Xiiak Islamaren adar garrantzitsuena dira, sunitekin batera.

Xiiak Bahraingo prozesio batean.

Xii izena shī'at 'Alī esaeratik dator, arabieraz «Aliren alderdia». Mohammad profetak, 632. urtean hil zenean, ez zuen bere oinordetzari buruz ezer zehazturik utzi, eta horrek alderdien arteko borrokak ekarri zituen. Alderdi batek, Ali ibn Abi Talib profetaren suhi eta lehengusua defendatu zuen legezko kalifa (ondorengo) gisa, profetaren gertueneko pertsona izan zela argudiatuz. Hala, xiiek kalifa izateko izendatu ziren guztiak errefusatu zituzten, banan banan: Abu Bakr, Omar eta Otmán. Hiru horien ondoren, Alik kalifa izatea lortu zuen. Omeiatarren leinukoa zen Muawiyak, Siriako gobernadoreak, ordea, Aliri aurreko kalifaren hilketa leporatu zion. Omeiatarrak Aliren izendapenaren aurka azaldu zirenean, gerra odoltsu bat hasi zen. Azkenean, bi aurkariek erabakia epaile neutral baten eskuetan uztea hitzartu zutenean, Aliren alderditik jariyien adarra ez zen konponbidearekin ados agertu, eta xiien taldetik bereizi zen (jariyi, "bereiztea"). Jariyi batek, 661ean, Ali hil zuen, eta, egun berean, Muawiya eta epailea hiltzen saiatu ziren. Jariyien ustez, kalifa ez da leinu edo familia jakin batentzako titulua; musulmanen artean duinenari eman beharko litzaioke, esklabu beltza izanik ere.

Xiiek Hasan, Aliren semea, hartu zuten oinordeko, eta, hark aginteari uko egin ondoren, Husain anaia. Husainek matxinada bat gidatu zuen omeiatarren aurka, eta 680an hil zuten, Karbalan (Irak) gudukatzen ari zela. Husainen martirio eta heriotzak xiien eta geroago sunita deitu zirenen arteko bereizkuntza markatu zuen.

Korana haien testu sakratua da, eta Sunna ere aintzakotzat hartzen dute, baina sunitek baino gutxiago.

Sinismena

aldatu

Fededunek Imam izeneko gidari nagusi baten beharrean sinesten dute, horrek fededunaren bizimodua modu islamiar egokian zuzendu dezan. Xiiek imam deitzen dutena, sunitentzat kalifa da. Sunitentzat, kalifa (ondorengoa) Quoram leinuko kideen artetik hautatu behar zen; hau da, profetaren leinutik; xiientzat, aldiz, Ali eta bere ondorengoak dira legezko oinordekoak. Xiien Imam hori ordea, ezkutuan bizi da naturaz gaindiko ahalmen bati esker (Qaim-a), eta munduaren amaiera iristen denean azalduko da jendartera. Sinesmen hori sorrarazi zuen arrazoia xiiek jasandako zanpakuntzan ikusi izan da: Husainen ondorengo imam guztiek, hurrenez hurren, heriotza bortitza izan zuten Omeiatarren eskutik, eta, Qaimaren gertakizun miragarria kalifen jazarpena saihesteko asmatu zen. Xiien adar baten arabera (ismaili edo ismailiarrak), Ismail zazpigarren imama fenomeno horren bitartez desagertu zen. Xiia gehienentzat (imamiar edo hamabitarrak), aldiz, Ismail benetan hil zen, eta, beraz, haren oinordekoak legezko imamtzat hartzen dira. Imamiek ere, ordea, geroago, susmoa zabaldu zuten ezen 874an hamabigarren imamak gisa bereko botere bereziei esker espetxetik ihes egin eta desagertu zela beren Qaim propioa asmatuz. Ezkutatzearen fenomenoak ezaugarri esoteriokoak ematen dizkio xiismoari.

Historia

aldatu

Etimologikoki, Xiia arabierazko shi‘a hitzetik eratorria da (fakzioa, alderdia, edo jarraitzailea esan nahi duena). Historikoki, Ali imamaren shi'a-ren jarraitzaileez ari da, hau da, Mahoma hil ondoren boterea lortzeko izan ziren borroketan aritutako Aliren alderdiaz, fakzioaz edo jarraitzaileez. Xiien ustez, Mahomak, hil baino lehentxeago eta Mekarako erromesalditik itzultzean, 100.000 fededun baino gehiago bildu zituen Ghadir al-Jumm-en, eta haien aurrean esan zuen bera maisutzat hartzen zutenek gauza bera egin zezatela 'Ali Ibn Abu Tálib-ekin.

Koranean aipatzen da, azken erromesalditik itzultzean Mahoma Profetak Jainkoaren agindu hau jaso zuela:

« Oi, Nezulari! Zabaldu zure Jaunaz errebelatu zaizuna; bestela, mezua zabaldu ez bazenu bezala izango litzateke. Jainkoak babestuko zaitu jendearengandik. »
Koran 5:67.[1]

Mahoma Ghadir al-Jummen gelditu zen Hejiraren hamargarren urteko «Dhu al-Hijjah»ren 18an erromesei mezua helarazteko eta sakabanatu baino lehen. Bero handia egiten zuenez, adarrez estalitako oholtza bat eraiki zuten harentzat. Gero, Profetak sermoi luze bat eman zuen. Une batean, bere jarraitzaile leialei galdetu zien ea berak (Mahomak) fededunen gainean aginpide (awla) handiagoa ote zuen berek beren buruaz zutena baino. Jendetzak oihu egin zuen: «Bai, hala da, Oi, Alaren Apostolua!». Orduan, Mahomak eskutik heldu zion Ali ibn Abi Tálib bere lehengusu eta suhiari, eta esan zuen:

«Neu bere Maulan naizenarentzat, Ali hau ere bere Maula da (Man kuntu Maulahu fa hada Aliyun maulahu)».

Urtero, Dhu al-Hijjah-ren 18an, Ghadir al-Jummen deklarazioaren urteurrena ospatzen da mundu xiian.

Mahomaren ondorengotza

aldatu

632. urtean, Mahoma hil zenean, bere lagun talde batek Ghadir al-Jumm-eko aldarrikapenari entzungor egitea erabaki zuten, eta beren artean izendatu zuten Profetaren ondorengoa. Hala ere, fededun batzuk Ali ibn Abi Táliben, Mahomaren lehengusu eta suhiaren, alde agertu ziren, uste baitzuten hori zela haien oinordeko legitimo bakarra, Mahomaren hurbileneko pertsona izan zelako eta Profetak behin baino gehiagotan adierazi zuelako oinordeko gisa, Ghadir al-Jumm-en nabarmenena. Aliren aldekoen talde horrek (Xiíat-u-Ali) uko egin zion Profetaren ondorengo kalifa edo ondorengoak aitortzeari: Abu Bakr, Ómar eta Uthmán.

Azken hori hil ostean, azkenean, Ali aukeratzen dute kalifa. Hala ere, bere aurrekoaren heriotza eragin izana leporatuta, Muawiyahk, Siriako gobernadore eta Omeien familiako kideak, bere boterearen kontra egingo du; orduan, bi fakzioen arteko gerra zibila hasiko da. Siffineko gudu-zelaian, bi buruzagiek onartu zuten beren arteko desadostasunak arbitro independente baten irizpenaren menpe jartzea. Hala ere, Aliren lerroetatik hirugarren fakzio bat sortuko da, kharijena, arbitrajea onartuko ez dutenak. 661ean, fakzio horrek Ali hil zuen, eta, egun berean, Mu'awiya eta epailea ere akabatzen saiatu ziren, lortu gabe.

Aliren aldekoek, orduan, Hasan semearengan jarri zituzten itxaropenak, zeinak Muawiyahk presionatuta eta engainatuta botereari uko egin baitzion. Aliren bigarren semeak, Husáyn ibn Alik, uko egin zion Muawiyahri leialtasuna zin egiteari haren ustelkeria zela eta, eta Karbalako Guduan (Irak) hil zuten, 72 jarraitzailerekin batera, hogeita hamar mila gizonek baino gehiagok osatutako Muawiyahren seme Yaziden armadaren aurka. Zelaian hil zen, 680an, eta horrek markatu zuen xiien eta geroago suniak deituko zirenen arteko zismaren hasiera. Xiiek Ashura egunean ospatzen dute gertakari hori, Muharram hilabetearen hamargarren egunean.

Ashurako gertaeraren ondoren (Husai ibn aliren martirioa) xiiek Ali ibn al-Husayn izendatu zuten hurrengo Imamtzat. Hala ere, gutxiengo batek, Kisaniyah izenekoak, Muhammad Ibn Hanafiyah hartu zuen bere Imamtzat, eta laugarren eta azken Imamtzat hartu zuen[2].

Ali ibn al-Husayn Hejiraren 95. urtean hil zen martirizaturik, Medinan (712. urtea egutegi gregorianoan). Orduan, xiiek Muhammad al-Baqir izendatu zuten hurrengo Imam gisa. Berriro ere, gutxiengo bat, Zaiditar izenez ezaguna, ez zegoen ados ondorengotza horrekin, eta Imama Zaid Ibn Ali behar zuela erabaki zuten, Imam Sayyaden beste seme bat[3].

Muhammad al-Baqir hil ondoren, xiiek Jafar al-Sadiq izendatu zuten Imam, eta, gero, Musa ibn Jafar (Musa al-Kazim). Azken izendapen horrek zisma berri bat sortu zuen xiien artean, talde batek erabaki baitzuen Ismail (Jáfar as-Sádiq-en beste seme bat) behar zuela Saddiq-en ondorengo Imama. Horiei, ismailiar deitzen zaie. Aldi berean, beste talde batek, fatahiek, Musa ibn Jafarren anaiari, Abdul·lah Aftah-ri, jarraitu zioten[3].

Ali ibn Musaren martirioaren ondoren, xiiek Muhammad al-Yawad semeari jarraitu zioten, eta, geroago, Ali al-Hadiri. Azken horren martirioaren ondoren, berriz, xiiak Hasan al-Askari-ri, eta, gero, Mahdi ibn Hasan-i jarraitu zieten.

Mahdi ibn Hasanek begirune berezia du xiientzat. Haien usteen arabera, Mahdi bizirik dago oraindik, ezkutuan. Gizateriak espero duen salbatzailea ere badela uste dute[3].

Hamabi imamen genealogia:

    Mohammad(.632)
        ↓
Fatima(.632)       ↔      (1)Ali(.680)
 ↓————————————————————————————↓               
(2)Hasan(.670)          (3)Husein(.680)
                              ↓
                        (4) Ali Zeyn al-Abedin al-Sayyad(.713)↔Zayd(.740) (zaidiak)
                              ↓
                        (5)Mohammad al-Baqer(.732)
                              ↓
                        (6)Yaafar al-Sadeq(.765)↔Ismail(.755) (ismailiak)
                              ↓
                        (7)Musa al-Kazem(.799)
                              ↓
                        (8)Ali al-Reza(.818)
                              ↓
                        (9)Mohammad al-Yavad,al-Taqi(.835)
                              ↓
                       (10)Ali al-Hadi,al-Naqi(.835)
                              ↓
                       (11)Hasan al-Zaki,al-Askari(.874)
                              ↓
                       (12)Mohammad al-Mahdi(874-n desagertua)(imamiak)

Teologia eta xiismoaren printzipioak

aldatu

Fede islamiar xiia zabala da, eta talde ezberdin asko biltzen ditu. Sinesmen teologikoak eta erlijio-praktika xiiak, haien otoitzak bezala, sunien sinesmenetatik apur bat ezberdinak dira. Musulman guztiek egunean bost otoitz egiten duten arren, xiiek Dhuhr-a Asr-arekin eta Magrib-a Isha-rekin konbinatzeko aukera dute, Koranean hiru ordu desberdin aipatutzen baitira. Suniek baldintza jakin batzuetan baino ez dituzte konbinatzen. Islam xiia mundu musulmaneko interpretazio erlijiosoaren eta autoritate politikoaren sistema erabat independentea da. Jatorrizko identitate xiia Ali Imanaren jarraitzaileei ematen zitzien, eta teologia xiia II. mendean (AH) formulatu zen. (VII. mendea). Lehen gobernu eta gizarte xiiak II. AH mendearen amaierarako ezarri ziren (IX. mendea). Louis Massignonek IV. AH mendea (X. mendea) honela definitu du: «Xii ismaeldarren mendea Islamaren historian».

Xiien doktrinaren arabera, erlijioaren printzipioak bost dira:

  • Monoteismo

Jainko bakar, sortzaile eta gobernatzailea den existentzian sinesten dute xiitek. Gai horri buruzko Koraneko bertso gehienek, Kreazioari, aginduei (munduaren zuzendaritzari) eta kultuari dagokienez, Jainkoaren Batasuna azpimarratzen dute. Bertan adierazten denez, Jainkoa da munduaren sortzaile bakarra; Berak bakarrik du munduaren gaineko aginpide subiranoa, eta, beraz, Berak bakarrik merezi du gurtua izatea[4][5].

  • Jainkozko justizia

Musulman guztiek (xiiak barne) Jainkoaren justizian sinesten dute, justiziak berari egozten zaizkion perfekzioaren atributuen parte izan behar baitu. Sinesmen hori, Koranaren hitzetan oinarritzen dute, zeinak Jainkoari zapalkuntza mota oro ukatzen dion eta Bera «ekitatearen ezarletzat» aipatzen duen[4].

  • Profezia

Xiiek uste dute profezia dela Jainkoaren eta gizakiaren arteko komunikazio bide nagusia. Profeta batek (Nabi) Jainkoaren errebelazioaren berri eman behar du, eta, beraz, profeziaren funtzioa (Nubuwwah) du, hau da, Jainkoaren Legea edo Xaria ekartzeko funtzioa. Xiien arabera, profeta da Jainkoaren adierazpen perfektua, eta gizakiak jainkozko misterioetan sartzeko botere esoterikoa du[6].

  • Imamah

Xiien sinesmenaren printzipioetako bat Imamat (Imam izatea) da. Imam, filologiaren ikuspegitik, liderra eta banderaduna esan nahi du; Xiientzat ere, islamaren barruan, garrantzi berezia duen pertsona da, eta fededunen buruzagitza du[4].

Imamahk (Imamat edo lidergoa), islamean, zentzu zabala du, eta lidergo intelektuala zein autoritate politikoa hartzen ditu. Profeta hil ondoren, Imamen bilatu zen jendeari koran kultura, egia erlijiosoak eta gizarte-xedapenak irakasteko gai zen norbait, alderdi, metodo eta dimentsio guztietan jarraitzeko (eta imitatzeko) duina zen norbait, baita Mahomaren ondarea eta haren helburuak gordetzeko eta bere fededunen gidaritzari jarraipena emateko ere[7].

  • Eskatologia

Yaum al-Qiyamah Azken Judizioa da fededun xiientzat (يوم القيامة; leteralki: «Eskatologia edo Berpizkunde Eguna» (Koran 71:18), «Ordua» izenez ere ezaguna (Koran 31,34, 74,47), «Kontu Eguna» (Koran 72.130), «Topaketa Eguna», «Epaiketa Eguna», «Larritasunaren eguna» (Koran 74,9), edo «Iragarki Handia»).

Xiiek uste dute Qiyamah islamaren oinarrizko printzipioetako bat dela. Mundu hau suntsitu ondoren, Jainkoak gizateria Azken Judiziorako altxatuko duela uste dute. Epaiketa horretan, bakoitza izango da egin duenaren erantzule (Koran 74,38), eta gizaki bakoitzak erantzun beharko du bere ekintzen aurrean[8].

Erlijioaren adarrak

aldatu

Xiien doktrinaren arabera, hauek dira erlijioaren adarrak, sailkapen erabilienari jarraituz:

  1. Otoitza
  2. Baraua
  3. jums' (bosgarrena)
  4. Derrigorrezko limosna ([[zakat]')
  5. Erromesaldia (hach)
  6. Jainkoaren bidean egindako ahalegina ([[jihad]')
  7. Ondasuna bideratzea
  8. Gaizkia debekatzea
  9. Adiskidetasuna
  10. Salbuespena

Hadith

aldatu

Xiiek uste dute Aliren estatusak baduela euskarririk hainbat hadithetan, hala nola Khummeko Urmaeleko Haditha; bi gauza astunen Haditha; lumaren eta paperaren Haditha; gertuko familien gonbidapenaren Haditha, eta Hamabi Ondorengoen Haditha. Maiz, ikasle suni zein xiien artean, bereziki aipatzen da Soingaineko Haditha Mahomak Ali eta bere familiarekiko dituen sentimenduak argitzeko. Xiiek nahiago dituzte Ahlul Baytei eta haien hurbileko kideei egotzitako igarkizunak, eta beren hadith-bilduma propioa dute[9][10].

Fede profesioa

aldatu

Shahadaren bertsio xiia, sinesmen islamiarra, sunien bertsiotik ezberdina da. Shahada suniak dio: «ez dago jainkorik Jainkoa izan ezik, Mahoma da Jainkoaren mezularia», baina xiiek eransten dute: «Ali da Jainkoaren Walia (zaindaria) da» ( علي ولي الله). Esaldi horrek adierazten du autoritate herentzian xiiek egindako enfasia Mahomaren leinuaren bitartez. Xiien Shahadaren hiru klausulek, beraz, tawhid-a (Jainkoaren batasuna), nubuwwah-a (Mahomaren profetismoa) eta imamah-a (imam, fedearen lidergoa) jorratzen dituzte.

Aliren oinarria, «wali» bezala, Koranaren bertso zehatz batetik hartua da, Wilayahren Aleyatik.

Hutsezintasuna

aldatu

Islamean hutsezintasunaren edo «Jainkoak akats eta bekatuaren gainean emandako askatasunaren» kontzeptua da Ismah. Musulmanek uste dute, islamean, Mahoma eta beste profeta batzuk ismah-ren jabe zirela. Musulman xii imamiek (hamabitarrek) eta ismaeliarrek imamei eta Fatimari (Mahomaren alabari) ere egozten diete ezaugarri hori, zaidiarrek, ordea, imamei ez diete ismah-rik egozten. Hasiera batean mugimendu politiko gisa hasi bazen ere, imamen hutsezintasuna eta akatsik eza, gero, xiismo ez zaidiarraren sinesmen bereizgarri bilakatu zen.

Teologo xiien arabera, hutsezintasuna gida espiritual eta erlijiosorako beharrezko aurrebaldintza arrazionaltzat hartzen da. Jainkoak pertsona horiei obedientzia absolutua agindu dienez, pertsona horiek zuzena dena bakarrik ordenatu behar dutela argudiatzen dute. Hutsezintasun egoera purifikazio bertsoaren interpretazio xiian oinarritzen da (Al-Ahzabaren) 33. bertsoa. Horrela, haiek dira puruenak, zikinkeria orotatik babestuak eta seguru bakarrak. Ez du esan nahi naturaz gaindiko botereak daudenik bekaturik egin ez dezaten, baizik eta, Jainkoarengan duten erabateko sinesmenari esker, bekatu den edozer egiteari uko egiten diotela.

Badute Jainkoaren nahiaren ezagutza osoa ere. Aingeruek profetei (nabi) eta mezulariei (rasul) ekarritako ezagutza guztia dute. Haien ezagutzak garai guztiak hartzen ditu barne. Hutsik egin gabe aritzen dira; beraz, erlijio kontuetan. Xiiek Mahomaren ondorengotzat hartzen dute Ali, eta, justizian ez ezik, praktika islamikoak eta horien esanahi esoterikoa interpretatzen dituzte. Horregatik, errakuntzatik eta bekatutik aske (hutsezina) hartua izan zen, eta Jainkoak, jainkozko dekretuz (nass), lehen Imama izateko aukeratua. ikuspuntu xiitik, Ali «gizon perfektutzat» (al-insan al-kamil) hartzen da, Mahomaren antzekoa.

Ezkutaketa

aldatu

Xii islamiarraren zenbait formatan, Ezkutaketa (al-Ghayba edo ghaybat persieraz) da sinesten den figura mesianiko bat (Mahdi izenez ezagutzen den imam ezkutu bat), egun batean, itzuliko dela eta mundua justiziaz beteko duela[11].​ Xii imamiarren arabera, Mahdiren helburu nagusia izango da estatu islamikoa ezartzea eta Mahomari ezagutarazi zizkioten lege islamikoak aplikatzea. Koranak ez du Imam aginteatoari buruzko bertsorik, xii islamiarraren oinarrizko doktrina baita.

Xii batzuek, hala nola zaidiarrek eta ismaeli nizariarrek, ez dute sinesten Ezkutaketaren ideian. Horretan sinesten duten taldeak ez dira ados zein den Imam agintearen baliozko leinua, eta, beraz, zein norbanako den ezkutuan sartu dena. Itzuleraren unea adieraziko duten zeinu asko egrtuko direla.

Imamiek uste dute Mahdi (hamabigarren imama, Hujat-Allah al-Mahdi, Abu ul-Qásim Muhámmad, Hasan al-Askariren semea) lurrean dagoela jada; ezkutuan dago (jatorriz, jazarleengandik ihes egiteko), eta denboren amaierara itzuliko da. Fatimíek/Bohras/Dawudi Bohrak gauza bera uste dute, baina 21. Tayyib inguruan, «At-Tayyib Abu'l-Qasim»; suniek, berriz, etorkizuneko Mahdi-a oraindik ez dela lurrera iritsi uste dute[11].

Oinordekotza

aldatu

Uste osoa da Profeta guztien armamentuak eta objektu sakratuak, Mahoma barne, Ahlul Bayten imamei eman zitzaizkiela bata bestearen ondoren. Kitab al-kafin, Jafar as-Sadiq-ek aipatzen du: «Alaren Mezulariaren armak nirekin daude. Ez da eztabaidatzerik»[12].

Are gehiago, dio harekin daudela Jainkoaren Mezulariaren ezpata, armarria, «Lamam»a (banderatxoa) eta kaskoa. Horrekin batera, Jainkoaren Mezulariaren bandera ere (garailearena) harekin dagoela aipatzen du. Harekin daude Moisesen Makulua, Salomonen eraztuna eta Moisesek bere eskaintzak eman ohi zituen erretilua. Harekin dago izena, eta, Jainkoaren Mezulariak musulman eta paganoen artean jartzen duenean, paganoen gezi batek ere ez du musulmanik harrapatuko. Harekin dago aingeruek ekarri zuten antzeko objektua[12] .

As-Sádiq-ek kontatzen du, halaber, armamentuen segidak Imam agintea (lidergoa) jasotzearen sinonimoa dela, israeldarren etxeko Aliantzaren Kutxak profetaren ahalmena seinalatzen zuen bezala.

Imam Ali ibn Musak zera kontatzen du: «Gure arteko armamentuak, noranahi doazela ere, ezagutza haien atzetik joango da, eta armamentuak ez dira inoiz bereiziko ezagutza dutenengandik (Imam agintea)»[12].

Xiismoari buruzko iturriak

aldatu

Gaur egun Xiismoaren doktrinaren eta arauen erreferentzia ardatz gisa hartzen diren hadîth liburu orokor bilduak Hauek dira:

  1. Al-Kâfî, Muhammad Ibn Ya‘qûb Al-Kulainîk idatzia (329 HL-n hila), zortzi liburukik osatzen dute.
  2. Man lâ iahduruh al-faqîh, Muhammad Ibn ‘Alîn Ibn Al-Husain Ibn Bâûaih-ek idatzia, As-Sadûq izenez ezaguna (306-381 HL), lau liburukik osatzen dute.
  3. At-Tahdhîb, Muhammad Ibn ‘Al-Hasan, Sheij At-Tûsî-ek idatzia (385-460 HL), hamar liburuki dituena.
  4. Al-Istibsâr, aurreko autore berak idatzia, lau liburukitan.

Hauxe da Xiiak historian zehar egin eta ordenatu zuen Hadîtharen bigarren bilduma, hejiraren laugarren eta bosgarren mendeetara arte egin zituen ahalegin oparoen bidez. Aipatu dugun bezala, bigarren eta hirugarren mendeetan Imamen garaian Hadithen laburpenak egin ziren, «lehen konpilazioak» deitzen direnak, eta horri Usûl al-arba‘mîah (Imam Sortzez Garbiaren kideek zuzenean egindako laurehun dokumentuak) gehitu behar zaizkio.

Xiiak Hadîtharen zientzian arreta jarri zuenetik, XI. eta XII. mendeetan hadîtharen beste konpilazio batzuk egin ziren, baina ez ditugu aipatu ez luzatzeko. Konpilazio horietan ezagunenak Allâmah Muhammad Bâqir Al-Maïlisi delakoaren Bihâr al-anwâr (Argi Itsasoak) eta Muhammad Ibn Al-Hasan Al-Milijanen Wasâ’il ash-Shîah (Xiaren bitartekoak) dira[13].

Xiismoan adituak eta kleroa

aldatu

Egia esan, garai berantiarretara arte, ez da klero xiirik izan, erlijio-adituak baizik, baina ez dira kidego kolegiatu bateko kide izan. Formazio eta intelektualitate maila altuetako xii aditu horiek oso lotuta egon dira esoterismoarekin eta imamatoarekin. Mezu ikusezin bat dagoenez eta ezagutzen duenak bizirik jarraitzen duenez baina ezkutuan dagoenez, beharrezkoa da ezkutalekutik imamak bidalitako zeinuak atzemateko gai diren interpreteen gorputz bat. Esan liteke, halaber, gida espiritualak bizirik jarraitzen duenez, doktrina ez dagoela erabat itxita. Interpreteak Ulemak dira, mula ere deituak.

XVII. mendera arte, ez dago hierarkizatutako klero baten aztarnarik. Garai hartan, badirudi safávida dinastiak bere boterearen legitimazio teologikoa lortzeko modu gisa ezarri zuela. Klerigo xii horiek, beste kredo batzuek ez bezala, ez dute botorik ematen, eta ezkonduta daude. Mula, bere erlijio-ezagutzak gehituz, hoyatoleslam bihurtzen da; gero aiatola, eta azkenik aiatola nagusi; XIX. mendean, beste bi gradu gehitu ziren: marŷaʿ-e taqlid, gutxi batzuentzat gordea, eta wali faqih, komunitatearen buruzagi politiko eta espiritual gisa diharduena eta imam ezkutuaren ordezkaritzat hartzen dena. Iranen, azken hori da Iraultzaren gidari gorena, eta haren iritzia Errepublikako presidentearen eta Parlamentuaren gainetik dago[14].

Maila handieneko apaizak, «marŷaʿ-e taqlid»ak («emulazio-iturri», مرجع تقلید), tradizioz jasotzen dituzte, «Imam-eko ordezkariak» (nâyeb-e Emâm) diren aldetik, sunnien zakat zergaren osagarri bat, «joms» izenekoa (arabieraz, خمس), Koranaren Al-Anfal «surah»ren 41. aleyan oinarrituta, zeina urtebetez erabili gabeko kapitalen bostena den; horrek, tradizionalki, erlijioso xiiei botere politikotik aparteko diru-iturri bat bermatu die[15].


Xiismoaren adarrak

aldatu

Erlijio guztietan bezala, pentsamendu ezberdinak daude, eta, horren ondorioz, xiiak ondorengo taldeetan banatuta daude:

Horiei, beste gurtza-talde txikiagoak erantsi behar zaizkie, islamiar eta xii jatorria izan arren musulman gehienek musulmantzat hartzen ez badituzte ere. Talde minoritario horiek drusoak eta aleviak dira.

Munduko hedadura

aldatu
 
Musulmanak biztanleen % 5etik gora diren estatuak, bakoitzean nagusi den islamaren adarra zehaztuta:
     sunismoa      xiismoa      Ibadhismoa

Musulmanen % 10-15 xiiak dira; gehiengo dira: Iran, Azerbaijan, Irak, Bahrain eta Libanoko hegoaldean. Sirian, Afganistanen eta Pakistanen, gutxiengo batzuk daude.

Drusoak Siria eta Libanoko hegoalde eta Israeleko iparraldearen artean daude. Zaidiak, berriz, Yemengo gehiengoa dira.

Alauiak ugari dira Turkia eta Sirian.

Kanpo estekak

aldatu
  1. Txantiloi:Corán
  2. Txantiloi:Cita libro
  3. a b c Txantiloi:Cita libro
  4. a b c Txantiloi:Cita libro
  5. Txantiloi:Cita web
  6. Txantiloi:Cita libro
  7. Txantiloi:Cita libro
  8. Txantiloi:Cita libro
  9. Txantiloi:Cita libro
  10. Txantiloi:Cita libro
  11. a b Txantiloi:Cita libro
  12. a b c Txantiloi:Cita libro
  13. Txantiloi:Cita web
  14. Txantiloi:Cita libro
  15. Txantiloi:Enlace roto