Zerga
Zergak zergadunari egokitzen zaizkion tributu eta zamak dira[1], herritarrek nahitaez ordaindu beharko dituzten zenbatekoak, gastu publikoei erantzuteko. Zuzenekoak edo zeharkakoak izaten dira.

Zuzeneko zergak aurretik zerrenda arauemaileetan izendatuak izan direnek ordaintzen dituzte, ondasunezko edo errentazko eskuarteak dituztelako eta prezioetan bertan jasanarazteko egokierarik ez delako. Horrelakoak dira ondarekoak, errentakoak, oinordetzakoak, eta abar. Zeharkako zergak, berriz, zergapekoa identifikatu beharrik gabe ordaintzen dira, produktu bat erostean edo zerbitzu bat ordaintzean, besterik gabe Balio Erantsiaren gaineko Zerga edo BEZa, muga-zergak... eta gero kontsumitzaileei jasanarazten zaizkie. Hartara, merkatariek eta fabrikatzaileek, de facto, estatuaren konturako zerga-kobratzaile moduan jarduten dute.
Era askotako zergak daude: elkarteen gaineko zerga, enpresen mozkinak zamatzen dituena; oinordetzen eta dohaintzen gaineko zerga, heriotzagatiko edo jaraunspenezko oinordetzagatiko dohaintzak eta bizien arteko dohaintzak zamatzen dituena; ondarearen gaineko zerga, pertsona fisiko baten ondasunen multzoa zamatzen duena landa-lurreko eta hiri-lurreko sailak, balio higikorrak, eta abar. Ezagunena eta nozituena Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga da, PFEZ, langile guztiei lansaritik kentzen dietelako. Beraz, lansaripekoen errentak zergapetzen ditu. Historikoki, XVI. mendean, itsas zergak otura izendapenaz aipatzen dira Gipuzkoan.
HelburuakAldatu
- Helburu fiskalak: Zeharkako modu batez behar publikoaren beharrak asetzen dituen zergaren erabilera da. Hots, zergak bildu eta bilketan lortutakoarekin (dirua) zerbitzu publikoen gastuak diruztatzeko erabiltzen da.
- Helburu ez fiskalak: Zuzeneko moduan, herri-onura eta -beharrizanak asetzen dituen zergaren erabilera da. Adibidez tabakoari ezarritako edo alkoholari ezarritako zergak.
- Helburu mistoak: Aurreko bi definizioen baterako helburua da.
Zergaren elementuakAldatu
- Zerga-egitatea: tributua ordaintzeko betebeharra sortzen duen eta legearekin bat datorren egoera eta egintzak. Ondasun baten salmentak, errenta bat izateak, eskubide ekonomikoen titularra izateak, ondasunen jabetzak, oinordetzagatiko eskubide edo dohaintzak.Zerga ordainketa, Jaumontko kareharria, II - III . Mendea, Metz, Musée de la Cour d'Or-en gordetakoa.
- Zorduna: zorra itzuli behar duena, legez tributua ordaintzera behartuta dagoen pertsona fisiko zein juridikoa. Zergaduna eta zergadunaren ordezko arduradun legala bereizten dira, hau da, lehenengoa legeak ezarritako tributu-zamari lotuta dago eta bigarrena, aldiz, betebehar formal eta materialetara lotuta dago.
- Hartzekoduna: zerga bilketaren ondorioz onuradun bilakatzen den erakunde administratiboa da eta honen ondorioz, bere aurrekontuetan zergarekin lorturiko tributua barneratuko duena.
- Zerga-oinarria: zerga-ekitaldiaren kuantifikazioa eta balorazioa da eta zergaren betebeharra zehazten du. Diru-kopuru bat da, baina beste seinale batzuk ere izan daitezke, adibidez, etxe batean bizi diren pertsona kopurua, bentzina-litroak, alkohol-litroak edo zigarreta-kopurua.
- Zerga-tasa: zama kalkulatzeko xedearekin oinarri zergagarriarekiko aplikatzen den proportzioa da. Proportzio hau finkoa edo aldakorra izan daiteke.
- Zerga-kuota: zamak azaltzen duen kopuru finkoa edo zerga-tasa edo oinarri zergagarriaren arteko biderketa.
- Zerga-zorra: kenkarien murrizketekin eta igo daitezken errekarguekin lortzen den azken emaitza da. Azken emaitza hau ezarritako arau eta prozeduren bitartez ordaindua izan behar zaio hartzekodunari.
Zergaren oinarrizko hastapenakAldatu
Ogasun Publikoaren oinarrizko kezketako bat sistema inposatzaile honen irizpide eta printzipioak finkatzea izan da, honela sistema optimo gisa kalifikatua izateko.
- Zuzentasun printzipioa: nazio bateko biztanleriak berauen ahalmen eta gaitasun ekonomikoen proportzioan, gobernuaren mantenuan lagundu behar dute. Biztanleen ekarpenek, inposatutako ordainketekiko zuzentasuna edo zuzentasun falta islatuko dutelarik.
- Segurtasun printzipioa: zerga guztiak finkoak izan behar dira funtsezko elementuei dagokienez (objektua, salbuespenak, tarifak, ordainketa epeak, arau-hausteak eta zigorrak), agintarien nahierakeriazko egintza saihesteko.
- Erosotasun printzipioa: zerga guztiak ordaindu behar dira garai eta modu zehatzetan, hau dela eta, sistemak zergadunari ongien datorkion garaiak ahalbidetzen dizkio zerga guztiak jaso ahal izateko.
- Printzipio ekonomikoa: zergaren zenbatekoa ahalik eta handiena izan behar da baina zergadunarentzat larria izan gabe.
Zerga motakAldatu
Zerga-tasakAldatu
Zergak, oro har, portzentaietan kalkulatzen dira, balore partikular batekiko, zerga-oinarri, zerga-tasa edo alikuota bezala izendatuz honela sailkatzen dira:
- Zerga proportzionalak edo lauak: Errenta eta aberastasuna handiagotzen diren heinean, zerga ez da aldatzen. Elkarteen gaineko zerga daukagu adibide gisa.
- Zerga gehikorra: Errenta eta aberastasuna handiagotzen diren heinean zergaren ehunekoa ere handiagotu egiten da. Adibidez: Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga, Aberastasuna eta Fortuna Handien Zerga…
- Zerga gutxikorra: Errenta eta aberastasuna handiagotzen diren heinean zergaren ehunekoa gutxitzen da. Zuzeneko zergak gutxitzen badira, zeharkako zergak handiagotzen dira, inflazioa handituz.
Zerga gehikorrak errenta txikiagoa duten pertsonen zama murrizten dute, beraien diru-sarreren ehuneko txikiagoa ordaintzen baitute. Hau zerbait ona bezala ikusi daiteke edo arrazoi pragmatikoengatik egin daiteke, izan ere, negozio txikiagoko erregistro eta zailtasun maila baxuagoa behar duelako. Batzuetan zerga, zerga gehikor edo zerga gutxikor gisa sailkatzen da errenta baxuagoko pertsonen efektua onuragarriagoa edo desegokiagoa izan dezaten. Baina termino honen erabilera informalak ez du onartzen gehikorraren edo gutxikorraren definizio argirik.
Zerga gehikor edo gutxikorren inguruko eztabaida “ondare garbiaren” zerga-printzipioari lotzen zaio, eta “gaitasun fiskala” edo kontribuzioaren printzipioa aipatzen du. Zerga gehikor edo gutxikorren inguruko eztabaida "ekitate" zerga-printzipioari lotzen zaio, eta "gaitasun fiskala" edo kontribuzioaren printzipioa aipatzen du. Horrela, zergaren ekitate horizontal eta bertikalaren adigaia sortzen da. Ekitate horizontalak, errenta berdina, kontsumo edo ondare berdina dutenek, Ogasunari neurri berean erantzun beharko diotela dio. Ekitate bertikalak dio, errenta, kontsumo edo ondare altuagoarekin, “ahalegin berdintasuna” lortzeko ekarpena ere handiagoa izan beharko litzatekeela dio. Azken adigai honi begira, "gutxikorraren" terminoaren erabilera orokortu egin da gutxiago dutenen zergak ordaintzeko ahalegin handiagoarekin. Hau da, BEZaren kasuan, alikuota zerga laua izanez, lehen mailako beharrezkotzat jotzen diren produktuetan jasan beharreko zerga-ahalegina handiagoa da errenta maila baxuagoko biztanleriaren gain.
Zuzeneko eta zeharkako zergakAldatu
- Zuzeneko zerga: pertsona edo enpresak zuzenean zergapetzen dituzten zergak dira, etekina lortu dutelako edota bere jabetzako ondasun bat erabiltzeagatik. Beraz, zergapeko pertsonaren edo pertsonaren ekonomia ahalmena aintzat hartzen dute[2].
- Pertsona Fisikoen Errentaren Gaineko Zerga (PFEZ): urte naturalean lurralde batean (adib: Gipuzkoan) egoitza duten pertsonek lorturiko errenta zamatzen du. Zergadunaren egoera pertsonalak eta egoera familiarrak kontuan izaten dira zerga hau aplikatzerakoan, honela, berdintasun, orokortasun eta gehikortasunaren printzipioei jarraituz.
- Elkarteen gaineko Zerga (EZ): subjektu pasiboek errentatik lorturiko mozkina zamatzen du. Merkataritza-batzuek lortu dituzten etekinen araberako zorra da.
- Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ): ondasun higiezin landatar eta hiritarren balio katastrala zergapetzen du.
- Oinordetza edo Dohaintzen gaineko Zerga (ODZ): Jaraunspen edo dohaintzaren bidez edozein oinordetza tituluz ondasunak eta eskubideak eskuratzean, baita Bizitza aseguruen kontratuen bidez jasotakoaren zenbatekoa beti ere, asegurua kontratatu duena eta onuraduna pertsona ezberdinak balira.[3]
- Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zerga (AFHZ): pertsona fisikoaren tituluduntasunpean dituen ondasun eta eskubide ekonomiko guztiek osatzen dute, eta pertsona fisikoaren zama, zor eta betebeharrek gutxitzen dute.
- Zeharkako zerga: kontsumoaren gaineko zergak dira, hau da, ahalmen ekonomikoaren isla dira. Zergadunaren errentan zuzenean eragiten ez duen arren, produktu edo salgaien kostuan eragiten du[2].
- Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZ): kontsumoaren gaineko zeharkako zerga da, ondasuna erosi edo zerbitzu profesionalak jasotzeagatik kontsumitzaileek jasan beharreko zerga.
- Ondare Eskualdaketak eta Egintza Juridikoen gaineko Zerga (OEZ/EJDZ): Bigarren eskuko etxebizitza edo ibilgailua erosteagatiko zerga da, zerga hau salerosketaren balioari aplikatzen zaio. Hau dela eta, bigarren eskuko salerosketetan ez da Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZ) aplikatzen.[4]
- Zerga bereziak (alkoholaren, tabakoaren eta hidrokarburoen gainean, esaterako): zerga bereziak kontsumo jakin batzuei ezartzen zaizkien zeharkako tributuak dira.
Zerga objektibo eta subjektiboakAldatu
- Zerga objektiboa: ez du kontuan izaten zerga hauek ordaindu behar dituen pertsona fisikoaren egoera pertsonalak. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan adibidez, pertsonaren egoera kontuan izaten da, elbarria den, zenbat seme dituen… eta egoera hauen arabera kalkulatzen da kuota.
- Zerga subjektiboa: kontuan hartzen ditu zerga hauek ordaindu behar dituen pertsona fisikoaren egoera pertsonalak. Garagardoaren zergan adibidez, ekoitzitako kopuruaren funtzioan ezartzen da, pertsona fisikoen egoerak kontuan izan gabe.[5]
Zerga erreal eta zerga pertsonalakAldatu
Zerga errealek pertsona jakin batekin lotu gabe, gaitasun ekonomikoaren adierazpenak zergapetzen dituzte. Zerga pertsonalak bihurtzen dira aldiz, pertsona jakin batekin zuzenean erlazionaturik, gaitasun ekonomikoaren adierazpenak zergapetzen dituztenean.
Adibidez, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergak izaera erreala du soldatak, enpresarien mozkinak, alokairuak edo lortutako interesak zergapetzen dituenean. Aldiz, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergak izaera pertsonala izango du zuzenean pertsona jakin baten errentaren gain eragiten duenean. Ohiko izaera pertsonala duten zergak dira Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergak, Elkarteen gaineko Zergak eta Aberastasunaren gaineko Zergak. Hala eta guztiz ere, zerga hauek ez dute beti izaera hau, egoiliarrak (bertakoak) ez diren pertsonen errentaren gaineko zergak izaera errealeko zergak dira. Ez egoiliarrek, zerga horren deklarazioa aurkeztu beharko dute herrialdean lortzen dituzten errenta bakoitzeko.[6]
Berehalako Zergak eta Aldizkako ZergakAldatu
Berehalako zergetan, zerga egitatea noizbehinkako denbora jakin batean egiten da, esate baterako, ondasun bat erostean edo beste pertsona baten dohaintza jasotzean. Aldizkako zergen kasuan, zerga egitatea luzaro mantenduko da denboran zehar, kasu horietan, legeginak iraupen luzeko zergen epeak denboran zehar banatzen ditu. Errentaren gaineko zergaren zergapetzea etengabeko fenomenoa da, baina legeak urtero zergapetzen du.[7]
Zerga sailkapena (ELGA)Aldatu
Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen (ELGA) Zerga sailkapena:[8]
- Errenta, irabazi eta kapital irabazien gaineko zorrak.
- Errenta, irabazi eta kapital irabazi indibidualen gaineko zergak.
- Elkarteen gaineko, irabazi eta kapital irabaziaren gaineko zorrak.
- Beste batzuk
- Gizarte Segurantzarako kotizazioak
- Langileak
- Enpresaburuak
- Beregain eta langileak
- Zergak
- Eskulan eta langileen nominen gaineko zergak
- Jabetzaren gaineko zorrak
- Higiezinen jabetzaren gaineko aldizkako zorra
- Aberastasun garbiaren gaineko aldizkako zorra
- Jaraunspen, oinordetza eta dohaintzen zergak
- Finantza eta kapitalaren transakzioen zergak
- Zerga ez aldizkakoak
- Ondasun eta zerbitzuen gaineko zergak
- Ekoizpen,salmenta, transferentzia, alokatze eta ondasun eta zerbitzuen eskaintzen gaineko zergak.
- Ondasun eta zerbitzu espezifikoen gaineko zergak
- Ondasun espezifikoekin lotutako jardueretan erabilera edo garapena erabiltzearen edo baimenerako zergak (lizantzak).
- Beste zerga batzuk
- Esklusiboki negozioek ordainduak
- Beste batzuk
Existitzen diren zerga ereduakAldatu
- Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZ)
- Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga (PFEZ)
- Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zerga
- Elkarteen gaineko Zerga (EZ)
- Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ)
- Aseguru Primen gaineko Zerga
- Trakzio mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zerga (IZ)
- Hidrokarburoen gaineko Zerga
- Oinordetza edo Dohaintzen gaineko Zerga (ODZ)
- Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zerga (AFHZ)
- Alkoholaren gaineko Zerga
- Tabakoaren gaineko Zerga
- Jokoaren gaineko Zergak
- Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga
- Udalen Zergak
ErreferentziakAldatu
- ↑ CC-BY-SA http://www.argia.com/argia-astekaria/1948/zer-da-zergak Argia, 2014-06-13
- ↑ a b «Zergak - EkonomiaEtaZergak» ekonomiaetazergak.gipuzkoa.eus (Noiz kontsultatua: 2019-03-01).
- ↑ «Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zerga (ODZ) - Educación tributaria - Bizkaia.eus» web.bizkaia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-06-27).
- ↑ «Ondarearen gaineko Zerga (OZ) - ekonomiaetazergak - ekonomiaetazergak» ORAIN Gipuzkoa (Noiz kontsultatua: 2022-06-27).
- ↑ Juan., Ferreiro Lapatza, José. (2006). Curso de derecho financiero español : instituciones. (25a ed. argitaraldia) Marcial Pons ISBN 8497683447. PMC 180756100. (Noiz kontsultatua: 2019-03-01).
- ↑ [http://www.bizkaia.eus/Ogasuna/Zerga_Arautegia/Indarreko_arautegia/pdf/eu_12_2013.pdf?hash=9907044d3dde0a6b1c42b18e07c05b6d&idioma=EU «12/2013 FORU ARAUA, abenduaren 5ekoa, Ezegoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzkoa (BAO Abenduaren 13koa)»] (Adobe Acrobat Document) BAO (Noiz kontsultatua: 2019/03/04).
- ↑ Juan., Ferreiro Lapatza, José. (2006). Curso de derecho financiero español : instituciones. (25a ed. argitaraldia) Marcial Pons ISBN 8497683447. PMC 180756100. (Noiz kontsultatua: 2019-03-04).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Tipos de impuestos» Enciclopedia Financiera (Noiz kontsultatua: 2019-03-01).