Konstantinoplaren erorialdia

Konstantinoplaren erorialdia 1453ko apirilaren 6 eta 1453ko maiatzaren 29 arteko setioaren ondoren Mehmed II.a otomandar sultanaren Bizantziar Inperioko hiriburuaren konkista izan zen. Hiria Konstantino XI.a Paleologoa enperadoreak defendatu zuen.

Konstantinoplaren erorialdia
Otomandar-bizantziar gerrak
Konstantinoplako setioa, 1499an margotua.
Data1453ko apirilaren 6a – 1453ko maiatzaren 29a
LekuaKonstantinopla
Koordenatuak41°01′48″N 28°56′06″E / 41.03°N 28.935°E / 41.03; 28.935
EmaitzaOtomandar garaipena
Gudulariak
Bizantziar Inperioa
Genoar boluntarioak
Otomandar Inperioa
Serbiako Despoterria
Buruzagiak
Konstantino XI.a Palaiologos
Loukas Notaras
Giovanni Giustiniani
Mehmed II.a
Zaganos Pasha
Suleiman Baltoghlu
Indarra
7.000[1]
26 itsasontzi[2]
200.000[3]
70 itsasontzi[2]
20 galera[4]
Galerak
4.000 erori[5] Ezezagunak

Konstantinoplaren erorialdiak Bizantziar Inperioaren amaiera ekarri zuen, 1100 urte baino gehiago iraun zuen Inperioarena. Galera kristautasunarentzat izugarrizko kolpea izan zen. Konkistaren ondorioz, Mehmedek Konstantinopla bere hiriburu berri bilakatu zuen. Greziar eta greziarrak ez ziren intelektual batzuek hiritik ihes egin zuten setioa baino lehen eta setioa eta gero, batez ere Italiara. Batzuen ustez, ihesaldiak pizkundea bultzatu zuen. Edonola ere, hiriaren eta inperioaren galerak Erdi Aroaren amaiera ekarri zuen[6].

Bizantziar Inperioa 1400 inguruan.

Bizantziar Inperioaren egoera

aldatu

Konstantinopla izan zen inperioko hiriburua Konstantino Handia erromatar enperadoreak sagaratu zuenetik 330ean. Hiria hurrengo hamaika mendeetan askotan setiatu bazuten ere, behin baino ez zuten konkistatu; hau da, 1204an, Laugarren Gurutzadan. Gurutzatuek hirian bertan eta inguruotan estatu latindar ezegonkor bat ezarri zuten. Bitartean, Inperioko gainerako lurrak banandu ziren estatu greziar txiki batzuetan. Garrantzitsuenak Nizea,Epiro eta Trebizonda izan ziren. Greko horiek batera egin zioten aurre Latindar Inperioaren aurka, baina baita elkarri ere bizantziar tronua eskuratzeko.

Nizeatarrek Konstantinopla berreskuratu zuten latindarren eskuetatik 1261ean. Harrezkeroztik, Inperio ahularentzat ez zen bakerik izan; latindar, serbiar, bulgariar eta, batez ere, Otomandar turkoen etengabeko erasoei aurre egin behar izan baitzien. Bere garai gorenetik oso urrun, katolikoen armadak bi mende geroago ezarri zion kalteetatik apurka-apurka berreskuratzen ari bazen ere, Konstantinopla hustu egin zen lurralde-krisi eta ekonomiaren gainbehera zirela-eta. Beraz, hiria 1453an, V. mendeko Teodosiar harresiek inguratzen zituen landetan hedatutako herrixka batzuen multzo bat baino ez zen.

1450ean akituta zegoen Inperioak hiria bera, inguruko kilometro batzuk, Marmarako itsasoko Printze uharteak eta Peloponesoa (Mystras zelarik bere zentro kulturala) mantentzen zituen. Laugarren Gurutzadan sortutako Trebizondako Inperio independenteak bizirik irauten zuen Itsaso Beltzeko itsasertzean.

Konstantinoplaren arpilaketa eta Latindar Inperioa

aldatu

Bizantziar Inperioko hiriburu Konstantinoplaren gainbehera 1190ean hasi zela esan daiteke, Mendebaldeko Erresumetan Hirugarren Gurutzadaren prestaketetan. Bizantziarrek, Egipto eta Siriako sultana eta Lur Santuan zeuden gurutzatuen etsai nagusia zen Saladin garaitzea ezinezkoa zela pentsatuz, neutral mantentzea erabaki zuten. Bizantziarren oztopo hau aitzakia hartuta eta Konstantinoplako altxorrenganako gutizia benetako arrazoi bezala, gurutzatuek erasoan hartu zuten hiria 1204an, jada Laugarren Gurutzadan, 1261 arte iraun zuen Latindar Inperioa sortuz.

Bizantziarrek, jada euren hiriburu inperialik gabe, Estatu berriak sortu zituzten: Nizeako Inperioa, Trebizondako Inperioa eta Epiroko Despoterria izango ziren eragin handiena izango zutenak. Bitartean, gurutzatuek ezarritako erresuma lurraldeak galtzen joan zen. Azkenik, 1261ean, Nizeako Inperioak, Mikel VIII.a Paleologoren agintaldian hiria konkistatu zuen.

Prestakuntzak

aldatu

Mehmed II.ak haren aitari sultangoan jarraitu zionean 1451ean, askok uste zuten 19 urteko agintari berria gobernatzeko guztiz ezgai izango zela eta ez zela inongo mehatxurik izango Balkanetako eta Egeoko kristauen lurraldeetarako. Baikortasun sentimendu hura indartu egin zen Mehmedek laguntasun baieztapenak egin zizkienean bere gortera bidalitako mandatariei. Hala ere, Mehmeden ekintzek ozenago egiten zuten berba, haren hitz leunek baino. 1452. urtearen hastapenean hasi zen bigarren otomandar gotorlekua eraikitzen, hau da, Rumeli Hisari, Bosforoko itsasertzean. Izan ere, gotorlekua Konstantinoplatik milia batzuk iparraldera eraiki zuten; Europako aldean eta itsasartez beste aldean zegoen Bayezid bere aitonak eraikitako beste gotorlekuaren - Anadolu Hisari- aurre-aurrean. Gotorleku pare horrek Turkoei erdietsi zien Bosforoko itsas-trafikoaren kontrola, batez ere, iparraldetik zetozen hirirako laguntza oztopatzen zuen. Laguntza hori Itsaso Beltzeko kolonia genoarretatik zetorren.   

1452ko udan, Rumeli Hisari gotorlekua bukatu zutenean eta mehatxua guztiz agerikoa zenean, Konstantinok aita sainduari gutun bat idatzi zion eliza bien batuketa agintzen. Batuketa hori, hain zuzen, gorte inperial hotz batek 1452ko abenduaren 12an onartu zuen. Hala ere, Nikolas V.a aita sainduak ez zuen bizantziarrek uste zuten bezainbeste eraginik mendebaldeko errege eta printzeengan. Hauetako askok susmo txarraz begiratzen zioten aita sainduaren kontrolari, eta, gainera, ez zeukaten ahalegina egiteko beharrezkoak ziren baliabideak. Bai Frantzia, bai Ingalaterra ahul zeuden amaitzear zegoen ehun urteetako guda  zela eta. Gaztela errekonkistaren azken aldietan murgilduta zegoen eta Alemaniako printzerriak elkarren aurkako etengabeko borroketan. Poloniak eta Hungariak, beste alde batetik, ezin zuten laguntzarik igorri 1444ko Varnan gertatutako porrota zela kausa. Italia iparraldeko merkatal hiri-estatuetatik soldadu batzuk bidali bazituzten ere hirira, laguntza ez zen nahikoa izan otomandarren erasoaldiari aurre egiteko. Hala ere, mendebaldar batzuk bere kabuz joan ziren Konstantinoplara. Hauetako bat Giovanni Giustiniani Longo izan zen. Bere patrikatik ordaindutako 700 bat gerlarirekin sartu zen hirira 1453ko urtarrilean eta harresiak defendatzen jakintsua zenez, enperadoreak berehala izendatu zuen Teodosiar harresien defentsaren buru.

Ia garai berean, Urrezko Adarrean zeuden itsasontzien kapitain veneziarrek enperadorearen zerbitzura jarri ziren haien Errepublikaren aginduen aurka; eta Nikolas aita sainduak martxoan abiatu ziren horniduraz beteriko hiru itsasontzi bidali zituen.

Venezian, bitartean, Konstantinoplara zer laguntza mota bidaliko zuten eztabaidatzen ari ziren. Senatuak, azkenean, itsas armada bat igortzea erabaki zuen, baina atzerapenak egon ziren eta apirilaren amaieran abiatu zenerako, oso berandu izan zen borrokan esku hartzeko. 

Bizantziarren morala are gehiago suntsitu zuena hirira Giovanni  heldu zenean zazpi italiar itsasontzien hanka egitea izan zen. Izan ere, itsasontzi horietan hiria defendatzea agindu zuten 700 soldadu zihoazen.    

Urrezko Adarreko itsasertzean itsas armada baten erasoaren beldur, Konstantino enperadoreak kate bat portuaren ahoan ipin zezaten agindu zuen. Katea egurraren gainetik zetzan eta edozein turkiar itsasontzi egotz zezakeen. Estrategia hau hartu zuten 1204an Laugarren Gurutzadako armadak lurreko harresietan itsasotik inguru ibili ziren eta Urrezko Adarreko harresia apurtu zutelako.

Turkiarren aurkako beste estrategia bat izan zen Teodosiar Harresiak konpontzea. Enperadoreak guztiz beharrezkoa zela uste zuen eta batez ere Blachernae barrutiko harresia gotortuena izan zela egiaztatu zuen iparralderantz ateratzen baitzen. Lurrezko fortifikazioek 18 m. zabalerako lubakia zuten eta atzean bi almenadun harresi zituzten dorrez josita. Dorreen bitartean 45-55 metro zegoen. 

Europaren Laguntza

aldatu

Konstantino XI.a bizantziar enperadoreak, berehala ulertu zituen Mehmeden benetako asmoak, eta Mendebaldeko Europara begiratu zuen laguntza eske; baina orduan, ekialdeko eta mendebaldeko elizen arteko mendeetako gerrak eta etsaitasunak ondorioak ekarri zituzten. 1054ko elkarren eskumikuaz geroztik, Erromako aita santua ekialdeko elizaren gainean bere autoritatea ezartzen saiatzen tematu zen.

Elizen arteko Batasuna, Mikel VIII.a Paleologoak adostu zuen 1274an, Lyongo Bigarren Kontzilioan, eta, izan ere, enperadore paleologo batzuk, ordutik, Eliza Latinoan hartu zituzten. Jon VIII.a Paleologo enperadoreak Eugenio IV.a aita santuarekin batasuna negoziatu zuen, eta 1439ko Florentziako Kontzilioan Batasun Bulda bat aldarrikatu zen. Baina batasuna inposatzeko ahalegin inperialek erresistentzia handia aurkitu zuten Konstantinoplan. Partisano ortodoxoek, herritarrek, kleroak eta elizako agintariek batasunaren aurkako kanpaina gogorra abiatu zuten. Greziarren eta latindarren arteko gorroto etniko latinoak ere bazeuden, greziarrek 1182ko Latindarren Sarraskian eta latindarrek 1204ko Konstantinoplako Arpilaketan gertatutakoak. Horregatik guztiagatik, lotura-saiakerak huts egin zuen, eta Nikolas V.a aita santuari eta erromatar elizaren hierarkiari ezinegon handia eragin zien.

1452ko udan, Rumeli Hisari bukatu zutenean eta arriskua berehalakoa izan zenean, Konstantinok aita santuari idatzi zion; batasuna agindu zion eta gorte inperial ez oso gogotsu batek 1452ko abenduaren 12an onartu zuen. Eragina izateko irrikaz bazegoen ere, Nikolas V.a aita santuak ez zuen mendebaldeko errege eta printzeenganako bizantziarrek uste zuten bezain besteko eragina. Haietako batzuk aita santuaren boterearen beldur ziren, beste batzuek ez zuten baliabiderik, batez ere, Frantziak eta Ingalaterrak Ehun Urteetako Gudaren ostean. Penintsulako erresumak errekonkistaren azkenengo faseetan murgilduta zeuden; Germaniako Erromatar Inperio Santuan etengabeko barne-borrokak gertatzen ari ziren eta Hungaria eta Polonia ahulduta zeuden 1444ko Varnako batailaren ostean.    

Italiako iparraldeko estatu-hirietako tropa batzuk heldu ziren arren mendebaldeko ekarpena ez zen egokia izan otomandarren indarrei aurre egiteko. Sartaldeko soldadu batzuk, hala ere, hiria bere kasa defendatzera joan ziren. Isidoro kardinala, aita santuak diruz lagunduta, 1452an 200 arkulariekin heldu zen. Giovanni Giustiniani, Genoako gerlari trebea Genoako 400 soldaduekin eta Kioseko, genoar kolonia ba, 300 gizonezkoekin 1453ko urtarrilean ailegatu zen. Harresidun hirien defentsan aditu handia zenez, enperadoreak lehorreko harresien defentsen agindua eman zion. Urrezko Adarrean ainguratuta zeuden itsasontzien kapitain Veneziarrak ere enperadorearen zerbitzuan jarri ziren, Veneziatik zetozen aginduen aurka. Nikolas aita santuak hiru itsasontzi hornigaiez beterik bidaliko zituela hitzeman zuen. Haiek martxoaren amaieran abiatu ziren.

Venezian, bitartean, amaigabeko eztabaidak izaten ari ziren, izan ere, ez ziren ados jartzen zein motako laguntza bidaliko zion Errepublikak Konstantinoplako hiriari. Senatuak itsas armada bat bidaltzea erabaki zuen 1453ko otsailean. Hala ere, atzerapenak gertatu ziren eta apirilean abiatu zen, baina oso berandu borrokan esku hartzeko. Bizantziar morala gehiago suntsitzeko, zazpi itsasontzi italiarrek 700 gizonezkorekin hiritik alde egin zuten Giustiniani heldu zenean. Gizonezko haiek hiria defendatzeko hitza eman zuten. Bitartean, Konstantinok Sultana opariez atsegin emateko ahaleginak egin zituen, baina enbaxadorearen heriotza eragin zuten; bizantziar diplomaziak ere ezin zuen hiria arriskutik libratu.

Bizantziarrek setioa luzatu ahal izango zutelako itxaropena zuten, laguntza heldu arte. Horretarako bi estrategia zituzten:

Alde batetik, Urrezko Adarreko itsasertzetatik eraso bat gertatu ahal izango zenaren beldur, Konstantinok portuko ahoan defentsarako kate bat ezartzeko agindu zuen. Kate hura, ur azalean geratzen zen egurrezko enborren gainean zetzan eta edozein turkiar itsasontzi egotz zezakeen. Izan ere, kate hura ezarri zen 1204an, Laugarren Gurutzadan, erasotzaileek lehorreko defentsei buelta eman zietelako eta Urrezko Adarreko harresitik sartu zirelako.

Eta, beste alde batetik, lehorreko harresiak (Teodosiarrak) konpondu eta indartu nahi zituzten. Era berean, enperadoreak Blachernae barrutiko harresia ere gehiago gotortzeko agindu zuen, zati hura iparralderantz ateratzen baitzen. Lehorreko harresia defentsen sistema oso bat zen; lubaki bat bazegoen lehenengo harresiaren aurrean eta horren atzean beste harresi handiago bat. Dorreak 45-55 metro bitartean zeutzan eta harresietan almenak.  

Indarrak

aldatu

Konstantinopla defendatzen zuen armada nahiko txikia zen: guztira 7000 mila gizon inguru; haietan 2000 kanpotarrak. Setioaren hasieran, ziur aski, 50.000 lagun baino gutxiago bizi ziren harresien barruan; alboko herrietako errefuxiatuak kontutan hartuz. Dorgano komandante turkiarrak eta bere gizonek Hiriaren itsasaldeko aldea defendatzen zuten eta borrokan hil ziren. Genoar taldea ondo trebatuta eta armatuta zegoen. Armadaren gainerakoa ondo trebatutako soldaduak, armatutako zibilak, itsasgizonak, borondatezko kanpotarrak eta fraideak ziren. Goarnizioak kalibre txikiko artilleria erabili zuen, baina eragin handirik gabe. Zibilek, beste alde batetik, harresiak konpontzen zituzten, guardiak egiten zituzten, jakiak bildu eta banantzen zituzten eta elizetatik urrezko eta zilarrezko objektuak atera zituzten txanponak egiteko soldadu kanpotarren soldatak ordaintzeko.

Otomandarrek, beste alde batetik, armada handiagoa zeukaten. Ikasketa berrien eta otomandarren artxiboen arabera 50.000 eta 80.000 soldaduren artean zeuden. Haietako 5.000-10.000 inguru janizaroak ziren; eliteko infanteria. Baziren ere, milaka soldadu kristau, batez ere serbiarrak. Đurađ Branković buruzagi serbiarrak 1.500 zaldizkoak eraman behar izan zituen otomandar sultanekiko ituna zela eta. Hilabete batzuk geroago dirua eman zuen Konstantinoplako harresiak konpon zitzaten.

Otomandarren antolaketak eta estrategiak

aldatu

Mehmedek itsas armada bat eraiki zuen Hiria itsasotik setiatzeko (batez ere Galipolliko greziar itsasgizonek gidatzen zituzten). Garaikideen otomandarren itsas armadari buruzko estimazioak ez daude ados: 100 itsasontzi (Tedaldik), 145 (Barbarok), 160 (Ubertino Pusculok) 200-250 (Kieveko Isidorok), 430 (Chioko Leonardok) edo 430 (Sphrantzesek). Gaur egungo kalkuluen arabera, berriz, armadan 126 itsasontzi zegoen: 6 galera handia, 10 galera ertain, 15 txiki, 75 arraundun txalupa eta 20 itsasoko garraio ontziak.

 
Teodosioren harresiak

Konstantinoplaren setioa gertatu aurretik, jakina zen otomandarrak tamaina ertaineko kanoiak egiteko gai zirela. Hala ere, hara eramandako kanoi batzuen irismenak defendatzaileen espektatiba gainditu zuen. Otomandarren aurrerapen horren gakoa Orban (Urban) izeneko hungariar bat izan zen (batzuek iradoki dute alemaniarra zela). Orbanek egindako 8,2 m.ko “Basilica” kanoia 272 kiloko harrizko bola bat 1,6 km.tara jaurtitzeko gauza zen.

Maisu urtzailea hasieran bizantziarrei  haren zerbitzuak saltzen saiatu zen, baina haiek ez zuten dirurik izan. Orbanek, orduan, Konstantinoplatik alde egin zuen eta Mehmed II.arengana jo zuen bere arma “Babiloniako harresiak eurak” apurtzeko gai zela aldarrikatuz. Diru eta material asko eman eta gero, hungariar ingeniariak hiru hilabetetan kanoi bat eraiki zuen Edirnen . Bertatik Konstantinoplara ekarri zuten hirurogei idik erakarritako gurdi batean. Bitartean, Orbanek turkiar setio-indarren kanoietarako beste material asko egin zuen.

Orbanen kanoiak, hala ere, alde txar batzuk bazeuzkan: hiru ordu ematen zuten berriro kargatzeko; kanoiaren bolak urriak ziren eta, dirudienez, sei astebete tiro egin eta gero kanoiaren atzerapena zela eta matxuratu zen (gertaera hau Chioko artzapezpiku Leonardoren gutunean eta Nestor Iskander errusiarraren kronika zalantzagarrietan baino ez da agertzen). Galdategia 240 km.tara egonda, Mehmedek bere pieza ikaragarriak ekartzeko prozesu neketsuari ekin behar izan zion. Orbanen kanoi erraldoia 400 gizon eta 60 idik ekarri behar omen zuten.

Mehmeden asmoa Teodosiar harresiei eraso egitea zen. Izan ere,mendebaldetiko erasoetatik Konstantinopla babesten zuten harresi eta lubaki sistema hori, itsasoak inguratzen ez zuen Hiriko zati bakarra zen. Pazko garizumakoaren ondorengo astelehenean Hiritik at kanpatu zuen bere armada, 1453ko apirilaren 2an, hain zuzen ere.

Otomandarren armadaren zatirik handiena Urrezko Adarretik hegoaldera kanpatu zen. Alde batetik, Karadja Pasha buruzagi zeukaten Europako tropa erregularrak harresien luzera osoan zehar kokatu ziren. Beste alde batetik, Ishak Pashak gidatzen zituen Anatoliako tropa erregularrak Lycus ibaitik Marmarako itsasoraino kokatu ziren. Mehmedek berak haren denda urre eta gorrixka ezarri zuen Mesoteichionetik gertu; bertan, Janizarien, hau da, elite erregimentuen kanoiak zeutzan. Bashi-bazoukak lehenengo lerroaren atzeko aldean sakabanatuta ziren. Zagan Pashak gidatzen zituen beste indar batzuk Urrezko Adarretik iparralderantz kokatu zituzten. Komunikazioak Adarraren buruko zingiren gainean eraiki zuten errepide baten bidez mantentzen zuten.

Bizantziarren antolaketak eta estrategiak

aldatu

Hiriak 20 km. luzerako harresiak zituen ( 5,5 km. Teodosiar Harresietan; 7 km. Urrezko Adarreko harresian; 7,5 km. Marmara Itsasoko harresietan); garai haietako harresi sistemarik indartsuenetako bat hain zuzen ere. Harresiak konpondu berriak ziren (Jon VIII.ren agintaldian) eta sasoi onean zeuden. Horrek mendebaldarrek laguntza bidali arte eutsi ahal izango ziotela sinestarazi zituen defendatzaileak. Are gehiago, itsas-armada indartsu samarra zeukaten; 26 itsasontzi guztira: 5 Genoar; 5 Veneziar; 3 Kreta Veneziar; Anconako 1; Aragoiko 1; Frantziako 1 eta 10 bat bizantziar.

Apirilaren 5rako sultana bere azken tropekin heldu zen eta defendatzaileek euren azken posizioak hartu zituzten. defendatzaile gutxiegi zirenez harresi guztien luzeran hedatzeko, kanpokoak baino ez gordetzea erabaki zen. Konstantinok eta grekoek Mesoteichion gordeko zuten, hau da, harresien erdiko zatia, bertan Lycus ibaiak hormak zeharkatzen baitzituen. Uste zutenaren arabera zati hori tokirik ahulena zen eta, beraz, erasoa hortik etorriko zelakoan zeuden. Giustiniani, enperadorearen iparralderago jarri zen, Myriandrionen (Charisiako ateetan). Geroago, setioak aurrera egin zuenean Mesoteichionera mugitu zen Konstantinorekin elkartzeko, Myriandrion Bocchiardi anaien zaintzapean uzten zuelarik. Minotto eta bere veneziarrak Blachernae jauregian jarri ziren, Teodoro Caristo, Langasco anaiak eta Chioseko Leonardo artzapezpikuarekin batera. Enperadorearen ezkerretara, hegoalderago, bi komandante jarri ziren Pegae ateak gordetzeko: Cataneo, genoar soldaduekin eta Theophilus Paleologus grekoekin.

Pegae Atetik Urrezko Aterako (azken hau Manuel deitutako genoar batek gordetzen zuen) harresiaren zatiak Filippo Contarinik defendatzen zituen. Bitartean, Demetrius Cantacuzenus Teodosiar harresietako iparraldeko muturreko zatian jarri zen. Itsasoko harresietan defendatzaile gutxiago zegoen: Jacobo Contarini Stoudionen jarri zen, bat-batean bildutako monje grekoen indar bat bere ezkerretara zuelarik eta Orhan printzea Eleutherius portuan. Pere Julià Jauregi Handian jarri zen genoar eta katalan soldaduekin; Kieveko Isidoro artzapezpikuak penintsularen muturra gordetzen zuen. Itsasoko hormak, Urrezko Adarreko hegoaldeko itsasbazterrean, Gabriel Trevisano buruzagi zeukaten tropa genoar eta veneziarrek defendatzen zituzten. Bi erreserba taktikoak ere bazeuden hirian, atzerago; bat Petra barrutian lurreko harresien atzeko aldean bertan eta bestea Apostolu Santuen elizatik gertu. Lehenengoa Loukas Notaras komandantearen menpe zegoen eta bigarrena Nicephorus Palaeologusen menpe. Alviso Diedo veneziarrak itsasontzietan agintzen zuen. Bizantziarrek kanoiak izan arren, otomandarrenenak baino askoz txikiagoak ziren eta haien atzerapenak euren harresiei kalte egiten zien.

David Nicolleren arabera, arraro egin arren, Konstantinoplarenak eginda zegoelako ideia guztiz oker zegoen. Mapa batean gainbegiratuta pentsa liteke kinka larrian zeudela, baina egoera ez zen hain desorekatua. Konstantinopla bere garaietako hiririk gotortuena zela ere aldarrikatu dute.

Setioa

aldatu

Setioaren hasieran, Mehmedek bere troparik onenak bidali zituen Konstantinoplatik at geratzen ziren bizantziar gotorlekuak azpiratzera. Bosforoan zegoen Therapia gotorlekua eta Marmar itsasotik gertu zegoen Studius hiriko gaztelu txikiagoa egun gutxitan hartu zituzten. Baltoghlu almirantearen armadak Marmara itsasoko Printzeren uharteak konkistatu zituen. Bitartean, Mehmeden kainoi erraldoiek asteak eta asteak eman zituzten harresiak bonbardatzen, baina haien zehaztugabetasunik eza eta berriro kargatzeko behar zuten denbora luzea zirela eta, bizantziarrek egindako ia kalte gehienak konpondu ahal izan zituzten. Beraz, kanoiek ez zuten eragin handian setioan.

Saiakera batzuk alferrik egin bazituzten ere, Suleiman Baltoghluren armada ezin izan zen Urrezko Adarrera sartu, aurretik bizantziarrek kate bat barneko portuaren ahoaren mutur batetik bestera luzatu zutelako. Otomandar armadaren betebeharra laguntza itsasontzirik sartzea oztopatzea izan arren, apirilaren 20an lau itsasontzi sartu ziren  portura borroka latza baten ostean. Gertaera horrek defendatzaileen morala igo zuen eta Sultana lotsarazi zuen. Mehmedek Baltoghluri bizia barkatu zion haren menpekoek adore handiz borrokatu zela ziurtatu baitzioten.

Mehmedek Galatan barrena egur koipetuzko errepide bat eraikitzea agindu zuen, Urrezko Adarreko iparraldean. Horrela, itsasontziak errepide horretatik sartu zituen barneko portura apirilaren 22an. Mugimendu horrekin Pera genoar hiritik zetozen hornigaien trafikoa larriki mehatxatu zuen. Apirilaren 28an bizantziarrek otomandarren itsasontziak txikitzeko saiakera bat egin zuten grekoen sua erabiltzen, baina otomandarrak jakinaren gainean zeuden eta atzera bota zituzten kristauak. Berrogei italiarrek ihes egin ahal izan zuten suntsitzen ari zen itsasontzitik eta iparraldeko itsasbazterreraino igeri egin zuten. Mehmeden aginduei jarraituz gatibu guztiak zutoinean sartu zituzten defendatzaileen begien bistan. Haiek mendekatzeko bizantziarrek zeuzkaten gatibu guztiak harresietara eraman zituzten, 260 bat, eta bertan banan-banan hil egin zituzten otomandarren begien bistan. Otomandarren itsasontzien aurkako erasoaren porrota zela eta, defendatzaileek haien soldaduak sakabanatu behar izan zituzten itsasoko harresiak defendatzeko.

Otomandarrek harresiak hartzeko aurrez aurreko eraso batzuk egin zituzten, baina beti bota zituzten atzera galera handiekin. Niccoló Barbaro veneziar zirujauk idatzi zuen bere egunerokoan maiz gertatzen ziren lurreko erasoei buruz, batez ere, janizariek egindakoei buruz:   

“Turkiarrak harresien oinetara etortzen ikusi zuten borrokaren bila, batez ere, janizariak… eta haietako bat edo bi hiltzen zirenean berehala etortzen ziren turkiar gehiago eta hildakoak jaso eta eramaten zituzten… bost axola zitzaien hiriko harresietatik zein gertu zeuden. Gureok tiro egiten zieten kanoi eta baleztez, haien herrikideak garraiatzen ari zirenei destatzen zieten, eta biak ala biak erortzen ziren zerraldo lurrera, eta berriro ere etortzen zen turkiar gehiago eta haiek bertatik eramaten zituzten, ez ziren heriotzaren beldur, baina nahiago zuten haietako hamar hil izana harresietan turkiar gorpu bakar bat uztearen lotsa sentitu baino.”

Aurrez aurreko eraso alfer haien ostean, otomandarrek maiatzaren erditik 25era meatzeak zulatzen saiatu ziren harresien azpiak jateko. Zulatzaile asko Serbiar despotak bidalitako  Novo Brdo-ko germaniar jatorrizkoak ziren. Zagan Pasharen agindura jarri zituzten. Hala ere, genoar indarrekin batera etorritako Johannes Grant ingeniari batek bizantziarrei meatzeak eraikitzen lagundu zizkien turkiarrenetan sartzeko eta haien langileak hiltzeko. Bizantziarrek maiatzaren 16aren gauean lehenengo tunel  serbiarra aurkitu zuten. Maiatzaren 21, 23 eta 25an tunel gehiago aurkitu zituzten eta suntsitu ere borroka latzaz eta su grekoaz. Maiatzaren 23an, bizantziarrek bi ofizial turkiar atzeman zituzten. Haiek turkiar tunel guztien berri eman zieten bizantziarrei eta denak hondatu zituzten. Maiatzaren 21ean, Mehmedek mezulari bat bidali zuen Konstantinoplara eta setioa altxatzeko eskaintza egin zuen amore ematen bazuten. Enperadoreari eta biztanleei euren ondasunekin hiritik ateratzen utziko ziela agindu zuen. Are gehiago, sultanak enperadorea Peloponesoko gobernadoretzat hartuko zuen. Azkenik, hiritik alde nahi ez zuen edonoren ziurtasuna bermatu zuen. Konstantino XI.ak bi eskakizun besterik ez zituen onartu: sultanari zerga handiagoak ordaindu eta turkoen eskuetan zeuden gazteluen eta lurraldeen estatusa baietsi. Hala ere, enperadoreak ez zuen hiritik alde egin nahi borroka egin barik:

Hiria zuri emateari buruz, nik ezin dut erabaki hori hartu ezta hiri honetako beste edozein hiritar batek ere: guztiok libreki bat etorri baikara gure bizitzei kasu egin barik.

Mehmedek, orduan, azken kontseilu baterako dei egin zien  ofizial nagusiei. Bisirretako batek, Halil Pasha beteranoak, Mehmedek hiria konkistatzeko zituen asmoak beti gaitzesten zituenak, setioa bertan behera uzteko aholkua eman zion, azken zorigaitzaren aurrean. Zagan Pashak Halil Paxaren aurka egin zuen eta berehalako eraso bat eskatu zuen. Bizantziar defentsa nahikoa ahulduta zegoela uste izanik, Mehmedek harresiak indar hutsez erasotzeko asmoa zuen, eta azken erasoaldia prestatzen hasi zen.

Giustinianiren tropa genoarrak hirira eta porturantz erretiratu zirenean, Konstantinok eta bere gizonek, jada euren esku utziak, Janissarioen aurka borrokan jarraitu zuten. Konstantinoren gizonek, azkenean, ezin izan zieten otomandarrei hirian sartzea eragotzi, eta harresien hainbat puntutan erabat gainditu zuten defentsa. Turkiako banderak ikusi zituztenean Kerkoportaren gainetik hegan, postako ate txiki bat irekita geratu zen, izua barreiatu zen eta defentsa kolapsatu egin zen. Janizariek aurrera egin zuten, Ulubatlen Hasan buru zutela. Greziar soldadu asko etxera itzuli ziren beren familiak babestera, veneziarrak haien ontzietara erretiratu ziren eta genoar gutxi batzuek Galatara ihes egin zuten. Gainerakoak errenditu egin ziren edo bere buruaz beste egin zuten harresietatik jauzi eginez. Harresietatik hurbilen zeuden etxe grekoak izan ziren otomandarren kalteak pairatu zituzten lehenak. Esan ohi da Konstantinok, bere erregetza inperial purpura alde batera botaz, azken erasoa otomandarren aurka egin zuela, bere soldaduen ondoan kale gorrian galdu zelarik. Nicolas Barbaro veneziarrak bere egunerokoan zioen Constantinek bere burua urkatu zuela turkoak San Romanoko atean sartu zirenean. Hala ere, bere patua ezezaguna da.

Azken erasoaldia

aldatu

Azken erasoaldiaren prestaketak maiatzaren 26ko gauean hasi ziren eta hurrengo egunera arte jarraitu zuten. Gerra-kontseiluan erasotzea erabaki eta gero, hurrengo 36 ordutan otomandarrek euren indarrak mobilizatu zituzten eraso orokorrerako. Maiatzaren 28an otoitza eta atsedenerako baimena  eman zieten soldaduei azken erasoa hasi aurretik. Bizantziarren aldean, 12 ontziko veneziar flota txiki bat, Egeoa arakatu ondoren, hirira iritsi zen maiatzaren 27an, eta enperadoreari jakinarazi zioten ez zutela aurkitu veneziar erreskateko ontziteri handirik. Maiatzaren 28an, Otomandarren armada azken erasoaldirako prestatu zenean, hirian erlijio-prozesio handiak ospatu zituzten. Arratsaldean, bezperen azken zeremonia nagusi bat ospatu zen Hagia Sophian, bertan, enperadoreak latindar eta greziar elizetako ordezkari eta nobleziarekin parte hartu zuen. Ordura arte, otomandarrek 5.000 tiro bota zituzten beren kanoietatik 55.000 kilo bolbora erabiliz. Mezulariak noraezean zebiltzan kanpalekuetan zehar adarrak jotzen, Ghazisak iratzartzeko.

 
Panorama 1453 Historia Museoaren seitoaren diorama bat.

Asteartean, maiatzak 29, gauerdian hasi zen erasoa. Otomandar Inperioaren tropa kristauek eraso zuten lehenik, bata bestearen atzetik zetozen azapen irregularren uhinak, gaizki entrenatuak eta hornituak. Anatoliako turkiar beylik indarrak, Blachernaeko harresien zati baten aurka bideratu ziren, hiriaren ipar-mendebaldean. Harresien zati hura lehenago eraiki zuten, XI. mendean, eta askoz ahulagoa zen. Turkiar mertzenarioek harresi-sail hura haustea lortu zuten eta hiriara sartu ziren, baina defendatzaileek kanpora egotzi zituzten. Azkenean, eliteko Janissariek osatutako azken olatuak hiriko harresiei eraso egin zien. Giovanni Giustiniani, lehorreko defendatzaileez arduratzen zen Genoako jenerala, larri zauritu zuten erasoan, eta harresitik jaitsi zuten genoarrek hirira eramateko senda dezaten. Horrek izua sortu zuen defendatzaileen lerroetan.

Hasierako erasoaren ondoren, otomandar armada Mese etorbidean barrena, -hiriko errepide nagusia- hedatu zen, foro handiak eta Apostoluen Eliza igarota. Egoitza horretan Mehmed II.ak bere patriarka izendatu berria ezarri nahi zuen bere menpeko kristauak hobeto kontrolatzeko. Mehmed II.ak goardia bat bidali zuen eraikin giltzarri hauek babesteko. Enperadoreak esleitu zien harresiaren atalean zeuden katalanek ohore handiz hartu zuten eroritako azken tropak izatea. Sultanak Pere Juliàri, bere semeei eta Joan de la Via kontsulari burua moztu zien, besteak beste.

Zibil batzuek ihes egitea lortu zuten. Veneziarrak beren untzietara itzuli zirenean, otomandarrek jada Urrezko Adarreko hormak hartu zituzten. Zorionez, otomandarrei ez zitzaien interesatzen esklabo izan zitezkeenak hiltzea, baizik eta hiriko etxeetan ostea, beraz hiriko altxorrak lapurtzeari lotu zitzaizkion. Urrezko Adarreko bokaletik indarrez ateratzeko agindu zien kapitain veneziarrak bere gizonei. Hori egin ondoren, veneziarrek soldadu eta iheslariz betetako gerrauntzietan alde egin zuten. Veneziarrek alde egin eta berehala, untzi genoar batzuk eta enperadorearen ontziak ere Urrezko Adarretik irten ziren. Itsasontzi horiek ihes egitea lortu zuten otomandar itsas armadarrak kontrola hartu baino lehen. Izan ere, otomandarrek eguerdira arte ez zuten itxi bokalea.

Turkoen armada Augusteoan elkartu zen, Hagia Sophiako eliza handiaren aurrean zegoen plaza zabala. Katedraleko brontzezko ateak zibil multzo handi batek trangatu zituen, jainkoaren babesaren eske bildu ziren. Ateak zulatu ondoren, soldaduek jendea bereizi zuten jendea esklaboen merkatuan prezioren arabera. Hildako otomandarrak ezezagunak dira, baina historialari gehienek uste dute oso handiak izan zirela setioko alferrikako eta azken erasoaldian egindako otomandar erasoengatik. Barbaro veneziarrak ohartarazi zuen hiriko kaleei odola zeriela "euri-ura erreketan bezala bat-bateko ekaitzaren ondoren" eta turkiar eta kristauen gorputzak itsasoaren gainean zirela "meloiak kanal batean bezala".

Otomandar Inperioaren sorrera

aldatu

Laugarren Gurutzadaren aurretik ere, Bizantziar Inperioa mende batzuk lehenagotik lurraldeak galtzen ari zen Afrika eta Ekialde Ertainean herri eta estatu musulmanen bultzadaren ondorioz. XI. mendearen hasieran Asia Erdialdetik zetorren eta gaur egun Ekialde Ertaina denaren zati handi batean agintzen zuen tribu turkiar batek, seljuktarrak erasotzen eta Anatolian lurralde bizantziarrak konkistatzen hasi zen. XIII. mendearen amaieran seljukarrek jada Anatoliako ia hiri bizantziar guztiak hartu zituzten, penintsularen ipar-mendebaldeko hiri bakan batzuk izan ezik.

Garai hartan, Kayitarrek, beste klan erdi-nomada turkiar bat zena, Persiako ipar-ekialdeko Khorasanetik mendebaldera joan zen, eta, seljukarren alde eginez Anatolian Mongoliar Inperioaren aurka gertatu zen gudu batean, turkiar garaipena erabaki zuen. Ala al-Din Kay Qubadh I.a seljukar sultanak, esker on bezala, bere liderra zen Ertuğruli inperioaren ipar-mendebaldean zegoen lurralde menditsu bat eman zion Söğüt izeneko lurralde bizantziarretik gertu. Seljukar estatua, handik gutxira, seljukar eta mongoliar botereak onartzen ez zituzten emirerri txikietan banatzen hasi zen. Emirerri hauetako bat, seljukarrei lagundu zien turkiar klanarena, Osman I.a Gazi (Ertuğrulen semea zena eta otomandar edo Otomandar Dinastiari izena emango ziona) deituriko lider baten agintepean beranduago Otomandar Inperioaren jatorrizko sorgunea izango zena.

Basakeriak

aldatu

Encyclopædia Britannicaren arabera, Mehmed II.ak eliza ortodoxo askoren suntsipena baimendu zuen hasiera batean, baina hiriaren arpilaketa oso bat eragozten saiatu zen. Harrapaketa oso zehatza izan zen hiriko zenbait lekutan. Ekainaren 2an, sultanak hutsik eta erdi hondaturik aurkitu zuen hiria; elizak profanatu eta arpilatu egin zituzten, etxeetan ezin zen gehiago bizi, eta biltegiak eta dendak hustu. Honek negarrari eman omen zion esanez:

Hori hiria arpilaketari eta txikizioari eman duguna!

Beste harresietan zehar sartzen ari ziren marinel eta itsas-soldaduak eskala handian egiten zituzten harrapaketak, ate nagusitik kanpo zeuden tropa erregularrek saihestu ahal izan baino lehen. David Nicolleren arabera, jende arrunta otomandar konkistatzaileek hobeto tratatzen zuten gurutzatuek 1204an bere arbasoak baino, 4.000 greziar inguru setioan hil zirela adieraziz; aldiz, Senatu veneziarraren txosten baten arabera, 50 noble veneziar eta beste 500 zibil veneziar baino gehiago hil ziren setioan. Hiriaren aberastasunetako asko 1204an lapurtu zuten iadanik, otomandarrei harrapakin mugatua utziz 1453an.


Beste iturri batzuek otomandar inbaditzaileen beste arpilatze basatiagoen berri ematen dute. Kiosko Leonardek Konstantinoplaren erorialdearen ondorengo izugarrikeriak kontatu zituen, otomandar inbaditzaileek hiria arpilatu zutela, milaka eta milaka pertsona hil edo esklabotu zituztela, eta moja, emakume eta haurrak bortxatu zituztela.

Baliozko gauzak eta beste harrapakin guztiak kanpamendura eraman zituzten, eta hirurogei mila kristau harrapatu zituzten. Teilatu edo elizetako hormetan ipinitako gurutzeak eraitsi eta zapaldu egin zituzten. Emakumeak bortxatu egin zituzten, birjinak desfloratu eta gazteak lizunkeria lotsagarrietan parte hartzera behartu zituzten. Atzean geratu ziren mojak, baita, begi bistan mojak zirela argi geratu arren, desohoratu egin zituzten libertimendu zikinekin.

Erreferentziak

aldatu
  1. Runciman, Steven. (1965). The Fall of Constantinople, 1453. Cambridge: Cambridge University Press, 85 or. ISBN 0-5213-9832-0..
  2. a b Nicolle, David. Constantinople 1453: The end of Byzantium. Oxford: Osprey Publishing, 2000, 45. orr.
  3. Norwich, John Julius. (1997). A Short History of Byzantium. New York: Vintage Books.
  4. Mesut Uyar & Edward J. Erickson. (2009). A military history of the Ottomans: from Osman to Atatürk. 37 or..
  5. George Sphrantzes. The Fall of the Byzantine Empire: A Chronicle by George Sphrantzes 1401-1477. University of Massachusetts Press, 1980. ISBN 978-0-87023-290-9.
  6. Crowley, Roger. (2006). Constantinople: The Last Great Siege, 1453. Faber ISBN 0-571-22185-8..

Kanpo estekak

aldatu