Mendebaldeko Zisma[1] Eliza Katolikoan gertatutako egoerarik larrienetariko bat izan zen. Garai honetan Aita Santuak Avignon-en bizi ziren eta gehienak frantziarrak ziren. Hau dela eta, Frantziar erregeen alde egin ohi zuten. Honi erantzun bezala, Erroman beste Aita Santu bat izendatu zen, Elizaren banaketa eraginez 80 urtetan zehar.

Europa katolikoaren zatiketa zismaren garaian (1378-1417)
Jean Froissart-en Chroniques laneko miniatura bat, Mendebaldeko Zisma irudikatzen duena.

1378an, Gregorio XI.a hiltzean, Urbano VI.a izan zen ondorengo bezala haukeratua. Kardenal talde batek erromatar hautagaiari aurka egin zion eta Klemente VII.a aukeratu zuten. Konponbidea aurkitu nahian, Pisako kontzilioa egin zen 1409an, non hirugarren Aita Santu bat aukeratu zen. Bista denez hiru Aita Santu ez ziren konponbidea, eta hau dela eta 1414an aurreko hiruak baztertu zituzten eta Martin V.a aukeratu zuten.

Testuingurua

aldatu

Mendebaldeko Zisma, Erdi Aroaren testuinguru sozial, ekonomiko, politiko, demografiko, zein kultural berezi batean, edo honen ondorio gisara, iritsi zen. Izan ere, 300 urtez iraun zuen hazkunde iraunkor eta zabala bere mugetara iristen ari zen XIII. mende amaierarako. Egoera kontraesankor batean aurkitzera iritsi zen sistema feudala, zeina bere garapenerako kausak, aldi berean, krisira eramaten zuten arrazoiak izatera iritsi ziren; gero eta ageriagokoak ziren sistemak bizirauteko zituen zailtasunak. Sistema bere agorpen fasera iristen ari zela ondorioztatzeraino[2].

Egoera honetara iristeko hainbat arrazoi izan ziren. Hasteko, biztanleriak hazkunde nabari bat izan zuen. Populazioaren dimentsio honetako hazkundea, biztanleria berri hori elikatzeko eta beraien biziraupena bermatzeko baldintza egokiak izatearen beharrarekin batera zetorren. Baina kasua ez zen hori izan, izan ere, nekazaritza sektorea oraindik ez zegoen teknologia garapen maila horretan; beraz, produktibitatearen hazkunderik ez zegoen[3].

Testuinguru honetan ere, ekoizpen estentsiboa bera ere muga batzuetara iristen ari zen. Alde batetik, jauntxoek gero eta zailtasun handiagoa zuten gaitasun ekonomikoa mantentzeko. Hauek, egoera horri aurre egiteko presio fiskala beste modu batean mantentzen ahalegindu ziren; baina, nekazariei presio fiskala krisi testuinguru batean areagotu zietenez, egoera larritu egin zen eta nekazari askok lurren jabetza mantentzeko zailtasun aipagarriak izan zituzten. Ondorio gisa, lurrak jabe gutxi batzuen eskuetan akumulatzen joan ziren eta lurrak galdu zituzten nekazariek nagusitzen ari ziren hirietara joateko tendentzia hartu zuten. Horrela, kontraesan baten aurrean aurkitu ziren: nekazariak lurretatik botatzen ari zirenez hirira joaten hasi ziren, baina lan-indar gehiago behar zen gizartea elikatzeko[4].

Lur jabeak gero eta botere gehiago eskuratzen joan ziren, eta botere ekonomiko horrekin, beraien botere politikoa eskuratzea ere nahi zuten. Garaiko botere politikoa erlijioaren bitartez legitimizatuta zegoenez, ideia horien aldaketa bat bultzatzen saiatu ziren; gizakia erdigunean jarri behar zelaren ideia zabalduz, Berpizkundeko ideiak indarrean jarriz. Ideia hauek berekin erlijioaren krisialdi bat eragin zuten, gizartean bigarren plano batean geratzen ari zen auzia baitzen[5].

Ekialdeko Zismaren aurrekaria

aldatu

Ekialdeko Zismarekin 1054. urtea lotzen da, nahiz eta autore askoren esanetan prozesu luze baten ondorio zen, zeinetan jada agerikoa izaten ari zen doktrina erlijioso beraren bi alderdiren bereizketa. Urte luzez Europa esku berdinengatik gobernatua izan zen, baina bi munduen ezaugarri desberdinduak gero eta arazo handiagoa ziren gobernu honentzat.[6]

Hori horrela, Europaren zatiketarako aurrekari gisa azaldu zen Ekialdeko Zismaren auzia; Europa bereizi baterako lehen urratsa.

Erroma eta Frantzia

aldatu

Mendebaldeko Zismaren kausetako batzuk honako hauek izan ziren: Kardinalen elkargoak aurreko urteetan eskuratu duen gehiegizko boterea. Kardinalak printze boteretsu bihurtu ziren, botere politikoei Elizaren interesei baino gehiago erantzuten zietenak. Horrez gain, Frantziako monarkiaren interesa Aita Santua kontrolatzeko. Halaber, kristau herriaren Avignongo Aita Santuaren irudikapena galtzea. Aita Santua kristautasunaren balio eta beharretatik urrun zegoen gorte burokratiko bihurtu zen. Eta azkenik, Erromaren eta Frantziaren arteko lehia pontifizio-boterea kontrolatzeko.

1378 eta 1417 urteen artean, Mendebaldeko Zisma gisa ezaguntzen dugun krisialdi hau bitarte, bi Aita Santuk nagusiki kristautasunaren izenean haien aginte postuaren aitormena eta zilegitasuna lortzea helburu izan zuten. Krisialdiak iraun zuen denbora honetan zehar Elizako banaketak bi aitasantutza izan zituen: bata Erroman eta bestea Avignonen, Frantzia.

Mendebaldeko zisma nazioen, ordena erlijiosoen eta fededunen arteko erlijio-obedientziako arrazoien zatiketaren emaitza izan zen. Zisma Konstantzako Kontzilioa (1414-1418) ospatzearekin konpondu zen azkenean.

Hasiera

aldatu

Klemente V.a (1305) Aita Santuaren garaira jo behar dugu zismaren hasiera ulertzeko. Klemente V.a gaskoia zen eta haren hautaketak kontzepzio monarkikoaren garaipena suposatzen zuen, Aita Santu hau Frantziako erregearen mende jarri baitzen[7]. Aita Santuak Erroma utzi zuen eta Avignonera lekualdatu zen. Erromatik alde egitearen arrazoi ofizialak hiriaren segurtasunik eza eta erromatar patrizioek Aita Santu ez-erromatar batekiko izan zezaketen etsaitasuna ziren.

Avignongo aitasantutzaren kudeaketa administratibo eta antolaketa eraginkorra nabarmendu ziren. Aita Santuaren ideia teokratikoa ez zen erabat utzi baina garaiko autoritate moral gisa indarra galdu zuen. Aita Santuaren Gortearen handitasuna galdu zen hein batean.

Periodo honetan zehar egondako Aita Santuak frantsesak ziren eta, beraz, Frantziako erregeen aldekoak. Aita Santuaren kuria ere frantziarra zen (134 kardinaletatik 111 frantsesak ziren). Aldi horretan kontuan hartu beharreko bi alderdi hauek dira: Aita Santuaren kanpo-harremanak eta administrazio-aparatuaren garrantzia. Egoitza pontifizioa Avignonen kokatzea Aita Santuek erabilitako baliabide bat izan zen, Aita Santua Frantziako monarkiarekin lotzeko balio baitzuen. Monarkia feudalaren garaipena irudikatzen zuen Aita Santuaren aurrean. Avignonekoa, ordea, aldi baterako egoitza izan zen. Hau guztiagatik, 1377an Avignoneko zazpigarren Aita Santu Gregorio XI.ak Erromara itzultzea erabaki zuen. Honek kuria italiarren eta frantsesen artean banaketa sortzea eragin zuen. Erromara joan eta gutxira Gregorio XI.na hil egin zen.[8]

Urbano VI.a izan zen ordezkoa eta haren aurrean, frantziar kardinalek irregulartasunak alegatu zituzten beren aukeraketan, eta, baliogabetzat jo zuten. Hori dela eta, Aita Santu berri bat aukeratu zuten, Klemente VII.a, Avignonera itzuli zena. Une horretan hasi zen Mendebaldeko Zisma, Urbano VI.ak ez baitzion bere karguari uko egin.[9]

Bi Aita Santuen artean zisma sortu zenean, monarkia feudalak Aita Santu bakoitzaren aurrean zuten kokapenaren arabera banatu ziren. Erromako Aita Santuaren aldekoak ziren: Ekialdeko Europa osoa, Ingalaterra, Portugal eta Italiako erdialdeko eta iparraldeko hiri-estatuak. Avignonen Aita Santuaren aldekoak, berriz: Gaztela eta Aragoiko erresumak, Austria, Bi Sizilietako Erresuma, Frantzia, Irlanda eta Eskozia.[10]

Amaiera

aldatu

Zismak iraun zuen berrogei urteetan, gatazka konpontzeko hainbat saiakera izan ziren. Hainbat neurri, hala nola esku-hartze armatuak, Frantziako erregeak eta Parisko Unibertsitateak proposatutako «obedientzia lapurtzea»; emaitzei erreparatuz, ez ziren oso onak izan negoziazio-saiakerei dagokienez.

 
Habemus Papam, Konstantzako Kontzilioan.

Azkenik, erabaki zen behin betiko ebazpena lortzeko bidea adiskidetze-bidea izan behar zela. Bi kontzilio egin ziren: Alde batetik, Pisako Kontzilioa (1409) bi Aita Santuen kardinal disidenteek deitua, kontzilio honek biak kondenatu zituen eta hirugarren Aita Santu bat aukeratu zuen, Alexandro V.a urte batez bakarrik bizi izan zena eta, 1410ean, Joan XXIII.a. Botere politikoek lortutako babesa gorabehera, Joan XXIII.ak ezin izan zuen Eliza berriz batzea lortu, eta, beraz, Segismundok, Inperio Santuko enperadoreak, beste kontzilio batera deitu zuen.

1414an Konstantzako Kontzilioa hasi zen, abade, gotzain eta kardinal bezalako hierarkia erlijioso ugarik legitimatu zuten kontzilio hau.[11] Gregorio XII.ak, Erromako Aita Santuak, bere borondatez uko egiten zion bere karguari. Benedikto XIII.ak (Avignongo Aita Santua) uko egiten zion kargua uzteari. Enperadoreak, orduan, jarduera diplomatiko bidez, estatu bakar batek hura ez babestea bultzatu eta lortu zuen. Aita Santu hau Peñiscolako gaztelura erretiratu zen eta bakartua gelditu zen, Papa Luna izenez da ezaguna.

Azkenik, 1417an beste Aita Santu bat aukeratu zuten, Martin V.a eta horrela amaitu zen Mendebaldeko Zisma. Behin betiko ezarri zen Kontzilioak Aita Santuaren aurrean zuen nagusitasuna. Konstantzako Kontzilioan, kardenalez gain, monarkia feudalen ordezkariek parte hartu zuten. Akordio batera iristeko zegoen borondate orokorra nagusitu zela esan daiteke.[12]

Mendebaldeko Zismako aita santuak
Joan XXIII.a antipapaJoan XXIII.a antipapaAlexandro V.a antipapaAlexandro V.a antipapaGregorio XII.aInozentzio VII.aInozentzio VII.aBonifazio IX.aUrbano VI.aBenedikto XIII.a antipapaKlemente VII.a antipapaMartin V.aGregorio XI.a

Zismaren eragina nazioartean

aldatu

Mendebaldeko Zisma ez da Avignon eta Erromaren arteko gatazka soil bat bezela ulertu behar. Aita Santu ezberdinei babesa eman zieten agente politikoen artean ere tentsioak eta gatazkak sortu baitziren.

Europa banatu egin zen Erromako Aita Santuaren alde zeudenen eta Avignongo Aita Santuaren alde zeudenen artean. Aita biek elkar eskumikatu zuten eta jarraitzaileak eskumikatu zituzten. Zismak gainera, Kristautasunaren artean krisi gogorra sortu zuen, erreferentzia espiritualak galdu zituena, alegia. Baita, gatazka pontifikazio-hierarkiatik kanpo deitutako kontzilio ekumeniko baten bidez konpondu zenean, Aita Santuaren boterea mugatu egin zen, eta bateratzeko ahalmen handiko aldi bat hasi zen. Eta azkenik, muga tazitoak ezarri ziren monarkien boterearen eta Aita Santuaren boterearen artean[13].

Gaztelako erresuma eta Portugalen arteko gatazka

aldatu

Tentsio hauen adibide da Gaztela eta Portugalen garai honetako talka, zisma bitarte sortu ez bazen ere, periodo honetan areagotu egin zena. 1380ko urtarrilean, Klemente VII.ak eta Louis d’Anjou konde frantsesak akordio bat adostu zuten: kondeak Joana I.a Napolikoa erreginaren oinordeko bihurtzearen eta Adriáko Erresumaren kontrola ematearen truke, bere konkista gauzatu eta Klemente VII.aren garaipena lortzeko konpromisoa hartuko zuen. Akordioa gauzatzeko orduan nazioarteko egoerak eragin nabarmena izan zuen, ordea, izan ere babes frantsesa eta gaztelarra ezinbestekoak ziren, eta hori ezinezkoa zen[14]. 1380ko irailean, Karlos V.a Frantziakoa hil zen eta haren oinordekoak Karlos VI.nak ez zuen halako gatazka batean sartzeko ahalmenik. Gaztelan berriz, Joan I.ak, Trastamara leinuko erregeak aurre egin behar zion 1380ko uztaileko anglo-portugaldar aliantzari. Lancasterreko duke ingelesak, Joan I-ren osaba eta aurreko errege Henrike II.ren anaia zenaren Petri I.ren suhia zela argudiatuta Gaztelako koroa bereganatu nahi zuen[15].

Testuinguru horretan, beraz, eta Zismak are eta gehiago handitu zuen tentsioa dela eta jada aurretik zetozen Portugalen eta Gaztelaren arteko tirabirek eztanda egin zuten. Esku-hartze ingelesarekin, 1384tik 1387ra bitartean Portugal eta Gaztelaren arteko gatazka berpiztu zen. Tartean Aljubarrotako Gaztelako porrota inflexio puntua izan zen, eta Portugalen Avis dinastiaren hastapena ekarri zuena, Portugaleko Juan I.-ren koroatzearekin 1385an. Hala ere, oraindik Gaztelaren agintaritza lortzeko helburuarekin jarraitu zuen Lancasterreko dukeak, eta horretarako besteak beste Urbano VI. Aita Santuaren babesa izan zuen. 1387ko maiatzetik aurrera, ordea, Lancasterreko dukeak Gaztela konkistatzeko ezintasuna onartu behar izan zuen, besteak beste erresistentzia militarragatik. Orduan, negoziazioak hasi ziren, eta, urtebete geroago, Lancasterrek Gaztelako Koroari uko egiten ziola berretsi zuten. Henrike III.a ( Gaztelako Joan I.-ren semea) eta Katalina Lancasterkoa (Lancasterreko dukearen alaba) ezkontzearekin, dinastien artean sortutako arazoak konpontzeko bidea ezarri zuten, nahiz eta oraindik egonkortasuna lortzeko urteak igaro behar izan ziren.[16]

Bibliografia

aldatu

Ayerbe, J. J. D. U., & Ruiz de Arana, M. D. (1900). Fin del Cisma de Occidente.

García de Cortazar, J.A.; Sesma, J.A. (2014): Manual de Historia Medieval. Alianza Editorial, Madril.

De Camargo, J. A. (2013). El Cisma de Occidente: los antecedentes y sus consecuencias inmediatas. In Doctrinas y relaciones de poder en el Cisma de Occidente y en la época conciliar (1378-1449) (pp. 27-60). Prensas Universitarias de Zaragoza

De Souza, J. A. D. C., Aznar, B. B., & Bayona, B. (Eds.). (2013). Doctrinas y relaciones de poder en el Cisma de Occidente y en la época conciliar (1378-1449) (Vol. 94). Universidad de Zaragoza.

García, I.M. ; Casabón, J.A.; Casorrán Berges E.(2008). En la estela del cisma de occidente. Dos nuevas bulas del Papa Luna en los archivos capitulares de Zaragoza. Zaragozako Unibertsitatea, Zaragoza.

Orlandis, J. (2004): Oriente y occidente cristianos (1054-2004). Novecientos cincuenta años de cisma. Anuario de historia de la Iglesia.

Sanchez Sesa, R. (2006): El Cisma de Occidente en la Península Ibérica: religión y propaganda en la guerra castellano-portuguesa. Universidad Complutense de Madrid, Madril.

Sevilla, Gonzalez, Mª C. (2006). Los principados y la política papal de la Baja Edad Media. Fuentes y régimen jurídico. Anuario de historia del derecho español, 76.zbk. 215- 248 orr.

Erreferentziak

aldatu
  1. EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak.
  2. Garcia de Cortazar, J.A. & Sesma, J.A. (2014): 295-296
  3. Garcia de Cortazar, J.A. & Sesma, J.A. (2014): 297-298
  4. Garcia de Cortazar, J.A. & Sesma, J.A. (2014): 304-305
  5. Garcia de Cortazar, J.A. & Sesma, J.A. (2014): 325-326
  6. Orlandis (2004): 248
  7. Sevilla, Gonzalez, Mª C. (2006): 219
  8. García, I.M. ; Casabón, J.A.; Casorrán Berges E.(2008): 481
  9. García, I.M. ; Casabón, J.A.; Casorrán Berges E.(2008): 487
  10. García, I.M. ; Casabón, J.A.; Casorrán Berges E.(2008): 487-488
  11. García, I.M. ; Casabón, J.A.; Casorrán Berges E.(2008):491
  12. de Camargo, J. A, 2013.
  13. de Souza, J. A. D. C., Aznar, B. B., & Bayona, B, 2013.
  14. Sevilla, Gonzalez, Mª C. (2006): 219-220
  15. Sanchez Sesa, R. (2006): 320
  16. Sanchez Sesa, R. (2006): 318-320<

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu