Agustin Hiponakoa

idazlea

Artikulu hau filosofoari eta Elizaren doktoreari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «San Agustin (argipena)».

San Agustin Hiponakoa[1] edo Aurelio Augustino (Thagaste, 354ko azaroaren 13a - Hipona, 430eko abuztuaren 28a) filosofo eta teologo bat izan zen. Mendebaldeko kristautasunaren gizonik garrantzitsuenetakoa, Eliza Katolikoaren santu eta doktore, kristau dotrina neoplatonismoarekin uztartu eta erlijioz kanpoko bestelako ekarpen filosofikoak ere egin zituen.

Agustin Hiponakoa

elizbarrutiko apezpiku

396 -
Elizbarrutia: Q3708139 Itzuli
Bizitza
JaiotzaThagaste (en) Itzuli354ko azaroaren 13a
Herrialdea Antzinako Erroma
HeriotzaHippo Regius (en) Itzuli430eko abuztuaren 28a (75 urte)
Hobiratze lekuaSan Pietro in Ciel d'Oro (en) Itzuli
Familia
AitaPatricius
AmaMonika Hiponakoa
Ezkontidea(k)ezkongabea
Seme-alabak
Anai-arrebak
Hezkuntza
Hizkuntzaklatina
punikoa
Amazigera
Ikaslea(k)
Jarduerak
Jarduerakfilosofoa, teologoa, autobiografialaria, musikaren teorikoa, predikaria, historialaria, poeta, presbiteroa, idazlea, apaiz katolikoa, apezpiku tituluduna eta apezpiku katolikoa
Lan nabarmenak
InfluentziakAnbrosio Milangoa
Santutegia
Abuztuaren 28 eta Ekainaren 15
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaErromatar Eliza Katolikoa
manikeismoa

IMDB: nm1240835 Musicbrainz: af70e766-6f46-43c7-a23e-6266e3909f0d Discogs: 2328174 IMSLP: Category:Augustine Find a Grave: 6057 Edit the value on Wikidata

Bizitza aldatu

Agustin Hiponakoaren bizitza, urtez urte
Urtea (adina) Gertakaria

354 Taghasten jaiotzen da.
371 (17) Kartagora heltzen da lehen aldiz.
383 (29) Erromara doa irakasle.
386 (32) Kristau egiten da.
389 (35) Afrikara itzultzen da.
395 (41) Hiponako apezpiku.
400 (46) Aitorkizunak idazten ditu.
417 (63) Jainkoaren hiria idazten du.
430 (75) Hiponan hiltzen da.

Agustinen bizitzaren lehenengo aldiari buruzko xehetasunak Agustinek berak idatziriko Aitorkizunak lanean aurki daitezke, kritiko zenbaiten ustez sinesgabetasunetik federa eta gaizkitik ongira doan aurrerapenen erakusketa bat besterik ez bada ere. Agustin egun Aljeriako ekialdean dagoen Taghasten jaio zen, orduko erromatar probintzia zen Numidian. Bere aita Patricius izena zuen eta hiritar apal bat zen, aberastasun handirik gabea. Agustinek berak kontatzen duenez, aita zakarra zen eta sensualitate eta bestelako plazerren zalea, asmo txarrekoa ez bazen ere. Berebere jatorria zuen amak Monnica zuen izena (gerora, Santa Monika bihurtuko zena) eta kristau-dotrinatik haren irudi bertutetsua agertu bada ere, Agustinek berak bere amari buruz egiten dituen laudorioak gehiegizkoak direla dirudi eta berarekin izan zuen jarrera arretatsugatik eskerronez eginak direla ulertu behar direla baieztatu da. Ama kristaua zuen, baina aita bere bizitzaren amaieran soilik bildu zen kristautasunera. Amaren eragina izan arren, Agustinek ez zuen kristautasuna onartu.

Agustinek bere lehen ikasketak Taghasten eta Maduran egin zituen, greziar eta erromatar kultura ikasiz. Bere jaioterrian agintari aberatsa zen Romanianoren laguntzari esker, 16 urte zituelarik Kartagora joan zen ikasketak jarraitzeko, bertan bikote harreman bat hasi zuen emakume batekin eta 372 urtean Adeodatus semea izan zuen berarekin. Garai beretsuan, aita hil zitzaion, azkenean kristautua. Gaztetan, Agustinen beraren hitzetan, arinkeriaz eta bihurrikeriaz jokatu ondoren, 19 urterekin Zizeronen Hortensius lana irakurri eta filosofiarako grina piztu zitzaion. Ondoren, manikeo bihurtzen da. Taghasten eta Kartagon 375etik aurrera erretorika irakatsi zuen, Romanianoren babespean betiere, Taghasten manikeo izateagatik amaren gaitzespena jaso ondoren. Aitorkizunak lanean garai hartako bere gehiegikeriak nabarmentzen dituen arren, ez omen zen horrenbesterako bere portaera urte haietan eta gerora kristau bihurtzean izandako aldaketa azpimarratzeko egiten duela aipatu. Azkenik, 383an Erromara joatea erabaki zuen, Kartagoko ikasleen jakinimin ezaz gogaiturik eta jakintza-giro berria aurkitu nahian. Joan baino lehenago, erabateko haustura egin ez bazuen ere, aldendu egin zen manikeismotik, Fausto apezpiku manikeoarekin topaketa baten ondoren desilusionaturik. Ordurako ere, amarekin bakeak eginda bazegoen ere, berari ezer esan gabe alde egin behar izan bazuen ere.

Erroman urtebete eman zuen, baina ez zuen aurkitu Kartagotik alde egitean bilatzen zuen giroa. Gaixotu egin zen eta lagun manikeo baten laguntza jaso zuen ibtartean. Erromako Simako prefetaren eraginez, Milanen magister rethoricae izateko aukeratua izan zen. Bertan, Milango Anbrosio apezpikua ezagutu zuen eta bere eraginez eta Plotino neoplatonikoaren testu zenbait irakurrita, kristautasunera bihurtu zen 386. urtean. 387an, Monnica ama hiltzen da. Garai honetan lan ugariak idatzi zituen adibidez, Contra Academicos, Soliloquia eta De Immortalitate animae.

391. urtean apaiz izendatua izan zen Hiponan, Valerio apezpiku zuelarik. Hiponan beste zenbait lan idatzi zituen manikeoen eta donatisten aurka, Bibliako Sorrera liburuari eta San Pauloren Gutunei liburuak besteak beste. 396an Hiponako apezpiku izendatu zuten, garai hartan Dotrina Kristauaz, Aitorkizunak, Hirutasun Santuaz (De Trinitate) , Bibliako Sorrera liburuari buruzko iruzkinak. 411. urtetik aurrera hauek idatzi zituen, besteak beste: Pelagianoen aurka, De libero arbitrio, Jainkoaren Hiria.

430. urtean hil zen Hiponan, bandaloek hiria setiatu eta hiru hilabetera. Ordurako, Erromako hiria bandaloen esku jausia zen. Hil ondoren bere gorpua Paviara eraman zuten eta han gordetzen da.

Filosofia aldatu

Ontologia aldatu

Filosofia platonikoaren iturrietatik eragin nabarmen jaso zuen Agustin Hiponakoak bere pentsaera osatzerakoan, errealitate sentikor eta materialaren eta ideien mundu jakingarriaren arteko bereizketa bereganatuz. Eszeptikoak ez bezala, egia bat badela baieztatuz eta zentzumenen mundua iragankorra eta ulertezina dela defendatuz, egiazko ideien munduaren sorburua jainkoa dela sinetsi zuen, izatearen, egiaren eta ongiaren jatorri. Ariman bilatu behar da egiazko printzipio horiek aurkitzeko.

Epistemologia: fedea eta arrazoia aldatu

Agustin Hiponakoak jainkoarekiko sinesmena eta jakintza uztartu egin zituen eta fedea jainkoarengana eta, beraz, jakintzara heltzeko modu bakarra dela defendatu ere egin zuen [2][3]. Ariman aurkituko den fedeak egiaren berri ematen badigu ere, arrazoiak egia horiek baieztatu egin ditzake, nahi eta arrazoiak, fedeak gidaturik aritzen ez denean, egiazkoak ez diren ezagutzak sor ditzakeen. Baina arrazoiak fedea arrazoizkoa dela ere erakusten du. Beraz, oro har, fedea arrazoiaren gainetik kokatzen da, haren lagungarri izan daitekeen arren. Ospetsua da, ildo horretatik bere esaera: "Intellige ut credas; crede ut intelligas" (euskaraz, "Uler ezazu sinesteko, sinets ezazu ulertzeko").[4] San Agustinen garaian, patristika fede kristaua eta filosofia platonikoa uztartzen saiatu zen. Gnostizismoak kristautasuna beste filosofia bat bihurtu zuen, eta Tertulianok arrazoimenaren aurka egin eta Jainkoa bihotz hutsez bilatu behar dela zioen. San Agustinek aurka egin zien, esanez kristautasuna Jainkoak errebelatutako erlijio bat dela (gnostikoen aurka) eta ez dela irrazional (Tertulianoren aurka).

Agustinen ustetan, “Egia ez da nirea, zurea, ezta honena edo harena ere; bat bera da guztiontzat”. Bestalde, “Bi bide daude ezagutzara iristeko: aginpidea eta arrazoia”. Filosofiak eta erlijioak lortu behar duten egia Jainkoaren egia da: “Bizitza zoriontsua egiaz gozatzea da, zutaz gozatzea da, Jainkoa, zu baitzara egia”.

Zer eginkizun dute arrazoiak eta fedeak Jainkoaren bilaketan? “Intellige ut credas, crede ut intelligas”: ulertu sinesteko, sinetsi ulertzeko. Arrazoiak eta fedeak harremana dute, baina ez da aurkaritzarik sortzen, elkarren beharra baitute Jainkoaren bilaketan.

Arrazoiak nahitaez fedearen onarpenaren aurretik joan behar du, fedea zentzugabea ez dela argitzeko. Ondoren, fedea ahal den heinean ulertarazten saiatuko da arrazoia. Hala ere, Agustinen iritziz, egiaren bilaketaren hasieran fedea dago. Agerkundeak bere indar argitzailea ematen dio ezagutzaren ahalmenari. Arrazoia ez da nahikoa jakinduria lortzeko, ez da egiaz jabetzeko gauza, Jainkoaren eta aginpidearen laguntza behar du. Tomas Akinokoak, aldiz, fedea eta arrazoiaren artean erabateko bereizketa egin zuen.

Zoriontasuna eta jainkoa edukitzea aldatu

Zoriona izan zen San Agustinen helburu nagusia, erlijioa eta filosofiaren bidetik, eta bilaketa honek bere bizitza bideratu zuen. Gaztetan, bere bizitzan bertan aurkitu zuen zoriona; plazerean. Gero, Hortensius liburuaren irakurketak erabateko haustura ekarri zuen.

Manikeismora hurbildu zen 10 urteetan, bi kezka nagusi sortu zitzaizkion: Jainkoa eta gaizkia. Aristoteles irakurtzean, Agustinek sinesmen manikeoak zalantzan jarri eta Akademia Berriaren eszeptizismoari atxiki zitzaion: “Inork zalantzan jartzen al du bizi denik, gogoratzen, ezagutzen, maitatzen, pentsatzen ala epaitzen duenik? Bada, zalantzarik badu, bizi da”.

Eszeptizismoa gainditzeko Platonismoaren eragina —Plotinoren bidez— erabakigarria izan zen. Mundu adigarri platonikoa egia iraunkorraren mundua zela ohartu zen, eta gaizkia ongiaren gabezia zela ulertarazi zion, ez gaizkiaren printzipio batek sortutakoa.

Jainkoa gizakiaren barnean baino ez dugu aurkituko: “Ez bilatu kanpoan, itzuli zeure barnera. Barneko gizakian bizi da egia. Eta, zeure izaera aldakorra bada, bila ezazu zeure buruaz haraindi ere”. Zoriona gauza iraunkorrek emango digute, eta Jainkoa iraunkorra eta betierekoa denez, zoriona Jainkoarengan egongo da: “Jaungoikoa duena zoriontsu da beraz”. Beraz, erabateko zoriona beste bizitzan dago.

Jainkoaren existentzia eta ideia eredugarriak aldatu

Jainkoaren existentziaren hainbat froga aurki daitezke San Agustinen obretan, hala nola akordio unibertsalaren ideian edota komentario ugaritan: “ororen ordena, eraketa, edertasuna, mugimendu eta aldaketak, Jainkoak bakarrik sortuak izan daitezkeela esaten dute isilean”.

San Agustinen frogarik gustukoena pentsamendua abiapuntu hartzen duena da. Ideia eredugarriak hartzen ditu abiapuntu. Arimak ezagutu ditzake egia aldaezinak, ezinbestekoak eta betierekoak direnak (esaterako objektu matematikoak eta axiomak); orduan lortzen da zentzu hertsian ezagutza deitzen duguna. Haien ezagutza ez datorkigu sentipenetatik, baina arimatik ere ez dator, ez baita betierekoa, aldaezina edo ezinbestekoa. Gizakiak egia eredugarri mugagabe eta beharrezko hauetan aurkitzen duena, egia bat da, eta ez da erlatiboa. Egia hau gure adimena baino nagusiagoa da, inposatu egiten zaio, zeren adimenak denen aurrean makurtu egin behar baitu.

Ideia eredugarri betiereko hauen oinarrian izate batek egon behar du. Betiereko egia eredugarrien oinarrian, beraien funts moduan egia aldagaitzak egon behar du, hau da, Jainkoak. Nola ezagutu ditzake gizakiak? Jainkoak esku hartu eta gizakiaren adimena argitzen duenean (argialdia).

Jainkoaren existentziaren froga mota honek jarraitzaile ugari izan zituen: San Antselmo Canterburykoaren argudio ontologikoa (XI.mendea) eta Descartes, adibidez. Santo Tomas Akinokoak, berriz, baliogabetzat zuen prozedura hau. Berak errealitatea hartu zuen abiapuntu.

Jainkoa ona dena, izan bada, orduan, zergatik existitzen da gaizkia? Gaizkia ezin zaio Jainkoari egotzi. Agustinek Plotinoren azalpena onartu zuen, alegia, gaizkia ez dela ezer erreala, ongi eza baizik, gabezia.

Askatasuna eta gaitzaren arazoa aldatu

Jainkoa ona dena, izan bada, orduan, zergatik existitzen da gaizkia? Gaizkia ezin zaio Jainkoari egotzi. Agustinek Plotinoren azalpena onartu zuen, alegia, gaizkia ez dela ezer erreala, ongi eza baizik, gabezia.

Agustinek hiru gaizki mota bereizi zituen:

  • Gaizki metafisikoa: Ontologiaren ikuspegitik, izaki izateak berez dakar mugatua (alegia, ez perfektua) izatea. Ez dago Jainkoari gaizkia egozterik, gauzak beren inperfekzio eta gabezien menpe daude.
  • Gaizki morala: Aukeratzeko askatasuna izatearen ondorioz bekatua sortu zen. Horrela azaldu zuen Agustinek gaizki morala: askatasunetik sortutako bekatu horren erantzukizuna gizakiak baino ez du, inola ere ez Jainkoak.
  • Gaizki fisikoa: Minaren eta heriotzaren esperientzia gizaki izatearekin lotuta dago. Agustinek onartzen du gaizki mota hau Jainkoari egotzi ahal zaiola gizakiaren ikuspuntutik, izan ere ez dugu Jainkoaren ikuspuntua ezagutzen eta ez dakigu oinazea behar-beharrezko osagaia dela salbaziorako (Jesusen heriotzan gertatu zen moduan, kristau teologiaren arabera).

Askatasun indibidualaren amaierako garaian al gaude? Askatasunik al dago Big Dataren gizartean?


Gaizkiaren teoria hauek eragin sakona izan zuten Mendebaldeko pentsaeran.

Platonen filosofiaren eragina Agustinengan aldatu

Platonismoak eragin handia izan zuen San Agustinengan, zentzu zabalean.

Dualismo ontologikoari dagokionez, Agustinek, Platonen moduan, bi errealitate bereizten zituen: fisikoa, zentzumenek hautematen dutena, eta ez-materiala, ideia eredugarriena, zentzumenez gain arimak ere hauteman ezin duena. Jainkoak ideia eredugarri horiek izakien adimenean jarri ditu, eta bera dago ideia hauen oinarrian. Gizakiak hauek ezagutu ditzan, Jainkoak esku hartzen du (argialdia).

Dualismo antropologikoari buruz ere antzekotasunak daude: Agustinek nahiz Platonek gizakia gorputzaz eta arimaz osatua zegoela defendatzen zuen. Baina Agustinek gorputzari garrantzi gehiago ematen zion, eta arima gorputzarekin batera sortzen zela zioen (eta ez lehenago).

Errealitatearen printzipioari dagokionez, bai Agustinek bai Platonek Ongia kokatzen dute oinarrian. Agustinen kasuan, ordea, Ongia Jainkoa da. Ikuspuntu teleologikoari jarraiki (alegia, mundua norbaitek diseinatu duela), Agustinen ustez Jainkoa zen munduaren diseinatzailea. Hemen antzekotasuna aurki dezakegu Platonen Timeoren Demiurgosen kontakizunarekin.

Platonek eta Agustinek dialektika erabili zuten metodo gisa: biek galderak eginez egiarantz zuzentzen dituzte gainerakoak.

Azkenik, Agustin eta Platon gaizkiaren kontzeptuan bat etorri ziren. Agustinek, Plotinoren eraginez, Platon bezalaxe pentsatzen zuen gaizkia ez dela ezer, aitzitik, gabezia bat dela, ongi eza.

Teologia aldatu

Agustin Hiponakoa urrundu egiten da Plotino eta beste neoplatonikoen jainko kontzeptuaz: neoplatonikoen teorietan batasun edo jainkotik mundua berez sortzen den bitartean, Agustin Hiponakoak jainkoak mundua sortzea erabaki egiten duela defendatu zuen, jainkoa borondatea duen sortzaile eta ekintzaile gisa ulertuz. Horrela, bere fedea ez da panteismo bat, ez eta determinismo bat, jainkoa izaki aske eta pertsonal bat baizik. Edonola ere, Agustin Hiponakoa ez zen saiatu jainkoaren frogapenak garatzen eta jainkoa gizaki bakoitzaren barnean bilatu behar zela defendatu zuen. Munduaren sortzailea izateaz gainera, jainkoa gizakiaren helmuga zela pentsatzen zuen, graziaren bitartez lortuko dena eta hil ondoren betiere.

Antropologia aldatu

Agustin Hiponakoaren filosofiaren beste gai nagusi bat arima da, bere baitan oroimena, borondatea eta adimena biltzen dituena[5]. Agustinen antropologian, arima hilezkor eta gorputz hilkorrez osaturiko izakia da, gizakiaren dualismo bati jarraiki. Baina arima gainetik jartzen du, gizakia gorputz hilkor eta mundukoiez baliatzen den arima arrazoiduna dela defendatuz.

Arima jainkotik zuzenean badator ere, gorputzarekin harreman estua duenez gizakia bekaturako joera du liberum arbitrium edo erabakimen askearen bitartez. Bekatua erabakimen askea gaizki erabiltzeagatik gertatzen da eta errealitate materialistari arreta jartzea du ondorio. Gizakia ezin da bere indar hutsez salbatu eta jainkoarengandik datorkion benetako askatasunaren edo graziaren beharra du. Ezin da soilik bere indarren bitartez egia ezagutzera iritsi; ahula da, jatorrizko bekatuak ahulduta baitago. Orduan graziak gizakia bultzatzen du barrutik, bere izaerari dagokiona baino fede eta ezagutza garaiagoa lor dezan.

Etika aldatu

Gizakiaren helmuga zoriontasuna da, baina Agustin Hiponakoaren arabera, hil ondoren lortuko dena, jainkoarekin bildu ondoren.

Gaizkiaren existentziari dagokionean, gazkia ez-izatearen ondorioa dela baieztatu zuen, jainkoak sortu eta den guztia ona baita. Horrela, manikeoen teoriak ukatu egiten ditu, beraien arabera gaizkia ongiarekin batera sortu baitzen.

Politika aldatu

Politika agustindarraren dotrina Jainkoaren hiria liburuan agertzen da, zeina Erromako erorketaren ondorioz idatzi baitzuen gertakariaren azalpenak emateko. Bertan, historiaren bilakaera fededun eta ez-fededunen arteko gatazka gisa azaltzen du, Ongiaren Hiria eta Gaizkiaren Hiria metafora gisa erabiliz. Azkenean eta helmuga jakina duen bilakaera bati jarraiki, Jainkoaren Hiriak lortuko du garaipena, Apokalipsis liburua adierazten duenaren arabera. Botere politikoa elizaren mendean izatea defendatuko du bitartean, erakunde politikoak gizatiarrak eta ondorioz akastunak diren arren. Hala ere, erakundeen beharra defendatu egingo du, beraiei izaera jainkotiarra emanez.

Jainkoaren hiria aldatu

410. urtean bisigodoek Erroma hartu zuten. Kristauen artean kezka sortu zen ea inperioa desagertzekotan berarekin batera kristautasuna desagertuko ote zen. Kezka horri erantzuna eman zion San Agustinek Jainkoaren hiria liburuan. Bertan, historiaren nondik norakoa planteatu behar izan zuen.

Agustinen ustez, historiak ziklo bat osatu beharrean, hau lineala da, eta helburu jakin bat du: gertakarien atzean —Jainkoaren probidentziari jarraituz— arrazoi bat dago ezinbestez, hau da, argumentu bat du. Historia, Jainkoak gizakiaren salbamenaren alde esku hartzearen historia da. Gaitz guztiak gizakiak sortuak izan arren, Jainkoaren obra oztopatzen duten arren, denbora guztien amaieran Jainkoaren Erresuma gauzatuko da, eta gaitza betiko desagertuko da mundutik. Erromatar inperioaren erorketa posible da, baina, Jainkoaren Hiriak, Erroma desagertuta ere, biziraungo du.

Errealitate birtualak gure mundu fisikoa baino errealagoa bilakatzen ari da? Mundu digitala berezko errealitate berri bat al da?


Historian zehar antzezten den benetako drama bestelakoa da: Jaungoiko (Jerusalem) eta Munduko (Babilonia) hirien arteko gatazka. Historiaren amaieran, Kristo lurrera etorriko da eta bizidunak eta hildakoak epaituko ditu. Kristau zintzoak salbatuko dira eta Jainkoaren ondoan biziko dira betirako (bertan dago zoriona). Bataiatu gabe hil direnak eta bekatuez damutu ez direnak infernura joango dira. San Agustinentzat, salbatuen eta kondenatuen sailkapena Jainkoak egin zuen, haiek jaio eta ekintza onak edo txarrak egin aurretik.

Historiaren ikuspuntu honek eragin handia izan zuen Mendebaldeko pentsaera modernoan. Nietzschek arbuiatuko du gero.

Lanak aldatu

  • Contra Academicos (386)
  • De vita beata (386)
  • De ordine (386)
  • Soliloquia (386)
  • De dialectica (387)
  • De immortalitate animae (387)
  • De musica (388)
  • Tractatus in Ioannis Evangelium (388)
  • De quantitate animae (388)
  • De magistro (389)
  • De libero arbitrio (388-395)
  • Enarrationes in psalmos (388-396)
  • De vera religione (389/91)
  • De utilitate credendi ad Honoratum (391)
  • Contra Manichaeos de duabus animabus (392)
  • Psalmus contra partem Donati (393)
  • De fide et symbolo (393)
  • De Genesi ad litteram libri XII (393/394)
  • Expositio epistulae ad Galatas (394/395)
  • De diversis quaestionibus LXXXIII (396)
  • De doctrina Christiana libri IV (396/97)
  • Contra epistolam quam vocant fundamenti (397)
  • Confessiones (397-401)
  • De natura boni (399)
  • De catechizandis rudibus (399/400)
  • De trinitate libri XV (399-419)
  • Contra Faustum Manichaeum libri XXXIII (400)
  • Contra epistolam Parmeniani libri III (400)
  • Adnotationes in Iob (400)
  • De baptismo contra Donatistas libri VII (ca. 400)
  • Contra litteras Petiliani libri III (401-405)
  • De peccatorum meritis et remissione et de baptismo parvulorum ad Marcellinum libri III (411/12)
  • De spiritu et littera (412)
  • De natura et gratia contra Pelagium (413-415)
  • De civitate Dei contra paganos (413-426)
  • In evangelium Ioannis tractatus CXXIV (414-416)
  • De gestis Pelagii (416)
  • Contra Pelagium et Coelestium de gratia Christi et de peccato originali libri II (417)
  • De nuptiis et concupiscentia libri II (419-421)
  • Contra Iulianum haeresis Pelagianae defensorem libri VI (421)
  • Enchiridion ad Laurentium sive de fide, spe et charitate (421-423)
  • De gratia et libero arbitrio (426/27)
  • Retractiones (428)
  • De praedestinatione sanctorum et de dono perseverantiae (428/429 )
  • Contra secundam Iuliani responsionem (429/30)

Erreferentziak aldatu

  1. Agustin da era arautua, eta ez Augustin (Euskaltzaindiaren 66. araua: Santutegiko izenak)
  2. "Jainkoa bada jakintza, Jainkoaren maitalea da egiazko filosofoa." idazten du "Jainkoaren hiria" lanean ((Latinez) Si sapientia Deus est, verus philosophus est amator Dei).
  3. "Credo ut intelligam", hau da, "ulertzeko sinisten dut" aforismoa ere berari zor zaio.
  4. 43. sermoiko hitzak.
  5. Agustin Hiponakoaren filosofiaren gai nagusiak jainkoa eta arima dira eta beste guztien gainetik jartzen ditu, bere Bakarrizketak lanean adierazten duenez: (Latinez) Deus eta animan scire cupio. Nihilne plus? Nihilne omnino, hau da, euskaraz "Jainkoa eta arima nahi ditut ezagutu. Besterik ez?. Besterik ez" (Bakarrizketak: Zer maitatu behar den).

Bibliografia aldatu

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Agustin Hiponakoa  
Wikiesanetan badira aipuak, gai hau dutenak: Agustin Hiponakoa