Germaniako Erromatar Inperio Santua
Germaniako Erromatar Inperio Santua[1] (alemanez: Heiliges Römisches Reich Deutscher Nation; latinez: Sacrum Romanum Imperium Nationis Germanicæ), batzuetan Lehen Reicha edo Inperio Zaharra deitua 1871-1918ko Alemaniar Inperiotik bereizteko, mendebaldeko eta erdialdeko Europan kokaturiko talde politiko bat izan zen, Erdi Arotik Aro Modernoaaren bukaera arte iraun zuena eta bere botere esparrua erromatar enperadore germaniarrarena izan zelarik; 962 urtean sortu zuten Verdungo Hitzarmenarekin.
Germaniako Erromatar Inperio Santua Imperium Romanum Sacrum Heiliges Römisches Reich | |||
---|---|---|---|
962 – 1806 | |||
Hautazko monarkia | |||
| |||
![]() Inperio Santua 1630 inguruan oraingo estatuekin erkatua | |||
Geografia | |||
Hiriburua | Erroma (962-1448) Viena (1448-1806) | ||
Kultura | |||
Hizkuntza(k) | Latina eta germaniar, erromantze eta eslaviar hizkuntzak | ||
Erlijioa | Katolizismoa Kalbinismoa Luteranismoa | ||
Historia | |||
Sorrera | 962 | ||
Desagerpena | 1806 | ||
Bere izena, agintari alemaniarrek Inperio Karolingioaren (843. urteko Verdungo Hitzarmenaren ostean desagertu zen) tradizioa jarraitzeko zuten guratik dator. Inperio Karolingioak, Mendebaldeko Erromatar Inperioko enperadore titulua berpiztu zuen antzinako Mendebaldeko Erromatar Inperioaren izen ona gordetzeko.
«Santu» adjektiboa ez zen Federico Barbarrojaren erregealdira arte erabili, zentzu kristauan, haren existentzia zilegitzeko jainkozko borondate gisa. Horrela, Sacrum Imperium izendapena 1157an dokumentatu zen lehen aldiz[2], Sacrum Romanum Imperium izenburua, berriz, 1184 aldera agertu zen[2], eta, behin betiko, 1254az geroztik erabili zen. Deutscher Nation osagarria (latinez: Nationis Germanicae) XV. mendean gehitu zen.
Inperioa 962an sortu zen Saxoniako dinastiaren mendean, antzinako Ekialdeko Frantziatik abiatuta (Inperio Karolingioa[Oh 1] zatitu zen hiru zatietako bat). Sortu zenetik, Inperio Santua erdialdeko Europan erakunde nagusi bihurtu zen ia milurtez, 1806an desegin zen arte.
Mendeetan, mugak nabarmen aldatu ziren. Gehien hedatu zen unean, Inperioak gaur egungo erdialdeko Europako ia lurralde osoa hartzen zuen, baita hegoaldeko Europako zati batzuk ere. Horrela, XVI. mendearen hasieran, Karlos V.a enperadorearen garaian, Holstein lurraldeaz gain, Inperio Santuak Bohemia, Moravia eta Silesia hartzen zituen. Hegoaldetik, Adriatikoko kostan, Karniolaraino hedatzen zen; mendebaldean, Borgoina (franko-konderria) eta Savoia konderri libreak hartzen zituen; Genovatik kanpo, Lombardia eta Toscana Italiako lurretan. Herbehereak ere, gehiena, Inperioan integratuta zegoen, Artois eta Flandria izan ezik, Eskaldaren mendebaldean.
Nazioz gaindikoa zenez, Inperio Santua ez zen inoiz nazio-estatu edo estatu moderno bihurtu; aitzitik, gobernu monarkikoa eta estamentuen tradizio inperiala mantendu zituen. 1648an, alboko estatuak, konstituzionalki, estatu inperial gisa integratu ziren.
Inperioak egonkortasun politikoa eta gatazken konponbide baketsua ziurtatu behar zuen boterearen dinamika murriztuz: mendekoei babesa eskaintzen zien jaunen arbitrariotasunaren aurka, baita estamentu baxuenei ere estamentu gorenek edo Inperioak berak egindako eskubide-urraketa ororen aurka.
Hasieran hainbat arrakasta lortu arren, Inperioa, estrukturalki, ez zen gai izan eraso gerrei ekiteko ezta bere boterea edo lurraldea zabaltzeko ere. Horrela, XVIII. mendearen erdialdetik aurrera, Inperioa, dagoeneko, ez zen gai izan bere kideak babesten jarraitzeko barruko eta kanpoko potentzien politika espantsionistetatik. Hori izan zen bere gabeziarik handiena eta gainbeheraren arrazoietako bat.
Eskubidearen defentsa eta bakearen kontserbazioa bere helburu nagusi bihurtu ziren. Napoleondar gerrak eta Rhingo Konfederazioaren ezarpenak Inperio Santuaren ahulezia erakutsi zuten, eta jarduteko gai ez zen talde bihurtu zen. Germaniako Erromatar Inperio Santua 1806ko abuztuaren 6an desagertu zen, Napoleon Bonaparteren eskutik jasandako porroten ondorioz, Frantzisko II.ak koroa inperialari uko egin zionean enperadore austriar gisa soilik jarduteko.
Inperio Santua Europa erdialdeko egitura politiko nagusia izan zen Napoleon I.a enperadoreak suntsitu zuen arte. XVIII. mendean, gaur egungo Alemania, Txekia, Austria, Liechtenstein, Eslovenia, Belgika, Luxenburgo eta Poloniaren zati handi bat hartzen zituen. Aurretik, Herbehereak, Suitza eta Italia eta Frantziako eremu zabalak ere Inperio Santuko zati izan ziren.
Erdi Aroa
aldatuInperioaren sorrera
aldatuIparraldeko Italia, mendebaldeko germaniar guztiak (saxoiak eta bavariarrak barne) azpiratuta, Mendebaldeko Europan Karlos Handiaren nagusitasuna 800ean Erroman enperadore titulua jasotzeak egiaztatu zuen. Nolanahi ere, iloben arteko gatazkak zirela eta, Inperioa banandurik amaitu zen Verdungo Hitzarmenean.
Germaniako Erromatar Inperio Santua frankoen ekialdeko erresumatik garatu zen. 919tik 936 arte, germaniar herriak (frankoak, saxoiak, suabiarrak eta bavariarrak) Heinrich Saxoniako dukearen agindupean batu, eta errege titulua hartu zuen.
936an, Oton I.a Handia koroatu zuten Aachenen. Erregearen autoritatea apezpikuak eta abadeak Inperioko printze izendatuz areagotu zuen. 951n, Adelheid Lonbardiako erreginarekin ezkondu zen, eta, hala, Italiako iparraldea bere agindupean geratu zen. Erresumarekiko kanpoko mehatxuak geldiarazi zituen 955ean hungariarrak mendean hartuz eta Elba eta Oder ibaien arteko eslaviarrak garaituz. Hori zela eta, 962an, Erroman, Oton enperadore izendatu zuen aita santuak. Oton I.aren eta haren oinordeko Oton II.a eta Oton III.aren garaiari, Otondar pizkundea deritzo, izandako pizkunde ekonomiko eta artistikoa zela-eta.
Inperioaren izaera
aldatuGermaniako Erromatar Inperio Santua ekialdeko Frantzian sortu zen. Bere izaera aurrenazionala eta nazioz gaindikoa dela eta, Inperioa ez zen inoiz nazio-estatu moderno bihurtu, hala nola mendebaldeko Frantziaren kasua, beraz, inoiz ez zen sentimendu nazionalista integralik garatu[3].
Inperioak antolaketa monarkiko eta korporatibo bat mantendu zuen, enperadore batek eta oso instituzio komun gutxi zituzten estatu inperialek zuzendua. Inperioaren boterea ez zegoen soilik erromatar enperadore germaniarraren, printze hautesleen edo Dieta inperialeko pertsona multzo baten eskuetan; horregatik, Inperioa ezin da estatu federal edo konfederazio gisa ulertu.
Ez zen ezta aristokrazia edo oligarkia hutsa ere[4]. Hala ere, estatu-forma horien guztien berezko ezaugarriak zituen. Inperio Santuaren historia borrokak markatzen du bere izaerari dagokionez. Bere lurraldeen eskualde-setakeria haustea inoiz lortu ez zuenez, Inperioak porrot egin zuen konfederazio formagabe batean: Kleinstaaterei[5].
Inperio Santua instituzio bakarra izan zen munduaren historian, eta, horregatik, ulertzeko modurik errazena, agian, beste entitate arruntago batzuekiko zituen aldeak erakustea da:
- Ez zuen inoiz Nazio-estatu bihurtzeko bokaziorik izan; gobernari eta biztanle gehienak germaniarrak ziren arren, nazio errenazentisten kontzeptu sakratu bakar batean nazioak integratzea bilatu zuen, oinarri katoliko kristau-erromatar eta helburu komun bera zutenak. Hasieratik, Inperio Santua hainbat herrik osatu zuten, eta bere noblezia eta hautetsien zati handi bat germaniar-hiztun komunitatetik kanpokoa zen. Bere gorenean, Inperioak biltzen zituen gaur egungo: Alemania, Austria, Suitza, Liechtenstein, Belgika, Herbehereak, Luxenburgo, Txekiar Errepublika eta Eslovenia, baita Frantziako ekialdea, Italiako iparraldea eta Poloniako mendebaldea ere, eta, haiekin batera, haien hizkuntzak, hala nola alemana, italiera, frantsesa eta eslaviar hizkuntzak eta, haiekin batera, hizkuntza horien dialekto eta aldaera asko. Bestalde, printze sekular eta elizgizonek, apezpikuek, kondeek, zaldun inperialek eta hiri libreek gobernatutako lurralde ugaritan banatuta egoteak, aro modernoan behintzat, inguruan zituen estatu moderno sortu berriek baino askoz kohesio gutxiagoko lurralde bihurtzen zuen.
- Konfederazioek ez bezala, inperio kontzeptuak, lurralde jakin baten gobernua inplikatzeaz gain, konnotazio erlijioso sendoak zituen (hortik Santu izendapena), eta luzaroan iraun zuen kristau-munduko beste agintari batzuen gaineko eragina. 1508. urtera arte, errege alemaniarrak ez ziren enperadoretzat hartzen aita santuak formalki enperadore gisa koroatu arte.
Egitura eta erakundeak
aldatuGoi Erdi Arotik, Inperio Santuaren ezaugarria enperadorearen eta tokiko botereen arteko elkar izatea bitxia izan zen. Geroago Frantzia bihurtuko zen Francia Occidentaliseko agintariak ez bezala, enperadoreak ez zuen inoiz, ofizialki, lortu gobernatzen zituen estatuen gaineko kontrol zuzenik. Izan ere, hasieratik, duke eta bere lurraldeei gero eta botere gehiago eman behar izan zizkien. Prozesu hori XII. mendean hasi zen, neurri handi batean Westfaliako Bakearekin amaituz (1648).
Ofizialki, Inperioa edo Reicha erregeak –aita santuak enperadore koroatu behar zuena (1508 arte)– eta Reichsstände-ek (estatu iperialek) osatzen zuten.
Herri germanikoen errege
aldatuKarlomagnoren koroatzea, erromatarren enperadore gisa 800. urtean, ondorengo erregeek jarraitu zuten eredua izan zen, eta Karlomagnok Erromako biztanleen matxinadaren aurrean aita santua defendatzen egin zuen lanak abiarazi zuen enperadorearen nozioa Elizaren babesle gisa.
Enperadore bihurtzeko, aldez aurretik, germaniarren errege (Deutscher König) titulua eskuratzea eskatzen zuen. Antzina-antzinatik, errege germaniarrak hautapen bidez izan ziren izendatuak. IX. mendean, bost tribu garrantzitsuenen artean aukeratzen zen (frankoak, saxoiak, bavariarrak, suaboak eta turingiarrak); gero, erresumako duke laiko eta erlijiosoen artean, azkenean Kurfürsten (printze hautesle) deiturikoetara murriztuz. Azken aldean, hautesleen elkargoa 1356ko Urrezko Buldaren bidez ezarri zen. Hasieran, zazpi hautesle zeuden, baina haien kopurua apur bat aldatuz joan zen urteen poderioz.
1508 arte, errege hautatu berriek Erromara joan behar zuten aita santuak enperadore koroatu zitzan. Hala ere, prozesua gatazka kroniko batzuk konpondu arte atzeratu ohi zen: Italiako iparralde ezegonkorrean gailentzea edota erromatar patriarkarekin konpondu gabeko liskarrak konpontzea, besteak beste.
Subiranoaren ohiko eginkizunak, hala nola arauak dekretatzea edo lurraldea bere kabuz gobernatzea, enperadorearen kasuan oso konplexuak izan ziren beti. Haren boterea, tokiko liderrek asko mugatzen zuten. XV. mendearen amaieratik aurrera, Reichstag-a (Dieta) Inperioaren legegintza-organo gisa ezarri zen: enperadorearen eskariz, maiztasun jakinik gabe eta kasu bakoitzean egoitza berri batean biltzen zen batzar korapilatsu bat. 1663an, Reichstag-a batzar iraunkor bihurtu zen.
Estatu inperialak
aldatuEntitate bat estatu inperialtzat (Reichsstand) hartzen zen, baldin eta, lege feudalen arabera, Inperio Santuko enperadorearen gainetik aginpide handiagorik ez bazuen. Estatu horien artean honako hauek zeuden:
- Printze edo duke batek gobernatutako lurraldeak, eta kasu batzuetan erregeak (Inperio Santuko gobernadoreei, Bohemiako Koroa izan ezik, ez zitzaien Inperio barruko lurraldeetako errege izaten uzten; Hala ere, batzuek, handik kanpo, erresumak gobernatu zituzten, denbora batez Britainia Handiko erresumarekin gertatu zen bezala, zeinaren monarka Brunswick-Luneburgoko printze hautesle ere baitzen.).
- Apezpiku edo printze-apezpiku batek zuzendutako eliza-lurraldeak. Lehen kasuan, maiz, elizbarrutiaren lurralde bera zen, eta apezpikuaren esku zeuden botere mundutarrak zein elizakoak; adibide bat, beste askoren artean, Osnabrück izan liteke. Hori horrela, Inperio Santuan garrantzi handia zuen printze-apezpiku bat Mainzeko apezpikua izan zen, bere gotzain-egoitza hiri horretako katedralean zegoelarik.
- Hiri Inperial askeak
Lurraldeen kopurua ikaragarri handia zen, Westfaliako Bakearen garaian ehunka izatera iritsiz, horietako askoren azalera kilometro karratu gutxi batzuk baino gehiago izan gabe. Inperioa, zorioneko definizio batean, «txatalez egindako alfonbra» (Flickenteppich) gisa deskribatzen zen.
Reichstag
aldatuReichstag edo Dieta Germaniako Erromatar Inperio Santuaren organo legegilea zen. XVIII. mendearen amaieran (1777-1797) hiru mota edo klasetan banatzen zen:
- Hautesleen Kontseilua, Germaniako Erromatar Inperio Santuko 7 hautesleak barne hartzen zituena.
- Printzeen Kontseilua, laikoak zein elizgizonak barne hartzen zituena.
- Beso laikoa edo sekularra: 91 printzek zuten bozka eskubidea; batzuek boto bat baino gehiago zuten, sufragio-eskubidea zuen lurralde bat baino gehiagoko gobernua zutelako. Halaber, Kontseiluak lau hautesleria biltzen zituen: Renania, Suabia, Frankonia eta Westfalia, zeinak 100 bat konde (Grafen) eta jauntxo (Herren) biltzen zituzten. Hautesleria bakoitzak boto bateratua eman zezakeen.
- Elizaren besoa: Artzapezpikuek, zenbait abadek eta Zaldun Teutoien eta Zaldun Ospitalarien Ordenako (Maltako Ordena) bi maisu handiek boto bana zuten (XVIII. mendearen amaieran, 33). Zenbait abade eta beste zenbait prelatu (berrogei inguru) bi hautesleriatan zeuden taldekaturik: Suabia eta Renania, bakoitza boto kolektibo batekin.
- 51 Hiri Inperialen Kontseilua, hiri inperialetako ordezkariak biltzen zituena bi hautesleriatan: Suabia eta Renania, bakoitzak boto kolektibo bat zuen. Hiri Inperialetako Kontseilua, gainerakoekin alderatuta, ez zen guztiz berdina, izan ere, zenbait gaitan ez baitzuen boto-eskubiderik (hala nola lurralde berrien onartzearena).
Gorte inperialak
aldatuInperioak bazituen bi gorte ere: Reichshofrat (Auliar Kontseilu izenez ere ezaguna) errege/enperadorearen gortean (gero Vienan finkatua) eta Reichskammergericht izenekoa 1495eko erreforma inperialaren bidez ezarria.
Gatazkak
aldatuInbestiduren auzia Erdi Aroko Europan botere erlijioso eta sekularren arteko gatazkarik garrantzitsuena izan zen. Elizako karguak izendatzeko ahalmena nork zuen, enperadoreak ala aita santuak, erabakimenaren inguruan hasi zen XI. mendean, Heinrike IV.a eta Gregorio VII.aren artean. 1077an,anatematuta, enperadorea, Canossan, aita santuaren aurrean makurtu zen. Azkenean, 1122an, behin behineko bakea iritsi zen Wormseko Itunari esker. aita santuen eta enperadoreen arteko gatazkek luzeago iraun zuten, harik eta iparraldeko Italia guztiz alemaniarren eskutik at geratu zen arte.
Auziak, 50 urtez gerra zibila eragin ondoren, enperadoreen boterea murriztu zuen, goiko noblezia eta elizgizonen mesedetarako. Epe luzean, enperadorearen boterearen murrizketak Alemania banandurik XIX. mendera arte ezarri zuen. aita santuari zegokionez, boterea handitu zuen.
Beste gatazka bat Inperio barneko nagusitasunarengatik izan zen, Hohenstaufen eta Welf (Guelfo izenez ere ezaguna) etxeen artekoa. Welf etxeko Bavaria eta Saxoniako dukea, Heinrich Harroa enperadore-gai nabarmendua izan zen, baina, bere boterearen eta joera oldarkorraren beldurrez, Hohestaufen leinuko Konrad III.a aukeratu zuten hautesleek.
Konrad III.ak bi dukerriak kendu zizkion, baina Heinrich Lehoia semeak berreskuratu ahal izan zituen. Bavaria itzultzerakoan (1156) nolabaiteko konpromisoa hartu zuten bi alderdiek, Austria dukerri bereizia bihurtuta. Nolanahi ere, 1176an, Legnano guduaren ostean, Frederiko I. Bizargorri enperadoreak berriro kendu zizkion dukerriak, lurralde zabal horietaz jabetu nahi zuten beste printze germaniarren laguntzarekin. Frederiko I.ak aita santuarekin bakea lortu zuen berriro 1177an, Venezian.
Frederiko II.ak (1212-1250), halere, Italiako konkistari berrekin zion, aita santuaren kontrako gatazka berriz irekiz. Borroka horretan, hiru aldiz jaso zuen anatema enperadoreak. Inperioan, botere zabalak eman zitzaizkien elizako botereei zein sekularrei, zeinek benetako estatu independenteen sorrera ekarri zuen. Frederiko II.aren heriotzaren ostean, Hohenstaufen leinuak krisialdia ezagutu zuen, urte batzuetan enperadorerik ez baitzegoen Inperioan.
Ostsiedlung
aldatuGatazka politikoez gain, beste prozesu batzuk gertatzen ari ziren Alemanian aldi berean. Nagusietakoa ekialderako hedapena izan zen.
Goi Erdi Aroan, Europa osoan populazioa bizkor hazi zen. Oihanak eta padurak soro bihurtzeak, nahiz eta era masiboan gertatu, ezin izan zuen elikagai aski hornitu. Ostsiedlung prozesuan, alemaniarrak Elba eta Saale ibaiez bestaldean kokatu ziren, non eslaviarrak bizi baitziren.
XII. mendean hasi ziren alemaniarrak era masiboan herriak eta hiriak eraikitzen. hala nola Bohemia, Silesia, Pomerania, Polonia edo Livoniako lurraldeetan, batik bat, Saxoniako autoritatea sorbiar eta wendiar zonaldeetan nagusitzean. Prusiar zaharreko konkista babesteko, 1220ko hamarkadan gonbidaturik, Teutondar Ordenaren etorrerak itsaso Baltikoko kokapenak areagotu zituen.
Hansa
aldatuXII. mendetik aurrera, Inperioko lurralde osoan, hiri berriak sortu ziren gaztelu, jauregi, monasterio edo gotorlekuen ondoan. Hirietan, askatasun eta eskubide bereziak jarri ziren indarrean, landetako populazioak jaun nobleen menpeko jarraitzen zuen bitartean. Partikularki, zenbait hiri Inperioko Hiri Aske bihurtu ziren. Horrek esan nahi zuen ez zeudela inolako jaunaren mendean, ez sekular, ez erlijioso, baizik eta enperadorea zuten buru bakarra.
Hiriak, oro har, ibilbide luzeko merkatari dirudunek kontrolatzen zituzten. Esku langileek gremioak osatzen zituzten arautegi zorrotzen mendean, hirien gaineko kontrola bereganatu nahian. Ekialdeko eta iparraldeko salerosketak ugaldu ziren, Lübeck buru zuen Hansako Liga garatzen zen heinean.
Nolanahi ere, Hansan ez zeuden bakarrik Inperioaren azpiko hiria baturik, Herbehereetakoak, Norvegiakoak eta Ingalaterrakoak ere bazeuden. Batasun hori, XIII. mendean sortu zen Kolonia eta beste 29 hiriren artean, interes komunak babesteko asmotan. Merkataritza-pribilegio andana jaso zituen batasun horrek, batik bat, Ingalaterran, Flandrian eta Errusian.
Lübeck eta Hanburgo hiriek, 1241ean, itsaso Baltiko eta Itsaso Beltzaren arteko ibilbide komertzialaren gaineko kontrola partekatzeko hitzarmena sinatu zuten. Bi hiri horiek, 1252an, Flandriarekin ere salerosketarako itunak sinatu zituzten. Horrela, Brugesek, Flandriako hiri nagusiak, Hansako garapenean parte hartze handia izan zuen. Geroago, Londresekin ere hartu-eman komertzialak jarri zituzten abian. Bremen eta Danzig sartu ziren geroago, eta, haien atzetik, Westfaliako, Rhin aldeko, Herbehereetako, Prusiako, Lituaniako eta Estoniako beste hiri asko.
Federazio hori, 1343an Hansa deituta, Danimarkari gerra egitera ausartu zen. Garaituta, Danimarkak kalte-ordainak ordaindu behar izan zituen, eta horrek batasunaren ahalmen ekonomikoa handitu zuen. Hurrengo urteetan, merkataritza gune berriak zabaldu zituen iparraldeko Europan. Horrela, nekazaritza eta nolabaiteko industria garatu ahal izan zituen, baita ubideak eta errepideak eraiki ere.
Nolanahi ere, XV. mendearen amaieran, batasunaren gainbehera hasi zen, Europako estatu subiranoen garapenaren, Amerikako aurkikuntzaren eta Herbehereetako zein Ingalaterrako itsaso nagusitasunaren ondorioz.
Aro Modernoa
aldatuErreforma Protestantea
aldatuXVI. menderako, Germaniako Erromatar Inperio Santuan Eliza katoliko politikakeriak eta ustelkeriak nahigabea hedatu zuten. Jokabide maltzur horiek Martin Luther apaiz alemaniarrak salatu, eta, aldatzen saiatu zen. Wittenbergeko elizako atean, 1517an, induljentzien kontrako tesiak iltzatu zituen, Erreformari hasiera emanez.
Lutherren tesiek Elizaren hierarkiaren oposizioa topatu zuten. Izan ere, 1521ean, Karlos V.a buru zuen Wormseko dietan, Lutherren ideiak arbuiatu ziren era ofizialean. Edonola ere, Inperioan zehar Erreformako tesiak azkar eta luze zabaldu ziren. Haiei aurre egiteko, Ignazio Loiolakoak sortutako Jesusen Lagundiak, batik bat, bultzatu zuen Kontrarreforma Alemanian 1545etik aurrera. Erdialdeko zein ipar-ekialdeko Alemania guztiz protestante ziren jadanik, eta mendebaldeko zein hegoaldeko Alemaniak katoliko segitu zuten.
Apaiz erreformatzaileen erretolikari eutsita, Suabia, Frankonia eta Turingiako nekazariak jaunen aurka matxinatu ziren 1524an. Hala ere, tokian tokiko printzeek altxamenduak menderatu ahal izan zituzten. Erreformatzaile eta katolikoen arteko borrokek, aldiz, gehiago iraun zuten. Katolikoen buru zen Karlos V.a enperadoreak protestanteak 1546an garaitu zuen. Alabaina, 1555eko Augsburgeko Bakearen bidez, fede luteranoa onartu zen. Halaber, itunean, Cuius regio, eius religio printzipioaren azpian adierazi zen estatuko erlijioa gobernatzailearen erlijioa izatekoa zela.
Hogeita Hamar Urteko gerra
aldatuKatoliko eta protestanteen arteko gatazkaren erpina Hogeita Hamar Urteko gerrarekin (1618-1648) etorri zen. Aldi berean, zio politikoak tartean ere bazeuden: Inperioko zenbait estatuk bere boterea handitu nahi zuten, eta enperadoreak batasun politikoa eta erlijiosoa lortu nahi zuen.
Borroka Bohemiako noblezia enperadorearen kontra matxinatzean hasi zen, berehala Europa osora zabaldu zen arren. Espainiak enperadore katolikoaren alde egin zuen, eta Danimarkak, Suediak nahiz Richelieu kardinalaren Frantzia katolikoak ere (Habsburgotarren nagusitasunaren beldurrez) printze protestanteen alde. Alemania gerrako eszenatoki nagusia izan zenez, herrialdeko zonalde zabalak suntsiturik suertatu ziren, haren populazioaren heren bat, gutxi gorabehera, hil zen, eta txirotasuna nagusitu zen nonahi.
Gerra 1648an amaitu zen Westfaliako Bakea sinatzerakoan. Enperadoreak, Frantziaren eta Suediaren onurako, lurraldeak galdu zituen. Herbehereek, de facto 80 urtez independente egon ondoren, Inperio Saindua de jure uzten zuten. Honela, enperadorearen boterea murriztu zen tokian tokiko printzearen mesedetan.
Prusiaren hedapena
aldatuWestfaliako Bakeetan, etekin handienetakoa atera zuen Inperioko estatua Prusia izan zen, ekialdeko Pomerania eskuratu baitzuen; baina, horren aurretik ere, estatu aski handia zen, 1618an Prusiako Dukerria eta Brandenburgeko Margraverria batu zirenetik.[6] Inperiotik kanpo lurraldeak ere bazituenez, 1701ean, Prusian, errege titulua (ez Prusiako erregea, enperadorea ez eragoztearren) hartu zuen Frederiko I.ak.
Frederiko Gilen I.arekin izugarrizko armada eraiki zuen Prusiak. Voltaireren hitzetan: «Estatu gehienek armada dute, baina Prusiako armadak estatua du». Suedia garaitutakoan, Pomeraniako gainerakoa eskuratu zuen Prusiak. Frederiko II.a Handiak Silesia kendu zion Austriari Silesiako gerretan (1740-1763). Gainera, Zazpi Urteko gerran, Austriak, Frantziak eta Errusiak osaturiko koalizioari aurre egin ahal izan zion arrakastaz. Harrezkero, Alemaniako politika Prusia eta Austriaren arteko lehiak (Alemaniako dualismoa) markatu zuen 1866 arte.
Bibliografia
aldatu- (Ingelesez) Arnold, Benjamin, Princes and Territories in Medieval Germany. (Cambridge University Press, 1991)
- (Ingelesez) Coy, Jason Philip et al. The Holy Roman Empire, Reconsidered, (Berghahn Books, 2010)
- (Ingelesez) Donaldson, George. Germany: A Complete History (Gotham Books, New York, 1985)
- (Ingelesez) Evans, R.J.W., and Peter H. Wilson, eds. The Holy Roman Empire 1495–1806 (2011); specialized topical essays by scholars
- (Ingelesez) Hahn, Hans Joachim. German thought and culture: From the Holy Roman Empire to the present day (Manchester UP, 1995).
- (Ingelesez) Scribner, Bob. Germany: A New Social and Economic History, Vol. 1: 1450–1630 (1995)
- (Ingelesez) Treasure, Geoffrey. The Making of Modern Europe, 1648–1780 (3rd ed. 2003). pp. 374–426.
- (Ingelesez) Zophy, Jonathan W., ed. The Holy Roman Empire: A Dictionary Handbook (Greenwood Press, 1980)
- (Alemanez) Heinz Angermeier. Das Alte Reich in der deutschen Geschichte. Studien über Kontinuitäten und Zäsuren, München 1991
- (Alemanez) Karl Otmar Freiherr von Aretin. Das Alte Reich 1648–1806. 4 vols. Stuttgart, 1993–2000
- (Alemanez) Peter Claus Hartmann. Kulturgeschichte des Heiligen Römischen Reiches 1648 bis 1806. Wien, 2001
- (Alemanez) Georg Schmidt. Geschichte des Alten Reiches. München, 1999
- (Alemanez)Deutsche Reichstagsakten
Oharrak
aldatu- ↑ Historialari batzuek Inperioaren hasiera 800. urtean kokatzen dute, Karlomagno errege frankoaren koroatzearekin, lehen enperadore gisa ezaguna. Beste batzuek Oton I.aren 962ko koroatzean finkatu zuten, hartuz 924-962 garaia —enperadorerik izan ez zen garaia— Karolingiar Inperiotik germaniarrerako trantsiziotzat
Erreferentziak
aldatu- ↑ EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak.
- ↑ a b (Alemanez) Müller, Gerhard; Krause, Gerhard; Balz, Horst Robert. (1997). Theologische Realenzyklopädie. Band XXVIII, Pürstinger-Religionsphilosophie. Berlín; Nueva York: W. de Gruyte, 447 or. ISBN 311015580X. OCLC .38917537 (kontsulta data: 5 de mayo de 2011).
- ↑ (Alemanez) Ehlers, Joachim. (1993). Natio 1.5 Deutschland und Frankreich. 6 Múnich y Zúrich: Artemis & Winkler, 1037 or..
- ↑ Willoweit, Dietmar (2009). Deutsche Verfassungsgeschichte. Vom Frankenreich bis zur Wiedervereinigung Deutschlands. Múnich: vol. 6, secciones 13.IV, 15.2, 21.2 y 22.2.
- ↑ Svoboda, Karl J. (2003). Schwerpunkte des Privatrechts. Versicherungswirtschaft, pág. 7.
- ↑ Koch, H.W.. (1978). A History of Prussia. New York: Barnes & Noble Books, 326 or. ISBN 0-88029-158-3..