eginez, eta, Hungariako Bakony eta Matra mendialdeak zeharkatu ondoren, Budapest hiritik igarotzen da.

Sio ibaia eskuinaldetik hartu ondoren, Kroazian, Drave ibaia jaso eta Savarekin bat egiten du Belgraden. Errumania aldera hiri horretatik abiatzen da. Behe arroan, mendebaldetik ekialderako norabidean hasten da, Errumania eta Bulgariaren arteko muga osatzen du, eta Karpatoetan jaiotako Jiu, Olt, Siret eta Prut ibaiak hartzen ditu ezkerraldetik eta Balkan mendietan sorturiko Isker ibaia eskuinaldetik. Giurgiu (Errumania) eta Silistra (Bulgaria) hirietan barrena igaro ondoren, iparralderantz jotzen du Dobrudja lurraldean barrena, eta, sartalderantz hartu ondoren, Bulgaria eta Ukrainaren arteko muga egiten du.

Beheko arroa

aldatu

Azkenik, hiru adarreko delta zabala (3.750 km²) osatzen du bokalean, ura Itsaso Beltzean isuri baino lehen. Arrantza ugaria da Danubio ibaiaren beheko arroan.

Danubiora ura isurtzen duten ibaiak

aldatu

Europar Batasuneko ibairik luzeena izanik, hainbat ibai garrantzitsuren urak jasotzen ditu. Jaiotzetik itsasoratu arte, honakoak dira garrantzitsuenak:

Iller - Lech - Regen - Isar - Inn - Enns - Morava - Leitha - Váh - Hron - Ipel - Sió - Drava - Vuka - Tisza - Sava - Timis - Velika Morava - Caras - Jiu - Iskar - Olt - Vedea - Argeș - Ialomița - Siret - Prut

Hidrometria

aldatu

Danubioren emaria 1921-1985 bitartean neurtu zen ibai ahoko Ceatal Izmailko estazioan (Errumania)[6]. Ibaiak 807.000 kilometro karratuko eremua drainatua du gune horretan, arro osoaren % 98,8. Batez besteko emaria 6.488 m³/s da. Emari handiena maiatzean du (8.952 m³/s), eta txikiena urrian (4.459 m³/s).

Danubioren batez besteko emariak (/s) ibai ahoan (Ceatal Izmail) neurtuak
Datuak: 1921-1985 bitartean

Historia

aldatu
 
Danubio Vienan.

Danubio ibaiak (erromatarren Danubius eta, beheko arroan, Ister) Erromatar Inperioaren ekialdeko muga markatu zuen mendeetan zehar. Ondoren, herri germaniarren eta eslaviarren arteko harremanetarako bide nagusia izan zen.

Historiaurrea

aldatu
 
Danubioren ahoen bilakaera antzinatik gaur egun arte (mapa historiko askok ez dute kontuan hartzen, eta anakronikoki erakusten dute gaur egungo itsasertza)

Europako zibilizazio zaharrenetako batzuk Danubio ibaiaren arroan finkatu dira. Danubioko neolitiko zibilizazioen artean daude Danubio arroaren erdialdeko banden zibilizazioak bereziki. Kalkolitoan, Vučedol-en kultura (horrela deitua Vučedol-eko setioagatik, Kroaziako Vukovar-etik gertu), bere zeramikengatik nabarmena, ibaiaren inguruan ezarri zen[7].​ K.a. VI. milurtekotik III. milurtekora bitarteko Vinčako kulturaren leku asko, Danubioren zehar aurki daiteke[8].

Antzinaroa

aldatu
 
Drobeta-Turnu Severineko erromatar aztarnak, Danubion
 
Golubac gotorlekuaren hondakinak, Danubion, Burdinazko Ateaken sarreran, Serbian
 
Duperrex ingeniariaren ilustrazioa, Trajanoren zubia nolakoa izango zen erakusten duena.

K.a. VII. mendean, antzinako greziarrek ibaian gora egin zuten Itsaso Beltzetik, Tomis hiritik igaroz, gaur egun Konstantza. Ibaian gora egindako aurkikuntza-bidaia Drobetatik hurbil amaitu zen. Puntu horretatik aurrera, Burdinazko Ateakeko zurrunbiloek eta haitzarte estu eta meharrak, ezinezko egin zieten garai hartako nabigatzaileei hegoaldeko Karpatoetarantz eta Serbiako Metal mendietarantz aurrera egitea.

Antzinako erromatarrentzat, K.o. 37. urtetik aurrera, Danubio izan zen Imperiumaren eta iparraldeko Barbaricumaren arteko muga, legeak araututako mundu zibilizatu eta hiritartuaren eta ohiturak gidatutako mundu libreagoaren arteko muga. Ia iturburutik itsasoratu arte, erromatar flota iraunkor bat egon zen bertan[9], classis izenekoa. Ibaia izozten ez zen bitartean, flota hura nahikoa zen teutoi, daziar eta eszitiarrek ibaia gurutza ez zitzaten, ez baitzuten hura indargabetzeko teknologiarik. Ibaia izozten zenean, berriz, ibaiaren eskuinaldean zeuden legioak arduratzen ziren. Marco Aureliok hainbat garaipen lortu zituen markomanoen aurka, classisari esker. Erromatarrek Valentiniano I.a arte menderatu zuten ibaia (364-375), urte oso hotz batzuetan izan ezik (256tik 259ra, baseak eta ontzi asko ezustean harrapatu zituztenean).

Erromatar Inperioak ez zuen Danubio Daziarantz gurutzatu Trajanoren zubia (Apolodororen lana K.o. 101. urtean, Burdinazko Ateaken inguruan kokatutako Drobeta garnizio hiriaren parean) eraiki arte eta 102 eta 106[10]. urteetan bi gudu izan ondoren.​ Trajano enperadoreak Dezebaloren agindupeko daziarren aurkako garaipen horrek Dazia probintziaren sorrera ahalbidetu zuen, 271n abandonatua izan zena. Bi gudu horiek Trajanoren zutabearen frisoa osatzen dute, bere foroaren erdian, Erroman. Mila urte baino gehiagoz sekula eraiki den zubirik luzeena izan zen. Danubio beherearen bi ertzetan, traziarren erromanizazioaren ondorioz, trazio-erromatarrak (ekialdeko hizkuntza erromanikoen hiztunak) sortu ziren, geroago valakiar deituak ekialdeko inbaditzaileen olatuengatik (hunoak, bisigodoak, ostrogodoak, bandaloak, gepidiarrak, lonbardiarrak, abaroak eta eslaviarrak), III. mendetik V. mendera Danubioren arroa ekialdetik mendebaldera eta iparraldetik hegoaldera igaro zirenak.

Inbasio handi haietan, erromatarren antzinako mugan eta herri berri haien erdian, erromantze-komunitate txikiak, hala nola Walcheren, Welschenlants, Walchengaue edo valakiarrak (historialariek herri-errromaniarrak deituak) basoetan (Ardenak, Vosgeak: valoniarrak eta galestarrak) edo mendietan mantentzen dira (Alpeak: erromantxeak, ladinoak; Karpatoak eta Balkanak: valakiarrak). Mendebaldean, Erromatar Inperioak 476an eman zien bidea germaniar erresumei; ekialdekoan, berriz, 1453ra arte iraun zuen, baina Danubio 679an galdu zuen, bulgariarrak iritsi zirenean, berriro bi menderako itzultzeko, 971tik 1180ra[11].

Erdi Aroa

aldatu

IX. mendean, Danubioren erdiko arroa Uraletatik etorritako tribu magiarren kokaleku-eremua izan zen, gaur egun Hungaria dena populatu zuten, bertan eraikitzeko, dagoeneko bertan bizi ziren germaniar, eslaviar eta valakiar populazioekin batera, Hungariako nazioa Esteban I.a Hungariako erregearen menpe.

Karlomagnoren bidea, 1096 eta 1099 artean Godofredo Bouillongoaren armadak Lehenengo Gurutzadan erabili zuena, bazihoan ere Ratisbonatik Belgraderaino Danubion zehar. 340 urte inguru geroago, otomandar armadak bide bera hartu zuen kontrako norabidean. Danubio izan zen haientzat tropen eta hornigaien garraio-bide nagusia Europako hego-ekialdean egin zuten kanpainan. Ur-ibilguari esker, otomandarrek azkar egin zuten aurrera, eta, 1440tik aurrera, lehen borrokak egin zituzten Belgraden, ibaiaren bokaletik 2000 km-ra. Hiriaren konkistak ez zuen arrakastarik izan 1521era arte, eta, urte batzuk geroago, 1526an, otomandar armadak Hungariako erresuma garaitu zuen Mohacs-eko lehen guduan. Hungariako Luis II.a erregea guduan hil zenean, Hungaria Habsburgotarren Austrian sartu zen[12].​ Gertaera horrek Danubior monarkiaren sorrera markatu zuen.

Garai modernoak eta garaikideak

aldatu

1529an, turkiarrak Vienara iritsi ziren, Erdialdeko Europaren bihotzera, baina han garaituak izan ziren. Horrela gelditu zen otomandarren hedapena Danubio ibaian zehar, eta, 1687an, Mohacseko guduaz geroztik, eremua eta boterea galdu zuten poliki-poliki. Turkiarren pixkanakako atzeratzea, Austriaren eta gero Austria-Hungariaren ekimenean oinarritu zen batez ere, non boterea irabazi baitzuen, baina, aldi berean, Germaniako Erromatar Inperio Santuak eta gero germaniar aldeak atzera bota zuten[13].​ Austriarekin batera, Otomandar Inperioak, hala ere, Europako hego-ekialdeko faktore politiko garrantzitsuenetako bat izaten jarraitu zuen, Errusia-Turkia gerretan (1768-1774)[14] eta Balkanetako gerretan (1912-1913) Balkanetako lurraldeak behin betiko galdu zituen arte. Danubiok, orduan, ez zuen bakarrik arteria militar eta komertzial funtzioa bete, baita Ekialdearen eta Mendebaldearen arteko lotura politiko, kultural eta erlijiosoa ere.

1809an, Bosgarren Koalizioaren gerran, ibaiak Austria Napoleon I.a enperadorearen aurka agertzen ikusi zuen. Apirileko porroten ondoren, Austriako armadak atzera egin zuen Danubioren atzeraino, eta Napoleon ibaiaren beste aldean biltzera behartu zuen Austriak haiekin bakea lortu nahi bazuen[15]; hori Essling eta Wagram-eko guduetan amaituko zen[16].

Bigarren Mundu Gerran, Danubio izan zen Errumaniako petrolioa garraiatzeko ardatz nagusietako bat, orduan Alemaniak Reich-eko fabrikak hornitzeko zuen iturri nagusia[17].​ 1944ko udan, Royal Air Forcek 1500 mina baino gehiago bota zituen Giurgiu eta Bratislava artean[17]. Hilabete gutxiren buruan, mina horiek 250 itsasontzi baino gehiago hondoratu zituzten, 29 petrolio-ontzi barne, eta beste 200 gehiago kaltetuta utzi zituzten[17], hau da, 3 edo 4 minako jotako itsasontzi bateko proportzio bikaina. Minatze horrek ia erabat eten zuen ibaiko joan-etorria[17].

Danubio ibaian ontziz ibiltzeko eskubidea 1856. urtean aldarrikatu zen Parisen lehen aldiz. 1921ean, nazioarteko batzorde bat osatu zen erabaki hura betetzen zen ala ez ikertzeko. 1940. urtean deuseztatu zen batzorde hura (Vienako batzarra).

Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Danubio aldeko estatuen arteko batzordea antolatu zen berriz ere (Belgrad, 1948), baina Alemania eta Austria gabe (Austria 1960. urtean onartu zuten batzordean). Estatu Batuek, Frantziak eta Britainia Handiak ez zuten sekula batzorde hori ontzat hartu. Alemaniako Errepublika Federalak ezin izan zuen batzordera batu 1998ra arte, Belgradeko konferentziatik ia berrogeita hamar urtera, sobietarren ukatzea zela eta. Gaur egun, Danubioko herrialdeek bakarrik dute ibaian merkataritza eta nabigazio askatasuna.

Ekonomia

aldatu

Ur edangarria

aldatu

Bere ibilguan zehar, 20 bat milioi pertsonek jasotzen dute ur edangarria Danubiotik.[18] [19] Baden-Württembergen (Alemania), Stuttgart, Bad Mergentheim, Aalen eta Alb-Donau barrutiko ur edangarriaren %30a Danubioko ur garbitutik dator. Ulm eta Passau hiriek ere, besteak beste, Danubiotik hartzen dute ur edangaria.

Austria eta Hungarian, ur gehiena lur eta iturburuetatik jasotzen da eta oso kasu arraroetan hartzen da ur edangarria Danubiotik. Estatu gehienek ere zailtasunak dituzte ura garbitzeko, dagoen kutsadura handia dela-eta. Errumaniako zenbait lekutan, non ura garbiagoa den, hartzen dute ur edangarria Danubiotik erregularki.[20]

Nabigazioa eta Garraioa

aldatu

Danubio Europan zeharreko garraiobide garratnztisua da. Rhin-Main-Danubio ubidea ireki zenetik, ibaiak Rotterdamgo portua eta Europa Mendebaldeko industriaguneak lotzen ditu Itsaso Beltzarekin. eta Danubio-Itsaso Beltza ubidearen bidez, Konstantzako portuarekin.

Danubioa prest dago itasontzi handiak izateko (110 × 11.45 m), baina askoz handiagoak diren itsasontziak ere ibil daitezke ibaiaren zati handietan. Alemanian Danubioa partzialki kanalizatu da (5 esklusekin), baita Austrian ere (10 esklusa). Nabigazioa hobetzeko esklusa gehiago eraikitzeko proposamenek ez dute aurrera egin, ingurumenean izan lezaketen eraginagatik batez ere.

Vienako Freudenau esklusetik behera, Danubioko esklusa bakarrak Gabčíkovo-ko urtegikoak, Bratislava ondoko esklusak eta Burdinazko Ateak dira (azken hauek Serbia eta Errumania arteko mugan). Burdinazko Ateetatik behera, Danubiok ez du esklusarik eta aske jariatzen da Itsaso Beltzeraino, 860 km baino gehiagoko tartean.

Danubiok Rhin-Main-Danubio ubidearekin bat egiten du Kelheimen, Donaukanalekin Vienan eta Danubio-Itsaso Beltza ubidearekin Cernavodăn.

Bigarren mailako adar nabigagarriak alde batera utzita, Danubiori lotutako ibai nabigagarri bakarrak Drava, Sava eta Tisa dira. Serbian ubide sare bat ere lotzen da ibaira, sare honi Danubio-Tisa-Danubio ubidea deritzo.

Turismoa

aldatu

Danubioko bizikleta-bidea

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Danubioko ibilbide zikloturista»
 
Danubioko ibilbide zikloturista Schlögeneko meandro inguruan
 
Danubioko ibilbide zikloturista Linz hiria gurutzatzen.

Danubioko bizikleta-bidea edo Danubioko ibilbide zikloturista (Donauradweg izenarekin ere ezaguna), ibaia jarraitzen duen bizikleta-bidea da. Alemania eta Austriako tarteak dira bereziki ezagunak. Hala, Alemaniako hamar bizikleta bide luze erabilienetako bat da [21].

Danubioko Bizikleta bidea EuroVelo 6 Ibaien ibilbidea bizikleta-bide luzearen zati bat da. Danubioko iturburuan hasi eta Danubioren deltan, Itsaso Beltzean amaitzen da. Lau atal desberdinetan dago banaturik:

  1. DonaueschingenPassau (559 km)
  2. PassauViena (340 km.)
  3. VienaBudapest (306 km.)
  4. BudapestItsaso Beltza (1670 km.)

Oharrak

aldatu
  1. Danubio da munduko herrialde gehien zeharkatzen dituen ibaia, Nilorekin berdinduta (10) eta Rin, Kongo eta Niger (9) eta Zambezi (8) ibaiek jarraituta. Ur-ibilgu horiek guztiak urrunagoko iturriekin hartu izan dira kontuan, izena gorde ez arren. Ikus: Zerrenda:Ibai luzeenak.
  2. Azalerari dagokionez, munduko 29. arro primario handiena da, eta 40.a guztira; baita 2. arro europarra ere (Volgaren atzetik), Itsaso Beltzeko handiena eta 2. arro mediterraneoa, Niloren atzetik.
  3. Beste ibai batzuekin alderatuta, ibaiaren neurketa ahotik hasi eta iturrian amaitzen da. Breg-aren eta estuarioaren luzerak ez dira sartzen luzera laburtu horretan.
  4. Budapest Danubioren ertzekin, Buda gazteluaren auzoarekin eta Andrassy etorbidearekin

Erreferentziak

aldatu
  1. Euskaltzaindia. Europako toponimia fisikoa. .
  2. a b c (Errusieraz) «Большая Советская Энциклопедия» – Дунай, т. 8, стр. ...
  3. Documento del WWF «World’s top 10 rivers at risk», Ikus hemen: https://www.wwf.org.uk/sites/default/files/2007-01/worldstop10riversatrisk.pdf
  4. (Gaztelaniaz) Amposta, Juan Carrasquilla. (13 de septiembre de 2016). Mitología Griega. Editorial Cultiva Libros S.L. ISBN 978-1-63503-750-0..
  5. Hesíodo (Teogonía / Trabajos y Días /Escudo /Certamen). El Libro de Bolsillo, 1201. Alianza Editorial, 1986, párrafo 340, pág. 38. Traducción de Adelaida y María Ángeles Martín Sánchez.
  6. Danubio Ceatal Izmailen, grdc.sr.unh.edu
  7. La culture de Vučedol dans l'article Les pontiques des poteries cordées Lire en ligne. Consultado el 14 de junio de 2008.
  8. La culture de Vinča dans l'article Les Pelasges Vinciens Lire en ligne. Consultado el 14 de junio de 2008.
  9. Paul Petit, Histoire générale de l'Empire romain, tome 1 : Le Haut-Empire, Points Histoire, Le Seuil, 1974, p. 224-225.
  10. Paul Petit, Histoire générale de l’Empire romain, tome 1 : Le Haut-Empire, p. 216-217.
  11. Hans-Erich Stier et al., Grosser Atlas zur Weltgeschichte, Westermann 1985, p. 48 a 67, ISBN 3-14-100919-8.
  12. André Corvisier, Précis d’histoire moderne, PUF, 1971, p. 113.
  13. André Corvisier, op. cit., p. 302-321.
  14. André Corvisier, op. cit., p. 458.
  15. La Seconde Campagne d'Autriche/Napopédia. ..
  16. La bataille de Wagram/Napopédia. ..
  17. a b c d "1500 mines dans le Danube", Guerres & Histoire n.º 9, octubre de 2012, página 57.
  18. International Commission for the Protection of the Danube River (ICPDR):About Us. (Noiz kontsultatua: 2025-02-03).
  19. Blue river. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2021-04-12) (Noiz kontsultatua: 2025-02-03).
  20. The Danube. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2012-05-19) (Noiz kontsultatua: 2025-02-03).
  21. (Alemanez) [ttp://www.adfc.de/radreiseanalyse/die-adfc-radreiseanalyse-2013 Die ADFC-Radreiseanalyse 2013 – Zahlen, Daten und Fakten. ] [ttp://www.adfc.de/radreiseanalyse/die-adfc-radreiseanalyse-2013 jatorrizkotik] artxibatua (artxibatze data: 2017-06-18) (Noiz kontsultatua: 2025-02-03).

Bibliografia

aldatu
  • Bruhàcs, János, Le Régime international du Danube en cette fin de siècle. Les hommes et l’environnement, Paris, Frison-Roche, 1998.
  • (Ingelesez) Coll., Water pollution control in the Danube basin: proceedings of the International conference on water pollution control in the basin of the river Danube, held in Novi Sad, Yugoslavia, 20-23 juin 1989, Oxford, New York, Pergamon press, 1990.
  • (Ingelesez) coll., Danube delta : Genesis and biodiversity, Leyde, Backhuys, 2006.
  • (Alemanez) Blühberger, Günther, Wie die Donau nach Wien kam : die erdgeschichtliche Entwicklung der Landschaft des Donautals und der Nebenflüsse vom Ursprung der Donau bis zum Wiener Becken, Vienne, Böhlau, 1996.
  • (Ingelesez) Irene Lyons Murphy, The Danube: a river basin in transition, Dordrecht, Kluwer academic publications, 1997.
  • (Ingelesez) Coll., Danube delta : Geology, sedimentology, evolution: field trip, 28 September-2 October 1998, Paris, Association des sédimentologistes français, 1999.
  • (Ingelesez) György Ránki, Economy and foreign policy: the struggle of the great powers for hegemony in the Danube Valley, 1919-1939, New York, Columbia university press, 1983.
  • Martin Graff, Le Réveil du Danube: géopolitique vagabonde de l’Europe, Strasbourg, la Nuée bleue, 1998.
  • Claudio Magris, Danube, Gallimard : 1988, ISBN 2070780023
  • Stefanescu, Constantin-Mircea, Nouvelles contributions à l’étude de la formation et de l’évolution du delta du Danube : essai d’interprétation de la morphogenèse du delta à l’époque historique à partir de la toponymie, de l’histoire et des cartes anciennes, Paris, Bibliothèque nationale, 1981.
  • (Ingelesez) Frucht, Richard C., Dunarea noastra Romania, the great powers and the Danube question, 1914-1921, New York : Columbia university press, 1982.
  • (Ingelesez) Charles R. Bowlus, Franks, Moravians and Magyars: the struggle for the Middle Danube, 788-907, Philadelphie: University of Pennsylvania press, 1995.
  • (Ingelesez) Dise, Robert L., Cultural change and imperial administration: the middle Danube provinces of the Roman Empire, New York, P. Lang, 1991.
  • Coll., Rapport d’information sur l’exemple que constitue pour la liaison Rhin-Rhône et les voies navigables françaises, l’achèvement de l’axe fluvial à gabarit européen Rhin-Main-Danube, Sénat, Troisième session extraordinaire de 1993-1994 ; fait au nom de la Commission des affaires économiques et du plan, Paris, Sénat, 1994.
  • (Ingelesez) Ørsted, Peter, Roman imperial economy and Romanization: a study in Roman imperial administration and the public lease system in the Danubian provinces from the first to the third century A.D., Copenhague, Museum Tusculanum press, 1985.
  • Robert, Éric, L’Affaire relative au projet Gabcikovo-Nagymaros (Hongrie/Slovaquie). Un nouveau conflit en matière d’environnement devant la Cour internationale de justice ? / Éric Robert. Studia diplomatica, volume 47 (1994-5), pages 17-52.
  • (Ingelesez) McIntyre, Owen, Case concering the Gabcikovo-Nagymaros project (Hungary/Slovakia) : International Court of Justice, La Haye, 25 septembre 1997. Journal of Environmental Law, volume 10 (1998-1), pages 79-91.
  • Maljean-Dubois, Sandrine, L’arrêt rendu par la Cour internationale de Justice le 25 septembre 1997 en l’affaire relative au projet Gabcikovo-Nagymaros (Hongrie/Slovaquie). Annuaire français de droit international, volume 43/1997 (1998), pages 286-332.
  • Kovács, Péter, Quelques considérations sur l’appréciation et l’interprétation de l’arrêt de la Cour internationale de justice, rendu dans l’affaire Gabcikovo-Nagymaros. German Yearbook of International Law, volume 41 (1999), pages 252-266.
  • (Ingelesez) Romsics, Ignác et Nóra Arató, Geopolitics in the Danube region: Hungarian reconciliation efforts, 1848-1998, Central European University Press, 1999.

Kanpo estekak

aldatu