Agincourteko Gudua Ehun Urteko Gerrako ingelesen garaipen nagusia izan zen, non frantziar armada handiagoa menderatu zuten. Gudua 1415eko urriaren 25ean (San Crispin eguna, egun indarrean dagoen gregoriotar egutegiaren arabera: azaroaren 3a), ostirala, egungo Azincourtetik gertu izan zen[5]. Henrike V.a Ingalaterrakoaren garaipenak gerraren norabidea aldatu zuen eta, horren ondorioz, Frantziako erregearen alaba ezkondu eta bere semea zen Henrike VI.a Frantziako ondorengo bihurtu zen (hala ere, ezin zuen aitaren lana aprobetxatu).
Henrike V.ak gudarosteak zuzentzeaz gain gorputzez gorputz ere borrokatu zuen. Orduko Frantziako erregea zen Karlos VI.ak, berriz, ezin izan zuen bere armada zuzendu, gaixotasun mental batek guztiz ezgaitu zuelako. Erresuma kondestablea zen Karlos I.a Labritekoak Frantziar armada zuzendu zuen.
Ingelesek galestar arkulariei eta hauen arku luzeei (longbow) esker lortu zuten garaipena. William Shakespearek, gero, Henrike V.a antzerki-lanean guduaren istorioa azaldu zuen.